Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

9

Salaketa

 

— Nor haiz hi, sudurluzea?

        — Trailer deitzen didate.

        Man kamioi handi baten paratxokea bezain zabala du irribarrea.

        — Eta nork egin hau hi kofradiako, jakin baliteke?

        — Aizue, kontatzeko daukadana entzun nahi ez baduzue, etorritako bide beretik joango naiz.

        — Hago, kardantxiloa. Hire egiazko izena, lehenik eta behin. Pelikulak, ondoren.

        Zineko aretozaina baino erosoago moldatzen denez arrotza polizia-etxean, samur mintzo saio Errazkin, badaki-eta hauskorra bezain arriskutsua dela handiustekoen banitatea.

        — Andres Errasti, zuen esanetara.

        Berrogeita koska bat urte. Gizena. Gorbatak estuegi lotzen dio lepoa, aurpegian biltzen zaio odola. Bi putzu gorri eta puztuak, masailak.

        — Minutu bakarra daukak, Trailer —motzean nahi du beti Madariagak.

        — Kamioi flota itzela, horixe daukat nik. Hortik ezizena. Eta oso baliagarri suerta dakizukeen informazioa, hori ere bai.

        Soseguz ateratzen dio kea puruari. Kamioiari argiak bezala piztu zaizkio begiak.

        — Hara, kankailua, Metro-Goldwyn-Mayerreko lehoia haizelakoan ala? Minutu erdia geratzen zaik. Bota edo ospa!

        — Atentatuen egilea salatu nahi dut. Badakit peskizan ari zaretela, nik ere sarri erosten dut ONCEko kupoia. Ulertuko duzuenez, lauso samarrean mintzatu beharra daukat, ez baititut nahaspila honen gorabehera zehatzak ezagutzen.

        Madariagak egin du hasperen ernegatu bat. Luzatu du besoa eta eman dio zaplazteko alfer bat. Dardara egin diote masailetako odol putzuek.

        — Mikel du izena malapartatuak.

        — Artaburua!, Andres Errasti beste Mikel zagok munduan.

        — Mikel Larrarte bakarra, sinetsi egidazue. Laguna dut, berak halakotzat ez naukan arren.

        Errazkinek ezin ditu salatariak jasan. Norbaiti informazioa ateratzea gauza bat da, doako isilmandatariari erreguka ibiltzea beste bat. Ehiza atsegin du, ez trofeoa.

        — Larru sendo akaberakoa da morroia, kuadrillako txoroena, sekula santan kolpe zorririk jo gabea. Zorrotza du mihia ahoberoak, eta ni nau bere gezien jomuga...

        — Arinago. Ez gaude kontu pertsonalak entzuteko.

        — Diru mordo eske ez zitzaidan ba etorri doilor halakoa! Film baterako egindako gidoi lanak Juanjo Baztarrika izeneko marrazo batek ordaindu ez antza, eta sosik gabe zebilen. Ehun euro eskaini nizkion...

        — Zekenaren ukabila baino zitalagoa haiz, Trailer —kaiolatutako sagu bati kilika bezala ari zaio Madariaga.

        — Banco Sabadell naizelakoan ala? Aiseago emango nioke kreditua lapurrari, lotsabako hari baino. Gainera, batek daki, egolatrek asmatzen dute gaur hil arteko zor bat eta txikikeria mirriena balentria bihurtu bihar. Edozer, gainontzekoen pentsamenduan kanpin denda ezartzearren.

        — Nahikoa. Koreako pelikula txar bat zirudik honek. Harira!, karrozeria txikitu eta txatartegira bidaliko haut bestela.

        — Iruzurrak hozminduta utzi zuen. Hamabost mila euroko zorra. Oasiaren ispilatzea begitandu baina putzu zikinarekin topo egindakoak ez luke sumin suntsitzaileagorik sentituko. Uneoro azpilanean dabiltzanen irribarre maltzurra ernatu zitzaion eta ez zaio harrezkero kendu. Herrestan dabil morroia. Eta gerra deklaratu dio munduari. Uler bedi mundua: lur arrasetik ikusten den guztia. Bera omen da gu guztiok kiskaliko gaituen suaren txinparta.

        — Asmatu egin duk dena, mendekuz, potrozorri horrek! Zer gertatzen zitzaian umetan, pototo? Jolas orduetan hamarretakoa lapurtzen ziaten?

        — Jokinenean elkartzen gara denok tarteka —azaldu die Trailerrek—. Tabernaria da. Hark konfirmatuko dizkizue nik esandakoak...

        — Alde hemendik, eta hoa psikologoarengana hire barruko korapiloak askatzera!