Aurkibidea
Ilehoriaren bost oroitzapen atzekoz aurrera
Galdeketa lehenengo lekukoari: Hiber
Galdeketa bigarren lekukoari: Kapelu
Galdeketa hirugarren lekukoari: Merline
Galdeketa laugarren lekukoari: Burgos
Angelica Negroren liburuko pasarteak Victorrek azpimarratuak
Detektibe emozionalak Victor imajinatzen du
Detektibe emozionalak Rocio imajinatzen du
Detektibe emozionalak Chuso imajinatzen du
Aurkibidea
Ilehoriaren bost oroitzapen atzekoz aurrera
Galdeketa lehenengo lekukoari: Hiber
Galdeketa bigarren lekukoari: Kapelu
Galdeketa hirugarren lekukoari: Merline
Galdeketa laugarren lekukoari: Burgos
Angelica Negroren liburuko pasarteak Victorrek azpimarratuak
Detektibe emozionalak Victor imajinatzen du
Detektibe emozionalak Rocio imajinatzen du
Detektibe emozionalak Chuso imajinatzen du
Detektibea III
Muxukatu nahi duzu nire titi iletsua? Titia begiratzen didazu, eskuekin so egin nahi zenioke. Baina biloek estaltzen didate titiburua, kamiseta finen azpitik oihan amazonikoen modura nabarmentzen diren sasi nahasiek urruntzen dituzte zure begiak, aldentzen dituzte zure eskuetako nahiak eta desioak. Begiratu arren ezin nauzu ikusi, baina imajinatzen nauzu. Nire inguruko galderak sortu zaizkizu dagoeneko. Bai, suma dezaket. Neure burua biluzten jarrai nezala nahi zenuke, zure galderei erantzuteko. Baina ez, oraindik ez. Strip-tease hau hasi besterik ez da egin.
Imajinatzen nauzu. Bai, badakit. Aitziber dut izena. Detektibe emozionala naiz. Fikzio bat. Horregatik naiz hain eraginkorra, eta horregatik kontratatzen naute. Nahi dudan unean nahi dudan lekuan sar naiteke, fikziotik fikziora jauzi eginez, beste inork ikusi ezin duena arakatzeko. Lekurik ezkutuenetan eta zikinenetan, lekurik sekretuenetan, memoriaren zokondoetan. Liburu honetan. Sartu naiz. Zurekin hitz egiten ari naiz. “Zergatik?” galdetuko duzu agian. Baina ez dizut erantzunik emango. Kezka bakarra dut gaur, eta esan egin dezaket, fikziozkoa naizelako, inork konturik eskatuko ez didalako: nork muxukatu nahi duen nire titi iletsua.
Baina hitz egin dezagun benetan lerro hauetara ekarri gaituenaz. Hilketa bat argitzeko nago hemen. Inork egin ez duen hilketa bat argitzeko. Nire bezeroak hori dio behintzat: Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, eta ez zen ostera inor joan bere hiletara. Eta horratx bezero honek luzatzen didan erronka emozionala, zentzuz beteriko galdera zentzugabea: Zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena?
Antonin Artaud datorkit gogora. Oso egile aproposa kasu honetarako. Bai bezeroa bai hildakoa artistak dira, edo hori uste dute beraiek, edo hori esaten diegu guk, edo hori diote langabezia bulegoan. Artistak direla. Farandulakoak, mundu miran bizi diren arima erratuak, zoriontsuak direla uste duten izaki porrotean errotuak. Artaud oso aproposa da, beraz, beraientzat. Artaudek zera esaten zuen bere liburu batean: “Van Goghek ez zuen bere buruaz beste egin, gizarteak suizidatu zuen Van Gogh”.
Jende asko da gizarteak suizidatu duena. Emakumeak batez ere. Historiako emakume idazle suiziden klubari erreparatu besterik ez dago. Sarah Kane antzerkilaria da klubaren zerrendara gehitu berri dudan azkena. Poema bat idatzi dut horri buruz. Gorroto ditut poetak, baina poemek ez dute horren errurik. Beraz, poema bat idatzi dut. Ustekabean. Normalean ez dudalako poemarik idazten. Normalean ez diedalako poemei erreparatzen. Poema bat idatzi dut, hala ere. Nire emozioekin konektatzeko agian. Sekula ez dakit nondik nora eramango nauen ikerketa emozional batek. Hauxe dio poemak:
Zu ikusezina zara, Sarah Kane?
Zergatik ez dut zure berri izan hogei urtez iraun duen
nire irakurle biografian?
Nork suizidatu zintuen, Sarah Kane?
Nik egin zaitut ikusezin, Sarah Kane?
Noiztik, zenbat denboraz?
Aireak abandonatu zaitu, Sarah Kane,
baina zuk ez duzu abandonatu airea.
Behinola arnastu zenuen oxigenoak
astintzen dizkit birikak.
Aire hau mundu osoko hilotzek arnastu duten
aire bera da,
munduaren historian bueltaka dabilena.
Nik zure itolarria arnasten dut, Sarah Kane.
Zure hiltzeko gogoak, pairamenak,
ukitzen nau, Sarah Kane.
Minaren internazionala zure azalean borborka sentitzeak
hunkitzen nau, Sarah Kane.
Eta hunkidura bizirik dagoen zerbait da niregan.
Horregatik idazten dut,
lerro hauetan zure minari oihartzun eginez:
maita dezagun bizitza,
eta maita ditzagun bizitza maitatu ez zutenak ere.
Izan ere, nork suizidatu zintuen zu, Sarah Kane?
Artaudek idatzi zuen
gizarteak suizidatu zuela Van Gogh,
eta Alejandra Pizarnikek itzuli zuen Artaud,
eta Virginie Despentesek aipatzen du Artaud.
Zer esan nahi du horrek?
Segur aski, ezer ez.
Baina beti iruditu zaizkit esanguratsuak
ezer esan nahi ez duten gauzak.
Ezertarako balio ez duten gauzak.
Dagoeneko efekturik sortzen ez duten hitzak.
David Hasselhoff, adibidez. Ez du efekturik.
VHS, adibidez. Ez du efekturik.
Komunismoa, adibidez.
Maitasuna.
Nola da posible ezer esan ezin duenak
hitz egiten jarraitzea, hain bizirik, Sarah Kane?
Ikaragarria da zenbat emakume
idazle suizidatu den, zenbat erreferente,
zenbat Virginia Woolf, Silvia Plath, Alfonsina Storni...
Zer gertatu da zuekin?
Nork suizidatu zaituzte?
Zein gizartek?
Zein jendartek?
Zein emartek?
Zein hankartek?
Eta okerrena, larriena, kezkagarriena dena:
Nola lagundu dut nik suizidio historiko horretan?
Nola jarraitzen dut laguntzen orain eta hemen?
Tira, bale, ez izan hain exijenteak poemarekin. Idatzi izana baliagarria egin zait ikerketa emozionalerako. Izan ere, horixe bera jakin nahi baitu kobratuko diodanarekin oporrak ordainduko dizkidan ilehori bular-mataza lerdenak: Nork hil du istripuz Victor? Agian emea zelako suizidatu dute istripuz? Akaso gizonegia zelako egin du bere buruaz beste? XXI. mendeari zion beldurrak suizidatu ote du Victor? Ilehoriak, Victorren lagun gisa, ardurarik badu inork egin ez duen hilketa honetan?
Galdera horiei erantzuna emateko behar zaitut zu. Ezagutzen ez dudan norbait zarelako. Ikerketa emozional honen testigu zarelako. Zu izango zara deklaratzera deituko dudan azkeneko lekukoa fikziozko epaiketa zentzugabe honetan. Nire titia kuriositatez edo amorruz, barreguraz edo mespretxuz begiratzen duzulako aukeratu zaitut, lekuko posible guztien artean. Zure begirada interesatzen zait. Zure begiradan topatuko dut besteek ikusi ezin dutena. Istorio bati buruz ezer ez dakienak beti intuitzen du zerbait istorio horren bukaerari buruz. Begira iezadazu titi honetara. Zer sentitzen duzu? Zer dio zure azalak? Zer nolako emozioa nagusitzen da zure erraietan nire titi iletsuari begiratzen diozunean?
Funtsean, gogora ditzagun kasu honetako ezinbesteko galderak: Nork hil zuen Victor? Zerk hil zuen? Hilketa bat izan zen? Suizidio bat? Kasualitate hilgarri bat? Inori inporta zaio Victor hil izana? Zer gertatu zen bere gorpuarekin? Nolakoa zen bere gorpua hil eta berehala?
Hainbat teoria ditut Victorren hilketaren inguruan:
Lehenengo teoria: Zerbaitek edo norbaitek kontzienteki hil zuen, nahita edo nahigabe, pozez edo pasibitatez. Hiru susmagarri genituzke beraz: beste norbaiten poza, beste norbaiten pasibitatea, beste norbaiten bizitza.
Bigarren teoria: Bere burua hil zuen Victorrek. Susmagarri bakarra genuke beraz: bere burua.
Hirugarren teoria: Bere burua hil zuen Victorrek, jakin gabe bere burua hiltzen ari zenik. Susmagarri bat gehiago genuke hemen, beraz: despistea.
Laugarren teoria: Zerbaitek edo norbaitek inkontzienteki hil zuen Victor. Alegia, ekintza zentzugabe batek. Kasualitatea litzateke azken susmagarria.
Laburbilduz, gutxienez sei susmagarri izango genituzke ikerketa honetan:
Poza.
Pasibitatea.
Bizitza.
Victorren burua.
Despistea.
Kasualitatea.
Nork hil zuen Victor? Ikerketa hau enkargatu duen bezero ilehoriak hori jakin nahi du. Zer dago Victorren heriotzaren oinarrian? Konspirazioa? Suizidioa? Bizitzaren umore zinikoa? Iker dezagun. Ikerketa publikoa izan behar du honek. Publikatu egingo dugu emaitza, liburu honetan: ondorioak zeuk atera ditzazun, irakurlea, zure ondorioekin ikerketa amaitu ahal izan dezadan.
Ekin diezaiogun lanari. Ilehoriari etxeko lanak bidali dizkiot, ikerketako prozesu emozionalaren hurrengo urrats gisa. Berak egin behar duen zerbait da. Ondoren, niri pasatuko dizkit emaitzak. Eta orduan... orduan intuizioak esango dizkit falta direnak. Intuizio femeninoak.