Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

Itzalaren gorazarre

 

 

Esatera natorkizu —ni ere, zu bezala— etxeko xurgagailu zanpatu biribil bat naizela. Ez da hainbeste denbora zu gauzatu zintuen etxe berak atera gintuela Japoniako merkatura. Izen ezin egokiagoa eman ziguten: kuroko; morroi, edo antzeko zerbait, esan nahi du Eguzkiaren Sorterrian. Alabaina, banako guztiak gara ezberdin, eta niri, esate baterako, XM-V100 kodea jarri zidaten. Oraindik ez dakit nola esaten dioten zuen modeloari, baina barka baldin Hiro deitzen badizut behin-behingoz; alegia, Jun’ichiro izenaren laburdura.

      Ohe-azpi, zoko, tarte, zirritu eta beste bazter guztiak garbitzeko ez ezik, gure eskarmentuari buruzko oharrak jasotzeko aukera ere badugu belaunaldi berrien mesederako. Ez dago modu hoberik sor litezkeen gabeziak gainditzeko, zerbitzu berriak bideratzeko eta gure askazia eraberritzeko. Eguneratu behar hori, dena dela, ez da guri bakarrik dagokigun zerbait; inguruak egokitu beharra dauka. Alderdi hauetan, adibidez, ez dituzte oinetakoak eransten etxean sartzeko, eta horrek zuzenean eragiten digu.

 

 

maizterrak

 

Etxean hiru gara: Manterola, katua eta ni neu. Manterolak, aldian behin, Xarpa esaten dio katuari, niri Neptuno, eta ozen hitz egiten du bere buruarekin. Ia egunero pizten nau; ez, ordea, ordu berean. Ez dago jakiterik noiz.

      Arestian esan bezala, katu bat ere bizi dugu etxean; begi-urdina, larru-nabarra, mutur-beltza baina, batez ere, endreda-makila galanta. Manterolak lehen aldiz abian jarri ninduen egunean, belarriak altxatu, bizkarra poliki-poliki makurtu eta ileak tente jarri zitzaizkion bat-batean. Ulertzekoa ere bada. Alde batetik bestera nabilela, argiak keinuka jartzen zaizkit bizkarrean eta soinu sideral batzuk irradiatzen ditut noizean behin inguruan: beste mundukotzat hartu ninduen gizajoak nonbait. Astebetean ez nuen berriro ikusi.

 

 

galtzerdiak

 

Hilean behin, gutxi gorabehera, dozena pare bat galtzerdi zintzilikatzen ditu Manterolak patioko sokan hurrenez hurren; den-denak grisak, goiko aldean zerrenda urdin argi bat eta beste bat laranja daukate. Ez nintzateke batere harrituko baldin eta auzoek pentsatuko balute aldameneko atean futbol talde bat bizi dela. Aire zabalean aspertu eta gero, etxe barruan ez dute gordeleku jakinik izaten, eta, jabeak jantzi behar dituen bakoitzean, elkarren atzetik ibiltzen dira ezkontide bila.

 

 

eskuluzeak

 

Etxeko liburu guztiak irakurri ditu. Are gehiago, oso harro dago denak gordetzen dituelako, edo hori esaten dio, behintzat, Xarpari tarteka. Azkenaldi honetan, ordea, kezkatuta dirudi bere liburutegiarekin. Apaletara joaten zaizkio behin eta berriz begiak. Uste du, nonbait, gero eta liburu gehiago falta zaizkiola eta, jakina, ez dio batere graziarik egiten.

      — Ez dira gauza xaboi txiki bat bost izarreko hoteletik eramateko —esan zion lehengo batean—, baina bizitza osoa eman dezakete maileguan utzitako liburu bat itzuli gabe.

      Axolagabez beteta omen dago mundua, eta hurko hurbilaren susmoa dauka gehienbat. Nik, halere, ez dut ikusten etxera inor datorrenik. Altzarien azpitik txango koxkor bat egingo balu, seguru nago iritzia aldatuko lukeela.

 

 

etxea

 

Etxe zaharrok hori daukate; zoko gehiegi. Manterolak eguna ematen du argiak pizten eta itzaltzen edo gelak irekitzen eta ixten. Egia esan, beti dago armairuren bat ateren bat zabaltzen uzten ez duena, edo ateren bat armairuren bat ixten uzten ez duena. Laster bere etxean bertan galduko da.

      Etxebizitza, gainerakoan, ez da oso handia, baina lau gela dauzka eta zortzi ate; sarrera eta balkoira ematen duena kontuan hartu gabe, noski. Horrela, bada, pizten nauen bakoitzean, sekulako ingurumariak egin behar izaten ditut. Itxuraren arabera, nahikoa iruditzen zaio aulkiak iraultzea eta mahai gainean jartzea; ostalariak ostatua itxi eta gero ohi bezala.

 

 

jarraibideak

 

Aurrera egin baino lehen, Hiro, bigarren azalpen bat eman nahi dizut nire ezaugarrien inguruan. Arestian esan bezala, etxeko zorua xurgatzen aditua naiz, eta nire burua gobernatzeko programatuta nago; are gehiago, azken belaunaldi honek oso zerbitzu bereziak eskaintzen dizkio etxeko jabeari. Orain arte aipatutakoarekin batera, hainbat mezu emateko ere prestatuta nago, esate baterako:

      “Egun on, Manterola”, “Zeri buruz ari ote dira txoriak goizean goiz, loreei buruz ez bada?” edo “Trabatuta gelditu naiz ostera”.

      Enpresak orain arte ekoitzi duen xurgagailu landuena da gurea, eta erabiltzen dugun informazioa baino askoz gehiago daramagu gordeta. Noizik behin, mintzo sakon bat entzuten dut barruan, eta nire deituraren esanahia oroitarazten dit, alegia: “kuroko; Japoniako teatro klasikoan parte hartzen duen antzezle mota bati ematen zaion izena”. Agertokiaren ardura domestikoa eramaten du antzerkia jokatu bitartean; beraz, badu gure lanarekin antza eta, itxuraz, eredu jarri nahi izan digute.

      Ailegatu berritan, Manterolak ez zidan ia jaramonik egiten, baina denbora joan ahala, arreta gehiago eskaintzen didala iruditzen zait. Esango nuke gauzak bide onetik doazela. Bart, esate baterako, eltze bat atera zuen sukaldeko leihoaren ertz gainera eta, goizean goiz, gaueko euria erabili du te-belarra prestatzeko. Aurki ekingo dio trantsitua kentzeko lanari. Ez dut uste luze iraungo duenik etxea eraldatzen hasi arte.

 

 

liburuei buruz

 

Orain arteko eskarmentuak erakutsi dit etxeek eta liburuek badutela elkarren arteko ikuskizunik. Antzeko ezaugarriak dauzkate, baina, jakina, liburuak atalez atal osatuta daude eta etxeak, berriz, gelaz gela. Orriz orri idazten da bata; hormaz horma eraikitzen da bestea; etxea berez, izan ere, ez da zokoak eta bazterrak antolatzeko sistema bat baizik, eta horretarako, ateak paretaren funtzioa bete dezake eta paretak atearena. Ekoitzi gintuzten lurraldean ateak —ez dakit ba ote duzun horren berri, honezkero— aldez alde dabiltza, eta errailetatik ere ateratzen dira batzuetan, behin eta berriz tolestu eta bionbo bihurtzeko. Ildo horri jarraiki, ertzak berdindu, ondo josi, azalak gaineratu eta, bizkarrean izena idatzi ondoren, etxeak liburu bihur litezke.

 

 

etxeko kaleak

 

Irudipena daukat etxe honetako egituraren arazo nagusia trantsituak direla. Ateen arteko sasibide hau, itxuraz, italiar baten burutazioa izan zen: arkitektoa; lepoa egingo nuke. Orain dela bizpahiru mende gutxi gorabehera, etxeak eta hiriak alderatzea otu zitzaion nonbait, eta kale falta igarri zuen gelen artean; horrela, bada, bazterrak endredatzeari ekin zion eta, bide batez, metro karratuak alferrik galtzeko aitzakia ere asmatu zuen: intimitatea, alegia.

      Ate premiarik ez dago trantsiturik ezean, edo gutxiago behar izaten dira behintzat. Zer dela-eta behar du maizterrak zidorrik logelara, sukaldera, edo komunera ailegatzeko? Japonian edozeinek erditik kentzea aholkatuko lioke berehala; era horretan ez baitira hainbeste ate behar izaten eta, gainera, lekua irabaziko luke bainugela eta egongela handitzeko. Azken batean, ateak zabaltzeko asmatu ziren trantsituak edo, okerrago bestela, ateak ixteko.

      Ondo dakit ez dela irtenbide borobila. Sukaldean bazaude eta logelara joan behar baduzu, egongela zeharkatu beharra daukazu edo bainugela bestela eta, era berean, ezin duzu bainugelatik egongelara joan, logela edo sukaldea gurutzatu gabe. Hala eta guztiz ere, Manterola bakar-bakarrik bizi da —katua eta ni neu salbu, jakina—; beraz, ate guztiak kenduko balitu ere, ez lioke kalterik egingo inori, eta inork ez lioke kalterik egingo berari.

 

 

Xarpa

 

Etxe honetara ekarri nindutenean, katuak —Xarpak, alegia— armairuen gainetik zaintzen zituen nire joan-etorriak, eta ni bitartean ohe, besaulki eta mahai azpietan ibiltzen nintzen; aldiz gordean, aldiz agerian. Elkar ezagutu genuen sasoi hartan, ikaratuta zegoela ematen zuen. Egun batean lurrera jaitsi zen, eta atzetik segika hasi zitzaidan zoko eta bazter guztietara, eta ez dira gutxi etxe honetan. Asmatu ninduen ingeniariak baino arreta handiagoarekin aztertzen zituen nire ibilaldi geometrikoak.

      Neu ere ibilia naiz bere urratsen barrandan. Egongela garbitzen ari naizenean, leihoaren ertz gainean jarrita ikusten dut Xarpa sarritan kaleko giroari arretaz. Bainugelan baldin badago, aspertu ezinik egoten da garbigailuari begira, danborrak bueltak nola ematen dituen, eta gose dagoenean, berriz, sukaldera agertzen da, eta miau egiten du. Atseden hartzeko gogoa egiten zaionean, ostera, kuxin eroso batean egokitu eta lau hankekin zanpatzen du bigun-bigun utzi arte.

 

 

ateak

 

Enpresak kuroko izena eman zigun eta, esan bezala, adituak gara, bereziki, ate, trantsitu, horma eta bionboetan. Oroimen urruna baliatzen zaigu, eta batzuetan, ohar laburren bat edo beste ematen diogu jakitera gure jardunaren berri izan dezan, hala nola: “ordubete daramat jirabiran”, “ba al dakizu zer esan nahi duen fusuma hitzak?” edo “etxean ez dugu kale beharrik”.

      Azken batean, gu ere japoniarrak gara, Hiro, eta Eguzkiaren Sorterrian jendeak ez ditu kaleen izenak buruan izaten; postariak bidegurutzeen arabera gobernatzen dira. Etxe barruan, berriz, atearen papera jokatzen du paretak eta, aldez alde nola dabiltzan, modu askotara antola daiteke espazioa.

      Irudipena besterik ez da beharbada, baina esango nuke Manterolari begiak urratzen hasi zaizkiola, pittin bat besterik ez bada ere. Atzo, hasteko, gliziniaren abarrekin egindako zori pare bat erosi zuen; oso egokia, egia esan, tatamiz moketatutako lurraren gainean oinez ibiltzeko. Ez dut uste luze joko duenik etxeko pareta finkoak ibili dabiltzanekin ordeztu arte.

 

 

eskulanak

 

Enkargutan ibili da Manterola goizean goizetik, eta zatar-paperezko bobina handi bat ekarri du bizkarrean. Etxe osoa endredatu ondoren, oraindik miatu gabe zeukan azken tiraderan agertu zaizkio, noizbait!, guraizeak eta itsasgarria. Arrainak ezkatak nola, hala dauzka jarrita liburuak apalez apal, txukun-txukun, trantsituaren alde bietan. Ez da Japoniako Liburutegi Nazionala, baina irakurzale bat baino gehiago konformatuko litzateke gutxiagorekin. Egun osoa liburuak forratzen eman du gaurkoan. Oraindik ez ditu denak bukatu.

      Eguzkiaren Sorterrian etxetik atera aurretik forratzen dira liburuak, baina beste arrazoi batzuengatik, hala ere. Irakurleak ez du nahi izaten aldamenekoak jakin dezan zer ari den irakurtzen, eta ezkutuan gorde ohi du izenburua. Intimitatea, izan ere, gizabanakoari dagokio gure artean; norberaren kontua izaten da. Inguruotan, ordea, ez dute hala uste; arazo espaziala da, eta munduaren alderdi honetan egokitu zaigu lan egitea.

      Iruditzen zait, dena dela, beste zerbaiten atzetik dabilela gure maizterra oraingoan. Azkenaldian oso kezkatuta dabil bere liburuekin zaletutako eskuluzeekin, eta baliteke beste neurri trabagarri bat izatea. Egia esan, ez zatekeen erremedio txarrena. Inork ez du ipuin bat bera ere eramaten, baldin eta interesatzen ez bazaio, eta horretarako obraren izena jakin beharra dago; nork idatzi duen, besterik ez bada. Nolanahi ere, auskalo, ez dago erraza Manterolaren asmoak igartzen.

 

 

ikuzgailua

 

Manterola, aitortu beharra dago, ez da ondo moldatzen etxe-tresnekin; ezta nirekin sikiera. Etxean daukan ikuzgailuak bueltak ematen ditu, beste guztiek bezala, baina gainera bere kasa ibiltzeko ohitura dauka bainugelan barrena. Egia da martxan jartzen duen bakoitzean, atearen kontra trabatu eta bakartuta gelditzen dela sarri, baina nori axola zaio. Zer erru dauka berak baldin eta zentrifugatzen duen bakoitzean ero baten moduan jartzen bada?

 

 

origamia

 

Arroz-irinez egindako paper zuri gordina erabili ohi da Japoniako leiho eta ateetan. Etxetik atera gabe ematen dugu gure denbora, baina nire barrenak esanda dakit, ilunabarrean, barruko argiak pizten direnean, lanpararen antza hartzen dutela han-hemenka bizilekuek. Edozein unetan haizeak airean eramango dituela ematen du, haize-parpailak balira bezala. Eguzkiaren Sorterrian dena da papera: eskuko haizemaileak, lanparak, paretak, bionboak…; dena tolesten da, dena paketatzen da, dena biltzen da; gauza bakoitzak bere bilgarri jakina dauka, eta bilgarri bakoitzak tolesteko arau zehatzak.

 

 

intimitateak

 

Arreta berezia eskaini diogu beti diskrezioari, baina, mugak kudeatzen adituak izanagatik, intimitateari dagozkion zenbait trebetasunetan hobekuntzak behar ditugu oraindik kuroko saileko morroi biribilok. Japoniako kulturaren arabera gaude diseinatuta eta, jakina, ez dator beti bat Mendebaldeko gure bezeroen ohiturekin, esate baterako:

      Etxeotako komunetan sekula ez dakizu inor ba ote dagoen, ponpari tiratzen dioten arte. Erabatekoa izaten da isiltasuna eta, Japonian ez bezala, ez da euriaren, txorien edo abar-hotsaren antzeko soinurik entzuten. Aitortu beharra daukat ez dela batere atsegina inor barruan dagoela sartzea; beraz, komenigarria litzateke gure enpresak ezinbesteko egokitzapenok albait lasterren egingo balizkigu, egoera berriari eraginkortasunez erantzuteko gauza izan gaitezen.

 

 

susmoak

 

Azpiak xurgatzen nabilela, bazterretan aurkitzen ditudan liburuak erregistratzen ditut, besteak beste, eta izenburu asko dagoeneko ez zaizkit hain arrotz gertatzen. Noizean behin aleren bat ateratzen dut ohepetik bultzaka, eta agerian uzten dut Manterolak jaso dezan. Edozein lekutan abandonatzen ditu, eta gero, behar dituenean, ez zaizkio azaltzen. Atzo horrela ari zitzaion Xarpari:

      — Ezin dut konprenitu zer egiten duen Bashoren bildumak mozzarellari buruzko liburu baten ondoan!

      Apaletan ere, noski, jabearen izaera antzeman daiteke. Irakurle batzuek kolorearen arabera sailkatzen dituzte liburuak; beste batzuek, aldiz, tamainaren arabera. Etxeko nagusiak, berriz, ohar handi bat jarrita dauka zutabean zintzilik: gauza bakoitza bere lekuan; leku bakoitzean gauza bakarra. Inolako kuxidaderik ez dagoen bazterretan, alabaina, armairuak, tiraderak eta apalak behar izaten ditu maizterrak bere buruan eta, jakina, Manterolarenak ganbarako trastelekua gehiago dirudi liburutegia baino.

      Asko aipatzen ditu eskuluzeak, baina irudipena daukat bere kontuak baino ez direla; aspaldi badakit nik bere liburuen zoria zertan datzan, baina ez dirudi egia onartzeko prest. Etxe honetan agintzen duen anabasa nahikoa da bere susmoek oinarririk ez dutela ulertzeko. Inork ez du ezer eraman hemendik, eta ia zoko bakoitzean badago libururen bat galduta.

 

 

errespetua

 

Egunak joan ahala, konturatzen ari naiz Xarpa errespetua ari zaidala galtzen. Orain dela gutxi, alde batetik bestera nenbilela, irradiatzen dudan beroaren peskizan beharbada, edo bizkarraren gainean keinuka daramadan argiak erakarrita, abian jartzeko gailua zanpatu zuen —nahi gabe, seguru asko— eta, noski, gu ez gara geure buruaren jabe zeharo; agintzen digutena besterik ez dugu egiten.

      Egia esan, erraztasuna dauka ikasteko; azkenaldian, nahi duenean jartzen nau martxan. Are gehiago; piztu aurretik, gainean esertzen zait, garai bateko txakurra EMI markako diskoaren gainean ageri zen bezala eta, etxeko nagusia ikusi orduko, ukabila altxatzen dio agur egiteko. Ez dit inolako graziarik egiten; Manterolari, itxuraz, bai.

 

 

aholkularitza

 

Etxeko narrasti biribilok, esan bezala, era guztietako angelu, izkina, hegi eta mugetan gara adituak. Oroimen urruna erabiltzen dugu, eta aldian behin, aitzakiaren bat erabiltzen dugu jabearekin harremanetan jarraitzeko helburu bakarrarekin, adibidez: “Argiak alde egin du”, “bihar asteartea da, azaroaren bata” edo “zertarako hainbeste ate?”. Hau da, aholku eman dezakegu, eta laguntza eta, aldi berean, eragina izan gure jabeen etxeko ohituren gainean.

      Enpresak, egia da, zenbait kexa jaso ditu aspaldi honetan; Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan, batez ere. Uste dute Japoniako altzariak, egiturak eta, azken batean, kontzeptuak ezarri nahi ditugula Mendebaldeko ohituretan: futon, fusuma, hosho, hiragana... Esan dezatela nahi dutena. Arrazoia bezeroari dagokio eskuarki eta, gainera, azken modelo hau oso ondo ari da saltzen.

Manterolari dagokionez, bestalde, ondo doa dena; aurrez ikusitako bidetik. Atzo, ohi ez bezala, kimonoz jantzita harrapatu nuen, zeta urdinaren gainean brodatutako antzarekin apainduta; beraz, oker ez banago, laster aterako ditu barruko paretak errailetatik at, bionbo bihurtzeko.

 

 

arbel beltza

 

 

Arbel beltz bat dauka sukaldean, eta goiz osoa zirriborroak marrazten eta atzera ezabatzen eman du. Etxeko solairua karratua atera zaio erabat, nahiko txukun, eta lau zokotan banatu du: sukaldea, komuna, egongela eta logela. Obrak egin nahi dituela esango nuke. Ateak eta paretak erakusteko lerroak borratu, eta geziak jarri ditu bazter guztietan mugimenduaren norabidea adierazteko. Oraingo pareta finkoak bota, eta ibili dabiltzanekin ordezkatu nahi dituela ematen du. Aspaldi agerian zegoen zertan bukatuko zuen.

 

 

galtzontzilloak

 

Atzo bazkalondoan, galtzerdi pare bat aurkitu zuen Manterolak burua hozkailuan sartuta. Arratsaldean, dutxatu eta gero, erotzeko zorian ibili zen galtzontzillo bila, baina ezin izan zituen aurkitu. Azkenean, eskerrak, jantzita zeuzkala konturatu zen. Edozeinek badaki bila zabiltzan hura eskua sartzen duzun azken poltsikoan agertu ohi dela gehienetan, baina biluzik baldin bazaude?

 

 

altzariak

 

Ez dut esango herriminez nabilenik, baina sorterriko zenbait gauzaren falta igartzen dut noizbehinka. Altzariak, esate baterako, bistatik kanpo egon ohi dira, ezkutuan, erabili behar ez diren bitartean. Japoniako etxeetan ez dago oherik; lastaira tolesgarriak baizik. Egunez bilduta egoten dira eta gauez, aldiz, lurrean zabaltzen dituzte. Orobat gertatzen da irudi eta koadroekin; kartoizko tutu barruan gordeta egoten dira, eta norbait bisitan datorrenean bakarrik ateratzen dituzte erakusgarri. Ohitura horiek, aitortu beharra daukat, zeharo errazten dute ni bezalako xurgagailu batek egin beharreko lana. Etxeko nagusiak, ordea, ez die halako huskeriei erreparatzen.

 

 

zer da etxea?

 

Irudipena daukat zuek ere Japonia zaharreko terminoei eskainitako hiztegian datorren hitz esanguratsu bat daukazuela barne muinean gordeta: ma. Ondoko azalpenak dioenez, gela esan nahi du edo, bestela, tartea: espaziala eta tenporala bide batez.

      Azken batean, gela biren arteko tarte huts bat da, edo bi tarte hutsen arteko gela bat. Ez da ahaztu behar horma bakoitzak bi gelatan hartzen duela parte; kanpora begira dauden haiek izan ezik, noski. Eguzkiaren Sorterrian, ondorioz, gelak dira tarteak, eta tarteak, berriz, gelak.

      Edozein etxe, arestian esan bezala, hutsarteak banatzeko sistema bat da, abaraska, sare edo amaraun moduko bat; beraz, esparru nahiko egokia, Hiro, gureak bezalako ezaugarriak dituzten morroi xurgatzaileak alde batetik bestera oharkabean ibili ahal izateko.

 

 

izenaren gainean

 

Egokia iritzi diot txit, sortze berean eman ziguten izenari, baina alderdiotan inork gutxik daki zer esan nahi duen kuroko hitzak, eta Manterolak Neptuno deitzen didan bakoitzean amorru ematen dit. Ez legoke sobran bezeroarentzako gida-liburuxkan bere ezaugarriak azalduko balitu; alegia, Japoniako antzezle-mota bat dela eta laguntzaile lanak egiten dituela. Obra antzeztu bitartean, behar duen guztia ematen dio antzezleari, agertokian egiten diren aldaketak bere ardurapean daude; eta hitzemaile lanak ere egiten ditu egokitzen zaionean.

      Antzertiaren arauari kasu egiten bazaio, ikusezina da lehenik eta behin; ikusezina den bezala kolore beltza bera Japoniako antzokietan. Ez du erakusten, ez du ordezkatzen, gehienez ere bere absentzia adierazten du. Azken batean, itzal bat besterik ez da antze-lanetan. Antzezale porrokatuek diotenez, askoz zailagoa omen da kuroko baten lana, antzezle nagusiarena baino.

      Atzerrira egin baino lehen, Japoniako familia batean eduki ninduten probaketan. Arrats batean, ataritik gertu nenbilela, etxeko ezagun bat agertu zen bisitan. Orbela biltzen ari zen nagusia laneko arroparekin jantzita. Ez ikusiarena egin zion, eta etxean sartu zen, agur egin gabe sikiera. Apain jarri eta dotore jantzi ondoren baizik ez zen itzuli. Orduan egingo zion etorri berriari harrera. Horrela hasi nintzen antzematen zer egon zitekeen gordeta antzertiaren muinean.

 

 

itzalari gorazarre

 

Ateak, hormak eta bionboak bereizteko moduan asmatu ninduten, eta trebakuntza jaso dut angelu, ertz eta beste muga batzuei buruz. Aditua naiz, era berean, paketeak biltzen eta zabaltzen, gelak desegiten eta, gezurra badirudi ere, etxeak ipuin, kontakizun edo pasadizo bihurtzen. Oroimena ere badaukat, eta zenbait mezu emateko gaituta nago, adibidez:

      “Erratzaren biloba naiz”, “leihoren bat irekita dago” edo “bateria gutxi gelditzen zait”.

      Manterolari dagokionez, Hiro, gauzak espero bezala doaz, edo hobeto. Gaur arratsaldean irakurtzen ari zen liburua, esate baterako, ezin egokiagoa iruditu zait bila nabilen atarramentuari begira: In’ei raisan. Egileak —barkatu nire arrandia—, Tanizaki du deitura, eta izena, berriz, ni zurekin erabiltzen ari naizen laburdurari dagokiona: Jun’ichiro. Orduak eman ditu orri artean murgilduta; bukatu arte ez da besaulkitik jaiki.

 

 

nola lortuko dudan?

 

Enpresak asmatu duen azken mirariari esker. Ez dakit ba ote duen asmorik zure barne muinetan ere antzeko zerbait ezartzeko, baina kontua da zenbait etxetan badagoela puntu bat guztiz harrigarria, maizterrak berak ere ezagutzen ez duena. Edozein kurokok badaki non dagoen, eta ukitze bakarrarekin istant batean desarma dezake egitura osoa goitik behera. Oraingoan, hala ere, dena prest daukat eta, gauzak uste bezala ateratzen bazaizkit, beste norbaitek egingo ditu nire lanak.

      Egunen batean Manterolak, berandu baino lehen, iturriren bat irekiko du, botoiren bat zanpatuko du, edo komuneko kateari eragingo dio, ustekabean, inolako susmo txarrik gabe, eta pleguz plegu tolestuko zaio etxea, edozein mapa tolestu ohi den bezala. Ohartu orduko, paperak papera bilduko du, eta liburu barruan geldituko da harrapatuta —Xarparekin baldin bada, hobe— secula seculorum.

      Oraindik ez diot liburuari izenik jarri, baina dagoeneko irrikan nago Manterolaren amorrua pizten duten hutsune horietako batean noiz agertuko.