Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

V

 

 

Ordu batzuk pasatu ditu musikan eta irakurketan murgilduta eta, zorionez, uste baino arinagoa egiten ari zaio bidaia. Kalkulatu du bi ordu barru Parisen izango dela, Montparnasseko estazioan. Leku horrek urduri jartzen du; bai joatean, bai itzultzean. 2015ean atentatu ditxosozkoek Frantzia eta, zehatzago, Paris kolpatu zutenetik dena aldatu da. Mezua argia zen: inor ez dago salbu. Zu, hiritar xehe hori, arriskuan bizi zara.

      Montparnasseko estazio izugarria beti iruditu zitzaion jo-puntu estrategikoa. Bueno, hori ere gezurra da. Jo-puntu iruditu zitzaion, behin, bueltarako trenaren zain zegoela, militar andana iritsi eta halako erakustaldi bat egin zutenetik; erasorako fusilak altuan, modu oso ordenatu eta neurtuan, gune bat zintaz hesitu, eta jendea kanpora bidaltzeari ekin zioten. Histeria kolektibo eta indibiduala zer ziren frogatu ahal izan zuen egun hartan. Histeria eta superbibentzia instintuek elkartasuna pikutara bidali zuten egun hartan. Salvesequienpueda. Korrika egin zuen, gainontzeko hiritarrekin batera korrika, eta gogoan du alboko andre baten izu aurpegia begi-zabalik noraezean lasterka ari zirela, elkar lagunduz baino gehiago, pixka bat elkar kolpatuz. Azkenean, kanpora heldu ziren eta ordu laurden geroago, ezer ez zela eta, berriz sartzen utzi zieten. Beranduegi zen baina, ezer gertatu ez zela antzezteko. Izua gorputzera sartzen dizutenean, zirujauaren bisturiaren prezisioarekin antolatutako jokaldi batean, ez da berehalakoan ateratzen.

      Orduan indartu zitzaion dispertsioaren erruz berea ez den gerra hartan hiltzeko izua. Orduan, arabiar itxura hartzen zien guztiei paranoiaz begiratzekoa. Orduan, bizitzari gogoz heltzeko instintuaren berpiztea. “Horrela ez”, errepikatzen zion bere buruari, “hemen ez, hau ez da gure gerra”. Zein ote zen beren gerra, hori jakin behar baina.

      Hurrengo hilabeteetan oso izuturik egin zituen Pariserakoak. Montparnasse lehen pausoa zen, baina hiria bera egiten zitzaion arriskutsu. Esaterako, behin, gaur egingo duen bezala, metroa hartu zuen Porte d’Orleansera. Aldi hartan, musika entzuten zihoan, eta geltoki batean bi tipo igo ziren. Bere begirada zuri izutitik, arabiarrak eta beraz islamiarrak iruditu zitzaizkion, eta beraz horren atzetik erator daitezkeen atzizki guztiak, noski. Baina dena ez zen bere buruan gertatu. Aurrean eseri zitzaion morroiari segituan nabaritu zion jakaren azpian zerbait zeramala, gorputzari lotutako txaleko bat, eta lepoaldean kable bat ikusi zion. Momentu horretan, panikoa eta aurreiritzirik eduki nahi eza jarri ziren talkan eta, talka horretan, zaila da aurreiritzirik ezak irabaztea. Hori gutxi ez, eta izerdi hotzak eta “horrela ez, horrela ez naiz hilko” errepikakorrak bere senetik ateratzen zutelarik, non ikusi zuen aurreko tipoak smartphonea poltsiko batean gorde eta beste mugikor ia analogiko horietako bat atera zuela. “Nireak egin du” esaldia azaldu zitzaion bigarrenez. Orduko hartan, ordea, agerikoa iruditu zitzaion gertatzera zihoana, beraz, eskuak estutu, begiak itxi, eta zain geratu zen. Noski, ez zen ezer ere pasatu. Begiak ireki zituenean, han jarraitzen zuen, bizirik. Hala ere, tokatzen zitzaiona baino hiru geltoki lehenago jaitsi zen, eta korrika atera ezagutzen ez zuen kale artera. Gogoratzen du, motxila bizkarrean, metro atarian eskua bularrari eusten arnasa hartu zuela berriro ere.

      Haserretu egin zen ondoren, haserretu heste loditik gora igo zitzaion sugar batekin. Haserretu zen Europarekin eta Frantziarekin, haserretu zen bere buruarekin, aurreiritzi arrazista haiek tragatu izanagatik, haserretu zen lagunarekin eta borroka armatuan sartzeko bere hautuarekin, haserretu zen dispertsioarekin, haserretu zen munduarekin, eta, traste guztiak lurrera bota ostean, gorputza ere atzetik joan zitzaion behera. Mende erdiko pisua bizkar gainetik kendu zuela nabaritu zuen, eta negar egin zuen Denfert-Rochereau estazio aurrean, akituta.

      Ez du ondo oroitzen nola heldu zen kartzelara. Badaki, serenitatea bildu, burua altxatu eta aurrera eginez iritsiko zela ziurrenik, egoerak hala eskatzen duenean, bai baitauka aurrera egiteko gaitasun hori. Ondo gogoratzen du, ordea, histeria eta krisiaren larritasuna arindu nahian, nola kontatu zion lagunari bizi berri zuena. Lagunak aguantatu ezin izan zuen barre algararekin erantzun zion: “Ez al dun pentsatu, akaso, kalez jantzitako polizia izan zitekeenik?”. Tonto aurpegia biderkatu egin zitzaion momentu hartan bertan. Besoa lepotik pasatu eta bere gorputzera inguratu zuen lagunak, eta, buruan musu emanez, ahots lasaiz esan zion: “Mundu honetan, polizia gehiago zagon terroristak baino; egidan kasu”.