Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

1

#Anonimoa

 

Whiskia sagardo basoan zerbitzatu eta, gero etorriko diren hogei zigarroetako bat isiotu ondoren, twitterreko kontuan sartu da Beñat. Deabru Zikinaren txio zahar batzuk irakurri ditu: «Iñigo Urkulluren zakurrak katua jaten du. Eta badakizue zertaz ari naizen». «Gorka Maneiro infiltratu bat da. Kennedy ere gure laguna zen». «140 karakterreko doktrinak babesten dituzte twitterreko zentinelek, egin kontu zein den haiek gurtutako guruen maila». Txarrak iruditu zaizkio.

        Pentsakor gelditu da pantaila aurrean, hitz egokien bila balebil bezala. Bere azkeneko hitzak aukeratu behar ditu.

        Berriz erreparatu die beste txio batzuei: «Euskara ostikoz jotako baloi bat delakoan, ez gara jabetu Gaizka Garitano zer esaten ari zitzaigun». «Euskal intelektuala gaztelurik gabeko mamua bezain gauza negargarria da». «Uxue Barkos ez da gure lehen Lehendakari emakumezkoa izango. Yolanda Barcinak historia egin du. Ez ukatu». Arinak eta errazak.

        Ordubete luzea igaro du bere azkeneko txioaz hausnartzen. Baina berez gogoan dabilkiona kalkulu bat besterik ez da, hauxe: behin txioa sarean, zenbat denbora beharko ote du Poliziak egilea atzemateko? Bost bat ordu, erabaki du.

        Hasperen akitu bat eginez jo du jakinarazpenetara. 93 erabiltzailek bertxiotu dute dagoeneko Deabru Zikinak bart arratsean jaulkitako mezua: «Beaumontar bat Nafarroako Gortean. Espainiako Errege berria eta Albako Duke guztiak urduri jarriko dira berriro. Deskonkistatu zaitezte!». Goizaldean botatakoa nagiago dabil, antza: inork ez du oraindik amurik irentsi. Hamabi jarraitzaile berri batu zaizkio. Beñaten alter egoak 50.000 txio emanak ditu honezkero. Aspertuta dago.

        Azkeneko testua idatzi baino lehen irakurri ditu gehiago: «Esther Ferrer ikusi dut Bilboko Henao kalean eta enao seguru nora doan, nondik datorren». «Esaldi batek mundua aldatu zuen: eguzkiari biraka dabil lurra. Argi dago: fotosintesia da etorkizuna». «Gerturik daukagu odola Repsol-en alde emateko? Oh, God! (and The Old Law) Save Josu Jon». Baina grazia apur bat egin diona hau bakarrik izan da: «Petilla Gure Esku Dago! Ramon y Cajal eta Besteak Askatu! Irailaren 8an Manifa!».

        Erabakia hartuta dago. Azkeneko txioa idatzi du, 50.001.ena. Bere existentzia zibernetikoaren spoilerra. Saguarekin klik egin du eta irribarre bat okertu zaio. Deabru Zikinaren adiozko txioak marka guztiak hautsiko dituela pentsatu du.

        Zorioneko egunak izan ziren twitterreko haiek Beñat Ibargurenentzat. Itzultzailea ofizioz, eginbehar maiz aspergarritik aldentzeko aukera aparta eskaini zion sareko existentzia paraleloak: Deabru Zikina. Zeregin asegaitza, laster egiaztatu ahal izan zuenez, zenbat eta ospe handiagoa orduan eta ardura zorrotzagoa eskatzen baitzion. Baina izugarri atsegina era berean, beste ezerk ez bezala suspertzen zuen-eta ordura arteko bizimodu ezdeusa. Izan ere, nonbait esker gaiztoko lanbiderik bada, itzultzailearena da. Zenbat ahalegin eta sufrikario inortxok aintzat hartzen ez zituen lanetan emanak! Zortea partitzen zuenak adarra jo zion: erdipurdiko idazle handiusteen morroi izatera kondenatu zuen halabehar madarikatuak. Gustura alboratu zituen pilatuta zeuzkan enkargu nardagarri guztiak. Popatik Coelho eta enparauen idazkera makal eta pinpirina taxutzeko izerdi inposibleak! Bila zezatela Oklahomako bazterretan beste beltz bat!

        Eta twitter hartan murgilduta, ganoraz jateari ere utzi zion naturaltasun osoz. Mokadu bat ahoratzen zuen tarteka, latako sardinak normalean, jakirik sinpleena prestatu beharrak denbora galtzea baitzekarren. Ez zen soilik fundamentuz jateak erosketak egitera behartzen zuela, ez hori bakarrik behintzat. Kalera irten beharrak, hortzak garbitu, dutxatu eta arropa egokia janztera ere derrigortzen zuen; eta zeukan denbora urria lelokeriatan xahutzea zen hori: arduragabekeria tamalgarria.

        Plaza publikoan kosta ala kosta nabarmendu nahiaren ordainak dira horiek: egoa puzten joango zaizun neurri berean mehetuko baitzaizu begiramena: zeure buruarenganakoa eta besteenganakoa. Beñat Ibargureni ez zitzaion piperrik inporta gauez zein egunez kamiseta zarpail berberarekin ibiltzea. Alderantziz, iruditu zitzaion zenbat eta ingurune narrasagoa orduan eta zaluago funtzionatzen zuela bere asmamenak. Zentzugabeko teorema. Hurrengo asteetan ez zuen ez hortzik garbitu, ez bizarrik egin, ez dutxarik hartu; eta sarritan, nagikeriagatik edo plazer hutsagatik, baineran egiten zuen pixa. Etxeari, noski, ez zion bere buruari baino arreta gehiago eskaintzen: edonon botatzen zituen zigarrokinak eta bata bestearen gainean pilatzen kafe kikarak harraskan. Kiratsa zerion egurastu gabeko aire ustelari. Baina nola diren gauzak, arnasaldi kontaminatu haietako bakoitzak ideia eta burutaldi gero eta biribilagoak ernarazten zizkion.

        Deabru Zikina izengoitiarekin itzal eta ospe handiko pertsonaia bilakatua zenez gero, aldika ahaztu ere egiten zuen noizbait Beñat Ibarguren izan zela. Bazeuden interneten foroak non Deabru Zikinari buruz eztabaidatzen zen. Intelektual probokatzailetzat harturik, miretsi egiten zuten askok. Beste zenbaitentzat gupidarik gabeko putakume bat baino ez zen, baina batek daki zergatik, hauen erdeinuei ere errespetuzko ukitu ikaratia antzematen zitzaien. Beñat zenak, harro, talaia batetik behatzen zituen berak asmatutako pertsonaiak sortutako ika-mikak. Gauza bakarra zuen txarretik inportante izate guzti hark: une oro guardian egotera behartzen zuela. Deabru Zikinak arkeologo baten pazientziaz arakatzen zituen interneteko bazterrak, gai xelebre edo interesgarrien peskizan. Ez hori bakarrik, cool izatearen edo ez izatearen iraungipen data hain zen laburra eta arbitrarioa, ezen hanka-sartze tontoenak ostrazismora kondenatuko zintuen ustekabean; edo, deskuidatuz gero, barregarri utziko, eta horrek, esan gabe doa, irabazitako guztiaren galera bat-batekoa zekarren.

        Boladako teleserieak —Breaking bad edo True detective jasanezinak— begiak kliskatu gabe irentsi behar izaten zituen bata bestearen atzean. Baina era berean, sinesgaitza dirudien arren, Sálvame saio guztiak ere ikusten zituen, sarean barreiatutako armada egoskor hark —gerrillari nihilista setatsuak, denak ala denak— iturri guztietatik edaten baitzuen. Beñat zenari ez zitzaizkion ez batzuk ez besteak gustatzen. Telesail modernoak sufriezinak iruditzen zitzaizkion, hain zen agerikoa bai gidoi eta bai irudietan islatzen zuten banitate estetikoa. Sálvame eta antzeko saioei jarraitu beharra, ostera, umiliagarria zen, gupidarik gabe higatzen baitzuten bera bezalako aktibista apurtzailearen ohorea.

        Beñat izan zena birritan pentsatu gabe murgildu zen Deabru Zikinaren existentziaren behar neketsu horietara. Sareko liderretako bat izatera iristeak merezi zuen hori eta gehiago! Transparentea izana baitzen garai bateko Beñat, ezertan eragiten ez duen pertsona arrunt horietako bat. Lekutik zutitzen direnean aulkia zegoena bezain hotz uzten dutenetakoa. Hezur haragizkoa barik, hautsezkoa balitz bezala, ikusezina, izaki ñimiño eta hutsala, zoruan apenas itzal mehe ezdeus bat proiektatzen zuena. Eta hara!, behingoagatik gauzak aldatu egin ziren. Aintzat hartzen hasi zitzaizkion, jaramon egiten zioten.

        Beñat Ibargurenek ez luke jakingo esaten noiz hasi zen deskalabrua. Gauza horiek oharkabean etortzen baitira: goiz batean ahazten du batek ispilu aurreko ohiko miaketa eta, banitateak utzietsia, erortzen da balkoitik behera gutxien usten denean.

        Mezu pertsonal andana iristen hasi zitzaionean ireki zen, akaso, bere nortasun eraiki berria birrinduko zuen arrakala. Dozenaka hasieran, zientoka ondoren, denak ziren mirespen mezuak. Liluraz mintzo ziren Deabru Zikinaz, fededunak eta nerabe mozoloak idealizatutako totemez mintzo diren era ergel horretan. Bazeuden, nola ez, anonimotasunaren babesetik botatako krudelkeriak ere. Babes anonimo berbera erabiliz itzultzen zizkien noizean behin irain krudel eta latzagoak. Airean emandako ostikoak bezain antzuak iruditu zitzaizkion erantzun haiek, dena den; pertsona erreala laidotzen baitzuten isekek, ez goitizen irreala. Nolabait ere, anonimotasunaren estalpetik ihardetsi beharrak bere erantzunak indargabetzen zituela sentitu zuen. Bazter guztietatik tropelean zetozkion ofentsa haien alboan purrustada inofentsiboak baino ez ziren berak ordainetan botatakoak, kamutsak baitira gortinen atzean gordetako iruzurgilearen hitzak, ez baitute ezelango botererik. Duelu bati gezurretako pistola batekin aurre egitea bezalako zerbait zen hura: groteskoa.

        Edozelan ere, ez zuen gertaera horrek Deabru Zikinaren inguruan eraikitako fartsa hura eraitsi, gaur arratsaldean bertan jazotako beste batek baizik.

        Existentzia ikusezin lanbrotsu horretara kondenatzen zion alter egoaz gogaituta, noizbait Beñat izandakoak zera erabaki du: behin betiko ezerez fantasmagorikoan desegin baino lehen, hobe duela bere izaera erreala berreskuratzea. Lehengo Beñat haren baitara berrindartuta itzultzeko gai sentitzen da; sinetsita dago, asmatutako nortasunetik jasoa duela halako izaera berri kementsu bat.

        Etxea txukundu du. Deabru Zikinak bazterretan utzitako arrasto narrasak desagerrarazi ondoren, dutxa bero bat hartu du. Harrikoa egiteko erabili ohi duen espartzuaz igurtzi ditu gorputz atalak. Hala behar zuen, larruazalera sendo itsatsita baitzeukan alter egoaren patina likatsua. Bizarra egin, ispiluan ikusitakoari oniritzia eman, arropa berrienak jantzi eta etxepeko tabernara jo du. Arratsaldeko laurak dira. Ordu aproposa, pentsatu du eskaileratan behera doala, lauretan biltzen baitira goizeko txandan kateatutako lagunak tabernan.

        Bidaia luzetik edo erbestetik datorrenaren tankeran sartu da tabernara: txalo zaparrada artean eta bibaka hartuko duten esperantzaz. Ez da, ordea, halakorik gertatu. Han daude Mikel eta Patxi unibertsitateko irakasleak. Baita Mentxu eta Jakoba ere, gidoilari freelanceak. Eta Josu, kazetaria. Eta Andoni, bertsolaria. Eta baita ofizio jakinik gabeko beste dozena erdi artista diletante ere. Westernetako bidelapurrak kantinan sartzen diren era lotsagabean egin du barrura Beñat berriztatuak. Inork ez du zirkinik egin. Askok haien sakelakoetan iltzatuta daukate arreta, beste zenbait sekretupeko solasaldietara edo karta jokora emanak daude, eta gutxi batzuek, azkenik, burua jiratu eta konplimenduzko irribarre antzeztu bat egin diote.

        — Hara! Bizi haiz-eta! Zer hartuko duk? —galdetu dio tabernariak—. Kafea eta ron txupitoa, beti bezala?

        Diosal ozen batek barregarri utziko duelakoan, esatea pentsatuta zeukana kolkorako gorde eta barran ezarri da Beñat. Aldameneko morroia ezagutzen ez duenez, kafea eta rona jaso eta mahaietako batera gerturatu da. David, Rakel eta Iñigo, talenturik gabeko aktore-tunante erdi hippyek abangoardiako antzezlan bat dute mintzagai. Solas zentzugabe horri muzin egin, komunera joan eta aurpegia busti du ur hotzez. Ispilu pitzatuari begira geratu da une batez. Deabru Zikinaren hilotzari gelditzen zaion adore apurra bere egin, bere buruari animozko bi zaplazteko eman eta zoriarekin kontuak garbitzera irten da lagunartera. Mikel, Patxi, Andoni eta Josuri batu zaizkie. Hilabete luzea joana da ikusten ez dituela, baina, hala ere, amorratuta eta gogo txarrez, berak hasi behar izan du agurren txanda.

        — Eta? Zer dio, ba, jakintsuen foroak? —esan du marmarka.

        — Interesa duen deus ez —erantzun dio Andonik.

        — Lanpetuta egon haiz, antza —bota dio Patxik—. Zertan ibili haiz, izozkailuren baten gidaliburua itzultzen endredatua?

        Beñatek ez dio jarraitu, patetikoa iruditu zaio jakin-minik gabe egindako galdera erretoriko bati modu zibilizatuan erantzutea. Gogoak kontrakoa eskatu dion arren, ez dio adiskideari modu zakarrean eraso egin. Ondo begiratuta, ez baitauka motiborik. Beñat zaharrarenganako mespretxu gorde hori naturala da, maleziarik gabea, berezkoa. Nola batzuk bilakatzen diren txikitatik ingurukoen bufoi, hala bihurtzen dira beste batzuk filmetako figuranteak bezain ikusezin.

        — Sareaz ari gintuan, unibertso digitalak ekarri duen paradigma aldaketaz.

        — Harrapazak katu hori!

        — Bai ba! Hiri bost, Gutenberg galaxian kateatuta segitzen duk...

        Beñat, berria zein zaharra, hiztuna ez baina oso da behatzailea. Eta ondotxo daki halako sasi-intelektualen goranahia xaxatzen. Beste ezeren gainetik norbere ahotsa entzutea baitute gustuko. Horrexegatik zaintzen dituzte hitzen tonua eta modulazioa, nork bere belarrien goxatze intimoa bilatzen duelako.

        — Baina zertaz espresuki, jakin badaiteke?

        — Kea! Twitter eta halakoez. Sarea duk orain garai bateko Agora greziarra. Hor batzen duk, hodei zibernetikoan, esateko zerbait duen kristo guztia.

        — Esaiok deabruarena...

        — Tira, twitterren hautsak harrotzen ari den alproja batez mintzo gintuan. Deabru Zikina dik izena. Asko nabarmendu duk azken aldian. Sekulako eragina zaukak, baino txorakeriak baino ez ditik plazaratzen. Okurrentziak, badakik.

        — Nik ez nikek horren modu arinean ebatziko gaia, motel. Tipoak bazaukak etorria. Are gehiago, esango nikek sarritan gauza interesanteak esaten dituela.

        — Putza! Kalaka distiratsu soila duk harena. Ez zagok bere diskurtsoaren atzean batere mamirik. Nor ausartu zerbait esatera, ordea? Troll saldoa zaukak bizkarrak zaintzen. Zentinela zailduak dituk, kabroi halakoak.

        — Ba omen zoak saretik. Ustez azkenekoa izan den txioak egundoko burrunba eragin dik. Berrogeita hamar milagarrenak, hain zuzen. Goizaldean aireratu zian: «Go and fuck yourself, morons! Beti egon zareten lekuan uzten zaituztet, nora ezean. Ni banoa betirako».

        — Bere buruaz beste egin duela esaten ari dituk.

        — Ez da izango!

        — Ez niri horrela begiratu, hi; erositako prezioan saltzen diat kontua. Baina bestelako teoriak ere zabaldu dituk. Askoren iritziz koherentziagatik utzi dik, zentsuratu egin nahi zuten-eta, itxura denez.

        — Koherentzia? Karaostia horrek? Utikan! Diotenez editorial garrantzitsu eta zenbait marka komertzialen soldatapean zegoen! Trikimailu komertzial hutsa, egin kasu...

        Beñat, ordura arte isilik, twitter kontu horren aitatasuna aldarrikatzear egon da. Bera baita, ez beste inor, eszeptikoenen artean ere horrelako zirrara sortzen duen kreazioaren egilea. Berari dagozkio Deabru Zikinari egindako laudorioak!

        Min kartsu batek erre dizkio barrenak. Hala sentitzen ditu tripak: atzapar zorrotz bat hesteak hondatzen balebilkio bezala. Badaki, hala ere, iruzurraren egiletza aitortzeak ez lukeela ezertarako balioko, ez lioke-eta inork sinetsiko. Eta horren jakitun izatea suertatzen zaio mingarria, inork aintzat hartzen ez duenaren zeinu ukaezina baita. Bai, hutsaren hurrengoa da, inportantziarik gabeko txorimalo bat, azken finean.

        Estropezuka irten da tabernatik. Zorabiatuta bezala abiatu da etxerantz, patuak traizionatutako ameslariek haien zorigaitzaz jabetzen direnean izan ohi duten aldarte erori berberaz, espero zutena baino leku miserableagoa baitagokie munduan.

        Polizia etxean ate joka sentitu duenean ez da asaldatu. Whiskiari hondarreko zurrutada eman eta bere burua zoriondu du: duela lau ordu eta erdi egin dituen kalkuluak ez zeuden oker. Denbora zehatz hori igaro da twitterren ondorengoa idatzi duenetik:

        «Kontu honen egilea naiz. Ibarguren dut abizena. 6 ordu barru inork atxilotzen ez banau, jendea akabatzen hasiko naiz. Mehatxu bat da».

        Bi gizonak ikusi dituenean deuseztatu zaio Beñati Poliziari ongietorria emateko prestatuta zeukan irribarre putzontzia. Alarde polizial ikusgarri batekin topo egitea espero baitzuen atea irekitzean: aurpegia kaputxaz estalitako ertzain saldoaren oldarra! Etzanaraziko zuten lurrean bortizki, emango zizkioten saihetsetan ukabilkada batzuk, jarriko zuten etxe osoa hankaz gora, eta eskuburdinez lotuta jaitsiko zuten ondoren eskaileratan behera, kriminalekin egiten duten bezala.

        Errazkin eta Madariaga inspektoreak berdin izan zitezkeen Menendez eta Pelaez edo Mortadelo eta Filemon, hain dira biak ertzain arrunt eta manera onekoak.