11
Gaur, zuk eta biok euria entzungo dugu, eme, gozo, zirin daragoio goizaldetik, horrelaxe ari zuen atea jo dutenean, deiadar batean irekitzeko, botako zutela bestela behera. Lardats egiten zuten tantek gelako kristalaren kontra, ilun zegoen, hirurak hamar gutxi, oheburuko mahaian ikusita dakit. Teilatu hegaletik jario mehean amiltzen zen, eta espaloiaren kontra jotzen entzuten zen, ezer ere ez, hari bat. Primerako eguraldia diagu-eta, aguro, esan du hitz egiten zuenak janzten ari nintzela, oinutsik artean. Ni baino gazteagoa zen, euri beltzez zituen bustita gelako argitan distiratsu egin zaizkidan botak. Aldean daramadanarekin nago, bai, eta nola egon naiteke horrela baino, militarren antzeko manta bat eman didaten arren. Entzun nola datorren, gau guztian ari du horrelaxe, inoiz sentitu gabea nintzen karrika uretan irristaka bezala, hain abiadura bizian jaistea, gurpilen zipriztinak dendetako kristalak narrasten. Argiak biztu dituzte leihoren batean, aldamenean neramanak oihu egin dielako dakit, ixteko. Burdinak eta arropak usain handiagoa hartzen dute ura neurrian hartuz gero. Segurua kentzen diotela entzun, busti usaina sudur mintzetan duzula, subfusilen metal hezea begietatik, azaletik odoleraino, tailerreko beruna bezalaxe Arrona ere ez zen ausartu berba aipatzen, saturnismoa bihotzeraino, zainetan barrena gogoraino sartzen zaizula. Egonezina areagotu egiten zait, eta beste nonbaitera eraman nahiko nituzke gogoetak, keizuak ez dit besterik ekartzen uzten baina, euri hau. Horregatik nago, nola esan duzu, aldatua, horregatik ez zaitut hemen ikusten, zertara etorri zara, hemen ez da zuretzako tokirik. Ez nago ziur, baina ez ditut esaten dizkidazun hitz guztiak ulertzen. Desegin egiten dira niregana heltzerako. Zer egiten duzu hemen, eguantzak behar du oraindino, eta nik lotaratu egin nahi nuke, baina euria, etengabeko erori xare hau dut galerazle bakar. Eta orain ixo Zubeldia, begira ezazu kanpora, emaiezu isiltasuna zure hitzei, eta entzun. Entzun euriaren laztana kristalen kontra.
Zubeldiak ez zien mintzatzen baleude bezala leihora hurreratzeke kanpo ilunerantz behatzen zuten begi haiei entzuten. Pentsatu zuen urrun zegoela, bere barneko sakonen baten, inoren esanetarako gordea, ostendua, eta ez zela betirako zaparrada hura atertu arte handik aterako. Baieztapena errepikatzea erabaki zuen, bigarrengoz esan zuela oharturik hitzoi atxikiko zitzaizkiolakoan:
Aldatua hago.
Azkuek begiak langar jarraitu zuen. Koartel aurreko seinaleetara heldu zenean, keinu egin zuen argiekin. Ubel kolorekoa zen. Hiru itzal iruditu zitzaizkion barruan.
Benetan, ez haut ulertzen.
Zubeldiak pentsatu zuen hobe zukeela agertu izan ez balitz, galdu ere zerbait galdu zuela ezer lortuko ez zuen bisitaldi harekin komisarioaren begietara, zegoen bezala egonda Azkue, euritan gehiago bere hitzei arreta emanda baino. Atearen bestaldean zegoen goardiak eztul egin zuen. Bisita luzatzen ari zela esan nahi zuela ulertu zuen. Eta Azkue leihotik salto egiten saiatuko balitz? Aho biak lotzen zituen burdinazko txaplata mehea ikusi zuenean lasaitu zen. Ez zen gertatuko. Azkuerengana egin zuen buruaz. Lehen berak ikusi duen errepidean zituen begiak. Egunaren lehen argiak heltzeke ere, nondik igotzen zen egin zezakeen: soiluneak zituen bazterretan, pinuak ez ziren bertaraino heltzen. Eta haretxeri barrenetik segituta.
Bide hartan ibili nahiko zukeela esan nahi zion Zubeldiari, pinu artetik agudo datorkion lainotan, atertzen-ez-duen-lanbroa izuak puztutako aurpegiaren kontra sentitu, arropen blaia eta ohartu orduko bere begietara ezkutatuko zen zidorra ikusi.
Nahi ez duela ere, hori du barrenerako duen paisaia, ebatzi du Zubeldiak. Mututasun hark bere onetik atera ez zezan utzi gabe, azken ahalegin bat egitea erabaki zuen, ahots lasaiz oso:
Hitz egidak Julen.
Baina Azkueren begiek gorago baino ez zuten egin, bideak gaina hartzen zuenetik gora. Hodeiek bentana estua erakusten zuten ostartetik, ikustezin kasik. Argi baten bi keinu, eta itxaron, laino artean eta euriaren bestaldean oso goian imajinatu zuen iheslekua, ahal izan zuen heinean jarraitu zuena. Beste bi. Biztu eta itzali. Euriaren emana. Biztu eta itzali. Gero batek bestearen ertza jaten, zarratzen ikusi zuen. Beti izan zen horrela, argiak eta betirako ixten diren leihoak. Pentsatu zuen hegazkinek ez diotela inoiz inori lagundu, beti izan dela horrela hemen, bizten eta itzaltzen zen argi hartara bil zezakeela derrota ororen manera.
Laguntza ez da inoiz zerutik etorriko esan zuen begiek laino artean zelatan segitzen zuten bitartean.
Zubeldiak ulertuaren keinua egin zionean zentsorea benaz ari zitzaiola sinetsi nahi izan zuen. Beste uste batek lotu zuen baina, bakeagatik egin ziola baietz, berarekin, barnean zerabilen luiziarekin bat agertu nahi batean. Eta pentsatu zuen Zubeldia bera ere abioien pozean egondakoa zela, haien hegalpetik erauzia zela azken batean zentsoreak estali gogo zuen iraganaren bermerik onena. Baina isildu egin zen. Euria ukitzera ematen zion goizalbak. Eta ukitu egiten zuen.
Zubeldiak ez zuen gertatzen zenaren inguruko ezer maite, ez Azkueren begiak euri hari gaixoaren indarrez begira, ez berbak berak ere: hil, bizi, libre, aberria. Ez ziren pertsonak izaten, hitzak baizik elkarren teman jarraitzen zutenak. Benetan zioen, hizkuntza diferente banatan ari balira bezala zihoakien agortzen baimenez emandako denbora. Hutsaren hurrengo gertatu zitzaizkion egindako ahalegin guztiak. Azkuek hartua zuen jarreraz jabetu orduko jarri zuen zalantzan bere presentzia hutsa, eta hala ere, oraindik laguntza eman ziezaiokeela sinesten zuen. Horregatik mintzatzen zitzaion hain gozo, hitzez beratu nahian bezala.
Esaiek dakikan dena. Nik ere irakurria dudala.
Haizealdi batek zakarrago ekarri zuen erasoa leihora. Inprimategian harrapatu zuen gaua zekarkion gogora eguraldi hark.
Orduan baino ez haute bakean utziko.
Bakea imajinatu zuen: ihesaldia baso hartan barrena, lainoaren zama gorputzaren gainean. Bustiarekin, handiagoa inguruaren usaina, ekarri dutenean uniformeen tergala eta burdina bezalaxe, biderkatua, gurariak berak lezakeen beste. Pentsatu zuen Zubeldiak ez ziola ulertuko ihes egitea bake izatearena, ihesa beti herioa, estuasuna izanik besteen oinotsak zeure xerka, adar hautsietan, galipot gaineko ibilera presatuan gero eta gertuago, hatsa atzematen sumatzen dituzula. Ordea zer da bakea bera aldaketa nahia baino, muturreko egoeretan bederen, Zubeldia. Hari horretatik ezer ez ematea zukeen onena, hobe erantzun sotilagoa.
Ez naute baina bakean inoiz utziko goratu egin zuen boza. Zeuk ere badakizu horrenbeste.
Bere burua libre sentitzen zuen ametsera itzuli zen. Gainalde soildu batean etzan zen, aratinik eta begiak euriak uzten zion biltzekeen. Zerbait aldatua zen. Orain ez zuen inor atzetik, jarraiketa amaitua zen eta ez zen euria belarretan iltzatzen baino entzuten. Berun argiko zegoen ortzea. Ez al zuen norbaitek oihu egin? Euriak ez du oihurik egiten. Ahoa ireki zion ortzeari, lanbro meheak ordura arte ezerk ez bezala kilimatu zuen ezpain mamietan. Lehorrean geratu gara, pentsatu zuen. Inesen malkoak, bereak. Maitasunik gabeko bizitza bat, euri hartan, belar sail harekin. Eta hala ere, litekeena da bizitzea. Bete-betean zabaldu zituen, argi ahuletan irakurtzeko egin ohi zuen moduan. Berez gertatu zen: urez bete zitzaizkion begi hobiak, azukrezkoak balira bezala astiro urtu arte.
Lehen aldean ozen egin zuen eztul orain zelatariak. Zubeldiak ez zuen atzar emateko asti gehiagorik, zerbait joana zen leihotik sartzen hasia zen argitasun harekin batera. Kanpora begiratu zuen. Trasladoetarako furgoneta bat heldu berria zen atarira, nabarmenkiro lokaztuak alboak. Argi iziotuak itzaltzen ikusi zuten biek. Hurrengo bizten zirenean, ondoan zeukan gizona eramango zuen barruan.
Julen, dana emon biar yako ez duk itsu-itsuan hartzeko.
Azkuek erdeinuz begiratu zion. Zimurretan igerri zion hau isilean gordetzen saiatu zena, gelan sartu zutenetik zekiela Donostiara eramango zutela. Orain ez zezakeen amaraun hartatik kanpo ikusi: munstroaren giza alderdia. Ez zuen gauza batez baino pentsatzen, Zubeldia Poliziak ekarri du hara. Eta halarik ere, bazekien errukarri agertzen ari zela zentsorearen begietara. Hala zen. Erruki zion. Euriaren eroria bezain astiro berrikusi zuen gau luzea. Azkue atxilotu duteneko berri eman dion emakume ahotsa goizaldean, eta hotzikara: badaki zioa. Loari ebatsiriko irudien parrastada hura. Kamio ondoko harrizko petrilak ilunpetan, ibai handituaren hotsa, gidatzea eragozten zion kristal itsutua, baimena eskatu beharreko bisita. Zertarako.
Emaiek nire izena. Liburua ez duk inoiz argitaratuko.
Orain isildu egingo ziren berriro ere. Likea balitz bezala irristatuko zen lanbroa leihoko argian behera. Gerra egin ez izanaren damua bezalaxe, berdin hiltzea ala ez. Ez zion esango.
Ez dute hori nahi, eta ez dakit benetan ari zatzaizkidan liburuarena diozunean. Amarrua ote den, ala zu ere azken batean ez al zaren makina handi honen piezarik galduena, liburuen begi, berariz hautsiaren zirrara, baina azkena, gurpilik itsuena. Begira ingurura Zubeldia, non gauden, ez da posible zeure indarrean benetan sinestea, laguntzakoenak arindu ditzakezunaren uste hutsa izatea, ekarri zuen bere baitara Azkuek. Letxeraz zuritutako pareten kontra pilaturiko artxibo itxiei so egingo zien. Gehiegi herri bateko koartel baterako.
Zubeldiak aurrez aurre zuen gizonarengan pentsatu zuen. Bera ere horietarik izan zen. Azkueren lekuan egon ez zedin egindakoaz oroitu zen. Garaiz hartutako erabakia. Ez zen besterik bi gizonak banatzen zituena, horregatik min ematen zion orain; bera izan zitekeen. Gertaerek ez lukete gizonen artekoa inoiz baldintzatu beharko, beti daude arrazoiak. Uzkudun etorri zitzaion, zer da baina traizioa? Traidorea deitu zioten lehen aldira doakio gogoa. Ulertzen zuen Azkueren begi urdinek adierazi nahi ziotena. Ez, berak ere ez du ikasi barkatzen, bere burua haien baitatik betirako aldentzen ikasi ez duen bezala.
Laster esango zidatek irteteko atearen bestaldeko hotsengatik zekien. Urratsak, murmurio ito heltzen ziren ahots desberdinak. Barrenean ez zeraman lasaitasuna erakusten ari zen.
Nor abisatu behar da, galdegingo zion.
Inor ere ez:
Begi errauts handiez erakarri zuen berarengana. Hiru aste pasatu ziren trumoiak harrapatu zituenetik. Afari legea prestatzeko janariarekin zetorren karrikan gora Ines ikusi zuenean bebarruko atean. Barrurako bidea ematen zion gizonaren besoa sentitu zuen gerri gainean, eta aspaldidanik bazetorrena burura heltzen ari zela pentsatu zuen. Iluna emateko itxi zen atea bien gibelean. Elkarri egin ziezaioketen mina, zaila izanik ere, erabakia zuen hutsa izan behar zuela. Ordura arteko ez bezalako perzepzioa zen hura, urtsuagoa zirudien arnasak. Hespilean baino ausartago eskaini zizkion ezpainak gizonak, garratzegiak emakumearentzat. Zerbait hasi baino zerbait amaitu zela etorri zitzaion Inesi, eta presaka, Julenek eskutik oratuta igan zituzten estropozoka zurezko eskailerak. Etxean sartu orduko, Azkue zen biluzten zuena, berak gizonari bildots begiak iruditu zitzaizkionaz behatzen zion. Ez ziren inora helduko, alfonbra gainean etzan ziren, eta Jabierregatik galdetuko zion, horrela harrapa ez zitzan. Gero, falta zitzaizkionak erantziko zizkion, zerabilen sentimendua ere guztiz gorririk utzi arte. Julenen begietan aterpe hartzen ahalegindu ziren Inesenak, baina gizona ez zegoen berarekin. Eskuek gizonaren bizkarrera, masail teinkatuen bila egingo zuten Azkuerenek adatsa nahasten zioten bitartean. Indarrez eusten zioten, izerditzen sentitu zituen bereak. Haizeak astindutako egunkari batek bezala egin zuen dardar definitzen asmatuko ez zuen zeozerk mugimendu takar, bulkada harro haien pean. Betiko hormek, etxekotasunak bestelako itxura zuen orain, aratinik zetzala, eta lotsa antzeko bat nabaritu zuen. Gizonak ahur bilduaz bozatuko zion ahoa, eta Inesek horzkada txikiak emango zizkion ahosabaian geratuko zitzaion berun zaporeko azalari. Gero, bere ondotik joan ez zedin erregutuko zuen. Udaberri azkenetako sargori usaina etorri zitzaion, nonbaiten lehertua bezala, baina Azkue prakak lotzen hasia zen. Sukaldeko erlojuaren bidea entzuten zuen. Gizonak Ines haserraraziko zuen zerbaitetan pentsatu zuen, biluztasunean egingo ez zion galdera bat. Makurtu eta sabelpeko biribiltasun leunduan musu eman zionean, uste dut maite zaitudala esan zuen.
Lo ezak ekarritako urduritasunak bizkortu egiten zion memoria. Bost, sei segundu baino ez du iraun txinpartak, animaliazko desio zaparradak, sentimenduen eztanda desorekatuak, eta hala ere gogoenean zuen oraindik Inesen lehenbiziko malgu usain hura. Eta Zubeldiak entzun ez balio bezala errepikatu zion Julen Azkuek: inor ere ez.
Bakarrik geratuko zen. Zubeldiak besteen esku utziko du, eta harritu ere egin da zentsorearen presentziak une batez eman dion babesagatik, orain, kalerako prestatzen ikusten duenean, zerbait galtzen ari balitz bezala gertatzen da dena. Sinestea erabaki du, benetan ari zitzaion liburuarena aitortzeko, bere izena emateko esan dionean. Etorkizuna elkar ezagutzen ez duten milaka letra kajoitxoz dago osatua, tartean-tartean inoiz elkartzen direnak. Zubeldiarekin egon den azkenetan, beti izan da bat bestearen usainera hurreratu dena, beti izan da bestea norberaren arnasa neurtzen. Horra letra urtuak, berunezko bi etorkizun bakar batean. Zubeldia bere lanean. Garbi dauka, ez du Huitzigatik sentitzen duena sentitzen aurrean duen gizon harengatik, eta hala ere, ez da herra.
Ahultzen igerri du bere burua, eta ez dio berbarik egingo gelan jo bata eta jo bestea alderik alde urduritzen hasia den Zubeldiari. Furgoneta ikusi orduko susmatu duena baieztatuko dio, hitzez azkenean; Donostiara eramango haute. Azkuek ez zuen erantzungo, berriro gordea zen haren arima leihotik goiz ateri berriari so zegoen gorputzaren ezkutalekuetan. Gelako giroak hotz orratzak sartuko dizkio lepazurrean aterantz egin duen Zubeldiari. Kanpotik irekitzen den atea, ezetz egin dio zaindariak buruaz. Ez dio gehiegi ekingo. Kristalean ikusi ditu bi islak. Behean, furgoneta garbitzera doaz, aharrausi egin eta goraino betetzen du baldea. Bere baitan egosi du, beranduegi azken ahalegina eskertzeko.
Egunon esan zuen ezagutzen ez zuen ahots batek bere atzean.
Zubeldia atetik behako tristea egiten duen gizona baino ez da orain, sartu berriaren aurrean hitzik egin gabe joan dena. Berrogei bat urte izango zituen eta ezpala bezain iharra, errespetoa baino nolabaiteko babesa eskaintzen zuen aurpegia. Izenik eman gabe, kaleko jantziz aurkeztu zen, zortea eduki duk gurekin, hauek goardia zibilengatik ari zen ez ditek pertsona eta zakurraren artean bereizten, esan zion. Julen Azkuek hormetara begiratu zuen, lehenbizikoz han sartu zutenetik.
Editorea beraz, interesgarria.
Hala-hola adierazten zuen keinua egin zuen.
Garbi esango dizut. Ez dut uste ezer daukazunik.
Sartu orduko zekiela asmatzen zeinek zuen zeozer eta zeinek ez. Gero literatura zenbat maite duen erakusten ahalegindu zen, errealitateari gainak hartzearen artea, beste begi batzuk, esango zuen. Azkuek irakurri gabe zeuzkan autoreengatik galdetu zion, ea zer zeritzen, poesia maite zuela izugarri, frantsesak, Verlaine, Baudelaire, Valery. Abezearen klabean hitz egiten zuen, aipamen guzti haiek esku-liburuetatik ikasiak balitu bezala eman zion Azkueri. Baina Rimbaud bezalakorik ez dela inoiz egon, indarra du, bota zuen, ez beste marikoi horrek bezala. Zeozergatik fusilatu zutela erantsi zionean, zeinengatik ari zen ulertu zuen; ikasitakotik gehiegi aldentzen ari zela iruditu zitzaion ezer ez jakiteko. Erdi egia bat aitortu zion: berari ere ez zitzaion lar gustatzen. Esan eta batera ohartu zen zerbait beratu zela bere barruan. Ondo etortzearen jolasean ohartzeke eman zuen lehen urratsa. Komisaldegietatik pasatutakoei entzundakoetatik xehetu zuen ondorioa; polizia onarena egiten duena zen.
Ez dut uste zure kultura duen inork inongo saltsatan sartzeko beharrik duenik. Tipo zintzoa ematen duzu.
Baliteke, pentsatu zuen Azkuek, baina ez zegoen han kultura zuelako, gezurra gainera, interrogatua izateko baizik. Urduritu egiten zuen galdera zehatzekin ez hasteak, esku bero hura sorbalda gainean. Kontrakorik ere bazen baina, literaturaren aipamen haiek lasaitu ere egin zuten, bazitekeen Huitziren liburua izatea zioa hortik hasi bada,deus gutxi beraz. Ordura arte ukiturik ez egiteak esan nahi zuen zerbait; bestalde, behin horretara etorrita, ziur egon nahiko zuen, Zubeldia zikinduko zen horrenbeste.
Behera jaitsiko zutela ohartarazi zuen, pare bat ordu, zigarrorik nahi duen, ziegan ezingo duela erre eta. Berarentzat bat ateratzen eta ahoratzen zuela, Azkuek oso-osorik ulertu ez zuen zerbait gehitu zuen frantses baldar batean, olerki zati bat zela pentsatu zuen. Itxaron, ez beti etorkizunari, halako zerbait. Zuriegi marraztu zitzaion irribarreaz agurtu zuen.
Furgoneta atondu arte.
Zoru gainean esertzea erabaki zuen. Elkarrizketak lasaitu egin zuen, ezin zezakeen uka. Ez zen gehiegirik biluztu, ez zien bere barnerik eman haien begiei, ez komisarioarenei, ezta Zubeldia berari ere, eta horrek beste aldarte bateko utzi zuen. Euria ariko zuen berriro ere kale bustien gainean. Ume ahotsak entzun uste zituen, oihartzun urruneko eta galdua, harria gorria badabil!, euritan galtzen direnak, ez dabil! oihuka. Ziega barruan baleude bezala irudikatzen zituenak, hiru hiru sei, eta hiru bederatzi kontatzen. Guztiak kanpotik entzun eta han egon, alaitasunetik metro batzuetara. Eta ulertu. Egunargi. Jabier harritua inprimategia irekitzera agertu ez delako. Mutilak ez zion inoiz onartu amarekikoa. Noiztik dakite. Lasaitasuna gorde behar zuela konprenitu zuen. Noiztik. Paketeak. Berariz ez zituen bi berdin egin. Lasaitasuna, errepikatuko zion bere buruari. Eskolara doaz, pentsatu zuen. Tua eman zion esku inurrituari. Bederatziak ez oraindik.
Bi ordu pasa zeramala ohartu zen, ez zitzaizkion bila joan. Aldi luzea da irratia entzuten dela atearen bestaldean, ziegen pasiloan, baina musikak ez du handik eramaterik lortzen. Hormen hezetasunean bigun egiten du azkazalak, amaitzen ez duen berba baten lehen letrak baino ez ditu idatzi. Irratizko isiltasun hura eta galdera ezinbestean, nondik datorkigu herio hau, arnasa galeraztera etzaten den itomen aipaezina. Begiak itxi eta zabaltzera jolastu zen, aurreko horma hurreratu orduko atzeratu eta kolorez aldatzen.
Nekeak Azkueren begi zelaiak hartu zituen. Itxi eta gehiago ez zabaltzea desiratu zuen, gauaren haizaldean balkoian geratzea erabaki zuenean legez. Hilda egon nahi izan zuen gauaz oroitu zen. Zapaten lokarriak kendu zizkioten ziegara sartu zutenean. Irratitik are gehiago asaldatu zuen berri baten zantzuak ulertu uste izan zituen. Norbaitek aparailua ate atzeraino hurbildua zuen; Bilbon jendea atxilotu zuten. Itxi eta gehiago ez zabaldu, Irlandako zoikaztegietan aurkitu zituzten gizon armatu, soldadu biluzi antigoaleko haietxek bezala, ondorengoentzat lo. Haragi gogor bilakatu. Baina gogoa handik ordu, minutu batzuetarako orain zegoen ziega bertaraino zihoakion ihesi: atea zabalduko zuten, bortxaz.
Editorea beraz esango zion handienak. Paisanozkoak eskuak poltsikoetan zituela geratu zen ate ondoan.
Bai erantzungo zuen.
Jiratzerakoan sentituko zuen kolpea belarri ondoan. Burua tomate heldu bat bezala lehertuko zitzaion, eta halarik ere, irekiak ez zuen jariorik. Odolak abandonatu egin zuela pentsatuko zuen, duela hilabete batzuk bere anaia abandonatu zuen bezala. Ez zen jaikiko. Behegain hotzaren kontra mantenduko zuen belarria, eta geldi, arratoien aztarka amorratua entzungo ziegaren sabelean. Aditu egin zezakeen, euria ari zuen berriro ere. Errekak hobietan barrena amiltzen ziren, eta begiak itxita, leihoko kristalak nola astintzen zituen ikusita gozatuko zitzaizkion barrenak. Alferrik zen, ez zuen saihetsak eta barrabilak kolpatzen zizkion bota entzuten. Itzali ezin duen isiltasuna begi bilduetan. Hasiera baino ez zela pentsatu zuen. Euria ari zuen berriro ere larreetan. Atertu gabe aritu zuen hilerriko malda igo zuten bitartean. Julen Azkuek gorbataren korapiloa estutu zuen. Behean, herriko argiek dardar egiten zuten. Goazen, esan zuen. Bustita zegoen. Euriaren indarrez egiten zuen ihesi gogoak anaia zetzanera, inoiz ikusi duen muinorik ederrena, lanbroak laztandua, itsaso aldera etzana.