Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Erraiak likuatuz

 

 

Zenbat aldiz joko ote zuten Peter Zuazoren atea azken urteetan? Zenbatetan bizitza osoan? Aretxabaleta ikusi zuenean, sinadura eske joan zitzaion hartan, ur-kontagailuaren ikuskatzailea edo gutun ziurtatu bat zekarkion postaria begitandu zitzaion hasiera batean Peter Zuazori. Aurpegi hark aski ongi emango luke gisa hartako enplegatu baten uniformean. Gizon arrunt bat, pentsatu zuen Peter Zuazok, bera bezain arrunta, zertxobait gehiago agian. Zortzi urte gazteagoa izanagatik, bere adinekoa iruditu zitzaion. Egia da Aretxabaletak pixka bat ajatua dirudiela duen adinerako, baina Peter Zuazoren pertzepzioan bisitariaren ile erdi urdindua eta sabelaren prominentzia lotsatia bezainbat norbere burua gazteago eta hurkoarena zaharrago ikusteko dugun joerak eragin zuela. Pixka bat fantasma begitandu zitzaion.

      Kontu hauek zebilzkion buruan ordenagailuaren aurrean jesarri zenean. Bazekien zer idatzi Odile Moresi. Ez, ordea, emaila nola hasi. Hor baieztatu zuen Aretxabaleta dena delako hari buruz ezer galdetzeak baino Odile Moresi idazteko aitzakia izateak kitzikatzen zuela. Desegokituen Elkarteko lehendakaria jar zezakeen, idazteko motibazio bakarra bisitan joan zitzaion gizonaz galdera batzuk egitea balitz. Lehendakari anderea. Odile estimatua. Kaixo Odile. Azkenerako utzi zuen mezuaren hasieran zer jarri.

 

      Kaixo, Odile, lehendakari estimatua.

      Duela hiru hilabete inguru gizon bat etorri zitzaidan etxera. Patxi izenekoa, abizena ez dut gogoan, Aretxaga, Aretxabala edo horrelako zerbait. Ezkila Irratian poesia programa bat egiten zuen laurogeiko hamarkadan. Zuzentzen duzun elkarteko kide den galdetzera natorkizu.

      Laster arte,

      Peter Zuazo

 

      Bidali ostean tartetxo bat geratu zen pantailari so, erantzunaren zain bailegoen. Sartu zituen bilatzailean ezkila patxi hitzak. Han ibili zen batera eta bestera, baina ez zuen ezer garbirik aurkitu. Hurrengo bi egunetan ez zuen erantzunik jaso. Haserretu egin zen Odile Moresekin. Mundu guztiak ez duela posta egunero begiratzen esaten zion tarteka bere buruari. Edo bere buruak. Hala ere ez zuen lortzen haserrea ezabatzea. Hiru egunera jaso zuen erantzuna.

 

      Kaixo, Peter.

      Lehenik eta behin, barka lehenago ez erantzuteagatik. Ezustean harrapatu ninduen zure galderak. Gainera, gure elkartean, lerro nagusiak argi izanagatik ere, ez zegoen hain argi kideen anonimotasun/publikotasun kontua. Honetaz hartutako erabaki bakarra jardunaldietarako gonbita neronek sinatuko nuela izan zen. Horregatik Patxirekin hitz egitea erabaki nuen zuri erantzun aurretik. Dagoeneko jabetu zara zure galderaren erantzuna baiezkoa dela: Patxi Aretxabaleta Desegokituen Elkarteko kide da. Ezkila Irratian ezagutu genuen elkar, ni neu ere han ibili bainintzen. Hurrengo ikusten dugunean mintzatuko gara gehiago honetaz, nahi baduzu. Eta elkar ikusteaz ari garela, bada, egia esan zuri idaztekotan nengoen, hitzordu bat jartzeko jardunaldien martxaz hitz egiteko. Jar ezazu zeuk ondo datorkizun egun batean.

      Laster arte,

      Odile Mores

 

      Sentsazio ezberdinak, kontrajarriak batzuk, eragin zizkion Odile Moresen mezuak. Poztu egin zen Aretxabaleta delakoa Desegokituen Elkartekoa zela jakiteak edo, zehatzago, bere susmoa baieztatzeak poztu zuen. Ez zion pozik eman Odile Mores eta Aretxabaleta gaztetatiko lagunak izatea. Horren berri izateak Aretxabaletarekiko sentimendu izendagaitz bat piztu zuen bere baitan, zerbait ezkorra. Errazena jelosiatzat jotzea litzateke, bekaizkeria agian. Baina, berak baino lehenago ezagutzeari, areago, aspaldiko lagunak izateari, Aretxabaleta helburu ezkutuekin bere etxean agertzea gehitu behar zitzaion. Bere galderari erantzun baino lehen, Aretxabaletari berari kontsultatu behar izana ere ez zuen gustuko izan. Berari idaztekotan zela esateak ere ez zion sentsazio onik eragin Peter Zuazori. Soberan zekien, aitortu ez zizkion helburuekin Aretxabaleta bere etxean agertu izana izan zitekeela, arrazoiaren ikuspuntutik, arbuia zezakeen kontu bakarra. Berak baino lehenagotik harremana izatea Odile Moresekin erantzunezinezko datu bat baino ez zen, Odile Mores ezagutzen zuten ia pertsona ororentzat balio zuen datua. Alabaina, sentimendu izendagaitz eta ezkor antzeko hartan pisu handiagoa zuen Aretxabaletaren bisitaren asmo ezkutuak baino.

      Peter Zuazok asteak zeramatzan jardunaldietan zertaz mintzatu pentsatzen. Idatzi ere egin zuen zerbait, oharren bat edo beste baino ez izan arren. Hasiera batetik baztertu zuen bere bi liburuekin zerikusirik izan zezakeen edozer. Alboratu zuen, baita ere, gainontzeko parte hartzaileez gehiago jakitea edo entzuleriaren osaketaz eta profilaz hipotesiak egitea. Behin baino gehiagotan pentsatu zuen jardunaldi haietara eraman zuena Desegokituen Elkarteko lehendakariarekin larrutan egiteko asmoa izan zela kontatzea. Hiru urte zeraman egin gabe. Ordaindu gabe askoz gehiago. Ez zitzaiokeen zailegi izango ardatz horren inguruan egokitasunaz hausnarketa batzuk txertatzea. Beste edozein ardatzen inguruan biraka ibilita ere ez. Hala ere, zalantza egiten zuen bere buruak horretarako izan zezakeen ausardiaz. OMrekin larrutan egiteko, idatzi zuen oharrak paratu zituen orri batean. Papera prakaren atzeko poltsikoan zeraman, edozein unetan bere kontakizunaren mamia bururatuz gero eskura izateko. Horrek ematen du neurria jardunaldien kontua zenbateraino zuen gogoan. Mendekua, Hamlet, Montekristoko Kondea, Mathias Reimz ere idatzi zuen. Gai emankorra beti. Postariaren mendekua-rekin erraz lotzekoa, alabaina. Errazegi. Mende laurdena igaro zen arren bere ipuin liburua argitaratu zenetik eta, izan zuen oihartzuna apala izanagatik ere, beti egon zitekeen jardunaldi horietan harekin lotuko zuen norbait. Beti dago norbait.

      Mende laurden horretan izango zen kontatzeko gairik. Zer egin duzu hogeita bost urte hauetan?, galdetu zion bere buruari. Ez zen ohikoa. Ez zuen bere bizitzaren errepasorik egiteko ohiturarik. Are gutxiago baloraziorik. Ziurrenik bazekielako ez zela balantze onik aterako. Mahaian eserita zegoen, asteetan prakaren atzeko poltsikoan zeraman paper puska aurrean zuela. Hala ere, orri bat hartu zuen idazmahaiko tiraderatik eta 25 idatzi zuen goian, erdialdean. Anakoreta idatzi zuen azpian. Ez da pentsatu behar, ordea, bere buruaz hitz egiteko asmoa zuenik. Letren munduan boladan dagoen kontu hau ez zuen atsegin. Ez kontaketaren benetakotasuna axola zitzaiolako, ezta sinesgarritasuna. Gehiago zen tamalgarria iruditzen zitzaiola norbaitek une batean bere buruaz hitz egitea baino gai interesgarriagorik ez zegoela erabakitzea. Zuazo ibili, helburu baten bila zebilen: topaketa horietan zeren kontra egin.

      Edonola ere, bereari begira jarraitu zuen arkatza eskuan. Praka-poltsikotik ateratako hitzak garbira pasatu zituen. Gaztegi idatzi zuen. Libertitzenetik Eusko Jaurlaritzara. Handiustea, harrokeria, kodizia. Zerrenda horretatik ezer gutxi atera zezakeela ohartu zen. Asko dira, gehiegi, Gaztegiren bidea egin dutenak, ezkerretik eskubira, Avernotik Zerura. Ez dago horretaz gauza handirik esateko, ez behintzat ezer berririk. Ekarri zituen gogora ezagututako pertsonak (esan gabe doa labur joan zela zeregina) eta posta bulegoko nagusia eta editorea ziren, nahi den ordenan, erdeinagarrienak. Begiak itxi eta urrunago joan zen, haurtzaroraino. Han ez zituen aita eta Don Jose apaiza baino aurkitu. Aitaren aurka egin zezakeen, aitatasunaren aurka, apaizen aurka, eliza-ama sainduaren aurka, dena bil zezakeen luzeen dirauten autoritateen aurka. Aita eta Don Jose ere jarri zituen orrian. Miren eta Esther idatzi zuen gero. Berak ere ez zekien zergatik idatzi zituen izenok paperaren beheko aldean, goikoengandik aldentzeko beharbada, ez zitezen haiekin zikindu. Birritan maitemindu zen Zuazo. Lehenbizikoz hamazazpi urte zituela Mirenekin. Esther istripuaren ostean agertu zen, errehabilitazio saioetan. Mirenek urtebeteren buruan eten zuen harremana. Ez naiz bat ere dibertitzen zurekin, esan zion. Esther berak utzi zuen, Zuazok. Lau urte zeramatela, oharkabean hasieran, Estherrek engainatu egiten zuen pertzepzioa jabetu zen Zuazorengan. Pertzepzio hori eta Zuazoren arteko lehian lehenengoa gailendu zen. Pare bat urte horrela ibili ondoren, Zuazok erabaki zuen banatzea min eramangarriagoa izango zela elkarrekin jarraitzea baino. Estherrek, jakina, ez zion inoiz adarrik jarri.

      Engoitik ez zuen sexu harremanik izan ordaindu gabe. Eta, deigarria bada ere, Barrenetxeak erabilitako zerbitzua erabili zuen. Ez hori bakarrik. Emakume haiekin hilero etzateko ohitura hartu zuen. Ez zuen nahi, ordea, Barrenetxearen zakila ibilitako zuloetan erabiltzea berea. Joan zitekeen putaseme haren argazkiarekin eta gizon harekin egondako emakumerik ez zuela nahi esan. Berehala konturatu zen estrategia horrek ez ziola inolako bermerik eskaintzen. Ikusia zuenez Barrenetxeak emakume gazteak zituela gogoko, hogeita bostetik gorakorik ez, bada berak zerbitzuak eskaintzen zion 35-45 segmentuan aukeratu zituen. Denborarekin lehentasunak zehazten joan zen. Veronica eta Violeta deitzen ziren lehentasunak. Eta haien izenak idatzi zituen Mirenen eta Estherren izenen ondoan. Nola edo hala desegoki izan behar omen zuen hitzaldirako ondo letorke prostituzioa. Areago jende aurrerakoi anitz ere kontra dagoela kontuan hartuta. Baita ere feminista edo soziologo edo gizarte-zerbitzuetako batek barik, urteetan aurrera doan bezero baten kontakizuna litzatekeelako. Aldi berean egur zitzakeen atzerakoiak eta aurrerakoiak, abolizionista horiek guztiak.

      Kontua da Odile Moresen mezua irakurri ondoren, aipatu sentsazioak tarteko, jardunaldi haietara joateko gogoa moteldu egin zitzaiola nabarmen. Berriro paratu zuen begirada orriaren gainean. Arrotza egin zitzaion. OMrekin larrutan egiteko. Beldurra ere irakurri zuen hitzen anabasa hartan. Ahaztuta zeukan beldurra idatzi zuela. Horretarako zen ohar orri hura, ahanzturak gogoratzeko. Agian atzera egitea izan zitekeen egokiena, Odile Moresi esatea ez zeukala inolako jardunaldietarako aldarterik. Are gehiago, egokiena litzateke argi eta garbi esatea berarekin larrutan egitea baino ez zuela xede baietza eman zionean. Asmo horrek bere horretan jarraitzen zuela, ez ordea jardunaldietan parte hartzearena. Aukerarik egokiena iruditu zitzaion, zalantzarik gabe. Beteko ez zuena izanagatik ere, aukerarik onena.

      Mila buelta eman ondoren, jardunaldiak eta Odile Mores bereizi beharko zituela erabaki zuen, bestelako motibazio bat behar zuen. Ganorazko zerbait idaztean dago gakoa, pentsatu zuen, kontatzea mereziko lukeen zer edo zer. Berak hori sinestean zetzan giltza, idatzitakoa ganorazkoa zela eta kontatzea merezi zuela, alegia. Harrigarria bada ere, hau eskuragarriagoa iruditzen zitzaion OMrekin larrutan egiteko asmoa gaitzat hartutako hitzaldia ematea baino. Edo zuzenean, aurrez aurre, Odile Moresi berari esatea baino. Horrela, idaztea erabaki zuen eta Odile Moresekin ez geratzea. Erraiak likuatuz osatutako tintaz idaztea, inoiz, aspaldi, idatzi zuen bezala. Praka-poltsikotik ateratako paper zatian idatzitakoak kopiatu zituen orrian. Idazten hasi orduko baztertzea erabakita izan arren, mendekuaren inguruko hitzak alde batean. OMrekin larrutan egiteko lau emakumeen izenen ondoan idatzi zuen. Odile Moresi mezu bat igortzea deliberatu zuen, bazebilela berea prestatzen esateko. Besterik gabe. Jakinaraz ziezaiola non eta noiz egin behar zuen hitzaldia jarriko zion mezuan. Eta kito.

 

      Desegokituen Elkarteko lehendakariari.

      Lerro hauen bitartez jakinarazi nahi dizut banabilela jardunaldietara eramatekoa prestatzen. Laster izango duzu aurrerapen bat. Jakinaraziko didazu non eta noiz hitz egin behar dudan. Baldintza bat eta eskari bat ere egin nahi dizkizut. Ni aurkezteko, dela hitzaldian bertan, dela paperean edo bestelako euskarriren batean, izenaren ondoan anakoreta baino ez aipatzea. Inolaz ere ez idazle, ez bainaiz idazle, ezta aipamen txikienik ere antzina batean argitaratu nuenaren inguruan. Anakoreta, soilik. Hori baldintza. Hona hemen eskaria: mahaian bakarrik egotea.

      Besterik gabe, hurrena arte.

      Peter Zuazo.

 

      Berrirakurri zuen idatzitakoa hainbat bider. Ondo iruditu zitzaion. Edonola ere, zuhurtziaz jokatzea erabaki zuen: biharamunean berriro irakurri eta, balekoa begitanduz gero, orduan bidaliko zion. Biharamun goizean, jaiki eta berehala piztu zuen ordenagailua. Ez zegoen mezurik. Ez zegoen Odile Moresen mezurik. Egia esan, ez zeukan inolako arrazoirik lehendakariaren mezurik itxaroteko. Areago, Peter Zuazori berari zegokion idaztea, norbaiti egokitzekotan. Komunerantz abiatu zen dena emanda, puxika behar baino lehenago husten has ez ziezaion. Bezperan idatzitakoa bidaliko zion Odile Moresi eta gosaldu bezain laster hasiko zen idazten jardunaldi haietarako.

      Harridura eragin zion mezuak Odile Moresi. Muzin egiten zion berak proposatutako enkontruari, argi eta garbi. Non eta noiz hitz egin behar zuen baino ez omen zuen jakin nahi. Beste ezertarako ez zuzentzeko berarengana adierazten zion. Mezuaren hasierako agurra ere tenore berekoa zen, lehorra. Kattalini erakutsi zizkion hiru mezuak.

      — Kaiku halakoa!

      — Bai —Odile Moresek—. Edo agian ez.

      — Eta harroa —gehitu zuen Kattalinek—. Izenaren ondoan, anakoreta. Mahaian bakarrik... Baina zer uste du horrek?

      Peter Zuazoren mezua, mezuen bilakaera, ikusita, zentzuzkoa zirudien Kattalinen iruzkinak. Odile Moresi, ordea, ez zitzaion halakorik atera mezua irakurtzean. Gero, bere lagunaren erreakzioa entzutean, ados-edo agertu arren. Erabateko ziurtasunik gabe. Izan zitekeen harrokeria, baina ez halabeharrez. Izan zitekeen beste zerbait. Peter Zuazorekin egon zenean ez zitzaion harrokeriara emana iruditu. Hala ere, ezin ukatu harrokeria ere bazela haren mezuan. Azken batean harrokeria gutxitan agertuko da bakarrik, egoera puruan; gehienetan beste emozio batzuekin nahastuta baitabil. Apalkeriarekin sarritan, apaltasunez jantzita. Edonola ere Peter Zuazoren mezuarekin penatuta zegoen Odile Mores. Tankera ona hartu zion ezagutu zuenean. Bere poesiari baino askoz hobea. Gehiena ez zuen ulertzen eta ulertzen zuena ulertzen ez zuena baino gutxiago gustatu zitzaion. Gogoan zuen berarekin egon zenean nola ireki zuen Uzkitik isuritakoak, aurrean zuenari aditzera eman nahian edozein orrialde egokituta ere merezi zuen poemaren bat agertuko zela. Zoriak begien aurrean jarri ziona, Perineismoa, ez zuen atsegin. Hala ere debozioz irakurri zuen, Peter Zuazo jardunaldietara eramatea baitzuen helburu. Egia esan behar bada, bat bera ere ez zuen atsegin. Ez da indiferente uzten zutela poema haiek, ez. Gehienek nazka ematen zioten. Edo antzeko zerbait. Zikin izateko ahalegin hura, genitalen presentzia temati hura. Gaztetan ibilia zen poeta batekin edo, zehatzago, poemak idazten zituen ikaskide batekin. Are okerrago, berari ere idazten zizkion. Mutil zoragarria. Poesian egiten zituen sartu-irtenak ez ziren oztopo izan Odile Mores seko maitemintzeko. Honekin argi utzi nahi dudana da aspaldikoa zuela pertsona baten txikizio literarioak eta izaera bereizteko dohaina. Ez zuela inori buruz epai orokorrik egiten jokabide zehatz batean oinarrituta.

      Peter Zuazoren lanei dagokienez, beste bat zen ipuin liburuaz zuen iritzia. Egilearekin adiskidetzeko eta poema haiek barkatzeko heinekoa bederen. Sei ipuin ziren. Azkenak ematen zion izenburua liburuari. Ipuinen ordenari erreparatuta, egileak edo editoreak in crescendo bat gauzatu nahi izan zuela zirudien. Odile Moresentzat Postariaren mendekua balekoa izanagatik ere, bazen hoberik orri haietan, bai behintzat bat: Irakurle mozkortia. Gizon bat (ez da zehazten adina, ez itxura, ez ofizioa, ez lekua; ez da ezer zehazten) mozkortuta heltzen da etxera. Alkoholaz gain, litekeena da beste zerbait ere hartu izana. Ez da zehazten. Kontua da ez dela logura eta Haur besoetakoa irakurtzen hasten da. Hasi eta amaitu. Irakurketa ezberdina izan da. Emozioak eta pentsamenduak, ezberdinak. Jakina, burua beste parametro batzuetan dabilkio, ezohikoetan. Emozio eta pentsamendu horiek aletzen saiatzen da. Ezin esan lortzen duenik, ez modu argi batean behintzat. Aldaerak egiten dizkio narrazioari. Aldatzen ditu pertsonaien izenak, adinak, sexua. Hurrengo egunetan sarri pentsatzen du irakurraldi mozkortiaz. Liburu bat hordi irakurri duen lehen aldia da. Berriro irakurtzen du, ezer edan gabe. Beste liburu bat irakurtzea bezalakoa da. Lehenengoz duela urte asko irakurri zuen eta ezin du irakurketa hura oraingoarekin alderatu. Ahaztuta dauka orduan sentitutakoa. Ez guztiz orduan pentsatutakoa edo, oroimenaren logikan, orduan pentsatutakoaz ondorengo urteetan pentsatutakoa. Gainera, bai nobela eta bai egilea maiz agertu dira urteotan, eurei buruzko gogoeta ugari eta kontrajarriak egin izan dira. Esperientzia errepikatzea deliberatzen du, beste liburu batekin, noski. Etxean bertan mozkortuko da eta aurrez pentsatutako liburu bat irakurriko du. Edo agian ez, agian hobe litzateke liburua ere behin mozkortuta aukeratzea. Aukeratu beharreko liburua, irakurri zuenetik berriro irakurri arte, agertu ez zaion egile batena izatea komeni zaiola uste du, egile horri buruz iritzirik ez edukitzea, ez bederen iritzi sendorik. Atera ditu batzuk apaletatik, lau hain justu. Gaizki. Hobe bakarra uztea irakurtzeko erabiltzen duen besaulkiaren ondoko mahaitxoan. Bestela, aukeratu ezinean igaro lezake mozkorraldia. Confabulario utzi du mahaitxoan, Juan Jose Arreola mexikarrarena, 1952an argitaratua. Berak 1963ko edizio bat dauka. Egileak kontakizunen ordena aldatzen omen zuen argitalpen bakoitzean, baita berriak gehitu ere. Rona edaten hasi da. Bigarren basokada amaituta liburua hartu du eta edalontzia bete. Narrazio bakarra irakurri du, El guardagujas, hainbat bider irakurri ere. Bidaiari bat arnasestuka heltzen da edonondik urrun dagoen herri bateko tren geltokira.

      — Barka ezazu, irten al da trena?

      — Zuk denbora gutxi daramazu herrialde honetan?

      — Berehala abiatu behar dut. Bihar T-n egon behar dut.

      — Bistan da ez dakizula ezer. Oraintxe bertan egin behar duzuna da ostatu hartzen ahalegindu bidaiarientzako fondan —eta kartzela itxurako eraikin hauskara bat seinalatu zion.

      — Baina nik ez dut ostatu hartu nahi, trenez abiatu baizik.

      — Aloka ezazu gela bat berehala, baldin badago. Lortzen baduzu har ezazu hilabeterako. Merkeago ateratzeaz gain, arreta hobea jasoko duzu.

      Honela hasten da bidaiariaren eta orratz-zain erretiratuaren arteko elkarrizketa. Hortik aurrerakoa, ezin da laburtu. Kontrakoa: saiatuz gero, beti luzeago ateratzen da. Nasaitzeko berezko joera duen narrazio horietako bat da, uzkurtzen ez dena, ezin dena.

      Besaulkian hartu du loak. Ametsetan ere liburua irakurri nahian ibili da, baina ezinean, beste hizkuntza batean baitzegoen, zein izan zitekeen antzik ere hartzen ez zion mintzaira arrotzean. Hurrengo egunetako batean berriro irakurtzen du, alkoholaren laguntzarik gabe. Horrela jarraitzen du, liburu ezberdinak, genero ezberdinak, edari ezberdinak. Gehiago jakin nahi duenak, Irakurle mozkortia irakurtzea dauka.

      Aurreko lerro horiek idatzi eta egun gutxira irratian entzundakoa datorkit burura. Anberesko liburutegi batean gehien eskatutako hamar liburuak aztertu ondoren denek kokaina arrastoak dituztela adierazi dute. Albistean izenburu bat baino ez dute aipatu: Greyren 50 itzal, zeinak, kokainaz gain, herpes arrastoak omen zituen. Lotsagarria iruditzen zait beste bederatziak zeintzuk diren ez esatea, ez baitut uste Greyrena soilik aipatzearen arrazoia herpesarengatik izatea. Omisioa barkaezina da edonondik begiratuta. Edozein modutan, ikerketa ildo berriak aurreikus daitezke, alegia, eta hemen egiten dute bat Anberesko kontuak eta irakurle mozkortiarenak, zein berezitasun izan lezakeen drogaren batek lagunduta irakurtzeak. Zein den aldea, baldin balego, pertsona berak ezer hartu gabe edo hartuta irakurtzearen artean. Eta ez da zaila, hortik abiatuta, beste ikerketa azpi-lerro batzuk jorratzea. Peter Zuazoren narrazio hura aitzindaria izan zen. Literaturari zein medikuntzari egin zion ekarpenagatik: narkoirakurlea.

      — Idatzi egingo diot —esan zuen Odile Moresek.

      — Horri? —eszeptikoa izan nahi zuen doinuz Kattalinek—. Ez dakit zer ikusi diozun. Pena ematen dizu? Ala beste zer edo zer da? Nik berak eskatutako informazioa dugunean idatziko nioke. Lekua eta ordua esateko baino ez.

      — Ez dakit, ba.

      — Zeuk ikusi.

      Ez zen errukia Odile Moresek sentitzen zuena Peter Zuazorekiko. Misantropo batekin topo egin izanaren pertzepzioa zeukan. Jasotako mezuak distantzia jartzeko ahalegin nabaria erakusten zuen, baita jendetasun eskasa. Horrek guztiak, izan zuten enkontru hartan erakutsitako manerekin ez zetorrenez bat, jakinmina piztu edo areagotu zuen Odile Moresengan. Distantzia jartzeko ahaleginak ken ziezaiokeen Zuazoren misterio aireari erakarpena. Edo alderantziz. Eta horixe gertatu zen. Eremu ezagunez gogait eginda ibiliko zen Odile Mores. Lurralde ezezagunaren premiatik, lurralde horien bila hasteko zorian egongo zen, menturaz. Idatzi egingo zion, jakin gabe horrek harremana hobetu edo kaltetuko zuen eta, aldi berean, Kattalinek gaitzetsi egingo zuela jakinik.

 

      Kaixo, Peter.

      Jardunaldietarako zerbait prestatzen diharduzula jakiteak poztu egin nau. Elkarteak zure eskaera eta baldintza onartuko dituela uste dut. Ni, behintzat, ados nago. Bestalde, gustatuko litzaidake, aurrekoan esan nizun bezala, zurekin geratzea. Ez dizut zure hitzaldiaz galdetuko, ezta zure agerraldia hitzaldia edo beste zerbait izango den ere ez. Baina jardunaldiez hitz egin nahi nuke zurekin. Gonbitaren osteko mezuan azaldu nizun legez, afalosteetan Purgatorioan izaten naiz kafe bat hartzen. Baina gera gaitezke zeuk nahiago duzun tokian.

      Laster arte,

      Odile Mores

 

      Ez zion Kattalini esango. Are gehiago, berandu baino lehen Kattalinek galdetu egingo zion eta berak ukatu. Azken aldian beste hainbat kontutan bezala. Guztiak arinak, munta txikikoak. Halakoak baziren, ordea, zertarako ezkutatu? Ezkutatzeak ematen zien tamaina. Izan zen sasoi bat zeinean ez zen halakorik gertatzen, ez zen ezkutatzeko ezer. Ezer ez zen ezkutatzeko. Txarto sentitzen zen Odile Mores gogoeta hauetan murgilduta. Oso txarto. Bazekien horrela hastean galbidera doala harremana. Bazekien berandu baino lehen helduko zela garai bat zeinean eramangarriago egingo zitzaion harremanik eza gisa hartako gezurrez egindako zorua zapaltzea baino. Idatzi al diozu anakoreta harroputz horri? Beno, beharbada ez zuen anakoreta edo harroputz ebakiko, gogaikarri edo handiuste esango zuen, ausaz. Ez, erantzungo zion, bat nator zurekin. Biharamunean izan zen elkarrizketa eta ez zen asko aldendu Odile Moresen aurreikuspenetik. Idatzi, bezpera gauean egin zion. Aspaldi utzia zuten batera oheratzeko ohitura. Joango gara ohera erabiltzetik ni ohera noa erabiltzerako tartea aise gaindituta zuten. Aurrekoak ez bezala, ez zuen elkartea osatzean sortu zuten posta kontutik bidali mezua, beretik baizik. Kattalinen eta gainontzeko elkartekideen begiradatik babesteaz gain, keinu bat zen hartzailearentzat.

      Eta hala ulertu zuen Peter Zuazok goizean mezua irakurri zuenean, Kattalinek Odile Moresi galdetu eta honek ukatu zuen une bertsuan. Berriro ezetz esatea, jakinaraziko didazu non eta noiz hitz egin behar dudan, gehiegizkoa litzateke. Baita bera bezalako misantropo batentzat ere. Ez zion bere buruari arazoa ezkutatu: gustuko zuen emakumea eta horrek bere baitan sor zitzakeen sentimenduen beldur zen, minari beldur. Erakarpen horri aurre egiteko eta, ahal izanez gero, ezabatzeko, Odile Moresen alderdi erdeinagarriak bilatzeari ekingo ziola deliberatu zuen, beti baitago arbuioa eragiten duen zerbait. Keinuren bat, harmonia apurtzen duen hitzen bat, usainen bat, ñabardura desatseginen bat gorputzean (azalaren tolestura nardagarri bat, enor bat belarrian, ile gehiegi edo gutxiegi, lekuaren arabera). Beti dago zerbait. Baina horretaz jabetzeko denbora behar izaten da, maitasuna, edonolakoa dela ere, tartean badabil. Denbora tarte hori ahal denik eta gehien laburtzeko zentzumen guztiak jarri behar dira, denak emanda, xehetasun nardagarri horren bila.

      Hala ere ez zen beldur hori soilik. Nagia ematen zion edozein harremanek eta Odile Moresekikoa, ñabardurak ñabardura, ez zen salbuespena. Eroso bizi zen Peter Zuazo bere isolamenduan. Zerbait ikasi bazuen bere bizitzan horixe zen, jendearen premiarik ez izaten. Hori pentsatu nahi zuen gizonak. Istripuaren ostean, behin lankideengandik urrunduz, ez zeukan inor inguruan, bazterrean zegoen. Bazterrean ezagutu zuen Esther eta ez zen asko aldendu bazterretik Estherrekiko harremanak iraun zuen bitartean. Neska-lagun haren bitartez ezagututako jende apurrarekin ez zuen harremanik sendotu.

      Azken urteetan izandako elkarrizketa luzeak urri dira eta, aspaldi iraungitako Libertitzeneko afari haietatik at, guztiak, bi, Desegokituen Elkartearen gonbita jaso ostekoak: Markitosenean Lizaso eta bere lagunekin bat eta Odile Moresekin Purgatorioan izandakoa bestea. Premiazko solasak baino ez zituen azkeneko bi hamarkadetan. Okindegian, arrandegian, dendetan alegia, medikuarenean. Ezer gutxi gehiago. Bitxia bazen ere, jardunaldi haietan hitzaldi bat emateak nagi txikiagoa eragiten zion Odile Moresekin egoteak baino. Bitxia ezen, gogoa, nolabait esateagatik, handiagoa zuen Odile Moresengana joateko jardunaldietara baino. Gogoa barik, grina esan beharko genuke. Gogo aldabera haren azpian Odile Moresenganako grina zegoen, batere aldabera ez zena, sendo sustraitutako grina.

      Uztailaren hondar egunak ziren. Bero handia Mahatserriraino joateko. Erdiguneko kafetegi batean jarri zion hitzordua Peter Zuazok. Bere eskaria eta baldintza ontzat jotzea ere eskertu zion mezuan. Odile Moresena jaso eta aste betera erantzun zion. Ez zezala inork pentsa ezertarako presaka zebilela. Egun batzuk lehenago Indautxun eta Abandon ibili zen, biziki gorroto zuen parajean eta gorrotagarriena iruditu zitzaion kafetegia aukeratu zuen hitzordua jartzeko. Azken batean Odile Mores, ekonomialaria izaki, inguruetako bulego garrantzitsuren batean ibil zitekeen lanean eta, beharbada, egunez kafetegi hartako traje eta soineko garesti artean bere benetako ekosisteman ikus zezakeen. Leku hartako manera burges haietan aurki ziezaiokeen xehetasun nardagarri bat baino gehiago, akaso. Hiruretan elkartzea proposatu zion, lanetik aisiatik baino hurbilago dagoen ordu bat.

      Kafetegian sartu zenean, barrualdeko mahai batean ikusi zuen Odile Mores, zeina aulkitik altxatu egin baitzen Peter Zuazo ikustean. Eskua jasota keinuka ari zitzaion, hemen nagoka. Irribarre oparoa. Masailetan musu bana emanez hartu zuen emakumeak. Mahai gainean zeukan makila polikromatua leku diskretuago baten paratu zuen jesartzen ziren bitartean.

      — Pozten nau zu berriro ikusteak, Peter.

      — Kaixo, lehendakari.

      — Zer moduz?

      — Hainbestean.

      Denborarik galdu gabe ekin zion Peter Zuazok aurrean zeukan emakumea esploratzeari atzera eragingo zion zerbaiten bila. Kafe hutsa erantzun zion doi-doi entzun zuen galderari. Odile Mores mostradorera joan zen kafeak eskatzera, makila polikromatua ahaztu gabe. Joan-etorria burutu orduko ohartu zen Peter Zuazo bilatzen ari zena ez zuela Odile Moresen ibileran aurkituko.

      — Beno, agindu bezala, jardunaldiena zertan den kontatuko dizut.

      — Eskertuko nizuke.

      — Abenduan egingo dira, Muelle 4n. Ezagutzen al duzu tokia?

      — Ez, ez dut ezagutzen. Abenduan orduan?

      — Bai. Santo Tomas bezpera aurrean bukatuko dira. Hiru egun izango dira.

      Peter Zuazo isilik geratu zen, zain, jardunaldien nondik norakoak entzuteko prest. Ez zitzaion burutik pasa Odile Mores lekuari buruz hitz egiten hasiko zitzaionik, esan nahi baita, mamia, ustez mamia bederen, aletzen hasi baino lehen. Orain parte-hartzaileez eta gaiez mintzatuko zait, pentsatuko zuen Peter Zuazok. Hori pentsatuenik ere ez zegoen, jakintzat eman baitzitekeen. Bada, ez. Muelle 4 lekuaz hasi zitzaion jardunaldien nondik norakoa azaltzen. Goiko solairuan egingo omen ziren jardunaldiak. Egongela handi bat zirudiela, L formakoa, mostradore txiki bat zegoela eta antzinako jesarleku, sofa eta chaise longueren bat, ispilu handi ajatuak, argi-armiarma eder bi. Balkoiak itsasadarrera eta, aurrez aurre, Erriberako merkatua. Odile Moresek deskribapenean jartzen zuen gogoa alderantziz proportzionala zen Peter Zuazok entzutean sentitzen zuenarekiko. Jardunaldien kontakizuna hortik hasteagatik bezainbat, entzundakotik egin zuen irudikapenagatik. Halako batean sartu zen mamian.

      — Zure hitzaldia, hitzaldia bada behintzat, zure parte hartzea azkena izango da, abenduaren 19an, iluntzeko zazpietan. Bakarrik izango zara mahaian. Beraz, badakizu non eta noiz. Nahi baduzu gehiago kontatuko dizut.

      — Izan ere gehiago kontatuz hasi zara. Beraz —eta irribarrea itzuli zion Peter Zuazok—, jarrai dezakezu.

      — Jardunaldiak astelehenean hasiko dira, abenduak 17, Sophie Clementen eta Pancho Rodriguezen hitzaldi banarekin. Sophie Clement Les Inrockuptibles aldizkariko kazetaria da. Bestearen berri nik baino gehiago jakingo duzu ziurrenik. Jarraian Albert Plaren kantaldia izango da. Biharamunean, Vladimir Axularrek eta Aretxabaletak hitz egingo dute eta, ostean, oraindik zehaztu gabeko musika emanaldi bat izango da. Azkeneko egunean, zu zeu; eta gauean jai bat izango da. Pedro Lemebel ere gonbidatu dugu, baina oraindik ez du baietza eman. Ezetzik ere ez.

      Doinu monokordean eman zion programaren berri, errezitatzen bailebilen, gaizki errezitatzen. Peter Zuazok nahikoa zekiela erabaki zuen, nahiz eta Vladimir Axularren arrasto txikienik ere ez izan. Gustura entzun zuen Pedro Lemebelen izena. Ez zuen uste jardunaldietan izango zenik, baina, gutxienez, hasiera-hasieratik ezetz borobila eman ez izana, zerbait zen jardunaldi horien alde. Besoa emango zukeen Pancho Rodriguezek nola eman zuen baietza jakiteagatik, baina eutsi zion, ez zuen ezer galdetuko. Peter Zuazok nahastu egiten zuen jardunaldiekiko indiferentzia Odile Moresekikoarekin. Haiekiko jakinmin eza aurrean zeukan emakumearekiko indiferentziatzat har zitekeelakoan. Esan gabe doa oker zebilela. Gainera oso litekeena da ordurako Odile Mores bere solaskidearen ahaleginek indiferente agertzeko benetan ezkutatzen zutenaz jabetuta egotea. Horregatik edo dena delakoagatik, Odile Moresek Zuazorekiko zuen jakinmina beste zerbaitetan ari zen bilakatzen. Jakinmin hutsari beste osagairen bat hasi zitzaion batzen. Jakinmina, nolabait esateko, eremu intelektualetik beste batera ari zen hedatzen. Pertsonaren jakinmina ez dutenean ikusmenak eta entzumenak asetzen gertatzen da hori. Objektua jaki bat, makina bat, pertsona bat, edozer izanda ere. Hurbilagotik ezagutzeko premia.

      — Topaketak topaketa, Peter, gauza bat aitortu behar dizut: jakinmina sortzen duzun pertsona iruditzen zatzaizkit.

      — A bai? —desarmatu samar Zuazo, ez baitzuen halakorik espero.

      — Bai —doinu eztiz Odile Moresek.

      Eskua gizonarenaren gainean jartzeko bulkada izan zuen, baina, Topaketan parte hartzera konbentzitu zueneko unea gogoan, ez zuen egin. Ahotsak egin beharko zuen ukimenaren lana, ahotsak eta begiradak.

      — Ez nuen uste.

      — Ba oker zeunden. Nolakoa da anakoretaren bizitza?

      — Aspergarria.

      — Hori uste nuen. Eta idazlearena?

      — Hori ez dakit. Tarte labur batez baino ez nintzen izan idazle, aspaldi.

      — Bada, tarte horri esker ezagutu dugu elkar.

      — A bai?

      — Bai. Zure liburuak jarri ziren Desegokituen Elkarteko bilera batean. Eta batak bestea dakarrenez, ba hemen gaude.

      Bere irribarrerik ederrena jarri zuen azken esaldia ebakitzeko. Zuazo ordurako erabat desarmatuta zuen Odile Moresek. Aspaldi ahaztuta zeukan emakume harengan ñabardura nardagarriren bat bilatzeko lana. Aspaldi ahaztuta gorroto zuen giro bateko kafetegia batean zeudela. Are ahaztuago Purgatorioan lehenengoz Odile Moresekin egon zenean bere buruari jarri zizkion autokontrol ariketak. Peter Zuazo, hasierako lakonismoa gora behera, gustura zegoen, lasai, inolako oholesirik eraiki gabe bere inguruan. Natural begiratzen zion begietara, ezpainetara, bularraldera, eskuetara. Jakinmina sortzen duen pertsona dela aitortu zionean, Zuazoren egoak hamarkadetan usaindu ere egin gabeko gailurra zapaldu zuen.

      — Aizu, Peter, esan behar dizut zure liburuak Aretxabaletak ekarri zituenean ezagutu nituela. Eta niri gehien gustatu zitzaidan ipuina Irakurle mozkortia izan zela.

      Irribarre abegikor batez entzun zion Zuazok. Postariaren mendekua-z, ipuinaren autobiografikotasunaz alegia, galdetuko ziola uste zuenean, hara non, Irakurle mozkortia aipatzen zion.

      — Gaur egun urruti sentitzen naiz liburu haietatik. Ez dakit nola azaldu...

      — Gaur ez zenukeela halakorik idatziko?

      — Hori ere bai, baina ez hori bakarrik. Ez dut atsegin ipuin horiek gogoratzea. Norbaiti soldaduskaz edo seme-alabez hitz egiten entzutean sentitzen dudana sentitzen dut. Zerbait desatsegina.

      Odile Moresek ez zion galdetu ea Postariaren mendekua benetan zen autobiografikoa, bere osotasunean alegia. Zuazok pentsatu zuen ordurako Odile Moresek jakinaren gainean egon behar zuela. Bere sasoian, lehenengo Ttu-Ttuá-rekin eta gero liburuarekin batera zabaldu zen zurrumurrua, ipuina mendekua zela, pertsonaiak pertsonak zirela, bakoitza bere izenarekin, hori guztia ezagutu behar zuela. Ez zekiena zen Postariaren mendekua bezain autobiografikoa zela Irakurle mozkortia.

      — Eta nolatan jarri didazu hitzordua kafetegi honetan? Inguru hauetan ibiltzen al zara? —aldatu zuen gaia Odile Moresek.

      — Esango banizu ez zenidake sinetsiko.

      — Egizu proba.

      Hitzak aldakak bezain limurtzaile kulunkatzen zituela pentsatu zuen Zuazok. Zintzotasun oldarraldi baten menpe zegoen. Ezin ulertu bestela Odile Moresek eskatzen ziona egiteko zuen aldartea: zergatik jarri zion hitzordua kafetegi hartan kontatzeko gogoa. Nolabait leundua bazen ere.

      — Beste giro batean ikusi nahi zintudan.

      — Zurean?

      — Nik uste nuen beharbada hemendik ere ibiliko zinela.

      — Ba, ez. Baina zergatik beste giro batean?

      — Beste modu batera ikusi nahi zintudalako.

      — Ea eszena aldatuta ezberdin ikusten ninduzun.

      — Horrelako zerbait.

      — Zergatik ikusi nahi ninduzun beste modu batera?

      — Zehatzago esateko, ea beste modu batera ikus zintzakedan ikusi nahi nuen.

      — Eta lortu duzu?

      — Ez.

      — Galderak erantzun dizkidazu, Peter, baina ez didazu ezer argitu.

      — Ez zen nire asmoa. Nik, ordea, alderantzizkoa esango nuke: galderak ez dizkizut erantzun, baina ezer baino gehiago argitu dizut.

      — Berriro hasi beharko dugu, Peter.

      — Has gaitezen, bada. Baina hobe beste leku batean —proposatu zion Zuazok abiada hartuta—. Zarata gutxiago dagoen leku batera joan gaitezke.

      Zuazok ez zekien ezer Odile Moresen bizitzaz. Une hartan, esate baterako, ez zekien bakarrik bizi zen edo beste norbaitekin, bikotekiderik zuen ala ez. Une hartan garrantzia zuten gauza horiek. Odile Moresek, ordea, bazuen Zuazoren bizitzaren berri. Bakarrik bizi zela, anakoreten moldean-edo, ia ziur ez zuela bikotekiderik. Une hartan garrantzia zuten gauza horiek. Eta Peter Zuazori hartutako abiadurak ez zion eragozten han zurera edo nirera delako kontu horrek ez zuela zentzu handirik. Berari zegokion gonbidatzea. Odile Moresen irribarreak atea zabalik, edo erdi zabalik, zegoela adierazten zion. Zatoz nirekin etxera, Peter, entzuteagatik besoa emango zuen Zuazok. Nire etxera joan gaitezke esatera zihoan, Odile Mores hitz egiten hasi zitzaionean.

      — Joango nintzateke —irribarreari eutsiz, baina etsipen printza bat gehituz, ahoskatu zituen bi hitzok eta isilunetxo bat tartekatuz, jarraitu zuen—, baina orain ezinezkoa zait.

      Odile Mores isildu egin zen. Lehen unean begirada jaitsi zuen eta Zuazoren eskuetara begira geratu zen. Orain hitza anbiguo samar begitandu zitzaion Zuazori. Berdin egin ziezaiokeen erreferentzia momentuari, egunari edo epe labur edo ertain bati. Beste besoa emango zukeen hitz horren esanahi zehatza jakiteko, baina ez zuen aditzera eman nahi zenbaterainoko gogoa zuen Odile Moresekin zarata gutxiago dagoen leku batera joateko.

      Elkarrekin irten ziren kafetegitik, Peter Zuazo aurrean zela, ez baitzuen Odile Moresen aldaka kulunkatzea ikusi nahi. Peter Zuazo auzora eramango zuen autobusa geratzen zen markesinan agurtu zuten elkar. Bi musu masailetan, emakumearen ekimenez. Odile Mores urruntzen ikusi zuen Peter Zuazok. Haren aldaken kulunka nahikoa dastatu eta gero zuzendu zuen begirada beste aldera.