Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

12

Desertzioa

 

Zain dagoenaren gogoa maleta huts batean kabitzen da. Trolley beltz batean. Bigarren logelako ohe azpian gordeta dago, hautsik har ez dezan tapaki batekin estalita. Amets baten hilotza balitz bezala. Edo bete gabeko nahikari abortatuen hilkutxa.

        Zain dagoenak maleta ohe gainera jaso, ireki eta berau kontenplatzen igaro du apur bat, umearen logela behar zuen honetan. Anjel Errazkinek eta Teresa Kaminok konpartitzen dutena baino hotzagoan. Gela izoztuan.

        Gogoa hustu. Maletan sartu. Paketatu prakak, gonak, blusak, kamisetak, kremak, kezkak, gaitzak. Kremailera itxi. Fakturatu. Joan, urrun. Ahaztu.

        Maletak egiten trebezia berezia zuen Teresak garai batean. Abilezia baino zaletasuna, orduak ematen zituen zeregin horretan. Biziki maite zuen sinplekeria horretaz arduratzea. Paperez betetzen zituen oinetako takoidunak, gau erromantikoak irudikatu bitartean. Bidaiak berak baino gehiago kilikatzen zuen gauza bakoitza zegokion tokian jartzeak. Ilusioak lisatzen zituen plantxari lekua egiten zionean. Maleta desegitearekin batera lilura desagertuko dela dakienaren berariazko pozaz lotzen zitzaion maleta txukuntzeari, ezinezko kimerei atxikitzen gatzaizkien era setatian.

        Bezpera arteko egunak eskaintzen zizkion maleta egiteari. Askotan baita gauak ere. Tupustean begiak ireki, soineko morea edo jertse beltza ahantzi zitzaiola ohartu, eta presaka altxatzen zen, hil edo biziko zerbait oroitu duenaren tankera aztoratuan. Uste baino meritu gutxiagoko ardura edozelan ere, Teresaren gauek aspaldi utzi zioten zortzi orduko hibernazioa izateari. Adinean aurrera egitearen zantzua omen da, nonbait, gaua lo hartu ezinean ibiltze neketsua. Begiak eta ukabilak indarrez itxi. Zeure baitan kiribildu. Garunera akainak bezala lotutako ideiak ostikoka atera. Gaitza da, badakizu. Ez etsi. Kontzentratu. Zentratu. Ideiak labezomorroak dira. Ezkutalekuetatik irten eta narrasean datozkizu. Adimeneko zoruan sumatzen dituzu euren zango nardagarrien igurtziak. Sukaldean ikusi zenuen bat behinola. Konpaktua. Mehatxaria. Burua altxatu zuen zuregana. Ikara arrastorik ez haren oskolean. Aurkariaren ahultasuna antzematen dute. Ausardiaz oldartzen zaizkie gaixotutako organismoei. Argia itzali, sukaldeko atea itxi eta ohera itzuli zinen, errendituta, esna zegoenean modu bertsuan begiratzen zizun gizonaren albora. Zomorroarena da, harrezkero, sukaldea gauez.

        Ileordeak apenas nabaritzen diren gaur egun. Ez utzi izu-ikarek gogoa goberna diezazuten. Ireki begiak. Piztu mesanotxeko argia. Ipini arreta liburuko letretan: kulunka datozkizu hitzak, esku hordi batek txaluparen brankan idatziak bezala. Zorabioa. Senarra lo. Urrun. Zurrungaka. Ozeanoak banatutako irlak ohe gainean. Mikronesia. Kronokinesia. Telekinesia. Itxi tinko begiak. Bildu gaitza. Atera organismotik eta senarraren tripatara bideratu. Agondu emakumea! Jar iezazkiozu bi eskuak bekokian. Hurbildu zure ahoa haren ezpainetara. Putz egin, igorri zelula gaiztoak, transferitu, katarroa kutsatzen ariko bazina bezala. Idorrak arraildutako ezpainok noiztik ez dute musurik hartu? Gaizki zahartu da gizona. Zimurra du azala, gogoa, arima.

        Berrogeita bi urte egin zituenean egin zuen behaztopa Teresak zahartzaroarekin. Urtarrileko ostiral goiz batean, igerilekuko aldageletan. Dozena erdi emakume dutxa azpian biluzik. Jubilatuak, nola nerabeak ur berotan jostari. Zimelak. Uzkurtuak. Gorputz zoko ezkutuak xaboitzen, Rolls Royce baten karrozeria bailitzan. Zahardadearen gona azpiak begiztatzeak ez zion onik egin Teresari.

        Gerta liteke: atzematen dizkizute orban batzuk biriketan eta hasperen lasaiz hartzen duzu diagnosia. Zu ez zaren beste baten erradiografiaz mintzo direla iruditzen zaizu. Medikuek agurtzeko bostekoa eman ostean — hotza eskua, mukerra begirada—, makrobiotiko batengana abiatuko zara ziztuan, zientziak ireki duen zuloa beste zerbaitek estal dezan. Zer du sineskeriatik? Zuhurtzia sendotzeko akaso ez, baina gogo abaildua distraitzeko balio du. Une batez bederen. Erotzeko pauso txiki bat baino falta ez zaizula ohartzen zaren unea hain zuzen: oraintxe. Esperantza: kondenatutakoen botoxa. Balkoira ematen duen ateko pertsiana itxi duzula akordatu zara. Badaezpada, burutazio drastikoak ekiditeko. Lasai egin dezakezu lo. Loa: debaldeko parentesi arriskutsua. Zu ez zinateke pertsiana altxatzen ausartuko. Inkontzientean zu ez zaren beste emakume batek agintzen du ordea. Bosgarren pisua. Luzeegiak dira eraikinak. Nola demontre agoantatzen du lur zoruak gizakiek eraikitzen dutenaren pisua? Eldarnioa. Ideia anabasa. Konplikatuegia da unibertsoa.

        New Yorkeko etxe orratzek ikaratu egin zuten Teresa. Duela hamar urte joan ziren senarra eta biak. Maitasunak airean eramaten zituen orduan Milanera, Istanbulera, New Yorkera.

        — Ezerezean zintzilikatutako planeta baten zutoinek amore eman beharko dute noizbait —atera zitzaion Teresari, burua zerurantz okertuta zuela.

        — Zer esan duzu?

        — Gero eta gauza astunagoak pilatzen ditugu lur-azalean. Zubiak, trenak, kamioiak, laurehun metrotik gorako eraikinak...

        Times Square erdian besarkatu eta musu apasionatua eman zion Anjelek, emaztearen ateraldiak entzundakoan egin ohi zuenez, ez baitzuen enigma hura argituko zuen bestelako azalpenik izango. Orduan oraindik asko dibertitzen zuten Teresaren xelebrekeriek. Grabitatea, armonia kosmologikoa eta bestelako hitz ulertezin batzuk. Anjelen munduan sinpleak ziren gauzak: esku-zartada batekin ebazten zituen gai korapilatsuak eta determinazioz konpontzen arrunkeriak. Baina medikuek minbizia iragarri zietenean espantatu egin zen, kasualitatearen karanbola arbitrarioak kikilduta.

        — Ez larritu, Teresa —esan zuen, albisteak bihotza urratu ordez urguilua kolpatu zionean—. Biok batera garaituko ditugu tumore zital horiek! —nahiz eta burutik pasatu zitzaiona besterik izan: «Nola demontre utzi diezu tumore horiei hazten? Sentimentalegia zara. Hori da arazoa. Ahula. Bihozbera. Zurea bezalako organismo errukarrietan aise aterpetzen dira gripeak, bakteriak, birusak, zelula gaiztoak».

        Jaiki. Jaitsi geletako pertsianak beheraino. Trabak jarri gogo suizidari. Ixo, ez aipatu hitz hori. Vade retro. Egunsentira arteko itxaronaldi atsekabetua. Tormentua. Kalbarioa. Disparatearekin dueluan ibili beharraren basakeria. Gaur. Eta bihar. Etzi. Hil arte bizi. Iraun behar horretan arrazoia puskaka desegiten ari zaizun arren. Komunean babestu. Itxi atea. Zure-zurea den etxeko espazio bakarra. Bunker intimoa. Ispiluan noizbait izan zarena errekonozitu. Garrasi egin, aspaldiko niak hondoratzen ari den oraingoari flotagailua jaurtiko dion itxaropenez. Begi zulo ubelak. Hazpegi hanpatuak. Hozkamina. Naturaren epai latza.

        Senarrak, antza denez, ez ikusiarena eginez garaitu nahi zuen gaitza. Ez gaixotasunak beldurtzen zuelako, egoskorkeriagatik baizik, naturaren eta gizabanakoaren arteko kasketa lehia da-eta harentzat existentzia. Pieza bateko gizona, burugogorra, despota. Ez dago haren borondate irmoa galaraziko duen ezustekorik. Gaitzak diskrezioz hartu zuen lekua bikotearen erdian. Isilpean gordetako maitale baten akorduak izarapeak hartzen dituen bezala. Aurrerantzean ez zuten minbiziaren aipamenik egin. Ez zen existitzen. Zurrumurru bat zen.

        Haurra bezala. Non da? Ez dauka hilobirik, ez baldin bada pentsamenduaren zoko ezkuturen batean. Zer demontre egiten ote dute hilda jaiotakoekin? Zakarretara bota laranja azalekin batera? Non pilatzen dira bazter utzitako asmoak, nahiak, desirak? Non isiltasunak lanbrotutako tumoreak? Pijamaren botoiak ireki. Ispilura hurreratu. Titi eroriak, aldartea bezain adoregabetuak. Zantzuren bat atzeman nahi makur hori. Orban batzuk. Heriotzaren gertutasuna justifikatuko lukeen aitzakiaren bat. Gaitz klandestino bati errenditu beharraren injustizia. Balaz josita hiltzea, hori bai gustu oneko heriotza!

        Mirakuluak ez dira Fatiman egiten Texasko Houstonen baizik. Milioi erdi euro aise lor zitzakeela esan zuen Anjelek, %10eko aukerak ziurtatzen zizkiotela. Egin itzazue zuen apustuak jaun-andreok! Haurra ere ez zitzaien Paristik etorri, senarrak egindako bizpahiru telefono deitatik baizik. Bazterrak astindu, mesedeak kobratu, zikoina intseminatu, jaio berri ustela erosi.

        Argi printza goiztiarrenen distira pertsianako zirrikituetan barrena. Dutxatu. Jantzi. Maleta bete: prakak, gonak, blusak, kamisetak, kremak, kezkak. Eta kremailera itxi. Presaka idatzi folio batean: «Maitea, gutun hau irakurtzen duzunerako... Beste gizon bat... Maitemindu... Ezin tentazioari eutsi». Desenkusa absurdoak. Esaldiak amorruz ezabatu. Gutuna txikitu. Testua berridatzi paper zati zimurtuan. Zazpi hitz xume: «Banoa. Eguzkiaren argitasuna behar dut. Bakardadearen atsegina».

        Gera dadila zorigaitzaren logika enigmatikoan grabitatzen. Ez dezala zure desertzioa arrazoitzeko aukerarik izan. Hori baino ez genuen behar, borreroari aizkora zorroztea! Hartu maleta. Esperantzaz bultzatu. Senarra abandonatu, espazioan galdutako txinpantze astronauta bat balitz bezala. Eta joan, urrun. Ahaztu.