Irribarre gaizto bat eragingo dizute Andoni Urzelairen kontakizunek. Pentsatu bai, baina eskuarki egiten ez diren gauzak egiteko gai dira-eta istorio hauetako protagonistak: idazlea, itzultzailea, psikoanalista, tabernaria, itsua, ertzaina edo hoteleko langilea izan, berdin da, denek badute motiborik konforme ez egoteko. Izan ere, konforme ez egoteak elkartzen ditu denak batera hemen.
Inor ez da perfektua, esaera komikoa da; baina batzuk badira, gainera, harreman toxikoak sortzen bereziki trebeak. Nahastuko dute hurkoa zeregin zail edo arriskugarriren batean, berotuko diote gogoa, edo aztoratuko, edo baldintzatuko bizimodua... Eta sare bihurri horretan harrapaturik geratu denari kosta egingo zaio asmatzea ihes egiteko garaia iritsi ote den.