Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

Alde egin du argiak bezala

 

 

Abuztuaren 1a (16:05)

 

Enekok nahiko lasai egin du bidaia, eta amak ere espero zenuena baino hobeto. Etxezarreko leiho-ateak itxita daude, utzi bezala, eta izpilikuaren usaina dario giroari. Aurreko astean euri franko egin du nonbait, eta lurrak mugituta daude oso; horrela, bada, zenbait xagutera ezkutatu behar izan dituzu badaezpada ere armairuen azpian. Oraindik ere gogoan daukazu ama iaz nola igo zen aulki gainera, xagua ikusi zuela eta. Arratsaldean, bazkaldu eta gero, telenobela ikusi bitartean, ia dozena bat erori dira. Ez da enteratu ere egin. Ez da lehengoa. Ahizpari deitu behar diozu ahaztu gabe; gaur bertan, albait.

 

 

Abuztuaren 1a (20:15)

 

Oraintxe egin diozu bizarra Enekori. Egun pare batean presoari bezala jartzen zaio. Ura ez du batere gustuko; bereziki, aurpegia bustitzen diozunean xaboia kentzeko. Alkandoraren gainean tantaren bat erortzen bazaio, haserretu egiten da; uste du mantxa utziko diola. Esango zenuke honezkero badirela hogeita hamar urtetik gora kontu berarengatik hasi zela kezkatzen.

      Odol-arrastoa nahikoa izaten du aztoratzeko, eta labana masailera gerturatzen diozunean, zeharka begiratzen dio. Ez daki isilik egoten, eta ebakia egiteko zorian ibili zara gaurko saioan ere. Aurreneko gauza belarri ondoko bizarra izaten da; gero, masailak, musuak, eta horrela, hurrenez hurren, baina batzuetan irudimena erabili behar izaten da derrigor.

      — Eneko —esan diozu—, altxa burua bonbillari begira.

      Esandakoa egiten badu —ez da batere erraza izaten— aukera baliatzen duzu lepoaldeko bizarra egiteko. Hortik aurrera, kokotsaren txanda izaten da, ezpain-ertzak, eta bukatzeko, bibotea; zailena. Eskarmentuak asko laguntzen du, eta zuk ere badituzu zure trikimailuak, besteak beste: muturra kanpora atera, arrain-itxura jarri eta, bizpahiru aldiz om esan eta gero, zuk bezala egin dezala eskatu.

      Ez du, ordea, esana egiten beti. Enpatiarik gabe ez dago zer eginik: norbaitek min hartu badu, min-aurpegia jarri behar izaten da gure errukia adierazteko, eta Enekorekin berebat ez dago beste biderik; izan ere, ez da nahikoa izaten eskatze hutsa. Ahizpak eta zuk —etxeko guztiek bezala— betidanik badakizue, esate baterako, zuek mingaina atera behar duzuela, berak mingaina ateratzea nahi baduzue.

 

 

Abuztuaren 1a (23:10)

 

Haizeak teila batzuk lokatu ditu. Eguzki-izpiak sartzen dira zirrituetatik tarteka, eta ganbararen lurra urrezko tantoz egon da apainduta bazkalondoan. Noizean behin, alabaina, aurreko egun hauetan bezala, erauntsia fortunatzen da, eta baldeak jarri behar izaten dira itoginen azpian euria jasotzeko. Eguraldi ederra datorrela esan dute telebistan; batzuetan asmatu ere egiten dute. Irudipena daukazu ama bestetan baino eroriago dabilela.

      — Aurki atertzen ez badu —esan dizu— porruak baino samurragoak jarriko zaizkit hezurrak.

      Eneko aho zabalka ari da behin eta berriro; lehenbailehen oheratzea izango du onena, lo seko geldituko da bestela besaulkian, auskalo noiz arte. Amari ere hasiak zaizkio betazalak nekatzen, eta ohera laguntzeko eskatu dizu; apenas gelditzen zaion indarrik ondo lo egin esateko sikiera.

      Erretiratzeko ordua da zuretzat ere. Ilargiak ia bere osoan hartzen du logelako leiho-zuloa. Arbolaren batean, aski gertu, hontza ari da kahakari ilunpetako babesean, eta apoak, aldian behin, tanta sideralak ateratzen dizkio bere txirulari. Ipurtargiek zeruaren ispilu bihurtu dute lurra, eta kilkerrek sortua ematen du izarrek, zilipurdika, ateratzen duten zurrumurrua.

 

 

Abuztuaren 2a (10:50)

 

Isiltasunak lagundu egiten dizu lo egiten, baina udan oso goiz argitzen du. Oraindik buruan daukazu gaur gaueko azken ametsa: ermita bat —pagoda, akaso— lainopean, txilin-hotsa…; artaldetik urrundutako arkumearen ezkilak esnatu zaitu.

      Argia dagoeneko leihoetan barrena ari da sartzen, eta izadia bera ere orobat. Etxe ondoko lizarrak, indarrez gainezka, bere adarretatik harago heldu nahi duela ematen du eta, noizbehinka, hostoren bat mugitzen zaio, bere kabuz, zomorroaren hurbiltasuna igarri duen katuaren belarria balitz bezala.

      Ahizparekin hitz egin zenuen bart arratsean telefonoz; zure deiaren zain zegoen, eta ama ondo dagoela esan diozu; animotsu, eta Eneko ere bai. Astearte honetan —hau da, bihar—, berrogeita zazpi urte beteko ditu Edurnek. Etortzeko asmotan da —egun berean ez bada, hurrengoan—, eta laurok ospatuko duzue.

 

 

Abuztuaren 2a (16:20)

 

Egunotan inoiz baino denbora gehiago eman duzu Enekorekin, eta arretaz erreparatu diozu; beste batzuetan baino zorrotzago beharbada. Orain baino lehen susmatzen zenuen zerbait baieztatu ahal izan duzu: ez ditu guztira berrehun hitz baino gehiago erabiltzen. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, bere buru barruko mundu horretan bestelako hiztegirik ez dagoenik. Askoz hitz, esaldi eta adierazpen gehiago konprenitzen ditu, nahiz eta esateko gauza ez izan.

      Aurrean daukaguna zerbait nabarmentzeko, nahikoa izaten da behatzarekin erakusten baduzu; ahoa ireki gabe ere adieraz dezakezu zertan ari zaren. Agerian ez dagoen zerbait aipatu nahi duzunean, aldiz, kontua zailagoa izaten da. Artean esandako guztiak, testuinguruak, asko laguntzen du, jakina, baina beti ez ditu adierazezintasun guztiak konpontzen.

      Enekoren hitzak ulertu ahal izateko badago atarramentu oneko prozedura bat. Etxean beti jakin izan duzue alferrik izaten dela zer?, zein?, nor?, noiz?, non?, zergatik? eta antzeko galderekin saiatzea; beraz, baiezkoa edo ezezkoa eskatzen duten galderak egiten dizkiozue erantzuna jasoko baduzue.

      Enekorekin hitz egin nahi duenari ezinbestekoa zaio “al” galdetzailea erabiltzea, eta zenbait “ez” jaso ondoren —batzuetan, hainbat—, azkenean, atseden poxi bat merezi izango duen “bai” irrikatua jaso lezake. Era horretan, aukera batzuk baztertu eta bila dabilen hartara hurbilduko da ahaleginaren poderioz; oso metodo eragingarria, bide batez, pazientzia ez ezik, enpatia ere garatu nahi duenarentzat.

 

 

Abuztuaren 2a (18:15)

 

Egunen batean telefonoa ere jarri beharko duzue, zuregatik oraintxe, baina konpainiari ez zaio nahiko errentagarria ateratzen nonbait, hain urrutiraino ailegatzea; horrela, bada, Eneko besotik heldu, eta Errandoneko telefonora abiatu zarete arratsaldean, Elbirarengana, ea Edurne etxean harrapatzen duzuen. Etzi etorriko omen da ia seguru. Amaren berri galdetu dizu, eta ondo lo egin duela esan diozu.

      Egonezin puntuan antzeman diozu, hala ere, goizean, eta ondoeza aipatu dizu, baina ez du kontuan hartzeko moduko ezer ematen. Egia esan, ez duzu etxean baino okerrago ikusten, baina eguraldia sargori dago, ustel samarra; horrela bada, leihoak zabalik eta leiho-ordeak itxita eman duzue arratsaldea.

      Ez du apenas bazkaldu, eta bukatu bezain laster, besaulkian eseri da. Aldizkari bat eskatu dizu, baina irakurtzen hasi baino lehen, seko gelditu da lo. Itzalean, ilunpetan ia, nahiko ondo eman duzue bazkalondoa. Esnatu denean, auzoarengana joan zarete korrika batean telefonoz deitzera. Osasun-zentrora ere deitu duzu. Erizainak esan dizu berehala emango diola enkargua medikuari; ailegatu bezain pronto.

 

 

Abuztuaren 2a (20:10)

 

Enekok, noizik behin, bakarrik dutxatzeko erabakia hartzen du, hau da, inoren laguntzarik gabe; gaur, esate baterako. Lehenik kisketa eman dio bainugelako ateari, baina erantzi egin ditu arropak gero, eta nola garbigailua sukaldean dagoen eta txukuntasuna maite duen gauza guztien gainetik, ateko burdinari eman dio berriro, eta kanpora atera da.

      Arratsaldean, adibidez, Elbira etorri da enkargu bat ematera, eta erabat biluzik agertu zaio sukaldean, arropa erantzi berriak beso artean dauzkala. Auzoarentzat, seguru asko, bere bizitza osoan izan duen ikuskizun nudista bakarra izan da; beraz, begiak mantalarekin estali ditu Enekok bere puska zikinak gobadarako saskian utzi bitartean.

      Emakumeak, ustekabean harrapatuta, ez du gertatua aipatu sikiera, eta bainugelaren kisket-hotsa berriro entzundakoan, hasperen bat atera zaio bihotzaren erditik. Orduan gogoratu da eman dioten abisuarekin. Osasun zentrotik deitu omen dute medikua bihar goizean goiz etorriko dela esateko.

 

 

Abuztuaren 3a (08:50)

 

Ordu txikitan, lo zaudela, bi aldiz deitu dizu amak; ura nahi zuen. Ohi baino goizago esnatu da, eta jaikitzen laguntzeko eskatu dizu. Ohe ondoko besaulkian utzi duzu eserita. Atzo baino eroriagoa iruditu zaizu, kexati, etsita bezala. Atzera oheratzeko gogoa izan duzu, baina ez dizu denborarik eman.

      — Ane —esan dizu—, hor al zaude?

      Eskutik helduta zeneukan, eta konturatu zarenerako, haizearen mende dabilen kandela bezala itzali zaizu. Oraindik ezin duzu sinetsi. Ez zaude zure onean; ez duzu zure burua gobernatzeko adina sosegu; buru barruan trumoia bat-batean lehertu izan balitzaizu bezala.

      Alferrik saiatu zara bizitza eta heriotzari buruzko argibide bila; batak bestea ukatzen badu, nola egon litezke denboran hain gertu? Aurkakotasun handiagorik ez badago, nola bihur daiteke bata beste hain laster, hain berehala? Ez al luke tarte zabalagoa egon behar elkarren artean?

      Istant bat lehenago bizirik zegoen, eta orain… Atzera bere onera itzuliko zela sinetsi nahi zenuen, baina ez da itzuli. Atximur egin diozu sudurraren azpian, goiko ezpainaren gainean. Apenas kanporatu zaio dardara txiki bat, eta gelditzen zitzaion bizitza-apurra desegin egin da. Alde egin du mundu honetatik. Oraindik ez da medikua ailegatu.

 

 

Abuztuaren 3a (12:45)

 

Azkenean iritsi da medikua; beranduegi, hala ere. Saminean lagun, bere gain hartu ditu tramite guztiak. Aurretik kasu egin gabe ailegatzen da sarritan heriotza; inork ez daki noiz, inork ez daki non. Lur jota zaude. Anaiak ez dizu ezer galdetzen, baina zeharka ari zaizu begira etengabe. Oso ondo daki zer ari den gertatzen; beste modu batera beharbada. Enekoren ulermenak beste bide batzuk erabili ohi ditu.

      Edurne dagoeneko bidean da.

      — Banoa berehala —esan dizu.

      Enekok zer edo zer jan beharra dauka; zuk ez daukazu goserik batere. Atzoko kondarrak atera dituzu hozkailutik, eta barazki pixka bat jarri duzu berotzen. Ahaleginak egin behar izan dituzu tristurak mendera ez zaitzan; buruari buelta gehiago ez emateko. Nolanahi ere, idazteak lagundu egiten dizu lasaitzen; zure buruaren jabeago bihurtuko bazintu bezala.

 

 

Abuztuaren 3a (17:10)

 

Eguerdian, bazkaldu bitartean, zure anaiak gogorarazi dizu zein egun den gaur. Enekoren egutegi partikularrean urteko egun guztiak astearteak dira; beraz, txiripaz asmatu du. Abuztuak zenbat bete dituen ere galdetu diozu eta, mirariaren harrigarria!, “hiru”, erantzun dizu. Enekoren matematikak hiru zenbaki besterik ez dauka: bat, bi eta hiru. Izenak badakizki, baina ez, ordea, zenbatzen.

      Hortik aurrera dena mugagabea da, infinitua, neurtezina. Ez da lehenengo aldia halabeharrak eta heriotzak bikotea osatzen dutena. Ustekabean, oraingoan, Enekoren egutegiaren arabera, egun berean bildu ditu Edurneren urtebetetzea eta amaren heriotza.

      Ahaleginak egin dituzu ama dagoen gelan sar ez dadin, baina belarriak erne jarrita dauzka, asteartez betetako bere denbora horretan galduta. Oraindik ezin duzu sinetsi. Hego haizeak ez du amorerik eman nahi, eta noizean behin teilaren baten koloka entzuten da.

      Artile-matazak antzeman dituzu errandoneatarrek erabiltzen duten txabolaren aldameneko txantxarretan kateatuta; etxe gainean mirotza dabil. Negarrez ari zara behin eta berriz, etsi-etsian, leihotik so begirada galduta. Edurnek bidean behar du honezkero; laster ailegatuko ahal da!

 

 

Abuztuaren 3a (23:50)

 

Azkenean ailegatu da zure ahizpa. Musu eman diozue elkarri, baina ez zara gogoratu bere urtebetetzearekin. Amaren galera zegoen zuen artean, eta saminaren itzala. Eneko ilarrak aletzen ari zen sukaldean; beraz, gustuko lanean zebilela probestu duzue, eta bisita egin diozue amari. Isil-isilik gelditu zarete nor bere buruarekin, eta denbora gelditu egin da zuentzat ere. Edurne etengabe jardun zaizu galdezka. Alaben arteko hitzak entzuten ari balitz bezala iruditu zaizu ama bere atzerri berrian.

      Ilunabarra mantso-mantso ari zen lurraren gainean bere lekua hartzen; gero eta nabarmenago bereiz zitekeen mendietako isla, eta kanpoko gliziniaren azpian eserita, etengabe jardun duzue aspaldiko partez. Inolako xehetasunik ahaztu gabe kontatu dizkiozu amaren azkeneko gorabehera guztiak; eskutik helduta zeneukan, azken hurbilaren susmorik gabe, baina ustekabean egin dizu alde halako batean, argiak alde egiten duen modu berean.

      — Ama —deitu diozu—, ama.

      Ez du erantzun, bai zera, baina entzuten ari zela ematen zuen; une batez mugaren beste aldetik zerbait aditu izan balu bezala, bere barruan galtzen ari izango balitz bezala, bere arnas-hari bat itzuli izan balitz bezala heriotzatik mundu honetara. Oraindik ez dira ordu gutxi batzuk besterik igaro. Iruditzen zaizu, dena den, askoz ere denbora gehiago joan dela utzi zintuenetik.

      — Astearte asko —azaldu diozu ahizpari, Eneko gogoan.

      — Zer moduz dago? —galdetu dizu Edurnek.

      — Egun osoan ez du hitz bakar bat ere esan.

      — Eta zu, nola zaude?

      Aitaren heriotza beste zerbait izan zen; beste modu batera bizi izan zenuen; egunez egun joan zen hiltzen, pixkana-pixkana, eta ez egun batetik bestera. Oraingoan zerua barruan dagoela iruditu zaizu; gure barruan —eta ez kanpoan— hilko bagina bezala, gainerako guztiak bizirik irauten duen bitartean. Unean nagusitu zaizun irudia azaldu beharko bazenu, gainbehera erortzen ari den dorre bat, murru bat, gaztelu bat erabiliko zenuke.

 

 

Abuztuaren 4a (10:10)

 

Elkartuz geroztik, ez zarete istant batean ere isildu. Oroitzapenak izan dituzue batez ere hizpide. Enekoren pasadizoak atera zaizkizue gehienbat solasean; besteak beste, lanera joan nahi ez zuen egun hartakoa gogorarazi dizu Edurnek aspaldiko partez.

      Ohetik altxatu gabe, begiak itxita omen zegoen Eneko, luze bezain zabal, lotan balego bezala. Ohitura batzuk galtzeko arriskuan jartzea, ordea, ez omen da komenigarria izaten bera bezalako norbaitentzat; horrela, bada, amak gogor egin zion, eta Edurneri deitu zion alferkeriak gobernatzen laguntzeko. Erdi lotan erantzun behar izan zion alabak larrialdiari. Ez zen lehenengo aldia.

      Eneko isildu gabe ari zen garrasika, baina bere arrebak, hala ere, ez zuen amore eman pijama erantzi zion arte. Egoskorra halakoa deitu zioten mila bider, baina azkenean, baldinbaitere, galtzontzilloak ez ezik, galtzak eta kamiseta ere jantzi zizkioten.

      Eskuan zeuzkan amak galtzerdiak, eta alabaren belaunetan zegoen eserita semea. Anaia bi besoekin heldu, eta isilik iraun zuen eginahala burutu bitartean bere arrebak. Iskanbilak behera egin zuenean, alabaina, hankutsik segitzen zuen Enekok; Edurnek ez bezala. Oinetara begiratzen omen zion miraria ulertu ezinik.

 

 

Abuztuaren 4a (11:15)

 

Auzo-lagunak etorri zaizkizue goizerdi aldera: Errandoneko Elbira eta Roke lehendabizi eta, handik gutxira, Errotako maizterrak: Aureli eta Fabian. Emakumezkoak mantalik gabe agertu dira, eta gizonezkoak txapela eskuan dutela. Ailegatu ahala, bakoitzak bere samina adierazi dizue: ez gara hemengoak, atsekabean lagun, doluminak bihotzez…

      Oraindik ez zara hileta kontuekin arduratzen hasi. Elbirak ba omen dauka kanposantuko lanak eskaintzen dituen etxe bateko telefonoa, eta prest agertu da dena antolatzeko. Inork deitu ez badio ere, apaiza ailegatu da handik pixka batera. Eskua luzatu dizue denoi, otoitz egin du isilpean, eta bedeinkazio batzuk eman ondoren, etorritako bidetik egin du alde.

 

 

Abuztuaren 4a (18:10)

 

Arratsaldean gorpuaren garraioa eta ehortze-lanak bideratzen dituen etxeko nagusia etorri da eta, harekin batera, ama zena jantzi eta apainduko duen emakume zahar samar bat. Atzera eta aurrera ibili dira etengabe, eta Eneko, Edurne eta zuk gelatik kanpo itxoin duzue bukatu arte. Auskalo noiz ikusi zenuen ama musu-hautsez apainduta azken aldiz. Antiojorik gabe dago, eta izpiliku-sorta jarri diote eskuetan. Oraindik ez da egun eta erdi bete hil zenetik, eta bihar arte ez duzue jaioterrira eramango. Etzi izango da hileta. Eneko bertan geldituko da izeba Karmenekin; iritsi berria da. Azken agurra eman, eta hilerria utzi bezain laster, Etxezarrera bueltatuko zarete. Atzoko gaua bezala gaurkoa ere luzea izango da, eta biharko eguna, berriz, oso zaila, eta neketsua gainera.

 

 

Abuztuaren 4a (19:15)

 

Amaren galera errota bezala ari zaizu etengabe bueltaka buruan. Ez dizu onik egiten, eta zurrunbilo horretatik ateratzen saiatzeko aholkatu dizu Edurnek. Enekok eman dizu modua. Aldian behin arretaz erreparatzen diozu, eta ohar batzuk ere bildu dituzu, esate baterako:

      Otorduetan manera onak dauzka, fina da zeharo, eta mahai-tresna guztiak erabiltzen ditu. Okela edo beste zerbait ebaki behar duenean, alabaina, ez da labanaren alderdi zorrotza bereizteko gauza, eta bueltaka ibiltzen du erreminta noiz sartu behar duen jakin gabe. Ez harritu, beraz, dozena erdi bat saio baino gehiago badira. Eginahalak egiten ditu, baina ez du asmatzen.

      Eskailerak igotzen ez du parerik, beti iristen da besteak baino lehenago, baina zerbait gertatzen zaio jaitsi behar dituenean. Auskalo zenbat denbora ematen duen maila bakoitzean. Izugarri tardatzen du koska txikiena menderatzeko, eta puenting egin behar duenaren aurpegia jartzen zaio.

      Oraindik harritu egiten zara paper bat lurrera botatzen duen bakoitzean, hau da, botatzen ez duen bakoitzean. Egia da keinua egiten duela, baina ez du papera askatzen; eskuaren larruazalean itsatsi zaiola ematen du. Azkenean, ia lurreraino jaisten du eskua eta —orduan, bai—, orduan utzi egiten du bulegoko mahai gainean eskutitz bat utziko balu bezala.

      Azalean itsatsita dauzkagu holakoak, ez ditugu ia ikusten, oharkabean egiten ditugu, konturatu gabe. Enekori buruan dabilkion trenak beste geltoki batzuk dauzka. Atsegin hartzen duzu ezagutuko ez bazenu bezala erreparatzen diozunean, ikusten duzun lehen aldia balitz bezala.

 

 

Abuztuaren 4a (23:05)

 

Irudipena daukazu zure barruko gela batean egon dela bizitzen atzo arte, eta hutsik gelditu berri dela, eta orain, bat-batean, ez dagoela inor bertan. Zure ama dagoeneko ez dago bizirik eta, hala ere, aurrean jartzen zaion guztia berekin arrastaka daraman marea behera bezala sentitzen duzu bere eragina. Ez al da harrigarria? Utzi duen hutsuneak grabitatearen pisua hartu du, eta zure zilborraren atzean egokitu da geroztik.

      Izar batzuetatik, itzalita dauden arren aspaldi zeruan, inoiz eman zuten argia ailegatzen zaigu ordea, oraindik; hanka istripuan galdu duenak ere behatzak sentitzen ditu, nahiz eta dagoeneko ez dituen bereak. Ez da erraz ulertzen nola dagoeneko bizirik ez dagoen zerbaitek hainbesteko lekua bete dezakeen bizirik gaudenongan.

 

 

Abuztuaren 5a (09:30)

 

Atzo arratsaldean sekula suertatu gabeko zerbait gertatu zitzaizun anaiarekin, eta zure oharren artean sartu nahi zenuke. Ura irakiten jarrita zeneukan katilu bat te prestatzeko, eta oin-hotsak entzun zenituen goian, berak lo egiten duen gelan. Eneko zen; zein bestela. Egun hauetan siesta egiten ari da eta, itxuraz, jaiki berria zegoen. Algara betean ari zen, eta ez zenuen ulertzen zergatik zatekeen.

      Ikaragarri eragiten dio ilargiaren gorabeherak, eta umoreari dagokionez, lau alditan banatuta dauka hilabetea: ipurterre egoten da batzuetan, eta beste batzuetan bihurri; Buda bera baino lasaiago egoten da batzuetan, eta beste batzuetan ez du bakerik ematen. Egun hauetan, aldarte goibela suertatu arren denontzat, franko jostari dabil.

      Ohiz kanpoko zerbait ari zen gertatzen, eta ez duzu galdu nahi izan; horrela, bada, salto batean igo dituzu eskailerak, eta ohearen ertzean eserita aurkitu duzu oinutsik. Oraindik ere barrez, armairuaren ate gaineko mirailari begira zegoen bere irudiarekin jolasean. Ustekabean harrapatu zaitu erabat; izan ere, Eneko ez da gauza bere burua argazkietan ezagutzeko; are gutxiago beste norbaitena.

      — Ba al dakizu nor den hori? —galdetu diozu festaren arrazoia entzuteko jakin-minez.

      Aurreneko keinua izan da esku bakoitzeko hatz erakusleak luzatzea, zezenaren adarrak balira bezala, bere irudiari begirik kendu gabe. Irribarrez piztu zaio aurpegia gero eta, hatzak bere buruari begira jarrita, horrela esan dizu harrotasunez beteta: zu!, hau da, bere trapuzko hizkeran ni esan nahi duen hitza. Irrikan frijitzen zaude jakiteko zeri zor zaion hainbesteko poza; edo, beste modu batean esateko, zein korapilo askatu duen bere buru barruan... Auskalo.

 

 

Abuztuaren 5a (21:10)

 

Amaren bila etorri den gidaria sekula joan gabea zegoen gure herriko elizara, eta lagun egitea onartu diozu bidean gal ez dadin. Atzerako ispiluan zerraldoa agertu zaizu pare bat aldiz; beraz, beste alde batera begiratu, eta irudia burutik kentzen saiatu zara. Atzerri antzu batean gelditu zara hondoratuta; ezin izan duzu zure barrenean ezer zehatzik finkatu. Aldamenean, zeharka begira, bere esku zegoena egin du txoferrak mundu honetara jaits zaitezen; aita hil berria zuela esan dizu, besteak beste, eta artzaina izan zela luzaro. Ondo ezagutzen zituen Etxezarre inguruko larreak, eta mamia egiteko, burdina puska sartzen omen zuen ardi-esnez betetako kaikuan gori-gori. Azken kilometroak gelditzen zitzaizkizuen oraindik helburura ailegatzeko, baina beste nonbait zeneukan burua eta, zure arreta-falta bitarteko, aurreikusita zeneukaten irteera atzean utzi duzue konturatu gabe.

 

 

Abuztuaren 5a (22:45)

 

Egunkari bat daukazu aldamenean, aurreko eserlekuen arteko tartean, eta eskelak datozen orrietan zabaldu duzu. Oker ez bazaude behintzat, sei eta erdietan izango dira ospakizunak, baina nahiago izan duzu ziurtatu badaezpada ere. Amaren argazkia ikusi duzunean, alabaina, anaiarekin oroitu zara; anaiarekin eta bere ateraldiekin.

      Enekok, jakina, ez daki irakurtzen, baina batzuetan, besaulkian agonduta, dakienaren plantak egiten ditu; egunkaria buruz behera daukala sarri askotan. Ez du zaletasun askorik, baina badu oso maitea duen bat: paperak txiki-txiki egitea; egunkariak batik bat. Ezer gabe gelditzen denean, aldizkariak, liburuxkak edo iraungitako telefono-zerrendaren orriak porrokatzen ditu, baina ez dago iraungo duen argitalpenik; ezta egun hartan bertan plazaratutakoa izanda ere.

      Alde egin baino lehen, sorta handi bat utzi diozu aurrean, eta berehala nabaritu zaio poza. Apustu egingo zenuke honezkero denak txikitu dituela. Etxezarrera itzuli baino lehen, gaurko edizioaren beste ale bat eskuratu beharko zenuke; Eneko ez da gauza inor ezagutzeko argazki bidez, eta ez litzateke harritzekoa amaren eskelarik gabe geldituko bazinete.

 

 

Abuztuaren 6a (20:05)

 

Elizaren atarian, jendartean galduta, apaizak nahi baino gehiago itxaron behar izan duenaren aurpegia zeukan. Amaren aldetiko familiaren sorlekua Gipuzkoako beste muturrean dago; beraz, badira hainbat sekula ikusi ez dituzun senideak baina, hala eta guztiz ere, ezagunak egin zaizkizu batzuk. Antz handia dute elkarrekin, eta badirudi denak ere jatorri beraren aldaki desberdinak direla.

      Eliza barruan ez zara eroso sentitu, baina aita gureak zirrara eragin dizu hala ere beste behin. Atetzarrak atzean utzita kanpora atera zaretenean, amaigabeak egin zaizkizu bosteko estuak, musuak eta besarkadak. Aspaldi bezala, orain ere aldapa luzea menderatu behar izaten da hilerriraino, eta isiltasunak, beti bezala, areagotu egiten ditu segizioaren urratsak hartxintxarraren gainean. Ordurako, amaren zain, irekita zegoen panteoia, eta hilarriaren gainean bere izena besterik ez zen falta defuntuen zerrenda osatzeko.

 

 

Abuztuaren 6a (23:10)

 

Ilunduta ailegatu zarete Etxezarrera. Eneko eta izeba Karmen balkoian zeuden zuek itzuli zain. Anaia, itxuraz, beste aldarte-garai batean ari da sartzen. Ezin izan dituzue zehaztu bere pozaren ezaugarriak: alproja baten irribarrea iruditu zaizu zuri; Edurneri, berriz, Buda batena. Ikaragarri trebea da ez dagoena edo egon beharko ez lukeena nabarmentzen: izan liteke botoiren bat jakan, zuloren bat galtzetan edo mukizapia poltsikoan; beraz auskalo zenbat bider aipatu ote dituen ama eta arrebak orain arte. Zuri ere antzeko zerbait gertatzen zaizu egunotan: begiak itxi orduko, amaren irudia ikusten duzu.

      Zeharo nekatuta ailegatu zarete Etxezarrera; oso egun gogorra izan zen atzokoa; baita gaurkoa ere. Ohean etzanda egon zarete puska batean eta, arratsean, atsedenaren ondoren, izebak tea atera du gliziniaren azpiko mahai gainera. Enekok, berean tematsu, eskua altxatu eta zerura luzatu du hatz erakuslea. Egoera berria konprenitu ezinean dabil nonbait, eta ama hodeien gainean bizitzen jarri ote den jakin nahi du. Edurnek baietz esan dio buruarekin. Eskua belarrira eraman du berak gero, eta telefonoz deitzea ba ote dagoen galdetu dio. Aitzakia ederra zen barre pixka bat egiteko baina, tira, ezin izan diogu negarrari eutsi.