1
Hotzak?
Hala beharko du.
Galdera bat baino ez huen. Zer moduz hagoen.
Hala zen nirea ere.
Ez hadi berriro hasi.
Lanbrotan, egun hasigabeak fluoreszenteen islak baino ez dizkio itzultzen gelako leihotik begiratzen duen aldiko Julen Azkueri. Lau hodi zuri gauaren ilunean esekiak pinudian galdutako begien gainetik. Behelaino itsua zetorkien mendi aldetik, auto baten argiak errepidean behera, argi luzeak zituela tarteka, bidegurutzerantz.
Lasai hitz egin dezakek. Aditu al duk Julen, horiek gustora uzteko lain. Ez kezkatu. Ez niregatik behintzat.
Joan zaitez txoritara.
Horrela ez gozakaiztu egin zitzaion. Literatura maitatzea ez duk hil ala bizikoa.
Berotze aldera bezala, eskuak galtza gainetan nola igurtzi zituen erreparatu zuen. Hotz zen kanpoan, bazekien. Beti da negu lainoa den artean. Horregatik espero zuen; etetera zihoan isiltasuna, horrela ematen zioten gorrotorik gabe behatzen zioten begi pisu haiek.
Aldatua hago.
Zer jakingo ote duzu zuk.
Liburuek aldatu haute.
Leiho zirrikituan jarri eskua eta kristalean bildu den lurruna atzematera egin.
Liburuek ez dute inor libre egiten harria bezalaxe Azkuek.
Ikusten, hasi haiz berriro. Ahaztu ere egin zaik behar bezala hitz egiten.
Laino tarratek agerian utzi zituzten pinu gandorrak. Laster eraitsiko zituzten. Ondo ordainduagatik ere, mendi hondo gorriak askozaz itsusiago egingo zuela pentsatu zuen.
Abertzale, abertzale... A zer aberria zuena.
Zuk esan behar. Liburuek noiztik dute aberririk.
Autoak ezkerreko bidea hartu zuen. Atzean gelditzen zitzaizkion etxeetako lehen argiak, zurailak eta isilak, ortzemugari itsasiak. Zabaldu egiten zen orain kamioa, stop bat. Elkarren gainean jarritako bi seinale argitu zituen, balaz egindako zulo biribilekin biak. Argi haiei begira geratuko zen, ez zuen gibelera egingo.
Aldatua hago.
Koartel aurrekoetara iristean makaldu zen. Ubel kolorekoa zen eta hiru lagun zihoazela esango luke. Keinu egin zuten argiekin. Eskua altxatuz agurtu zituen goardiakoak leihopean.
Benetan, ez haut ulertzen.