Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

10

Ametsak

 

Gogaikarria da Lauraren lanbidea. Berak ere badaki. Oinazea eramangarriago egiteko trufatzen da pazienteez. Auto-engainu hutsa, noski; baina iruzurtzarrek iruzurtxoak baliogabetzen dituztenez, efikaza. Okerragoa litzateke norbere gabeziak ezkutatzeagatik egiten duela pentsatzea.

        Sekula etxetik irten ez baina bidaiatzea obsesio bilakatu zaion esploratzaile zapuztuari Livingstone izengoitia asmatu dio. Hegazkinari ez omen dio beldurrik, eta tele-transportea existituko balitz ere, ez luke baliatuko inora joateko, ez baldin bada sofatik hozkailura. Alegia: mundu errealak eta izakiek ikaratzen dute, ez bidaiatzeak berak. Auzo zibernetikoan bizi eta mundua telebistaz baino ikusi ez duenez, etxeaz bestaldeko eremua basapiztiaz betetako lurralde arriskutsua iruditzen zaio: mehatxu eta krimen haztegi erraldoia. Laura jakinaren gainean dago, hurbileko lagun gehienek ere halaxe antolatzen baitituzte bidaiak: jendailaz ondo babestutako resort blindatuetara. Txori txiki zirtzilaren itxura hartzen dio Livingstoneri: sudur luze zorrotza, begi txiki tenkatuak, hankatxo luze argalak; eta migratzera ausartzen ez diren hegazti ahulak ontziaren kroskoan bezala du hark posizioa hartuta interneten. Bere alter egoaren txio harroputzek besterik adieraz dezaketen arren, autoestimutik gutxi du eta zinismo merketik sobera. Hor dute sorburua bere sintoma fobikoek (agorafobia + izu-neurosia): erreprimitutako desioek eragindako inpotentzia sexualean.

        Talenturik gabeko idazle saiatuari Job deitura ipini dio, pazientziaz kargatutako santuaren omenez, pertsonaia errukarriaren aldarte temati berberaz aurre egiten baitio naturak mailegatutako ezintasunei. Zoriaren broma makabroa: talentua preziatzeko abilezia eman ziezaiokeen indibiduo bati baina, aldi berean, erdipurdiko existentzia batera kondenatu. Zein klasetako maltzurkeria darabil naturak, talentua daukazunaren sinesmena itsatsi baina berau gauzatzeko gaitasuna ukatzen badizu? Jobek aitortu dio, ordenagailu aurrean jesarri eta aurreikusitako deskalabrua saihestearren, periodikoak arakatzen ematen duela eguna, bidea argituko dion ideien bila. Aldi bakarrean etorri zaio kontsultara gaztea, ez da berriz itzuli. Aldentze horrek asko kezkatzen du Laura: inpotentzia beste suhar metatzen baitute bipolarrek barrenean, denik eta konbinaziorik lehergarriena.

        Ertzaina Snoopy da. Badu nortasun sendoagoetara otzantzeko joera kontrolaezina. Buztana mugitzea falta zaio gizajoari zerbait agintzen diotenean. Isekari akaberakoa da gizona. Hondoa jotako zirikatzailea, nahaste afektibo-depresiboa daukan susmoa du Laurak. Ediporen konplexuak eragindako traumaren kausaz seguruenik, zeinak norbere homosexualitatearen ukazioa dakarkion. Sekula ez du deskubrituko, dena den: biek baitakite fruiturik emango ez duen terapian jostatzen dabiltzala. Ondo giltzaperatua du Snoopyk inkontzientean bere Ni benetakoa. Haren ateraldi burutsuek emango liokete afari bat baino gehiagorako berriketaldi animatua kolega psikoanalistekin. Joder, zeinen aspergarriak diren kolega psikoanalistak! Hobekien Snoopyrekin konpontzen dela esan behar luke, nahiz eta... zergatik erabiltzen ote du hainbeste kolonia? Inoiz ez da ausartu galdetzen. Baina hurrengo asteartean, agian, usaimenari buruzko konturen bat aterako dio Laurak, aitzakia hutsalen bat profitatuz.

        Bat-batean eta modu aski fanatikoan futbolzale bilakatutako antifutbolero ohiari Bovary deitzea otu zaio. Emakumezkoa da (hiru emakumezko besterik ez ditu bezeroen artean), eta existentzia idiliko batekin egiten du amets (nork ez, ordea?). Erdipurdiko izate batekin konformatu beharko duela ebatsi du Laurak: herentzian jasotako eskakizunek oztopatzen baitute haren eboluzio pertsonala. Bakarrik egoteaz nazkatuta dago. Sexua aldatzeaz aipamen ulergaitz bat egin zion behin batean, oso labur eta lauso, baina ez du gehiago halakorik atera berriro.

        Pentsatuaz bakarrik sexuz aldatzeko aukera balego, birritan zalantza egin gabe transformatuko litzateke Laura ere. Ustekabean pasatu zaio burutik kontu hau, baina ez da tximistak argitutako ilunpera berehala itzuli, eta jabetu da batzuetan eraman ezina zaiola emakumezko izatea, nekagarriegia: norbere burua uneoro arren begirada gailenari egokitu behar desesperagarri hori, batez ere. Eta ez da gizonezko psikoanalista handiusteek faloaren inbidia izendatzen duten horren kausaz, ez baitio kaneloi formako zintzilikario horri estimu berezirik, gizartearen begirada faloduna saihestu nahia baizik. Ikusezina izan nahi luke, gardena, hartara ez luke-eta begirada mingarri hori erakarriko. Titi parea eta alua edukitzeak dakartzan bestelako gutxiespen propioez gain, gizonezkoek andrazkoez duten inpresio kontzeptuala zaio bereziki aspergarria: eme orok barren-barrenean zerbait falta duen uste abstraktu hori, zeina, nola ez ba!, arrek bakarrik bete dezaketen. Gizonezkoetan aurrerakoienek ere inkontzienteki onartuta daukate uste lelo hori; mozolo sinpatikoek, zer esanik ez: «Batek daki, akaso gaur bertan azalduko natzaizu zure ametsak goxatzera!». Horixe esan dio hitzez hitz Gregoriok (Marconi deituko dio aurrerantzean), gaur eguerdian kontsulta estropezuka utzi duenean. Itsua baita Marconi, nahiz eta naturak ederki konpentsatu dion korneatako gabezia mihian.

        Norbaiten desioa piztea ez zaio desatsegina Laurari, bere ametsek goxatu premia dutelako iritziak, ordea, sutan jarri du. Ez luke amorru horrek bere diagnosia baldintza dezan nahi. Beraz, mutila psikiatrarengana bidaltzea ebatzi du azkenean, halako desoreka mentala ezin baitu berak ganoraz artatu.

        Jasanezina da tipoa! Ametsak borondatearen arabera manipulatu omen ditzake Marconi honek.

        — Begi-bistan daukadan ezereza ikusteaz gogaitua bainago, ametsak eraiki eta bizi egiten ditut, aktoreak antzezpen bat bezala. Betidanik izan dut ahalmen hori —esan dio Laurari, ipuin harrigarri bat kontatzera doanaren ausardiarekin—, txiki-txikia nintzenetik. Amets gaiztoenetatik supituan esnatzen nintzen umetan ere. Esnatu ez, irten edo norbaitek aterarazi, zehatzago esateko. Bazirudien ametsen kalitatea zaintzeko zentinelak nituela inkontzientean, eta haien irizpidearen arabera segitzen nuela lo edo itzartzen nintzela. Poliki-poliki perfekzionatzen joan naiz urte guztiotan nahi dudanaz amets egiteko gaitasun hau, eta hara, gaur da eguna esfortzurik gabe barneratzen naizela irudikatuko existentziatara loak hartutakoan. Prozedura oso da sinplea: nor eta zer izan nahiko nukeen imajinatu, begiak itxi, eta salto egiten dut bizitza paralelo horretara.

        Berbalapiko honi doble kobratuko diola pentsatu du Laurak.

        — Ametsezko bizipenek, bestalde, ez diote zer inbidiaturik errealitatekoei. Alderantziz, errealak baino askoz biziagoak iruditzen zaizkit azken aldi honetan. Hainbeste, ezen gero eta goizago oheratu eta orduak lapurtzen dizkiodan egunerokoari ametsaren mesedetan. Ulertuko duzunez, nire errealitate txepel, monotono eta ilunak ez baitu deus egiterik amestutako existentzia ikusgarriak eskaintzen didan bizipoz aberatsarekin. Duela zenbait aste oso gauza bitxia gertatu zitzaidan, edozelan ere, eta beldur naiz ez ote ditudan nire ahalmenak sobera ustiatu.

        Berbalapiko honi lagunduko dionik ez dagoela pentsatzen hasi da Laura.

        — Garai batean igerilekura joaten nintzen sarri, zentzumenei deskantsua emateko batik bat: trabarik ez dagoenez, ur berotan baino ez bainuen aurkitzen izarapeko epeltasun biguna. Detektagailu digital batek baimentzen du igerileku barrurako sarbidea: hatz erakuslearen punta jarri beharra dago makinaren zuloan, hark ezagutu eta pasatzen utz zaitzan. Bada, sartu nuen behinola hatza han, gelditu nintzen luzaz makinak noiz pasatzen utziko zain, baina ez zidan utzi. Ordura arte halakorik inoiz suertatu ez zitzaidan arren, ez nintzen arduratu, makina horiek oso sentsibleak direla jakinik, hatza hoztua izango nuela pentsatu bainuen. Atzamar puntan putz egin eta saiatu nintzen berriz, bi, hiru, lau bider. Alferrik. Makina ondo zebilen, gainerako bezeroek arazorik gabe igarotzen baitzuten burdinazko hesia. Nire onetik aterata hurbildu nintzaion harrerako emakumeari eta behingoz sarrera ireki ziezadala agindu ahots zakarrez. Horrelaxe hitz egiten diet laguntza eske joaten natzaienei: nire minusbalioaren errudun balira bezala, hain dira bestela oka egiterainoko errukiorrak ezinduekin. Badaude, noski, zeruetako talaiatik begiratzen zaituztenak, ahalguztidunaren idazkariak balira bezala, baina horiekin are ipurterre eta ezatseginagoa naiz.

        Berbalapiko honek ordubetea igaroko du asko hitz egin baina ezer esan gabe, pentsatu du Laurak.

        — Umezurtz galdu bat banintz bezala artatu ninduen emakume petral hark, eta sarbidea ukatu modu sobera amultsuan, bazkidea nintzela egiaztatzerik ez zuela argudiatuta. Sutu egin ninduen bere manera samurrak eta oraindik modu ozpinduagoan mintzatu nintzaion, zenbat eta adeitsuago tratatzen nauten orduan eta gehiago pizten bainaiz. Ezta horrela ere! Gizagaixo agoniatsu bati bezala egin zidan kasu. Larritu egin nintzen. Iruditu zitzaidan, nire existentzia agortzen ari zelako umiltzen zitzaidala eta bizidunen beroa ihesi zihoakidalako ez ninduela makinak errekonozitzen. Harrezkero, aise ulertuko duzunez, ez naiz sekula bueltatu igerilekura.

        Berbalapiko honek ziur aski ez daki igerian egiten ere, pentsatu du Laurak.

        — Logika osoa zuen hiltzen ari nintzelako ideiak: bi existentzia kontsumitzen nenbilenez aldi berean, amestutakoa eta erreala, litekeena zen beraietan denbora modu paraleloan iragan ordez batean gastatutakoa besteari batu izana. Hala balitz, nire adina bikoiztuko lukeen pertsona bati zegokion denbora neukan kontsumituta; existentzia normal baten hiru herenak bai, gutxienik. Ataka estuaren aurrean jarri ninduen deskubrimendu horrek: bizi nituen bi existentzietako bat baztertu beharra neukan nahitaez, zegokidan denbora oharkabean iraungiko zitzaidan-eta bestela. Ametsen munduari uko egitea erabaki nuen, jakina, ezin bainuen erreala suntsitu neure buruaz beste egin gabe.

        Berbalapiko hau gainetik kendu behar duela pentsatu du Laurak, nola edo hala ukatu egin behar diola berriro bere bulegoan sartzea.

        — Jende arruntaren bizipoza xaxatzen duten gauzetara lotzea deliberatu nuen, beraz. Futbolarekiko pasioari, garagardoari, maitasunari... errenditu nintzaien, ohartuta bainengoen ingurukoek ez zutela askoz premia gehiago bizitzarekin bakeak egiteko. Ordurako, dena den, eta esan dizudan bezala, nire bizitza errealak xarma guztia galduta zeukan: aspergarria iruditzen zitzaidan, geldoa, interesik gabea. Egin kontu nik munduko emakumerik ederrenak izan nitzakeela ametsetan, lo hartu aurretiko unean haren irudia asmatzea baino ez bainuen behar istant batean haren aldamenera jauzi egiteko. Noski, bazituen prozedurak ustekabeko arazo logistikoak ere. Ondo pentsatu beharra neukan nor izan edo norekin egon amestutako existentzian, hari-mutur guztiak ondo lotu, nolabait esatearren; deskuidatuz gero ingelesa jakin barik para nintekeen-eta Jennifer Connellyren altzoan.

        Berbalapiko hau mailu batekin buruan eman diezaiodan eskatzen ari zait, pentsatu du Laurak.

        — Badiotsut, nire existentzia errealaren aldean pagotxa zen amestutakoa. Total, denbora ziztuan agortuko zaidala dakidan arren, amestutako bizialdia lehenestea erabaki dut. Zonbi baten moduan bizi naiz errealean, honenbestez: begirale estralurtarraren aldarte desinteresatu berberaz. Erabaki horrek aurreikusita ez nituen erronka berri batzuei buru eman beharra ekarri dit: egun osoa lotan igaro ezin dezakedanez, gero eta bizipen muturrekoagoak bilatzen ditut, derrigorrez bizi beharreko existentzia erreala ez dakidan jasanezina suertatu. Ez dut esango bihar hil daitekeela pentsatzen duenaren ausardia ero horrekin bizi naizenik orain (ametsen munduan badut oraindik zer esperimentatua), baina bai lehen baino modu askoz lotsagabeagoan. Lanpetuta nabil errealitatearen notario lanak egiten. Atseginez entzuten ditut gertaera latz zein esamesa hutsalenak, eta ondoren memorian prezisioz artxibatu, baliagarri zaizkidan egunerako. Zirraragarria da, boteretsu sentiarazten baitzaitu. Maiz aldatzen dut itxuraz eta afizioz nire esplorazio esparrua ahalik eta zabalena izan dadin. Behatzaile itsu baina zorrotza naiz. Eta tira, ezingo dut esan nire existentzia errealak bat-batean amestutakoari itzal egiten dionik, baina sikiera eramangarria zait.

        Akabo! Nahikoa da! Berbalapiko eldarniatu hau psikiatrarengana bidaliko dut aitaren batean, erabaki du Laurak azkenean.

        — Batek daki, akaso gaur bertan azalduko natzaizu zure ametsak goxatzera!

        Eta Laura amorratuta dago, ernegatuta, gaitzituta, kabreatuta. Gauean oheratu denean, ezustean gogora etorri zaio Gregorio itsua. Marconi madarikatu hori. Eta oraintxe bertan ez daki Job idazleak utzitako ipuina irakurri nahi duen edo berehala lo egin beharko lukeen ametsetan Marconi ager dakion. Pilulak hartu eta hogeita lau orduz etengabe ametsean murgiltzea ere bururatu zaio, hartara une batean edo bestean bien loaren bat egitea ziurtatuko bailuke. Baina beldur da pilulek eragindako inkontzientzia sakonak ez ote lukeen Marconiren sarbidea eragotziko. Izara azpian uzkurtu eta begiak itxi ditu indarrez: errealitatetik erreskatatu eta Marconik ametsen mundu fantastiko horretara albait arinen eraman dezan desio du Laurak.

        Damutu zaio. Isiotu du argia eta Joben narrazioari heldu dio, hain iruditu zaio patetikoa ametsetako desioa.

 

Liburuaren bideak

terapia baterako zirriborroa:

 

        Erabilitako liburuak saltzen dituzten denda batean sartu da Julia. Liburu higatu bat begiz jo du azken zokoan. Oreka misteriotsuren batek eusten dio zutik, apalaren izkinan erortzear. Iruditu zaio arrenka asilo eske dabilkiola eta barreneko letrek salto egingo diotela liburua ireki bezain laster, hain da prekarioa haren egoera. Babesa eman, ordaindu eta, etxera doalarik, liburua eserlekutik erori eta ahaztuta laga du autobuseko zoruan. Ez da liburuaz oroitu oheratu den arte. Egilearengan pentsatu du une labur batez, baina ez da errukia sentitzera iritsi, loak hartu du-eta lehenago. Eguerdian akordura etorri zaizkio berriro liburua eta idazlea, baina apenas iraun dion igogailuak bi pisu jaisten tardatu duena. Juliak segitu du bere bidea eta liburuak berea. Jaso du autobusean institutuko gazte kuadrilla oldartsu batek eta hankapean ibili du kalean zehar. Forma koadratuak ez dio uzten liburuari lurrean behar bezala irristatzen, eta nahiago izan dute plastikozko poto biribilagoa ostikoz jotzea. Hartu du ondoren bazter batetik liburu uspeldua andrazko adindun batek, eroan du etxera eta egongelako mahai desorekatua berdintzeko eduki du bost egunez altzariaren oinpean. Erratza pasatzean traba egin dionez, atsoak erabaki du halako batean, onurak baino eragozpenak ekartzen dizkiola liburuak. Pena eman dio hala ere zakarretara botatzeak, iruditu baitzaio norbaitek lan handiak egin dituela orrialde haiek betetzeko eta merezi duela begirune minimo bat. Urrikalduta, lazo batekin apaindu eta ileapaindegi ondoan den kafetegiko mahaian utzi du, oparia bailitzan. Hartu du handik zahar ezinduak zaintzen dituen errumaniar batek, ez baitu ulertzen nola utz daitezkeen botata objektuak, ezelako baliorik gabekoak barne, eta erabili du Cosme tenteago jartzeko gurpildun aulkian. Ipurdi azpian paratu dio liburua, hartara agurea zutixeago eser dadin, okertuta jesartzen da-eta bestela. Deserosoa denez nonbait liburua, amorrazioz jaurti du espaloira Cosmek, ipurmasailean min egiten diola argudiatuta. Petralkeriak jasan ezinda, errumaniarrak ebatzi du geratu den txokoan ondo dagoela liburua. Alde batera eta bestera begiratu eta gero hartu du betaurrekodun batek lurretik. Jaka barrenean sartu eta oin puntetan aldendu da, trafikatzaile ikaratua baino mesfidatiago. Iruditu zaio, hitzordura liburua besapean duela ailegatzeak ondo emango diola. Internetez ezagututako emakume batekin elkartzekoa da zine atarian. Inoiz ez dago sobera letren prestigioa aurreneko zitan. Euria hasi du, ordea, eta nahiago izan du itxura zaintzea, intelektual arranditsuarena egitea baino. Koska batean laga du liburu bustia, esker oneko diosala egin ostean, ondo baino hobeto egin baitizkio txapel lanak. Hartu du azkenik ongile errukior batek eta eraman liburu-denda moderno batera. Urrutiko gerratan eroritakoak aberrira eroaten dituzten eran entregatu du, modu zeremoniatsuan, eroritakoen hilkutxan banderak jartzen diren bezala paratuz mostradorean. Itxurak gordetzearren jaso du dendariak oparia, nola ez ba! Baina gizon eskuzabala irten bezain laster utzi du liburua papera birziklatzeko potoan, zirrimarrak eta ireki gabeko gutunak eta Euskaltelen panfletoak dauden lekuan. Tarteka akordatzen da Julia bidean gelditutako liburuaz. Oroitzapen aseptikoa da, dena den, hondatutako praka zahar batzuek ekar diezaioketena bezalakoa, ez baitio nostalgiari sustraitzen uzten.