VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Detektibea IV

 

 

Euriak kaleak bustitzen zituen egun hartan, denborak maitaleen ezpainak hezetzen dituen bezala: mantso, bigun, tarteka arnasa hauspotuz ekaitzaren erdian. Kaletik nindoan gabardina jantzita eta blablabla, eskuak poltsikoetan sartuta erakusleihoek irudi hautsi bat bueltatzen zidaten eta blablabla, topatu nuen lehenengo tabernara sartu nintzen whiski baten bila eta blablabla.

      Ez dut whiskia gogoko.

      Bibotedun imajinatzen dut nire off-eko ahotsa; tonu karrankari, elkor bat. Leonard Cohen femenino bat. Baina horrek ez dio axola, asmatua naizen heinean, neuk erabakiko diot neure buruari gorputza.

      Jakin nahi duzue benetan non nagoen? Edo are, liburu honen egileak, Ilehoriak, non naukan? Bere, nire, etxeko egongelan, biluzik. Belarridun butaka handi batean bermaturik, leihotik begira. Hanka zabalik. Nik uste dut masturbazioaren ideia ekiditeko asmatu zela arropa. Kosta egiten zait hankartea zabaldu, neure gorputza begiratzen hasi eta masturbazioa burura ez ekartzea. Hatzak pausatu ditut zilborraren azpian, pentsamendu batek neure buruan lekua egin orduko ezin dut hura ekidin. Ez dago atzera bueltarik. Hori bai, gozamenaren tortura, gozamenaren bortizkeria, gozamenaren samina dosifika dezaket, nire arnasarekin laztanduz une bakoitzean aukeratzen dudan gorputz atala.

      Zilborraren azpikoa. Hanka zabalik edo, akaso, hankarte zabalik esan behar nuke. Izan ere, eskuin hanka falta baitut belaunetik behera. Vietnamen galdu nuen, baina hori beste pelikula bat da. Isilunea. Esan berri dudana hausnartu. Nire barneko off ahotsaren jarioa apur bat gogaikarria dela esan lezake inork, sinesgaitza, arrazoi osoz, pentsatu du oraintxe Ilehoriak tekla hauen gainean, baina hala behar du, detektibeak idatzizko jario betean murgildu eta nahi duena aske esaten hasiz gero soilik lortuko du misterioa argitzea: Victorren heriotza.

      Eta hatzak jaisten ditut apur bat beherago. Butakaren alboan dauden arropei begiratu diet. Normaltasuna antzeztu nahi duten galtza bakeroak; kirol zapatilak, ezin delako inoiz jakin noiz jarraitu beharko duzun kaletik susmagarri bat; kolore urdinez eta koadroduna, mari-mutil handi baten blusa. Guztiak lurrean, beren botoitxoetatik niri beha.

      Nire bular bakarreko ileen artetik laztandu dut titiburua. Lau lekukoei egindako galdeketen transkripzioak irakurri berri ditut, eta ez dut jakin noiz jaitsi hatzak koskorrera. Biluzik egon naiz irakurketak iraun duen denbora osoan. Espero dut katarrorik ez harrapatzea. Ez dakit nola gaixotzen den fikziozko pertsonaia bat. Azkeneko grabaketaren transkripzioa begiratu dut. Ondo bete ditu Ilehoriak etxeko lanak. Kazetari grabagailu batekin egin ditu guztiak, kasetean, nik gustuko dudan bezala. Tentsioan, kasetearen alde bateko zinta amaituko ote den, zer edo zerk ihes egingo ote dion. Grabagailu digitalek ez dute zinta amaituko den tentsio vintage hori. Baina honek bai. Eta Ilehoriari hori bera agindu nion: ezin zuela ezer grabatu gabe utzi, eta hirurogei minutuko zinta batek irauten duen tartean lortu beharko zuela informazioa. Hau da hau marka, soldata irabaztea bezeroari zer egin behar duen esanez. Detektibe emozionala, psikologoa, kazetaria, performerra, mediuma edo community managerra, denok igualak gara, zorionekoak gu.

      Hemen natza, hankarte zabalik, Ilehoriari bidalitako azken etxeko lana irakurtzeko prest. Orain arteko grabaketak oso argigarriak izan dira, baina ez naute behar bezala emozionatu. Viktorren heriotzaren misterioa argitzeko lain ez behintzat. Zerk hil zuen Victor? Nola? Zergatik? Lau elkarrizketatuetakoren bat izan zen? Gezurretan ari dira laurak? Ez dut uste, ez dirudi.

      Detektibe emozionala naiz, nire bezeroen kasuekin enpatia izanik kitzikatzen naiz, kontatzen dizkidaten istorioekin emozionatuz. Eta hor egon ohi da, normalean, sekretua. Inkontzienteari hitz egiten uztean datza gakoa. Norbera normalean beti da norberak uste duena baino inteligenteagoa. Beldurrak dira norberak bere buruari eragiten dizkion tranpak. Eta nik, fikziozkoa izanik, ez daukat beldurrik. Irakurleek mania hartzen badidate, literaturako Jar Jar Binks zatar bat bilakatzen banaiz, Ilehoriari joango zaizkio kontu eske.

      Bizitzako gauza garrantzitsu guztiak biluzik egin behar lirateke. Adibidez, hipoteka bat sinatzera joan, medikuaren analisi larriak entzutera, literatur sari bat jasotzera, literatur sari bati uko egitera. Horrekin ez dut esan nahi gustukoa dudanik besteen aurrean biluzik sentitzea. Horrekin esan nahi dudana da gustukoa dudala besteen aurrean biluzik egotea. Nire ustez biluzik egoteak, izan ezagunen zein ezezagunen aurrean, hauskorrago egiten zaitu, armadurarik gabeko, norberaren itxura eta lehen inpresio fisikoa ustez kontrolatzeko gaitasunik barik. Bizitzako unerik garrantzitsuenak biluzik gertatzen dira. Jaiotzea bera, kasurako. Nik dakidala, behintzat, oraindik ez da inor jantzita jaio. Ez ninduke harrituko noizbait hori gertatzeak, baina oraindik ez da kasua eman. Are, larrutan egiterakoan ere, normalean biluzik egitea izaten dugu gustuko. Sukarraldiaren eraginez bero kolpeak eranzten zaitu, baina emaitza beti da bera, biluztasuna. Bai, ados, bada mozorroturik txortan egitea gustuko duen jendea. Erizainez, bonberoz, euskaltzainez, eta abar, baina mozorro horiek are biluziago jartzen zaituzte, ez naiz horretaz ari. Ba al dago inork zure orgasmo aurpegia gertutik ikustea baino gauza hauskorragorik? Edonork dauka, segur aski, ezkutuan gordetzen duen estasi aurpegi bat. Biluzik agertzeak hauskor egiten gaitu, eta publikoki hauskor agertzeak, berriz, indartsu. Zure indarra publikoki antzezteari uko egiten diozunean hasiko zara benetan indartsu izaten. Zure ahuldadeen jabe egitean besteek haien berri izateari beldurra galduko diozulako. Eta ez dago ahula dela dakiena baino pertsona indartsuagorik.

      Gatozen Ilehoriaren etxeko lanetara, Aitziber.

      Nire uste apalean liburuak ez lirateke apalean egon behar. Historia aliterazio bat da. Liburuak mugimenduan egon behar lirateke beti, norberak kaletik paseatu ditzan, edo azpimarratu eta galdu trenean, beste inork haiekin dialogatu ahal izan dezan. Pertsonen gorputzak kanposantuetan daude edo haizeak eramaten ditu, baina pertsonen esentziak azpimarratutako liburuetan gordetzen dira. Batzuenak, behintzat. Joan zaitez bigarren eskuko liburu-denda batera, eta hasi arrastoen bila. Eskaintzak, betirako izango den keinu baten pisua erdietsi nahi luketen opariak; edo hitz arinak, idazle batek irakurle ezezagun bati liburua erosi ostean eskainitako esker oneko hitz dorpeak. Eternitate bokazioz dedikatzen dira liburuak eta, hala ere, liburu-denda hauetan bukatzen dute askok. Bigarren, hirugarren, laugarren esku baten zain. Liburuan bertan inprimatutako hitzek bezala. Idazlearen bulkadekiko amnesiko diren arrastoak, izen ezezagunez betetako Iparraldeko guda oroitarrien moduan, beste aukera baten zain diren oroitzak. Pozik leudeke haiek, eternitate bokazioz lehen orrialdean beste norbaitentzat eskuz idatzitako eskaintza orok bigarren aukera bat izango duela jakinda. Are, azpimarraz josirik dauden liburuak.

      Azpimarraz beteriko liburu bat topatzean erosi egiten dut beti, eta azpimarrak irakurtzen ditut soilik. Liburua azpimarratu zuen pertsona irudikatzen saiatzen naiz: zeintzuk ote ziren bere une horretako kezkak, itxaropenak eta ezinak. Zer bozkatzen zuen, hilik ala bizirik ote dagoen nik liburua erosi dudan unean. Horixe baita hildako pertsona baten mamuak desioko lukeen azkena: bere esentziak, bere nahiek eta ametsek, inora iritsi ez diren bere gogoetek, norbaitengan arrasto anonimo bat uztea. Inkontzientea bada ere.

      Horixe bera da Ilehoriari egin diodan azken enkargua. Eman dizkidan kasete transkripzioen artean irakurtzeko dudan azkena. Merlinek Chusori utzi zion Mario Benedettiren Andamios liburua azkeneko aldiz agurtzean, berriro elkar ikusiko zuten esperantzaz. Gauza bera Victorrek Ilehoriarekin: Angelica Negroren saiakera mitikoa utzi zion, azpimarraz betea. Jolas modura bidali nion azken etxeko lana, ikerketa hau emozionalki osatzeko behar dudan ezinbesteko pista: azpimarrak azaltzen diren atalak euskaratzea eskatu diot, traduttore traditore, lan hori egiterakoan Ilehoriaren ahotsak lerro artean dioena harrapatu nahian. Ondoren, grabagailua hartu, burura datorkion guztia gehiegi pentsatu gabe esan, eta azkenik, grabaketa hori ere transkribatzea.