Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

VIII

 

 

Treneko bozgorailuetatik iristera doazela dioen mezua intuitu du eta gauzak jasotzeari ekin dio. Bidaian lortu du apur bat distraitzea, baina mezuaren ahots metalizatuak gogorarazi dio zergatik eta zertarako dagoen tren horretan. Garaiz doa dena, eta horrek kontrol sentsazio apur bat itzuli dio.

      Motxilan gauzak jasotzen hasi da. Liburua, musika kaskoak eta janari arrastoak. Ondoren, NANa eskura duela ziurtatu du ia automatikoki. Kartera motxilako zorroan gordetzen ari dela, ideia katastrofiko bat etorri zaio burura: “Ez da, ba, iraungita egongo?”. Ez du oroitzen noiz berritu zuen azkenekoz, eta izerdi hotza eta barruko beroa nahastu zaizkio gorputzean, esku dardartiz kartera berriz atera eta dokumentua egunean duela ziurtatu duen arte. Ez luke berriz funtzionarioekin liskarrik izan nahi.

      Fleuryko kartzelatik Fresnesera aldatu zutenean, laguna ez zen gehiegi poztu. Fleuryn, hasteko, konpainia zuen, kideak zirenak, bai, baina baita lagunak ere. Haiek uztea bereziki gogorra egin zitzaiola nabaritu zion, nahiz berak beti eusten zion edozein egoerari. Bestetik, Fresneseko kartzela zaharragoa omen zen, prestazio gutxi eta preso gehiegi. Bisitariei, ordea, apur bat arindu zitzaien bidea. Errazagoa zen heltzea, maizago zeuden autobusak. Gainera, bisitak ere gehiagotan egin zitezkeen, eta segurtasun neurriak erlaxatuagoak iruditu zitzaizkion Fresnesera duela hiru urte egindako lehen bisita hartan.

      Kartzela barrutik edo bisitan ezagutu ez duenarentzat, zaila da azaltzen kartzelatik kartzelara dagoen aldea. Pertsona horrek pelikula edo dokumentaletako errelatoekin eraikitzen du kartzela bere baitan, eta denak berdintsu irudikatzen ditu. Baina kartzela guztiak, helburu antzekoak izanda ere, ez dira berdinak.

      Fleury, esaterako, Europako kartzela handiena da, ofizialki 2.855 presorentzako gaitasuna duen espetxea, baina okupazio datu errealak, iturriaren arabera aldakorrak badira ere, 4.000 eta 6.000 preso ingurukoak dira. 60ko hamarkadan eraiki zuten eta, egun, Europan “erradikalizazio islamiarra” akusaziopean dauden preso gehien biltzen dituena da. Handitasunak gauza on asko ditu ordea, espazioa eta baliabideak batik bat. Eraikinaren berritasun erlatiboak, bestalde, agerikoak diren abantailak ditu, oinarrian, azpiegituren egoerari dagozkionak. Bisitari bezala, aldiz, Fleuryra sartzeak hotzikarak eragiten ditu. Ez zara zuzenean espetxera heltzen, baizik gazte, gizon eta emakume banatzen dituen kartzela resort ilun batera. Horri gehitu jendarme eta zaindarientzat dauden barrakoi luzeak, esparru militar zabal bat bailitzan. Autobusean isiltasuna egiten da inguratu ahala. Lehenengo, gizonak eta gazteak daude; azken muturraren muturrean, emakumeak.

      Kartzela-gunera lehendabizikoz iritsi zenean beldurra sentitu zuen, gizarte batek halako hiri fantasma bat eraiki izanaren beldurra, hain zuzen. Askatasuna lapurtu dieten milaka bizitza hor daudela pentsatzeak sortzen duen izua zen. Azken geltokira iritsi zenean, etxola prefabrikatu bat zegoen, kafe makina eta trasteentzako zaindegi batekin. Azaldu ziotenez, han utzi behar zituen motxila eta abarrak, presoari eraman beharreko paketea izan ezik. Joan zen lehen aldi hartan ez zuen euskaldunekin topo egin, eta nahikoa galduta nabaritu zuen bere burua. Galduta eta txiki, ingurura begiratuta kartzela kartzelaren atzetik besterik ez baitzuen ikusten. Beste gauza batez ohartu zen berehala: ingurura begiratuta, bera zen bisitarien artean zegoen zuri bakarra. Sisteman akats bat bailitzan.

      Ezin zuen ingurukoei begiratzea ekidin. Bakoitzak bere istorioa izango zuen, bakoitzak bere paketea, motxila. Baina argi geratu zitzaion bere bisitak eta haienek ez zutela erro bera, arrazoi bera. Ez preso “sozial” edo “politiko” baten laguna izateak suposatzen duen desberdintasunagatik bakarrik, baizik eta pentsatu zuelako bere presentzia zuriaren salbuespenak haien jaiotzetiko kondena ikusarazten zuela. Lagunarekin egoteko 1.600 kilometro egin beharrak herri-zapalkuntzaren ardatz bat ematen bazion ere, ezinezkoa zitzaion hangoak, gertuagotik joan arren, bera baino pribilegiatuago ikustea.

      Andre bat inguratu zitzaion, goitik behera beltzez jantzita. Segituan jakin zuen ijitoa zela, hark esan baitzion argi eta ozen “gitan” zela. Andreak halako frantses itxi batean eman zizkion aginduak, hara eta hona eraman zuen, keinu bidez “hemen hau utzi behar duzu, hemen hau hartu” eta halakoak esanez. Ez zen andre atsegina, baina bai praktikoa, eta lasaitua eman zion atso kopetilun haren joan-etorri ziurrak.

      Gauza ia denak barrakoi prefabrikatuan utzita, bisitatuari eraman beharreko paketea eskuan, jarraitzeko keinua egin zion. Ordura arte ez zen ohartu eskutik sei bat urteko neskato bat zeramala, poltsak eta trasteak mugitzen zituen keinu berdinez mugitzen zuena. Keinu jolastia egin zion umeari baina umeak ez zion kasurik egin. Prefabrikatutik irten eta hogei bat metrora zegoen kartzelako atera joan ziren orduan. Bertan, denak egon arte itxaron behar izan zuten ilaran. Bitartean, funtzionarioek txanda aldaketa egin zuten. Harrituta geratu zen emakumezko haiek guztiak kartzelatik alai eta barrezka ateratzen ikusi zituenean, haien egunerokoaz solasean, takilla batetik mugikorrak atera eta piztuz, eta jaso zituzten mezuak elkarrekin konpartituz. Barre xalo eta ia adoleszentea iruditu zitzaion emakume haiena. Akaso hori besterik ez baitziren, neska gazte batzuk. Une batez, uniformerik gabe imajinatu zituen, Parisko taberna batean, gazte eta eder, edari bat eskuetan. Izan zitekeen. Zaila da, baina, uniformedunak hain erraz humanizatzea, haiek haien burua humanizatuko zuten arren. Pentsatuko zuten, agian, zortzi orduz mundu amaiera hartan egiten zutena lana besterik ez zela. Errematea haietako bati ortzadar koloreko pultsera bat ikusi zionean etorri zen. Ezin zuen kontzebitu nola, neska, gazte, arrazializatu eta lesbiana batek, bestela ere hainbeste zapalkuntza gainean zituen gorputz batek, beste edonor zapaltzeko hautua egin izana. Zapaltzen ari zela ba ote zekien, ordea.

      Buruan hori guztia zebilkiola, megafoniatik zerbait esan zuten, eta ilara mugitzen hasi zen. Andreak besotik heldu eta keinu artean esan zion NANa aurkeztu beharko zuela barruko lehen leihatilan. Ulertu zionez, barruan erakutsi, eta kartulina bat emango zioten ordainetan. Bere txanda iritsi zenean, lehen ate blindatua pasatu, metal kontrola igaro eta nortasun agiria erakutsiaz bat, kartulina berdea eman zioten; eta atzetik, NANa kendu. Une batez, pentsatu zuen hiritartasunean maila bat jaitsarazi berri zutela. Kartzelan ez dira hiritar osoak sartzen, ezta bisitan ere. Esku artean zuen dokumentazio berriari begira, inpresioa egin zion bere argazkia kartulina berdean itsatsita ikusteak. Ondoan, “amie” jartzen zuen. Bisitari-kategoria hori eman zioten, antza, “laguna”. Alboan, bisitariaren datuak eta bisitatuarenak zeuden, eta beste laukitxo batean, bisita bakoitzaren ostean, erregistroa idatziko zuten handik aurrera: noiz etorri zen, zer ekarri zuen eta zer eraman zuen bueltan. Kartulina zati bat oso gauza errudimentarioa iruditu zitzaion segurtasun neurri gisa. Ez zuela gehiegi ere inporta pentsatu zuen lehen metal kontrola kontuan hartuta, baita bigarren ate blindatua ikusita ere.

      Behin barruan zeudela, andreak tira egin zion berriz ere besotik eta lagunari eraman beharreko paketea mahai baten aurrean jartzeko esan zion. Funtzionarioa etorri, poltsan arakatu eta jaso egin zuen, poltsari presoaren izena zeraman pegatina bat jarriz. Atzetik, kartulinan, “galtzak, jertsea, liburua” idatzi zuen. Orduan, gorantz jo zuten, eskailera batzuetatik. Andrearen pausoa nekatua zen eta besoa eskaini zion eskailerak igotzen laguntzeko asmoz. Jenio bizian errefusatu zion. Bere amonarekin oroitu zen, “ez eskaini niri, gero, behar ez dudan laguntzarik!”. Eskaileren buruan itxaron zion ordurako amona eta biloba zirela ondorioztatu zuen bikoteari. “Allez, allez” egin zion keinu pasilloan aurrera egin zezan. Hor hirugarren ilara. Aurreratu ahala, beste metal kontrol bat ikusi zuen. Aurrekoa baino sensibleagoa zela zirudien, izan ere, aurretik arazorik gabe sartu zirenak erdi biluzten ari ziren orduan. Aireportuetako itxura zuen ilara hark; zapatak, gerrikoak eta abar askatzen hasi ziren atzekoak ere. Eta pentsatu zuen akaso ez zela bidaia bat, baina urrutira joan zitezkeela barruan ere.

      Orduan, bigarren metal kontrola igarota, gelaxka batean itxaron behar izan zuten guztiek. Kontuak aterata, kartzela-gunera heldu zenetik 40 bat minutu igaroak ziren ordurako, eta bisita ez zen hasi ere egin. Iruditu zitzaion denbora eta espazioen kudeaketa pausoz pausoko eta luze horrekin bisitariak ere bezatzen ez ote ziren ari, non zeuden gogoraraziz, zertara etorri ziren, eta nork agintzen zuen argi utziz.

      Behin denak gela hartan sartuta, nork bere kartulina eskuetan, atetxo bat ireki zen eta funtzionarioak, gogo eskasez, presoen abizenak esaten hasi ziren banaka. Andreak adierazi zion lagunaren abizena entzutean altxatu eta jarraitzeko funtzionarioari. Hamabost bat minutu zeramatzaten banan-banan deika. Azkenean, andrea eta bilobaren abizena esan zuten eta, ate txikirantz zihoala, amonak “bonne chance” edo halako zerbait bota zion aurpegira gehiegi begiratu gabe. “Berdin” ahul bat egin zion bueltan.

      Bi pertsona geratzen zirenean, azkenik entzun zuen deszifratzea apur bat kosta zitzaion lagunaren abizena. Altxatu, eta funtzionarioari jarraitu zion. Orduan, halako zarata enlatatu bat entzuten hasi zen, eta ohartu zen hamarnaka gelatxo zeudela toki hartan. Ate batetik bisitariak sartzen ziren, bestetik presoak, eta biek zuten kristalezko leiho bat, funtzionarioek lasai zelatatzeko. Barneko gelan, biak banatzen zituen murru bat zegoen. Murru sinboliko bat, elkar ukitzea ez baitzuen eragozten, baina murru sinboliko bat, bi aldeak zein ziren argi uzten baitzuen. Funtzionarioak kabinaz kabina eraman zuen, behingoz tokatzen zitzaion gelaxkaren atea zabaldu zion arte. “Allez” esan zion kartulina berdea eskuetatik kendu eta kanpoaldetik atea giltzaz itxiz. Dokumenturik gabe, plastikozko aulkitxo batean zain geratu zen.

      Minutu gutxi barru, beste atearen kristaletik laguna ikusi zuen irribarretsu, eta gelaxkan sartu bezain pronto bota zion: “Alde ederrean egon gintunan azkeneko hartan!”. Bilboko gaua buruan, irribarre batekin erantzun eta besarkatu egin ziren bizitzan lehenengo aldiz.