Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

15

Eskela

 

Lo egiteko dozena erdi pilula hartu behar zenituzke ni nagoen lekura ailegatzeko. Pixa lehor, izerdi, botika eta lixiba usainaren oldarrari hala-hola eutsi, begiak indarrez zarratu, eta beldar nazkagarri baten heste larderiatsua dirudien oihan iluna zeharkatu gero, non ez den deus ikusten eta entzuten, pentsamendu propioaren hatsanka metalikoa izan ezik. Eta ondoren zirimola indartsu batek xurga zaitzan utzi, zeinak airean sigi-sagaka eroango zaituen ziega moduko gela izoztu batera.

        — Trago bat?

        — Non?... Zer?... Nor demontre?

        — Lasai, gaztea. Ez izan beldurrik eta zabaldu begiak. Egindakoari eustea beste erremediorik ez daukak. Whiskia? Koñaka?

        Amildegi ertzean dagoenaren moduan ireki ditut begiak. Argi izpi indartsu batekin topo egin dut, izututa. Hau ote da hil ondorengo bizitzaren enbaxadoreek agintzen zuten hodi distiratsu hura? Hawaiira bidaia balitz bezala saltzen zuten hilobiaz haraindiko igarotzea, lorez apaindutako indigenak barne, zeinak kantari omen zeneuzkan zain azken geltokian. Hala amaituko bada kontua, eta ez eskale, zakur eskeletiko eta soslai makurrek habitatutako eremu hondatuan, zin dagit xanpain botilari kortxoa kenduko diodala. Itsutu egiten nau argiaren zuritasunak, baina ondo sentitzen naiz: zertxobait logaletuta.

        — Ez dut orduz kanpo edaten...

        — Hi haiz hi ergela! Bi munduren arteko pasabidean hago eta ez zaukaagu denbora askorik. Beraz, bota!

        Silueta lauso bat antzeman dut. Martetarrak etorri zaizkit gogora, haien esperimentu basatiak. Imajinatu dut beso robotizatu batek zartatzen didala uzkia eta arraildu sudur zuloak. Espantatuta egin dut garrasi. Gizaki itxurako erraldoi bat da ordea, ez zirujau martetarra.

        — Hilda al nago?

        — Ez zaik asko falta.

        — Orduan... Jainkoa al zara?

        Irri egin du, ezezko erantzuna aditzera eman nahian. Garaia da, kanpandorrea bezain. Ez naiz fio. Jainkoa ez bada, Deabrua da.

        — A ze ergelputza! Hara, mutikoa, Jainkoa banintz Varaderon nengoke daikiri bat eskuan eta ipurdia beltzaran, eta ez agoniatsu baten aldamenean. Deabrua banintz, ostera, Juliaren izter artean baino gusturago non? Txorta ederra zaukak hire neska-lagun horrek, bai horixe!

        — Ni eroatera al zatoz, Herio?

        — Biboa hintzelakoan eta baboa haiz! Zer herio eta zer herio ondoko, hire narrazio sinesgaitz horietako batean gaudela uste al duk, astapitoa?

        — Pozik bustiko nuke orain eztarria. Eskertuko nizuke zurrutada hori.

        Garondotik heldu, burua altxarazi eta tutu batetik eman dit edatekoa. Oraintxe ohartu naiz: ezin ditut ez beso ez hankak mugitu. Ohera itsatsita daude. Antza, trantsituan dagoen presentzia soil bat baino ez naiz. Elbarri agoniatsu bat. Amorruz edan dut whiski txar eta garratza.

        — Hobetu behar zenukete —esan diot— hemen goiko katerina.

        Bestelako iritzi bat nuen purgatorioaz. Ez dut esango business klasean egindako hegaldia espero nuenik, baina ezta ere Ryan Air-eko bidaia duintasunik gabeko hau.

        — Ez dakik nor naizen...

        Burutik jotako bat akaso? Ez dut ezer esan, ez baitakit zer komeniko litzaidakeen gehiago: psikiatrikoan egotea edo infernuko beilatokian.

        — Hire azpikontzientzia nauk. Zer uste huen, kaiku horrek, kaskarreko geruza sakonenean ehortzita nengoelako existitzen ez naizela?

        Hileak hartzitu zaizkit. Ze gaztelu klase gobernatzen du azpikontzientzia dementzial honek? Ez nuke nahi gauerdian korridore bakartiotan berarekin gurutzatzerik.

        — Hortaz, bizi naiz oraindik?

        — Ez hago ez bizirik ez hilik, andaka eta mundakaren artean baizik, nolabait esatearren. Koman!: ihartutako landarea loreontzian. Hara, nola esango diat ba: jokoan mantentzen haute oraindik, amaierarik gabeko tantoan atrapatutako pilota bezala.

        Oker dabil. Kanpandorrea gezurretan ari zait. Hil nintzen. Eta egin zidaten hileta dotore eta hunkigarri bat. Eta ehortzi ninduten. Airea falta zait. Egin ditut zutik jartzeko ahaleginak, leihoren bat topatu eta bertatik ihes egitearren, baina ezin dut. Ohera iltzatuta bezala nago.

        — Jokoan?.. Nortzuk?... Zergatik?

        — Polikixeago, mutikoa, astiro baina jardun. Uste nuena baino tentelagoa haiz. Heure buruaz beste egiten saiatu hintzen. Hire organismoa txikituta gelditu huen. Hire adimena, egundoko katua harrapatu bahu bezain motel. Zoritxarrekoa izan behar dik batek, balkoitik behera plomuan erori eta ez hiltzeko.

        Disekatuta, horrelaxe nago. Mutu onartzeko egia gordinegia. Kurubilkatu naiz, garrasi eta negar egin dut. Baina inork ez nau sokorritzen.

        — Alu kabroia! Gezurra diozu. Amets gaiztoa baino ez da hau guztia. Asma ezazu zerbait sinesgarriagoa!

        — Hara ze elokuentziaz mintzo zaigun idazle frustratua! Tori estiloa!

        Gerturatu dit hoditxoa eta edan dut beste whiski hurrupa bat. Napalma balitz bezala kiskali dit urdaila, baina espektroarekin hizketan segitu nahi dut nola edo hala. Denbora irabazi eta nire presentzia miserable hau luzatzea dut helburu. Hobe soslai ero honekin mintzatzea, beste inorekin sekulan hitzik ez gurutzatzea baino. Erantzunak behar ditut, fantasia inkongruente honek edo absolbitu edo zigor nazan.

        — Nahikoa da. Ez du grazia zipitzik. Nor zara, putzontzi hori? Bizitza izorratu nahi al didazu?

        — Kaka-umea, heuk sakrifikatu duk hire bizitza. Hik jaurti duk heure burua bigarren pisuko balkoitik. Hire agoniaren lekuko soila nauk ni. Nahiz eta, aitor dezagun, neuk dudan orain aginte makila.

        — Utzi bakean, hortaz. Ez daukazu nire atsekabea zertan gaiztotu. Hil nadin behingoz.

        — Ezta pentsatu ere. Dibertitzearren egiten diat. Begira egiok hire haragi puskari. Nola akaina zakur mirrinari, hala lotuta hago lotuta tramankulu eta hodi medikoei. Ez al duk barregarria? Existentzia osoan gutxietsi nauanez, ez zaik whiski beretik edatea txarto etorriko.

        Hasia naiz post-existentzian dagokidan lekuaz jabetzen. Arima erratu bat naiz. Linboan nago gatibu, norbere gabeziak onartzen ez dituzten gizagaixoak dauden tokian.

        — Nire ahotsari entzungor hintzaion. Ozen esaten nian behin eta berriz: utziok, ez daukak talentu zipitzik. Ez ezak bizitza osoa obsesio zentzugabeko horrengatik hondatu! Frustratuen drama horixe duk: egin nahi zenuketena egiteko gaitasunik ez duzuenez, laguntza erregutzen diozue ahalguztidunari, eta hark erantzuten ez duenez, zorigaitzeko patuaren gonapean babesten zarete.

        — Ahalguztidunik ez dago... Mojak entretenitzeko asmakizuna da...

        — Hik jakingo duk. Haren eremuetan daukak-eta dagoeneko hanka bat. Emazkiok eskumuinak nire partetik eta, bide batez, esaiok itzul diezaala bidean galdutako talentua.

        — Non da Julia?

        — O!, ez izan kuidadorik, konponduko duk bere kasa. Hire aldean kategoriako emakumea duk. Beste oilar batek egingo likek kukurruku hire tormentu amaigabeaz idatzi ordez hura bezalako pertsonaiak baliatu izan bahitu hire narrazioetan. Bota al diok liburu salduenen zerrendari begiratua? Apunta ezak: nerabe banpiroen gorabehera txotxoloak eta Saderen imitatzaile txarren fantasia masokistak. Gaur egun nobela errazak saltzen dituk, tonto arraioa, ez adreilu eldarniatuak.

        — Porrota aurpegiratzea beste egitekorik ez dute, beraz, azpikontzientziek?

        — Zergatik ari naizen hire ezgaitasuna lau haizetara zabaltzen, heuk jakingo duk. Hik konbokatu nauk! Esadak, horrenbestez, zer arraio nahi duk?

        — Arrastoren bat utzi...

        Totelka mintzo natzaio. Zegokidan denbora agortzear dela ohartu naiz bat-batean.

        — Legatu bat uztea zergatik duk hain garrantzizkoa hiretzat? Behin hilda hagoela, ezerk ez dik inportantziarik.

        — Ez duzu piperrik ulertzen, ezta? Ez dut bizi direnen memorian lekua egin nahi. Jakin baitakit deus gutxi iraungo lukeela nire akorduak haien oroimenean. Eta are gutxiago behar dut nire zerebroko zoko-mokotatik ateratako espektro bat etor dakidan egia hori gogoratzera. Baina nahi nuke legatu bat utzi, bai, izan nintzenaren lorratz bat. Nola marrazten dituzten nerabe maiteminduek haien sentimenduen testigantzak enborretan, hala nahi nuke jaso zezan existentziaren aktak nire izana. Eta behar dut, behingoz bakean hiltzeko. Pasaporterik gabeko bidaiaria bezala aurkitzen bainaiz bestela. Nire existentziaren testigantza xume bat baino ez dut eskatzen.

        — Horrexegatik egin huen heure buruaz beste? Bizitzan erdietsi gabeko oihartzuna heriotza boluntario eta bortitzaren inpaktuaz lortzeko... Hi haiz kaikua, ganoraz suizidatzeko ere ez haiz kapaz izan! Apenas dauden hamar metro balkoitik lurrera, kalamidadea! Ez al haiz oraindik jabetzen? Hiltzea jada ez zagok hire esku! Sona gora eta sona behera! Utz ezak ospearen ideia txatxu hori bazter batean! Bizidunek ez zietek atzean gelditutakoei begiratzen. Hilotzak ahanzturan usteltzen dituk. Unea heltzen denean aise ahaztuko haute gertukoenek ere, haiei ere iritsiko baitzaie heriotzaren izu alimalekoari aurre egin beharra. Bakoitzak bere zoroa baino ez dik bizi. Hara!, Dostoievski bakarra zagok, eta hura ere iraunean, lauzpabost alzheimerdunen memorian ahitzen. Izorrai! Bizi hintzenean bezain aspergarria haiz.

        — Zoaz pikutara!

        — Berriketa gutxiago eta hil hadi behingoz —algara ozena egin du kanpandorreak, aupats moduko bat.

        Deskonektatu ditu kableak eta itzali makinak.

        Begiak zuloetatik atera beharrean sumatzen ditut. Hatsanka nabil.

        — Emazkidak bost minututxo gehiago —erregutu diot—. Eskela duin bat betetzeko curriculuma falta zait, jainkoarren!

        Baina desagertu egin da.

        Eta aurkitu naiz hezur hutsezko izaki multzo baldar eta fantasmagoriko batzuekin ohe aldamenean. Mamuak dira: xehe-xehe aztertzen naute. Hotzikara luze bat sentitu dut, munduan nik nahita utzitako lekua puskaka ebatsiko lidaketela iruditu baitzait.