VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Galdeketa
lehenengo lekukoari:
Hiber

 

 

Ezohikoa izango da detektibe batek bere bezeroa bidaltzea lan zikina egitera. Baina tira, ikerketa honek gutxi du ohikotik, memoria ez historikoa arakatzea ezohikoa den neurrian. Hemen nago orain, Aitziber izeneko detektibe baten aginduak betetzen. Grabagailua jarri dut lehen lekukoaren aurrean, Hiber, ene lagun mina. Hiber ilegorria, Hiber Merlineren lehengusina. Garagardo parea lagun, zigarroak piztu ditugu. Rec.

ILEHORIA: Gogoan duzu Victor?

HIBER: Victor? Nik ez nuen Victor ezagutu. Kaka... (Barrez) Horretarako deitu nauzu?

ILEHORIA: Bai. Baina ezagutu zenuen, argazkiak daude, frogak daude.

HIBER: Baina nor da Victor?

ILEHORIA: Hori da interesgarria. Ikerketa honek horri buruz hitz egiten du, memoriari buruz. Zer oroitzen duzun zure bizitzaz, zer erabakitzen duzun oroitzea. Beti obsesionatu izan nau Victorrek.

HIBER: Victor...?

ILEHORIA: Sevillako lagunetako bat zen, aktorea.

HIBER: Bai, baina... behin emanaldi bat ikustera joan nintzen... gero afari bat egin genuen... Hori dut gogoan, besterik ez.

ILEHORIA: Merlinerekin San Roquera eta Sevillara egindako bidaian ezagutu nuen nik.

HIBER: Lorcaren herrira joan zinetenekoa, gurpila zulatu zenuten aldia eta hori guztia?

ILEHORIA: Bai, hori guztia. Bidaia haren aitzakiarekin Victorren heriotza ikertzen ari naiz, detektibe baten laguntzarekin.

HIBER: Zertarako? Zer egingo duzu horrekin?

ILEHORIA: Ez dakit. Nobela bat? Zer egin daiteke memoria historikoarekin?

HIBER: Ya, baina nik Victor ez nuen...

ILEHORIA: Batez ere adiskidetasunari buruz mintzatuko naiz, oso modu librean, fikziora eramanda. Nik fikzioa dela esango dut, eta inork ez du jakingo benetan zertaz ari naizen, ez duelako inporta.

HIBER: Ya, baina oroitzapenen kontu hori...

ILEHORIA: Ez da ezer konprometitua. Detektibe absurdo bat kontratatu dut, detektibe emozional bat, lagun diezadan... (Hiberren eta bien barreak) Detektibe oso friki bat, titi bakarra duena, ez dakit gizonezkoa den edo emakumezkoa den edo bi gauzak batera edo ezer ez.

HIBER: Nik eduki nuen titi bakarra zuen lagun bat.

ILEHORIA: Benetan?

HIBER: Bai.

Isilunea. Pentsakor geratu dira biak.

ILEHORIA: Detektibea ikertzen hasi da, baina oso gauza arraroak egiten ditu. Azkenean berak nahi duena nik oroitzea da, bezeroak oroitzen laguntzea da bere lana.

HIBER: Baina idatzia duzu jada?

ILEHORIA: Zer, nobela? Ez, hau da, ez dago amaituta, baina badaukat parte handi bat. Merlinerekin egindako bidaiaren zatia idatzita dago jada.

HIBER: Ondo pasatuko zenuen, ezta?

ILEHORIA: Bai... oso ondo.

Bien barreak.

ILEHORIA: Bidaia horretan tarteka Kapelu eta zu azaltzen zarete, baina noski, bidaia Merlinerekin soilik egin nuenez... Zuek istorioan zeharka azaltzen zarete. Horregatik iruditu zait interesgarria zuek ere interrogatzea.

HIBER: A-ha. (Garagardo bat zabaldu du Ilehoria esaten ari denarekiko pasio handiegirik gabe)

ILEHORIA: Daukadanarekin nik uste dut badudala liburua, baina gehiago arakatu nahi dut. Gerta daiteke elkarrizketa hauek berridatziak azaltzea liburuan, transformatuak. Nik gauzak gehituko dizkiet, edo agian esaldi batzuk soilik hartuko ditut... Ondo baderitzozu.

HIBER: Baina nik ez dut ezer oroitzen...

ILEHORIA: Ea, zer dakizu zehazki Victorrez?

HIBER: Eske...

ILEHORIA: Nahiz eta ezer ez izan.

HIBER (pentsakor): Victor nor zen? Haien emanaldian ipurdia erakusten zuena?

ILEHORIA (harrituta): Norbaitek ipurdia erakusten zuen?

HIBER: Bai, ez dakit ez ote zuten larrua jotzen zuzenean...

ILEHORIA: Ikusten? Hau oso interesgarria da, ni ez naiz horrekin gogoratzen! Gauza horiek zuen bitartez oroit ditzaket soilik. Nik gauza batzuk akorduan ditut, baina beste batzuk ez. La Marabuntaren emanaldiei buruz, adibidez... oso funtzio ganberroak zirela dut soilik gogoan, baina xehetasunik ez.

HIBER: Ez dakit ez ote zegoen sexu eszena bat non biluzi egiten ziren, eta...

ILEHORIA: Ez dut oroitzen.

HIBER: Victor tipo argaltxo bat zen? Tirilla bat?

ILEHORIA: Ez, hori Chuso zen.

HIBER: Bale, ba orduan sexu eszenakoa Chuso zen.

ILEHORIA: Gogoan dituzu Rocio eta Chuso?

HIBER: Itxaron! Orain akordatu naiz! Victor tipo fuerte bat zen! Ogi-mamiak sukaldatu zituen!

ILEHORIA: Ogi-mamiak? Hara! Noiz gertatu zen hori?

HIBER: Ogi-mamiak egin zituen, edo haiei buruz hitz egiten egon ginen, ez dut ondo oroitzen, bietako bat. Igual hitz egiten egon ginen sukalde kontuei buruz. Zertaz hitz egingo dut nik ba bestela? (Barreak)

ILEHORIA: Orduan oroitzen duzu nolakoa zen fisikoki?

HIBER: Ez. Tipo fuerte bat zela, soilik.

ILEHORIA: Bai.

HIBER: Soziedadean afaldu genuen, ezta?

ILEHORIA: Bai. Kapelu ere han zegoen, baina ez dakit gogoratuko den. Argazkiak egon badaude.

HIBER: Bai, argazki bat behintzat bai...

ILEHORIA: Nik gordeta dut, bai. Garai hartan, kanpoko taldeak ekartzen genituenean, askotan Kapelu lotzen nuen sukalderako.

HIBER: Kapeluk sukaldatzen zuen?

ILEHORIA: Bai. Jendea batetik bestera eramateko edo sukaldatzeko lotzen nuen bera, askotan ni ez nintzelako denera iristen...

HIBER: Ez dut gogoan Kapelu afarian ote zegoen. Ez zeuden Pedro eta Arantxa ere?

ILEHORIA: Ez, hori beste talde batekin izan zen. Orduan, gogoan duzu afari hura?

HIBER: Zatika...

ILEHORIA: Birak muntatzen genizkien. Askotan nire amaren etxera eramaten nituen aktoreak lotara.

HIBER: Baina... zenbat ziren ba?

ILEHORIA: Gutxi. Lauzpabost. Emanaldiak antolatu nizkien Donostian, Oiartzunen, Irunen, Hondarribian... Baina zuk soilik ipurdia duzu gogoan.

HIBER: Bai.

ILEHORIA: Eta zer gehiago oroitzen duzu? Emanaldi barregarria izan zen?

HIBER: Bai. Jendez lepo egon zen.

ILEHORIA: Lepo?

HIBER: Lepo, bai. Oso garito txikia zen.

ILEHORIA: Eta gero? Gau horretan joan ginen afaltzera soziedadera?

HIBER: Bai.

ILEHORIA: Eta zer duzu gogoan?

HIBER: Ez dakit. Jende asko ginen afaltzen, ezta?

ILEHORIA: Bai?

HIBER: Ez dakit.

ILEHORIA: Nik oroitzen dut Victorrek gitarra atera zuela. Ez zaizu hori ezagun egiten?

HIBER: Ez.

ILEHORIA: Kiko Venenoren Lobo López kantatu zuen. Eta gogoan dut denok berarekin kantatzen genuela.

HIBER: Ba nik ez.

ILEHORIA: Argazkian berez gitarrarekin azaltzen da. Kuriosoa da zenbat gauza bizi izan ditugun, eta zeinen zaila den oroitzea. Niri asko kostatzen zait. Saiatzen naiz berarekin akordatzen eta kosta egiten zait. Ez dut gogoan haien emanaldia, ez dut gogoan Chusoren ipurdia...

HIBER: Nik gogoan dut emanaldian bata bestearen kontra jartzen zirela, paretari pegatuak, eta txortan hasten zirela... Agian asmatzen ari naiz! Kar-kar.

ILEHORIA: Rocio gogoan duzu?

HIBER (pausa): Nolakoa zen Rocio?

ILEHORIA: Oso erakargarria. Nik oso gustukoa nuen. Baina Victorrekin zegoen.

HIBER: Ez dut gogoratzen. Hau da hau...

ILEHORIA: Perfektua da! Honetaz hitz egin nahi dut! Nola behar ditugun besteak oroitzeko. Zurekin hitz egiterakoan irudi berriak etorri zaizkit burura...

HIBER: A-ha.

ILEHORIA: Gogoan duzu Merlinek eta biok Andaluziara joatea erabaki genuen unea?

HIBER: Noski oroitzen dudala.

ILEHORIA: A bai? Zergatik?

HIBER: Ni ez nintzelako joan, kaguen d... lanean nengoelako.

ILEHORIA: Esan genizun bagindoazela?

HIBER: Noski. Garai hartan ia dena egiten genuen elkarrekin. Eta nik ezin izan nuen joan. Lorcaren herria bisitatzea zen mobida... Eta ni gainera ez nintzen sekula Sevillan egon.

ILEHORIA: Baina zuk familia duzu Andaluzian, ezta?

HIBER: Bai, baina hala ere leku batzuk ez ditut ezagutzen. Sevilla oraindik ere ez dut zapaldu.

ILEHORIA: Ezta gerora ere?

HIBER: Ez. Tira, San Roquerako bidean bai, handik pasatu izan naiz, baina egon ez naiz egon. Gainera zuen mobida oso guapoa izan zen, Lorcaren herrian egun berean Aznar zegoela, ezta? Errepidea moztu zutela, gurpila zulatu zenutela...

ILEHORIA: Mila aldiz kontatu dizugulako dakizu, noski! Kar-kar. Gezurra izan zitekeen!

HIBER: Bai, gezurra izan zitekeen, Merlinek kontatu izan dit niri, eta gauzen erdia asmatu egiten du beti. Merlinerekin rollo ona duzu fikziozko oroimenaz hitz egiteko, kar-kar.

ILEHORIA: Baina gu biok, adibidez, ez gara sekula San Roquen elkarrekin egon. Zer da zuretzat San Roque?

HIBER: Garai hartan San Roquera joan nintzen, Merline eta biok milia egiten ari ginenean. Bera Iruñean zegoen eta ni Loiolan, permiso batean kointziditu genuen eta San Roqueraino joan ginen. Ez genuen ez hegaldirik ez ezer hartuta...

ILEHORIA: Hegazkinez joan zineten?

HIBER: Bestela ez zigun astirik ematen.

ILEHORIA: Garesti izango zen garai hartan.

HIBER: Bai, oso ondo oroitzen naiz: 30.000 pezeta. Ez genuen zuzeneko hegaldirik eta Bilboko aireportura eraman gintuen bidaia agentzia batean lan egiten zuen lehengusina batek. Militar karnetak erakutsi genituen leihatilan, eta urgentziaz Malagako kuartelean aurkeztu behar genuela esan genien. Bai ala bai joan behar genuela hara. Orduan abioian sartu gintuzten. Eta de puta madre, biok flipatuak. Gero handik San Roquera joan ginen.

ILEHORIA: Zenbat gauza galdu nuen nik bitartean intsumiso eginda... Kar-kar! Lehenengo aldia izan zenuen hura San Roquen?

HIBER: Bai, tira, biok elkarrekin bai, lehenago egonak ginen bakoitza bere gurasoekin.

ILEHORIA: Zer egiten zenuten han? Sekulako itsuak harrapatu?

HIBER: Bai.

ILEHORIA: Ni Merlinerekin hango taberna batean ibili nintzen: Er Carrí.

HIBER: Bai, ezagutu nuen!

ILEHORIA: Gero desagertu egin zen, interneten kurioseatzen topatu nuen behin albistea.

HIBER: Bai, baina gure garaian bazegoen. Garai “ona” izan zen hura, gu nerabeak ginen, baita hango lagunak ere. Festatik festara ibiltzen ginen.

ILEHORIA: Zer oroitzen duzu Er Carrí tabernaz?

HIBER: Rock-and-rolla, porroak eta garagardoak. 100 pezeta pitxar bat.

ILEHORIA: Barrako tipoaz akordatzen zara?

HIBER: Potoloa eta bizarduna zen. El Sevilla bezalakoa.

ILEHORIA: El Sevilla...?

HIBER: Mojinos escozios taldekoa bezalakoa, kar-kar.

ILEHORIA: Gu han Aste Santuan egon ginen, bost egun tabernatik atera gabe, mozkorrik, zuen lehengusuekin. Nik horrela gogoratzen nuen barrako tipoa, motoristaren irudi topikoa.

HIBER: Nik ere hala gogoratzen dut, baina igual asmatzen ari naiz. Taberna hartatik gogoan dut haxixaren aroma, oso ona zen. Guk hemen konbi erretzen genuen, beraiek ordea polena.

ILEHORIA: Martires del compas-en kantak dioen bezala, “o el perfume de su polen...”.

HIBER: Hemen erretzen genuenak marranta uzten zuen, goma zuelako barruan, sekulako kea botatzen zuen.

ILEHORIA: Ze nazka.

HIBER: Hangoak olioa askatzen zuen, eta liatzerakoan eskuak olioz bustita geratzen zitzaizkizun berotze hutsarekin. Porroa pizterakoan papera olio hartaz blaitzen zen, marabilla bat zen, rico-rico-rico...

ILEHORIA: Nik gogoratzen dut tabako makina bat bazutela, baina ez zigutela bertakoa erosten uzten, barraren atzean kontrabandokoa zutelako.

HIBER: Bai. Nire familiarekin sarritan joan izan naiz Gibraltarrera tabako bila, bakoitzak pakete bat ateratzen genuen handik: amak, izebak, aitak... Gero herrian saltzeko.

ILEHORIA: Eta gogoan duzu Merline eta biok handik bueltatu ginen garaia? Nola geunden?

HIBER: Ba... ez dut gogoan. Seguru bueltatu eta beste edozein lekutara joango ginela, asko mugitzen ginen, hor zehar lagun asko genituen.

ILEHORIA: Seat Ibiza hartan.

HIBER: Bai.

ILEHORIA: Zer gogoratzen duzu kotxe hartaz?

HIBER: Leku guztietara eramaten gintuela. Direkzio hura dut akorduan, Merlinek ezin zuen ia aparkatu, sekulako ahalegina egin behar zuen direkzioa oso gogorra zelako.

ILEHORIA: Ez zen dardarka hasten 110 kilometroak pasatzean?

HIBER: Merline beti izan zen ondo zanpatzekoa, eta horrelakoetan bibratu egiten zuen. Kotxe hura laostia zen.

ILEHORIA: Eta kaseteak ziren bertan eramaten genituenak, gainera! (Isilunea) Aizu, imajinatu egin dut agian, baina zu gau batez zaldi batera igo zinen, ezta?

HIBER: Ez.

Isilunea.

ILEHORIA: Gezurra da?

HIBER (barrez): Hori gau batez kontatu nizun, eta zu mobida horretaz maiteminduta geratu zinen, kar-kar. Hori arrats batean izan zen: ni mendian nenbilen nire txakurrekin, zaldi bat zegoen han, eta mobida hori imajinatu nuen, pelotetan jarriko nintzela eta zaldi gainera igoko nintzela... baina gezurra zen. Oraindik horretaz akordatzen zinen?

ILEHORIA: Ba bai, narrazioan sartu dut eta!

HIBER: No jodas! Kar-kar!

ILEHORIA: Kar-kar-kar.

HIBER: Kar-kar-kar-kar.

ILEHORIA: Bere horretan utziko dut narrazioan, ez dut aldatuko. Niretzat egia zen eta hori da polita.

HIBER: Bueno, nik ere poetatik zeozer eduki behar nuen.

ILEHORIA: Orduz geroztik egia esatea bazeneukan!

HIBER: Ya, baina hain zen polita egia zela pentsatzea, kar-kar. Merlineri gauza bera gertatu izan zaio. Garai hartan porro asko erretzen genituen, eta vena guay hori ateratzen zitzaigun. Nire bisio bat izan zen zaldiarena, amets bat bezala, eta kontatu egin nizun: eta gogoratzen naiz sekulako atentzioarekin entzuten zenidala, kar-kar-kar.

ILEHORIA: Beste gezurren bat kontatu didazu urte hauetan guztietan?

HIBER: Zuri? Tira, zaldiarena gezurra-gezurra ere ez da guztiz, momentu horretan nik egin nahi nuena zen, edo neure burua horrela ikusi nahi nuen, beraz bazuen egiatik zerbait. Soilik ez nuela benetan egin. Berez galdezka ibili nintzen zaldi hura erosteko. Oso gustukoa nuen.

ILEHORIA: Dirutza balioko zuen.

HIBER: Ez pentsa, baina horrelako animalia bat non gorde gero?

ILEHORIA: Nola oroitzen duzu Merline eta bion harremana garai hartan?

HIBER: Ez dakit, adiskidetasun berezi bat, guk biok daukagunaren antzekoa. Laguntasun autentiko eta fidel bat.

ILEHORIA: Gogoan duzu gure garai hartako aktuazioren bat? Gogoan duzu campingarena?

HIBER: Hor ez zen Josune ateratzen?

ILEHORIA: Ez, hori hurrengoa izan zen, Elektra Danka. Merlinek taldea utzi zuenean bera ordezkatu zuen. Horren aurrekoan camping bat muntatzen genuen kultur etxeen barruan, eta performance bat egiten genuen bertan, publikoa ere campingean egongo balitz bezala.

HIBER: Ez dut ondo gogoratzen.

ILEHORIA: Eta Merlinek antzerkia utzi zuen unea?

HIBER: Bai, hori bai, niri pena eman zidalako. Eta baita berari ere. Ez dut gogoratzen zergatik utzi zuen. Zuk gogoratzen duzu? Zuen harremana ez zegoen ondo, ezta?

ILEHORIA: Ez dut uste hori izan zenik. Marihuanagatik izan zela esango nuke, sustoa eman zion eta bere buruarengan konfiantza galdu zuen.

HIBER: Gogoan dut Txoritokietan ginela, izarrei begira. Led Zeppelinen No Quarter entzuten genuen bitartean blankazoa eman zion. Oso gaizki jarri zen. Kanta hori entzuten dudan bakoitzean Merlineri burua joan zitzaion unea gogoratzen dut. Gauzen pilaketa bat izan zen, ez soilik marihuana, Merlinek garai konplikatua bizi zuen orduan, emozionalki desorekatua zegoen.

ILEHORIA: Garai hartatik zer geratu zaizu?

HIBER: Ez nau markatu bizitzan, baina bai gure arteko harremanean: bizi osorako arrastoa geratu da gure artean. Bizipen haiei guztiei esker gara orain garena. Sekulako abenturak bizi izan genituen, eta gure artean ez genuen borrokarik izan.

ILEHORIA: Zeozer egongo zen ba... Txikikeriak izanik ere...

HIBER: Hombre, klaro, Merlinek deskiziatu egiten gintuen.

ILEHORIA: Pertsonen barruan sartzeko gaitasuna zuen.

HIBER: Bai, eta horrek faktura pasatu zion, bere buruaren barruan ere gehiegi sartu zen.

Isilunea, garagardoa.

ILEHORIA: Jarraitzen duzu ehizara joaten?

HIBER: Ez, salgai jarri dut dena. Txakurrak edukiko banitu ezberdina litzateke, baina ehizatik gehien maite nuena nire aitarekin uneak partekatzea zen. Eta bera ez dago jada. Aitak beharragatik ehizatzen zuen, eta nik orain ez diot motiborik ikusten animaliak ehizatzeari. Hain gogoko ditut ez diodala justifikaziorik ikusten.

ILEHORIA: Hori uler dezaket, baina hala ere arraro egiten zait zu ehiztari ibili izana.

HIBER: Alaba bakarra nintzen, eta nire aita irakasten tematu zen txikitatik.

ILEHORIA: Gogoan dut mendira elkarrekin joaten ginenean zuhaitz eta animalien izenak esaten zenizkidatela Merlinek eta biek... Nik uste dut asmatu egiten zenituztela.

HIBER: Bai, zera!

ILEHORIA: Eta zu gogoratzen zara zer gertatu zen Victorrekin?

HIBER: Zer Victor?

ILEHORIA: Victor, Sevillakoa.

HIBER: Ez... Ai, bai, hil egin zen, ezta? Bai, gogoratzen naiz.

ILEHORIA: Gogoratzen duzu nola hil zen?

HIBER: Ez. Gogoan dut inpaktatu gintuela, baina ez dut gogoan nola gertatu zen. Nola hil zen?

ILEHORIA: Madrilen izan omen zen auto istripuz, baina inork ez daki ezer. Sandro Peleak esan zidan heriotza arraro bat izan zela, hodei ilun batek estali izan balu bezala. Ez dut inoiz ezer gehiago jakin, eta horregatik dago orain, liburu honetan, detektibe bat heriotza hori ikertzen.

HIBER: Akordatzen naiz zuk kontatu zenuenean flipatuak geratu ginela.

ILEHORIA: Zein momentu izan zen hori?

HIBER: Ez dut gogoan, bai ordea albistearen eragina, mutil hari ez zitzaiolako hiltzea tokatzen. Presente genituen afariak, haien emanaldiak, barreak... Badakit zuek han egon zinetela berarekin, Sevillan, baina berarekin ez naiz akordatzen.

ILEHORIA: Espero duzu inoiz Sevillara joatea?

HIBER: Bai, noski, turista bezala joango naiz. Zu joango zara?

ILEHORIA: Bai, egon naiz zenbait alditan, baina asko aldatu da, ez du zerikusirik guk ezagutu genuen hiriarekin. Zeozer gehiago gehitu nahiko zenuke? Beste oroitzapenen bat?

HIBER: Gogoan dut mendian plastiko handi baten barruan biltzen ginela. Porro gutxi genuenez, plastiko hartan biltzen ginen denok eta ez genuen kea ateratzen uzten, gehiago jo gintzan.

Stop.