16
Katarsia
Gorputza bertan dela egin dute Mikel Larrarteren hileta elizkizuna. Zenduaren berariazko nahia omen. Laurari iruditu zaio, nartzisistek azken hatsa eman arte eusten diotela egoa puzteko ahaleginari; bizidunen erretinan presentzia eternoa lortzeko saiakera antzua, egiaztatu duenez, inor gutxi hurbildu da-eta hilotza bekoz beko agurtzera.
Laurak ez ditu elizkizunak gustuko, kortesiak eroan du eliza atarira: sen naturalaren mozal nazkagarri horrek. Bi vodka hurrupa hartu behar izan ditu nagia gainetik kentzearren. Martxa honetan botila erdia beharko du zaborra botatzera jaisteko, hain zaio gogaikarria bizi duen mundua. Kokoteraino dago. Nola janezina bihurtzen zaion bati egunero irensten duena, hala asebete du bere bizimoduak Laura. Ai, oka egite soilaz existentziaren kontagailua hutsean jarriko balitz! Garai batean emozioz hartzen zituen egunsentiko eguzkiaren errainuak. Edertasun plastikoa zuen leiho azpiko ikuskizunak: haurrek irri egiten zuten eta pilotak ostikoz jo. Harat hona zebiltzan zakurrak, aztoratuta, parkean bildutako guraso berrien begiradapean. Atseginak zitzaizkion belar busti usaina, txorien zalaparta alaia eta ilargi betearen perfekzioa. Bereak ez diren leihoak irekiz eta beste nonbait biribildutako ilargiak behatuz aurkitu beharko du galdutako bihotz ikara, harmoniarik gabeko anabasa karrankari honetan ezin baitu arnasarik hartu dagoeneko.
Agurtu ditu Snoopy, Bovary, Marconi. Ez du Livingstone ikusi. Bildu ote du bestelako belardietan bazkan ibiltzeko adore nahikoa?
Kalte egiten dio mikrokosmos toxiko honek. Ezin du jasan.
Kanpoaldean eman dioten liburuxka moduko bat poltsan gorde eta elizara sartu da. Kontxo, pentsatu du, pisatzen zuena baino nekrologia astunagoa egin diote zenduari.
Neska-laguna zena aurreneko ilaran dago. Aldamenean du musuzapiz ekipatutako negarrontzi bat lantu joka, honenak dira auhen bakarrak, erdizka neurritasunak eta erdizka auzo-lotsak ezarritako isiltasunak hartua baitu eliza. Distira gabeak ditu emakumezkoak masailak, ez du ematen oso penatuta dagoenik. Gainontzekoen pentsamenduak haren aieru gaizto igualtsuei emanak ote dauden darabil Laurak gogoan. Baietz erabaki du, konbentzimenduz baino norbere malezia zuritzearren, gaitza da-eta predikuaren hari monotonoa jasatea. Askoren mina, txoroen atsegina. Itxura gorde beharra kortesia erakustea baino are frustragarriagoa zaio. Aldeetara begiratu du, sarreran jasotako opuskuluari beha daude eliztar gehienak. Begiak arranpalo asko eta asko.
Damuaz mintzo da abadea, kontrizioaren premiaz, ordainak kitatzeaz. Organismo ihartu batek botatako hitz ustelak. Egindakoengatik damutzea baino ez egindakoengatik barkamena eskatu beharra iruditzen zaio Laurari barkaezina. Ahitzear du gasolina. Badaki. Alkohola ez den bestelako erregairen baten premian da bere ilusioa. Arnegatzerik ez, dena den, lehen edandakoak ekarriko diolako geroko egarria.
Utzi du eliza omenaldi patetikoa amaitu baino lehen, eta abiatu da ziztuan etxera. Bera ez den beste norbaitek bultzatuta bezala daroate oinek ordenagailura lehenik eta armairura ondoren. Egin du zotz lauzpabost norako artean eta Tunisia egokitu zaio. Nahiago luke Rio de Janeiro tokatu balitzaio, caipirinharen zaporearen gomutak hartu dio-eta aho sabaia. On egingo dio mendazko teak. Bazter utzi nahi du alkohola. Zabaldu du ondoren armairua eta bildu ditu udako arropak bata bestearen gainean. Ganorazko meta egin eta gero maleta egoki baten bila hasi da etsiak hartuta. Ez du egokirik, motxila zarpail parea besterik ez, ez baita sekula luzarorako inora joan. Zer demontre eroan liteke itzulbiderik ez duen bidaiara?
Ohe ertzean jesarri da, indarrez hustuta, KO dagoenaren antzera. Bizitzarekin zer egin hausnartzen zuen bitartean erraza suertatzen zitzaion erabakia geroratzea. Bizitzarekin zer egin erabaki duenean, ordea, zalantzek eta galderek erasan diote. Duda-mudetan nabigatuz eman du gaua: ekaitzean desagertutako naufragoa. Zorabiatuta altxatu da goizean. Joan da ile-apaindegira eta egin du manikura. Errotik aldatu du orrazkera, baita ilea gorriminez tindatu ere, inpaktu batek bestea moteldu dezan, bat-batean kopa bat hartzeko gogo bizia sentitu du-eta. Atera ditu sosak banketxetik eta itzuli da lapurraren estualdiaz etxera. Sartu ditu berriz arropak armairuan, keinu soil horrekin memoria hustu nahi balu bezala. Maletarik ez duela egingo erabaki du. Zertarako? Birsortze katartikoa egitera doa. Soinean daramana baino ez du behar. Kameleoiarena egingo du: lekuan lekukoa. Erosiko du maleta huts bat eta beteko du bidean aurkitzen dituen arropa, oroimen, esperientzia berriekin.
Bota ditu etxeko giltzak zakarretara aireportu sarreran eta nahita ahantzi du sakelako telefonoa kafetegiko mostradorean.
— 37.000 oineko altueran nabigatzen gabiltza. Bi ordu barru ailegatuko gara Tunisiara, aurreikusitakoa baino hogeiren bat minutu lehenago. Zeruak garbi daude eta eguraldi ezin hobea Tunisiar errepublikan. Bidaia ona izan dezazuela.
Laranja ura eskatu du Laurak eta esku poltsa arakatu du, salto egin aurretik paraxutistak bizkarrean daroan trepeta aztertzen duen eran. Halaxe sentitzen baita: existentzia birjinan lur hartzera doan esploratzailea da. Mikelen nekrologiarekin egin du topo. Poztu egin du aurkikuntzak, sikiera bidaiaren herena entretenitzeko balioko diola iruditu zaio.
Kill Bill Revisited
Zerraldoan dagoena naiz, zuen kakatzetan ehortziko dutena. Hara ba, zuek ere irentsiko duzue nire gorozkietatik! Ez egidazue esan jokaldi azkarra ez denik, pulpitutik zigortzen ari zaizuen agurearen erretolika ez entzutearren zuetako ergelena ere lotuko baitzaio opuskulu honi. Xake mate, nire azken guda dantza! Kristau txepelak, sikiera gospela erantsiko baliete biltzar aspergarri hauei! Konformismorik alienagarrienean sustraitutako jaun-andre madarikatuok: har ezazue eta jan guztiok honetatik, hau nire artearen kaliza da-eta, denon apatiak alferrik galtzen utzitako talentuaren lagina, zuen axolagabekeria hilgarria barkatzeko idatzia izan dena. Irakur ezazue kontakizun hau nire oroigarri.
SHEZ!
suge hilgarrien eskuadroi zitala
nobela baterako kapitulu zirriborroa:
Emakumez osatutako abangoardiako komandoa: SHEZ! Herritarren utzikeria intelektuala gudukatzea du helburu.
Barrualdea, egun argiz.
Guggenheim Bilbao, Fish galeria.
Hiru emakumezko Richard Serraren Denboraren materia eskultura multzoaren aldamenean.
Konposizioko piezak graffiti bizkorrez marraztuta ageri dira: zakil eta titi zirriborroak nonahi. Letra larriz sloganak: Zerratu Serraren Mokordo Milionarioak! Athletic Beti Zoroekin! BBK Liverish! Egizu Zaunka Puppy! Tabakalera Amiantozkoa Da!
Niqab bana jantzita daramate hiru komandokideek. Ez ditu osorik estaltzen, gerritik behera biluzik doaz. Bilotsuak hiru aluak, depilatu gabeak. Dotore jantzitako hiru gizonezko galeriako sabaitik eskegita daude, hiru lapur gurutzefikatu legez. Ezinegonak mugitzera behartzen dituenez, penduluak bailiran dabiltza batera eta bestera.
— Zuetako bakoitzaren izen-abizenak! —deiadar egin du emakumeetako batek—. Ozen eta garbi, alferrontziak!
Emakumeak kamera sofistikatu bat du sorbaldan. Eszena grabatzen dihardu.
— Juan Ignacio Bidarte naiz —erantzun du totelka—, museoko zuzendaria.
Hiru gizonen larritasuna erakusten du kontrapikatuak. Ikarak baino harridurak mututu ditu: ezinezkoa da txantxa teatral hau euren posiziokoei gertatzea. Erretagoardiako emakumezkoetako batek zigor kolpea eman dio ipurmasailean erdikoari.
— Andoni Dobaran naiz, zuzendariordea —esan du zigorraren ziztua gertu sumatu duen ezkerrekoak.
— Ni Daniel Vega —ahots meheez mintzo da eskuinekoa—, eduki artistikoen arduraduna.
— Actors Studioko ikasle bikainak dira hiru alproja hauek —esan du zigorra airean darabilenak —. Ez dakit nik bare nazkagarri hauek seriotan hartzen ote gaituzten, kamaradak.
Haizatu du berriz zigorra gorantz eta astindu ditu hiru gizonen hankak, izterrak eta bizkarrak.
— Utz ditzagun gauzak argi. Hau ez da hain gogoko dituzuen bakanal lizun horietako beste bat, ados?
Protesta egin dute gizonek:
— Zer zorakeria klase...!?
— Kartzelarekin ordainduko duzue ekintza terrorista hau!
Mundua talaiatik ikustera ohituta baitaude, urduri baina harro mintzo dira hala ere zintzilikatuak.
— Emaien beste pasada bat, kobra hilgarria. Makila dute maisu astoek.
— Zure aginduetara, boa hilgarria.
Zast! egin du zigorrak airean, sugearen mihiak nola, eta urratu egin ditu hiruren trajeak paperezko trapuak bezala.
— Aizue, artean aditua naiz —bere burua zuritu nahi du eskuinekoak—. Ekintza artistiko guztiak aztertzen ditut. Biziki interesgarria da performance berritzaile hau. Baditut baliagarri suerta dakizkizuekeen kontaktuak MoMA museoan...
— Snobek asmatutako happening merke horiei deitzen diezu artea? Zer dion, mamba hilgarria, egingo al dinagu MoMAn agerraldi epiko bat?
Mamba bizkorrak ez du zirkinik egiten sekulan. Dena kontrolatzen du. Zast!
— Poliziak bidean dira —mehatxu egin die ezkerreko zintzilikatuak—. Kameren bidez ikusi zaituztete. Zuenak egin du!
— Ixo!, inozoa. Geu gara kameraz munduari ekintza hau erakusten ari garenak.
— Ez da benetan ari! —lagunak adoretu nahi ditu zuzendariordeak—. Femen yihadista buruarin batzuk besterik ez dira...
— Behatzaile bikaina haiz, zerria! Beste astinaldi bat merezi du erantzun txatxu horrek.
Kobra hilgarriak zigorra astindu du berriro:
— Onar ezazue errudunak zaretela!
— Aitorpenak nahi ditugu, jaunak.
— Baina...
— Aitor dut —amore eman du zuzendariak— gure emazte hanpurutsuek diamantezko lepokoa daroaten eran darabilgula artea koktel arranditsu eta jauregi aberatsetan...
— Aski da! Beste irain bat eta zuri moztuko dizugu lepoa!
— Zer aitortu behar dugu ba...?
— Kultur eredu turistiko honen arduradunak zareten zomorroak, esaguzue behingoagatik nori dagokien kulturaren norakoa trazatzea.
—Kultura sailburuari...?
Zast!
— Sortzaileei!, tentel halakoa! Putzu ustelduko ezkailu mirrinak zarete zuek. Ur handitako arrainei ere jarri diegu amua: aldareetako mesiasak, ongizatearen guruak, gatibu gauzkan kaiola honetako liderrak, denak jo-puntuan zaituztegu!
— Hemendik jaisten baldin bagaituzue —beratzen hasi da zuzendaria—, negoziatuko ditugu zuen eskari artistiko eta ideologikoak...
— Tratulari hutsak zarete! Eskrupulurik gabeko trafikatzaileak! Christie's-eko enkanteetan zaildutako abilezia hori ondo etorriko zaizue. Arte kontzeptuala sublimatzen duzuenez, ziur naiz preziatuko duzuela mokofinentzat espresuki sortu dugun performance hau. Twitter bidez jalgi dugu honezkero: hirukote pikaro hau salbatu nahi baduzu, esazu gogoko duzula txio hau; kondenatzea erabakitzen baduzu, ordea, bertxiotu. Ezin kexatuko zarete, artelan bihurtu zaituztegu!
—Hau ez da artea sublimatzea, segada baizik! Performance txoro honek ez du aterabiderik...
— Ez al duzue kudeatzaileek gauza bera egiten, ergela? Goibeletik trumoira eraman herritarra? Tori ordaina!
Laurak aspertuta utzi du opuskulu ziztrina, irakurtzea amaitu gabe. Amorruz abandonatu du jarlekuko zorroan, aldizkari publizitarioekin batera. Apenas iraun dion ordu laurden bat entretenimendu errukarriak. Doako ankerkeria horrek bere onetik atera du. Ahobero negartien tinta errebeldeek jada ez dute hunkitzen. Utikan derrotatuen kexu existentzialistak! Traba baino ez dioten egiten. Nola askatzen zituen Houdinik eskuburdinak, hala limurtzen dituzte norbere erantzukizunak komediante halakoek: profetak, bankariak eta agintariak zaku berean sarturik! Lohia astindu eta birsortzen ez dakienak merezi ote du, ba, bigarren aukerarik?