Bukatu da. Gizakiak dimititu egin du eta AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren eskuetan gelditu da mundua. Dena da berria hemen: BKS Banakako Konexio Sistema, IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa, ONO Osasun Neurgailu Orokorra, LBG Lurraren Behaketarako Sateliteak, COVID-37 gaitz birikoa…
Azkar etxekotu ditu gizakiak, ordea, eta Donostiako kaleetan androide polizien azpitik dabil orain, Arbas haranean bizikleta gainean hegan, Ilargitik jaiotetxearen eraisketa behatzen. Euskal Herri independentea, iritzilari neuronala, zituenik ez zekien umeen aita, Bowieren itzala, Marteko margolari helduaren desira, adimen artifizialaren meneko editorea eta beste gurutzatzen dira, hala, hamabost kontakizun hauetan.
Egungo politiken biharko agertoki posibleak dira Juan Luis Zabalak zientzia fikziora egin duen hurbilpenean irudikatu dituenak. Irakurlearen esku dago erabakitzea Dimisioa distopia goxoa den, edo utopia triste eta etsia.