Postariaren oparia
Ederra litzateke Aretxabaleta ipuina irakurtzen ari zen une berean Begoña Urmaleta ere, esaterako Bakixan, gauza bera egiten aritzea. Magikoa eta misteriotsua litzateke batera irakurtze hori erabatekoa balitz. Lerroz lerro, hitzez hitz, simultaneoa izatea bataren eta bestearen irakurketa, alegia. Ez zen hala izan, nahiz eta Aretxabaletaren irakurketaren unean Begoña Urmaleta Bakixan zegoen. Ez dut esango Postariaren mendekua ahaztuta zeukala Begoña Urmaletak. Bai, ordea, memoriaren zokoren batean amaraunez josia, ipuin-liburu hura bezala. Bere senar ohiaren antzera.
Euskaraz irakurri zuen lehenengo literatur aldizkaria izan zen. Ez da ohikoa postontzian horrelako zerbait oparitzat jasotzea. Ez, bederen, Begoña Urmaletarentzat. Gutunazal batean zetorren, egilearen eskutitz batekin, zeinean, beste kontu batzuen artean, Postariaren mendekua irakurtzea eskatzen zion. Uste baino gutxiago kostata irakurri zuen, hau da, berak aurreikusten zituen hizkuntz zailtasunak uste baino aiseago gainditu zituela. Litekeena da, ordea, euskaraz irakurritako lehena eta azkena izatea. Hizkuntz zailtasunetik harago, euskal literaturarekiko lehenbiziko harreman horrek bere senarraren doilorkeriaz ziharduelako. Bere senarraren emaztea ere aipatzen zuelako. Familiaren hondamendia ekarri ziolako. Pentsa daiteke, agian gehiegizkoa izan arren, euskaraz irakurri zuen lehenengo ipuin horrek euskal literaturarekin etsaitu zuela.
Gutunazal hura jaso eta zazpi hilabetera, hondamendiaren gailurrerian, beste bat jaso zuen. Orduko hartan eskutitzik gabe. Liburu bat baino ez zetorren barruan. Postariaren mendekua izeneko ipuin liburua.
Kontua da Aretxabaletak irakurri zuenean ez zuela Begoña Urmaletak irakurri. Handik hilabete batzuetara baizik. Irratian entzun zuen topaketen berri. Zehatz-mehatz, Peter Zuazo izena entzun zuenean jarri zion arreta irratiaren jarioari. Arropa lisatzea utzi eta berehala joan zen ordenagailura entzundako apurra osatzeko asmoz; izan ere, «Peter Zuazo», «topaketak», «abendua» hitzak baino ez zituen gorde. Batean eta bestean begiratuz, Peter Zuazok Desegokituen Elkarteak antolatutako topaketa batzuetan parte hartuko zuela jakin zuen. Bihotz taupadak gero eta bortitzago. Begiratu zuen ea Peter Zuazoren irudirik eskaintzen zion sareak. Bakar bat ere ez. Gogoan zuen ez zela ez aldizkari hartan ez liburuan agertzen. Gorroto zuen. Biziki. Horregatik berpiztu zitzaion lozorroan zegoen gogoa hura ikusteko. Gorroto zuen gizon hari aurpegia jartzeko. Aurpegia jartzeak asko lagun liezaioke gorrotatze ariketari. Hau guztia Bakixan gertatu zen, amaren baserrian. Igandeetan hara bazkaltzera joateko ohitura amarekin desagertu zen arren, Begoña Urmaleta hara joaten zen asteburu batzuetan. Alabak hazita zituen jada. Nagusia New Yorken bizi zen eta gaztea amaren bidea egiten ari zen momentuz, Odontologia ikasten. Igandera itxaron gabe, larunbatean bertan Bilbora itzultzea erabaki zuen. Ez dakigu postariagatik soilik izan zen, agian bai. Edonola ere, etxera heldu eta lehenengo egin zuena Postariaren mendekua bilatzea izan zen. Aldizkaria eta liburua elkarren ondoan zeuden. Liburua hartu zuen. Behin eskuetan, sofan jesarri zen. Ez ipuin madarikatu hura irakurtzeko asmoz. Asmo zehatzik gabe. Beharbada gorrotoan murgiltzeko gogoak bultzatuta. Pentsa dezagun ireki zuela liburua eta, ausaz, Postariaren mendekua-n etzandako hitz hauekin egin zuela topo.
«Larunbat hartan ohi bezala irten zen goizean. Joanes zeukan zelatari. Ohi bezala irten zela esatea ez da erabat zuzena. Ohikoa baino pauso azkarragoz abiatu zen eta ez ohikoa zuen norabidean. Joanesi kosta egin zitzaion ganorazko zelatari batek bezala atzetik segitzea. Jazarpenak erakutsitako errutinak nolabait irentsia zuen zelataria ere. Barrenetxeak Basarrateko taxi geltokira jo zuen eta ilarako lehenengoan sartu zen. Joanes, arnasestuka, bigarrenean. Segi aurreko horri. Taxi-gidariak ez zuen aparteko keinurik egin. Halako enkarguak jasotzea ohikoa balu bezala. Ibilbidea zertxobait luzatzen bada, kale artean autoa jarraitzea zail samarra gerta daiteke. Hala ere, gidaria oso adi zebilen tarteak bilatzerakoan, semaforoen kolore aldaketak zaintzen, bere helburua beste taxi batekin ez nahasten. Ohikoa balu bezala. Ordu laurden batean Mazarredoko atari baten aurrean geratu zen. Zuzen abiatu zen Barrenetxea harantz. Sartu baino lehen ezin izan zuen ekidin buruaren ezker eskuinerako mugimendu azkarra. Joanes zer egin jakin gabe geratu zen. Taxi-gidaria zain. Mesedez itxaroteko eskatu zion eta atarira hurbildu zen. Ikusi beharrekoak ikusita, alegia ezer ere ez, pauso batzuk atzerantz egin zituen eta eraikinari behetik gora begiratu zion. Barrenetxea nora joan zenaren inguruko aztarnaren baten bila. Ezer ere ez. Taxirantz itzuli zen, astiro, hausnarrean.
«Zerbaitetan lagun zaitzaket?, galdetu zion gidariak. Joanesek jauzi egitea erabaki zuen. Eskertuko nizuke. Hor sartu den hori nire koinatua da. Uste dut maitale bat daukala. Ez dakit non demontre sartu den eta jakin nahi nuke. Taxi-gidaria begira zeukan. Beste jauzi bat. Zerbait bazeneki, nora sartu den... Ordaintzeko prest nago. Taxi-gidariak begira jarraitzen zuen. Ez zebilen, Joanesek uste bezala, entzuten ari zena egia ala gezurra zen erabakitzen. Zenbat ordaintzeko prest zegoen entzuteko zegoen zain. Besterik gabe.
«Zerbaitetan lagun zaitzaket baino ez zuen esan taxi-gidariak. Hori baino ez. Jakin beharraren jakin beharrak bultzatu zuen Joanes jokatu zuen bezala jokatzera. Gidariak Barrenetxea nora joan zen jakin behar zuela pentsatzera. Hogeita sei egunetan errutinatik kanpo egindako mugimendu bakarra zen. Han zerbait zegoen. Derrigorrez jakin behar nuen zerbait, hantxe zegoelako Joanes eta Jimmyren ia hilabeteko zelatari lanaren fruitu bakarra ziurrenean. Atzeko poltsikotik ateratako diru-zorroa begiratu zuen Joanesek. Ehun euro eman diezazuket. Gidariak taxiko guanteratik txarteltxo bat atera eta eman egin zion, bisita txartel horietako bat. Señoritas de compañía. Alto standing. Hori eta telefono zenbaki bat jartzen zuen, urre-zahar gisako fondo batean, puntako sukaldari baten jatetxekoa izan zitekeena lasai asko. Ehun euroak eman zizkion. Baina xehetasunak falta zitzaizkion. Eman diezazuket beste ehun euro gizon honetaz dakizuna esatearen truke. Taxi-gidariak isilik jarraitzen zuen. Irribarre etorkor batez erantzun zion eskaintzari. Eskaintza igo beharko zuela ulertu zuen Joanesek. Jakin nahi duzuna esan diezazuket, gidariak. Kutxazain baten bila joan zen Joanes. Itzulitakoan, jaka poltsikoari kolpetxo batzuk emanez, hirurehun euro daude hemen, esan zion. Zureak dira jakin nahi dudan informazioa ematen badidazu. Taxi-gidaria eta Joanes, nola hitzetan hala keinuetan, zinematik ikasitako moldean ari ziren. Bizitzako beste hainbat esparrutan legez. Edo, gutxienez, zinemarik gabe bestelakoa litzateke negoziazioa. Hori ziur.
«Hara, gizon hori hilean behin, hileko lehenengo larunbatean, etortzen da hona. Beno, litekeena da beste pisuren batera joatea. Baina beti zerbitzu bera hartzera. Eman dizudan txartelean eskaintzen dena. Emakume gazteak. Dena oso fina, klasearekin. Neuk ere ekarri dut inoiz. Joanesek baietz egiten zuen buruarekin. Baina bere eskuak ez zuen jaka poltsikorako bidea egiteko asmorik erakusten. Laugarren solairua, ezkerra, gehitu zuen taxi-gidariak. Amaitu orduko hirurehun euroak zituen eskuan.
«Pare bat ordu eman zituen Barrenetxeak pisu hartan. Etxera betiko orduan, ogia eta egunkaria erosi ostean, iritsi zen. Hori uste dut behintzat, izan ere, Joanes atari aurrean geratu zen emakume gazteren bat noiz irtengo. Ordu erdi itxaron behar izan zuen. Zalantzarik gabe bera zen. Bera izan behar zuen. Gaztea. Ederra. Klaseduna.
«Orbanik gabeko gizonak bazeukan alde ezkutua. Nahiago nukeela kontuak hartuko zizkiona emaztea barik mafia odoltsuren bat edo justizia izatea? Baliteke. Edozein modutan ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Emaztea jakinaren gainean nola jarri zen kontua.
«Eskuetan neukana lehergailu bat zen. Bere eztandaren kalteak ahalik eta handienak izatea nuen xede. Eztandak arrakala sortuko zuen. Liskarra. Baina ezin uka bikote asko gauza direla gatazka hauek kudeatzeko. Ez arrakala estaltzeko. Ez gatazkari behin-betiko irtenbidea emateko. Baina bai enpresa zatitu gabe irauteko. Aurrez ezin da jakin kalte handiagoa bikotea deuseztatzea den ala ez. Ez bada desegiten bermatuta dago bizitza petrala. Desegiten bada, hasiera batean behintzat, ordura arteko orekak egun batetik bestera apurtzen dira. Kasu honetan, enpresa desegin aurretiko egoera baino askoz hobeagoa eskura daitekeen arren gerora, hasiera batean hondoratzeko aukerak biderkatu egiten dira.
«Bat-batean panikoak hartu ninduen. Eta emazteak ere alde ezkutua balu, halako moldez non senarraren puta-jardunaren ondoan balantza orekatu eta biei mesede egiten nien.
«Emaztea espiatzea neukan. Artean bere izena ere ez nekien. Atariko buzoian begiratuta jakin nuen, senarrarenaren azpian zegoen idatzita: Begoña Urmaleta Echevarría.
«Ez noa lerro hauen artean dabilen irakurle prestua aspertzera Begoña Urmaleta andereari egindako jarraipenaren xehetasunak emanez. Ez noa suspentsearen hariak tenkatuz irakurlearen burua edo beste ezein organo, denetarik baitago irakurle prestuen artean, puztera. Lehenengo hogeita bost egunetan senarra bezain orbangabe iruditu zitzaidan. Baita hogeita sei eta hogeita zazpigarrenean ere. Zortzi eta erdietan irteten zen egunero bi alabekin. Laurora eramango zituen autobusean uzten zituen eta bere lanera abiatzen zen jarraian. Ateri egonez gero oinez eta bestela R5 batean. Henao kaleko atari batean sartzen zen, zeinean, kanpo aldean, Odontologoak irakur zitekeen plaka batean. Beste bi izenen ondoan: Begoña Urmaleta Echevarría. Lanetik etxera. Arratsaldeetan alabei itxaroten zien autobus paradan. Astean pare bat aldiz musika eskolara zeramatzan. Nagusiak bonbardinoa jotzen zuen eta txikiak biolina. Ez zegoen besterik. Horixe zen dena.
«Idatzitakoa Ttu-Ttuá-ra bidaliko nuen, ezagutzen nuen-eta aldizkarian zebilenetako bat. Argitara ematen bazuten ale bat igorriko nion Begoña Urmaletari. Jakin zezan. Etxetik kanpora zabalduta zegoela ere jakin zezan. Zabalkunde horren neurria gutxiena zen, behin bikotearen hesia gaindituta ez zegoelako jakiterik noraino irits zitekeen. Iritsi behar zenengana iristeko arriskua nabarmena zelako.
«Hurrengo zenbakian agertuko dela ziurtatu didate. Gutunazal batean sartuko dut eta azalean Begoña Urmaleta jarri. Eskutitz bat ere sartuko dut.
«Urmaleta Anderea
«Azaldu behar dizudana esateko asko pentsatu dut eta oraindik ez dakit zuzen nabilen. Badakit mezuak beste, edo ia hainbeste, garrantzia daukala zergatik esaten den, zergatik modu honetan, zergatik orain. Nik bistaz baino ez zaitut ezagutzen; zuk, beharbada, ezta bistaz ere. Zure senarraren ezagutza badut, ordea. Gorroto dut, argi esanda. Bere sasoian egin zizkidanak eragindako gorrotoa da. Barkatuko didazu hemen ez aletzea berarengandik jasan behar izan nituenak. Ez nuke erreparorik izango gure artean gutxieneko elkar ezagutza bat balego. Dena den, eskutitz honekin doan aldizkarian aurki dezakezu erakusgai bat Postariaren mendekua izeneko narrazioan. Badakit lantokian munstro bat den pertsona adeitsua izan daitekeela kalean, maitagarria etxean. Horregatik zure senarrak izan zezakeen beste alde ezkuturen baten bilaketari ekin nion. Baita aurkitu ere, narrazioan ikusi dezakezun legez. Zeure begiez ikusi nahi baduzu, hona hemen hileko lehenengo larunbatetan bisitatzen duen pisuaren helbidea».
Begoña Urmaletak ez zituen orrialde hauek hitzez hitz irakurri. Hala ere, ahaztuta zirudiena, gogoan iltzatuta zuela frogatu zuen. Hitz bakoitza bere pisu guztiarekin. Irakurri zituenak eta ez zituenak irakurri ere gogoratu zituen. Eta hori, irakurtze kaotiko hura gauzatzen zuen bitartean, buruan hogeita bost urte lehenagoko egun haietako eszenak agertzen zitzaizkiola, hauek ere modu kaotikoan. Idazlearekiko gorrotoa berritu zuen, senar ohiarekiko sentitzen zuenari gailendu arte.
Agendan topaketen egunak apuntatu zituen. Hortxe zeukan putaseme hura ezagutzeko aukera eta ez zuen alferrik galduko.
Begoña Urmaletak eskuetan zeukan gutuna sobrean sartu eta bere kontsultako postontzian utzi bitartean zalantzak makina bat modutan agertu zitzaizkion Peter Zuazori. Funtsean duda-muda guztien azpian zegoena zen, ea gutun hartan etzandako hitzak gauza izango ziren Barrenetxearen bizitza hondatzeko edo hondatzen hasteko gutxienez.
Joanesek eta Jimmyk espioitza lanetan jarraitu zuten. Barrenetxearengan aldaketaren bat gertatu ote zen antzematea zuten xede. Eta, hala gertatuko balitz, ebaluatzea. Gutuna emazteari utzi eta aste betera hasi ziren zelatariak aldaketak sumatzen senarraren portaeran. Joanes izan zen lehena. Barrenetxearen mugimenduetan, hala pausoan (urduriagoa, abiadura aldaketekin), nola begiradetan. Alde guztietara begiratu behar hura. Naturaltasuna galdu zuen bere agerpenak: pausoa azkartzen zuen derrepentean, berehala moteltzeko; burua zakarki biratzen zuen edozein aldetarantz, atzean edo alboetan zerbait entzun izan balu bezala , norbait harrapatu nahian bailebilen. Joanes izan zen, baita ere, zerbait gertatzen ari zenaren froga egiaztatu zuena. Pauso eta buru mugimenduen desnaturalizazioa hasi eta egun batzuetara izan zen. Barrenetxea ohi baino ordu laurden lehenago irten zen etxetik, zazpiak bost gutxiagotan. Alde guztietara begiratu zuen, ohitura hartu berriari jarraituz. Atari aurretik mugitzeke, tabako paketea atera zuen eta zigarro bat piztu. Tirakada gogor bat egin zion zigarroari eta presarik gabe, kea bota zuen. Arnasa hartu ezinean denbora gehiegi eman ondoren, hauspoa ondo betetzeko lehen aukera duenaren gisan. Estutasunetik atera berria denaren moldean. Lehenengoz ikusi zuen erretzen Zuazok.
Hurrengo egunetan tenore bertsuan jarraitu zuen, gorabehera batzuekin, baina lehengo normaltasunera itzuli gabe. Abiadura aldaketa zakarrak ibilian, alde guztietara begiratu beharra, zigarroa erretzea etxetik irten orduko. Zerbait gertatua zen Barrenetxea eta emaztearen artean, arrakalaren bat zabaldu zen. Begoña Urmaletak Peter Zuazoren gutuna jaso eta hamahirugarren egunean, larunbata, ama-alabak baino ez ziren joan arratsaldean paseoan, ziurrenik Zabalgunera, non, hainbatetan, txokolatea hartuko zuten. Jimmy etxe inguruan geratu zen, Barrenetxea irtengo zenaren esperantzarekin. Ez zen irten. Hobe, pentsatu zuen Zuazok. Irtengo balitz, bizitzari aurre egiteko moduan zegoela erakutsiko luke. Etxean geratu bada, sofan hondoratuta, burua makur, irudikatzen zuen Zuazok, indar gabe dagoenaren seinale izan daiteke. Amorruak edo gorrotoak edo mendeku-goseak, esate baterako, eman ditzaketen indarrei, nor bere buruarekiko errukiak, tristurak edo dena delakoak gailentzen zaizkie. Beldurra beste kontu bat da. Indarra ematen duten eta kentzen duten osagaietan egon daiteke. Biharamunean ez zen joan Bakixara emaztea eta alabekin.
Helburua guztiz beteta ez bazegoen ere, helburu bat gutxienez, itxura guztien arabera, bai. Helburua Barrenetxea heriotzara eramatea zen. Betetako helburua sufrimendua sortzea. Agian sufrimendua areagotzea esan beharko litzateke, sufritu denok sufritzen baitugu gehiago edo gutxiago. Edo sufrimendua bilakatzea bere bizitzaren ardatz, eguneko ordu guztietan sentsazio hori izatea nagusia. Hori konplitua zela zirudien. Egia esatera, ordurako, Zuazo pentsatzen hasita zegoen, menturaz, etengabeko sufrimendu eramangaitzean biziaraztea mendeku hobea izan zitekeela heriorekin bat egitera eramatea baino. Izan ere, zerbaitek ematen badie amaia oinaze guztiei, hori heriotza da. Ildo horretatik erabaki zuen Barrenetxea pairamen jasanezinean murgilduta zegoela baieztatuz gero, ongi burututzat eman zezakeela bere eginkizuna. Errematea behar zuen lantegiak.
Barrenetxearekiko zaintza erlaxatu zuten pixka bat Joanesek eta Jimmyk. Pare bat egunetan, ausaz aukeratuak, zelatatzen zuten astegunetan. Larunbatetan eta igandeetan emazteak, alabekin, ohiko errutinari jarraitzen zion bitartean, bera etxean geratzen zen. Jaurtigaiak jomugan jo zuen bete-betean. Hala ere, Zuazok ez zekien kalteen tamaina. Horren peskizan jarraitzen zuten Joanesek eta Jimmyk.
Astearte bat. Lanetik itzultzean, kafetegitik pasatu gabe, autoa etxeko atari aurrean utzi zuen, eskubiko bi gurpilak espaloi gainean eta keinukariak martxan. Poltsaz eta kaxaz maletategia eta atzeko jesarlekuak beteta, abian jarri zen BMWa. Zaintza erlaxatzeak Jimmyk eta Joanesek autorik ez erabiltzea ere ekarri zuen. Azken batean puntu jakin batzuk kontrolatzea aski zen: etxea eta bulegoa nagusiki. Batetik besterako bideak egitean ez zen ezer gertatzen. Aipatu puntuetan ere ez gauza handirik. Keinu berriren bat, azken boladan lerdentasuna galtzen ari dela, konkortzen hasi ote den. Barrenetxearen zamaketa lanak astia eman zion Jimmyri jazarpena prestatzeko. Barrenetxea laugarrenez jaitsi orduko pisutsua zirudien kartoizko kaxa bat besoetan, taxi bat agertu zen, zorionez. Zorioneko taxiak, pentsatu zuen Jimmyk. Aparkatuta zeuden autoekiko paralelo geratu zen Jimmyren eskariari erantzunez.
Honek ez zuenez ezer esaten atzeko jesarlekuan eseri eta gero ere, gidariak atzera jiratu zuen burua, bekainak pittin bat jasota.
— Nora?
— Laster esango dizut.
Laburra bai, baina ez antzemanezina erantzuna entzunda taxi-gidaria begira geratu zitzaion tartea.
— Esango didazu nahi duzunean —eta kontagailua martxan jarri zuen. Laster amaitu zuen Barrenetxeak zama lana.
— Segi BMW horri.
Ispilutik begiratu zion gidariak, kezkatsu. Jimmyk agindua errepikatu zion: Zuk segi BMW horri. Taxi-gidariak tarteka atzerako ispilura begiratzen zuen, lennon betaurrekoen atzean begi sorgor batzuekin topo egin arte. Iparragirre kalean geratu zen Barrenetxea, berriro ere gurpil bi espaloian. Parean zeukan atarian txirrina jo zuen. Emakume bat jaitsi zen. Adeitsu mintzatu ziren, irribarrea ezpainetan. Ziurrenik, bien keinuei erreparatuta, emakumeak bere burua eskainiko zion poltsak igotzen laguntzeko eta Barrenetxeak ezetz erantzun, eskertzen zuela, baina ez zela horren beharrik. Ordurako Jimmyk ikusia zuen atarian zegoen ostatu ikur urdina. Barrenetxea bazihoan etxetik. Helburuaren betetze mailak koxka bat egin zuen gora. Hala ere, une hartan aurreko batean sentitutako panikoa itzuli zitzaion Zuazori. Bikain, pentsatu zuen, putaseme hau bota dute etxetik. Baina, trantsiziorik gabe eta ikusita ostatu-buru izan behar zuen emakumearekin izandako enkontruaren manerak, ea tipo hau bere bizitza berreraikitzeko gauza den, galdetu zion bere buruari. Demasa izango litzateke halako lanak hartu eta gero Peter Zuazo bera izatea putaseme haren bizitza berreraikitzera bultzatuko zuena, menturaz galdutakoa baino hobea aurkitzera. Gauza batek pentsarazten zion ez zeukala zertan horrela izan, alegia, enkontru hura atarian amaitu zela, ez zirela zerbait hartzera joan, ez zirela biak ostatuan sartu. Lortu zuen gogoeta ilun haietatik aldentzea. Bistakoa zen Barrenetxea hondoratuta zegoela. Lasai egon zitekeen. Gozatzen. Gainera, zorionez ez zen halakorik gertatu. Joanesek eta Jimmyk hurrengo asteetan egindako jazarpenak horixe baieztatzen zuen. Ez ziren berriro elkartu. Barrenetxearen konkorrak ez zuen hobera egin. Bere bisaiaren ilunak ere ez. Gerta zitekeen, denborak aurrera egin ahala, noizbait, burua altxatzen hastea. Han egongo zen Zuazo orpokada zehatz bat emateko altxatzen hasi orduko, lehen baino sakonago lurperatzeko buru hura. Putakume hura.
Zalantza bat zeukan: Barrenetxearengana joan eta, esate baterako, eskuan eman aldizkaria. Edozein modutan ere jakingo zuen haren guztiaren atzean Peter Zuazo zegoela. Plazera emango zion, ez zeukan zalantzarik, pentsatze hutsak ematen baitzion.
Alboratu egin zuen Barrenetxearengana joan eta aizu putakume galant hori, neu izan naiz esatea. Azken batean, hobe izango zen gertatutakoa emaztearen ahotik jakitea. Nahiz eta talka hura ezin ikusteak atsekabetu egiten zuen pittin bat Zuazo.
Erretiroa eman zien Joanesi eta Jimmyri. Behin-behinekoa izango da, sei hilabete barru berriro irten beharko zarete Barrenetxea zertan dabilen jakiteko, deskuiduan burua pittin bat baino ez bada ere jaso badu, ostikoka simaurpean sarrarazteko. Zuazo konturatzen zen berak sortutako bi pertsonaia haiekin hitz egitea patologia larriren baten sintoma izan zitekeela. Areago pertsonaiak euren artean solastatzea. Bigarren asterako irtetea eskatzen ari zitzaizkion biak. Gustua hartu zioten, nonbait, Jimmyk eta Joanesek. Hilabete batzuen buruan Zuazok menean hartu zituen bere bi kumeak eta ez ziren gehiago gorpuztu.
Nekez eutsi zion Begoña Urmaletak eskutitza apurtzeko bulkadari. Berriro tolestu eta aldizkarian sartu zuen. Narrazioa amaitzen zen orrian bertan hasiera batean, baina zerbaitek esan zion beste edonon jartzeko, narrazio horretan ez beste edonon. Keinu superstizioso bat nonbait. Hartu zuen tokian paratu zuen berriro aldizkaria, azken mende laurdena egin zuen tokian. Ez oso agerian. Paper haiek ukitzearekin batera lasaiago sentitu zen, bihotz taupadek kadentzia mantsoagoa hartu zuten eta honek buruan era kaotikoan zebilzkion irudi eta ideiak gutxieneko oreka berreskuratu zuten.
Atzo izan balitz bezala. Horrela oroitzen zuen emakumeak postontzitik gutunazal hura jaso zuenekoa. Bere izen-abizenak baino ez zekartzan. Ez zigilu-markarik ez helbiderik. Igorleak zuzenean, edo agian hark bidalitako norbaitek, utzi zuen postontzian. Irribarre xumea ezpainetaratu zitzaion orduan, gutunazala postontzitik atera eta bere izen-abizenak irakurri zituenean, poztu egin zela gogoratzean. Bitxia da zelako kontuekin poztu gaitezkeen, pentsatu zuen. Norbait gutaz gogoratu delako? Ez dauka zentzu handirik ze, izan, edozer izan daiteke, heriotza mehatxu bat barne. Beharbada zerbaiten itxaropena pizten duelako, gure desioren bat betetzekoa ziurrenik.
Etxera sartu eta gutun-azala ireki bitartean iraun zion pozak. Egia da ataritik pisurako tarte laburrean itxaropenak erraz puztu daitezkeela. Desioen tamainekiko zuzenki proportzionala da hazkundea. Hala gertatu zitzaion Begoña Urmaletari. Eskuz idatzitako orri bat ikusteak areagotu egin zion sentsazio hori. Baina irakurtzearekin batera amaitu ziren alegrantziak. Umeak telebistaren aurrean utzi eta sukaldera joan zen gutun-azala irekitzera. Zutik irakurri zuen eskutitza. Ipuinean agertzen dena zen. Hitzez hitz. Jesarri eta berriro irakurri zuen. Aldizkaria zabaldu eta presaka pasatzen zituen orriak aurrerantz eta atzerantz ipuinaren bila. Aurkitu zuenean logelara joan zen irakurtzera. Nekez iritsi zen, bihotzaren taupaden, arnasaren eta pausoaren artean ez baitzegoen elkar ulertze minimorik. Ohearen erpin batean jesarri eta Postariaren mendekua irakurri zuen.
Umeak oheratutakoan sofan jesarri ziren senar-emazteak. Ohi bezala. Gizona telebistaren mandoaren bila hasi orduko, Begoña Urmaletak aldizkaria eman zion, irakurri beharreko ipuinean zabalik.
— Zer da hau? —galdetu zion emazteari, mandoaren bilaketa utzi gabe.
— Literatur aldizkari bat dirudi.
— Literaturarekiko interesa piztu zaizu ala?
— Ez. Postontzian zegoen, ipuin hori irakurtzeko eskatuz zioen eskutitz batekin. Niri bidalia. Baina niri beste dagokizu zuri.
Senarrak izenburua irakurtzerakoan utzi zion mandoa bilatzeari. Lehenengo esaldia irakurritakoan hasi zitzaion bisaia zurbiltzen. Irakurketa amaitutakoan begiak paperean itsatsita geratu zitzaizkion. Zuazo kabroi halakoa! Akabatuko dut! Gisa honetakoak zebilzkion buruan, behin eta berriro errepikatuz, forja bateko matxinoaren kolpeak bailiran. Eta begiak paperean itsatsita segitzen zuen, estatua bat bezain geldi. Emaztea berari begira. Hain geldi ikusita, zerraldoa irudi, une batean errukitu ere egin zen senarraz. Une ñimiñoa, ze, konturatu orduko, errieta egin baitzion bere buruari. Nolako aurpegia tipoak, pentsatu zuen, horrela, ezer esan gabe geratzeko gauza da. Gauza zen. Edo ezgauza, nondik begiratzen den. Oraindik tarte bat gehiago egin zuen Begoña Urmaletak sofan jesarrita, senarraren hitzen zain. Alferrik zela erabaki zuen arte. Orduan, altxatu eta logelarantz abiatu zen.
— Ez zaitez etorri —eta logelako atea itxi zuen.
Begoña Urmaletaren negar-zotinak baino ez zuen urratu gaueko isiltasuna. Bere buruari aitortzen ez zion arren, bere baitan bazekien ezezagun batekin bizi zela. Hura ez zen berak hamabost urte lehenago ezagutu zuena. Hori esaten zion bere buruari, kontsolamendu ariketa antzu batean. Kontsolamendu saiakera horrek ondorio larriagoetara zeraman: elkarrekin bizi zirela bilakatu zen munstro senarra. Sadikoa bere menpeko langileekin, batek daki zer goi-standingeko putekin. Lo gutxi eta gaizki eginda jaiki zen biharamunean. Senarra sukaldean aurkitu zuen gosaltzen. Isilik jardun zuen bakoitzak berean.
Barrenetxeak bazekien berari zegokiola azalpenen bat ematea Peter Zuazoren libeloaren harira. Emaztea sukaldera sartu zenean konturatu zen, ordea, ez zeukala ezer esateko, ez behintzat bikotearen biziraupenari mesede egin ziezaiokeen ganorazko ezer. Izan ere, gau malapartatu hartan bikotea baino gehiago, edo bikotea barik, Peter Zuazo erabili zuen bere burutazio eta hausnarketetan. Libelo haren erruduna izorratu behar zuen nola edo hala. Carl Lewis madarikatua. Salaketa bat jarri difamazioagatik. Legeak emango zion babesa, eman beharko zion, halako piztia antisozial bat egurtzeko. Benetako izenak erabilita, zabor hark gutxi zeukan ipuinetik. Hori literatura baldin bada, a zelako simaur pila. Hortik hasiko zitzaion mintzatzen emazteari, bere burua amarru zital baten biktimatzat hartuz. Jakina, hilean behineko larunbatetako txangoek azalpenen bat behar zuten. Dena ukatu eta kito. Berari kalte egite hutsagatik asmatutako gezur laidogarri bat baino ez zen. Aski zuen txangoak etetearekin. Azken batean, ez zen maitale bat zuela. Putenganako joan-etorriek ez zuten arrastorik uzten, ez, behintzat, emazteak antzemateko modukorik. Ez zuen inolako frogarik izango. Aldizkaria jaso bezain laster eman beharrean, larunbat haietako batean Mazarredo zumardiko atari hartan nola sartzen zen senarra bere begiekin ikustera itxaron izan balu behintzat. Hori ez zuenez egin, nahikoa zen hara ez itzultzearekin. Momentuz bederen. Dena zen mendeku goseak itsututako langile herratsu baten erasoa.
Dirudienez Barrenetxeari ez zitzaion burutik pasa ere egin bere emazteak ez zuela inongo frogaren zain egon beharrik. Ez zuela afera parametro horietan kokatzen. Momentu batean ere ez zuen zalantzarik izan Postariaren mendekua-n kontatzen zenaz. Frogarik ez izateak epaitegi batean balio lezake batzuetan akusatua erruduntzat ez jotzeko. Baina hura ez zen epaitegi bat, hura bikotea zen eta, hedaduraz, familia. Isiltasun hartan, Begoña Urmaleta gero eta irmoago gizatxar harengandik bereizteko hartutako erabakian; Barrenetxea gero eta seguruago bere azalpenen apelaezintasunean. Hain seguru, ezen egun on esanez hasi zela. Egun on. Halako isilune baten ostean, egun on. Halako gau baten ostean. Une sublimea. Lekuz kanpo, modu leun batean esateagatik, egotearen erakustaldi gorena eskaini zion emazteari Barrenetxeak. Eta azalpenari ekin zion.
— Begira, Bego. Hori idatzi duena...
— Umeak esnatzera noa —eten zion emazteak, haien gelara abiaturik—. Zoaz hemendik lehenbailehen.
Barrenetxeak egin zuen jarraitzeko ahalegina, baina alferrikakoa izan zen. Entzudazu mesedez, esan orduko sukaldean ziren alabak. Gosaldu zuten familia eredugarrien moldean, laurak mahaian jesarrita. Ohi baino gehiago hitz egin zien aitak alabei, ohi baino gutxiago amak, deus ez senar-emazteek euren artean.