Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

4

Errendizioa

 

— Literatura txarrak hilko nau —esaten zuen Mikelek.

        Baina tabakoak eta alkoholak eta egoskorkeria basati batek eroan zuten balkoitik salto egitera berrogeita bost urte egin berriak zituela. Ez zegoen-eta haren erritmoa jasango zuen organismorik. Literatura txarrak hilko nau, Mikelek macguffin gisara erabiltzen zuen esaldi funtsik gabeetako bat gehiago zen. Egia esan, ez genien kasurik egiten Mikelen ateraldiei; ugari esaten zituen eta ez genizkion ulertzen erdiak ere.

        — Kasualitatea ez da existitzen, kasualitatea ez baita kasuala, kausala baizik.

        Halako tentelkeriekin zigortzen gintuen lau zerbeza edan orduko. Beti bazterrak nahasten.

        — Jainkorik ez dela! Nor ausartu da barrabaskeria hori esaten?

        — Koplarik ez, Mikel...

        — Norbaitek jainkoaren existentziaren ideia baldin badu, izan bada. Zerebroan ezin du habiarik egin existitzen ez den ezelako kontzeptuk. Eta kito, akabo eztabaida!

        Morroiak ez zuen alferrikako konplimendutan ibiltzeko abileziarik. Jendea bere onetik ateratzeko talentua, berriz, sobera. Ez zen ez itxuratia ez zeremonia zalea. Ez zitzaizkion haurrak gustatzen. Gorroto zien zakurrei eta zakurren jabeei. Ez zuen lanik hartuko gogoko ez zituen gauzak disimulatzen. Ulertuko duzu, horrenbestez, ez genuela lagunok estimu handitan edukitzeko arrazoi askorik. Bazeukan, dena den, halako gar indartsu eta erakargarri bat, edozertaz tolesturarik gabe hitz egiteko ausardiatik emana zetorkiona; izaera zorrotz, izukaitz eta gordin hartatik. Putaseme gogaikarria zen ia uneoro, baina, nolabait esatearren, gure putasemea zen. Beraz, bai: erdizka izuak eta erdizka mirespenak taxututako isilpeko errespetua genion.

        Agerikoa, neska-lagunaren edertasuna zen. Tira, edertasuna gehitxo esatea da beharbada, bakarka ikusita ez nuke-eta esango Julia txoratzeko modukoa denik. Kontua da Mikelen eite eroriak Juliaren makatz formako gorpuzkera are ikusgarriagoa egiten zuela. Eta okerrena da ez zuela desoreka horrek Mikelen proiekzioa kaltetzen, handiagotu baizik, bere aura berez ere deigarria distiratsuagoa bihurtzen baitzuen Juliaren presentziak. Imajinatuko duzunez, bekaizkeria suerte batez aztertzen zuten denek harreman hura, ez baitzuten konprenitzen zer demontre egiten zuen holako emakumeak Mikel bezalako arduragabe batekin. Eta hara, zer esango dizut ba, ondo ematen zioten janzten zituen trapu zahar haiek, guapoek daukaten axolagabekeria naturalaren alproja airea itsasten zioten. Niri, bereziki, haren ilajea gustatzen zitzaidan, sorbaldan behera katramilatuta erortzen zitzaiona. Eta insurgente baten itxura hartzen nion bizarra hazten zitzaionean.

        Libururik publikatu gabeko idazle zapuztua zen Mikel, hori ere hala da, baina idazlea azken finean. Horrek seko erasaten zuen susmoa daukat, beste ezeren gainetik nabarmentasuna lortzea baitzuen helburu.

        — Talentua daukazun horretan onena izatera iristeak baino ez du balio —esaten zuen—. Gailurra jo ezean ez dute merezi bidean xahututako buruhausteek eta frustrazioek.

        Mikelek talenturik ba ote zuen, beste kontu bat da, jakina. Baiezkoan zegoen bera eta uste horri zegokion entregaz bizi zuen literatur zaletasuna, sinestunen debozio militante berdintsuaz, esan nahi dut. Tira, dena bizi zuen Mikelek debozio militantez. Baita bere ideia burugabeenen defentsa setatsua ere, gutxi ez zirenak, zein baino zein kirtenagoak. Azken boladan gobernuen konspirazio baten azalpenean endredatua zebilen.

        — Mandatariak kirolaz baliatzen dira hiritarrak desartikulatzeko. Ariketa fisikoak neuronak hiltzen ditu! Zenbat eta kirol gehiago egin, orduan eta kokoloagoa pertsona.

        Eta dozenaka adibide botatzen zituen erreskadan bere burutazioa frogatzeko, futbolarien mozolokeriak aletzen hasi eta kuadrillako kirolzaleen lerdokeriak nabarmentzen buka.

        — Geure artean... Aitor txirrindularia, Patxi eskalatzailea, Josu maratoilaria. Hirurak barregarriak, beren lehiaketa amateur eta berbaldi atletikoekin.

        Onartu behar dut, Mikelek bazuela etsenplu egokiak aukeratzeko trebezia aparteko bat, bere teoriek oinarri sendoa zutenik ezin ukatzera bultzatuko zizuna. Baina hiru obseso haiek kirola egiten zuten hein berean astintzen zuen Mikelek gorputza taberna zokoetan. Eta neure taberna zuen, zorionez, zokoetan kutunena.

        — Horrenbeste edateari eta erretzeari utzi behar diok —esaten nion nik, tarteka, barraren bestaldetik—. Eta lehen bezala igerilekura joaten hasi berriro. Gero eta itxura zabarragoa daukak...

        Goizegi zahartutako mutilarena. Gorpuzkera ahula. Ihartua azala. Eztulek apenas uzten zioten bi esaldi segidan harilkatzen. Dekadentzia molde hura propio bilatzen zuela esan nezake, bohemio eta outsider plantak egiten.

        — Hik liburu bat irakurtzen duan egunean itzuliko nauk ni arrainontzira.

        — Baina bizimodu honek...

        — Hi, Jokin, bizitzeko ere egunero egin beharra zagok ahalegina, erretzeari uzteko bezala. Modu batera ikusita, ez dago kosta ala kosta bizitzea baino bizio ederragorik...

        — Koplarik ez, Mikel. Badakik ez dakidala irakurtzen periodikoa besterik.

        — Ondo. Muskuluak zimelduko zaizkidak horrenbestez. Beraz, nire gaitzen ardura hire bizkar uzten diat trukean. Hiltzen banauk heuri egotziko diat errua. Eta atera egidak beste garagardo bat, mesedez.

        Lotsarik gabe ustiatzen zuen konfrontazioaren apostoluek hain gogoko duten biktimismo poetiko hori. Zinikoa zen Mikel. Ziniko konprometitua. Berea ez zen, gatzik gabekoek ezertan ez bustitzeko erabiltzen duten zinismo nagia. Ingurukoen usteak hankaz gora jartzeko aprobetxatzen zituen Mikelek trufa eta sarkasmoa.

        Zer esango dizut ba, ez zitzaion arrazoirik falta. Kuadrillakoen jakin-gosea pintxo soil batek ase ahal izango lukeela iruditzen zait. Aitortu behar dut: gutako inork ez zuen sekulan Mikelek tabernan utzitako liburu triste haietako bat irakurtzeko urratsik egin (eta hortxe dauzkat, begira, botilen aldamenean). Horrek mintzen zuen. Ez literaturarako gure interesik ezak, edozertarako interes faltak baizik.

        — Kuriositate faltak zapuztu egingo gaitu —esaten zigun—. Apatia gailentzen bada, zonbi lokartuz osatutako jendartea izango gara.

        Maiz ibili dut gogoan Mikelek bestelako ingurune batean izango zukeen bizimoduaren inguruko kezka. Eremu kultuago batean bere bilakaera pertsonala diferentea izango ote zen asmatu nahian, hain zuzen, halakorik nonbait baldin bada. Morroiari egokitu zitzaiona zoru mortua baitzen. Poltsikoa zen guri interesatzen zitzaigun gauza bakarra. Zenbaitzuei, seme-alaben geroa. Sosak banan-banan zenbatzen genituen hilabetea joan eta hilabetea etorri, gogoa mapamundiko leku exotikoetan jarrita genuela. Oraina biharko asmoetara salto egiteko tranpolin gisara ulertzen genuen, eta existitzen ez zen presente horretan kateatuta geundenon ikusmina gaueko telebistako programazioa segitzera mugatzen zen.

        Mespretxuz begiratzen genien Mikelen moduko tipo bitxi eta bakanei. Pintoreskoak iruditzen zitzaizkigun. Pintoreskoetan berebizikoena, kuadrillako gure azken mohikanoa. Mikelek ez zuen aukerarik galtzen antzerki, kontzertu eta hitzaldietara joateko. Poesia emanaldiren batera zihoala esanez gero, adarra jotzen genion. Eta afariren baten ondoren bere libretatxo beltza ateratzen zuenean guardian jartzen ginen denok, baita mozkortuena ere, badaezpada, lagunarte harroputz eta eszeptiko hartan denok baikenion halako errespetu ia erlijioso bat Mikelek bertan idatz zezakeenari.

        — Noizbait herioren hatsa lepondoan sumatzen duzuenean —whiskiaren orduan erretolikaren bat bazeukan beti—, beharko duzue futbolaz harantzagoko heldulekuren bat, kaiku halakook!

        — Mikel, nahikoa diagu...

        — Axolagabekeria darabilzue, gutxiespena ez denean, bizitzaren konplexutasunetatik libratuko zaituzteten mirarizko ukendu lez. Hara!, ez duzue organismoaren parte esentzialena elikatzen, eta horrek, egidazue kasu, biluzik eta umezurtz utziko zaituzte unea iristean...

        — Nire organismoko zati esentziala ederto janda zagok —erantzungo zion kuadrillako zakilenak.

        Ordurako, esan gabe doa, gintoniken larre irristakorretan geunden guztiok bazkan eta, nik izan ezik, ez zion inork Mikeli jaramonik egiten.

        — Primeran, Nostradamus. Hire iragarpenen alde!, topa!

        Mikeli maskaldu egiten zitzaion aldartea. Urruntzen zihoala iruditzen zitzaidan niri, tren batek estazio abandonatu bat atzean uzten duen eran. Eta bagoi hartara salto egitea gustatuko litzaidakeen arren, ateraldiak eragindako karkaila gordinen burrunbapean ezkutatzen nintzen koldarki, inork nire abaildura suma ez zezan.

        — Sinplista hutsak zarete, lagunak. Eta okerragoa dena, gustura zaudete sinpletasun antzu horren gerizpean, zerriak lokatzetan lez, hartara zalantza eta ardurek zuongan habiarik egingo ez duten esperantzan...

        — Biba Sokrates!

        Tankerako pasadizoek nigan sortzen zuten estualdia baretzeko laguntzen nion sarritan Mikeli bere gauerdiko txango klandestino haietan. Ekintza iraultzailetzat zituen horiek ez ziren umekeria baldarrak baizik, baina bere matxinada partikularreko kidetzat hartzen ninduenez, gustura batzen nintzaion kausara. Ekintza xaloak ziren normalean. Ikuskizun erraldoiak iragartzen zituzten kartelak txikitzen genituen: BBK Live, kirol ikuskizunak, Durangoko Azoka... berdin zion. Neurri batetik gorako kirol eta kultura eskaintza guztiak kaltegarriak iruditzen zitzaizkion Mikeli. Alienagarriak. Ez zuen ulertzen nola batu zitezkeen milaka lagun kontzertu, futbol partida edo azoka masiboen erreklamora, Petti guztiak ezerezari kantuan ibiltzera kondenatzen genituen bitartean. Horma egokiren bat topatzen genuenean, pintadekin margotzen zituen paretak, eta nik gustura egiten nizkion bizkartzain lanak. Miresten nuen bere etorria, txunditzen ninduen ausardiak. Eta batez ere, asko estimatzen nuen ilunpeko bion arteko konplizitate intimoa.

        Tentuz idazten zituen espraiaz:

        Zeri heltzen diozu nor besarkatu ez duzunean?

        Zentzuz jokatu: bizi eroen gisan.

        Egon hadi lo eta hilko haiz aho zabalik!

        Eta pozoitsuagoak ere bai, esanahia ulertu ez arren barrenean estekatuta gelditzen zitzaizkidanak: Erantzun errazek gogobetetzen ez bazaituzte, egizkiozu galdera zailagoak zeure buruari.

        Letren moldeek asko arduratzen zuten, baita esaldiaren oreka espazialak ere, Mikelen ustez formak baldintzatzen baitzuen mezuaren harrera. Hala, zaindu gabeko idazkera trakets batek mukizuek egindako bihurrikeria zela pentsatzera eraman zezakeen mezu hartzailea, eta ondorioz ezereztatu ekintza haien helburua, zeina ez zen auzoan hautsak harrotu eta bizilagunen adimena astintzea baizik. Presa emanka ibiltzen nintzaion horrelakoetan, banku bat lapurtzen ari dena baino urduriago. Ez ninduen horrenbeste izutzen Poliziaren eskuetan erortzeak, ezagunen batekin topo egiteak baino. Asko lotsatzen baininduen ez ekintzak berak, paretetan idatzitakoek baizik, gurutzegramako asmakizunak ziruditenak. Hartara, nahiago nukeen idatziko balu, Gora ETA edo halako hura kabroi ustel bat da. Ez dago, ba, zer salatua!

        Tentsio une horien ondoren gailentzen zen barealdia biziki maite nuen. Sorbaldatik helduta egiten genuen goiz irekitzen zuten taberna horietako batera bidea. Mikelen saihets-hezurrak sumatzen nituen nire gerri aldean. Zoriontsua nintzen. Batez ere, goizeko txandara lotutako langile akitu haiek guztiak maitaleak bagina bezala begiratzen gintuztelako.

        — Zerk demonio motibatzen du jendea ohetik jaikitzean? Zer darabilte buruan berriz oheratzen direnean?

        — Hiru errelebotan piezak hara eta hona zortzi orduz garraiatzen dabilenak —esaten nion nik— badu nahikoa lan egokitu zaion bizimodua ahazten.

        Sutu egiten zitzaidan horrelako arrapostuak ematen nizkionean, norbere hutsalkeria zuritzeko aitzakia merkeak baino ez direla uste baitzuen.

        — Zenbat eta lan higuingarri eta monotonoago izan, orduan eta mimo gehiago behar du haren espirituak.

        Eta bazekien zerbait horretaz, lanik gabe zebilen arren, zabor biltzailea izandakoa zen-eta.

        Arrazoi zuen Mikelek. Nola edo hala, literatura txarrak eraman zuen herioren enkontrura. Egia da. Zigarroak erreskadan errez, whiskiari gupidarik gabe astinduz eta zentzua torturatuz bilatzen baitzuen gorde-gordeka zebilkion talentua.

        Juliarekin askotan elkartzen naiz orain. Biok Mikel darabilgu gogoan, baina ez dugu hartaz hitz egiten. Niri buruz zeozer esaten ote zion galdetu nahi nioke, pintadak egin eta gero tabernarantz joaten garenean sorbaldatik helduta. «Guggenheim Kulturaren Hilkutxa Da: Ezerezaren Edukiontzia». Juliak idazten ditu sloganak eta nik betetzen ditut bizkartzain lanak.

        Gaur ausartu naiz eta kontua atera diot:

        — Artista bat zen.

        — Ergel konpletoa —erantzun dit, ahots bare eta emoziorik gabeko batez.

        — Pintada onak egiten zituen.

        — Porrotean babes hartutako koldar bat. Itzelezko izua zion frakasoari. Idazletzari ekin beharrean, nahiago izan zuen ezinean amore ematea.

        — Baina maite zenuen.

        — Oraindik ulertezina egiten zaidan modu baldintzarik gabean. Horregatik jaso dut hark erortzen utzitako bandera. Lelo harenganako atxikimendu itsua konprenitzen lagun diezadan.

        Behartutako arrangura moduko batekin mintzatu zaidala pentsatu dut. Nola esango dizut ba... abandonatuta gelditutakoen sumin kontsolaezin horrek pozoitzen dituela bere hitzak. Bikoitza baita heriotzaren aurrean erakutsi ohi dugun amorrua: naturaren bidegabekeriaren aurkakoa eta hil denarekikoa. Izan ere, denok hil behar dugula jakin arren, ulertezina suertatzen zaigu herioa amaiera natural eta logikotzat hartzea. Are gehiago, boluntario aurkezten bada bat trantze latz horretara. Eta Mikelek ez zion trabarik jarri heriori, oso bestaldera, hazpegi arinduaz jaurtiki zuen bere burua bigarren pisutik behera. Mundua erdeinuz utzi nahi zuela esango nuke, bizitzaz gogaituta. Eta susmoa daukat maitalearen utzikeria horrek tormentatzen duela Juliaren gogoa, nirea bezainbat. Haren errendizioak gu bion existentzia gutxiesten duelako. Autoestimu hutsagatik lotu gatzaizkio biok gurutzadari, ez beste ezerengatik.