Algoritmoak
— Hortaz, hik benetan uste dun agintaritza konputarizatua behar duela munduak, algoritmoen mende utzi beharko duela gizakiak erabaki politiko, sozial eta ekonomikoak hartzeko ahalmena?
— Gure panorama ikusita, aukerarik egokiena ez ezik mundua eta gizateria salbatzeko modu bakarra ere izango duk laster.
— Baina gizakiek kontrolatzen ditizten konputagailuak.
— Gizakion artean mundu mailako gutxieneko akordio orokor nagusi batzuk lortuko bagenitu, ordea, giza eskubideen bertsio berrikusi bat adibidez, eta konputagailu nagusi indartsu bati behar diren irizpideak eta datuak emanez gero…
— A zer erokeria!
— Erokeria gaur egungo egoera duk. Gero eta premiazkoagoa duk mundu mailako erabakiak hartzea, baina estatu bakoitzaren norabidea estatu horren interesen arabera erabakitzen jarraitzen diagu, edo, zehatzago esateko, estatu bakoitzeko unean uneko agintarien interesen arabera, gero eta epe laburragoko interesen arabera gainera, eta hori guztia botere ekonomikoen kontrol gero eta handiagoaren mende. Amildegirako bidean gaudek.
— Ezinezkoa iruditzen zaidan mundu mailako horrelako akordio batera iristea.
— Orain bai, baina gero eta beharrezkoagoa izango duk, harik eta azkenean derrigorrezkoa izan arte, erremediorik gabekoa. Gutariko gehienontzat eskuko telefonoa, Interneteko konexioa eta abar edukitzea derrigorrezkoa bihurtu den bezala; eta azken hilabeteetan aurpegi erdia estaltzeko maskara.
— Oso estututa egon beharko liketen agintariek horretara iristeko. Izututa.
— COVID-19ak erakutsi dik bidea. Oso estututa egon dituk agintariak eta aurrez ezin pentsatuzkoak ziren erabakiak hartu behar izan ditiztek. Ez zegok premia larria baino eragile eta akuilatzaile hoberik, eta planeta hau gero eta premia larriagoan zegok.
— Agintaritza globala konputagailu handi baten eskuan uztea ez al litzateke gizakiaren dimisio edo amore emate lotsagarria izango?
— Lotsagarria al da gure harreman guztiek, are intimoenek ere, azken urteetan izandako konputarizazioa? Gero eta gutxiago lotsatzen gaitik horrek. Bada, ildo beretik, gaurko giza agintaritzak erakutsi duen eta erakusten jarraitzen duen lotsagabekeria eta trakeskeria maila ikusita…
— … hobe mundua zuzentzen duen agintaritza globala ere konputarizatuko balitz, ezta?
— Egokiagoa eta pozgarriagoa izango lukek gizakiak konputarizaziorik gabe lortutako harmonia unibertsal bat, eta hori izan duk pentsalari eta ekintzaile utopiko askoren asmo ederra, baina, gaur egungo kapitalismo unibertsala iritsi den punturaino iritsita, utopia horiei fedea emanda bizitzea arrazoiaren bideetatik ikaragarri urrundutako lilura batean bertan goxo egitea iruditzen zaidak.
— Beraz, utopiek ez dute ezertarako balio gaur egun?
— Bai, baina tokian tokiko lorpen txikietarako baino ez. Esperientzia txalogarriak zeudek eta egongo dituk gero ere, baina kapitalismoaren aurkako borroka globala gaur egun ameskeria hutsa duk. Horregatik, gutxieneko oreka bizigarri bat lortzeko bide bakarra duk gizakiek ahalik eta epaile neutralenen bidez ebaztea beren arteko desadostasunak. Gero eta arlo eta kontu gehiagotan ari gaituk ematen konfiantza handiagoa konputagailuei gizakiei baino, eta azken pausoa, egun batean derrigor eman beharrekoa, hil ala bizikoa, horixe izango duk, munduaren agintaritza globala konputarizazioaren esku uztea.
— Konputarizatu ala hil?
— Horixe bera.