Emon biar yako
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
azala: Lucian Freud
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1989, poesia
1986, poesia
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
aurkibidea
 

 

3

 

Oinez joatea erabaki zuen. Zer erremedio bestalde auto zahar harekin, bateko karburadorea ez bazen kontaktuari eman orduko platinoak errearazten zizkion bobina alu hura, bazuen beti konpondu beharrekorik, kezkaren bat beti ere, lehendik nahikorik ez balu bezala. Inprimategiko atea kolpe bakarrez itxi eta karrikan gora jo zuen aurrena. Zikina egin zaio, zabor poltsak zakurren batek uxarka lehertu balitu bezala. Harritu ere egin da, bada latorrizko ontziak baino ez dituen bat. Haiek ikusita?, paketea ahaztu zuela gogoratu zuen. Jiratu, eta egindako bideari ekin zion, bestaldeko espaloitik oraingoan. Muxin zegoen. Aukeran, nahiago zuen euritan ibili beharra hezurrak ere hotzez erretzen zizkion haize min hura baino.

        Argirik biztu gabe sartu zen bulegoan. Kanpoko atea zarratuta ere, sarraila eskuarekin ukigabe idoro, giltza lehenengoan sartu, erdiko kajoia ireki eta paketea topatzen baietz denbora berean asmatu egingo lioke lepoa edozeini. Ohitura zuen hartua. Orduantxe sentitu zituen, komun ondoko paper hondatuaren ontziaren pean, inoiz baino azantza handiagoa atereaz, makinak itzalita eta langileak falta zirela eta nabarmenago. Zokaloko zura ezpaltzen ariko ziren. Asteburu oso bat hartu beharko zuen, ahal zuen guztia libratu, makina eta apalategi arinenak erdiratu eta zulo guztiak porlanez estaltzeko. Laguntza pixka bat ere gaizki ez. Kristal xehetua nahastuko dio masari, itxi dira zeruko ateak gazteok. Botilak beharko zituen, Igartuari eskatuak. Zuloak bederen. Izua sortzeko moduko zulo lotsagarri haiek. Bila hasita ere, auskalo non dituzten-eta habiak.

        Paketea listaritik oratuta, bi bueltaz itxi zuen bulegoko atea. Hainbeste urteren poderioz, gogoko egin zitzaion azkenerako tinten usaina. Kalekora heldu baino lehen gelditu zen azken aldikoz. Begiek ate zirrikitutik sartzen zen argi bertikala saihestu eta isilik lotu zen, oinak behegainean tenk. Lau, bost, sei segundu. Ezer ere ez. Zortzi, bederatzi. Arrapalada batean sumatu zituen, komun ondoko paper multzo zimurtupetik bulego azpiko aterako bidean. Atepean egongo ziren, mintz hezeak tarterik zabalenaren bila. Lehenbailehen beharko zuen. Datorren larunbatean.

        Plaza hutsetik gora heldu zen kale bururaino. Geltokirako bidea hartu zuen. Platanondo sustraiak hasiak ziren lauza jarri berriak harrotzen. Harriak usteltzen zirudien bere oinpean, airea zuten faltan. Bide estuegia zen hura hainbeste kamioirentzako. Ez da askorik aldatu Igartuaneko argazkitik hona, tximista bat bezala pasatu zitzaion irudia. Han zuen Igartuak, pilotari eta ukabilkada seguruko boxeolarien argazki trakets enmarkatu haien artean. Fundiziotik zepa garraioan zeramaten kamioiak falta ziren fotoan, udaberri aldera beharrera bizikletaz zihoazenak bide bazterrean, eragin mantsoan, hainbeste ikasita honezkero jaitsi beharrik gabe eta gurpilek harroturiko hautsari aurpegia ukatuta. Arbolak bai haziagoak, baina ez etxe berririk zeru eta lur zati hartan. Jakin gabe errespetatzen ditu gizonak argazkiak. Zerbait zuzendu nahi izan du, baina ez daki zer. Harantzago egin zituzten sei pisuko etxebizitza berriak, adreilu gorrikoak, trenbideak etendako alorraren bestaldean, pare bat zentimetro markotik kanpo, eskubi aldera inondik ere. Haientzat izan zen trenbidepean egin zen lehen pasalekua. Orain kamioien joan-etorriekin hain itoa gelditu dena.

        Zaharra iritzi zion Igartuaneko fotoari. Ondo ezagutzen zuen. Jaietako programaren batetik, kalitate negargarriko klitxe apaisatu batean urteetan horman esekia izan zuena, noizkoa.

        Trena heltzen ikusi zuen urrunetik, artean bidea zuela egiteko. Heldu zenerako, irteteko agintzen zion txistuaren hotsak eman zion ongietorria. Larri ibili beharko zukeen benetan hartzekotan.

        Hilabete pare bat bai ez zela geltokira hurbildu ere egin. Honela gogorarazi zion Arronak.

        —Zer dugu Julen? —ederra zuen ahotsa, tabakoak urtetan laztua, irratirako modukoa.

        —Hementxe.

        Beti hitz egin behar izaten zuen haria eskuan zuela:

        —Zeozertara etorriko hintzen ba.

        Zeozertara, zerbaiten susmoa beti aurretik duenaren eran jardungo zion.

        —Bisitan.

        Mahai gainean utzi zuen paketea. Listariak egindako erreari eman zion begia. Nekosoa zitzaion atzamarrak mugitzea, gorritasun meheak salatzen zuen azal mindua. Eskua hersten eta zabaltzen aritzeak mesede egiten zion. Orri koadrikulatu bat hartu zuen Arronak mahai gaineko apaletik. Boligrafo gorriz idatzi zuen lehendabizi. Urdinez ostean haren gainean. Zenbakiak, hiruzpalau. Nahasia zuen mahai gaina, traste txiki elemenia. Ordutegi orriak. Boligrafo errekanbioak. Zirriborroz betetako oharrak.

        Puntu eta marrako klabea egiaztatu beharrik gabe, telefono gidarrari eragiten ikusi zuen. Galdetu behar dio nola dabilen. Irten du. Trena bere geltokitik aurrera zihoala esaten ari zitzaion, laster batean zuela berean. Esangabe jakingo zuen bestaldekoak noiz ikusiko zuen sartzen azken bihurgunean, esku hezurtsuak, azken aldian edanak ere seguruen dardarrean jarriak, trena geltokirantz bideratzen. Makaltzen sentituko zuen orduan, zain zegoen jendea atzerantz egiten, umeen esku txikiei babesgarri eusten handiagoek, eta orduan eskatuko zuen inork minik ez hartzea barruan zetozenetatik norbait gelditu baino lehen jaistekotan. Labur mintzatu zen Arrona, alfer hitzik gabe, ohiturak dakarren zakartasunez. Irten du.

        Bi hitz zituen Arronaren egunerokotasunak. Berba sotil haietara biltzen zitzaion egun guztia, hogeita lau ordutako arrisku posible oro. Irten du. Honela pasatzen zioten elkarri beldurraren zama. Istripua. Karga desagertzea. Bere burua itzal arin bilakaturik trenbidera bota duenen bat. Gertatu egin izan baitzen.

        Ea betikoa duen galdegin dio. Betikoa. Betiko orduan. Arazo txiki bat dagoela, Arronak. Aldatua dagoela erreleboa eta berria dela, makinista ez dagoela jakinaren gainean. Egoteko lasai baina, itxaron dezala apur batean. Bertaratzekoa da, bai, gaur bertan, hamar minutu barru dutela han. Hamar minutu, bai.

        Aurrez-aurre zuen posterrean emakume eder bat eta honi hatza nabarmenegi luzatuta erlojua erakusten dion geltoki-buru bat agertzen dira, trena galdu duelako jazartuta hura. Trenen garaiz ibiltzeari buruzko eslogan bat izango dela esango lukeazpian dakarren esaldia, frantsesez hala ulertuta. Eta bestea? Alemanez? Flandieraz dela erantzun dio Arronak. Belgikatik ezagutzen ez duen lagun batek ekarria.

        —Egongo gaituk, ez diat presarik.

        Orduan ohartu da ez dela gelako dekorazio elementu berri bakarra. Norbaitek oparirik beldurgarriena egin dio Arronari. Tren bat zubian behera eroria, jendea igerian bagoietatik irten ezinean, lehorretik poxpolu itxura ematen dien gizon eta emakume batzuek adore izateko keinuak egiten dituzten bitartean. Beso bakarrak ageri dira uraren azalean airearen kirtenei heldu nahian. Jendearen ahotan laguntza eskeak jartzea bakarrik falta da. Oraindik oleoz zikinduta izango ditu eskuak koadroa sinatu ez duen hiltzaileak, eta ez dio iritzirik emango.

        Mutil garaia zen. Sasoikoa. Ilea beltz, belarri ertzeraino luzatzen zitzaizkion patilak, bizarra ondo eginda, Robla-ko linean nagusi gogorren batekin egina nonbait makinista praktikak. Harrizkoak ikusi zizkion begiak Julen Azkuek behingoko iruditu zitzaion emetasunez jarri zionean Arronak paketea esku artean.

        —Zer da? —begiratu batera agerian ez izenik ez helbiderik ez ikustean zurtu da hau.

        —Liburuak —erantzun dio Arronak. Berearen aldean hotza du ahotsa faktorrak, honela deritzo Azkuek. Ondo ari da, bakoitza bere lekuan, sinetsita egiten ez badu ere.

        —Euskarazkoak, jakina —Juleni begirik kentzeke gaztea—. Legalak izango dira horregatik?

        —Adarrik ez niri —sartu da Arrona makinistaren begietan—. Beraiek azalduko zaizkik jasotzera.

        Burubiko motor hungariarra ikusi uste izan du Julenek hurrengo geltokiko nagusiaren begirada nekatuan, zeru atal batekin ekialdean. Bagoi bat gero. Eta beste bat. Ilunago pintatutako bat ostean. Posta. Atzean gelditu da bihurgunea eta malkarreko soroaren ederra, eguzkiak behar lukeen alderantz etzanda dagoen belar beltza. Orain bere garita atzean dagoen arren ikusi ezin duen orratzainak jarria du bide artezean. Eta hor dator, bareztua. Atzera egingo du jendeak. Izu begiz baina inoiz gutxitan bezala ikusitako irriz egingo dute atzera umeek. Ez du inork jauzi egin, atea zabalduta zenbait buru ikusten baditu ere jaisteko imintzioz, elkarren gainean, haizearen kontra begira guztiak, itxaroten zeuden bakanen artean aurpegiren bat identifikatu nahian agian. Eta galgek irristaka geldiarazi dute arratsaldeko lehen tren hura, muturrak nasa hasierarekin bat egin duen arte. Atzerantz egin du segundu laurden batean. Zanbuluka ikusi du jendea bagoi barruetan.

        —Ondo da. Norako? —galdetu du mutil garaiak.

        Ume bat balitz bezala eusten dio paketeari, zer gerta ere, bertan erori eta hausteko beldurrez.

        —Bilborako —gero eta petralago Arronak.

        —Norako? —ezpain ertza goratuz masail mamiak ia begia itxi dio—. Han euskaldunik ba al dago barren?

        —Hi bezalakorik ez behintzat.

        Eta trenera igotzen ikusiko ditu Azkuek, eta musualde aratzak leihoaren kontra, ileak laztanka orrazten dituen esku bat, haize mehea bandera gorri bildua —edo berdea izaten da?— altxatu duen eskua gogortzen. Hotzegi dago elurra egiteko.

        —Esan diat. Egingo dik —bota dio makinistak agurrik gabe aldegin duen orduko.

        Ez zuen, paketearena burutik kenduta, martxa egiteko gogorik azaldu. Honela iritzi zion Arronak, atzea emanda trenbide aldera zeraman atetik so ikusi zuenean. Zabalak zituen bizkarrak, lasa beso motzak gorputzetik gertu, eskuek poltsikoetatik gainezka egin baliote bezala.

        —Noiz datorkik hurrengoa? —galdetu dio atzea emateari utzi gabe, begiak argi indarraren harien bide egiten.

        —Berrogeita bi minutu barru, Eibarrera —erlojuari begiratu gabe, ausaz harpa gogoz, Brusselako geltoki-buruaren orpotik.

        Trenei irteera emateko baino janzten ez zuen gainalde zapaleko kapela gorria aulki burutik hartu eta mahai gainean ezarri zuen, lehenxeago paketea utzia zuen bazter berean.

        —Zer ba?

        —Goazen hadi kanpora.

        Herdoilak ate ertzak ugertutako bagoiak husten ari ziren biltegikoak. Irten orduko, nagusiena zirudienarekin hitz egiten geratu zen Arrona. Aurrera jarraitzen ikusi zuten. Gaztainondozko otarreak, galtzairu plantxak, arratsalde osoa beharko zuten guzti hura barrura sartu, bere lekuan egokitu eta besteak etortzerako dena gertu izateko. Honela zuritzen ziola entzun zuen bere atzean Azkuek. Harrapatuko zuen nahi bazuen.

        Luzegabe sentitu zituen Arronaren oinotsak, harritxintxorretan zart-zart, bereen gainetik. Mendiaren kontra zegoen geltokia, laiotza behar zuen lekuak nahitanahiez. Ez zion mesederik egingo Arronaren bizkarrari, hain egiten zitzaion zokoa. Eguzkiak ez zuen txarrantxatik mendirantzakorik urtzen.

        Lainotuta zegoen arren malkarraren itzalari ihesi jo zuten zabalera. Bidegorriari ekin zioten, hitzik egin gabe elkarri, urrats bakoitza errezelo bilakaturik ezinbestean faktorrarentzat. Txori baten txortxorra. Sasiak astinduz hega zabalez irten zuten hego beltzeskek. Honek ba dik zeozer, hori etorri zitzaion aho itxira Arronari.

        —Presoak zer? —galdegin zion tupustean Azkuek bertatik bertara, tunel begiaren parean biak.

        Susmo zaharraren usaina hartu zion bide ondoko larrari Arronak. Baziren pertsonen barruan barik inguruetara zabaltzen zirenak. Txarrantxari eman zion begia, hesola jarri berriekin, muturrak berritan erreta lur hezean sartzerakoan aise ustel ez zitezen.

        —Zer preso? —galdera itzultzean erantzun egoki baten bila aritzeko segundu batzuk gehiago zituela jabetu zen Arrona. Ezin baina atzera egin. Gainera datorkio. Oinez segitu zuen, bidetik irtenda asun zapaltzen.

        —Hik askatzen lagundu behar hituenak.

        Susmo usainak larrean behera egin zuen, iparrak eramana, inguruko hosto eta sasi zotz iharrak bereganatu zituela, denek entzuteko moduan. Hesipetik igaro eta fundizio atariraino heltzen sumatu zuen. Garbi heltzen zitzaien labeen marruma hotsa, mundua behin eta berriro egosten. Baina galtzairuak ez du borondaterik, pisua besterik ez. Gau eta egun mantentzen zituzten hutsik gabe biztuta, belarriak dituenak badaki. Han zuen. Beha.

        —Begira Julen —eten egin zitzaion hitza. Harrapatua ikusi zuen bere burua. Bidegorrian behera egingo zuen, korrika egin gabe, zankada handiz. Bazekien, beti egon duk Julen jakinaren gainean. Birao bat lehertu zitzaion hortz artean. Ez zuen beherako imintziorik egin. Txorimaloa zen orain, ale heldurik gabeko alor baten zaindari, urki egurrezko hanka bakarra zokor artean, bere barruaren preso, tenterako edo etzanerako baino ez.

        Sartu gabeko hesolak erreparatu zituen saihetsean, elkarren gainean luzetara metatuak.

        —Ez zekiat nola dakikan, baina ezetza ematea libre izango duk bada, ez? —ahotsak dardar egin ziola dago, ez zuen hura eman zezakeen erantzunik egokiena.

        Hots sikua atera zuen labeak, metalezko atzaparra aire urria itotzen.

        —Eta orduan ondo aterata ere, zer? —jarraitu zuen Arronak. Irabaz zezakeen aurpegia berak beste hartuz gero—. Garbi egongo huke nor izan zen trena bere bidetik atera zuena. Horrelako txapuzak galduko ditek hemen onena ere. Gauzak ez dituk horrela egiten.

        Hotz egiten zuen. Ozenegi aritu nauk, jaio zaio. Biltegirantz begiratu zuen. Beren lanean ari ziren beheko biak, gizon baten luzerako egurrezko kutxa nasa gainera ekarri ezinean. Astuna zirudien. Hirugarrenaren izena entzun zuen —Esteban—, laguntzera joan zekien.

        Lurra bota zion lurrari:

        —Gauzak ez dituk horrela egiten.

        Su geldoan egosia, berunezkoa zen ortzea bi gizonen gainean, astunagoa bazkalosteko lehen orduak aurrera egin ahala. Egingo ez egingo zebilen azken asteetan. Eta ez zuen berandu. Bazekien maiatzean ere egiten. Elur itxura zekarren. Gauez agian, errazagoa beti ere, hainbestekorik egin ez balu. Asteak zeramatzaten elkarrekin berbarik egin gabe. Bien artean zerbait hozten ari zela goganbehartu zen Arrona. Tartekatuagoa ezezik guritasun guztia galtzen ari zen elkarrekikoa. Asun zapalduen gainean makurtzen ikusi zuen, beharbada berak zerabiltzan gogoeta berdinekin. Orduan sumatu zuen so zituen begien indarra, aiher-aiherrik mami zuri bila zebiltzan bi bala zuri.

        —Ez nauk kontuak eskatzera etorri.

        —Ez, baina lasai ederrean bota duk —haria eteteke Arronak.

        Dago jarraitu beharra duela laido egiten ez dion bitartean.

        —Begira Julen —ondo esan nahi zuen—; ni euskalduna nauk, eta Euskal Herrian bizi nahi diat.

        —Eta?

        —Galtzekoak baino ez ditugula.

        Lokaztuak zituen oinetakoak, oin bi elkarri begira, babes bila baleude bezala barrenerantz okertuak. Bereei begiratu zien. Hartuak zituen galtza barrenak, bernaezurrean gora zipriztinak.

        —Galtzekoak baino ez. Ez zegok gaizki pentsatua.

        Ezin jakin nola, beti heltzen da; saminez gogoratu zuen, Arronak pentsa uste izan duen eran. Azken aldian gantzutzen, zainak lohitzen ari zitzaizkiola pentsatu zuen, eta behin gogortzen utziz gero zailagoa izango zutela, biak beti ere, egunerokotasunean urtzea.

        —Hurrengoan hasi hadi hortik.

        Aurrera egin zuen trenak tarte batean, hustuta ziruditen bagoietako ateak zabalik. Morroiloz hersteko agindu zien Arronak bidezidorretik irtenda. Hatzak ezpainetara eramanda egin zuen txistu. Hiruretan gazteenak, borra eskuan, ateko burdinan joaz geldiarazi zuen bagoia, aurrekoekin lehenago egin zuen bezala biltegi atarian. Arrotz egin zitzaion krankatekoaz gelditu zen. Itxitako atea ireki nahian zebilen orain borraduna. Beltzuri, bakarrik moldatu beharko zuela esaten ziotela entzun zuten bi gizonek goitik. Azkena bide zuten.

        —Lehen ere etorri zitzaizkian.

        —Noiz lehen —galdetzeke esan du, behar baino gehiago ari zitzaiola tiraka iruditu zitzaion Arronari.

        —Zenbat tren deskarrilarazi dira hemen?

        —Aspaldiko kontuekin hator.

        —Hasi ez denak ez dik aspaldirik.

        —Ni gabe ere berdin-berdin egin ziaten nik egin nezakeena.

        —Eta? —hitz gutxirekin zebilen Azkue. Zituen guztiak erakutsi gabe erasotzen ziola irabaztekoak zituen.

        —Harrapatu egin zituztela. Ez daukak trena bere horretatik atera eta hanka egiterik. Beti zegok hariren bat agerian.

        —Adurra.

        —Ez, begipean zeuzkatean —jarraitu zuen faktorrak, azalpenaren beharrez jabetuta—. Errail txerri haiek azkenean askatu zituztenerako bazekitean nor ziren.

        Eraso egin behar ziola iruditu zitzaion. Hartzen nekatuta zegoela esan nahi zion erantzun harekin, bakoitzak bere bizitza duela, horretan baino ez zetzala neurri handiegiak hartzen ari zen berbazko laban-truke hura. Azkue geldirik dago. Ez du giharrik mugitzen. Orain segitu, Julen, begiez erremata ezak hitzez hasi dukana.

        —Eta, zer irabazi diagu harekin?

        Itotzen jartzeraino ikusi zuen bere burua. Faltan da, zabor poltsa bat sartu diote burutik behera, hortzakada etsituz zulatu nahi duena. Jarraitu beharra zuen itoko ez bazen.

        —Zer uste duk, neuk hartu nian minik handiena —esan zuen azkenean Arronak.

        Herra antzerako zerbait gehiago geratu zaio irteteko, isiltasuna oso astundu da. Hain dago bakeosoa txara, heltzen ez den gorroto betearen zain dagoela dirudi.

        —Arrona.

        —Zer —ez zuen aurpegiko gihar bakarra mugitu.

        —Horretarainoko mina izanda, ez al zitzaikan kaskarretik pasa heure burua trenbidera botatzea?

        Agur zeinurik gabe egin zuen Azkuek bidegorrian beherakoa, oinatz txikiz, lapatz labainean ibiltzen ohituaren jitez, saltoka egin zituen azken metroak salbu. Ordekara heldu zenean baino ez zuen atzerantz begiratu. Utzi zuen lekuan ikusi zuen, basabehera atarian, oinetako lokaztua pinu enbor etzanaren gainean. Latasa.

        Lainotzen igerriko zuen ahotsa.

        —Lasaiago egingo huke lo!

        Ez zuen biltegiko inor ikusi, barruan izango ziren. Eta Arronak eskerrak emango zituen bere baitan. Zigarroa biztu zuenerako, ezer esanda ere elkarri ez entzuteko moduan ikusi zuen gorputzmotza, urrats berdinez saihesten trenbide zatiak berritu zirenetik bertan utzita zeuden errailak. Behin hesira helduta, geltokitik itzuli ordez nahiago izan du zelaitik egitea. Kamioi bat atzerantz sartzen ari zen fundizioan, eskuak astinduz bidea erakusten ari zitzaion baten esanetara. Inoiz baino ugerrago ematen zion babesa Azkueri eta berari aurre egiten pabilioi handiak. Begi haiek. Harrika hautsitako kristalak errepide aldera.