9
Geltoki-buruaren bulegotik bertatik ikusten du Julen Azkuek Arronaren gorputz segaila nasarako ate aurrean, honen presentziaz ohartzeke hau oraindik. Ordu laurden luzea darama, eta argia arretzen suma dezake trenbide gibeleko zuhaitz hosto-berrituetan; eguna luzatzen ari du. Oraindik jaberik igerri ez dion ahots zakarra entzun du, sartu orduko aurren etorri zaion bera, berriro ere Arronaren latz baino hebainari gain hartzen. Hitz bakanak, aihotzez ezpalduta heltzen zaion marruma. Ahaleginak egiten ditu aleturik dituen berben artekoak aurkitzen, esanahi berezirik gabeko hitzen arteko loturak eraikitzen, baina iluntzeak lana gaitzagoa bihurtzen diola dirudi. Ezer ez da berak espero zuen bezala atera. Ez du konturik egin beharrik: zortzi egun. Euria goi eta behe ari zuela, kasik ordura arte legez. Teilatu bustiak, begi kristalduak. Paper inprimatuaren testura Zubeldiaren erkainetan, hitzei bolumena eman nahian ausaz. Berben gorputza. Itzala. Hortzetan gozatuz bustiko ditu ezpainak. Zuria ala beltza. Eta azken batean erantzunik ez ematea erabaki balu?
Azkue ilunpetan dago eseria, gorputza etzaten utzia, zangoak gurutzatuta eta luze. Ez du atarikoak ohartaraziko lituzkeen argirik biztuko, nahiago du bere begietara itzal bilakatu diren objetuekin dostatzea, hezetasun sarkor hura, atsegin zaion mingostasuna idoro ohi diona. Ilunargitara laketzen, egokitzen sentitzen ditu begiak, eta Brusselatik ekarritako posterrean pausatu du behakoa, flandierazko testutik hitzen bat frantsesezkoarekin parekatu nahian legez. Ezin izan zuen irakurri, artean emakumearen bisaia estutua suma bazezakeen ere. Tren urdin hura irudikatzera egin zuen are handiagoa zitekeen gau haren babes lasaian, belaze ardaminduen artean beti bere orduan igarotzen, lautadako etxaldeetako argietan erreparatuta lotarako prestatzen ariko ziren bidaiarekin, Frantziako mugara helduta Lilletik Pariserako bidean, loak hartu aurreko begiak sekula gehiago ikusiko ez zituzten beste haien xerka. Ulu egin du urmahelduriko artasoro baten ondotik. Errepide erdian geratutako autoak. Langa jaitsiak harantzago. Alorretan barneratzen ziren bide adokinatuak edertasuna ematen. Emakumeak ez du baina inoiz tren hori hartuko, pentsatu zuen.
Arnasa betean egin zuen hasperen. Jaikitzera zihoan Arronaren gorputz zuria ikusi zuenean barrura sartzeko keinua egiten. Goratu egin zituen ipurmasailak besaulkian, maratilaren hotsez harrotu hazpegia ateari aurre emanda. Biak sartuko ziren. Argia biztu zuten.
Hemen al hago.
Hammetten nobeletan oinarritutako filme haietako bat etorri zaio gogora, Sam Spaderen bat, zein ez badaki ere, Kristalezko Giltza? Ezustea, bonbilak agerian erakutsi berri duen gizona gelan sartzen direnen urduritasun. Ordea Arronak ez du artega keinurik egin. Makinistak burua erakutsiko du faktorraren sorbalda gainetik, eta ikusi egingo du, berari beha orduko egutegia dagoen hormarantz egiten. Bertan itxarotea erabaki duela biltegietaraino bila joan baino, Azkuek. Leher eginda dagoela, ondoegon dela lasai ederrean, ez estutzeko. Zergatik ez duen argirik iziotu, irratirik, arima bat bezala, susto ederra eman didak. Hitza biribildu nahian, narda diola irratiari erantzun du, tailerrean besterik ez dela entzuten, horregatik beharbada. Kanpoan, arbolen arimak nabari ditzake oraindino.
Berau hemen dagoela aprobetxatuta, gauza bat, Julen. Heuk konta egiok egin dio Arronak egutegian zenbaki bakanak bat-banatzen zituen makinista beltzaranari.
Gozo hitz egiten zion gazteak, tentuz. Zaila egiten zitzaion lehenago Arronaren bozaren gainetik entzun duen zakarra eta orain esaldiak etenez dabilena pertsona bera zitekeenik.
Konfiantzazkoak al dira Bilbon paketea jaso behar zutenak?
Baietz buruaz Azkuek. Zer bada.
Bada berak izango ziren, ez diot ezetzik, baina han ez zen inor azaldu.
Okotza altxatuta hurreratu zitzaion Azkue gazteari, zemai egiten zioten begiek.
Zer esaten ari haiz.
Han ez zela inor azaldu zin egin zuen, makina barruan utzi zuela, bere aulki azpian gordea geltokiko osterantzekoak egiten zituen bitartean. Itzuli nintzenerako hanez zegoen libururik.
Urrats presatuz ikusiko zuten nasan makinista beltzarana, bulegoetan sartu eta beste makinistagatik galdetzen zuela. Ez zebilela han erantzun zion bere adineko gazte batek. Ondoko trenbide hutsaren paretik doa, tartean korrikaldi txikiz, komunetan sartu-irtena egin eta biltegietan galtzen ikusiko dute. Bi gizonek, bestaldekotik, paketea besapean gordea, ate zabalduari behatzen diote. Ohol higituetan esku egonarritu batek ikurrin bat zuen margotua, zeharkako gurutze gorriz atze berdearen gainean. Makinista beltzaranari atzamar luzetuz irteerako bidea erakutsi eta gero eskubira okertzeko dioen enplegatu batek lagundu dio atera. Irtetera doa tren bat. Bermeokoa. Gurea baino ez da geratu. Galdua dute, geltoki aurreko tabernetara joana aidanez.
Ez dakikala nork hartu zuen esaten ari al haiz? Inesen lakoxe beltz haiek menpe hartu nahian bezala.
Haietxek erreparatu zituen Arronak, erbaltzen ez zirela. Erantzunik eman gabe ari zitzaion hitz egiten. Ez zekien, ez, eta galdu balira ere, beste inork eramanda ere, zer, ez dik bueltarik, liburuak baino ez dituk, eskertu egidak behintzat borondatea, mesede moduan hartu izana.
Beste biei atzea emanda, kalerako ate kristalduaren bestaldetik behatu zion iluntzeari. Berunaren hatsa sentitu zuen hortz-hobietan. Egoera ulertzen saiatu zen: bazitekeen bila joan zirenak makinista berria ez ezagutzean atzera egin eta trena hutsik geratu arte itxarotea, jakinaren gainean egonda paketeak han behar zuela. Non ez baina han. Eta horrekin zarratzen ziren ateak ondorengoetarako? Bera baino ez zirudien horretaz ohartzen zena. Hortz zuztarretara egin zuen mihiarekin, mikaztasuna, berun erdoka urdina ukitzen zuela egin zuen. Nola puta liteke baina horrela ibili, aurpegirik ez eman, gu gara, paketerik bai guretzat, izenik eman beharrik gabe, akabo hemen denok hain segurura jotzen badugu. Lapurrak baino okerrago. Makinako atea etorri zitzaion, itxi egiten al da geltokian dagoen bitartean?
Atea zabalik uzten al duk?
Arronaren begiek hartu zuten. Gaztea desagertua zen, joan egin duk, zakar ostia bat, hori baino ez haiz esaten zuen lagunaren bekoskoa. Erdeinua. Arean ez.
Ez zuen deus esango, eta emaro sentitu zituen Arronaren begiak bere aurpegiko haragi gorritan sartzen, xularme bakoitzean sakatzen, gero eta barrurago, minberak haren aurretik mugitzera behartu zuen arte. Aterantz egin zuen, zaindua sentitzen den aharia da. Sorbaldak erroan exageratuegi gora eta beheratuz marrazkatzen du bizkarra, nagusiaren aurpegiak lasaiago dagoela adierazten eta berari zainak hala ematen dion arte. Bizkarrezur alboetako giharrak zigortzen ditu batez ere, bera ere lasaitze aldera. Besaulkiaren hanken kontra utzi du, eta orain du momentua zerurako ala lurrerako geratu den jakiteko.
Nire kontu hartu zion aurrea.
Lehen beste nonbaiten entzunda balitu bezala batu zituen berbak. Ez zuen zalantzarik muturtu dituen elkarrizketa gertatu den bitartean jabetu dela Arrona paketeaz, betiko paperean listari berberaz bildua, eta aurrera jarraitzeko erabakia hartua zuela begiak iltzatu dizkionerako, galdutakoa nork hartu duen dudarik ez duen seinale. Konfiantzazko keinu bezala ulertu behar zuena.
Eta ez dik honek eramango.
Honelako aurpegi bat errailez dago betea, zelai soila, fundizioaren burrunba geltoki atzean, eta trena orain, itxaronaldi uherra betetzera datorrena, Donostiatik Bilborako korreoa 12.04etan, ordu eta laurden beranduago hurrengoa, bestalderantz, batera eta besterakoak, berriro ere berdeago egiten zaion belazea, lore horiz betea eguteran, emazteak prestaturiko murtxikak, sagarrak, okaran zoriak, sasoian sasoikoak mahai gainean, banderatxo gorriaren ondoan, bizirik eusteko laguntzen dioten ohitura mekanikoak. Zaku usaina hartzen dion jaka marroia. Ez dago zer eginik. Beti izan zen bezala ikusi, betirako izango zen bezala.
Paketea hartzen ikusi zuen esku artean, pisatzeko moduan azpitik eutsiz.
Berari dagokiola mintzatzea ohartu da, egingo ez duela ondo dakien arren. Ez du nahi errukia izan diezaioten, zirrara hori du. Errukiagatik ez behintzat, esan nahi lioke, pakete galdu batek ez dik errukitzeko eskubiderik ematen, Arrona. Errukia ezta galtzaileekin ere, bestela gureak egin dik. Baina isilik gorde zuen bere baitarako egosia.
Lan bera jarri dio bere buruari Mar del Platako bolitxea jaso duenean bere gogoetan, traje ilunez jantzitako gizon bat leiho zabalaren ondoan bapore horiak moiletan, garabiak, ozeanoan galdurik begiak. Gero eta maiteago, obsesio bilakatzen ari zaion A.z dituen sentsazioak arrazoitzen saiatzen delarik, beldur da ez ote zaizkion erruki printzak azaltzen berari ere, han egotea, distantziaren beharragatik, oroimenaz asago. Beharbada. Laino artean agertzen den trasatlantiko baten indarrez agertu zaio dabilenaren harian: ezin anaitzako bezala bizi etsai izan direnekin. Eta egonda ere, bada errukiari gain hartzen dionik, jarrerarekiko errespetoa, bekaitza, bakardadea noiz izan den inbidiagarri galdetzen harrapatu du bere burua. Berunaren erreak burura jotzen dio. Nekea da. Alderik alde lar garrazten sentitzen dituen zainak. Erretegiko jabeak, erdara pausatuan, gozoegian galdetu izango dio noiz pentsatzen duen itzultzea. Etxera. Nora bestela. Itzuli ez da etxera baizik itzultzen. Atarian lotuko zaituzten besarkadak, A. Ongietorri gaindikakoak. Musu klandestinoren bat. Irribarre egin du. Handiak ditu hortzak: italianoa. Noiz. Une hau heltzerako Azkuerentzat baino ez du jarraipenik nobelak, eta bertan ikusten du A., kaian kulunkatzen diren untzietara igoa gogoa: Inoiz ere ez.
Irentsi ezin dezakeen listu haria egin zaio hortz artean. Zergatik ez zion erantzuten Zubeldiak? A.ren bakardadean pentsatu zuen, egunargitan artean moilan, hain izugarria egingo zaion gauari itxoiten. Euskal Herriko gaua hango eginda. Nostalgiak gakorik bihurrienak izan ditzake, esango dio italianoak. Musikak hitzen petik egiten zuen.
Arronak ulertu ez duen zerbait bota dio, zer? ahul batez errepikatzera behartu duena:
Afaltzeko gogorik bai?
Ez zuten azken hilabeteetan elkarrekin mahai batera eseri eta gauari abaina ematerik izan. Gaur gogoz kontra ere bai, erantzun diola entzun du Arronak, eta hitz egitea behar bihurtu zaiola ulertu du. Inesi buruz mintzatu gogoko zaiola pentsatu du, hustu, uste baino zailagoa gertatzen ari baitzaio urruntasuna, lehen ere berak bere borondatez aitortua, horretaz inoiz lar tira ez badio ere.
Laster nauk.
Nasako harri pikorretan aldentzen ziren oinak entzun zituen, ate itxiei bultzegin eta giltzatuta zeudela egiaztatzen. Haizea sartu zen, arbola itzalien usaina harekin batera. Tarteka, Arronak txistua jotzen zuen, nahita eteten zuela zirudien doinu triste bat. Itxaropenik izatekotan, adiskidantzan, jaio zaio. Ordurako, ezinezkoa zitzaion muga horietan atzerago jotzea, ukamenari azken aukerarik ematea bizitzari azken haritik eutsi nahi ez bazion. Eta ezin zuen, A.ri zor zion. Saguxar baten hegadak gaugiro zegoela adierazten zuen, honela ulertu du berak bederen, eta dagoeneko ez du Arrona entzuten kanpoan.
Ez da oroitzen zein izan duen azken irudia, mahaira jasotako paketea agian, listo diotson Arronaren soraiotasuna. Saguxarra ez da bulegoko argitara sartu, ataritik zaindu ditu bi gizonen gerizak bulego barnean, dena bere lekuan dagoela egiaztatzen, indarrez amatatzen den argi larua, azantzaz biztu den motorraren hotsa. Errepidea erakutsiz herrirantz jo duten foko biak. Azkuek, besoa altxatuz, hutsa erakutsiz eskatu du beste botila bat.
Hik zeozer baduk, Julen.
Karmenek eraman zituen erabilitako platerak, Igartua barrarekikoak bete itxuran zebilela ohartuta. Zapi zikin batez batu dituen hondarrak jasota, edalontziak baino geratu ez diren mahai gainean antxumatu ditu besoak Arronak, soina aurrera kargatuz. Iristen ez zen aitorpen bati itxaron zion, bere baitari agintzen zion esaidak zer den bultzada haren esperantzan. Azkuek, eskatuaren aitzakiaz, botila ekarri artekoa zuela jabetu zen gosetuari jaten emateko. Hondarren bat bada ere. Karmenen ibilera herrenduari jarraituz ahalegindu zen mahai gainera egindako behako gosetu hura saihesten. Hondarrik ez, eta hustu. Eta ez errukarri agertzearren. Nola deitzen zien euskaraz Arronarenei indar gutxi zutela-eta Inesek: begi asasino haiek?
Hik ba al dakik bere burua garbitzen ahalegindu zen baten aurrean hagoela?
Berehala ohartu zen beste neurria eman ziola irribarreak esaldiari, iheslekua eskaintzen zion bota zuen bezala bota izanak, eta profitatzea geroak emango zion. Zinismo ukituak, bere burua biktimatzat hain agerian azaldu izanak egiten zuen orain egoeraren jabe. Arrona ere ohartu zen gertatua xehetzen ahalegintzea alferlan lukeela, esan zuen bezala esateagatik. Karmenek aspaldiko, bizi al gara-edo galdetu dio, eta sorbaldei gora eginez, botila berriari beha dago emakumeari beharrean: beharko. Bere lekua hartuz, aurpegira begira, ez bera, Azkue izan da hariari eutsi diona, galdera bera higatua esaldiari, gure aldean ba al dakizu nola bizi diren hauek. Amorrarazi nahi zuela pentsatu zuen mugak jartze harekin: ondo bizi direnak eta gu, Karmen. Eta zerrautsa ia harrotuko ez duen katemearen ibileraz, hotsik atera gabe doaz zangoak jendez betetako barrarantz, mendaz lotuak pantorrila biak. Ikusten ez zuen isuria entzun zuen. Azkue basoak erdiraino betetzen.
Eta ez ez nuelako nahi. Gaizki aukeratu nuela, edo ondoegi, asmaizak. Arazoa duk erabakia hartzen denean, heure burua joaten, abandonatua uzten dukanean, berdin diola lortzen dukan ala ez hotzegi ari zitzaiola iritzi zion, Azkue bera ari zen mintzatzen ardoa beharrean, oraindik nahikoa edan ez zuen seinale. Erabakiak berak hartzen dik bizitzaren benetako pisua, ni baniak, eta horri buelta ematea duk, ez besterik, benetan min ematen duena etenik egin gabe, prestatuegi balu bezala jarraitu zuen eskuak mahai gainetik altxatu gabe Julen Azkuek.
Hemen nago, taberna hats honen erdian, lur emanda egon zitekeen adiskide baten aitorpenaren notario bakar, pentsatu du Arronak, eta ez daki ebazten afaltzera gonbidatu izanaren damurik ote duen. Urteak dira Azkue ezagutzen duela, estreinako aldia da gaia atera dena, eta horrek handitzen dio egonezina, aitorpenaren gordinak kezkatzen. Baina, hala botea, Azkueri berari ostuta manera, joko intelektual huts bezala ere har zezakeen, nahiaren indarra izan zuen, iragan hipotetiko bati baino ez zion ameto eman. Maitasun hondoratu bat etorkizunaren aurrean.
Ezer hitz egin izan ez balute, geltokitik atera ez balira bezala zeuden orain, ardoak mintzoari eraso gabe artean, labarrik sortu ez eta iragan gertuan hondoa emanda baleude bezala, ausardiarik ukan ez izana leporatzen Azkueren berba, salaketa begietan, herio-hotsik gabe, lokatzaren usaina, malkarraren laiotza, fundizioko bidean doan gorputz zabala, galdutzat emandako adiskide bat. Arrona, horretarainoko mina izanda, ez al zitzaikan kaskarretik pasa.
Arronaren oroimenak egun hartako berba kontrolgabeei lotzen zitzaizkion. Eta han bera, tabernako beste muturretik buruarekin baietz, keinuka ondo al dabilen galdetzen ari zaionari baiezka, ondo, ondo. Ba ote daki zerbait aldatua dela bien artean gaur gauetik aurrera? Zer da ordea jakitea. Gehiago nahi duen galdetu dio Azkuek. Ordea sentsazioen parrastada hura ez zen berriro ere erdiraino doitasunez beteko duen edalontzian kabitzen; gainezka ari zaio bere burua botatzen ahalegindu dela aitortu dionetik. Ariketa intelektual gisa hartuta ere. Zer gertatu den, norberak bere kabutan egin beharreko itauna da. Eta izutu egin da. Galdua du orain arteko trebetasunik maiteenetakoa. Ez daki lagunaren irribarrea neurtzen.
Barratik heltzen zitzaien berbaro beroari arreteman zioten tarte luze baten ondoren, Arronak hartu zuen hitz egiteko erabakia:
Medikuren batengana joango hintzean.
Beste isilune bat, eta Azkuek ezetz dio. Soak are ezpain tristeagoak erakusten ditu orain. Bat ezagutzen duela, oso ona behar dik izan, baina ez duela uste askorik lagun diezaiokeenik. Hortzak agerian uzteraino altxatu zuen goiko ezpain ertza. Arronak berehala harrapatu zuen: Azkue iraganera begira zegoen. Ulertzen diat, esan dio. Ines badoala esaten ari zaio.
Azkueren begi beteak ikusita, haren iraganak hondorik ez zuela zirudien. Ez al zaion iruditzen gauzarik ederrenekin bizi direnak, lehenago edo beranduago behartuta daudela aukera bezala behintzat ikustera galdegingo dio. Ez diat uste, erantzungo Arronak. Gauza batez ziur zegoen, bazegoen laguntzarik ezin eman diezaiokezun jendea. Ezinezkoa dutenak norberak esandako ezeri... Berak hartu zuen oraingoan botila orpotik. Hondoan geratzen zen putzuak behar zuen gorde erantzuna. Topa egin zuten. Azkena.
Agian Azkue bera zela bere gaixotasunaren gainean ezer ez zekien bakarra pentsatu zuen Arronak. Inoiz erkainetako lingirdak aipatu izanagatik ere, beharbada ezeren berri zehatzik ez jakitearen aukera hutsak larritzen zuen. Berandu zela ulertu zuen. Alferrik zuen berunaren indarra aipatzea, inprimategiko plantxetako uherra azalean barneratzen, odolak egunero edaten zuena. Anttonez oroitu zen, ezin ziezaiokeen odolarena aipatu. Eta hala ere, hain zen nabaria gaitzaren aitzinatzea. Karmenek, eskugainaz masailean joz, itxura oneko, goapo dagoela esan dio. Odoletik nerbioetara, burura jotzen dion kalteak sendabide erraza du. Inprimategia ahaztu, odolberritu arte behintzat. Gazta menbriloarekin, biontzat, eskatu dio emakumeari. Nola esango dion pentsatzen ari da. Izaerara ere jotzen duela, horrena duela lorik egin eza, zekenaldi horiek. Ez dela adibiderik egokiena, baina Goyak gaixotasun bera izan zuela, grabatuetako erabiltzen zituen plantxek pozoindu ziotela barrena. Gehiago esango dio, horregatik hil zela. Biak gozo beharrean al dauden galdetuko zien Karmenek, menbriloagatik. Beharrean egoteko hobe daudela inor gozatzeko baino, Julenek. Loretuta sentitzen zituen begiak. Azkuek gogoko zuen emakumearen izaera hura, lotsagabea, zurikeriarik gabekoa.
Zertaz hitz egiten zuen Julenek Anttonekin? Nahikoa paper ba ote zuten etorkizunari aurre egiteko. Alferrik ezkutatu zion, Anttonek arazo bat zuen. Inoiz, bizitzako maitasun bakarrarekin hilko zela zion esana Juleni. Eta izango zuen honek zer eramana harrezkero. Pentsatu zuen bera zela anaiaren lekuan egon behar zuena, berak behar zuela joana.
Hildakoak ez dituk trukagarriak botako zion Arronak ahots lodiz.
Ordainetan, isiltasunarekin egiesten zuen Julenek. Egia zen. Eta biek zekiten zer gertatuko zen. Etxea zen maitasun hari gain hartuko zion bakarra, etorkizunaren zain hobeto egoteko egindako leiho haiekin errio aldera. Inesek bere barrenera begiratu eta lur hura ez zuela betirako izango erabaki zuen Antton ez zela bizirik irtengo esan ziotenean. Leihotik begiratu zuen, txakurtegi handi bat zirudien errio ondoan jasotzen ari ziren transformadorea inguratuko zuen sareak. Ez dut uste, esango zion Anttonen anaiak. Ez zion aldegiten utziko. Egiten asmatu beharreko bidea zuela sinestarazten zion Julen Azkuek bere buruari insomnioak gogoeten zaparrada entzuteko adinako egonarri eman zionean. Hala ere, ziur zegoen emakume hark ez zuela maitatuko.
Baina, esan zion, hik ez duk eskubiderik. Isiltasuna, beti dator isiltasuna nire hitzen ostean, pentsatu zuen Arronak.
Erlojuari begiratu gabe ohartu zen berandu zutela, Igartuak eta Karmenek laster esango zietela astegun buruzuriarena, lanik ez al dugun bihar. Eurak ziren azkenak eta begiak orduen neurri. Aulkiei zorua kendu eta mahai gainetan jarriko zituzten. Orduan esango zion berriro:
Hik ez duk hemendik aldegiteko eskubiderik. Beste edonork beharbada bai, baina hik ez, Julen.
Eta Azkuek ulertuko zion agiria, bere ideien zorretan eskertu ezingo diona. Eta zergatik nik ez? aurpegiratuko zion. Arronak ez zuen bere salbazioa baino bilatzen beharren delegatu-nahiaren onarpen harekin, baina errukira jotzen zuten behin eta berriz haren hitzek. Ez zen hori inondik inora geltoki-buruarengandik nahi zuena. Ordu laurden eskas aitortu diola. Baina ez zuen bestela izan daitekeenik ematen. Honela gertatuko zen.
Iragana bestelako datorkio. Airea zen diferentea zena, beste batzuk begiak, argia bera gertatu liteke arrotza.
Arronaren begi loretuek Etxabe III.aren erretratua identifikatu dute beste guztien artean, beso antxumatuak desafio egiten. Orduan.
Galdera bat egin nahi diat.
Azkuek burua altxatuz dio baietz, ez dela handik jaikiko eman dio aditzera gorputzarekin nola egin duen ikusteak. Orain Arronak paketeekin zer ikusirik duen galdera bat egingo dit; eta egin egin zuen:
Hik Bilbora bidaltzen ditukan pakete horiek, ez gaizki hartu, ez dituk liburuak, ez?
Biderik ematen ez dioten Azkuerenak sentitu ditu bere erdi itxietan. Edanda dago.
Ez, ezta? errepikatuko du.
Zergatik ez dituk zabaltzen?
Igartuaren ahotsa etorri zaie barra atzetik, ea bihar jai duten galdetzen, erraz bizi dituk batzuk hemen. Altxatu eta mahai gainean utziko dituzte egurrezko aulkiak erratza lasai pasa dezaten. Azkue da orain erretratuetan erreparatzen, haietan ordura arte ikusi gabekorik aurkitu nahian. Marko gaizki jarriak, desordena begietsi zuen. Geltokirako bidea agertzen den argazkia erreparatu du, etxeetarako pasabiderik gabe, eta bertan ikusi bere burua, arbola sustraiek harrotzeko urteak beharko dituzten espaloian barrena, pakete bat listaritik oratuta.