Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

X

 

 

Trena gelditu aurretik zain dago jada atearen aurrean. Alboan ditu madrildarrak. Alaba baretuago dagoela dirudi, akaso, suerte apur batekin, Eiffel dorrean selfieak ateratzen disfrutatzea lortuko du. Edo ez, sentitzen duen min eta amorruak familia osoaren bidaia izorratzea lortuko du. Ikasiko du hori ere, zein garesti ateratzen den mina argudio gisa erabiltzea. Zein garesti minaren izenean besteei min eragin nahi izatea. Eta min guztiak ez direla berdinak, hori ere ikasiko du.

      Maleta hartu eta ateak ireki bezain pronto, azkar batean atera da estaziotik. Denboraz ondo badabil ere, metroa lehenbailehen hartu nahiko luke. Urteekin konturatu da baretu zaizkiola izuak, eta gustuz begiratzen ditu paristarren janzkera eta estiloak. Aurreko bidaiatik gordetzen dituen txartelekin nahikoa du metroa eta ondoren autobusa hartzeko, beraz segituan dago barruan. Sei geltoki besterik ez dira Porte d’Orleanseraino eta ziztuan pasatu zaizkio.

      Plaza handira heldu denean, ordea, urduri antzera jarri da. Berriz etorri zaio pentsamendu bera: baliteke hau azkeneko bisita izatea. Ez du gafatu nahi, baina halaxe sentitzen du, eta nahiko luke zerbait berezia izan dadin. Norberaren askatasuna beste batzuen esku dagoenean ez da ameskeria handiegirik egin nahi izaten, baina, aldi berean, ezin du ekidin laguna etxeratzean elkarrekin egingo dituztenak zerrendatzea.

      Batzuetan iduri du barruan dagoenak hobe daramala itxialdia kanpoan daudenek baino. Kalean dagoenarentzat hori bera da bizitza, kalea, askatasuna, eta espetxealdia bizitzan izan dezakezun parentesi bat bezala ulertzen da, etete bat. Barruan, ordea, bizitzak bere erara egiten du aurrera.

      Behin, hala esan zion lagunak: “Espetxean egon arren, nire bizitzak aurrera egiten duela sentitu nahi dinat, ez geldi, ez atzera. Ez dinat gogoratzen pasatu nahi itxialdia, baizik eta ezagutzen, sortzen. Kartzelak ez zidan kenduko bizitzen jarraitzeko aukera”. Eta akaso horregatik hasi zuten hala haien harremana, ez behin taberna baten ertzean pendiente utzi zuten elkarrizketa berrartuz, baizik eta berriro zerotik ekinez. Kartzelarekin zerikusi handirik ez zuten gaiez mintzatzen ziren, pelikulez, liburuez, ametsez. Elkarri galderak egiten igarotzen zuten bisita, aurrean zutena nor zen asmatu nahian.

      Horregatik esan zion behin batzuetan fribolo samarra egiten zitzaiola haien arteko harremana, urrun sentitzen zela gainontzeko presoen bisitariek zituzten bizipen eta elkarrizketetatik. Segituan bota zion: “Nahiago badun hitz egingo dinagu politikaz, euskal preso politiko bezala bizi dugun egoeraz, badatorrela dirudien armagabetzeaz, mugimendu sozialen egoeraz, ezker abertzaleaz edo hik nahi dunan gauzez, baina gure munduaren gainbeheraren erdian, nahiago niken hirekin beste edozertaz jardun, baita hainbeste gustatzen zain ditxosozko irla horri buruz ere”.

      Noski, beste edozertaz jarduten zuten azkenean, baina akaso horregatik sentitzen zen apur bat lekuz kanpo lagunaren bisita-zirkuluan. Ez zen inoiz enteratzen bere sumarioa nola zihoan, zein ziren akusazio eta aukerak, norekin batera zuen epaiketa. Ez zitzaizkion gainontzekoei bezain natural ateratzen talegoa bezalako hitzak. Hala ere, ingurukoek ondo baino hobeto zaindu zuten hasieratik. Lan handia hartu zuten bisiten ordutegiak, eraman beharrekoak, kartzelara iristeko argibideak, bertan pasatu beharreko kontrol bakoitzean egin beharrekoak, eta halakoak azaltzen. Hala ezagutu zuen barrukoa zaintzeak kanpoan dagoenari sortzen dion lana. Nola baldintzatzen duen egunerokoa, nola eskatzen duen dedikazio logistikoa ez ezik, emozionala ere.

      Bidaiak oso estresagarriak dira, norberaren esku ez dauden faktore asko kontuan hartu behar dira bidea hasi eta etxera itzuli arte. Gogoratzen du behin, Frantziako tren sarearen greba bat zela eta, guztia atzeratu zela. Korrika egin zituen tren, metro, autobus eta gainontzeko bideak eta, izerditan blai, bost minutuko atzerapenarekin iritsi zen espetxera. Leihatilara joan zen zuzenean eta, NANa eta lagunaren abizena esan ostean, kristal beltzaren atzean zegoen ahotsak ezezko irmoa egin zion megafoniatik. Kristala kolpatu zuen, “s’il vous plaît” baldar batzuk bota zituen, eta hala moduz saiatu zen azaltzen oso urrutitik zetorrela, “s’il vous plaît”, har zezala kontuan. Ez zion inork erantzuten. Etsitzera zihoala, bere adin bertsuko neska bat inguratu zitzaion. “Basque?”, galdetu zion serio. Berak buruaz baietz. Harekin joateko keinua egin zion. Bi anaia gazteago aurkeztu zizkion, bata 20 urte ingurukoa, bestea 10 bat urtekoa. Frantsesez tutik ez zekiela ikusita, Italian bizitzen izana zela kontatu zion, eta agian hobe ulertuko zirela gaztelania-italieraz.

      Eskua sorbaldan jarrita hala esan zion argi eta garbi: “Voi entrerai, non ti preoccupare”. Une horretan, sartu sartuko zela hain seguru ahoskatu zion neska harengan esperantza ez ezik, bizia ere jarriko zukeela otu zitzaion. “Essere qui” esan zion, eta anaiaren alboan eseri zen. Zaharrenak, hip hop estiloko mutilak, eskua luzatu zion, “Abdel” esan zion eta atzetik zigarro bat eskaini. Hartu egin zuen. Mutiko gazteena begira-begira zuen, eta galdera egin zion lotsagabe: “Garçon ou fille?”, anaia zaharrenak kokoteko bat eman zion, hori ez dela galdetzen esanez, eta barkatzeko eskatuz. Lasai egoteko keinua egin zion anaiari, ez zuen galderak deseroso sentiarazi, eta mutikoari begira “fille” erantzun zion. Mutikoak sorbaldak altxatu, eta bere jolasetan jarraitu zuen. Arrebak Karima izena zuela esan zion, eta lasai egoteko, beti lortzen zuela nahi zuena. Orduan ere, horretan ari zen, kristalaren atzeko funtzionarioarekin borrokan. Irmo bota zizkion ulertu ez zituen hainbat gauza eta minutu gutxira, itzuli zenean, ordu erdian barruan egongo zela esan zion, ez arduratzeko. Baina berarekin itxarongo zutela, “cochon” horiekin ez zegoela fidatzerik.

      Kartzelako kodeak halakoak direnez, ez zioten elkarri galdera gehiegirik egin, ez nor bisitatzera zetozen, ez zergatik. Soilik zigarroak erre zituzten bata bestearen atzetik, funtzionarioen edozein mugimenduren zain. Hirukote horren elkartasun eta babesak erabat hipnotizatuta zeukaten, eta eskerrak eman zizkien behin eta berriz. Hala esan zien: hizkuntza ez zuela hitz egiten, oso zaila egiten zitzaiola frantsesa eta, haiengatik izan ez balitz, etxera bueltan egongo zela jada. Karimak lasai egoteko esan zion, ulertzen zuela, berak ere bazekiela zer zen hizkuntza ongi ez hitz egitea. Berak, Parisen jaioa izan arren, askotan hitz egiten omen zuen berez zuena baino azentu arabiar handiagoarekin, izorratzearren. Gustatu egin zitzaion Karima.

      Halako batean, ume kozkorra bere jolasekin nekatu eta zerabilten hitz-aspertura hurbildu zitzaien. Galderak egiten hasi zen, non zegoen Pays Basque, nola joan zen haraino, ea nor bisitatzera zihoan… Eta, azkenik, irribarre bihurriarekin galdetu zion bisitatzera zetorrena “amie” edo “petite amie” ote zen. Bigarren kokotekoa irabazi zuen galdera harekin, oraingoan arreba zaharraren eskutik. Barkatzeko esan zion hark ere, eta gehitu, berari oso ondo iruditzen zitzaiola bisita “petite amie”ri egitera bazihoan. Gogoratu behar izan zuen “petite amie” horren esanahia “neska-laguna” zela, eta barrea atera zitzaion. Karimari italieraz esan zion “più o meno”, eta hark, erantzun moduan, begia kliskatu zion. Barre egin zuten hiru helduek.

      Enegarren zigarroa piztu zuten, harik eta, behingoz, itxaron gelako atea ireki, eta funtzionarioak lagun presoaren izena esan eta pasatzeko agindu zion arte. Besarkatu egin zuen Karima, eta eskua eman zien bi mutilei. Atea zeharkatzeaz bat, oihu irmoa entzun zuen atzetik: “Au revoir, basque!”.

      Gerora jakin zuen nor ziren egun hartan lagundu zuten haiek eta, batez ere, nor zen haien ama. Kartzelan Digne izenez ezagutzen zuten. Dudarik gabe, alabak ere duintasun hori herentzian jasoa zuen.

      Lagunak kontatu zion kartzela barruan errespetu handia ziotela andreari eta euskaldunekin harreman berezia zuela. “Zergatik, baina?”, galdetu zion, eta lagunak hala erantzun: “Ez zakinat, baina beti esaten din gauza bera: ‘Ni Aljeriako Independentzia Gerra betean jaio nintzen’”.