Lagun eta etsaientzako bazka
Neskek ez zuten asmatu Romani buruz eginiko pronostikoa. Kattalinek ziur honezkero zubian bezala dagoela berriro iragarri zuenean ez zuen asmatu. Zaila da zubian baino hobeto ala okerrago zegoen jakitea, baina ziurra da beste egoera batean zegoela.
Martzanatik alde egindakoan, ezagutu berri haiengandik banatu zenean eta bakarkako bidea hartu, bidea hartu eta hamar minutura zehatz-mehatz, bi sentsazio izan zituen, biak batera, nahiz eta bata bestearen ondorio izan zitekeen. Txakolinaren lurrun masa mehetzen ari zitzaion burmuinean. Aldi berean, adorea deseginez zihoakion abiadura bizian. Sentsazio horietaz jabetzearekin batera konturatu zen etxerako bidea hartu zuela. Nabarmen egin zuen behera adoreak, geratzen zitzaion apurrak. Etxeaz pentsatze hutsa harlauza bat zen bizkar gainean, zangoak indar gabe sentiarazten zion zama. Birritan pentsatu gabe sartu zen une hartan berean ondoan zeukan supermerkatuan. Zuzen esateko, buruak barik urdailak pentsatuta. Romanek ez zekien burmuinak ekoizten dituen moduko neuronak eta hormonak ekoizten dituela urdailak. Baleki ere ez zen horretaz pentsatzen hasiko, ez bederen buruaz pentsatzen. Erraiek gaina hartua zioten burmuinari. Haien aginduetara, edarien sailera jo zuen. Zabala zen aukera. Bere ezagutza, edari kontuetan, alderantziz proportzionala. Ardoen apaletatik hasi zen. Afariren batean egokitu zitzaion berari ardoa aukeratu behar izana. Bazekien zuzenean ardo jakin bat eskatzea zela egokiena, ezagutza eta ziurtasuna adierazten duelako. Ezagutza eta ziurtasuna erakutsi behar ziren zerbitzariari entzundako eskaintzatik aukeratzerakoan ere. Horretarako aski zen hiruzpalau izen jakitea. Bakoitzaren koloreaz, zaporeaz eta lurrinaz zerbait esateko gauza izatea ere ez dago soberan. Egokitu zitzaionetan, laneko bazkariren batean edo bikoteen arteko afariren batean, bere savoir faire-a erakutsi zuen. Emaztearekin jatetxeren batera joanez gero, aspaldi gertatzen ez zena, Edurnek aukeratzen zuen ardoa. Kontu hauek gogoan, ulertzekoa da ardoen saila utzi eta likoreenera joatea. Whiskiak eta ronak zituen aurrean eta hauek bazuten abantaila bat ardoekiko: ez zioten emazte ohia gogoratzen. Kontatzeko behar den denbora baino gutxiago erabili zuen botila bat hartu eta kutxarantz abiatzeko.
Supermerkatutik etxerako bidea ez zuen hain abailduta egin. Bizkar gaineko zama pittin bat arindua sentitzen zuen, zangoetan indar apur bat. Ez zen zurrutaria. Edale moderatua zela esan beharko genuke. Agian aski litzateke moderatua zela esatea. Mozkortzeko delibero irmoa hartua zuen etxeko atarian sartu zenean. Igogailuaren zain zegoela botila ireki zuen plastikozko zorrotik atera gabe. Igogailuan eman zion lehenengo zurrutada. Oparoa. Seigarren solairuan geratu zenean, burmuinean zeukan alkohol lurrin masa atarian zeukana baino dexente dentsoagoa zen. Adorea, ordea, ez zen ageri. Pisuko atea barrutik itxi, begiratu bat egin ingurura eta bigarren zurrutada egin, dena izan zen bat.
Lehenbiziko helburua beteta: edanda zegoen. Adoreak zertxobait gora egin zuen. Ezagutu berriak gogoratu zituen, gizonak bereziki. Galtzaileak, pentsatu zuen. Antigoaleko ezkertiar setati bat, bere porrota gizarteari egotziz, jendartea, eraldatzeko itxurak egiten dituena eta, zer esan gazteari buruz, zakurflauta bat, horixe, zakurflauta bat. Jesarrita zegoen sofatik ingurua begiratu zuen, ehun eta laurogei graduko begirada panoramikoa. Hirurogei metro koadroko egongela. Garaile batena, pentsatu zuen. Aretxabaletak eta Josebak ez zuten bere arreta merezi. Odile Mores eta Kattalin beste upel batekoak ziren. Ez zekien ziur zeinetakoa, baina haiekiko ez zuen sentitzen gizon ezagutu berriekiko sentitzen zuen mespretxua. Odile Mores gaztetan ezagutu zuen eta, orduan ezagututako jende asko bezala, ez zuen urte mordo batean ikusi, ezta bere berririk izan ere. Mundu ezberdinetan bizi izan ziren seinale. Ezezagun zuen, baina lausoki partekatutako iragan bat zuten behintzat. Aitortu behar zuen, gainera, urteek ez ziotela kalte handirik egin. Ederrago ikusi zuen larunbat hartan, iragan urrun hartan baino ederrago. Gaztetan herrenak ez zion edertasuna gutxitzen eta orain edertasunaren osagai zen. Hori pentsatu zuen Romanek botilaren edukia erdian utzi zuen zurrutada ematerakoan. Erakarri, baina, Kattalinek egin zuen. Ahotsak limurtu zuela, pentsatu nahi zuen, gero begiradak. Hortik aurrera, ipurdia belaunak eskuak titiak ilea, dena zen ezin ederrago. Hori pentsatu nahi zuen eta horrela adierazi zion bere buruari. Bakoitzak nahi duena ahal duen bezala adierazten dio bere buruari. Nahiz eta, beharbada, adierazitakoa ez den esan nahi ziona.
Emakumeek salbatzen zuten ezusteko bilkura hura. Emakumeek eta alkoholak. Beste zurrutada bat. Emakumeak, gainera, ez ziren galtzaileak zakurflauta eta iraultzaile zaharkitua bezala. Garaileak ere ez. Emakumeak ziren. Bere buruari halakorik esaten ez zion arren, emakumeek Romanentzat ez ziharduten bizitzaren lehian. Urrunago joan beharrik gabe, bere emazte ohi berria HFD Bilbao Consultingeko kudeatzailea eta akzioen ehuneko hamalauaren jabe izanagatik ez zen garaile bat. Pisua erdibana erosi zuten. Kattalin jarri nahi zuen burmuinaren erdian, besteak uxatu. Ez zuen ulertzen nola agertzen zitzaizkion Martzanako guztiak berak Kattalin baino ez zuenean nahi buruan, harekin amets egiteko. Begiak itxi zituen. Kattalin zetorkion, astiro, belaunak eta izterren aurrerapen oparoa bistan uzten zituen gona beltzez eta blusa garden batekin jantzita. Gainean esertzen zitzaion. Begiak indar handiagoz itxi eta eskua hankartera eraman zuen. Igurtzi zuen, xuabe. Zakilak ez zuen erantzuten. Ez zegoen bere berririk. Kattalinekiko fantasia ondo eraiki arren, une hartan besteak uxatzea lortuagatik ere, odola noraezean zebilkion, joan behar zuen tokira joan gabe. Ahaleginak ahalegin, etsi egin behar izan zuen. Berriro agertu zitzaizkion galtzaileak. Beste zurrutada bat. Botilaren hiru laurdenak transferituak zituen barrenera. Berehala lo geratzeko esperantza eta xedea zituen. Berehala lo. Mundutik aldendu, mundua berarengandik aldendu zen bezala.
Lo gutxi egin zuen. Gutxi eta txarto. Bere buruari lo egiteko agindua eman zionean, honi, erantzuntzat, dena biraka jartzea baino ez zitzaion otu. Oka egin zuen bortizki salan bertan. Etzan aurretik logelan zeukaten bainugelan sartu zen. Konbultsioak bakanduta eta intentsitatea jaitsita, konketan garbitu zuen aurpegia. Ispiluan begi gorriak malkotan eta aurpegi zurbila ikusi zituen. Aupa, garaile, esan zion. Ohean etzan zenean oso urrun zegoen loa hartzetik, baina logela behintzat ez zebilen bere inguruan jiraka. Eskua hankartera eraman zuen berriro, Kattalin gogoan. Burmuina eta zakilaren artean ez zen inolako komunikaziorik sumatzen. Hartu zuen loak azkenean. Hala ere, ez zuen ordubete baino loaldi luzeagoa egin.
Puxikak prostataren aurrean etsi arte jarraitu zuen ohean. Kaltetuta oso jaiki zen goizeko zortzietan. Hozkailuko atea ireki zuen eta berehala itxi. Galdetuz gero zer zegoen barruan ez zukeen alerik ere jakingo. Dutxara joatea erabaki zuen. Bidean, ordea, konketan pasaratxo bat egitea aski izango zela hobetsi zuen. Ezinezkoa gogoratzea noiz irten zen azkenekoz dutxatik pasatu gabe. Laster damutu zen. Sartu zen hurbilen zeukan kafetegian eta mostradorearen beste aldeko paretan zegoen ispiluan bere burua ikustean damutu zen dutxatu ez izanaz. Kafesnea eta gurinezko opila ekarri zion kamareroak ezagutzen zuen, maiz izaten zuelako bezero; ez aparteko elkarrizketarik inoiz izan zutelako. Kortesiazko lau hitzetatik harago, deus ez. Zerbitzariak beti agurtzen zuen zer moduz batekin. Goiz hartan ez. Profesionala inondik ere.
Gorroto zuen emaztea, ohia. Utzi zuelako, horrela utzi zuelako. Zergatik joan ote da Mirenengana, galdetzen zion bere buruari. Mirenengatik utzi ote nau? Ez zekien. Ziur zegoen, hori bai, hala bazen, Edurnek adierazi ziola nolabait eta berak ez zuela mezua harrapatu. Unea iritsiko balitz, ziur Edurnek esango liokeela argi utzi ziola. Baina ez ziola ulertu, seguruenik, ez ziolako jaramon egin, uztera zihoala esaten ari zitzaion une hartan ere ez. Ez zegoela komunikaziorik. Gorroto zuen Miren ere. Bost axola zein motatako harremana izan ohiarekin. Litekeena zen, litekeenago pentsatu zuen, beste gizon batengatik utzi izana. Bai, maitaleren bat izango zuen eta bera jabetu gabe, bera bakarrik, horrelakoetan sarri gertatu ohi den moduan. Horrela, gainera, banatu ostean egindako harremantzat erakutsi nahi izango zion puta halakoak. Ez zekien zer zen okerrago, ohiaren maitalea gizona ala emakumea izatea. Emakumearen hipotesia arraroa begitantzen zitzaion, baina bazekien gerta daitekeena, entzunak zituen horren adibideak. Mirenekin noa, erantzun zion Edurnek nora joango zen galdetu zionean. Mirenekin noa. Ez zuen esan Mirenen etxera edo Mirenengana. Mirenekin. Amarenera joango balitz amarenera esango ziokeen edo amaren etxera, ez amarekin. Bata edo bestea izan, gizon ala emakume, pertsona horrek zerbait erauzi zion eta erauzketak utzitako zulotik gorrotoa, nostalgia eta autoerrukia zerizkion, laba bailitzan. Emakume batengatik uztea lehiakidetzat ez zuen batengatik uztea zen, animalia-erreinuan maila bat beherago zegoen batengatik. Kolpe latza. Gizona lehiakidea zen, baina ez zuen horregatik ohoretsuago sentitzen porrota. Berea ez zen zakil bat ibiliko baitzen Edurneren zuloetan barna.
Dena dela, guztiz behera etorrita aitortu zion hori bere buruari, opila kafesnetan bustita eskuan zintzilik zeukala. Nahiago zuen lehengo egoera, Edurnerekin bizitzea. Beharbada ez zegoen maitalerik, dena bere burutazio hutsa zen, eldarnioa. Lasaitasun moduko bat sentitu zuen lipar batez. Lehen baino beherago erortzeko jarraian, trantsiziorik gabe. Izan ere, pentsatu zuen opilaren zati bustia mahaira jaustean, bikotekidea bikotetik ihes egitera daraman indarra oso-osorik barrutik kanporakoa bada, kanpoan erakartzen duen inolako polorik ez badago, orduan, hori hekatonbea da. Askoz hobeto zegoen Edurnerekin. Bai, onartu behar da elkarbizitza arrunkeriara joana zela aspaldi. Baina bera horren aldeko zen. Eta dena, Edurnek alde egitea, abisu bat baino ez bazen? Emazteak igorritako mezua, berak ere bikotea salbatze aldera behin betikoz zerbait egin zezan bidalitakoa zen. Deitzea izango zen onena.
Abisua baino ez da izan, ultimatum bat erreakziona dezadan, deitu egingo diot. Hitz hauek errepikatuz egin zuen etxerako bidea. Salako telefonoa hartu eta sofan eseri zenean, bat-batean galdu zuen mantrak emandako indarra. Barka ezazu, Edurne, behar dena egiteko prest nago gureak aurrera egin dezan. Maite zaitut. Arrotz egiten zitzaizkion hitzak izan arren, horrelako zerbaitekin hastea pentsatu zuen. Telefonoan zenbakiak markatu ahala bihotz taupadak kontrolik gabe bizkortu zitzaizkion. Bederatzi izan beharrean dozena bat izan balira markatu beharrekoak, bihotza ahotik aterako zitzaiokeen. Bederatzigarrena sakatu orduko, nor duzu maitale, putatzar horrek, Miren, nor, zoaz popatik hartzera, eta gisa honetakoak zituen mihian. Edurnek ez zuen telefonoa hartu. Ez zuelako nahi, ez zuelako entzun.
Ingurua begiratu zuen, ehun eta laurogei graduko begirada panoramikoa. Hirurogei metro karratuko egongela. Garaile batena, pentsatu zuen. Bart bezala. Bart ez bezala, ingurua ez zitzaion jiraka hasi. Geldi zegoen dena. Aurrean zeukan kristalezko mahai baxua. Larruzko besaulkia, zutikako lanpara. Dena geldi. Ohikoa baino geldiago. Harago intxaur-zurezko mahaia bere zortzi aulkiekin. Ez ziren sekula zortzi mahaikide jesarri han. Ez zuen, behintzat, gogoratzen. Pareta nagusian Lazkanoren lan bat. Edurnek aukeratutakoa. Objektu txikiagoei erreparatuta ere, dena emazteak, ohiak, aukeratua zela jabetu zen. Saiatu zen berak ekarritako zerbait aurkitzen, oroigarri txikiren bat, hautsontziren bat... Alferrik. Berak ez zuen inoiz iradoki koadroren bat ekartzea, pitxarren bat, ezta apalategian zeuden argazkietako markoren bat. Akaso libururen bat. Ez zeuden asko, edonola ere. Arte entziklopedia bat, Edurnerena noski, klasikoen bilduma bat, irailean salgai jartzen dituzten horietakoa. Romanek ez zuen irakurtzen. Ez zuen horren beharrik. Probintziako egunkaria irakurrita aski zuen aisetasunez ibiltzeko munduan zehar. Berriro markatu zuen Edurneren zenbakia telefonoan. Pentsatu gabe, aurrez erabaki gabe, atzamarrak bere kasa bailebiltzan. Saiatu zen esan behar ziona gogoratzen. Barka ezazu, Edurne, behar dena egiteko prest nago gureak aurrera egin dezan. Maite zaitut. Nor duzu maitale, putatzar horrek, Miren, nor, zoaz popatik hartzera. Ez zion hartu. Gaur ez dit hartuko, ondorioztatu zuen bere buruarekin errukior. Nola ez, pronostikoa bete egin zen. Hamasei dei galdu lekuko. Behin-betiko utzi izan balu ez zuen horrela jokatuko, deia hartu egingo zuen eta amaitu da esan, amaitu da betiko. Ez hartzeak beste zerbait adierazten zuen. Zalantza agian. Sufriarazi nahi zion pare bat egun, aste bete beharbada. Edo maitalearekin larrua jotzen ari zen. Jo eta jo. Hau guztia pasatzen zitzaion burutik, joan-etorri kaotiko batean.
Sofatik altxatu eta apalategian zeuden argazkiei begira jarri zen. Bakoitza bere markoan, denak diferente izanagatik, markoak alegia, onartu behar zen harmonia bat osatzen zutela. Guztietan bikotea agertzen zen, leku ezberdinetan, egindako bidaietakoak ziren. Londres, Amsterdam, New York, Istanbul, Erroma, Rio, Berlin eta Praga. Zortzi. Ez ziren bikoteak bisitatutako leku guztiak, baina bai etxe hartan, egongelako apalategian lekua merezi zutenak. Parisko argazkirik ez egoteak harritu egin zuen, lehenbizikoz. Baita ordura arte horretaz ez jabetzeak. Lehen aldia zen argazkiei begira jarri zena. Bezperan galdetu izan baliote zein lekutan ateratakoak ziren apalategiko argazkiak ez zuen inolaz ere asmatuko, ez erdiak baino gehiago. Zerbait gertatuko zen Parisen, zerbait Edurne hango argazkirik ez jartzera bultzatu zuena. Ez zuen, edozein modutan, halakorik gogoratzen. Erroman bai. Erroman ez zutela behin ere larrutan egin oroitu zuen. Baina Erromako argazkia han zegoen. Pipertuta ibili ziren hiri sainduan, ez batak ez besteak ez zuela amorerik ematen. Kontu bat haserrearen txingarra bizirik edukitzeko gaitasuna galtzen hasten zenean, batak edo besteak beste bati heltzen zion. Loiuko aireportura iritsi orduko haserretu ziren. Romanek fakturazio ilaran jartzea nahi izan zuen heldutakoan, Edurnek kafetegira joatea eta ilara laburtutakoan abiatzea fakturatzera. Hortik aurrera, arrazoia hau edo beste izan, muturtuta. Arrazoiok aldatuz zihoazen, oihanean tximuak lianak aldatzen dituen bezala bere desplazamenduetan. Hala eta guztiz ere, han zegoen Erromako argazkia. Hantxe bertan txikitzeko bulkada sentitu zuen, hartu ere egin zuen, baina, azken unean argi berdea piztu zitzaion barruan, momentuz dena amaituta ez zegoela jakinarazten ziona. Agian ez, bederen. Garbiena argazkia markotik atera eta txiki-txiki egitea zen. Ez zion lurrera botata txikitzeak eman ziezaiokeen plazera emango, baina efektua antzekoa da eta beste aukeraren bati atea irekitzen zion. Esate baterako, argazkia, nahi izanez gero bortizki, txikitu eta koadro hutsa paratu apalategian. Orduan Edurnek zer gertatu zen argazkiarekin galdetuko zion. Itzuliko balitz, bikotera itzuliko balitz, ziur galdetuko ziola. Banaketaz hitz egitera baino ez balitz itzuliko, zitekeena zen galdetzea, baina orobat, marko hutsaz erreparatuta edo ez, ez galdetzea ere. Potroetan jarri zaidalako kendu dut, erantzungo lioke. Eraman ditzakezu denak, bestela zakarrontzian amaituko dute, gehituko zuen banaketa behin-betikoa izanez gero. Eszena bere irudimenean gertatua izanagatik ere, irudimenean baino ez, lasaitasun puntu bat eskuratzerainoko gorrotoa isurtzea lortu zuen. Barealdi horrek eraman zuen bere buruari galdetzera ea ez zen hobe izango behin-betiko banatzea. Azken batean gorroto bazuen, eta ostegunetik gorroto zuen, zertarako elkarrekin bizi. Zer gal zezakeen eta zer irabaz. Galduko zuen sexua eskura izatea, etxean, bila irten beharrik gabe. Hau guztia, noski, ñabardura ugarirekin, baina sinplifikazioa onartuz gero, horrela zen, ez zuen gauero ohean emaztea izango. Askatasuna izango zuen. Askatasuna zertarako, galdetuko zion berehalakoan bere buruari, zer askatasun. Askatasun hitzak ez zion gauza handirik esaten Romani. Bazekien bere kargura zituen langileak baino askatasun gehiago zituela. Horrela behar zuen, absurdoa litzateke kontrakoa. Alde hori ikaragarria zen lanean eta dezentekoa lanetik kanpo.
Lagunei jakinarazi beharko zien edo, hobeto esanda, inguruari. Banatu egin gara. Utzi egin nau. Segun nori. Horrek min ematen zion, minsorra, sakona. Puta horrek utzi egin nau. Nortzuk dira, ordea, lagunak. Zer dira. Noizean behin elkartzen ziren bikoteak beharbada. Horiei lagunak deitzea gehiegi iruditu zitzaion. Izan ere, berak behintzat ez zuen horko inorekin harreman berezirik, buruz burukorik, nolabait esateko. Talde hori, bestalde, Edurnek eta bere adiskide Isabel eta Karmenek eratu zuten. Gerora Tere eta bere senarra gehitu zitzaizkien. Gizonak, Romanek zekiela behintzat, ez ziren euren artean adiskidetasun lokarririk osatzera iritsi. Bikoteen bilkura zen, halako moldez non ezin zitekeen aurreikus inor bikotekiderik gabe agertzea afari batera. Roman eta Edurne ez ziren banatu ziren lehenak, Isabel izan baitzen banaketen aroa ireki zuena. Hala ere ez zen bikotekiderik gabe enkontru haietara azaldu, senarrarekin joan zen azkenaren eta bikotekide berriarekin joan zen lehenbizikoaren artean ez baitzen bilkurarik izan.
Lanean ez zeukan lagunik. Ulertzekoa enpresa talde bateko giza baliabideen arduraduna izanda. Askoz errazagoa zen, esperientziak erakusten zuen bezala, etsaiak egitea adiskideak baino. Lagunen artean berria zabaltzea mingarria bazen, ez zen gutxiagorako etsaien artean zabaltzea. Bazka gozoa izanik lagun zein etsaientzat eta lagunen artean zor dezakeen plazera horrelako berri batek etsaien artean sor lezakeenaren antzekoa izan, lagun batzuen artean bederen, etsaien artean jotzen du goia gozamenak eta hedatze-uhina biderkatu. Behin berria jakinda lankideen artean (kiderik ez zuen arren, mendekoak eta nagusia baizik), behin banaketarena zabalduta, bada, horri erreferentzia eginez epaituko zituzten bere ekintza guztiak. Muturtuta dabil, banatu berria delako. Onberago agertu nahian dabil, banaketarenak ez diola minik egin erakutsi nahi duelako, gizon zaildua baita, gogorra. Gizona. Diferente hitz egiten dio idazkariari, ligatu nahian bailebilen, banatu berria denez... Urliari egin dion errieta banaketak eragindako amorruagatik egin dio.
Igande oso txarra izan zuen. Adoreak tristurari irabazitako uneak ezdeusak izan ziren. Une horietan Kattalinek hartzen zuen bere gogoa. Adorea baino zertxobait lehenago agertzen zitzaion batzuetan eta ondorenean besteetan. Beti elkarrekin adore une ezdeusa eta bezperan ezagututako emakumea, sekula ere ez bakoitza bere aldetik. Edurneren zenbakia, ordea, zazpi aldiz markatu zuen adoretsu zegoela eta bederatzitan behea jota. Azkeneko sei deiak behea jota. Kostatu zitzaion lokartzea. Denetik egin zuen oheratu eta gero: automobilei buruzko aldizkari bat gainetik begiratu, jaiki eta ura edan, jaiki eta sardina lata bat jan, berriro ura edatera altxatu eta ur botilarekin itzuli ohera, txiza egitera altxatu, emazteaz pentsatu, emazteaz ez pentsatu, eta bulegoko langile batekin fantaseatuz masturbatu.
Astelehenean Edurnerekiko gorrotoak eta bere buruarekiko errukiak bezperako intentsitatean zirauten arren, ez ziharduten full time bere burmuina erasaten. Lanean jarduteko gauza izan zen. Pare bat aldiz sentitu zuen ustezko emazteari deitzeko bulkada. Eutsi zion, ordea. Hobe arratsalde-iluntzean deitzea, lana amaituta. Sakelakoan aurreko egunean hamasei dei egin zizkiola ikusteak lagundu egin zion gerorako uzten. Eguerdian, aitzitik, Edurnek berak deitu zion. Ustezko emaztearen izena pantailan ikustean bihotz taupadak bat-batean azkartu zitzaizkion.
— Bai? —nor zen ez baleki bezala.
— Kaixo Roman —hasi zen Edurne, doinuaz gain bere izena jartzean, elkarrizketa parametro baketsuetan jarri nahi zuela erakutsiz.
— Non zaude? Hitz egin beharko genuke gauzak konpontzeko... Zergatik? Zergatik joan zara?
— Hara, Roman, esan beharrekoa esan nizun. Horretaz berriro hasteak gauzak nahastea baino ez luke ekarriko. Hitzordu bat jartzeko deitzen dizut, ondo datorkizunean, kontu praktikoez hitz egiteko.
— Kontu praktikoez? Zer ostia da hori? Azalpen bat zor didazu. Hogeita bi urte eta gero zergatik erabaki duzun nire bizitza hondatzea gustatuko litzaidake jakitea.
— Kontu praktikoak banaketa nola gauzatu esan nahi du.
— Nik jakin nahi dudan kontua zera da: zergatik utzi nauzun.
— Esan nizun ostegunean. Gauza bera errepika dezaket, modu ezberdinetan gauza bera. Uste dut bide horretatik liskarrera goazela zuzen eta nik ez dut liskarrik nahi.
— Jakina: zuk ez duzu liskarrik nahi. Hogeita bi urte kolpe batez etetea da nahi duzuna, ezer gertatu ez balitz bezala.
— Ez da hori, Roman. Makina bat gauza gertatu da, onak ere bai, baina amaitu da, niretzat amaituta dago.
— Horrela, inolako ahaleginik egin gabe gurea aurrera eramateko.
— Nork dio ez dudala ahaleginik egin? Begira, Roman, banaketaz hitz egiteko geratu behar dugu, nahitaez.
— Ondasunen banaketaz esan nahi duzu. Banaketa hori baino gehiago dela uste dut.
— Bai, ondasunen banaketaz hitz egiteko geratu behar dugu. Bitartean gera zaitezke zeu etxean.
— Eskerrak ematea nahiko duzu.
— Ez.
— Baina zuk zer uste duzu, idiota naizela... Maitale bat daukazu, ezta? Gezurretan ibili zara eta zabiltza. Azalpenen bat zor didazula esan dizudanean horixe nioen: egia entzun nahi nuela, egia osoa.
Nahikoa tonu neutroan ebaki zituen hitzok Romanek, nahiz eta horretarako alimaleko ahalegina egin behar. Izan ere, nekez eusten zion burura zetorkion irain zerrenda botatzeko bulkadari. Aldi berean, erabaki ezinean zebilen egokiena era zibilizatuan mintzatzea ala, barrenak eskatzen zion bezala, zuzenean hitz laidogarrietara pasatzea ote zen. Dena galduta ez bazegoen, berak ez zekiena edo ez zuena jakin nahi, errentagarriagoa litzateke jokamolde zibilizatua. Edurneren erabakia irmoa bazen, ordea, zertarako zibilizatuaren itxurak, erraiek bere izaera basatiena ateratzeko agintzen ziotenean.
— Esan nizun Mirenekin nindoala.
— Mirenekin! Ostia puta! Bere etxean zaude? Beno, berdin zait, baita burdel batean bazaude ere. Mirenengatik utzi nauzu. Joder!
— Ez zaitut Mirenengatik utzi.
— Ez, zera! Mirenekin enroilatu ez bazina edo maitemindu edo burua bere aluan sartu edo... Miren ez bazenu, utziko ninduzun?
— Bai. Dena den, eta inolako azalpenik zor ez dizudan arren, gauza bat argitu behar dizut: nik ez dut Miren.
— Ez. Beste zerbait ez bazenu ez ninduzun utziko.
— Eta hala bada, zer?
— Uste nuena baino putagoa zara.
— Begira, Roman, gure ondasunak nola banatu adostu beharko dugu. Nik horretarako deitu dizut. Gorrotoak itsututa egin nahi badiozu aurre zeregin horri, zeuk ikusi. Baina geratu egin beharko dugu kontu hau adosteko. Zenbat eta lehenago biontzat hobe.
— Nik ez dut presarik.
— Nik ez dut pazientzia infiniturik.
— Mehatxatzen hastea baino ez zaizu falta.
— Honek ez dauka zentzunik. Lasaiago zaudenean, deitu zeuk. Astean zehar ez badidazu deitzen, neuk deituko dizut datorren astelehenean.
Zentzunik ez daukana horrela bukatzea da, emaztea beste emakume batekin edo batek daki norekin joanda, maitalea zuela aitortu gabe. Hau esango ziokeen Romanek ohiari honek eskegi izan ez balu. Baina eskegi egin zuen azken hitza ahoskatu orduko.
Astean zehar batez ere bi gaik okupatu zuten Romanen burua. Edurneri deitu ala ez eta Odile Moresen lagun taldeak hurrengo larunbaterako jarritako hitzordua. Bazekien banaketa adostu beharko zuela ohiarekin, dibortzioa gauzatu. Bazekien adostu ezik, epaileren batek erabakiko zuela. Ildo horretan zihoan Edurne pazientzia infiniturik ez zuela jakinarazi zionean. Hobe zen bien artean adostea. Hala ere, ez zion deituko. Batez ere deiaren zain irudikatzen zuelako ohia. Astelehenean deituko zion, lanera iristearekin batera edo goizago agian, Edurneri aurrea hartzeko. Igande gauerdian deitzeko aukera ere erabili zuen. Hiru helburu beteko zituen horrela: putatzar hori aste osoan deiaren zain edukitzea, umorea ez ziola kendu erakustea eta desorduetan telefonoak jotzeak dakarren sustoa sentiaraztea. Zalantzarik gabe, aukerarik onena zen.
Larunbateko hitzorduaz konplikatuagoa egiten zitzaion erabakiren bat hartzea. Argi zegoen giro hura ez zela berea. Are gutxiago jite susmagarriko jardunaldi batzuk antolatzen ibiltzea antisistema saldo batekin. Aretxabaleta eta Josebaren moduko jendilajeak nazka ematen zion. Baina Kattalin zegoen tartean, baita Odile Mores. Hauekin bilduko litzateke. Beharbada aukeraren bat zeukan Kattalinekin. Ez zekien anarkoak edo komunistak edo antzeko zer edo zer ziren. Edonola ere, ez ziren beste bi tipo haien ezpalekoak, hori agerikoa zen. Odile Mores Sarrikoko ikasle onenen artean zegoen bere garaian. Horrek ez zuen ezer esan nahi gerora hartutako bideez, baina izan zitekeen, Romanek hala nahi luke, edozein enpresatako kudeatzailea, esate baterako. Martzanan izandako berriketaldiari esker, bazekien Kattalin irakaslea zena. Bestelako xehetasunik gabe. Kattalinekin aukerarik ote zegoen esploratzeko une egokia izan zitekeen larunbatekoa Purgatorioan. Google Mapsen begiratu beharko zuen taberna non zegoen jakiteko. Ziur Martzanako giroa zegoela han ere. Ez zen berea.