Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

II

 

 

Trena martxan hasi denean, arnasa hartu du berriro ere. Bere lekuan dago, behar den lekuan eta behar den orduan. Automatizatutako mugimenduz, trasteak modu ordenatuan antolatzeari ekin dio: motxila, janaria eta paketearekin, gora; behean liburuak eta musika. Tetris lanetan ari dela, hor iritsi zaio gizon bat, oraindik ere erabat ulergaitza egiten zaion frantsesez zerbait esanez. Keinuengatik intuitu du gizonak leku hori berea dela esan nahi diola, billetea erakusten baitio. Badaki gizona oker dagoela, bagoiz erratu dela, baina ez dauka hori bera hitzez transmititzeko gaitasunik, ezta intentziorik ere. Itxaron egin du, ea errebisorea heldu eta hark azaltzen dion, edo, akaso, milagroa gertatu, eta gizona bera bakarrik konturatzen den. Tonto jartzen ari da ordea, oso tonto, eta inpotentzia gailentzen zaion bezala, gizon astunari “zazpi” esan nahi dio, hau “zazpi” bagoia dela eta bere paperean “zortzi” jartzen duela. Baina ohartu da zenbakiak ere ez dakizkiela frantsesez. Horrek lotsa ematen dio beti, gutxiago sentiarazi. Eta ez dago ohituta gutxiago dela sentitzera.

      Hizkuntzarena traba handia du bidaiotan, eta ez daki zergatik, zeren ingelesarekin ondo moldatzen da eta italieraz ere gaizki ez, baina frantsesarena… Hizkuntza horren kontrako lobotomia bat egin baliote bezala da, ez dago modurik. Hasieran, bisita hauei zuku apur bat ateratzearren edo, saiatu zen hizkuntza ikasten, baita ikastaro batean izen eman ere. Baina halako bi pasarte izan zituen Parisen, zeinetan ez ulertuarena egin zion batek, eta barre egin zioten beste batzuek. Barre, nork eta azal iluneko bi neskak, zer eta kartzela atarian, eta pentsatu zuen Frantziako Estatuak lortua zuela, bai, hizkuntzaren bidezko normalizazioa eta asimilazioa. Gerora kontatuko zioten zein garrantzitsua zen enegarren belaunaldi izendatutako horientzat frantsesez behar bezala egitea, diferentzia markatzea, (beste) azenturik gabe, beraiek etorkinak ez zirela argi uztea. Horregatik egin zioten barre bi neska haiek, ziurrenik; edo ez, hori berak asmatu zuen pelikula zen eta, besterik gabe, zuen lekuz kanpoko aurpegiari egin zioten barre, batek daki.

      Dela barre egin ziotelako, dela kafe bat hartzeko jarri zizkioten trabengatik, akaso kalean helbide bat galdetzeko ezintasunarengatik, edota nonbait afaltzeko montatu behar zituen periplo linguistikoengatik, hizkuntzarekiko zuen amorrua handitu, eta bertan behera utzi zituen ikasketa saiakerak. Hortik gorrotatzera ez dago asko, eta hortik erabat inkapaz izatera are gutxiago. Beti pentsatzen du gauza bera: “Hau guztia amaitzen denean, ez naiz sekula Frantziara itzuliko”.

      Baina orain frantses hiztunen territorioan dago, dudarik gabe, eta horrek, ezinbestean, atzerritar sentiarazten du etxetik 20 kilometrora. Eta atzerritar den heinean, ezin erantzun billetearen jaunari. Berdin zaio ordea, urteekin ondo entrenatu baitu frantsesen aurreko indiferentzia, horregatik begiratzen du leihotik ero batek bezala, tipoari entzungor egiten. Denbora batera, gizona, bere billetearekin tematzeaz nazkatuta, marmarrean joan da, eta ez da itzuli. “Bakea”, pentsatu du.

      Trenek hegazkinek baino beldur handiagoa ematen diote. TGVa gainera hain doa azkar, ezen ezin baitio makinistaren despiste batek denak airean nola aterako dituen pentsatzeari utzi. Dar-dar bakoitzarekin bihotzak buelta ematen dio. Eta hemen ez dago distintzio ez lehentasun erlatiborik noranzkoari dagokionez.

      Orain ere nahiago luke hegazkina hartu, lehen hala egiten zuen, eta zeinen ederki joaten zen. Baina ordutegi onak eta prezio merkeak zituen konpainiak aldatu egin zituen ordutegiak, eta prezioak. Ez zaio besterik geratzen, baina zenbat botatzen duen faltan abioia. Ikustekoa da hura zapaldu, eserlekua hartu eta gerrikoa jartzen duen unetik sentitzen duen lasaitua. Eta, ondoren, jasangaitza zaion logura batek egiten dio atakea, hainbeste, inoiz gutxi oroitzen baita aireratzeekin; eta hurrena, lurreratze uneko astinaldiekin esnatu.

      Biarritzeko lauburuz jositako aireportuan hartu ohi zuen Pariserako hegaldia. Gustatzen zitzaion aireportu hura, txikiak direnak gustatzen zaizkio, Loiu ere bai. Abioiak hartzea munduko gauzarik normalena dela ematen du halakoetan. Segurtasun kontrolak ere minimoak dira, bueno, ziren. Bere muturren aurrean ikusiko baitzuen gauetik egunera dena aldatzen. Izan ere, Charlie Hebdo-ren aurkako atentatua hegazkinez joaten zen garai hartan izan zen. Zehazki, atentatua gertatu eta bi egunera hartu behar izan zuen hegaldi bat. Oroitzen du familia bateko aita (berak arabiar bezala sailkatu zuena) arakatzen hasi zela Polizia eta lurrera bota zuten bitartean isilpean aurrera egin izana. Ordura arte jostailuzkoa zirudien Biarritzeko aireportu txiki hartan gertatu zen. Ordura arte gainontzekoen begietara hain susmagarriak ez ziren bidaideei egin zieten. Ordura arte, akaso, inolaz onartuko ez lukeena egin zuten bere muturren aurrean, denen isiltasuna konplize. Joko-arauak aldatu ziren inor ohartarazi gabe, eta inork azaldu ez bazituen ere, azkar ikasi zituzten denek. Ordutik aurrera, berak ere, ideia horren kontra gogor borrokatu arren, mesfidati begiratuko zien zapi eta bizardun bidaiari haiei. Nahiz eta, noski, ez zuen sekula inoren aurrean halakorik onartuko.

      Egun hartan hasi zitzaion amorrua eta mesfidantza nahasten dituen sentimendu hori, gizona lurraren kontra denen isiltasunaren aurrean bota eta kolpatu zutenean. Gizonak laguntza oihuak egiten zituen artean. Bost poliziak arrastaka gelaxka batera eraman zutenean. Ez zuen inork harrabotsik egin, inork ez zuen kontsolamenduzko hitzik izan eskuetatik helduta negar isilez bidaia egin zuten ama eta bi haurrekin. Bere burua zuritzeko edo, sentimendu zekena izan zuen egun hartan, pentsatu zuen “hau ez da gure partida”. Atzetik, gerrikoa lotu zuen estu, logurak gainditu aurretik.

      Batzuetan kriterioak argi izaten zituen, esaterako, ez zuen inoiz “Je suis Charlie” zioen argazki hipokrita eta horterarik jarriko bere sare sozialetako profiletan, edo artikulu ustez mamitsuak irakurriko zituen Europari muturren aurrean lehertu berri zitzaiona urteetako islamofobia eta arrazakeriaren ondorio zela ziotenak. Baina muga ditxosozkoa gurutzatzeaz bat, etxeko ordenagailuan teoria eta irakurketa zirenek gorputza hartzen zuten. Eta beste gauza batzuek, berriz, gorputza hartzen zioten.

      Behin, lotsaren lotsaz inor gutxiri kontatuko ziona gertatu zitzaion bidaia batean. Trenean zihoala, bi bagoiren artean txilabadun gizon bat ikusi zuen alfonbratxo baten gainean errezoan eta, segidan, “nireak egin du” bat sententziatu zuen lehen aldiz. Pentsatu nahi zuen, hotz; esan nahi zion bere buruari ez zela errezoan ari zen gizon bat besterik. Esan nahi zion, hain zuzen, lehergailu bat zeraman inork ez lukeela atentzioa hala deituko. Esan nahi zion bere buruari ez izateko arrazista histerikoa, ez uzteko komunikabideen matrakak beragan partida irabaz zezan. Baina alferrik. Beldurra, beldurra da, mon amie. Eta bere buruan “nireak egin du, nireak egin du” jarraitu bat bakarrik entzun zezakeen. Bagoia pasatu, eserlekua hartu, eta bereak egin arte itxaron zuen. Noski, ez zuen bereak egin, ez behintzat literalki, baina, figuratuki, akabatuta zegoen.

      Gerora, erabat lotsatuta lagunari bisitan kontatu zionean, barre egin zion aurpegira. Bestearen barrea entzunda, bat-bateko erridikulu sentsazioari aurre egin nahian, esaldia apur bat antzeztuz esan zion: “Hara: ni prest nagon gure borrokagatik hiltzeko, baina egiatan, jende honen atentatu batean, gurea ez den herri baten kontrako atentatu batean hiltzen banaiz, zer eta hi ikustera etortzeagatik, ez dinat berehalakoan barkatuko!”. Barre egin zuten. Bazuten umore hori. Baina barrea lasaitu ahala, lagunak serio eta kezkatuta esan zion: “Hemen hainbat zauden terrorismo jihadistaz edo akusatuta. Ez ditun ia inorekin harremantzen, haien artean ere justu antzera. Baina hemen zauden, gero eta gehiago, eta hori bera dun susmagarriena, gero eta gehiago izatea. Errezeloa dinat masan atxilotzen dituztela, askok ez dakitela ondo zergatik dauden hemen ere, zer marroi jango duten… Akaso, gure borrokak ez ditun alderagarriak izango, baina errepresio-sistemak bai. Errepresioa beti izango dun errepresio, eta hori dun susmagarria, ez errezoan ari den gizona”.

      Giltzariak atea jo zuen bisita amaitu zela gogorarazteko.