Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

Ad maiorem Dei gloriam

 

 

Apustuzale porrokatuak dira txinatarrak, Wei Fulong ere bai, eta eutsi egin dio jesuitak egindako desafioari. Eskua eman diote elkarri; bitartekaririk gabe. Aita Zabalak kontuak atera ditu bere kolkorako: gorriek irabazten badute, zoragarri; bestela berak ordaindu beharko du bazkaria. Urdinak eta gorriak ez ezik, zoriak badauzka, nolanahi ere, beste kolore batzuk. Ez da lehenengo partida borroka-maisu agurgarriarentzat, baina badauka galderarik, esate baterako:

      — Eta inork irabazten ez badu?

      Irribarrez erantzun dio misiolariak.

      — Euskal pilotak ez du enpaterik onartzen; batek galdu, eta besteak irabazi egin behar du derrigor.

      Aiako misiolaria ez da frontoi batean sartu apaiztegian emandako garaietatik. Apustua egiterakoan, haurtzaroko oroitzapen bat gogoratu zaio, eta zimikoa sentitu du bihotzean. Eskolara ekarri zuten eltzeitsua ikusi du begiak itxi dituenean. Aldian behin sos batzuk eskatzen zizkion amari misiotara bidaltzeko. Ekialdeko ume baten tankera zeukan eta lastozko ginbaila zeraman buruan jantzita. Eskuan txanpon bat jarri, eta besoa mugitu behar izaten zitzaion ahora eraman zezan.

      Orain dela urte gutxi batzuk zabaldu dute jai-alai eder bat Tianjinen. Opioaren gerraren ondorioz Italiak bere kontzesioa ezarri zuen alderdian dago. Une honetan hogeita hamar pilotari inguru dauzka jokatzeko prest. Erruz joaten da jendea partidetara, eta ez da enpresak gobernatzen duen negozio bakarra. Eraikuntza berean hotel dotore bat zabaldu dute —kafeteria eta jatetxea barru—, eta antzokia ere badauka, non asteburuetan Txinako Opera eman ohi duten.

      Epaileak txanpona bota du, eta airean ibili da bueltaka. Bart arratsean zabaldu zuen txinatarrak bere Yi Jing kutuna azkeneko aldiz. Oraingoan urdinen alde egin du zoriak. Ikuskizunari hasiera emateko gertu daude pilotariak, eta aurrelari urdinak pilota jaso du lurretik. Triku esaten zioten Euskal Herriko frontoietan, baina hemen beste izen batekin ezagutzen dute: “Orioko mandarina”. Aurreneko sakeak aldizkari batean murgilduta harrapatu du Wei Fulong, kokotsean dauzkan ileak —lau, ozta, baina alanbreak bezalakoak— kariziatu bitartean. Aldizkariak Huiliqiu du izena, eta frontoia gobernatzen duen enpresak argitaratzen du astean behin.

      — Nola esaten da berorren hizkeran? —galdetu dio jesuitari hatz erakuslea karakterearen azpian jarrita.

      Aita Zabala bezperan ailegatu da Anhuitik, Jesusen Lagundiak bertan daukan komentutik, eta moja frantziar batzuek gobernatzen duten zahar-etxean hartu du ostatu. Aspaldi honetan gaztelania eta txineraren arteko hiztegi batean ari da lanean. Artxiboa antolatzeko ardura eman diote. Oraindik ez da behar bezain ondo konpontzen mandarinen hizkuntzan, baina interprete-lanak egitera deitu dute. Astebete lehenago probintzialaren eskutitza jaso zuen aginduaren berri emanez, eta jai-alai partida ikusteko bi sarrera ere bidali zizkion.

      Erresto bakoitzean danbateko sor bat ateratzen zaio xisteraren zumitzari, eta ondoko pilotakada oihartzunaren zurrunbiloan galtzen da airean. Ikusleek ulertzen ez dituzten hitzak esaten dituzte pilotariek, hala nola eutsi, utzi, eman edo hautsi, eta, noizik behin, txapak ateratzen duen kexu metalikoa entzuten da ozenki. Orain arte Triku ari da galtzen —zortzi eta hiru—, jesuitak bere kontra jokatu du; beraz, oraingoz lasai dago. Eguerdian, bazkaldu bitartean, Orioko mandarinak garrantzi handiko zerbait esan dio isilpean, eta irudipena dauka gaurko bazkariaren ordaina aurreztu ahal izango duela xehetasun horri esker.

      Ume koxkorra omen zen Wei antzertiaren bidean abiatu zenean. Ez da sekulan antzezlanetan jardun, baina aditua da akrobazian, borroketan eta beste arlo batzuetan, eta azken urteotan taldearen zuzendaritzan hartzen du parte. Ibilkera, jarrera eta higidura bakoitzak bere izena dauka Txinako Operan, eta denak ere eguneroko bizitzan ez bezala egin behar izaten dira antzokian. Eskailerarik ez zegoen lekuan eskailerak igotzen eta jaisten ikasi behar izan zuen; leihorik ez zegoen lekuan, leihoa zabaltzen eta atzera ixten; zaldirik ez zegoen lekuan, gainean eseri eta lurreratzen; arraunik gabe, arraun egiten...

      Antzezle handi baten bitartez jaso du pilotarien berri; Mei Langfang du izena. Egunotan Tianjingo antzokian ari dira lanean, eta aukera ez galtzeko gomendatu dio; beraz, zuriz jantzitako akrobatengandik ikasteko asmotan etorri da pilotalekura. Espazioan nola mugitzen diren ezagutu nahi du sakon; jokalari baten hitzetan, albait. Enpresaren ustez, Triku izan liteke egokiena, baina gaztelaniaz ez da hainbeste moldatzen, eta hiri osoan ez dute txinatar bakar bat ere aurkitu euskaldunarekin hizketan konpontzeko gauza. Azkenean, jesuitak aipatu ditu norbaitek.

      Aita Zabala misiora iritsi zenetik dabil txinera ikasten. Ailegatu orduko aipatu omen zioten euskaldunen erraztasuna txinera ikasteko garaian, baina berak bakarrik daki zenbat ordu sartu behar izan dituen ohiko elkarrizketa arrunt batean moldatzeko ozta. Egia da saguzarrari sagu zaharra deitzen diotela eta esku hutsik borrokatzen direla Txinako karatekak, baina zu adierazteko ni erabiltzen dute eta ni esateko, berriz, wo; hortaz, arreta berezia jarri behar izaten du Aiako semeak batzuetan.

      — Nola esaten da berorren hizkeran? —galdetu dio maisu agurgarriak bere itzultzaileari.

      Iritsi berritan liburuen ardura eman zioten komentuan, eta lehen aldiz ohartu zenean izenburua atzealdean zeramatela, eta atzekoz aurrera zeudela ordenatuta, susmoa egin zitzaion inprentaren hutsen bat ote zen. Ahalegin handia eskatu zion goitik behera eta eskuinetik ezkerrera irakurtzeko ohitura bere egiteak, baina hainbeste denbora eman zuen irakurtzen, azkenean, txorien arrastoz, zomorroen adarrez eta karramarroen haginez bete zitzaion burua. Auskalo zenbat orri-meta zirrimarratu ote zituen karaktere gero eta zailagoekin baina, arian-arian, eskuaren oroimenean hasi zitzaizkion gelditzen.

      Eraikuntzak eskaintzen dituen zerbitzuen artean jatetxe bat ere badago, franko txukuna, eta bazter lasai batean egokitu dituzte kalabazaren tamainako tipula gorria dirudien paperezko lanpara handiaren azpian. Wei Fulong maisuak katilu bat te hartu du, alderdiotan ohi duten bezala, bazkal aurretik eta, pilotaria ailegatu bitartean, Jesusen Lagundia prestatzen ari den hiztegi eleanitzaren berri jakin nahi izan du. Aita Zabalak azaldu dio nola berak txinera eta gaztelaniaren arteko atalean bakarrik hartzen duen parte.

      — Ondo bidean, 6.000 karaktere inguru bildu nahi ditugu guztira, eta 100.000 sarrera gutxi gorabehera.

      Opari bat ekarri dio txinatarrak bere esker onaren seinale. Aiako jesuitari, hala ere, neurriz kanpokoa iruditu zaio zeharo. Ezpel egurrean landutako kutxatila eder bat da, eta barruan gordeta, marmolezko zigilu handi bat aurkitu du. Estalkiaren azpian egokituta, tinta gorriz bustitako kutun bat dakar berekin, oin-zolan daukan karakterearen marka grabatu ahal izateko. Ikurrak sei trazu dauzka, , eta wan ahoskatzen da. Ahoa bete hortz gelditu da jesuita; lauburua izan liteke, baina baita nazien svastika ere. Europan harro dabil faxismoa, eta Beijingeko Opera taldeko trebatzailea jakinaren gainean dago.

      — Ez da berorrek uste duena —esan dio—, baizik eta 100.000 idazteko erabiltzen dugun karakterea, baina zenbakiarena ez ezik, beste adiera batzuk ere baditu txineraz.

      Aita Zabalari Jesusen Lagundia —ad maiorem Dei gloriam— osatzen ari den bildumaren elemenia etorri zaio burura, baina beste zerbait esan nahi du inperio zentralaren lege zaharrean; alegia, zeruaren azpian dauden gauzen kopurua zehazki, zeren eta Txinako idazle klasikoek diotenez, 100.000 omen dira guztira. Izena duen oro, izan ere, ba omen da; beraz, hala hitzak nola gauzak zenbaki berean bat etorri izana zorioneko zantzua iruditu zaio Wei Fulong agurgarriari. Are gehiago kontuan hartuta zoriona ere azaltzen dela ideograma horren adieren artean.

      Itzultzailea, jokalaria eta maisu txinatarra partidaren egunean bertan bildu dira, eguerdian, bazkaltzera joan aurretik. Elkarrizketan zehar, mintzagai ugari ukitu dituzte; ez, ordea, akrobata zaharra mahai hartara ekarri duen hura, azaletik ez bada behintzat. Europa zaharrean galduta ibili dira gehienbat. Oraintsu gertatua da Franco jeneralaren altxamendua, eta ezinbesteko kontua izan dute gerra zibilarena baina, nolanahi ere, apenas hitz egin dute politikaz.

      — Atzerrian harrapatu gaitu, zorionez —esan dio misiolariak Trikuri.

      Orioko semea aski gaztea da oraindik, baina dagoeneko urte batzuk eman ditu etxetik kanpo, eta ezin izan dio negarrari eutsi; malko bakarra izan da, baina bonbilla bezain handia. Aldez edo moldez, hala oriotarra nola Aiakoa, gerraren arriskutik libratu ahal izan dira: pilotari esker, bata; Manuel Azañaren hitzaldi famatua bitarteko, bestea. Aita Zabala Europan barrena ibili omen zen atzerriratuta, nora jo erabaki arte eta, azkenean, Ekialde Urrunerako bidea hartu zuen. Itsasontzia 1934ko irailean ailegatu zen Shanghaiko portura, eta handik Anhui esaten dioten probintziara abiatu zen, Jesusen Lagundiak bertan daukan komentura.

      Oso gaztetatik hasi zitzaion nabarmentzen Ekialde Urrunerako joera. Ikasle-garaia Loiolako apaiztegian eman zuen eta, besteak beste, Xabierreko San Frantziskoren bizitzari buruzko liburu bat irakurtzeko aukera izan zuen. Orduan jakin zuen Txinara ailegatu aurretik hil zela, alborengo gaiztoak kutsatuta, Macaotik gertu dagoen irla batean. Abenduan izan omen zen, 1552an; hau da, apenas hirurogei urte Isabel erreginak bidalitako itsasontziak Amerikara iritsi zirenetik.

      Aldameneko herrialdetik zetorren santu nafarra, Japoniatik, eta enperadorearekin berarekin egona zen kristau bihurtzeko asmotan, baina eguzkiaren semeak aurretik Txinara joateko proposatu zion nonbait, eta Hiri Debekatuko maizterra kristau bihurtzen bazuen, orduan bai, orduan beregana itzultzeko.

      Ordu batzuk geroago, lurrean zilipurdika dabiltza jokalariak, edo ezker paretan gora, bestela, grabitatearen axola gabe. Aurrelari bat —Orioko mandarina ez, bestea—, eskuinera buelta erdia eman, atzera begira jarri, botea eman eta, pilota xistera barruan jaso ondoren, itzuli egin da atzera, oraingoan ezkerretik, eta besoaren abioan bermatuta, abaila bizian bidali du txapa gainera.

      Urrutiko kontuak atera ditu txinatar agurgarriak mahai gaineko solasera. Ailegatu berria da Moskutik, non faxismoaren aurkako biltzar batean hartu duen parte munduko bazter askotako hainbat idazle eta antzerkigilerekin batera. Aitzindari handiak ezagutu ditu, hala nola Erwin Piscator, Lillian Hellman, Konstantin Stanislavski, Joseph Losey, Bertolt Brecht… eta, besteak beste, Ivan izugarria edo Hamlet ikusi ahal izan ditu Plaza Gorritik hurbil zegoen antzoki batean. Etxera itzuli aurretik, Beijingeko Operak ere bere lan bat antzeztu du: Xiyouji du izena.

      Orduan ezagutu zuen Mendebaldeko kultur ordezkaritzak, Bertolt Brecht tartean, Mei Lanfang antzezlearen jokamoldea, eta guztiz bestelakoa zela konturatu ziren; izan ere, gizonezkoa zen arren, emakumezkoen paperak egiten zituen, baina bere asmoa ez zen emakumetzat har zezaten, baizik eta pertsonaia —emakumezkoa, kasu honetan— jendearen aurrean erakustea, haren emozioak bere egiteko edo bere barruan pizteko batere asmorik gabe.

      Ikusmolde honek, Wei Fulong maisuaren ustez, begiak zabaldu zizkion germaniarrari. Elkarrekin egokitu ziren behin afari batean, eta Aristotelesen Ars Poetica txineraz ba ote zegoen galdetu omen zion.

      Aristotelesen berri badauka, baina aurreneko aldia da aita Zabalari Bertolt Brecht aipatzen diotela; baita Trikuri ere, noski. Ekialdera ailegatu baino lehen, teatroari buruz ez zekiten bazegoenik baino askoz gehiago, baina eraikuntza honetan pilotaz gain Txinako Opera ere ikus daiteke eta, bazkalondoko kafea hartu bitartean, maisu txinatarrak antzezlari handiaren argazki bat erakutsi die. Aldagelaren ate ondoan dago, Tianjin Jai Alaiko enpresariak inguratuta, eskua xisteran sartuta daukala, magnesioaren distira noiz piztuko.

      Aukera alferrik galdu gabe, aurreko paretan zintzilik dagoen argazki luze bat erakutsi die Orioko mandarinak. Irudiak, zuri-beltzean, hiru metro zabal inguru dauzka, eta metro erdia goitik behera. Ezker-eskuin, Tianjin Jai Alaiko jokalariak ageri dira, eta atzean, harmailetan zutik, enpresaren zerbitzuetan lanean ari diren 200etik gora langile. Aurreneko lerroan eserita dagoen mutil gazte baten bila ibili da Triku.

      — Neu naiz.

      Orioko mandarina Getarian jaiotakoa da berez, eta misiolaria, esan bezala, Aiako semea, hau da, bata eta bestearen artean dozena bat kilometro besterik ez, baina Ekialde Urrun honetaraino etorri behar izan dute elkarren berri jakiteko. Inork ez du bere habia uzten ahal izanez gero, baina munduaren alderdi hauetan ere badabil euskaldunik —jesuitak eta pilotariak gehienak—, eta ez dira hain gutxi. Itsasertzekoak Etxabe, Garro, Juan Abalde, Urkidi, Iriondo, Martiarena… aipatu ditu; mendi aldekoak, berriz, Oñate, Aginagalde, Etxaniz, Bolonburu, Korta, Arrizabalaga…

      — Euskaraz ohituta gaude gure artean hizketan —esan dio pilotariak misiolariari— baina xelebrea da erabat; auzo honetako jendeak ez du sekula gaztelaniarik entzun, eta ez zaio burutik pasatzen sikiera gure artean hitz egiten duguna gaztelania ez denik; euskarak ez du gaztelania ikusten uzten.

      Agur esan baino lehen, oharkabean bezala, tranpi koxkor bat burutzeko aukera eman dio jokalariak jesuitari. Arratsalde honetako partidan Sorondoren kontra jokatu behar omen du, eta bazkalondoan kuluxka egin behar zuela jakinarazi dio.

      — Ez dago bera baino hoberik —esan dio— kuluxka eginez gero, irabazi egiten du beti; gaurkoan ere lepoa egingo nuke.

      Aita Zabalaren aldamenean eserita, Wei Fulong agurgarriak arretaz jarraitzen dio partidaren bilakaerari, eta dagoeneko atera ditu ondorio batzuk: salto egin aurretik, lurra zanpatzen du jokalariak indarrez; pilotari eman aurretik, atzera eramaten du besoa ahalik eta gehien; eskuin aldera bota behar duenean, ezkerretik abiatzen du eskuaren ibilbidea, zirkulazioa gobernatzen ari den udaltzainak bezala. Istant bat eman du begiak itxita; pilotariak antzokira aldatu zaizkio, eta antzezleak, aldiz, frontoian dabiltza.

      Azken urte hauetan, obra taoista klasikoren bat ere ailegatu da aita Zabalaren eskuetara, eta euskaldunen arteko lehia Wei Fulong agurgarriaren ikuspegi kulturaletik saiatu da irudikatzen. Ahalegin handirik ez du behar izan Sorondoren xisteraren ordez yin ikusteko, eta Trikuren besoan, berriz, yang. Izadiaren zilborra balitz bezala, etengabe biraka, tao borobila dabil espazio sideralean barrena. Alderdi urdinean tanto gorri bat dauka, eta gorrian, aldiz, urdina. Airean dabiltza pilotariak azken tantoaren lehian eta, tai ji quan ari dira jokatzen, itxuraz; ez, ordea, kamera motelean, bizkorrean baizik.

      — Nola esaten da berorren hizkeran? —galdetu dio oraingoan maisuak.

      Aurreneko karaktereak itzuli esan nahi du; bigarrenak, indarra; eta azken honek, pilota. Aldizkariak 回力 (Huiliqiu) du izena, eta “jai-alai” esan nahi du, zesta-punta, eta horrela irakur liteke Orioko mandarinak hoteleko jatetxean erakutsitako argazkian.

      Apustuak honezkero ez dauka bueltarik. Urdinek dozena bat tanto egin dituzte ozta, eta gorriei ez zaizkie bi besterik falta, baina Trikuk, halako batean, errestoa bederatzigarren zenbakian jaso eta aurreko txokoan utzi du poliki-poliki. Aurkariak bi pareta erabili ditu tantoa zabalera eramateko, baina oriotarra uste baino errazago iritsi da, eta franko harrotu du pilota. Oraingoan oso goitik dator; Sorondok hiruzpalau urrats egin behar izan ditu paretan gora, eta oina zortzigarren zenbakian jarri duenean, eskutik joan zaio jokaldia, eta modu txarrean erori da.

      Arriskuan ikusi du txinatarrak apustua; beraz, goizean, Yi Jing hondargabean irakurritako hitzak gogoratzen saiatu da. Aspaldiko partez, pertza atera zaio, eta egokitzat eman du gaurko etorkizunari begira: arrakasta, zorion handia. Itxuraz, behintzat, zoria bere alde dagoela ematen du. Ez dira, ordea, ahaztu behar ondoko iruzkin osagarriak, eta bederatzigarren lekuan lau agertzen bada, pertzari oinak hautsi zaizkio esan nahi du. Ohar hori atera zaiolako erabaki du urdinen alde egitea, baina bizkarra zainduta badaezpada ere.

      Ikuskizuna bukatu arte ez dio misiolariari liburuaren iragarpenari buruz ezer esan. Isil-isilik entzun ditu jesuitak Wei Fulong agurgarriaren hitzak, baina sorgin-kontuak iruditu zaizkio denak; besteak beste, edozein hexagramak erlojuak edo egutegiak bezain ondo edo hobeto zehaztu dezakeela istant baten mamia, eta une jakin batean aldi berean datozen gauza guztiek ezaugarri berak dauzkatela. Ez du itzultzailearen aurrean esker txarreko agertu nahi baina, bere uste apalean, aita Zabalari egokituko zaio bazkariaren zorra.

      Oinez atera bada ere kantxatik, ezkerreko orkatila bihurritu zaio, nonbait, Sorondori. Enpresako langile bat atera da, handik pixka batera, txineraz idatzitako kartel handi bat dakarrela erakusgarri. Aita Zabalak ez ditu hitz guztiak ulertu baina, ikusleek atera duten iskanbila entzunda, saioa amaitutzat eman dutela igarri du. Azken batean, bada, pilotariak isilpean aurreratu dion oharrak ez dio ezertarako balio izan.

      Urdinek ez dute irabazi, baina gorriek ere ez. Apustua galdu duela onartu beste erremediorik ez du izan misiolariak. Emaitzaren zaputzak ozpin tanta bat utzi dio barrenean, baina prest dago zorrak kitatzeko. Irabazleak, ordea, ez dio kontua ordaintzen utzi. Egun honetako bazkaria Beijingeko Operak hartuko du bere gain. Ohiturari jarraitu behar zaio, eta Txinan daude. Atseginez onartuko luke, hala ere, esker oneko keinu txiki bat itzultzailearen aldetik, baina ez du inondik ere bere konfiantza behartu nahi.

      Badaki oraindik ere urte luzeak beharko direla aita Zabala eta bere adiskideak osatzen ari diren hiztegiak argia ikusi arte, baina 100.000 hitz bilduko dituen liburu handi horretan, estimatuko luke baldin eta gordeko balu leku bat gaurko egunaren gorazarre; Orioko mandarina, misiolaria eta Wei Fulong secula seculorum elkartuko dituen hiru karaktere besterik ez.

      — Ikurren labirintoa mugagabea da —oroitarazi dio misiolariak—. Aukera bitza berorrek, mesedez.

      — Ez dago aukeratu beharrik —saiatu da berean txinatarra—. Ez al ditu oraindik asmatu?

      回力球?

      Aita Zabalak ez zuen espero honelako eskaria, baina, tira, kontuan hartu zuen. Azken batean, bazekien hiztegia, lehenago edo geroago, Euskal Herrira ailegatuko zela, eta inoiz, txiripaz beharbada, jai-alai irakurriko zuela norbaitek hiru ikur bihurriren aldamenean. Aurkitzailearen harridura antzeman zuen orduan bere irudimenaren ispiluan, eta keinu bat agindu zion etorkizunari.