5
Autoan zihoala ikusi zuen. Gora hitzari zerion erdoka beltzak salatzen zuen eskua. Ez dituk behintzat lasai ibili, etorri zitzaion. Nahiago zuen birao legez ulertzea, pinturaren arreaz baino ez zegoela behartuta maitatzera norbait. Oinetako zipriztinduak espaloian barrena korrika. Animalia ardamaindu bana erraietan gora zutela imajinatu zituen, lagunaren arnasari gor. Autoren baten argiek etengo zuten eskua hurrengo hizki larria artean pote barnean zeukatela, motor baten zaratari lotutako argiek aterea gaueko ilunpetatik Gora Euskadi Azkatat amaigabe trabatu hura. Oihu bat, eta bi ondoren, izen propiorik gabeak. Arituaren arituz ikasitako defentsa. Ostikoz joa potea, iharririk, erretenerainokoa zuen egina pinturak espaloian behera, nola izotz kandelak teilatu hegalean, beltz baina. Ihesa amaituta ikustera egin zuen bere baitan; izango da hala nahi izanez gero norbaiten izuarekin jolasterik. Bi minutu bai geldirik egon dela, ez aurrera ez atzera, bidea eskabadora gorriak etenda. Auto motorretik zetorkion labea itzaltzea erabaki zuen; gehiegi berotzen zuen. Alkandora atzea melatuta zekarren eskai gorriskaren kontra. Orduan kaskodunak atzeratzeko agindu zien ikustera pilaturikoei. Kontaktua kendu zuen. Ederregia zetorren eguna kiskalita hiltzeko.
Jabier hurreratu zitzaionerako baztertua zuen autoa eta batuak kasik atzeko aulkitik paper resma hasiak, azaleko estraza urraturik. Heldu orduko, gazte bat aipatuko zion, eskura emateko gutun bat, orain bere bulegoko mahai gainean, besteekin batera zeukana. Izenik eman gabe aldegin omen zuen, bi aldiz galdetu dion arren. Ez dela ezer baina emateko mesedez zorro hura eskura, ardura hori hartuko ote zuen bere iloba izanda. Presa zuela gero, gaurko. Harritu ere eginda, imintzioz ari zaio adierazi nahian, ezagutu ez eta osaba duela jakin.
Nire kontu, esan izan diola azkenean.
Zein bekain zabal zituen kontatzen entzungo dio gero Julenek, ilea bakantzen hasia gainaldean. Ez duela ezagutzen esan dio, ez horrela esanda behintzat, papertegiko norbait izango dela, Tolosatik ez noski propio horretara etorria.
Gazte asko hartzen ari dituk aspaldian Jabierren aurpegiak lasaiago dagoela dio.
Hura ez zen behintzat bobina asko karreatutakoa.
Desgogora, ez zion erantzungo. Alboetara etzaten zaion papera zailtasunez zamatzen ikusi du Azkuek, bizkargainean jarri eta egurrezko ateari izterrezurrez bultzatuta okerka sartzen. Bertaraino heltzen zen dieselaren kiratsa. Pala-koilarari zerion ke beltza eginahalak egiten ari zen gizonen biriketara sartzeko, inoiz, insomnioak loa galerazten zionetan hartua zuen kiratsa, etxe atzeko orube hutsean erretzen zituztenean obretako zakarrak, gasoilaren ordez gasolina erabiltzen bazuten ere. Plastiko errearena, barniz pote hutsena, hondo hondotik garra, zikinetik libratu nahian bezala. Ke beltzez betetzen zitzaizkion begiak itxi eta loak hartu arteko guraria. Kolpeka ateratzen zen ke zikinak hodi gaineko txaplata altxatzen zion. Jabier itzulia zen gilotinara. Berak luzaro segituko zuen begira, beltza beltzago aterako ez zen arren.
Egunero jasotzen zuen posta. Ez zen erraza ulertzen zergatik aukeratu zuten eskuz eskukoa, sarritan irten beharra izaten zuela jakinik. Arriskuak ordainik ez balu bezala jokatzeak mesederik ez zekarrela, eta zitaltzen igerriko zuten besteek. Nor zen bera ordea eskolak emateko. Zioten begirunea ez ote zen beste zeozeren estalgarri pentsatuta sartu zen bulegoan.
Mahai gainean besteengandik berezita zeukan Jabierrek. Itotzen hasia zen. Ito egiten zuten horiz margotutako hormek. Nonbaiten irakurria zuen jendea zoratu egiten zela pareta horien artean. Alborik bigunenetik ireki zuen kartazala. Orria atera zuen. Uste zuena. Ohituta zegoen gutunak horrela irakurtzera, data adierazten zuen zenbaki hutsa, etortzeko dagoena gehienetan. Ordurik ezean aurreko zitakoa gogoratzen saiatu zen. Ilundu gabe zegoen artean. Lekurik gabeak ziren guztiak, aurretik hala erabakita. Arratsalde bertarako izateak ernegarazi zuen. Ez joan beharrak, estiloak baino. Zabarkeria iruditzen zaiola muturreratzea erabaki du, egin gabe utziko dituen lanak apuntatzeko paperaren bila dabilen artean. Bat du azpimarratzen, mutur zapaleko zirkulu gorri batean sartzen. Ezin da jendearekin jolasean ibili, sentitzen dut. Halako zerbait esango zien, baietzak baietzagoa izan nahi duela bere aldetik, hori gutxienean.
Jabi!
Zeukanetik zaharra baino gehiagotan atzeratzen zitzaion erlojuari eman zion begia. Bizkor beharko zuen ibili helduko bazen. Bil-bil eginda zuen oharra eskuan harrapatua tergalezko jakako poltsikoan. Data bat eta denborarekin are barregarriagoa irizten dion sinadura: Huitzi. Bere burua komentzitzeko, pentsatu du lanak zuela merezi, ez ilunetan ere dirdir egiten duela uste duen bitartekari jendekera horrek. Hormako erlojuaren ordu bera jarri zion eskumuturrekoari.
Bai?
Donostiaraino joan beharra diat. Liburu baten aurkezpena.
Bide batez Diputaziokoekin egoteko aprobetxatuko zuela esaten entzun dio ilobak, ez dela honezkero bihar arte agertuko.
Ondo zegoela erantzungo zion Jabierrek. Eta zer berari. Bere anaiaren semea zelako, ez parekoa zuelako. Asteak dira esana ziola amari osabak begitan hartua zuela, Inesek berak kontatuta daki. Ez du inon aitortzekoa, irribarre hark bere onetik ateratzen zuen Azkue.
Eta? ezpainak garaipen Jabierrek.
Diptikoena bukatu orduko entregatu, eskura kobratzekoa duk, heuk joan beharko duk beraz.
Eskua poltsikotik atera eta zakarrontzira botako zuen paper bildua Jabierrek atea itxi eta metalezko eskaileran haren oinotsak entzun orduko. Hala zen, horia zen jasangaitz gertatzen zitzaiona. Telefonoa. Zaharretakoa zuen txirrina, likidoagoa berrien aldean.
Bai, esan?
Eten egin zen. Zuten. Bestaldekoek ziurren. Bulegoko atea itxi eta gaztea agurtu gabe sartu zen autoan. Eskabadorak goiz goizetik ur hodi berriak sartzeko zabaldu duen bidean behera desagertzen ikusi du tailerreko ate irekitik.
Ordura arteko lanak pasatu zituen behin eta berriz bere gogotik bidean zihoala. Andanak eskuratu baina inork gutxik irakurri dituen liburuak ziren haietan gehienak. Historiakoak, antropologiakoak beste norbaiti aginduta, narrazioak eta olerkiak baino ez ditu argitaratu azken sei urteetan. Gutxi irakurriak denak. Besteen aldean, literaturak bazuen bere gainez zegoen beste zerarik: eustearen nahitaezko bandera. Haizerik gabe ere dantzatua, puztua behar zena.
Harra askatzearren, hari beretik tiratuz ateratzen zitzaizkion objetuen zerrenda egin zuen, bere bandera propio izan eta etxean dituenak, azken aldian ez hain gordean: Lemoatik igorritako gutunak armarioko izara artean, basorako aita zenak zerabilen errebolberra, afitxeak, John Zabalo, Txikirenak asko: «Por una universidad vasca. Vota al estatuto». Berarekin arriskua baino ez zekarten fikzioek zer balio zuten paper gainean oroimen haiek baino gehiago? Amore eman zion bere buruari. Berak bai, baina oro har ezer gutxi zuten aurrerako gehienentzat ez bazen zimentarritik, gordailutik.
Maite du errepidean bakarrik txofer egitea. Arbolen adar zabalen petik autoa abian gidatzea, kapota gainean arroila zulotik bidea ezeze inguruko soroak hartuko zituen leia nola pausatzen den sentitzea. Goizegi da horretarako ordea, bazuen argirik artean. Luzatzen hasia zen eguna. Mendien gibelean zelatan, gainean zuen benetako gaua. Haizea aldatzen ari zuen. Arbolategia atzean gelditu eta bakarrik zoazela jakin. Abioi baten isla zeru garbian irristaka, zilarrezko bala bat bezain argitsu. Hari zuriek elkar ukitu gabe segitzen dute bere atzean luzaro, urrunago, umeek egindako marrazkia dirudite.
Zeru gainean keinu egiten zuten argi gorrietan erreparatu zuen kafetegiko leiho bestaldetik. Ordubetean ikusten zuen bigarrena, mendebalderantz hau ere. Kafea eskatu zuen. Espaloietako argiek beregana ekartzen zituzten jendearen itzalak. Mahaira eseri zen, bazekien itxaron egin beharko zuela. Barra gainetik hartu zuen. Orduan gomutatu zen, irakurria zuen. Goizean ohartu ez den gauza bat erreparatu du orain: izenburuko hitz guztiak letra berdinez hasten dira. Zenbat egun diren behar horrelakorik berriro gertatzeko, galdegin dio bere buruari. Guztira ere, zenbat izango ote dira harrapatuko zutenak? Tipografoak, kazetariak, poliziak. Egunkariak astiroago irakurtzearen abantailak, plazerraren beste muturrean. Kasualitatea dela sinetsi nahi du, izutzekoa litzateke bestela, jokoak bere gatza izan dezakeela sinetsita badago ere. Polita nolanahi ere Huitzirentzat. Orduan ohartu zen, zapatak lokatzaz zikindu zituen.
Aurreko espaloian mundu bat dago, semaforoa aurrean geldi. Eta han da, bat-batean kiosko aurrean eta egunkari guztietatik bat aukeratuta, tolestu, jakako poltsikoan gorde eta orain jende artean galdu dena da Huitzi. Berde jarri orduko egin du aurrera, gorde-gordean beti ere, azkena. Traketsa du ibilera. Ezagun du zaldi gaineko gudari garaietako ohitura, berari entzuna gainera, hartaratua ibilera. Besoak saihetsaldeari atxikirik zetorren, eskuak hilda balitu bezala eta burua apur bat aurrerantz makurtuta. Txapelpean, uda zein negu izerditan ezagutu dion burusoil gorri hura, otarrain egosiaren koloreko.
Arratsaldeon esan zuen otarrainak.
Azkuerena ez zen ezpain mugitze bat baino izan, eztarrian sortutako hots bokalgabea. Ikaragarri handiak zituen begiak. Bi begi egosi beti begira zenituenak. Legena ezkerreko belarri ertzean.
Bizi al gara?
Beharko Azkuek.
Egunkaria poltsikotik atereaz, mahai gainean utzi zuen Huitzik, buruz behera Azkuerentzat. Arratsaldekoa zen, ez hitz guztiak letra berdinaz hasten ziren berri gazigabeko hura.
Almiranteren bati ostutako jaka zuria zeraman kamareroak, sorbaldak gaineko gorriz.
Neuk ere horrelakoxe bat esan zuen erdaraz Azkuerena bekainak altxatuz erakutsiz.
Eguna luzeago eginagatik ere, ilunduta zuen kanpoan. Presaka itxuraz pasatu den emakume bati begiekin segika harrapatu dute elkar.
Lana diagu jarraitu zuen Huitzik.
Pentsatzen dut.
Begira-begira gelditu zitzaion. Mahai gainean utzi berri dioten kikeran galdu zen Julen Azkuerena. Sartu orduko atera zituen begiak eta besteen parera altxatu, likidoak artean.
Zuk esango duzu.
Ordura arte ikusi ez zion larruzko kartera ireki zuen, mahairaino jaso gabe belaun gainean gorderik. Kartazal handi bat atera bertatik eta hitzik egin gabe erakutsi zion mahai ertzean. Azkueren ukondoa eta leihoaren artean. Busti egin zen, orein urtsu bat zuen orain. Zabalik zegoen eta gomaz lotzeko kartoizko karpeta higatua zekarren barruan. Orri muturrak aterata, kopiak zirela esango luke, kalko paper beltzez eginak. Azaleko begiratu azkar bat ematen ikusi du Huitzik.
Ondo dago, eta?
Datorren hilaren azkenerako esan zuen agintzen ohituta dagoenaren ahotsez.
Haizealdi bat. Semaforoa libre dago oinezkoentzat. Egunkariek hegan egitera egiten dute, kortxetek heldu ez baliete. Almirante jantziko kamareroak irribarre gangarrez jo du besagainean jaka beltza daramana. Barre hatsa du honek. Egunkari orriak nahiko lituzke, haize boladak kafetegian sartu eta aho hura itotzen.
Lehen bider denboralean, zorroa luzatu zion gizon hotzaren begietan sartu zituen bereak. Hasieran gozoago aritu izan zitzaiola gogoratu zuen. Ez zuen haren hitzak orain duen sorbatzarik. Huitziren bitartez egin zuen lehen lanaz oroitu zen. Elkarrizketa luze bat izan zuen orduan ere, literaturaz gehienbat. Iritzia zion eskatu. Librea zela baietza ala ezetza emateko, baina egin behar bazuen komentzituta egiteko. Azkueri oinarrizkoak iruditu zitzaizkion izen batzuk aipatu zizkion, jolaseko lakioa ere jarri zion gezurretan harrapatzeko hau horretan ari bazen. Jantzita zetorrela erakutsi zion. Barre egingo zuen zaharrak. Eta begiz ere egin zuen Azkuek etxekoaz ezeze kanpokoaz zuen ezagutza erakutsita. Minegia inoiz, etxean liburu gutxi dituela aitortu zion arren.
Terminologia bera. Erresistentzia kulturalaz, berba horietxekin, hitz egin zutela biek du gogoan. Eginbeharraren garrantziaz. Huitzik beharra aipatuko zuen, zenbaiten bihotzak kutxa gotorrak balira bezala errebentatzen dituen berba. Ardoak biztuta mintzoa, lehendik ezagutzen ez zuen itsas gaineko txiriboga batean, burdinazko hankak eta usteldutako gaina zuen mahai bakarra parrapean. Uda zen eta mahats ale helduak zoru gainean usteltzen ziren. Erleak gero eta hurbilago mahaitik.
Ez zuen mintzoa abarotan egoteko. Lehertu beharrean zituen begiekin mintzatuko zitzaion:
Alferrikakoa duk oroimenak negarrerako gizentzea. Iragana ezagututa baino ez gaituk joango aurrera. Eta beharrezkoa haiz hi, eta bestea eta bestea. Azkue, egin beharra zeukaagu.
Ez zuen erraztasun handirik, ibilera bezain trakestua zuen hitza. Bare zegoen itsasoa behean,soroen altzoan. Begi zuriz, telefono hariei jarraitu zien, muino atzean desagertu ziren arte. Norbaitek goiko leihoetako bat ireki zuen. Gauza astunen bat zoru gainean jausten, uztearen dangatekoa gero. Dei egiten zuen ahots bat. Geranio ontzi berdeak zeuden bentana guztietan. Ailorbe usaina aditu zuten. Itsasoari loturik, noiz indartuko zain egon zela du gogoan Azkuek orain. Zamauntzi bat ortzemugan irristaka. Eta ukabila estutuz ekin zionean berriro askozaz ere ozenago aritu zen, ardo kiratsa aurpegira bortxaz zeriola:
Loeroan egon gaituk, lotarako herri egin nahi gaitiztek, Julen. Bazegok zer eta nork idatzia, neuk ekarriko dizkiat egin ahala. Makinak baino ez dizkiat eskatzen. Literatura, Azkue.
Itsas zapu urdinila da itsasoa, egonean zabal. Zuzen zegoen, garaia da bera jabetu dela literaturak ez duela salbatuko. Eta ez daki baina zer den bizitzara lotzen duena ez bada literatura bera, beharra, Huitzik gogora ekarri dion bezala. Berde freskoaren ederra zaparradaren ostean. Autoan sartzen lagunduko zion.
Ez beste inor, hi haiz egokiena, Azkue.
Leihatila jaisten du gogoan, haizearekin itzarrita segi zedin, eta han utzita jo zuela oinez aldatsean beherantz du oroimen haren azkena. Untzia desagertu egin zen zabal gurenetik.
Etxeko atepetik botata Inesek igande goiz batez aurkitu zuen zorroa izan zuen hurrengo berria. J.A. inizialak kanpoan, makinaz jotako folio mordoska bat eta, eskerrekin batera, alderdiaren babesa eta errespetoa eskaintzen zizkion gutuna. Ordukoa da gogoan duen lehen sinadura, eskuz, letra sengle eta lotugabez: Huitzi.
Esan bezala beraz lan handiz altxatu zen aulkitik. Beste zeozer nahi?
Ezker eskubi astindu zuen Azkuek buru makurra eta begiak gora. Nekatzen hasia zela gauzak eramateko era harekin adierazten ari zitzaion mututasun haren bidez. Bihotza noren alde eman behar den ez dela beti agintera. Isilik jarraitu zuen Huitzik larruzko karpeta batzen zuen bitartean. Egunkaria tolestu eta bertan sartu zuen. Orixez oroitu zen, Ameriketatik etorria zelarik egin zitzaion omenaldiaz. Argazkiak ditu eginak. Abenduko hotzetan, bidez urrun egin zitzaion Leitzan. Buruaz agurtu zuen. Omenduaren ondotik. Ozta-ozta erantzun ziola. Bilatzen hasita, Agustin, bota du bere baitarako, ez al zenuen beste gaitzizen diskretoagorik?
Barrara hurbildu eta biena ordaindu zuen.
Deituko diat esan zuen berriro ondotik igarotzean.
Bulebarrera irten orduko, bestaldera pasatzen eta jende artean desagertzen ikusiko du. Leiho ondoan jarraitu zuen Azkuek, gaua zumardia estaltzen. Kopeta kristalean pausatu eta lausoaren bustia harrotu zitzaion aurpegiaren isla estali nahian. Nekatuta zegoen. Espaloietan bakantzen hasia zen jendea. Gazte bat sartu zen ondoko bebarruan, katea aterata zeraman bizikleta eskuan zuela. Ezagun itxurak egin zizkion emakumeak lagundu zion ateari eusten. Ezer ez esateko elkarrizketa bat entzun zuen entzun gabe. Gogozko zituen etxez kanpoko iluntzeak, inoiz ikusi gabeko jendeari beha. Ez zen haien bizitzak imajinatzera jolasten, ikusi baino ez zituen egiten batera eta bestera, bidean, inoizkoan eta betikoan, kafetegietako beren randebuak urrun balituzte bezala. Edo, otu baino ez, haietatik ihesi.
Ukondopeko zorroa hartu eta zerbitzari nagusia zirudienarengana egin zuen, zenbat zen galdetzen, aurretik Huitzi barra gaineko txanponak biltzen ikusi duen arren. Izenez deituko dio barre okaztagarridunari. Baietz egiten ikusi du buruaz.
Kalea kafetegitik baino zaratatsuago zegoen, autoen harat-honatakoa zuen gutxietsi. Portuko harresian barrena jo zuen. Maite zituen bide luzeak inorengana joateko presarik ezean. Bustia zegoen harria, orbain iluneko. Bera izan zen galderarik egin ez ziona, ez irakurri, gainetik begiratu ez zuen testu bat zuen besapean, hitzezko konpromezua. Bere baitarako egingo zuen irribarre: kontzientzia lotaratuak esna mantenduko zuen garra. Itzal etzanak sumatu zituen ilunarekin jolasean: bikoteak. Eta hala ere, bazuen zer eramana, ez du estiloarena esateko adorerik izan. Maiseatzen entzun zituen. Irribarre egin zuten gero sareen gainetik.
Erabakia zuen, ez zuen inprimatuko. Ernegatu egiten zuen kontzientziaren burmuin handi hura mantentzeko galdara hain esku traketsetan zegoela pentsatze hutsak.
Estua zara gero.
Huitziz oroitzean etorri zaio berehalakoan Inesek harekikoak aipatutakoan behin baino gehiagotan ekaika aurpegiratu izan diona. Harri bilakatu zitzaien esaldi hartara biltzen zuen Inesek berekiko agerian erakutsi izan duen akarraldi bakarra. Emakumearen begietako gozora behatzen zuela egin zuen: ez zuen ezer ikusten. Non ote dago orain. Huitziren deiaren zain geldituko zen.
Ez, Agustin, ez diat aterako.
Orriak irakurriko zituen bitartean.