Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Ekintza artistiko-politikoa

 

 

Udako oporraldiaren ostean izan zuen Desegokituen Elkarteak bere bizitzako aro aktiboena. Ia astero, aste batzuetan behin baino gehiagotan, biltzen ziren jardunaldien prestaketarako. Bileretan huts egiten zuen kideren batek edo gehiagok. Aretxabaleta eta Odile Mores izan ziren sekula ez huts egin zutenak, biek hartu baitzuten antolaketa lanaren zama handiena. Hala ere, bileraren batera edo bestera huts egin arren, Joseba izan zen kale agitazioa gauzatu zuena, inork ezagutzen ez zituen laguntzaile batzuekin. Lagun horiek bileraren batera gonbidatzea iradoki zion Odile Moresek. Ezetz erantzun zuen Josebak.

      — Segurtasunagatik? —galdetu zion txantxetan Romanek.

      — Zuek ikusiz gero Desegokituen Elkartea laguntzaile barik geratuko litzatekeelako —erantzun zuen Josebak serioski.

      — Topaketetan bertan izango dugu aukera ezagutzeko —Aretxabaletak.

      — Ez dut uste bakar bat ere etorriko denik.

      Ez zen beste inoren saiakerarik izan elkartearen laguntzaile ikusezin haiek gonbidatzeko.

      Romanena zen egoera lausoena kidetasunarekiko. Esan nahi baita, elkartearen bizitzan parte hartu arren, inork ez zekiela, ezta berak ere, kide zen edo norainoko zen kide edo entzule egoten zen bileretan, ikusle agian. Romanen elkartearekiko anbiguotasuna nabarmentzeko aukera txikiena probesten zuen Josebak, beti balaz. Bere burua errespetatzen duen desegokituen elkarte batek eduki behar luke elkartearekiko desegokia den kideren bat, erantzun ohi zion Romanek. Udazkenerako onartua zuen emazteak alde egin ziola ondotik, ihesean alde egin ere, beharbada emakume batekin batzeko. Mesedeetako zubian Odile Mores, Kattalin eta Aretxabaletarekin bat egin zuenean baino dexente onartuago.

      Jardunaldien hasiera baino hilabete lehenago jarri zituzten afixak hiriko kale eta taberna batzuetan. Josebak eta kausarako irabazi omen zituen lagunek gauzatu zuten elkartearen jendaurreko lehenengo agerraldi hura. Abendu hasieran, Durangoko Azoka amaitu biharamunean, prentsaurreko bat eman zuten jardunaldiak aurkezteko. Roman ez gainontzeko laurak izan ziren Muelle 4n. Hedabideak ez ziren sobera animatu. Aretxabaletak nahikotzat eman zuen iragarpenek izandako oihartzuna, Kattalinek eta Odile Moresek urritzat, eta Josebak ahoz ahokoaren garrantzia azpimarratu zuen eta hori sustatzeko kale agitazioaren eraginkortasunaz aritu zen. Romanen balorazioen berririk ez daukagu, nahiz eta pentsa daitekeen hutsaren hurrengoa iritzi ziola, benetako, beretzat benetako, ziren hedabideetan inolako oihartzunik ez baitzuten izan.

      Peter Zuazok Berria-n irakurri zuen. Kultur orrialdeetako ertz batean zetorren albistea: DESegoki TOPaketa egingo dute Bilbon, zioen izenburuak. Zortzi lerrotan ematen zuen programaren berri. Bere izena han ikusteak sentsazio arraro bat ekarri zion, osagai nagusia bertigoa zuena. Ordurako idatzita zeukan hitzaldia. Aurrerapena askoz lehenago bidalita elkarteari. Egia da hainbat aldiz eman zuela amaitutzat, baina laster aurkitzen zuen zer gehitu edo zer kendu. Jardunaldietan bere hitzaldira baino ez joatea ere erabakita zuen. Hitzaldia idaztea burutu baino askoz lehenago hartutako deliberoa izanagatik, hau ere behin eta berriro berrikusten zuen. Peter Zuazo ez zen literalki joango, horrela esaten zion bere buruari: literalki. Hala ere, postariak kalera atera bazituen Jimmy eta Joanes, berak ere atera zezakeen beste norbait. Abuztuko egun bero batean bururatu zitzaion aukera hori, etxeko zoko ilunena ere mendean hartutako beroak berak burmuina bigunduta ausaz. Kontua da udako beroa moteldu ahala aukera horri bueltak ematen jarraitu eta halaxe harrapatu zuela aurreneko hotzak, urriko egun batean: ispiluaren aurrean itxura nola aldatu aztertzen. Postariak gazteagoa, Jimmy, eta zaharragoa, Joanes, asmatu zituen. Adin itxura aldatzea arrakastaren hiru laurdena da. Gaitz ikusten zuen, ostera, Peter Zuazok. Bere makilak, ibilerak, eragotzi egiten zion egungo itxuratik urrutiratzeko beste gaztetzea. Errazago zuen zahartzea. Honek beste arazo bat ekar ziezaiokeen, alegia, baleko urrutiratze mailara iritsiz gero, zaharregi geratzea eta, horrenbestez, jardunaldietan nabarmentzea. Salbuespenak salbuespen, ez nabarmentzea oso lagungarria da anonimotasun operatiboen arrakastarako. Bizarra eta ilea mozteari utzi zion. Miopiarako betaurrekoen ordez ukipen-lenteak erosi eta erabiltzen ohitu-edo egin zenean, zailena eginda zegoela pentsatu zuen. Erositako arropa berriak, bere estilotik at, indartu egin zuen ustea. Ez zen hala, ordea. Makila, ibilera, hori zen benetako handicapa. Aurkitu zion, baina, soluzioa. Soluzio posiblea, izan ere kalean kontrastatu beharko zuen bere balioa.

      Azaroaren erdi alderako prest zegoen landa-lanerako. Zalantza guztiak uxatu ez bazizkion ere, nahiko gustura ikusi zuen ispiluan zegoena. Ile erdi urdindua, gehiegikeriarik gabe baina luze samar, atzerantz etzana gominaren laguntzarekin. Hau ere gehiegikeriarik gabe. Bizarra txukun, traje gris argia, alkandora beltza gorbatarik gabe eta gainean kotoizko beroki beltza forru granatearekin. Eskubiko eskuan makulu ortopedikoa eta ezkerreko besoa lepotik zintzilik zeraman euskarri batean bermatuta. Horrela istripua izanaren itxura egin zezakeen, handicap nagusia gainditzeko.

      Mundutik aparte bizi den gizona izaki, Peter Zuazok ez zuen jende asko ezagutzen eta ezagutzen zituen horiekin denbora tarte oso laburrak egiten zituen. Egunkaria erostera joan zen lehenbizi, eguneroko kioskora. Ahotsari zortzidun bat jaitsi zion tonua. Egun on soil batekin agurtu zuen. Egunkari saltzaileak hirian ezezagun bati begiratzen zaion moduan begiratu zion: jaramonik egin gabe. Hala hartu zion bost euroko billetea eta atzerakoak itzuli. Hogei metro eskasera zeukan harategira sartu zen, haragi erosketak egiten zituenera, kale baten bila zebilela aitzakiatzat hartuta.

      — Egun on. Badakizu non den Emma Bovary kalea?

      — Bada, ez —erantzun zion, pentsatzeko tartetxo bat hartu ostean, harakinak.

      — Hemen inguruan egon behar luke, esan didatenez.

      — Sentitzen dut, baina kale horren arrastorik ere ez daukat.

      Lehenengo eguneko froga gainditutzat aitortu zion Peter Zuazok bere pertsonaiari. Biharamunean eskailerako bizilagunekin kontrastatzea erabaki zuen. Sei solairuko etxea zaharra zen, hamabi etxebizitza guztira, goiko biak ganbara izandakoak. Beharbada merezi du aipatzea 1936ko uztailean amaitu zutela eraikitzea, gerra hasi baino egun batzuk lehenago. Peter Zuazo hirugarrenean bizi zen. Aurrez aurre Sofia Astarloa zuen bizilagun. Laurogei urte izanagatik, Zuazok baino askoz airosago igotzen zituen eskailerak, baita erosketak egitetik bueltan eskuan poltsa zeramala. Urteetan elkarren ondoan bizi arren ez zuten kortesiazko hitzetatik haragoko elkarrizketarik izan, eskailerak jaisterakoan edo buzoiak irekitzen elkartzerakoan. Esan gabe doa lehenengo hitza eta azkena emakumeak jartzen zituela. Erosketen poltsa lurrean utzi eta ataria zabaltzen harrapatu zuen Juanpe Solagaistuak Sofia Astarloa.

      — Barkatu, hemen bizi al da Zuazo jauna?

      — Nork galdetzen du? —harritu zuen inpostorea emakumeak, baita poztu ere.

      Goitik behera begiratu zion, noraino izan zitekeen fidatzekoa neurtuz. Edo, agian, zenbateraino zuen ezaguna.

      — Barkatu, andrea. Zuazo jaunaren lagun bat naiz eta berarekin egon nahi nuke.

      — Laguna? —benetan atera zitzaion galdera, oso-osoan; zeuk jakingo duzu edo zeuk badiozu... esango balu bezala—. Ez dakit aurkituko duzun, egunak dira ez dudala ikusten, asteak beharbada.

      — Lagundu nahi nizuke poltsarekin, baina —makulua eta bermatuta zeraman besoa erakutsiz— ikusten duzu.

      — Lasai, gazte. Egunero egiten dudan ariketa da hau. Igo zaitezke nirekin.

      Hirugarrenera iritsi zirenean Peter Zuazoren atea seinalatu zion Sofia Astarloak. Berriro ere lehen egindako keinua ekarriz aurpegira, zeuk jakingo duzu-edo. Gogoratu zion egunak zeramatzala ikusi gabe, asteak akaso.

      — Baina ustel usainik ateratzen ez den bitartean, lasai —irribarre batekin Sofia Astarloak.

      Burua jiratu eta bere atea ireki zuen emakumeak. Peter Zuazori ez zion sekula gisa hartako irribarrerik eskaini. Txirrina jo zuen. Inork ez zuen atea ireki. Arratsaldero irteten zen Sofia Astarloa lagunekin karta jokoan egitera eta une hori baliatzen zuen Zuazo mozorrotuak etxean sartzeko, Sofia Astarloa baitzen, behatxuloa medio, Peter Zuazoren etxean haren laguna zela zioenaren sartu-irtenak kontrola zitzakeen bakarra. Gainontzeko bizilagunak, bikote gazte bat izan ezik, denak bera baino zaharragoak, atarian edo eskaileran aurki zitzakeen, inolaz ere ez etxebizitzan sartzen edo bertatik irteten.

      Jardunaldien albistea Berria-n agertu eta egun gutxira deitu zion Lizasok. Pozten zela berriro munduratu zelako. Gizarteak zer esana zuen ahotsa berreskuratu zuelako. Han izango zela bera. Entzuteko gogo itzela zeukala. Behin koipea ematea amaituta, mamiari heldu zion. Ea nortzuk ziren Desegokituen Elkartekoak. Ea zer esan zioten. Galdera horrekin Lizasok jakin nahi zuena zen zergatik deitu zioten Peter Zuazori eta ez, esate baterako, berari. Ea zein zen jardunaldietako gaia, prentsaurrekoan aditzera eman zutena irakurrita ez zuela-eta ezer ulertu. Peter Zuazoren erantzunak anbiguo samarrak ziren arren, Lizasok ez zuen etsitzeko antzik. Ea idazten ari zen. Ea zerbait argitaratzekotan zen. Peter Zuazo ahalegindu zen, lehorra izan gabe, gutxi esaten. Nahita ere, zekiena jakinda, ezin zion askoz gehiago argitu. Gehien kostatu zitzaiona berarekin geratzeko gonbita saihestea izan zen.

      — Han ikusiko dugu elkar, Lizaso, eta geratuko gara beste baterako. Orain ezin dut.

      Ez dugu pentsatu behar Peter Zuazo nekerik gabe irteten zela mundura. Misantropoa zen, ez agorafobikoa, klaustrofiloa ere bai, ausaz. Ez zion beldurrik kalera irteteari, jende artean ibiltzeari. Jendearekin egon behar izatea zen arazoa, batzuek interakzioa deitzen duten hori. Horretan hasteak nagia eragiten zion, nagi ikaragarria. Hasi orduko nola aldendu baino ez zuen buruan izaten. Kafkaren Peter Gorria bezala sentitzen zen sarritan. Honen hitzak bere egiten zituen: batzuetan jendeak higuindu egiten nau, halako moldez, non nekez eusten diodan oka egiteko gogoari. Ez du gizabanako zehatzekin zerikusirik; jende guztiaren kontrako zerbait da. Peter Gorria, azken batean, bost urteren buruan tximino izatetik pertsona izatera igaro zen. Zuazoren zalantza zen ea bera ez ote zebilen alderantzizko bidea egiten. Jardunaldien karietara, Odile Moresekin lehenengoz geratu zen hartatik jardunaldien aurreko egunen bitartean, azkeneko hogeita bost urteetan baino hartu-eman gehiago izan zuen jendearekin. Tarte horretan frogatu zuen zenbait trebetasun sozial ez zituela galdu. Eta nagia eta nekea eragiten zizkiola beti jendeak. Salbuespena Odile Mores izan zen.

      Apiriletik Odile Mores buruan masturbatzen zen. Hori ez zuen ezabatu harekiko defentsak armatzerakoan. Hiru urte zeramatzan larrutan egin gabe. Eskua dut emazte, eutsiko zait zintzo, esaten zion bere buruari. Ez zuen sobera sinesten. Idazmahaiko hirugarren tiraderatik agenda txiki bat atera zuen, telefonoak gordetzeko erabiltzen zen horietakoa. Hiru urtean ireki gabea. X hizkian hiru izen zeuden, hainbat urtetan sexu-zerbitzua saldu zioten emakumeenak. Batek daki non eta zertan dabiltzan hauek, pentsatu zuen. Ez zuen bakar baten irudia zehaztasunez gordetzen. Gainera, izenak ere nahastu egiten zituen. Nola zuen izena beltzaranak, Violeta ala Veronica? Berdin zion. Hitzaldia eman bezperan emakume batekin oheratuko zen.

      Violetaren zenbakia markatu zuen. Ez zela existitzen erantzun zion beste aldetik emakume ahots batek, zenbaki hori ez zegokiola inongo telefonori alegia. Beste hainbeste Marleneren telefonora deitutakoan. Veronicarena markatuta, ahots marrantatu batek igeltsero batekin ari zela jakinarazi zion.

      — Barka, elektrikariari deitzen ari nintzela uste nuen —desenkusatu zen Peter Zuazo eskegi aurretik.

      Elektrikari baten izena Veronica izateak zer pentsa emango zion igeltseroari ziurrenik.

 

 

Sophie Clement abenduaren 14an Hendaiara heltzekoa zen TGVn. Odile Moresek ez zeukan erabakita Kattalini adiskidearen bila lagunduko zion. Kattalinentzat, nahiz eta ez zuen halakorik erakutsi, kitzikagarria zen oso aspaldiko lagunarekin elkartzea. Horren jakitun zen Odile Mores eta horrexegatik ez zekien joan behar zuen ala ez.

      — Beno, etorriko zara nirekin Hendaiara? —galdetu zion Kattalinek asteazkenean. Sophie Clement ostiralean zetorren Paristik.

      — Zuk nahi baduzu...

      — Bai.

      Nahi dut, baina ez da ezer gertatzen ez bazatoz. Horrelako zerbait egon zitekeela Kattalinen baiezkoan pentsatu zuen Odile Moresek. Edozer eginda ere damutzeko arriskua nabaria zen. Ostiralean Hendaiako geltokian zeuden biak zortzietan iritsiko zen trenaren zain. Emakume paristar bati eska dakiokeen moldean jaitsi zen trenetik Sophie Clement. Besarkada bero batean bildu zen Kattalinekin. Ez dakigu zenbateraino luzatuko ziren txerak Odile Moresekiko aurkezpenak egin beharra izan ez balitz. Pisuan bazuten beste gela bat altzari soil batzuekin. Sasoiz kanpoko arropa gordetzen zuten armairua, metro eta hogeiko antzinako ohe bat eta gau-mahai bat. Han kokatu zen Sophie Clement. Etxean egin zituzten jan-edan bakanetatik kanpo, Odile Moresek bakarrik utzi zituen ahal izan zuen guztian. Esan nahi baita, aldez edo moldez saihestu egin zituela hirian zehar egin zituzten txangoak, larunbat arratsaldekoa izan ezik. Gehiegi zirudikeen behin ere ez irtetea etxean gonbidatu zutenarekin.

      Kattalinek, batxilergoa amaitutakoan frantsesa ikastea xede, Bordele ondoko herri baten igaro zuen uda. Bere aitak nolabaiteko harremana zuen hango familia batekin eta haienean eman zituen 1977ko uztaila eta abuztua. Hurrengo urtean, gaztelania ikasteko, Sophie Clement etorri zen Bilbora uda pasatzera. Horrela abiatu zen bi emakumeen arteko harremana. Lanean hasi aurretik oporralditxo batzuk batak bestearenean, ez lehenengo haiek bezain luzeak. Behin emantzipatuta, tarte handiagoz baina elkartu izan ziren hainbatetan. Eten luzeena azken urteotakoa izan zen. Batetik Sophie Clement Parisera joan zelako eta, bestetik, denboran bat etorri arren kausen artean jartzea neurriz kanpokoa izan badaiteke ere, Kattalin eta Odile Mores elkarrekin bizitzen jarri zirelako. Etenik izan ez zuena euren arteko korrespondentzia izan zen, nerabezaroko udazken hartan gorputz eta arima hasitakoa.

      Emakume atsegina iruditu zitzaion Odile Moresi. Janzkeran antzeko gustua zutela ohartu zen beraiekin eman zituen egunetan. Maneretan fina. Ahotsa aurpegiak iradokitzen zuena baino grabeagoa. Begirada pittin bat estrabikoa. Soinekoak estu, kanonak eskatzen duena baino haragi oparoagoek edertasuna azpimarratzen ziotela. Hori guztia eta gehiago ikusten zuen Odile Moresek Sophie Clementengan. Baina bazen emozionalki urruntzen zuen zerbait. Bazeukan, jakina, aski adimen sentipenaren jatorria kokatzeko. Kattalin eta bien artean paratu zela, haien arteko harremana zaharragoa zela, areago, hain atzera jo behar zen haien harremanaren jatorrira iristeko, ezen elkarrekin eginak zirela pentsa zitekeen. Hortaz, urrundu ez da hitz zuzena. Emozionalki urrundu baino gehiago, kontua zen hurbilegi jarri zitzaiola Sophie Clement. Eguzkia estaltzen zion. Hitz horiekin pentsatu zuen: eguzkia estaltzen dit. Berehala errieta egin zion bere buruari. Bazitekeen bien artean jartzean hotz sentitzea, baina gehiegizkoa zen eguzkiaren irudia. Bera ez zebilen inolako eguzkiren inguruan jiraka. Alderaketa astronomikoren bat egitekotan Kattalin eta Odile Mores bi izar ziren. Bakoitzaren argia, beroa eta grabitazio indarra aldakorrak. Urruntze-hurbiltze dinamika aldagarria. Ez zeuden momenturik onenean. Larunbaterako, Peter Zuazo Odile Moresekin nola, hala zebilen Odile Mores Sophie Clementekin: xehetasun nardagarriren baten bila. Keinuren bat, harmonia apurtzen duen hitzen bat, usainen bat. Peter Zuazok ez bezala, Odile Moresek alboratu egin zuen gorputzean ñabardura desatseginen bat bilatzea (azalaren tolestura nardagarri bat, enor bat belarrian, ile gehiegi edo gutxiegi, lekuaren arabera). Izan ere, estrategia bertsua erabili arren, ez zetozen bat helburuetan.

 

 

Abenduaren hamazazpigarrena egun hotza izan zen. Jendea, joan ziren gehienak, nahiko garaiz iritsi ziren Muelle 4ra. Une berean hasi zen meza San Nikolaseko elizan. Horren zain zeuden Joseba eta bere troupe-a. Aldez aurretik zehaztasun prusiarrez landutako estrategiari jarraituz, han-hemen sakabanatuta zeuden zazpietako kanpai hotsen zain. Zenbat ziren ez da sekula jakin. Mezetara deitzen zuten kanpai hotsak amaitu orduko barruan ziren operazioan parte hartu zutenetatik bost, pentsatzekoa da-eta izango zirela beste batzuk zaintza lanak egiten. Atzeko aldean jesarri ziren, batean eta bestean sakabanatuta orduan ere. Espero baino jende gehiago aurkitu zuten elizan. Beren informazio zerbitzuek aurreikusitakoa baino dezente gehiago. Zerbaitek ihes egin digu, pentsatu zuen Josebak aurreko asteetan egindako landa-lana birpasatzean. Informazio bilketan ihes egin ziena ez zen abenduaren hamazazpia, besteak beste, Lazaro Deunaren eguna zela. Hori bazekiten. Ez, ordea, Lazaro Deunaren Kofradia izeneko zerbait zegoela Bilbon. Nekez jakin zezaketen halakorik. Normala den moduan, Lazaro Deunaren egunean meza izaten zuten kofradiakoek. Normala baita ere San Nikolasen egitea, saindu berpiztuaren irudia baitago bertan. Kontua da ehun kristautik gora izango zirela meza jarraitzen. Adinean oso aurrera egindakoak ziren ia denak eta, adin-piramideari dagokion bezala, bi herenak emakumeak. Kamarada Horiaren ondoan jesarrita zegoen Joseba. Joseba bera Kamarada Beltza zen. Koloreen izenak hartu zituzten ekintzarako. Reservoir dogs filmean bezala. Hori bai, jaun barik kamarada deitzen zioten elkarri: Kamarada Horia, Kamarada Beltza, Kamarada Arrosa, Kamarada Gorria eta Kamarada Fuksia.

      Kamarada Horia, aktorea izaki, koreografiaz arduratu zen. Meza hasi eta bost minutura Joseba aldarerantz abiatu zen. Gainontzeko kamaradak, berokiak eta jakak erantzita, buzo urdinak soinean geratu ziren. Denek, Josebak barne, pantera beltzen garaikoak ziruditen betaurreko beltz handiak zeramatzaten. Kamarada Fuksia ondoan zeukan kirol-poltsa handia irekitzen hasi zen, Joseba, apaizak aldare nagusitik bere jarioa eten gabe baina zeharo harrituta begiratzen zion bitartean, aldare ondoko mikrofonora iritsi zenean. Utzi zuen eskuan zeraman irrati-kasete mardula aldare gainean eta, patxada handiz, erantzi zuen berokia. Gainontzeko kamaradak bezala, buzo urdina soinean geratu zen. Ordurako mutu zen apaiza. Zehatz esateko, vintage batetik ateratako irrati-kasete hura aldarean ikusi zuenean mututu zen. Eliztarrak urduritzen hasi ziren. Josebak, patxada galdu gabe, xingola beltzez burua inguratu eta atzean lotzeari ekin zion. Keinu soil hau izan zen, ziurrenik, eliztarrak gehien ikaratu zituena. Gehienak paralizatuta utzi zituen, erreakzio gaitasuna erabat ezabatuta. Play sakatu zuen irrati-kasetean. Salve Regina-ren lehen notak entzun ziren. La Pollaren bertsioan. Kamarada Morea aurrean zela, formazioan egin zuten aurrera lau ekintzaileek elizaren erditik, Kamarada Fuksiaren poltsan eramandako fusil itxurako arma luzeak bizkarrean. Formazioan, baina doinuarekin bat zetorren dantza soil bat dantzatuz. Aldare aurrera iritsi zenean, bertikaletik horizontalera igaro zen formazioa airoski.

      — Kamaradak! Teeente! —oihu egin zuen mikrofonotik Kamarada Beltzak—. Apuuuunta! Tiro!

      Jaurtigai batek paparrean eman zion apaizari. Gorritu zitzaion meza-jantzi zuria. Beste jaurtigaiak aldare atzeko erretaula barroko-rococoan galdu ziren. Lehenengo garrasiak entzun ziren elizan. Paralisia bat-batean desagertu eta mugitzen hasi ziren. Ordenarik gabeko mugimenduak, tentsioari irtenbidea ematekoak. Dardarak, aitarenak, pauso bi hara eta bat hona. Bakarren batek apaizarengana hurbiltzeko imintzioa egin zuen. Bazen sakelako telefonoa atera zuenik ere. Pentsatzekoa da hauetariko norbaitek 112ra deituko zuela. Kamarada Beltzak irrati-kasetearen bolumena goraino igo zuen. Formazioak, berriro bertikala osatuta, ate nagusirantz egin zuen. Irten baino lehen, buruko xingolak kendu eta jakak jantzi zituzten. Behin kalean, metrorako bidea hartu zuten denek, bakoitzak bere aldetik. Josebak azken begirada egin zion elizako ateari. Ez zen eliztar bat ere irten.

 

 

Zazpietan mahai borobil txiki baten inguruan jesarri ziren Odile Mores eta Sophie Clement. Antigoaleko ispilu handi bat zuten atzean, halako moldez non hizlariei begira jarri ziren ia guztien isla hartzen baitzuen. Publikoak osatzen zuen multzoan ez zegoen ilararik, lerrorik ikustea ere zaila zen. Edonola ere hizlariei begira zeuden. Jendeak aulkiak okupatu zituen, batzuek, hobeto ikusteko edo entzuteko, egoki iruditu zitzaien lekura eramanez. Mostradorean gizon bat baino ez zen geratu. Ardo kopa eskuan, mostradoretik jarraitu zituen jardunaldi guztiak, hiru egunetan. Odile Mores hitz egiten hastera zihoala sartu zen Zuazo, inork ez ezagutzeko molde hartan. Atzean eseri zen, ispiluak hartzen zuen eremutik kanpo. Ondoan, hobeto esanda hurbilen, emakume bat zeukan, premiarik gabe, ez baitzuen inolako trabarik egiten, behean utzia zeukan poltsa altzora eraman zuena. Beste testuinguru batean, esate baterako Zuazo nabarmen herren ez balebil, lapurtuko zion susmoak eragindako mugimendutzat hartuko zena. Hogeita hamaika lagun zeuden publikoan, Aretxabaletak egindako zenbaketaren arabera. Denak han-hemen jesarrita, lehen aipatutako mostradoreko gizon-esfingea izan ezik. Aurrean Aretxabaleta, Kattalin eta Roman zeuden, hizlariengandik hiru metrora-edo. Lizaso, Agustin Abaroa eta Aitor Kondia multzoaren erdi inguruan kokatu ziren. Jardunaldietan Aretxabaletak egindako landa-lanak jasotzen zuen lehenengo egunean hogeita hamar urtetik beherako bi pertsona (biak neskak eta bat koaderno batean idatzi eta idatzi), hogeita hamar eta berrogei arteko bost eta gainontzekoak berrogeitik gorakoak zirela. Hurrengo egunetan adin piramidea ez zen asko aldatu.

      — Duela hilabete batzuk taberna batean bost lagun elkartu ginen —hitz hauekin eman zion hasiera topaketari Odile Moresek—. Kasualitateak elkartu gintuen. Ez genuen aurretiaz bostok elkar ezagutzen. Tabernetan gertatzen diren enkontru horiek, badakizue. Kontua da, lagunetako batek kontatutako aspaldiko gertaera batek egokitasunaz eta desegokitasunaz eztabaidatzera eraman gintuela. Eztabaida harekin jarraitzeko gaude hemen. Ez gara, elkartekoez ari naiz, denok ezertan ados jarri.

      Xopénen San Nikolaseko ekintza kontatuz jarraitu zuen. Eta bikain egin zuen gainera. Dena esatera, amaierako zatia ez zioten bertaratutako guztiek oso ondo entzun, hain zen handia kanpotik zetorren sirena hotsa. Unetxo batez, ertzain eta anbulantziak Erriberatik igarotzean, Odile Moresek eten egin zuen bere kontaketa. Sirena hotsa urruntzen hasi zenean ekin zion berriro. Romanek baino ez zuen jarraitu 112aren sinfonia. Bera izan ezik, jendea hizlariari adi zegoen berriro. Publikoaren irriak hauspoa eman zion pare bat aldiz. Elkartekoak harrituta zeuden, Kattalin gehien, inork ez baitzekien Odile Moresen kontalari dohainak orduan erakutsi zueneraino iristen zirenik. Irratian zebilenean, esate baterako, ez zen sekula mikro aurrean aritu, hizlari senik ez omen zeukalako. Hori esaten zuen berak. Peter Zuazok bere inkognito lana ahaztu zuen ia-ia, halako moldez non, kontakizunak aurrera egin ahala, erekzio airos bat izan zuen. Mostradorean ukalondoa bermatuta zeukan Esfingearen (ikusiko den legez, merezi du letra larriz jartzea) mugimendu ezdeus batek, ukalondoa mostradoretik kendu eta ardo zurrutada bat hartu zuen, Peter Zuazoren arreta erakarri zuen, gizona txikiagoa izan balitz gertatuko ez zena hainbatetan. Horrek aldendu zuen Peter Zuazo hizlariaren xarmatik.

      Lehenengo eguneko onena Odile Moresen hitzaldia izan zen. Sophie Clementena, nahiz eta gertaera edo istorio bitxiren bat tartekatu, literaturara edo zinera joan-etorriren bat eginagatik ere, didaktikoa izan zen. Horixe adierazi zuen Josebak, zeina doi-doi iritsi zen frantziarraren hitzaldia entzuteko. Metro geltokian osteratxo bat eginda, berehala irten zen Muelle 4ra abiatzeko. 112 erreskate komitiba Erriberatik pasatzean, bera itsasadarraren beste aldean zegoen jada. Eta, esan bezala, Sophie Clementen hitzaldia entzun ahal izan zuen aretoaren atzeko aldetik. Horixe adierazi zuen, amaitu ostean, Josebak, Kattalinek eta Aretxabaletak biziki defendatu zuten bitartean. Pancho Rodriguezek poema batzuk errezitatu zituen bideokonferentzia bitartez. Jarraian, bertaratuetako batzuek galderak egin zizkieten Odile Moresi eta Sophie Clementi. Bakarren batek iritzia ere eman zuen desegokitasunaren inguruan. Peter Zuazo inoren arretarik bereganatu gabe handik nola irten pentsatzen ari zen lehenengo galdera entzun orduko. Altxatu zenean aterako bidea hartzeko, mostradorean segitzen zuen Esfingeak baino ez zuen burua jiratu. Gainontzekoek Sophie Clementen jarioan zeukaten jarrita arreta osoa. Ondoan izan zuen emakumeak berriro utzi zuen poltsa lurrean.

      Etxera heldutakoan bi gauza egin zituen Peter Zuazok. Lehenengoa mozorroa kendu, guztiz ezinezkoa zuen arren. Bigarrena, aurreko egun batean sarean aurkitutako puta bati deitu txanda hartzeko biharamun gaueko hamarretarako. Ilea garbitu zuen. Ez zen bere ohiko ilajea, hura baino dexente luzeagoa baizik, baina, nahiz eta oraindik bizardun izan, bi eskuez sudurretik beherakoa estalita, ispiluaren beste aldean zegoena Peter Zuazo zen. Asko lasaitu zuen honek.

 

 

Gehienek, Desegokituen Elkartekoez ari naiz, biharamun goizean izan zuten San Nikolaseko ekintzaren berri. Denek egin zituzten egin beharreko loturak eta, behin hori egin eta gero, batzuk beste batzuk baino gehiago, denak jarri ziren urduri. Probintziako egunkariak lehen orrialdera eraman zuen («Intoleranteek bortizki egin diote eraso Elizari») eta hori nahikoa da gertakaria eguneko agendan sartzeko. Ikus-entzunezkoetan bolo-bolo ibili zen egunean zehar. Kalte materialez gain, kalte pertsonalak ere aipatzen ziren. Apaizak paintballkada bat jaso zuen bularrean eta Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten. Ez zen bakarra izan. Takikardiak eta arnasa hartzeko eragozpenak medio hiru eliztar ere eraman zituzten erietxe berera. Beste hainbat bertan artatu zituzten inguratu ziren anbulantzietan. Gaitzespena izan zen hitz erabiliena. Bilboko gotzainak, alkateak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Lazaro Deunaren Kofradiak, Bizkai Buru Batzarrak, Alderdi Popularrak eta sozialistak. Zerrenda luzea. Sare sozialetan aipatu zerrendako gaitzespenak tonu gordinagoa hartzen zuen. Baina, horrez gain, ekintza ospatzen zuten mezuak zebiltzan hara eta hona. Horrelakoetan gertatzen den moduan, irudi arras sarkastikoak eta blasfemoak tartean.

      Gaitzespen eta gorespen zurrunbiloa biziki areagotu zen biharamunean. Izan ere, kamaradek beste ekintza bat egin zuten. Ez, lehenengoa bezala, topaketen bigarren jardunaldiaren hasiera orduan, goizean baizik. Bederatzietako meza amaitu ostean sartu ziren kamaradak Begoñako basilikan. Eliztar bakan batzuk geratzen ziren bertan, mezari labur edo urri iritzita nonbait. Bezperan bezala jantzita sartu ziren, aurpegia zertxobait mozorrotuago: bizar bat edo beste, pelukaren bat, xehetasun txikiak baina garrantzitsuak. Izan ere, irudizko konstantziarik ez egotea zen San Nikolaseko ekintzaren alde harrigarriena. Hala nabarmendu zuen probintziako egunkariak ere. Gezurra dirudi XXI. mendearen bigarren hamarkadan. Eliztar bakar bat ere ez zen ausartu (kasu batzuetan akordatu) sakelakoa atera eta gaizkileen irudirik hartzera. Kamarada Beltzak, bezperan erabilitako irrati-kasetea eskuan, ate nagusitik aldarera igotzeko mailetara dauden hogeita hemeretzi pausoak egin zituen. Irrati-kasetea lehenbiziko mailan paratu eta play sakatu zuen. Kalejira baten doinua entzun zen, txistulari banda batek airoski emana. Besoak gurutzatuta eta zangoak zabalik tente jarri zen Kamarada Beltza erdiko pasabideari begira. Biribilketa bat dantzatuz zihoazkion gainontzeko kamaradak pasabide nagusitik, bizkarrean kirten luzedun mailuak zituztela. Haietako bi, Fuksia eta Gorria kamaradak uste dut, Begoñako Amaren irudia zegoen lekuraino igo ziren. Ez kosta barik. Behin goian, lehenengo mailukadak moztu zion burua, zeina, lurra hartzerakoan, mila puskatan zabaldu zen aldarearen oinetan. Beste lauzpabost kolpek izena ere birrindu zioten Bizkaiko zaindariari. Kalejira doinuak bazterrak alaitzen jarraitzen zuen. Eta sartu ziren moldean irten ziren kamaradak, doinu hura dantzatuz mailuak bizkarrean hartuta.

 

 

Bigarren eguneko jardunaldia Aretxabaletak hasi zuen, Vladimir Axularri utziz ohorezko txanda. Peter Zuazo, bezperan bezala, ekitaldia hasi berritan iritsi eta jesarleku berberean eseri zen. Bezperako emakumearen ondoan, zeinak, Zuazok bere lekua hartu baino lehenagotik zeukan poltsa altzoan. Esfingea mostradorean zegoen ardo kopa eskuan. Lehen hitzak San Nikolaseko eta Begoñako ekintzaileentzat izan zituen.

      — Hemen desegokitasunaz esan dena eta esango dena baino askoz argiago mintzatu dira azken orduetan kamarada koloretsu horiek. Gu ustezko adituak, haiek, zalantzarik gabe, arituak.

      Aurrean zeukan garagardoz betetako edalontzia altxatu zuen. Atzean zutik zegoen Josebari begira. Esfingeak ere bere ardo kopa altxatu zuen, eskuetan edariren bat zeukaten gehienek egin zuten moduan. Hamabost orduko aldearekin San Nikolasen eta Begoñan gertatutakoak hitzetik hortzera zebiltzan ordurako. Hedabideen jardunak ere izango zuen horretan zerikusirik. Kamaradak nagusitu zen ekintzaileak izendatzeko erabili ziren izen eta adjektibo andanaren artean. Atzerakoienek, beti gaitzespen gogorrena adierazi ondoren, zigorrik gogorrena eskatzen ziharduten. Probintziako egunkariak, hainbat legelari ospetsuren iritziak jaso ondoren, kamaradek talde terrorista bat osatzen zutela ondorioztatzen zuen bi orrialdetako erreportaje juridikoa atera zuen. Pertsona eta ondasunen aurkako atentatuak, bahiketa, erailketa saiakera, arma bilketa eta garraioa. Gaizkileak atxilotu eta justiziaren aurrean jarriko zituela agindu zuen Segurtasun sailburuak. Halaber, antzekorik gerta ez zedin hartuak zituztela neurriak. Bilboko Gotzaindegiak, berehala, berari dagozkion hainbat neurri hartuko zituela iragarri zuen, gisa honetako terroristen helburu izan zitezkeen elizetan segurtasun kamerak eta desfibrilagailuak paratzea, besteak beste. Iraina kitatzeko meza berezi bat egingo zutela ere eman zuen jakitera. Abenduaren hogeian izango zen Begoñan.

      Sophie Clementena baino hobea izan zen Aretxabaletaren hitzaldia. Une batzuetan didaktikoa izanagatik ere, naturalagoa zirudien, nolabait esateko. Ausaz, Frantziatik trenez etorritako emakumea baino gutxiago saiatu zelako naturala izaten. Hura baino hobea bai, baina horixe: hura baino hobea. Sophie Clementek sasoi eta lekuen araberako jende-talde ezberdinetan (geruza, eremu, klase, genero eta antzeko kontzeptuak egoki zehaztuz) zer zen egoki eta zer desegoki argitu ondoren, desegokitasun aurrerakoiaren gorazarre sotila egin zuen, askatasunean aurrera egiteko jarrera desegokien aldeko aldarria. Aretxabaletak ere aipatu zituen klasea eta generoa. Horrez gain, mahaian egoteko modua, futuristen eta infrarrealisten sabotaje batzuk, familia, justizia, museoak, erlijioak eta abar. Aretxabaletak amaitu zuenean, Peter Zuazo zalantzan zegoen idazle gazteari entzuten geratu ala alde egin. Han geratu zen.

      Vladimir Axular hizlarien mahaian jesarri zen Odile Moresekin. Honek aurkezpen lanak bete zituen. Ez zuen titulurik edo kide zen elkarterik aipatu. Bere literatur lana baino ez, ia dena poesia. Gonbita jaso orduko baietza eman zuela esanez hasi zen idazle gaztea. Nahiz eta ez zuen bat ere ulertu jardunaldien gaia. Are gutxiago zergatia. Bere gaztekeriari egotzi zion gonbita onartzean erakutsitako inozotasuna. Izan ere, aitortu zuen egunak aurrera joan ahala eta artean antzik hartu gabe jardunaldien nondik norakoari, Apokalipsiaren Behorren edo futuristen jokabide desegokiak gogoratu zituela eta, horren harira, zalantza egin zuela ez ote zen hobe izango gonbita onartu ez eta ekintza desegoki bat egin jardunaldietan. Zalantza horrekin segitzen zuela mahai hartan eserita. Zalantza xehatzen hasi orduko, eskua altxatu zuen mostradorean zegoen Esfingeak. Ikusita mahaikoek ez ziotela jaramonik egiten, batera eta bestera astindu zuen eskua. Mahaikoek ikusi zutenean, txanda eman ziezaioten itxaron gabe, hitza hartu zuen.

      — Zalantzaz ari zarela eta futurismoa aipatu duzula, nik ere badut zalantza bat. Alegia, zure izen hori, Vladimir, Maiakovskiren edo Leninen omenez daramazu? Eskerrik asko.

      — ...edo Nabokov edo Putin... —ahots batek atzetik.

      — Lehenengo eta behin —ekin zion hizlariak— argitu behar dut ponteko izena dela. Esateko modu bat da, ni ez baininduten bataioaren sakramentuaz zikindu. Gurasoak komunistak dira. Pentsatu beharko da jaio nintzenean oso gora etorri zirela eta ez zutela nire bizitzan, haurtzaroan batik bat, izenak ekar ziezazkidakeen arazoetan erreparatu. Laburbilduz, gurasoek Leninen omenez jarri zidaten. Nik, komenientzien arabera, hau edo beste aipatzen dut. Azkenekoz galdetu zidatenean aitak Vladimir Maslatxenko atezainaren ohoretan jarri zidala erantzun nuen.

      — Eta komenientzia horiek eraman zaituzte inoiz Nabokoven omenez jarri zizutela esatera? —galdetu zuen mostradoretik Esfingeak.

      — Ez —erantzun zion lehor Vladimir Axularrek.

      — Ligatzeko ere ez? —tematu zen Esfingea.

      — Ez.

      — Nik erabiliko nuke. Azken galdera bat, ondo irizten badiozu.

      — Bota —onartu zion idazle gazteak.

      — Begiratu batean, 70eko hamarkadan jaio zinela dirudi, hamarkadaren bukaera aldera. Gaur baino desegokiago izango zen orduan Vladimir izena zenbait eremutan. Izenetik beretik hasita, desegokitua zarela esango zenuke? Eskerrik asko —azken hitza ebakitzearekin batera ardo kopa altxatu zuen hizlariengana zuzenduz topa egiteko moldean. Gustura zirudien Esfingeak.

      — Batzuetan.

      Vladimir Axularrek ez zuen guztiz hasierako tonua berreskuratu. Hala ere airos atera zen atakatik, batez ere amaieran Xopénen omenez errezitatu zuen poemari esker.

 

 

Romani, Begoñako ekintzaren berri izandakoan, nabarmen hazi zitzaion bezperako ekintzak eragindako ezinegona. Topaketaren bigarren saiora joan ala ez joan zalantzan zebilen. Ez zuen joan nahi, jakina. Ziur zen ordurako ertzainek arrastoren bat aurkitu eta norabide egokian zeramatela ikerketa. Ez zuten denbora asko beharko eraso haiek eta Desegokituen Elkartea lotzeko. Muelle 4ra joango ziren seguruenik. Zakurflauta madarikatua! Eta ni hauen artean endredatuta, kauendios! Gainera neuk jarri omen dut helburua. Eta hau guztia zertarako? Kattalinekin larrua jotzeko!? Paranoiaren gurpilean jira eta bira, Ertzaintzaren razzia irudikatzen zuen, Segurtasun sailburua hedabideen aurrean bere izena ahoskatzen ekintza haien eragile intelektualtzat. Ez zen ezinegona nabaritu zuen bakarra. Neurri batean edo bestean Desegokituen Elkarteko kide guztiek sentitu zuten. Balorazioak balorazio, denak bat zetozen kontu honetan: inork ez zuen nahi kamaraden beste ekintza bat. Beraiek baino ez zekiten ekintza haien sortzailea, kamaraden sortzailea, elkarteko kide bat zela. Hala ere, eta ikusita nola jarri zen giro mediatikoa, edozein momentutan lot zezakeen baten batek Desegokituen Elkartea kamaradekin. Horrela poliziak edukiko zuen non jo.