Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

Troyako zaldia

 

 

Ez duzu eroso ematen. Ostatuko barraren aurrean zaudela dirudi; hanka luzeko aulki baten gainean eserita bezala. Eserlekua jiragarria da; beraz, buelta batzuk eman, eta torlojuaren gisan jaitsiko zara berehala. Altuegi dago, beharbada, zuretzat; ez ditut zure begiak ikusten. Ispilua ez da ezer parean norbait jartzen ez bazaio; begirale bat behar du bere burua ikusteko. Ez du aldatzen bere gainean islatzen dena, baina begira ari zaionaren begitartea antzeratzen saiatzen da. Aspaldiko ehiztariak ere gisa berean jokatzen zuen; bila zebilen piztiaren larru azpian mozorrotzen omen zen. Oraingo honetan, nahikoak izango dira bat-bateko argazki gutxi batzuk, baina atzendu baino lehen:

      (ongi etorri gure artera)

      Orain, bai; orain buruz buru gaude. Orain erosoago ikusten zaitut; baina, barkatu, ba al dakizu non sartu zaren? Argazkiak ateratzeko kabina automatikoa ematen du, baina antzokia ere bada bere txikian. Azken batean, atakan sartuta ibili naiz neu ere hasieratik beretik; herri honetako antzertia eguneratzen saiatu izan den eta oraindik ere saiatzen ari den ekimenaren bultzagile etsigaitza; horrela, bada, jakinaren gainean ari naiz. Wolfram dut izena.

      Ikus dezakezun bezala, beltzez etorri naiz. Antzoki japoniar batean banengo, ikusezintzat hartuko nindukete lege zaharrari jarraiki, baina, egia esan behar badizut, irudipena daukat dagoeneko existitzen ez den armada baten uniformez nabilela. Aitortu beharrean nago, era berean, sekula ez ginela jende asko izan, baina hasieratik beretik bagenekien zer nahi genuen: obrak ondo aukeratu, ikuskizunak behar bezala prestatu eta aire librean lan egin.

      Oraingoan, alabaina, bakarrik nator, eta askoz ere apalagoak dira nire helburuak: azken batean, gure ibilbide teatrala albait ondoen ulertzeko asmotan nabil besterik gabe, eta ondorio bat, baldinbaitere, atera dut; alegia, antzerti mota guztiak bitara bihurtzen direla oro har: mozorroa janztea eskatzen du batek; eranztea, besteak. Aurrenekoak sartu ninduen teatroan, eta bigarrenak ekarri nau gaurkoan.

      (adi lehen flashari)

      Aspaldi hartan uste genuen antzerkia ikusteko, antzokia jartzen zuen kartelaren bristadapetik igaro beharra zegoela ezinbestean, baina zer izan zen Troyako zaldiarena antzezlan zoragarri bat besterik? Egoera berriak beste ikuskizun mota bat behar zuen, beste gauza batzuk hasi ziren antzerki bihurtzen, edo beste gauza batzuei hasi ginen antzerti izena ematen, eta atakan bildutako batzuek troupe propioa antolatzeko gauza ginela deliberatu genuen.

      Antzerkia plazara, kanpora, mundura atera nahi genuen, eta ez zen egitasmorik falta izan, besteak beste: satan-dantzak antolatu nahi genituen Vatikanoko plazan; kalejirak, New Yorken; godaletaren dantza, Pisako dorrean; zanpantzarra, Pariseko metroaren geltokietako espaloi mugikorretan barrena. Ahalegin batzuk, ordea, okertu, eten edo gainditu egiten dira batzuetan, gauzatu aurretik ere. Horrelako zerbait gertatu zen, zoritxarrez, gure artean.

      Egia esan, denok geunden antzertia atari zabalean egitearen alde, baina batzuk ez zeuden hortik aurrerako konpromisorik hartzeko prest, eta beste batzuek uste genuen, aldiz, garaia heldua zela, nolabait esateko, legez kanpo saiatzeko, nahiz eta, albait, delinkuentziaren marra zeharkatu gabe.

      Aldaketa handiak espero genituen gehienok aurki, baina zein zen guri zegokigun betebeharra? Arretaz aztertu genituen ezkutuko simulazioak erabiltzeko aukerak; izan ere, gauza jakina da galdera batzuei ekintzaren bidez baizik ezin zaiela erantzun.

      (argazki kopurua zehazteko, saka ezazu giltza berdea)

      Umetatik ohituta geunden isilpean hitz egiten. Elkarte guztiak legez kanpo zeuden, adierazpen guztiak bazter-nahasleak, greba guztiak auskalo nondik baina kanpotik antolatuta zetozen; beraz, orduko giroa, ezinbestean, zuri-beltzean gelditu zaigu oroimenean. Hala, bada, gure arteko batzuek beste amets teatral asko ahaztuta, gure aztarnak nola ezabatu eta gure itzalaren azpian nola gorde hasi ginen ikasten.

            Eragozpen guztien gainetik eta azpitik, hala ere, gero eta zirritu handiagoak sortu ziren mugen murruetan, Wolfram, eta gero eta errazago sartu zen aire freskoaren oldarra. Atzerriko musika-bolada gazteak eta garaiko zinema berria ez ezik, antzezlanak ere hasi ziren ailegatzen. Ordura arte eskuratu ezin ziren hainbat liburu irakurri genituen, esate baterako: Jerzy Grotowski-k idatzitako Towards a Poor Theatre edo, geroxeago, Eugenio Barbaren The Floating Islands.

            Egun batean, Living Theatre ailegatu zen Donostiara, eta atakan antolatuta geunden gehienak guztiz liluratuta gelditu ginen New Yorkeko taldearen eraginpean handik aurrera. Ez zen, hala ere, Antigona izan gure aztoramenaren arrazoi nagusia, baizik eta Orly hoteleko kafetegian sortutako iskanbilaren oihartzuna. Ostalariak eskandalizatuta zeuden antzezle gazteek ekarritako adats, bizar eta janzkerarekin, eta ez zieten ezer atera nahi izan. Halako batean, ordea, barraren atzeko paretan aldez alde itsatsita zegoen ispilua lurrera erori, eta sekulako burrunba atera zuen, kristalezko hamar mila edalontzi batera txikitu izan balira bezala. Ekintzaren egilea Julian Beck bera izan zela zabaldu zen hirian. Komisariara eraman zituzten.

      (adi bigarren flashari)

      Aspaldi hartan, Brasilgo tribu bati buruzko dokumentala ikusteko aukera izan genuen. Oihandarrek, itxuraz, ez zuten kameraren aurrean jartzea gustuko. Oraindik, eskerrak, bazegoen sudurretik harago ikusten zekien jendea. Uko egiten zioten, deliberatuki, euren irudiekin batera euren arimaren etorkizuna ere beste batzuen kontrolpean uzteari. Aski zuten jakitea ordura arte inoiz ikusi gabeko zoom muturluze hura zerbatanari eranstea ba ote zegoen.

      Orduan hasi ginen ulertzen, artean gazte, oraindik ere bazeudela zorionez zenbait leinu, ez bakarrik teatralak, argazkietan atera nahi ez zutenak. Ispilua besterik ez zuten onartzen, ispiluaren gainean besterik ez zuten euren buruaren isla ikusi nahi; konturatuta zeuden oihartzunaren moduan erantzuten zuela, baina ez zela gauza irudirik gordetzeko.

      (erabili ezazu giltza urdina argazkiaren tamaina zehazteko)

      Oraindik ere ezkutuka ibiltzen da gizakia amuak eta lakioak zaintzeko orduan; basapiztia ezustean harrapatzeko, ehizakiaren larruarekin mozorrotuta ere saiatzen omen zen aspaldi urrun hartan. Ehizan zebilenetik ari zen antzerkia egiten. Ehizari esker aurkitu zuen antzertia, eta gizartera ekarri zuen; are gehiago, beharbada: bizimoduan txertatu zuen antzertia, eta horrela sortu zen gizartea. Espioiek ez dute oraindik azaleko tatuajea galdu; erasoan irrintzi egiten da oraindik ere borroketan.

      Aurreneko ahalegin hartan, bakar batzuk baino ez ginen bildu; jende hurbila. Aurki, ordea, erruz etorri zitzaizkigun ate joka, eta kontuz ibiltzen hasi behar izan genuen badaezpada. Aurreneko neurria izan zen gure benetako identitatea ezkutatzea; beste modu batean esateko, ezagunek eta lagunek beti bezala deitzen ziguten, baina gure artean bakoitzak bere ezizena aukeratu behar izan zuen, hala nola: Wolfram, nire kasuan. Elkarrekin lotu gabeko bi lekutan bizitzea bezalakoa zen; norberak baizik ez zituen bere bi izenak ezagutzen.

      Aurki konturatu ginen ez genuela helbiderik gorde behar buruan; ezta telefono zenbakirik ere. Ohitura berriak nagusitu zitzaizkigun, adibidez: autobusetik atera bezain laster txartela zakarrontzi hurbilenean botatzen ikasi genuen; autoz eramaten gintuztenean, berriz, begiak ixten, erabiltzen genituen ezkutazuloak non zeuden ahazteko; erakustokietako kristaletan zehar zelatatzen, atzetik segika inor ote zetorkigun; argazkiak ateratzeko makinetatik ihes egiten, badaezpada ere…

      Ikasi genuen, nolanahi ere, segurtasun neurriak muturrera eramanez gero, ezin izango genuela gure jarduerarekin jarraitu, eta neurriz kanpoko adoreak arriskuan jar zezakeela taldearen iraupena sarritan. Laburbilduz, gutako bakoitza bere burua borondatez bahitu izan balu bezala bizi zen, baina baldintza berezi horiek ezin izango balute bezala eragotzi eguneroko bizimodu arrunta izatea besteen aurrean.

      (adi hirugarren flashari)

      Handik aurrera iruditzen zitzaigun lurra ukitu gabe genbiltzala oinez, eta beste larru baten azpian bezala hasi ginen sentitzen, eraldatuta, gure gogo, arreta eta sentiberatasunaren goreneko geruzaren batera igo izan bagina bezala. Inork ez zekien zertan genbiltzan; inork ez zeukan gure berri jakiteko modurik ere. Antzezleak ginen, inolako zalantza gabe, baina ikuskizunik gabeko antzezleak. Inork espero ez gintuen lekuan eta inork espero ez gintuenean agertzen ginen, eta ahaleginak egiten genituen, albait, bizitzak ezkutatzen duena erakusten.

      Aitortzen dut behin traje gris bat ere erosi nuela eta gorbata ere inoiz jantzi izan dudala ahalik eta gutxien nabarmentzeko. Ez dut ukatuko, era berean, nik ere ikurrinaren agurra dantzatu nuela, guardia zibilez jantzita, oroitu ere nahi ez dudan auzo bateko jaietan eta, azken adibide bat ematearren, onartu beharra daukat, baita ere, diktadorea hil eta gero, zenbait herritan hauteskundeak irabaztetik nahiko hurbil ibili ginela antzertia udal agintera eraman nahi zuen zerrenda batean bilduta.

      Egiaren muina, gure ustez, isiltasunaren bidez bakarrik adieraz zitekeen batzuetan eta, kontua da, urteak joan zaizkidala alde egin duenaren plantak egiten. Antzezleoi gordean jardutea zegokigun ezinbestez, eta gure emanaldiak besterik ez genituen ezagutzera eman behar. Antzezle egin nintzen besteen aurretik desagertzeko asmoz, eta nire ahalegina itzalak lekuz aldatzen eman dut gehienbat; hau da, hezur eta haragizko oximoron teatrala bihurtu naiz denboraren poderioz.

      (argazkiak minutu barru izango dituzu eskura)

      Adin batetik aurrera, ordea, alfer, atzerakoi, mesfidatiagoak bihurtzen gara. Ametsak lotarako gordetzen ditugu, eta eguneroko arrunkerian erortzeko tentazioa gero eta arriskutsuagoa bihurtzen zaigu; baita atakan bildutako ekintzaileei ere. Ondorioz, gehienak lehengo asmoetatik urruntzen joan dira pixkana-pixkana eta, azkenean, utzi egin dute antzertia. Ez nago haserre inorekin, baina irudipena daukat hasierako helburu haiek badutela oraindik ere zentzua, eta horregatik ailegatu naiz honaino, dagoeneko bakarrik gelditu naizen arren.

      Azken batean, gaitz erdi, norberarekin baino ez omen da erronka. Agertokian ez dago beste inor. Ispilu baten aurrean jokatzen du bere obra haizearen mende dantzan dabilen pospolo-buruaren su-lama balitz bezala, eta argazki bat nahikoa da bere barrena erakusteko. Aurreko ispilu hori da nire gaurko antzokia ere, eta antzerkiak ez ditu lau istant besterik iraungo. Arestian esan bezala, mozorroa eranztera etorri da antzezlea oraingoan, eta Castelvetrok XVI. mendean ezarritako arau guztiak bete nahi ditu; alegia, tarte bakarra denboran, tarte bakarra espazioan eta ekintza bat eta bera.

      (adi laugarren flashari)

      Argazki on bat ateratzeko, nolanahi ere, tiro egiten dakien norbait behar da, noski. Alferrik dabil begi zorrotzik ez duena, baina ehiztariak aukeratzen duen istant hori ere erabakigarria izaten da. Zerk erabakitzen du noiz egin behar zaion argazki-makina bati kliska? Itua mugikorra balitz bezala, une zehatza iritsi arte itxaron behar omen da, eta xedea objektiboaren erdira ailegatu bezain laster, denborarik galdu gabe botoia sakatu.

      Aspaldiko Japonia hartan, arkulari gazteak zopaz betetako katiluari eutsi behar izaten omen zion ukondoan, besoa mugi ez zekion. Edozein gauza egiteko bi modu baleude bezala da beti: alderdiotan haria sartzen dugu orratzaren zulotik; Ekialdean, berriz, orratzaren zuloa sartzen dute hariaren muturretik. Egia esateko, gauza garrantzitsu guztiak egiten dira zulo batean barrena. Argazkia ere tiro baten emaitza izan liteke. Oraingoan, bat-bateko lau desarra; lau tiro, eta istant bat lodi besterik ez duten beste hainbeste denbora-xerra.

      Erne, hala ere; ez, gero, begiak itxi, eta zaude geldi. Ez ahaztu, Wolfram, erretratatzeko makinak, ispiluak ez bezala, baduela biltegia berarekin. Irudia argazki bihurtzen da eta bobina barruan hartzen du lo. Ez al du antza pixka bat heriotzarekin? Inor ez omen da hiltzen geldirik egoten ikasten ez duen bitartean. Aldez aurretik, alabaina, larruazala gainetik kendu behar du, eta gakoan zintzilikatu. Uniformearena beste kontu bat da.

      (aurrera egin nahi baduzu, sar itzazu bost euro)

      Oraingo honetan, ikus dezakezun bezala, beltzez etorri naiz, baina nire barruan, oraindik ere, existitzen ez den armada hartako uniformea daukat jantzita. Ez dakit nahikoa ote dudan eranztearekin bakarrik. Aspaldi badakit gardentasuna dela desagertzeko modurik sakonena. Antzezlearen helburua, egia esateko, ikusezin bihurtzea izan da beti; antzertiak ez gaitu ikusgarriago egiten, aratzago baizik. Antzezlea desagertu ezean, zuhaitzak ez du basoa ikusten uzten.

      Agur, bada, Wolfram, hauxe da nire azken lana, eta emozioz beteta atera nahi dut argazkian; katedraletako hormetan beirateak sortu, eta argia eta koloreak sartu zirenean bezala. Horrela, bada, gaur erantziko dut behin betiko orain arte gainean eraman dudan larrua, baina orain arte bizi izan nauen nortasun teatralari uko egin gabe, eta atakan sartu nintzen egun hartan behar izan nuen indar, kemen eta deliberazioarekin; gehiagorekin ez bada.

      Ikaraz airean batzuetan, harriduraz zurt besteetan, etsipenak jota ere ibili naiz behin baino gehiagotan, eta pozak zoratuta ere bai. Inoiz egokitu izan zait haserrearen oliotan frijitu beharra ere; beraz, ez dut ukatuko damutzeko modukoren bat egin izana baina nork ez du inoiz plateren bat hautsi? Zein ez da noizbait irria gorde ezinik ibili, ondoko lagunak ezustean hartutako kolpearen aurrean? Zeinek ez du inoiz azterketaren bat puskatu gaizki atera zaiolako? Nork ez dio ostiko bat jo edari-makinari, txanpona irentsi, bai, baina ur botilarik ez diolako eman? Zer dela-eta hasten gara dantzan pozik gaudenean?

      Eskerrik asko.

      Oharkabean ematen dugu bizitza. Arrunta egiten zaigu, misterio hutsa izan arren, eta zertan datzan ulertzeko beharrik ere ez dugu sentitzen, baina, antzertia, zorionez, giza izaeran itsatsita dago erabat. Une honetan, esate baterako, ispiluaren aurrean, ohi ez bezala sentitzen naiz nire baitan, baina ez asaldatu; ez naiz ezer txikitzera etorri, nahiz eta antzertia, azken batean, emozioen atzetik dabilen zerbait izan eta, sarritan, indarrez agintzen zaiguna urratzea dakarren berekin.

      Antzezle honen iritzi apalean, Wolfram, antzertia, ikuskizun zoragarria izateaz aparte, arimaren egoera berezi bati dagokion zerbait da batez ere. Edozein igogailu, adibidez, leku aparta iruditzen zait antzezlan bat jokatzeko, edo itsasertzeko karpa bat, edo etxeko dutxa, edo argazkiak ateratzeko txabola hau, besterik gabe. Horrela, bada, zulo beltz honetara etorri naiz, antzezle japoniarra, emankizuna hasi aurretik, bere aldagelara bezala. Ez da zoko txiki bat besterik, baina han gertatzen da miraria, bertan sortzen da pertsonaia; ispilu baten aurrean. Orduan gertatzen da bere antzaldaketa.

      Atari zabalera aterako da gero, eta bere lana bukatutakoan, aulki tolesgarri batean eseri, eta aurrean daukan jendeari begiratuko dio ispiluari begiratzen dion bezala. Ez du alde egin, ez du alde egin nahi, eta antzezpen egoeran dirau; ez dagoenaren plantak egiten ari balitz bezala. Hori da bila nabilen irudia. Ea nola atera diren argazkiak.