IX
Egun batetik bestera, txiletarrenera bisitan joatea konplikatu egin zen, zer eta, uda aurreko bidaia bat prestatzen ari zela, Agustinek honako mezua idatzi zionetik: “Lagun, gauzak asko aldatu dira oso denbora gutxian. Marcek okerrera egin du. Berriz kalera ateratzea lortu genuenean, gau batean egurtu egin zuten bi gizon zurik. Hori gutxi ez, eta lanetik bota dute. Gauzak horrela zeudela, alokairua bikoiztu nahi izan zigun jabeak, eta egun batetik bestera kale gorrian gaude hirurok. Marce Mateoren etxean dago orain, Agustina maitalearenean, eta nik oraintxe lortu dut gela bat Parisko periferiaren periferian, lau heterorekin. Hala ere, nire gela zure gela da, comadre. Hori bai, ez nuke bidea zuk bakarrik egin dezazun nahi, ez behintzat gauez eta lehenengo aldiz etorrita. Auzo hau gogorra da. Beraz, zure bila joango naiz estaziora. Hartu besarkadarik beroena, gogotsu egongo naiz zain. Zure ahizpa, Agus”.
Sabela estutu zitzaion lagunaren hitzak irakurtzearekin, ez ziren hiru hilabete Sena ertzean ardo botila bat alai hustu zutenetik, eta orain goibel nabari zuen, lur jota. Bere lagun txiletarrak beti irudikatu izan zituen halako superbibentzia garaiezin batekin, beti pobre, baina beti aurrera, beti egurtuta, baina beti batera. Ikusi berri zuen, ordea, haiek ere jotzen zutela behea. Hunkitu egin zen, egoera hartan ere etxea emateko agertutako prestutasunagatik, eta trabarik ez egiteko beste nonbait ostatu hartzea ere pentsatu zuen, edo euskaldun guztiak joaten ziren mojetara joatea, baina iruditu zitzaion lagunari bisita egitea ere bazela hura zaintzeko modua. Oparitxo bat eman, ardo bat konpartitu eta besarkatuta egingo zuten lo.
Harrituta galdetu zion behin lagunak: “Ni bisitatu aurretik gizon batekin egiten dun besarkatuta lo?”. Barrez erantzun zion: “Agus ez dun gizona, neska, Agus gurea dun, ez zakinat nola azaldu”. Bisitaren ondoren, asko pentsatu zuen horretan, ea zenbat gizonekin izan ote zuen halako harremanik. Arraroena ordea ez zen hori, baizik eta ez zuela inoiz halako irakurketarik egin behar izan, ez zuen inoiz Agustin gizontzat hartu, bizar eta tatuaje haien guztien gainetik, ahizpatzat izan zuen hasieratik, eta halaxe ziren. Ez zuten genero-mugez asko hitz egin inoiz, horren guztiaren gainetik ezagutu balira bezala. Beharbada, uzkiari buruzko tailer hartan elkar ezagutu izanak izango zuen zerikusirik. Hala hitz egiten gogoratzen du: “Denok dugu uzki bat eta, uste orokorraren aurka, gizon eta emakume ez gaituzte gainontzeko genitalek egiten, baizik eta uzki horrekiko dugun harremanak. Generoa uzkiarekiko dugun harremanak markatzen du eta, aldi berean, generoa uzkiarekiko dugun harremanaren bitartez hautsi dezakegu”. Zein listoa iruditu zitzaion.
Agustinen auzo berria ezagutu zuen bisita hartan Paris zapaldu zuenerako iluntzen hasia zen. Jende artean bila aritu eta han ikusi zuen, lagun bizarduna. Irribarre zabala egiten saiatu bazen ere, aurpegi txarra ikusi zion estazioko argi zurien azpian. Besarkatu egin ziren: “Lagun, zein ona zu hemen izatea”, “isildu zaitez, güeon, zein ona zuk ni beti bezain ondo hartzea”. Besotik helduta hasi zuten periploa. Orduan ulertu zion auzo arriskutsuarena. Ez du sekula memorian gorde auzo haren izena, baina bai bertan sentitu zuen izua. Metroa eta bi autobus hartuta, ilunduta heldu ziren azken geltokira. Handik, bi kilometro luze izango zen kale zabal batean bide egin behar zuten etxera heldu aurretik. Kaleak ia hutsik zeuden, bertako denda, bizartegi edo kale bazterretan zeuden gizonak kenduta, ez zen beste inor. Etorbidea ilun, eta, alde bietara, mozkor eta droga giroa antzematen zitzaien gizonak besterik ez zegoen; haien uzkiarekiko zuten harremana zutela ere, gizonak. Anomalia bat ziren beraiek biak bide hartan. Segituan aitortu zion Agusek: “Lanetik berandu iritsiko naizela dakidanetan, desberdin janzten naiz, ahalik eta maskulinoen. Ibili ere, hala. Marceri pasatu zitzaiona eta gero, beldurra gorputzetik ezin kenduta nabil. Beldurra eta amorrua. Oso sentsazio itsusia da, güeona”. Inpresioa egiten zion laguna, beti hain alai ezagutu zuen hura, hain triste eta etsita ikusteak.
Handik aurrera, birritan egin zion bisita auzo hartara, eta guztietan, etxetik ateratzerako orduan, berak ere arropa ahalik eta maskulinoenak jantziko zituen, mutiko itxura lortzerainokoak. Ondoren, lagunaren etxearen egoera aldatzen ez zela ikusita, Parisera egun berean joan-etorriak egiten hasi zen, eta baita txiletarrengandik apur bat urruntzen ere.
Lagunaren auzo hura bakarrik bisitatu zuen bigarren aldian ere, txandal zabala jantzi zuen, eta negua zenez, txamarra handi bat gainetik. Hala iritsi zen ditxosozko etorbidera. Ibilera maskulinoa mantentzea ere ez zitzaion gehiegi kosta, bera berez nahikoa maskulinoa baitzen, eta bi kilometroko luzerako hiribideari ekin zion motxila bizkarrean. Duda egin zuen estrategia ondo aukeratu ote zuen edo ez, izan ere, maskulinitate antzeztu horrek ikusezin bilakatu zuen gau ilunean, gizonez beteriko kale hartan, baina, aldi berean, bere mozorroaz jabetuko ziren beldurrak jan zion gorputza. Maskulinitateak neutro egiten zaitu une batez, baina maskulinitatea ez dago denen esku, eta garesti ordaintzen da inpostura. Aurreko bisitan, haxixa eta kokaina eskaini zizkioten bi tipok, eta musikarik gabeko kaskoak jantzita, ez entzunarena egin zien biei, ezaxola; bide hori, gizon gisa, egunero egingo balu bezala.
Azken hartan, ordea, norbaitek zerbait galdetu zion eta, ulertzen ez ziola eta, insistentziaz ekin zion besotik tiraka. Aurrera egin zuen firme, baina besotik are gogorrago heldu zion, eta aurpegira begiratuta “c’est une femme!” oihukatu zuen bertako denda baten aurrean zeuden bere lagunei begira. Halako batean, ohartu zen “putain de gouine!” oihuka atzetik jarraika bost bat tipo zituela eta korrika ekin zion ihesaldiari, harik eta, ozta-ozta, Agusen etxeko atea irekitzea lortu zuen arte. Huraxe izan zen auzora joan zen azken eguna.
Handik hilabete gutxira aldatu zen etxez Agus ere, eta hala idatzi zion mezu batean: “Kontraesanez beteta nago, lagun. Batetik, migrantea eta langile klasekoa naizenez, berez, auzo honetan topatu beharko nuke neure burua, hau da neure lekua, zerbaitek hori esaten dit. Kontrara, leku honek ez dit ematen nire beste nolakotasun batzuk lasai bizitzeko aukerarik. Horregatik noa nire klasekoa ez den auzo batera, marika bizi nahi dut. Baina atzetik nire lagun Leninek oihukatzen dit ‘klasea saltzen ari haiz, güeon, zer eta ageriko zakiljale bat izateko’. Ez dut nire tokirik aurkitzen, ahizpa, ez hiri honetan behintzat”. Asko pentsatu zuen horren inguruan, zein ote diren genero disidenteentzat leku seguruenak, edo leku bizigarrienak. Laguna ulertzen zuen, eta hala erantzun zion: “Leninek bere uzkiarekin duen harremana birpentsatzen ez duen artean, joan lasai pijo artera, bizi ere bizi behar dugu eta”.
Hurrengo bidaia batean, ordea, irauli egin zitzaion bizigarritasunaren kontu hori. Nahiz eta dagoeneko ez zuen gurutzatu behar bi kilometroko hiribidea, jada ohituta zegoen janzkera maskulinoen babesarekin bidaiatzera, hiria eskuragarriago egiten zitzaion. Baina ez dira bazterreko auzoak gurutzatu beharreko hiribide mugatzaile bakarrak, eta hori ez zuen ongi kalkulatu. Askotan errazagoa da arriskua eta zapalkuntza bazterrean ikustea, bizi dugun erdigunea zalantzan jartzea baino.
Hegazkinak Charles de Gaulle aireportuan utzi zuen eguerdian. Hirira iristeko, RER trenez ia berrogei minutuko bidaia zuen, beraz, pikatzeko zerbait erosi eta komunera joan zen trena hartu aurretik. Komunetara iritsi, eta herrialde kolonial eta klasistenek oraindik mantentzen duten figura hori zegoen bi komunen artean, alegia, propinaren ordainetan, paper pixka bat eman, eta tartean behin besteen zerrikeriak garbitzen ibiltzen den andrearena. Euro bat eman zion eta zuzenean eskuinetara jo zuen, emakumezkoen komunera. Ispilu aurrean haien burua atontzen zeuden bi neska ilehoriren aurretik igaro eta komunera sartu zen. Bere kubikuloan zegoela, zalaparta sumatu zuen kanpoan, histeria moduko bat. Ahots grabe bat entzun zuen lasaitasuna eskatzen. Bere baitan pentsatu zuen gizon bat sartu zela erratuta (edo nahita) emakumezkoen komunera, eta hura botatzen zebiltzala. Kuleroak eta galtza zabalak igotzen ari zela, atea kolpatzen hasi ziren bortizki eta, oihuen artean, “monsieur” zen ulertu zuen gauza bakarra. Orduan konturatu zen ustez komunez erratu zen gizona bera zela.
Izutu egin zen, baina segituan ireki zuen atea. Parez pare, segurtasun zaindari bat topatu zuen, aurretik entzun zuen gizonaren ahotsa zuena, eta hitzik egin gabe, besoa hartu, bizkarrera bihurritu, eta atxilotu nahi balu bezala atera zuen bortizki komunetatik. Gizonak belarrira ulertzen ez zizkion oihuak botatzen zizkion artean, bi ilehoriak ikusi zituen eskandalu aurpegia antzeztuz elkarri besotik helduta. Ondo nola ez badaki ere, lau hitz atera ziren bere eztarritik: “Je suis une femme! Je suis une femme!”. Ordurako, komunen aurreko sarreran ikusmira sortua zen, maletadun jendea inguruan zebilen begira eta txutxu-mutxuan. Bere akats larriaz ohartuta edo, kolpetik askatu zuen seguratak, eta eskuak igo zituen desarmatuta zegoela erakutsi nahi balu bezala. Bere arma arriskutsuenak, aldiz, ez ziren eskuekin hartzen direnak. Besoa minbera, lurretik motxila hartzen hasi zen, amorrua begi gorrietan. Gizonak ordea ez zuen bakean uzten, oraingoan barkamena eskatzen jo eta su. Gaztelania prosaikoan bidali zituen guztiak haizea hartzera, eta ez zion utzi irteteko borrokan zebilen malkoari bide egiten. Trenera jo zuen. Trenak martxa hartu eta leihotik begira zegoela, min bat sumatu zuen sabel aldean. Ez zegoen ohituta indarkeriaren jo-mugan egoten, ez zegoen ohituta bere presentzia hutsa besteentzako mehatxuzkoa izan zitekeela pentsatzen. Eta ez zuen ohitu nahi.