Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

III

 

 

Agustin eta Agustina urte batzuk lehenago ezagutu zituen, Marseillan. Mundu mailako LGTBIQ topaketa bat zen, eta norbere uzkiarekin harreman sanoa garatzeko tailer batean entzun zituen lehen aldiz bi Agus-ak. Grazia egin zion tailerrak, baina are grazia handiagoa biek izen ia berdina edukitzeak. Hala kontatu zioten haiek: biak txiletarrak izan arren, Parisen ezagutu zutela elkar, kasualitatez. Segituan konturatu ziren, izen bera ez ezik, abizena ere konpartitzen zutela, Rojas, eta gorriak baino gorriagoak zirela, gainera. Agustina eta Agustin Rojas. Ordutik banaezin bilakatu ziren, senar-emazte maritxu-bolleroak.

      Hain ziren alaiak, lasaiak eta politak, berari ere gertukoak egin zitzaizkiola berehala. Jende ona zen, hori sentitzen zuen, eta ez daki ongi zergatik, baina harreman berezia egin zuten berehala hirurek. Horregatik, asko ezagutu ez arren, dudarik egin gabe deitu zien Parisera joan zen lehen aldi hartan, zer eta, berarentzako lotarako lekuren bat izango ote zuten galdetzeko. Gogoratzen zuen bezain atsegin erantzun zion Agustinek, “noski, lagun”, eta gehitu zion berak egun hartan lan egin behar zuela taberna batean, baina ez bazitzaion oso berandu iruditzen, bertako helbidea emango ziola, eta han elkartuko zirela Agustina eta beste lagun txiletar batzuekin. Ondoren, esan zion lasai egoteko, jabeak ikusi gabe zerbezatara gonbidatuko zuela, zeren Parisen dena oso garestia omen zen. Eta hala zen. Lana amaitzean, biek egingo zutela etxerakoa. Kartzelara egindako bisita bati halako plan bat gehitzea dibertigarria egin zitzaion.

      Mapari jarraituz eta inori galdetu gabe segituan aurkitu zuen arren, harritu egin zen taberna ikustean. Halako pabiloi erreformatu bat zen, oso modernoa, paristar-gazte-pijo-zuri-artistez betea. Barnealdeak Googleko bulego antzeko bat ematen zuen, pertsona helduak eternalki ume eta nostalgiko mantentzearekin tematuta baleude bezala: pinballak, pin-pon mahaia, Pac-Man makina bat, txikle bola handien makinak… Kanpoaldea, ordea, izugarria zen, terraza eder bat Sena ibaiaren adarkatze artifizialek sortutako kanal baten alboan. Bere trasteak arrastaka leku hartan sartu bezain pronto bereizi zuen Agustin, ilaje berde eta tatuajez josita, egiten ari zena utzi eta zuzenean berarengana zetorrela. Estu besarkatu ziren berehala. “Lagun”, errepikatu zioten elkarri, denbora luzez elkar ikusi ez duten betidaniko adiskideak bailiran. Bere izenez gordeta zuen mahai baterantz keinua luzatu, eta hala esan zion: “Hartu lekua terrazan eta eramango dizut edatekoa, hauek laster etorriko dira, berandu, erritmo latinoak galdu gabe”, eta algara egin zuen barrarantz urrundu ahala. Barre lotsati batekin erantzun zion berak, ez baitaki ondo zapalduak bere zapalkuntzari buruzko txisteak egitean zenbateraino egin behar duen barre zapaltzaileak.

      Ordu erdi eta bi zerbezaren ostean, Agustinak gidatzen zuen taldetxoa ikusi zuen beragana inguratzen. Gogoz besarkatu ziren biak, eta oroitzapen gozoak ekarri zizkion kolpean. Ondoren, harekin zetozen txiletar berriak aurkeztu zizkion, eta gau hartan, ongi etorriak ez zirela zirudien taberna batean ezagutu zituen gerora lagun bilakatuko ziren Marce eta Mateo. Beraien zerbeza eskuratu bezain laster, Parisera zerk ekarri ote zuen galdetu zioten, eta, Agustinari begiratu eta haren buruaren baiezkoa jaso ondoren, zuzen esan zien: “Kartzelara nator, lagun bat bisitatzera”. Ez zuten gehiegi galdetu lagunaz, baina segituan konturatu zen, euskal gatazka politiko armatuaz agian ez, baina kartzelaz zertxobait bazekitela mahai hartako lagunek. Erosoa izan zen, eta elkartasun handia erakutsi zuten egoerarekin, elkartasun sinple bat, hitz gehiegirik gabea, baina gehiagorik behar ez, eta bene-benetakoa sentitzen dena.

      Mahaiaren buelta hartan isilik geratu zen lagun berriei begira. Agustina oroitzen zuen bezala zegoen, azal iluna, orezta batzuk masailetan, eta hitz egiteko estilo sutsu horrekin. Mateo argala zen, ile eta kopeta ilunekoa, baina irribarre zabal eta atseginarekin. Luma sotila zuen, mugimendu lasaikoa, baina gerora hainbatetan entzungo zion bezala: “Niri lotan nagoela ere nabari zait zein maritxua naizen!”. Marcerekin duda egin zuen, ez zekien zein generotan zuzendu behar zitzaion. Izan ere, ileordea jantzita zuen, eta hizketaldi dibertigarri eta amaigabeetan bere burua femeninoz zein maskulinoz izendatzen zuen. Gerora jakingo zuen bizitzako une berezian ezagutu zuela, kanpo eta barne genero adierazpideekin borrokan. Mahai haren bueltan, hiru trans-mari-bollo haiei begira, otu zitzaion ez zutela, inola, berak buruan zituen “hamaika herri, borroka bat” elkartasun sareen itxurarik eta, hala ere, iruditu zitzaion kartzelarako bisita baten inguruan izan zezakeen babesik onena zirela.

      Agustin atera zenean, inork ez zuen erretiratzeko gogorik, eta hala, pub batean xahutzeko dirurik ez zutela jakinda, Mateoren etxerakoa hartu zuten ordu txikietan zabalik dauden milaka denda horietako batean zerbezak erosita. Gau hartatik aurrera, etxekotu egin zuten segituan, eta bera ere etxean sentitu zen haien cachai, güeon, eta argentinarren monopolioa ez zela erakutsi zioten mate artean. Laguna kartzelan bisitatzeko bidaia bakoitza, beste lagunak bisitatzeko aitzakia ere bilakatu zen.

      Behin, inozoki galdetu zien zergatik ote zeuden denak Parisen, 40 metro karratuko etxeak konpartitzen, legez kanpoko lanetan, prekarizazio totalean, hiri hain klasista eta arrazistan. Akorduan du Agustinak nola erantzun zion, tonua pixkatxo bat altxatuta: “Galdera hori non bizi nahi duen eta herrialde horretan izango duen ongizatea zein izango den aukeratzeko ahalmena duenak bakarrik egingo luke”. “Touchée” besterik ezin izan zuen esan.

      Ondoren, eta Marcek, egoera lasaitzeko zuen kapazitate harekin, hala esan zuen: “Galdera hau Illapuren kantu batek hobe erantzungo dizulakoan nago”. Ordenagailua ireki eta flauta doinu batzuk entzuten hasi ziren. Lau lagunak kolpez altxatu ziren lehen notekin eta, birikak ondo beteta, kantuari ekin zioten: “¡Me preguntaron cómo vivía, me preguntarooon! Sobreviviendo dije, sobrevivieeendooo…”. Marcek eskuetatik tira egin eta sukaldean haiekin dantzan jartzera gonbidatu zuen. Soinu andino haiekin, bat-batean lagunak beste era batera ikusi zituen, haien arropa modernoen azpian, inoiz lehenago ikusi ez zizkien hazpegiak atzeman zituen, baita azal tonu berri batzuk ere. Unean bertan nabaritu zuen haien bizi-abiapuntuen artean zegoen amildegia. Eta, aldi berean, haien haurtzaroetatik jasotako kantuaren “sooobreviviendo” hori hiru ahotsetara kantatzen zuten artean eta “aiii” eta “auuu” oihu altuen bueltan, gertu baino gertuago sentitu zituen.

      Akordatzen da, beste behin, hantxe zeudela bostak, mahai baten inguruan, bakoitza bere lanetan. Halako batean, bista altxatu, eta algara batean lehertu zen Agustin: “Begiraiozue elkarri, mesedez, begiraiozue! Mahai honetan baino ilegalitate handiagorik, non?”. Ingurura begiratu eta denek frogatu ahal izan zuten Agustinen barrearen arrazoia: Agustina bizileku baimena luzatzeko paper batzuk faltsifikatzen ari zen. Marce, agerikoa zuen depresioarentzat errezetatutako pastillak banatzen, dosia zenbateraino jaitsi ote zezakeen kalkulatuz, eragina mantendu bai, baina sobran zituen pastilla horiek saldu eta sos batzuk irabazteko. Mateo komunetik iritsi berria zen, bezero batekin zuen zitarako labatiba pare bat jartzetik, eta kobratuko ziona kalkulatzen ari zen, ea hilabetea amaitzeko nahikoa izango ote zen. Agustin marihuana apurrak dosifikatzen ari zen, hurrengo astean kobratu arte iraungo ote zion edo ez kabalak egiten eta, txarrenera, tabernako umemoko pijoei zerbait birsaldu beharko ote zien. Eta azkenik, bera, jasotako instrukzio detailatuak jarraituz, lagunari barruko bizitza zerbait arintzeko lagungarria izango zen opariren bat prestatzen ari zen.

      Oheratu zenean, pentsatu zuen beren ilegalitateek bazutela diferentzia nabarmen bat: haiek bizirauteko ilegalitateak egiten zituzten, paperik eta dirurik gabeko errealitate bati aurre egiteko ilegalitateak. Bere ilegalitateak, ordea, beste zerbait ziren, ez zekien ondo zein eskalatan jarri zer, baina ez ziren berdinak, eta hori buruan zebilkiola lokartu zen.