Txipiroiak bere beltzean
Aurreneko ikasteguna dute Jaume bueltatuz geroztik. Egun batzuk eman ditu Kantauriko Perlan, eta gauza asko dauzka bere bisitari buruz kontatzeko. Asteburua iraun du ozta, baina zer-nolako gozamena! Alde Zaharretik irten gabe eman ditu egunak, eta ez du betarik atera Kontxan behin bainatzeko sikiera. Aurreneko aldia du euskara pitin bat dakienetik, eta irakasleak zer moduz? galdetu dionean, bapo!, erantzun dio larderia pixka batekin.
— En euskera tot resulta diferent; com si portessis unes altres ulleres.
Euskaltegia Born izeneko auzotegian dago; Picasso Museotik hurbil, Euskal Etxearen azpiko soto batean. Irati ohiz kanpoko ikastaro bat ari da ematen. Egun batean bonbilla piztu zitzaion, eta elkartea gobernatzen duen batzordean aurkeztu zuen ekimena. Eskari potentziala nahikoa zela iruditu zitzaien, ez zuela inbertsio handirik behar eta, gainera, jende berria erakar zezakeela girora.
Azkenaldian, esate baterako, boladan zeuden negozio-bidaian Txinara doazen enpresarientzat propio antolatutako ikastaro bereziak; nahikoa izaten zuten dozena bat elkarrizketa labur bertako jendearen aurrean itxura ona emateko. Iratik, gaztea izan arren, dagoeneko eman ditu urte batzuk irakasle, eta badaki zein diren akuilu nagusiak ikasle berriak erakartzeko; Bartzelonako giroan, behintzat. Amets bat bete nahi du dute: euskaraz hitz egin euskaldunekin eta, ahal izanez gero, Euskal Herrian.
Egun batzuk geroago, bizpahiru egunkaritan atera zen oharra:
Euskera per anar de pintxos (tapes) en tres mesos.
Iragarkia zabaldu berritan matrikulatu zen Jaume ikastaroan, eta, irakaslearen ustez —esker onez, beharbada—, egoki dateke baldin eta gaurko saio gehiena bere pasadizoen kontakizunari eskaintzen badio. Abiatu da esanez Donostiak, oraingoan, aurrekoetan ez bezalako irudipena eragin diola, eta irakasleak, okasioa alferrik galdu gabe, adibide bat eskatu dio gainerako ikasleak bere ikuspuntuaz jabetu daitezen.
Ailegatu bezain laster, Pintxo Tasting Tour deitzen dioten ekitaldi bitxi batean eman zuen izena, eta txundituta dago oraindik. Errondak lau ostatu barnebiltzen zituen, eta bakoitzean bi mokadu jan eta baxoerdi bat edateko eskaintza. Aldez aurretik ordaindu beharra zegoen: hogeita hamar euro bakoitzak. Aukeran garesti baina, jakina, kalitatea ordaindu egin behar da edozein lekutan.
Eguerdian egokitu zitzaion egun hartako kalebuelta eta, gidaria barne, zazpi lagun bildu ziren bere taldean: bikote japoniar gazte bat, adin zehatzezineko hiru dama britainiar (pamelak buruan eta pastel koloreko soineko finez jantzita) eta Jaume bera.
Ile motzeko neska sudur kakodun gazte batek zeraman ardura guztia; alegia, tabernako arbelean iragarritako pintxo-zerrenda zehatz-mehatz azaldu, bezeroen eskaria jaso, kontua ordaindu, eta janariari buruzko edozein galderari erantzun, esate baterako: gilda baten osagarriak, olagarroa piper-hautsetan prestatzeko errezeta edo saltsa berdearen formula.
Enpresak hiruzpalau hizkuntza erabiltzen zituen zerbitzuan, euskara ere bai —garaiz eskatuz gero, noski—, baina katalana ez, oraindik. English, nola ez, saihetsezina gertatu zen taldearen aniztasunari erantzun ahal izateko, baina Korok —hala zuen gidariak izena— arreta berezia eskaini zion Jaumeri eta, ulertu ez zuenaren aurpegia antzeman bakoitzean, gaztelaniara itzultzen zion aparte batean. Iratik ez du asko pentsatu beharrik izan bere lehengusina dela ateratzeko. Ez du, jakina, inolako iruzkinik egin, baina ezin da izan bera baizik.
— Alajaina —esan dio bere buruari—, etxetik atera gabe gobernatu daiteke gaur egun mundua.
Adeitasun berezia erakutsi zion neskak Jaumeri hasieratik beretik, eta horren seinale, tabernariei buruzko zenbait jakingarri kontatu zizkion, adibidez, zeri erreparatzen zioten bezeroa kanpotarra ote zen jakiteko.
Inori ez esateko erregutu zion, baina ba omen zegoen erabateko proba bereizgarri bat: ez omen zekiten pintxoak tabernariari eskatu ala barra gainetik hartu behar zituzten zuzenean; beraz, batzuetan mingaina eta besteetan eskua erdibidean gelditzen zitzaien ez aurrera eta ez atzera. Azkenaldian, ordea, plater bat ematen zitzaien hainbat tabernatan aukera patxadan egin zezaten, baina neurrigabeko irrika erakusten zuten pintxoen aurrean, eta nabarmendu egiten ziren nahi gabe.
Ostarte izeneko taberna aipatu du Jaumek hasteko, eta Iratiri — gurasoen etxe azpian dagoena izaki— irri bat atera zaio. Aurreneko baxoerdia edan bitartean bertan sartu zen bezero xelebre batek eman dio ikasleari aitzakia aurreneko pasadizoari bidea zabaltzeko. Eskuan, kirtenetik helduta, kaxa bat zekarren, zurezkoa, kaiola baten tamainakoa gutxi gorabehera. Aurreko aldea kristalezkoa zeukan eta, barruan etzanda, burua erramu-koroarekin apainduta, martiri baten imajina zeraman, hilkutxa txiki baten barruan bezala.
Iratik nahikoa du, seguru asko, pare bat galdera mandataria ere nor den jakin nahi izanez gero, baina ez du bazterrak endredatzen hasi nahi izan, eta San Felizisimo izan zitekeela azaldu die ikasleei. Oraindik bazeuden familiak bere irudiari, ohiturari jarraiki, harrera egiten ziotenak etxean eta, maripoxa baten argitan egun batzuk eduki ondoren, auzoarengana eramaten zuten. Atzeko aldean, lau txintxetarekin itsatsita, jarraitzaileen izen-zerrenda irakur zitekeen, eta zirritu bat ere bazeukan eliztar zintzoen txanponak biltzeko.
Ordura arte patxadak agintzen zuen giroan, baina halako batean —esan zuen Jaumek, oraindik ere ikararen eraginpean balego bezala— zartada ozen bat entzun zen kalean nahiko gertu —iskilu baten desarra, beharbada—. Ostatuko marmarrak bozatu egin zuen eztanda, eta tabernaria bere lanari jarraitu zitzaion ezer gertatu izan ez balitz bezala. Atetik hurbil zegoen gazte bibotedun batek, itxuraz, kanpoan jarrita zeukan belarria, eta bera izan zen urduritasun puntu bat erakutsi zuen bakarra.
— Zer izan da hori? —esan zuen bekainak lokietatik hegan alde egiteko zorian zeuzkala.
Afariaren zain, patxada ederrean, dozena erdiren bat bezero zeuden mahai baten inguruan eserita, eta, irakasleak atera ahal izan duenez, aurrezki kutxako jendea izan zitekeen lankideren baten erretiroa ospatzen. Istiluari jaramonik egin gabe, puska ederrez eta zurruta luzez ari ziren barrenak berdintzen eta, jartzen zuten aurpegiaren arabera, adituak ematen zuten oso jatenaren zaporeak aztertzen.
Aurrera egin baino lehen, martiriaren kontua oroitarazi dio irakasleak Jaumeri, eta santuengana itzuli da atzera ikaslea. Alde Zaharreko ia kale guztien izenak dakizki buruz, eta harrituta dago hainbeste santurekin (San Juan, San Jeronimo, San Bizente, San Telmo, Santa Korda…), baina onomastikaren alorretik atera gabe, tabernen izenak ere aipatu ditu batzuk, eta irakasleari galdetu dio ba ote dakien nondik datorren eguraldiaren aldarteak erabiltzeko joera setatsu hori.
Iratik uste du eguraldi-aldaketa dela Kantauriko itsasbazterrean irauten duen gauza bakarra, eta hor egon litekeela arrazoia; horrela, bada, haizea dabilela probestu du belamena zabaltzeko, eta xirimiri, tximista, kazkabarra, lanbroa, eta abarren esanahia azaldu die. Badaki zailak direla oso ahoskatzeko, baina, bizpahiru aldiz denek batera irakurri ondoren, ia buruz ikasi dituzte azkenean.
Erresuma Batuko amona gazteena, bitartean, sukaldetik zetorren egur-ikatzaren usaina ari zen arretaz aditzen; zaharrenak harrituta begiratzen zion bi belarritako katilu batean, kea zeriola, ekarri berria zuten arrain-zopari; eta besteak, besoak barraren gainean zituela, Kontxako barandatik itsasoari begira bezala, txipiroiaren beltzari erreparatzen zion, behin eta berriz, argibide baten zain. Alboan zeukan gidaria, baina Japoniako semearekin ari zen hizketan, eta tabernariari galdetu zion zuzenean.
— Fish...?
— Fish…, fish... —jaso zuen emakumeak sorbalda azalpen baten bila—; ¡...cefalópodo!
Amona britainiarrak, arreta handia jartzen duenaren plantak eginez, betaurrekoen gainetik begiratu zion zorrotz, baina ez zuen ostalariaren arrandia terminologikoa konprenitu. Edozertarako beti prest, garaiz ohartu zen Koro premiaz, eta jakinaren gainean egoteak ematen duen harrotasunaz, berehala egin zion aurre:
— Squid in black ink sauce.
Ondoko pilotakada askoz nabarmenago entzun zen. Ikasle katalanak luze jardun du, baina ziztu bizian gertatu omen zen dena. Aurrezki kutxako adiskideek, janariak eta edariak une batez alde batera utzita, elkarri begiratu zioten, eta ez zuten denbora luzerik behar izan kalean zer gertatzen ari zen asmatzeko. Aldi berean, bihotzekoa emateko zorian, gazte bibotedunak burura eraman zituen eskuak, etsituta zeharo.
— Ostias! —esan zuen aztoratuta.
— Zer gertatzen da? —galdetu zion tabernariak.
— Nola zer gertatzen den? Filmatzen ari garela.
— Oso ondo, eta zer? —galdetu zuen berriro.
— Estra mordo bat dabilela guardia zibilez jantzita. Hor bertan! Konstituzio plazan.
— Ez al daukazue baimenik?
— Zer dakit ba nik! —erantsi zuen—. Kontu horiek produkzioko ardura izaten dira.
Etxeko andrea kaleko atera hurbildu eta, tentu handiz, gortina zabaldu zuen poliki-poliki. Erbia bezain zoli, Jaume ez zegoen oso urruti. Urrats pare batera, sukaldeko burdina eskuan hartuta, mutil gazte bat zebilen, aurpegia zapi urdin koadrodunarekin estalita, ke-potea estoldan sartu nahian. Aldameneko sotoan begira, sukaldari bat, sifoi-botila eskuan, zer gerta ere parte hartzeko asmotan.
Arriskuaren aurrean etsi gabe, bizkarra paretaren kontra jarrita, txikitero mordoxka zebilen tabernaz taberna, polizien filmetan bezala. Iratik eguraldiaren garrantzia azpimarratu zuen beste behin; izan ere, Alde Zaharreko auzotarrak oso trebeak omen ziren teilatu hegalak aprobetxatzen, eta zergatia ere azaldu zuen; alegia, eguzkitan itzalik ez alferrik galtzeko, eta euripetan ahalik eta gutxien bustitzeko.
Inbidiaren oliotan frijitzen, txintik atera gabe dauzka Jaumek ikaskideak, eta irakasleak, aldian behin, parentesi bat zabaltzen du ohiko esaldi arrunt batzuk birpasatzeko. Inora begira itzuri dabilen koitaduren bat harrapatzen duen bakoitzean, hatza luzatu, eta horrela galdetzen dio:
— Zer nahi duzu?
— Txakolina, mesedez —eskatzen du ikasleak.
— Eskerrik asko.
— Ez horregatik.
— Ez dakit, ba... —entzun zion Jaumek tabernariari barrara bueltan— honek ez du batere itxura onik.
Erresuma Batuko dama bati ere ailegatu zitzaion, nonbait, kanpoko iskanbilaren berri, eta Donostiako su-festa ospetsuak ote ziren galdetu zion Korori. Gidariak, Turismo & Convention bulegoak argitaratutako liburuxka eskuan hartuta, Aste Nagusiko festak harrapatzeko berandu samar zebilela azaldu zion. Aulki batean eserita, Japoniako semeak bere gainean zintzilikatutako urdaiazpikoari erreparatzen zion zer ote zen asmatu ezinik, eta alaba, bitartean, arrainontzi barruan zebiltzan otarrainen dantza sideralarekin zegoen txundituta.
Iskanbilak ez zuen amore emateko itxurarik. Are eta gehiago ari zen gogortzen. Erasoari ekin zion Poliziak ostera; ke-poteak bota zituzten hasieran, eta handik pixka batera, gomazko pilotak etengabe. Atearen bazterretik zelatan ibili zen ikaslea eta, bertan iraun zuen bitartean, dozena bat molotov zenbatu zituen, airean hegan lehenik, eta kalearen gainean lehertu eta nola su hartzen zuten gero. Alde Zaharrak lainopean zirudien.
— Orduan —esan du Jaumek— mutil gazte betaurrekodun bat sartu zen tabernan atzera begira, eta kaña bat eskatu zuen barran.
Ostalariak begi-ertzetik erreparatu zion mutilari, baina isil-isilik gelditu zen. Etorri berriak arratsalde on esan zuen, abegitsu, bezeroei zor zaien begirunea gordeta eta, naturaltasun osoz, aurrezki kutxako jendea afaltzen ari zen mahaiaren inguruan eseri zen besteekin batera. Ez zuten erantzuteko sikiera erreakzionatu, baina ikaran jarri zen, nolanahi ere, mahaia, eta edozein unetan lebitatzen hasiko zela ematen zuen.
— Akabo! —pentsatu du Iratik—. Besterik ez genuen falta!
Aingeru, bere iloba; lepoa egingo luke baietz. Auskalo nolako aurpegia jarri ote zion Korok. Isilik egon da pixka batean Jaumek beste arrastoren bat ematen ote dion, baina ezin izan dio ezer atera. Ez du erbia eraiki nahi izan; beraz, hitz beste egin du, eta ikasle katalanari jarraitzeko aukera eman baino lehen, ohiko esaldien katalogoari heldu dio berriro: egun on, baita zuri ere, barkatu, aurrera...
Alde Zaharrean, bitartean, Japoniako semea jo eta ke zebilen barraren gaineko edozein aitzakiari argazkiak ateratzen; taberna Donostiako Aquariuma eta mokaduak arrain tropikalak balira bezala. Oraingoan itsas trikuaren arrabekin osatutako antxoak bereganatu zuen hiru damatxoen arreta, baina Korok gerorako utzi behar izan zituen azalpenak, zeren beste premia bat, askoz larriagoa, sortu zitzaion bat-batean; zineko izarra bere onetik aterata zegoen berriro ere.
— Akabo! —esan zuen aztoratuta—. Pistola gainean ekarri dut!
— Ez da egia izango? —galdetu zion etxeko andreak.
— Nahiago nuke gezurra balitz.
— Benetako pistola batekin sartu zara tabernara?
— Jakina —aitortu zion disimulurik gabe—, baina mailuaren orratza kendu eta gero.
Arduragabekeriaren tamainak ustekabean harrapatu du Irati bera ere. Gaurko saioa ondo beteta dauka dagoeneko, baina inor ez dago itxuraz prest alde egiteko bukaera entzun gabe. Irakasleak ariketa bat proposatzeko aukera aztertu du bere artean, baina ikasleek beste nonbait jarrita daukate arreta. Aurki zabaldu beharko ditu berriro ateak hurrengo txandari leku emateko; beraz, keinu bat egin dio hizlariari Katalunian lur hartzen has dadin.
Ostalariak, Jaumeren ustez, ez zekien nola jokatu horrelako petral baten aurrean. Une batez pentsatu zuen tabernatik kanpora aterako zuela berehala; udaltzaingora deituko zuela ere bururatu zitzaion; beste aukera bat ere bazegoen: su-arma emateko esan eta atalez atal irensteko agindu.
— Aizu —deitu zion tabernariak aktoreari—. Zatoz, mesedez.
Iskiluak gerrian ateratzen zion konkorra disimulatu ezinean zebilen bazter-nahastailea, eta men egin zion tabernariaren aginduari; horrela, bada, sukaldean sartu zen bere atzetik txintik ere esan gabe. Asko jota, bizpahiru minutu eman zituzten bertan. Azpilanak bete eta itzuli zirenean, kilo bat gutxiago pisatzen zuen gutxienez alprojak. Atzera bere paperean sartu eta barraren beste aldean egokitu zenean, zeharka begiratu zuen alde batera eta bestera bere sekretua gorde nahi izango balu bezala, eta zurrutada bakarrean edan zuen baxoerdia.
Istant hartan, pasadizoa kontatzeko behar den denbora baino askoz azkarrago, dozena bat zomorroi beltz sartu ziren bat-batean ostatuan iskiluak eskuetan eta mozorroz jantzita. Eguzkiaren sorlekutik etorritako bikoteak aurpegi japoniarra jarri zuen eta Erresuma Batuko hirukoteak, berriz, britainiarra, adierazi nahian bezala kontu hura ez zihoala kanpotarrekin. Aurrezki kutxako bezeroak, bestalde, Aingeruri ez begiratzen saiatu ziren, zeinak, harrigarriro, gainerako guztiek baino lasaiago ematen zuen.
Isiltasuna nagusitu zen bat-batean taberna barruan. Bezeroek zehar-begira ikusi zuten nola sartzen ziren, eta dar-dar batean sentitu zituzten zangoak bat-bateko flakiak harrapatu izan balitu bezala. Aitzindari zetorren morroia komunera hurbildu zen, harro, baina atea itxita zegoen, eta tabernariarengana jo zuen segidan. Aldez aurretik bazekien giltza eskatuko ziola, baina plantak egin zituen hala eta guztiz ere, ustekabean harrapatu izan balute bezala.
Iheslaria atzaparretan zeukala uste zuen seguru asko poliziak; beraz, ez zion inolako graziarik egin komun barruan inor aurkitu ez izanak. Atzean zituen beste guztiak, berriz, erasoaren porrota ikusita, haserre zeuden nabarmen, disimulatzen saiatu arren, eta, talde-buruaren azalpenak arretaz entzun ondoren, kalerako bidea hartu zuten bezeroei bizkar emanda, banan-banan, ke-hari bat bezala galdu arte. Erresuma Batuko hiru damatxoek eta Japoniako bikoteak, azkenean, konprenitu beste erremediorik ez zuten izan.
Etxekoandreak —tarte bat utzita, badaezpada— San Felizisimo atera eta mostradorearen gainean utzi zuen atzera. Aktoreak —baita Jaumek ere, noski— bazekien zertan zebilen, baina ez zuen ezer esan; ezta Iratik ere ikasleen aurrean, nahiz eta bere gurasoen etxe azpiko tabernariaren asmoak ondo igarri. Ispiluan bezala agertu zaio, azpiko tiradera txikia isil-gordeka irekitzen, begiak itxi orduko.
— Aizak —esan omen zion Aingeruri—, hator pixka batean.
Irudiaren ibilbidea jasotzen zuen zerrendan bere familiaren deitura zen, antza, hurrena; beraz, goraintziak eman zizkion etxekoentzat, eta santua albait azkarren eramateko agindu. Ez zion azaldu zer gordetzen zuen barruan, baina enkargu eman zion amari esateko tabernara deitzeko berehala telefonoz, falta gabe.
Oraindik ere entzun ziren beste pilotakada batzuk gehiago, baina giroa, pixkana-pixkana, bere onera etorri zen. Atseden-tarte hura baliatuta, atea zabaldu eta alde batera eta bestera begiratu zuen Korok. Ez zuen zomorroi beltz bakarra ere ikusi. Ostatuko bezeroak lebitatzen zeuden oraindik beldurrak airean; beraz, berria entzun bezain laster, zeuden tokitik jaitsi, eta poliki-poliki pausatu ziren lurraren gainean.
Izar gizajoak, nolanahi ere, zeharo galduta zeukan egoeraren kontrola, eta begira-begira ari zitzaion tabernariari. Argibideren bat espero zuen beharbada, baina etxeko andreari ez zitzaion iruditzen, nonbait, erantzuna merezi zuenik. Zer esan behar zien produkziokoei iskilua eskatzen ziotenean? Eman dezagun poliziak, ustekabean, sandinzarrez mozorrotutako estrekin egiten zuela topo... Ulertzekoa zen kezka.
Ikasleriari —eta Jaumeri, era berean— ez zitzaion gustatu historiaren bukaera airean gelditu izana.
— ¿Com és que no vas llegir el diari l'endemà?
Atsekabe poxi bat antzeman zuen Jaumek Pintxo Tasting Tour-eko taldekideen artean. Oraindik ez zituzten agindutako kutixi guztiak dastatu, eta beldur ziren dagoeneko denbora nahikoa ba ote zuten denetara ailegatzeko. Inor ez zegoen prest antxoa-tostarik, barazki-pastelik edo txangurro-kreperik alferrik galtzeko; are gutxiago hain garesti ordaindu eta gero.
Asteburuko kontaera bukatu bezain laster, ikaskide andana hurbildu zaio aitzindariari galdezka. Afrikako safari baten kontakizunak ez zien zirrara handiagorik eragingo. Iratiri iruditu zaio bete-betean asmatu duela ekimenarekin; are gehiago, eragin biderkatzailea izan lezake ikasle berriak euskaltegira erakartzeko, eta antzeko saioak antolatzeko erabakia hartu du berandu baino lehen. Erroma, Los Angeles edo Tokio hasi zaizkio ametsetan agertzen, eta irakasle lanetan ikusi du bere burua. Asmoak osagarri guztiak dauzka arrakastatsua bihurtzeko, eta bururatu zaio, nork daki, katalanak ere interesatuta egon litezkeela negozio berrian sos batzuk arriskatzeko.