Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Herrenka

 

 

Zuazok ezagutzen zuen Mahatserria, noiz edo noiz ibilia zen han, hilerria ere koka zezakeen, ondoan baitzegoen metroko igogailua, baina ez zekien ezer Purgatorioaz. Gogoratzen zuenagatik, bekatu arinak garbitu gabe hildakoen arimek egonalditxo bat egin behar izaten zuten purgatorioan, purgatzen noski, zerura iritsi aurretik.

      Afari arin bat egin eta metroa hartu zuen. Bidaian Desegokituen Elkarteko lehendakaria irudikatzen saiatu zen. Geltoki bakoitzeko hiruzpalau irudi osatu zituen, fintasunetik groteskorako bidea eginez, baita alderantzizkoa ere. Nasan igogailua bikote gazte batekin hartu zuen, oso egokitua zirudiena, bai bere osotasunean zein osagai bakoitza. Zuazo ez zen klaustrofobikoa, ezta kaliginefoboa ere, misantropoa bai agian. Beharbada haien solas txatxuak eragin zion atzerakada, hitzak ebakitzeko zituzten manerak agian, kontua da igogailutik irtetea denbora luzea urpean ibili ostean burua azaleratzea bezalakoa iruditu zitzaiola. Arnasa sakon hartzeko behar ikaragarria. Hartu zuen, bada, arnasa eta hilerriko harresia ikusi zuen. Kalearen beste aldean behar zuen Purgatorioak. Eta halaxe zen. Zegoen tokitik bertatik ikus zezakeen espaloian zeuden lau mahaietan jendea zegoela jesarrita, giroa fresko samarra zen arren. Ordurako ilunduta izanagatik, toldoa zabalik zeukan, kanpoko bezeroak babesteko beharbada. Bai toldoan zein ateburuan «Purgatorioa» irakur zitekeen. Harantz abiatu baino lehen, bere makilan bermatuta, mahaietan zegoen jendeari begiratu zion lehendakaria izan zitekeena antzeman nahian. Urrutiegi zegoen, ordea, jende haren fisonomiak zerbait adieraz ziezaion. Hartu zuen Purgatoriorako bidea eta, hurbildu ahala, argiago egin zitzaion jendearen jitea, baina ez zuen haietako inor hautagaitzat jotzeko beste zantzorik jaso. Txorakeria bat zela pentsatu zuen, txorakeria bat begiratu batean desegokituen lehendakaria antzeman ahal izatea, azken batean edonor izan zitekeen, esate baterako bera izan zitekeen halako elkarteko lehendakari edo, gutxienez, kide. Eta ondo zekien bera oharkabean pasatzen zela jende artean, ez soilik emakumeentzat, zeinentzat aspalditik zen ikusezin, edonorentzat baizik. Mahaien ondora iritsitakoan geldialdi txiki bat egin zuen. Ez zen segituan tabernara sartu, norbaitekin geldituta balego bezala jokatu zuen, baten-baten bila bailebilen. Ikusirik han inor ez zitzaiola hurbiltzen, inork ez ziola hurbiltzeko keinurik egiten, barrura sartu zen.

      Anbar kolorez argiztatuta zegoen, mahai ugari ezkerreko aldean, hormaren ia luzera osoa hartzen zuten lau leiho handiren ondoan, mostradore luzearen paralelo, batzuk borobilak, inguruan ukitu klasikodun zurezko aulkiak bizkar biribilduekin. Aurrera begiratuz gero, ezkerrekoa baino luzeagoa zen laukizuzen bat, hainbat sofa eta besaulki, piano bat. Bluesa jendearen solasa babestuz eta erraztuz. Ez zuen xehetasun gehiagotan erreparatu. Ez zen hara joan bertako diseinuaz eta dekorazioaz txosten bat egiteko.

      Mostradorerantz zihoala alde batera eta bestera begiratu zuen Zuazok ea mahairen batetik norbaitek keinuren bat egiten zion. Ez zen hala gertatu. Kafea eskatu zion zerbitzatzen ziharduen gizonari, bere adinkide izan zitekeena. Irriño bat eginez biratu zen tabernaria kafe makinarantz eta, une hartan, bera izan zitekeela desegokituen presidenta pentsatu zuen Zuazok. Nola ez zitzaion aurretik bururatu, esate baterako metroan hipotesiak egiten ari zela, tabernaria bera zatekeela elkarte misteriotsu hartako buru. Afaloste guztietan izaten naiz bertan, zioen lehendakariaren mezuak. Nor egoten da gaur egun afaloste guztietan tabernan, taberna berean? Irriño berarekin itzuli zitzaion kafearekin eta, segundo batzuetan, Zuazo begira geratu zitzaion, zerbaiten esperoan. Tabernaria ere berari begira, bezeroak beste zerbait eskatuko ziolakoan edo zer edo zer esatera zihoakiolakoan, bekainak jasoz eta irriñoa eszeptiko bilakatuta mostradoreko beste muturrera joan zen arte. Barregarri geratu izanaren sentsazioarekin joan zen Zuazo libre zegoen mahai batera kikara esku batean eta makila bestean. Kalera ematen zuen aterantz begira jesarri zen.

      Paretetan Joseba Eskubiren hainbat margolan zeuden zintzilikatuta, Dardara bildumakoak gehienak. Ate ondoan Purgatorioan bertan egindako edo egiteko ziren hainbat ekitaldiren iragarkiak: tronpetajole baten emanaldia, kontrakantautore batena, mimo batena... Zuazok berretsi baino ezin izan zuen egin bere urteetako isolamendua, ez baitzuen leku haren inongo berririk eta, bistakoa zenez, han bazen mugimendurik. Isolamendu hitza gogor samarra iruditu zitzaion hasiera batean, baina egokiena zen, bakardadea baino egokiagoa, puntu komun ugari dituzten arren, ez baitira gauza bera, izan zaitezkeelako bakartia, bizi zaitezkeelako bakardadean, isolatu gabe; azken batean, bakartia edo bakarzalea izanda ere ezagut zezakeelako Purgatorioa.

      — Gabon, Peter.

      Iragarki haiei begira ez zen konturatu emakume bat gerturatu zitzaiola mahaira.

      — Gabon. Presidenta, pentsatzen dut.

      — Bai. Odile naiz —eskuan zeukan makila mahaian bermatu eta jesarri egin zen.

      Zuazok ez zekien makilaz zer pentsatu. Ez zuenez berarengana etortzen ikusi ez zekien herrena arintzeko izango zen edo beste erabileraren bat izan zezakeen. Makila makila zenez bermatzeko balio zuen, jakina, baina bere aberastasun kromatikoa eta diseinua ikusita edozer izan zitekeen. Agian, pentsatu zuen, isolamendua eta jada berea zuen ingurua behatzeko gaitasun eskasa medio, ez zekien emakumeak makilak erabiltzen hasiak zirela apaindura-osagarri bezala.

      — Odile... —amaitu gabe utzi zuen Zuazok.

      — Odile Mores.

      — Peter Zuazo.

      — Hori badakit.

      — Jakina. Zer hartu nahi duzu?

      — Ezer ez. Hor kanpoan egon naiz kafea hartzen.

      — Ni sartu naizenean hor zeunden?

      — Bai.

      Orduan, ikusi nauzu sartzen? galdetzera zihoan. Galga sakatu zuen, ordea, eta isilik geratu zen, txatxua begitandu baitzitzaion galdera. Beste autokontrol ariketa bat egitea ere agindu zion bere buruari Zuazok, izan ere azkeneko hitza ebaki orduko konturatu zen begiak emakumearen begietan iltzatuak zituela, imanak bailiran anbar eta hurraren arteko begi haiek.

      — Beraz, Desegokituen Elkartea —ekin zion Zuazok—. Ba, ez nuen elkarte horren berri.

      — Inork gutxik ezagutzen du. Bazkideetatik kanpo inork ere ez, beharbada.

      — Eta orain klandestinitatetik irtetea erabaki duzue.

      — Horrela ere esan daiteke.

      Zuazok bereak eta bi egin behar zituen begiek presidentaren begietatik aldentzeko. Baina, nora zuzendu? Ezpainak. Ederrak zituen, gauari zegokion gorriz margotuak. Hala ere, ez da zentzuzkoa ezpainei begira geratzea, begiradaren hartzaileak, kasurik onenean, pentsa dezakeena da margoa lekuz kanpo joan zaiola edo hostopil, zerbait esateagatik, zatiren bat geratu zaiola itsatsita. Hortik kanpo, begira dagoenaren osasun mentalarekiko zalantzei ematen zaie bidea. Bularraldeari ere begiratu ahal zaio, baina honek ere ez du hartzailearengan sentsazio onik eragingo solaskidearekiko.

      — Eskertzen dizut gonbidapena —esan zion Zuazok—. Dena den jardunaldiek eta zuen estatutuek onartzen badute, elkarteari buruz zerbait jakin nahiko nuke.

      — Begira, Peter. Peter deituko dizut, ezta?

      — Jakina —pitin bat harrituta Zuazo.

      — Ba, begira, Peter. Desegokiaz eta desegokituaz hausnarketa kolektibo bat egitea da gure asmoa.

      — Ongi —esan zuen Zuazok ezer ulertu gabe. Baina zer edo zer ulertu nahian, jarraitu zuen—: Baina, zer demontre da desegokitua? Eta desegokia? —abiadura hartuta—. Zer da zuen elkartea?

      Odile Moresek ezpain artetik bafadatxo bat igorriz hasperen luze bat egin zuen. Aire epela sentitu zuen Zuazok bere ahoan eta aire hori irensteko gogoa.

      — Goazen kanpora zigarro bat erretzera —proposatu zion Odile Moresek.

      Biak batera jaiki ziren, biek batera hartu zuten bakoitzak bere makila. Zuazok bidea eman nahi izan zion bere aurretik joan zedin, baina Odile Moresek aurrera egiteko agindu zion makilarekin. Edonola ere, berehala jakin zuen Zuazok herrenka zebilela emakumea, berea baino maingutasun leunagoa, berea baldarretik bezain hurbil zegoen Odile Moresen aldaka kulunkatze hura dantzatik. Hitz batean: dotoreagoa. Dotorea edonoren begietara, dotorea eta zerbait gehiago kulunkatzea betertzez behatzen zuen Zuazorentzat. Espaloian paratutako mahaietako batean jesarri ziren.

      Zigarreta-kutxatila bat atera zuen emakumeak eta Zuazori jarri zion aurrean. Zigarro meheak ziren, tabakorrian bilduak, ez paperean. Bat hartu zuen. Odile Moresek ere hartu zuen berea eta bolizkoa zirudien ahoko batean sartu zuen astiro-astiro. Audrey Hepburn etorri zitzaion burura Zuazori. Egia esan behar bada, Odile Moresek ez zuen Hepburnen antz handirik. Ilea labur zeraman, beltz bai, baina labur oso. Kolorea ere halakoa izango zuen gaztetan, halatsu, baina gaur egungoa tindatua behar zuen, ez hori begiz antzeman zitekeelako, adinagatik ondorioztatu zitekeelako baizik. Ez zen hura bezain argala, ezta beharrik ere Zuazoren gustuei jaramon eginez gero. Haragia egoki banatua zuen bere azalera osoan. Beltzez jantzita zegoen eta, hori bai, beltza jakin egin behar da eramaten. Bazekien. Soineko beltza eta jaka ere bai, hau zertxobait argiagoa, leunagoa. Zuazok ere ez zuen George Pepparden antzik.

      — Desegoki eta desegokitu kontzeptuei buruz luze mintza daiteke —hasi zen Odile Mores—. Horrexegatik jardunaldiak. Guk ez daukagu ez bata ez bestea definituta. Horrenbestez, elkartean batzen garenok ez dugu kanon bera betetzen, ezta kanon bat ere beharbada...

      — Ongi. Baina esadazu zer den zuretzat desegokia edo desegokitua, galdu samar nabil-eta.

      — Galdu samar orduan... desegokituta? —irri malizios bat ezpainetan—. Istoriotxo bat kontatuko dizut, elkarrizketa bat, elkarrizketa baten pasarte bat. Ziurrenik izango duzu haren berri. Beno, kontua da Holly eta Paul honen apartamentuan daudela eta esaten dio neskak apartamentuari buruz: «Nola jasan dezakezu hau? Izugarrikerien ganbera bat dirudi». «Edozertara ohitzen zara», erantzuten dio Paulek, bere buruarekin pittin bat haserre, ze harro zegoen bere apartamentuaz. «Ni ez. Ez naiz sekula ezertara ohituko. Ohitzen diren guztiak hilda daudela dirudi », ihardetsi zion Hollyk.

      Zuazok ahaztuta zeukan arren, Odile Moresen kontakizuna entzuten hasi orduko, Holly entzun zuenean batez ere, Paul izenak ez baitzion ezer esaten, kokatu zuen bere burua. Elkarrizketa ere ez zuen gogoratzen, bai, ordea, Gosaria Tiffany´sen nobela. Eta filma. Urruti ziren enkontru haren hasierako autokontrol ariketak. Minutu batzuk lehenago, Odile Mores zigarroa bolizkoa zatekeen ahokoan sartzen ikusi zuenean, irudi hark Gosaria Tiffany´sen filmeko Audrey Hepburn ekarri ziola burura eta handik lasterrera, trantsiziorik gabe, Odile Mores istorio hartako elkarrizketa bat kontatzen ari zitzaiola konturatzean, Zuazoren burmuinean zerbait berria gertatu zen, partikulen arteko talka mota ezezagun bat.

      — Nik, Peter, ez daukat katurik.

      — Zu ere ez zara sekula ezertara ohituko?

      — Ezin jakin zer gertatuko den, baina bizitzaren erdia dagoeneko igarota, gisa horretan joan da. Eta zu?

      — Ez dakit —egia zen: ez zekien—. Zaila egiten zait pentsatzea ez naizela ezertara ohitu, nahiz eta ez dakidan zertara ohitu naizen. Esate baterako, makila honekin ibiltzera ohitu naiz...

      — Mesedez, Zuazo. Hori lentillak eramatera ohitu zarela esatea beste da.

      — Zu ohitu al zara?

      — Zertara?

      — Makilarekin ibiltzera.

      — Ez.

      Zuazok Odile Moresen makilari begiratu zion. Makila eta zigarroei jartzeko ahoko hura pertsona berberak erabili behar zituela begitandu zitzaion. Bietan zen morea, more leun bat, nagusi, printza berdeei eta beltzei gailentzen zitzaiena. Ikusita zelan zebilen, metro eskas batzuk baino izan ez ziren arren bere atzean egindakoak aldakak kulunkatzen, ez zion sinetsi ez zela makila erabiltzera ohitu.

      — Zer dela-eta bururatu zaizue ni jardunaldi horietara gonbidatzea?

      — Kide baten proposamena izan zen —erantzun zion, lakoniko, Odile Moresek.

      — Hori jakintzat eman dut galdera egin aurretik.

      — Kide horrek zure bi liburuak atera zituen. Poema bat irakurri zigun lehenengotik eta ipuin bat bestetik. Horiek izan ziren zu postulatzeko erabili zituen arrazoiak. Aho batez onartu genuen.

      Une batez galdetzekotan izan zen zein poema eta zein ipuin irakurri zizkien kide horrek. Bere Uzkitik isuritakoak aktualitatera itzultzeak, hori inoiz aktualitatean izan zela suposatzea gehiegikeria zela jakinda, ez zion lasaitasunik ematen. Kritikak gupida gabe astindu zuen bere sasoian: zerrikeria, enfant terrible izateko handinahi patetikoa, hitzak errenkada irregularretan lerrokatzea poesia egitea uste duten horietakoa... Kritika periferikoak, baina kritikak; ez gaur egun izen hori daramaten iruzkinak. Poema haiekin zuen konpondu ezinaren jatorria ez zegoen kritikak emandako egurrean, kritika haiekin, askorekin bederen, bat zetorrelako baizik. Ipuin liburuarekin, Postariaren mendekua, harreman hobea zuen. Denborak aurrera egin ahala idatzitakoez iritzia aldatzen joanagatik ere, oraingoz ez zen bere ipuinez lotsatzen. Gustura galdetuko zion Odile Moresi zeintzuk irakurri zituen kide horrek, baita zenbat ahok egin zuten bat bere hautagaitza onartzeko. Alabaina hortik abiatuz gero nabarmena zen galtzeko arriskua. Zuazok, azken batean, topaketen eta elkartearen inguruko informazioa eskuratu nahi zuen. Ez bere buruaz hitz egitea.

      — Zergatik ez didazu kontatzen zerbait topaketen inguruan kopa bat hartzen dugun bitartean?

      — Ados, Zuazo. Nik porto bat hartuko dut.

      — Nik gintonica.

      Ia gauerdia zen, elkarri bi musu eman ondoren, bakoitzak bere bidea hartu zuenean. Pentsatzekoa den moduan, etxetik irten zenean baino dezente gehiago zekien Zuazok «DESegokitu» jardunaldien eta Desegokituen Elkartearen gainean. Hala ere nahastu samar sentitzen zuen barrena. Izan zitekeen jardunaldietan parte hartzeari baietza eman zion uneagatik edo, beharbada, Odile Mores Peter deitzen hasi zitzaiolako eta, bereganatu ezin zituen arrazoiengatik, Zuazo deitzen amaitu zuelako.

      Metroan jende gutxi zebilen. Nolanahi ere ez zien jaramonik egin bagoian zihoazen bidaiari bakanei, Odile Moresekin izandako enkontruak arreta osoa bereganatzen baitzuen. Zehazki, baietza eman zuen unea berregiten ari zen bere baitan.

      — Nor gehiago gonbidatu duzue, bada? —galdetu zion gintonicaren kopa eskuan.

      — Oraindik ez dago itxita kontu hori. Pedro Lemebel, Patxi Aretxabaleta, Elena Orbe, Sophie Clement...

      — Nortzuek eman dute baietza? —galdetu zion zuzen Zuazok, gerorako utzita gonbidatu horiek nortzuk ziren galdetzea. Eta zer ziren.

      — Esan dizut oraindik ez dagoela itxita parte hartzaileena.

      Dena dago irekita, pentsatu zuen Zuazok, dena zintzilik. Egoera hark ez zion ziurtasunik ematen, izan ere, Odile Moresek aipatutako izenak salbu, ez zekien ezer. Eta izen horiek, bada, horixe ziren, izenak. Inork ez zuela, une hartara arte bederen, baietzik eman. Hori ondorioztatu zuen Zuazok. Pentsatzekoa zen berak bezala jaso zutela gonbita, emailez. Baita ere, berak bezala, Desegokituen Elkartekoekin harremanetan jartzen ahaleginduko zirela jardunaldien nondik norakoez jakiteko. Hala ere egon zitekeen bakarren bat besterik gabe baietza emango ziena. Baita emaila zuzen zakarrontzira bota zuenen bat ere. Odile Moresek aipatutako izen gehienek ez zioten deus esaten. Alabaina, horietaz ezer ez galdetzea deliberatu zuen, presidenta andereari egokitzen zitzaiolako azalpenak ematea bera erreguka ibili gabe. Hori uste zuen behintzat. Beraz, isilik jarraitzea erabaki zuen, ironiaraino iritsi gabe ere maliziosa bezainbat galdekatzailea zirudikeen begirada bat osatzen saiatuz.

      — Ez dakit ezagutzen dituzun. Pedro Lemebel...

      — Badut horren berri —moztu zion Zuazok.

      — Elena Orbe psikiatra da. Harresiaren bi aldeetan ibilia —jarraitu zuen Odile Moresek—. Patxi Aretxabaleta, nola esan, mugimenduetan ibilitakoa, pertsona bitxia, gutxi esaten duen arren, asko duena esateko.

      Zuazok ez zekien zer pentsa. Gonbidatu zerrendaren soslaien errepasoa puntu hartara iritsi orduko ia erabakia zuen ezetza ematea gonbitari. Hobeto pentsatu behar zuela eta alde egin edo zuzenean ezetz erantzun, estimatzen zuela, baina ez zuela gorputza halako burrundaretarako. Odile Moresek beste zigarro bat sartu zuen ahokoan eta ezpainak busti zituen mihiarekin. Intentziorik gabeko keinua. Intentziorik gabeko keinuek, ordea, intentziodunek baino ondorio sakonagoak izan ditzakete. Zuazo berriro zegoen autokontrol premian, ez baitzekien begiak non pausatu. Odile Mores jabetu zen Zuazoren aldarteaz, jardunaldiekiko zuen deskonbentzimendua antzeman zuen haren keinuetan. Istant ia hautemanezin batez eskua paratu zuen Zuazorenaren gainean, honek mahaia hatz-muturrez jotzen zerabilen esku gainean. Irribarrea ezpainetan, ondoko aulkian zeukan poltsa hartu eta bi liburu atera zituen. Mahaian paratu baino lehen, bere eskua lipar batez ukitu zuen eskuan zeudenak ezagutu zituen Zuazok: Uzkitik isuritakoak eta Postariaren mendekua.

      Odile Moresek poema liburua zabaldu zuen. Nahi zuen orrialdea aurkitu zuenean, Zuazoren begietara bereak zuzendu eta errezitatzen hasi zen.

 

            perineismoa

            gailurretara iristeko asmoz

            behetik bainoago

            azpitik

            abiatzen den jarduera

            bustia

            likitsa

            lizuna

            lohia

 

      Amaitu zuenean, Zuazok alboratu egin zuen hobeto pentsatu behar zuela erantzutea gonbidapenari. Ezetza emango zion, luzamenduetan galdu gabe. Odile Mores begira zeukan.

      — Zuazo —ekin zion doinu eztiz—, etorri zaitez jardunaldietara. Ondo pasatuko dugu.

      — Bale.

      Metrotik etxerako bidean gogoratu zuen Hollyk Pauli esan ziola, egun pasa irten zirenean New Yorkeko kaleetara, ez zuela sekula egunez paseatu kale haietatik, ibilia zela goizeko seietan Bosgarren Etorbidean, baina hori gauez ibiltzea zela. Urteak ziren bera ez zebilela gauez eta, gauzak nola diren, egun gutxiren buruan birritan ibili zen ordu txikietan hiriko kaleetan. Honek guztiak leundu egin zion Odile Moresi erabakita zuenaren kontrako erantzuna eman izanak eragindako egonezina.

      Gau hartan Odile Moresekin egin zuen amets. Eta bere makilarekin. Perineoan zerabilkion makila emakumeak, saiatzen zen Zuazo titiburuak miazkatzen, baina ezpainak lurralde desiratu haietan pausatu orduko, Lemebel izan zitekeenaren bularralde lau eta iletsuan zebilen. Makina bat aldiz esnatu zen gozotik mikatzerako bidaia haietan. Behin esna, edo erdi esna, ahalegintzen zen Odile Mores bakarrik izaten buruan, ametsera berriro itzultzen, ametsa bere nahietara ekartzen. Bazituen une gozoak, baina aurrera egin ahala, esaterako Odile Moresen baitan sartzekotan zebilela, zakila Gaztegi izan zitekeenaren uzkian zerabilela ohartzen zen, makila, Odile Moresena, berean sartu-irten zebilen bitartean. Enegarrenez esnatu zenean, artean eguna argitzen hasi berri, ametsetara ez itzultzea erabaki zuen, horixe baitzuen modu bakarra Odile Mores eta bere artean beste inor sar ez zedin. Orduan bai, bi eskuez, urteen poderioz eskuratutako abileziari esker, irudimena azken tantaraino xurgatuz, denbora plazeraren mende jarriz, hau ere urte askotako eskarmentuak emandako dohaina, orduan bai, orduan Odile Moresen baitan bailebilen, gozamenaren tontorrera iritsi zen. Astiro.