8
Erabat galdua zuen gogoa makinaren hotsean igerri zionean lanak izango zituela orri guztiak etenik gerta gabe inprimatzeko. Bata bestearen gainean pilatzen zihoazkion orrietara itzuli zen eta tintaren tonua konprobatu. Atera egin zuen bat, erditik tolestu gabe kolore desberdinez egindako espatulak gordetzen zituen metalezko kutxaren ondoan zabaldu zuen. Bere buru gainean sentitu zuen zaparradaren erasoa. Bala jitea hartu zien uralitazko gaina kolpatzen ari ziren tantei, lokomotoraren azala jo eta trenbideko harri artera zipriztinetan jausten ziren haiek bezalako tarrapatan. Ordura arte ez bezala entzun zuen teilatu erretenetik kainoan behera ihesi zihoan jarioa. Orri bikoitzaren goiko erpinetan ezarri zituen erpuruak. Hatzek marka utzi zuten. Ordu bi bai Jabierrek etxerakoa hartu zuela, non egongo den asmatzen zail egiten ez bazaio ere. Linotipia garbitzen utzi du honek, molde akastuaz ulertu ez dion zerbait bota dio azkena, kalerako gertu zegoela. Ilobak atea itxi duenean baino ez dio ekin Julen Azkuek plantxak karroan muntatu eta bobinei tinta emateari. Aldatu egin du haizeak. Atezuan zegoen iluntzeak ekarri du euria berarekin.
Batere gustatu ez zaion krakatekoa atera du berriro ere makinak, ez da fio papera ondo hartuko ote dion. Orriak ondo jartzera egin aurretik, eta bere buruaren gainean bulartzen ari diren uretan belarria, hatz belztuek lotzen duten orriari bota dio begirada.
Pentsatu du A. bera nahikoa izanik istorioak aurrera egiteko zergatik behar izan dituen egileak beste guztiak, oldarrari enbarazu eginez, iragana gorputz batean sartzen ez dela egiaztatu nahirik bezala, mingostasuna ez al den azken batean bakarrarena, ororena izanik ere. Ahul du burua, ezgauza osotasunari urratu gabe eusteko. Ez ditu istorioaren hari nagusi bat edo beste baino gogoratzen, baina argitaratzeko modukoa iruditu zaio, Huitziri honela aitortu ez dion arren, berari ere.
Askozaz ere indargeago jotzen zuten orain, jostorratzak likidoak, xirriparen agortu ezina gainezka egiten hastear egongo zen estolderiarantz. Edonola ere, azken plantxak zituen. Hondatu gabe iraungo zuen gau hartakoagatik orriak metatik altxatu eta inpresio-zirrikituan sartzen zituen murtxadurei doi eusten zien beso mekanikoak.
Zertaz hitz egiten zuen orduan A.k bere erbesteko lagunekin itzultzeaz ez bazen? Huitzik, edo goragokoren batek nor baina gorago?, helaraziko ziola zegoen lekuan zegoela antzerako itaunik egileari, ikusi egiten du. Hormak egiten dituen irudietan erreparatu eta begiak itxi zituen. Espero zuena baino lehenago amaituko zuen.
Bulegora igo zen makinak berea egiten zuen bitartean. Bere burua neurtze aldera egin ohi zuen Burgoskotik, telefonoarekin buruz buru jarri eta deituko ez deituko aritu, zelan dabilen galdetu eta zorionak emateko, jakinaren gainean gauerdi osteko orduak berak egingo lukeela errukarriago, indartsuago deitzailea hartzailea baino. Oratzeke pausatu du eskua telefonoaren gainean. Hartu eta hiru zenbaki markatu ditu. Inesen atzamarrek marrazki ikustezinak egiten zituzten saihetsen gainean. Beste bi geroago. Zergatik ez didazu esaten maite nauzula? Begi beltz haiek entzun nahi ez lukeen zerbait ostentzen zuten. Utzi egin du.
Anttoni ikusi izaten zion bezalaxe zabaldu du kajoia originalen karpeta ateratzeko. Azpi-azpikoa utzi du mahai gainean, azalean izenik gabeko azula, korapilodun gomaz lotua. Hura esku artean zuela agertu zitzaion Inesi agurrekoan, atera beharrekoa da, Ines, kontatuko Huelgasetik hotelera ibai ondoko platanondopetik zihoazelarik, eta memoria historikoari buruzko esaldi orain serioegiren bat gehitu ziola etorri zaio. Huitzirekin erabili izan zuen kode bera. Alferrik, memoriak, ezkutuan eginaren plazerrak, ez zuen maitasunik, ez eman ez batzen.
Lotara ere joan beharko diagu bada?
Bere ardatzean egin zion bira bihotzak, horren exageratu esango dio faktorrari entzun eta batera Zubeldiaren irribarrea identifikatu zuela bulegoko ate ostean. Zaparradak harrapatu zuela aditzera ematen zuen gabardina melatua eranzten zuen bitartean egin zuen atzerantz Azkuek: atea barrutik giltzatzea ahaztu zitzaion ilobak irten ondoren. Han zuen ordaina, gabardina esekitzen zebilen aitzakiarekin azalpenik eman ez diolarik gero eta amarratzen gaitzagoa egiten ari zaion herioa. Liburuaz ohartu zen, makina azken plamuak inprimatzen behean.Orain biak aurrez aurre zeuden bulegorako bidean, gordean auskalo zenbat denboran Zubeldiaren begi gosetuena baino izan ez dena. Loretuak ikusi zizkion eta zabala irria.
Afari bat izan diagu hemen ondoan eta lagun zaharrak zer moduz dabiltzan ikustera.
Berbak gozoak ziren baina uhala eskuan duenarena mintzoa. Elkarri begira zeuden orain, eta Juleni, hilabeteak buruz buru ez zeudela, denbora gutxian oso zahartu zela begitandu zitzaion. Bestea hitz egitera ez bultzatzeko moduan formulatu zituen perpausak ordura arte Zubeldiak. Aurrea hartzea erabaki zuen.
Berandu ere baduk lanean aritzeko jarraitu zuen hitzei doi-doiko zaztada jarriz.
Isiltasunak makinaren beso mekanikoaren karrakateko berria ekarri zien. Handik beharbada. Arronarekin izan zuen elkarrizketaz oroitu zen, bigarrena zuen denbora gutxian hitza neurtzera egiten zuela. Behartuta zegoen bereak mugitzera.
Makina. Ez dabilkit oso santu eta froga batzuk egiten.
Galdua zuen partida. Ez zuen aitzakiarik onena, okerretik hartu zuen. Harrotasun handiagoz ekin behar agian. Bazekien beste bi, hiru, lau aldiz mugituta ere ezin izango zuela Zubeldiaren begiztatik askatu. Azpitik zeukan. Azken batean, zer segi ala ez, momentuko erantzun egokiak ez zuen ezertan mudatuko zetorkiona. Edizio guztiaren sekuestroa eta presakako irudimenaren eskasa, adibide bejetal sinpleegia zapata zolaz deserrotutako ernamuina. A.ren izua. Hogeita hamar urte geroago, persegitu egiten zuten.
Froga onak horregatik.
Harri ustel baten itxura hartu du Azkueren begietara gabardina poltsikotik mahai gainera atera duen orri zimurtuak. Esku guri zabaldua gainetik pasatuz leundu du. Garbi zegoen orain bien aitzinean ezein klandestinitatetan biluzik zeuden ahapaldiak irakurtzen eman zuela bulegora sartu aurretikoa, eta hartuko ziola bederen elkarrizketa bide bihurritik jarraitu ahal izateko besteko arnasa. Patrika zuloan araka segitu zuen harik eta beste bi plegu atera zituen arte. Nekatuarena egiten harrapatu zuen etorri berriak. Hala ere, ez zirudien otoizle mintzatuko zitzaionik. Gehiago estutzera egin zuen. Ahoa neurri zuen:
Ez didak esango ezkutu-lanetara itzuli haizenik berbak irensten balego bezala entzun dio Azkuek.
Ezkutatzeko gutxi dago hemen.
Algara eder batean lehertu zen Zubeldiaren irribarrea, Azkuek espero zuena baino zuriagoa askozaz ere. Tabakoak belztutako hortzak erakusten zizkion, gero eta ozenago egiten du zentsoreak, eta Julen ziur da beraren eztarriaren alutik ateratzen den tonua erreparatzen ari dela, gogoko duela hotsaren koloreak neurtzea, bolumenak gorago nola egiten duen kontrolatzea. Kristalezkoa du begirada, horasta aurpegia, amorruak jotakoak legez lotzen zaizkio eskuak aulkiari. Bere burua entzun gogo du, eta punto. Aurki ekingo dio indar erakustaldia amaitzeari, itotzera erasotzen dion eztula eta Azkuek gero eta ubelago ikusten duen musualdeari. Ia ezpainik gabeko mamien atzean gordetzen ikusi ditu erdoka beltzeko hortzak. Mahai gaineko orrialde zimurtuak jaso ditu begiak erakutsi aurretik.
Lagundu egidak behera.
Eta hala eta guztiz ere, sentibera behar du orain bere aurretik, tailer jabea bera izan balitz bezala, makinetarako bidea erakusten ari zaion Zubeldia hau. Kultoa bederik, idazlea ere baden partetik, aitortzen dio, hain maite zaizkion sukalde iruzkinaz gain folklore hutsetik haratagoko ipuinekin eta. Estropozu egin du azken aldeko eskaileretan eta mauka muturretik eutsi behar izan dio Azkuek. Begi dirdaitsuek esker oneko berbarik eman gabe begiratu zioten. Lainotuagoa zuen ahotsa.
Esan beharko didak bada nola amaitzen den A.ren kontu hau.
Haizeari botatako lanaren azken pleguak inprimatuak zituen makinak. Metatik goi-goikoa atera zuen Azkuek, alferrik zuen begietarik ezer itzaltzea, emana zion errematea bulegotik beherakoa egitea erabaki zuenean.Lehenago bestea utzia zuen toki berean zabaldu zuen.Euri orratzen zaztadak sentitu zituen berriro ere, emeago oraingoan.
Orain arte euskaraz egin den nobelarik onena gailendu zitzaion Azkue uralitazko tarrapatari.
Eta oraindik ere, urteak ere badira elkarren ezagutza dutena, ihes egiten dion perzepzio heina da Zubeldiak euskaraz idatziriko testu orogatik duen ezagutze gogoa; gaixotasun larria dena literaturtasun saiorik denean tarteko, eta, hala uste du Azkuek, gaztelerazko testuak baloratzen dituzten zentsoreek eman ezin ziezaioketen neurria ematen ziona harrapako ez harrapako jolas baino joko hari. Euskal letra inprimatu guztia du kredu. Zubeldia puta honek, erantsi dio bere buruari zigarroa esku dardartiaz ateratzen ikusten ari dela. Eta hortik du erraiei jaten ematen dien harrokeria ere hazten. Azken batean bera baita sinesmenaren idazle bakar.
Ia ahapeka eman duen ezetzaz erantzun dio Zubeldiaren eskaintzari. Ez daki zergatik, ez du bere bizitza guztian zigarro bakar bat fumatu. Erretzen hasteko garaian inprimategian hasia zelako agian, irribarrerik zurienarekin ikasi du ezesten. Ohiturak, papera eta errautsaren azalpean gordetako pindarrak ez nahastearena bezalakoak. Inesek hoteleko hautsontzian utzitako bi zigarrokinen usaina berari deitzeko izan duen tentaldi bakoitzean gogoratzearena bezalakoak.
Argi zuria inpresioa amaitua zuen makinaren gainera amiltzen zen. Gosez irekita bezala irakurri zituen Zubeldiak ahosgoraz azken pleguko aurreneko lerroak. A.k bere buruaz hitz egiten zuen; Mar del Platako txurraskeria baten leihoetarik ozeano argiari begira Euskal Herriaz ari da gogoetan. Adjetiboak saldu dezan utzi gabe, sotil, sinesgarri, duin idatzia. Eskuak ez du salatu, hori bederen gogoratzen du, oraindik orain irakurria. Zubeldia geratu egin da. Buruaz ezetz diola, Julen Azkue orain harroagoari behatu dio. Uralitak ez du isiltasuna baino. Jarraitu egin du, ez hain altu orain. Eta horrela zaindu du, isilean, non A.k ez dela itzuliko dion ahapaldira arte. Berariz egin du. Mar del Plata eta hura hau erkatu gabe lotuz, beldur dela dio gorrotoa biztuko ote zaion. Eta aski gorrotatutakoa zela lehen ere. Nahiago dut itzultzeari uko egitea arerioak anaitzakoak izan baino, ez zehazki hori, baina antzerako zerbait ari da irakurtzen orain zaharra, jaio zaio Julen Azkueri segunduak bere baitarako neurtuz bestearena imajinatzen.
Makinak ahal izan zuen txisturik luzeena atera zuen. Zubeldiak, betaurrekoak eskuan dantzatuz, hitz egitera zihoala ohartarazi zion.
Eta zergatik ez didak pasatu?
Makina itzaltzearen aitzakian mututasuna dela erantzuna jabetzen ari da Zubeldia.
Nik uste nian horretarainoko konfiantza bagenuela elkarrekin.
Haizea askatzearen antzerako zarata atera zuen makina itzaliak. Zigarroa ezpainetatik zintzilik, aurpegia hartzen ari zitzaion susmoa hartu zion Azkuek. Ez zen bera izango hari lotuko zitzaiona. Nabarmenkiro urduritzen zetorkion Zubeldia, eta berak jarrai zezan utzi zion, argiaren gonape zuritik ate, ajuste giltza txikiaz joaz metalezko ontzia.
Julen, gerra ia hogeita hamar urte amaitu zela. Baduk gauzak bere izenez deitzeko ordua.
Begi urdin oro da traidore Zubeldianetara.
Zer esan nahi didazu, zer zaren niretzat?
Ez diat hori esan.
Damua. Gerra egitetik libratu izanaren damua dut.
Isiltasuna neurtzen zekienaren ustean zegoen, baina luzeegia egin zitzaion inondik ere Zubeldiaren erantzun ezean bere hitzek behartutako hura. Euria hasi zuen berriro ere. Aterpean egon ez balira bezala gordetzen zuten bestearen arnasa, zaparrada soinean, burutik beherako jarioan, lehenago pulmoniaz itoa bestearen hatsari amore eman baino.
Zubeldiak, errime, Azkueren sastakak saihestu nahia azaltzeko, borondatezko keinua, arestian emandako galdera egin dio berriro ere, atzekoz aurrera baina.
Nik uste nian horretarainoko konfiantza bagenuela elkarrekin. Zergatik ez didak pasatu?
Bakoitza non gauden ahaztera egin behar dugula esan nahi duzu.
Ni ez negok hik uste dukan lekuan. Egizak gaur egunekoa ni gabe beste baten baietza edo ezetzaren menpe imajinatzera. Ez pentsa horregatik laurdenaren erdirik ere aterako zenuketenik.
Arronarekin gurutzatu zituen hitzak etorri zaizkio berriro ere. Ez zitekeen batekin lehen, bestearekin gero egoera antzerako haiek gertatzea: begi neurtze haiek, hitza hiltzera, antxit egiteko zauria. Are gehiago, fusilatu sentsazio hura, eskuetatik ihes egindako zerbait, galdua, hondoratua, eta bakardade hura, Ines.
Hik uste baino gehiago zor didazue.
Bakarrik zegoen. Ezpainak berehalako irribarre tristera okertu zitzaizkion: A.ren adiskidetasun irabazia salbu. Zertarako idatzi dena galdua bada? Hasierako ideiara bildu zitzaion gogoa, argitaratu beharra zegoen.
Zer egitea pentsatzen duzu?
Irakurri behintzat lehenengo.
Ezer esan gabe ikusi du eskaileran gora begietatik itzaltzen Zubeldiak. Bulegoko ate itxi ostean dabil, kristal matean ikusten dituen itzalengatik daki, mahai gaineko karpeta urdinera batzen folioak eta bere gabardina ahaztua pertxatik hartu eta besagainean tolesten. Argia itzali duenerako dator behera, ortots arinez makinetara, orain Zubeldiak lehengo plegu bera irakurtzen eta hatzaz lerroen erliebeari jarraitzen dion ondora.
Kurioso atera zaik. Letra tipo onak dizkik oraindik hire linotipia zahar horrek.
Hik pentsatuko duk inporta zaidala zer irizten diokan, bere baitarako marmarrean Azkuek. Karpeta zabaldu eta kalkoz idatziriko folioak ateratzen ikusi du Zubeldiak, eskuz egindako oharrak daramatzaten koartilak laneko jakan gordetzen dituen bitartean. Idazlearenak? Huitzirenak? Inprimategiko teknikoak seguruenik. Aproba egiteagatik ezer galtzen ez duenaren jardunaz, lakiotik tiratzen jarraitzea deliberatu zuen, Azkueren urduritasunak berak erakuts ziezaion ibili beharreko bidea.
Ez al dizkidak ohar horiek utziko? Nobela hobeto ulertzeko laguntzeko badira...
Zurezko ohol baten kontra botatako iltzeen zarata antzeko batek erantzun zion. Elkarri begiratu zioten, okotzagora eta begiak berriro entzun gogo direnen arretaz. Seira arte zenbatu zuen Azkuek. Ezer ere ez. Zubeldiaren eskuei begiratu zien, hildako batenak bezain urdin eusten orriei, galduak honezkero afari lagunak. Berandu zen eta nekatuta zegoen, baina bazekien: ez zuen lorik egin ahal izango etxeratutakoan. Hilabeteetako nekeak izan dezakeen pisu guztia biltzen zuten. Edo deus ez. Iltze hotsek berriro jo zuten porlan eta kristalezko orearen ertzetan, egur ur-handitua xerka nahian. Mintz urratuen batetik besterakoek irribarre burlosoa zabaldu zuten Zubeldiaren aho ezpaingabean.
Goseak al dauzkak?
Orriek atzamar markak zituzten; horregatik eskatu izan ditu berak beti kopiak, jatorrizkoari egin dakizkiokeen kalteen gaineko ardurak ekiditearren. Ezagutzen ditu, idazleak eta. Lehendik nahikoa ez balu bezala. Zubeldiak azkazala gainetik pasatu eta tintak denbora daramala lehortuta diotso. Gutxika-gutxika hasieran, gero eta nabarmenago sentitu du arratoien lauroinka zentsorearen oroimenean.
Inoiz ikusi al duk arratoi bat gizona jaten?
Julen Azkuek Zubeldia eta aurretik doakion laguntzailearen oinotsak entzuten ditu autoa errepidean utzita patarrean gora abiatu direlarik, almitza orkatiletik gora. Apirila da eta oskarbi, otadiak gain egiten duen pezoinetik begietara datozkie Bizkaiko mendi urdinak. Laguntzaileak masaileraino altxatuz luzatzen du besoa, hatza luze: Intxortak, diotso. Hartuak. Baserriraino igotzen den pista bihurgune kiskaliaren gibelean galtzen da. Harantz begira, arnasaren beroa entzunez, Zubeldia artean gazteak hasitako zigarro bat iziotzen du. Eta orduan. Biztu eta bat izan huen esaten ditu orain begi handiak, gizon bat ote artean.
Soldadua zen eta ahozpez zegoen. Gudaria ala reketea zen desberdintzen jakingo zuela galdetzekotan egon bazen ere, entzuten jarraitzea erabaki du Azkuek. Laguna, pezoinetik ez hurbiltzeko zioela hurreratu zitzaiola, oilartu, gorpuak besoa agerian zuenera, armarik zuen bederik ikusteko. Gaztea baininduan eta gerran ikusten nuen lehen hildakoa, berritu du lehen esana Zubeldiak. Oteak iluntzen hasita zeuden eta Bizkaitik ez zen kerik ortze gainera. Larbehien arran hotsak entzun zituen gibelean. Eskugainaz estali ditu sudur ziloak, egunak daramatza hilik. Eta ez. Norbaitek zuen kendua, eramana. Erdi ezkutuan egonagatik ere, ez zitekeen arma ebatsi zionak ezik beste inork ez ikustea. Zubeldiaren bota berriak orain ote gaztea, orain almitza zapuzten. Larruzko uhal belurituak hutsik zuen pistola zorroa. Oihu egin zion bide erakusleari, ez zeukak!
Hik ez dakik zer den esateko goratu du, begia lehertu beharrean, ahotsa ustekabean karrakatua orain Zubeldiak. Eta damu dukala esaten duk? Disolbente potetara hurreratu eta papararren kontra estutu ditu, besoak soinari lotuta, mailualako esku handiak. Azkuek ez duela paperak biltzeko keinurik egin behar ulertu du. Oihu egin orduko atera zela arantza artetik, neramatzan boten adinakoa, ezkutuka behera egiteko, soldaduaren petik, Julen; nondik bestela arratoia zotz berdea jaten.
Erraiak jaten ari zitzaioan!
Atonduta aurkitu zuen Zubeldiak karpeta, orri kalkatuak barnean. Irakurriko zuela eta aurki izango zuela bere iritziaren berri, gordetzeko inprimatua bitartean, ezkutuan, orain arte bezala. Eta ikusiko zutela zer egin, egoteko lasai.
Lehenbailehen aldegin zezan erregutuko zuen behin eta berriro bere baitarako Azkuek, baina kalera zabaltzen zen egurrezko atea ireki zionean ohartu zen bazela zerbait faltan egoera hartan, zer zen ondo ez bazekien ere. Ezin izan zuen burutik kendu, nahita erretako bihurguneko baserritik aldendua, menditartua. Zubeldiak ez zuen afalduko gau hartan, eta ez hilagatik, gorpuak eta arratoiak osatzen zuten bat harengatik baino. Sinestea erabaki zuen, baina gaitz egiten zitzaion ikusten. Arratoi bat ote artean. Krudelegia asmakizuna izateko. Gorpu abandonatu bat, gizon hark behar zuen norbait izan aldamenean gaztigua emateko, harrotzeko, ni izan naiz esateko bada ere. Nork ebasten dio pipa hildako bati? Etengabea ari zuen oraindik. Biek behatu zuten gora. Teilatuetara gero Azkuek. Gogoko zituen bustiak, argi haien menpeko.
Ez zuen telefonoz deitzeko korajerik izan.
Julen, konfiantzan, zer moduz idazten du honek? esan zuen Zubeldiak karpeta urdina bere gorrian erakutsiz.
Zalantzarik ez, lorik egin gabeko hilabeteen zamak gauaren pisua hartzen zuen.
Ez nazazu zoratu orain.
Zubeldiak zerbait darabil gabardinako poltsikoan duen eskuko atzamar artean; erpuruak biziagotzen dizkion laztasuna da, bejetala eta hila, Azkueren begietara zumar baten gerri azal zatia bezalakoa agertzen dena. Zergatik ez dakiela, aierukor bilakatu da berehalatik ahots liketsua:
Isildu hadi, hik ez dakik zer den zoratuta egotea-eta!
Teilatuek zilartuak ziruditen argi haren pean. Zubeldiaren oinotsak espaloian aurrera galtzen entzun zituen, eta elkar agurtzen ziren bozak haiek gorde orduko. Berandu zen baina jendea zebilen artean kalean. Egin ez zuen telefono dei batez oroitu zen.