Postariaren mendekua
Martzanatik bakoitzak bere etxerako bidea hartu zuen. Josebak izan ezik.
Aretxabaleta hausnarrean zihoan, halako moldez non, Erribera gurutzatzean ez zen ohartu semaforoa gorri zegoela. Auto baten balaztadak atera zuen zakarki bere baitatik. Gidaria, ia gorputz erdi leihotik aterata, oihuka hasi zitzaion. Aretxabaleta aurrez aurre autoari begira geratu zen gidari suminduaren odola hoztu arte. Klaxonen hotsak in crescendoan, hiriaren polifonia desarmonikoa. Giroa erabat petraldu zenean, artean semaforoa gorri oinezkoentzat, aurrera egin zuen pauso motelean. Kalearen beste aldera iritsi orduko semaforoa gorri jarri zitzaien autoei. Klaxonen sinfoniak gailurra jo zuen.
Aspaldian ezeren antolakuntzan ibili gabe, indarberrituta zihoan Aretxabaleta Zabalbiden gora balizko topaketa edo jardunaldiak buruan. Zein izen jarri, nortzuk gonbidatu, non eta noiz egin, leloa, kartela, hedabideen aurrean aurkeztu. Hau guztia zebilkion buruan nahas-mahasean. Utzi berri zuen taldeak ez zion konfiantza handirik ematen, bai, ordea, Kattalinengandik jaso zuen sostenguak. Odile Moresek ez zuen ezer garbirik adierazi jardunaldiak antolatzearen inguruan, hala ere bere aspaldiko lagunaren babesa ere jaso zezakeela uste zuen Aretxabaletak, ez baitziren alferrik elkarrekin ibili irrati libreetan, bakoitza bere auzoan. Oraindik, eta ikusiak ikusiagatik ere, sinetsi nahi zuen horrek arrastoa uzten duela. Batzuetan bederen.
Avernoko Ahotsak. Horrela deitzen zen Aretxabaletak egiten zuen irratsaioa Ezkila Irratian. Poesia baino ez esaten zen programaren sarreran. Ahots ederra zeukan orduan eta, garrantzitsuena, bazekien erabiltzen. Gaur egun kraskatuagoa da, ez baita makala eztarriek jasaten dutena, batzuek besteek baino gehiago, urteen joanarekin. Ahots ederra gisa hartako saio baterako. Ostegun gauetan emititzen zen, hamaiketatik hamabietara bitartean, guti goiti beheiti, lubakipunk magazinearen ostean. Avernoko Ahotsak. Poesia baino ez. Hitz horiekin hasten zen programa. Soilki. Hitz soilen ostean, Ruper Ordorika Herdoilarena kantatzen.
Poeta agrafonikoa. Horrela deitzen zion Mario Castetek. Maisuki errezitatzen zituelako poemak edo hitz laua irakurtzen. Ez zuelako idazten. Horrela deitzen hasi zitzaion kolaboratzaile egin eta gero, Avernoko ahots bilakatu ostean. Saioak hasi eta lasterrera entzule fidel batzuk lortu zituen, telefonoz deitzen duten horietakoak. Lau ziren, beti berberak. Hauetariko emanena, bere ekarpenengatik, Mario Castet zen. Burutsuak ziren bere iruzkinak, hasiera batean saioan entzuten zituenari buruzkoak. Laster, ordea, jauzi bat eman zuen: berak han eta hemen bildutako poemak ekarri zituen telefonoaren beste aldetik. Orduan Aretxabaleta zen iruzkinak egiten zituena, burutsuak gehienetan. Bistakoa zen Mariori ez ziola gehiegi axola Avernora deitzen egiten zuen gastu telefonoarekin. Izan ziren saioren batzuk zeinetan Mariok zirudien gidaria eta Aretxabaletak kolaboratzailea. Horretaz jabetu zenean erabaki zuen Aretxabaletak hura estudiora eramatea.
Entzunaren entzunez, irudi bat osatzen dugu ahotsetik abiatuta, ez oso zehatza agian, baina gorpuzkera bat ematen zaio bederen, tankera bat. Izaera bat ere bai, hau ere ez oso zehatza beharbada, baina nortasun bat azken batean. Mario Castet ez zen ahotsak iradoki zezakeena, ez behintzat Aretxabaletarentzat. Ehun kilotik gorako gizasemea agertu zitzaion irratian praka bakeroz eta guayaberaz jantzita, urdintzen hasitako ilea kiribil txiki eta berdintsuetan, lehorgailuari barreiatzailea jarrita baino osatu ezin diren kiribilak. Adostutako hitzordua baino ordubete geroago azaldu zen, programa hasita zegoela. Hortaz, aurkezpen agurrak airean zeudela egin zituzten.
— Gaur ere gurekin eta lehenbizikoz estudioan Mario Castet dugu. Hala uste dut behintzat —ekin zion Aretxabaletak, artean Mario bere bizkar-zorrotik liburu eta paper mordo bat ateratzen ari zela.
— Halaxe da. Patxi Aretxabaleta, ezta?
— Bai. Urte askotarako.
— Barka atzerapena.
— Izan ere, gure kolaboratzaile behinena ordubete berandu iritsi zaigu.
— Zer jantzi erabaki ezinean ibili naiz.
Lehenengo egun hartan Mario Castet poeta infrarrealistei buruz aritu zen. Mario Santiago Papasquiaroren poema bat irakurri zuen eta, hori abiapuntu, infrarrealisten gaineko hitzaldi xelebre bat eman zuen. Saioa amaitu orduko bi kontuz ohartu zen Aretxabaleta: estudioan sartu zenetik Mariok gidatu zuela saioa eta, ziurrenik horren ondorioz, saioak berak ohi zituen erritmoak, musika tartekatzeari dagozkionak esaterako, hankaz gora jarri zituela. Ñabardura bat ere gehitu zion arrazoiketari, alegia, saioaren erritmoaren eraldatzea bera, Aretxabaleta, gidari berriaren mintzoak liluratu zuelako gertatu zela, ausaz. Harrezkero bi arazo horiek ekiditen saiatu zen. Arrakasta maila gorabeheratsua izan zuen zeregin horretan. Elkarrekin egindako lehenengo saio haren ostean trago batzuk hartzera joan ziren. Uste dut hau adiskidetasun handi baten hasiera dela, esan zion Mariok bakoitza bere etxerako bidea hartzera zihoala. Eta halaxe izan zen, harik eta, urte gutxiren buruan, Mario Castet ETBn hartu zuten arte. Mario laster hasi zen pantailan agertzen eta, pantailan hazi ahala, enkontruak bakantzen joan ziren, erabat desagertu arte.
Tandem bikaina osatu zuten elkarrekin jardun zuten bitartean. Irratigintzaren historiak jaso beharko lituzkeen, baina jasoko ez dituen, pasarte gogoangarriak utzi zituzten elkarlan hartan. Irratigintzaren historiak eta, beharbada, poesiarenak ere bai. Bat aipatzeagatik, Mario Santiago Papasquiarori egin zioten elkarrizketa. Kontua da Mario Castet Mexicon ibili zela hirurogeita hamarreko hamarkada amaieran. DFko leku zehatzezin batean, tabernazuloren batean ziurrenik, poesia errezitaldi bat entzun zuen. Eta liluratuta egon omen zen entzunaldi osoan, tekila botila bat aurrean. Papasquiaro izan omen zen ekitaldiko zeremonia-maisu. Edonork irakur zezakeen poltsikoan paper tolestuan edo zimurtuan gordeta ekarritako poema. Baita, Mario Castetek berak egin zuen bezala, mahai batean pilatuta zeuden orrietako bat hartu eta han idatzirik zetzan poema irakur zitekeen. Antro hartatik Correspondencia infra aldizkariaren bi alerekin eta bera ere infrarrealista eginda irten zen. Lehenengoz estudiora joan zen hartan, aldizkariok zeramatzan bizkar-zorroan. Mario Santiago Papasquiarori elkarrizketa laneko telefono batetik egin zion, Bizkaiko Foru Aldundian bedel lanak egiten baitzituen tarteka, norbaitek gaixotasun-baja hartzen zuenean-eta. Elkarrizketa sasoiko kasete haietako batean grabatu zuen eta gero Avernoko Ahotsak-en emititu zuten.
Castet eta Aretxabaletaren artean ahokadura poetikoa gauzatu zen. Ahokadura poetiko emankorra. Casteten bitartez ezagutu zituen Aretxabaletak gazteleraren eta frantsesaren lurraldeetako hainbat poeta, eta Aretxabaletaren bitartez Castetek ingelesaren lurraldekoak. Euskararen lurraldea biek zapaltzen zuten. Ez, hala ere, beti bide berberak. Esaterako, Castetek eraman zuen behinola estudiora Peter Zuazoren Uzkitik isuritakoak, liburua erosi zuten berrogeita bat irakurle haietako bat baitzen. Aretxabaletak ez zekien haren berririk.
— Euskal infrarrealista bat. Aurkeztu zion liburua Castetek.
— Ez nekien honaino iritsi zenik mugimendua —aipatu zuen Aretxabaletak.
— Nik ere ez. Zuazok berak ere ez —argitu zion Castetek.
Handik lasterrera, urtebetera gutxi gorabehera, Postariaren mendekua argitaratu zuen Ttu-Ttuá aldizkariak. Avernoko Ahotsak-era gonbidatzea erabaki zuten. Aldizkariaren bitartez lortu zuten Peter Zuazoren telefonoa. Eginahalak eginagatik ere, ez zuten lortu saiora joan zedin konbentzitzea. Bestelako aukerak ere eskaini zizkioten, berak aukeratutako toki batean elkarrizketa bat grabatzea edo afari bat egitea kasu, baina dena alferrik. Ez iezadazue berriro deitu hiru aldiz jarraian errepikatu zienean, bertan behera utzi zuten ahalegina. Afera hartatik irabazi bat atera zuen bederen Aretxabaletak. Uzkitik isuritakoak liburuaren ale hura bere eskuetan geratu zela. Castet ez zen liburuak ahazten zituen horietakoa, are gutxiago bakan eta bitxiak. Dohaintzan eman zion Ezkila Irratiari, jakinean, noski, Aretxabaletari oparitzeko modu bat baino ez zela keinu hori.
Etxera heltzerako erabakita zeukan Aretxabaletak Peter Zuazo jardunaldietara gonbidatzea, gainontzekoek egoki irizten bazioten beti ere. Apalategira jo zuen eta han zeuden. Uzkitik isuritakoak eta Postariaren mendekua, azken hau berak erosia. Biak hartu zituen eta sofara iritsitakoan oraindik erabaki gabe zeukan zein zabaldu lehenengo. Gehiago gogoratzen zuen poesia ipuinak baino, gogoratu baino gehiago hurbilago sentitzen zuen. Ipuin liburua zabaldu zuen, bestea ere altzoan zeukala. Postariaren mendekua.
«Barrenetxea putasemerik handiena zen. Langile guztiok, menpean zituen langileok, berdin gorrotatzen gintuen. Berdin samar. Denok gorrotatu izan bagintu berdin-berdin agian ondorioak ez ziratekeen izan zirenak. Batzuk besteak baino gehiago gorrotatzen zituen, beraz. Ni batzuen artean nengoen. Gorrotatzeko irizpidea ez zen hierarkikoa. Izorratzen zuen bulegoan lan egiten zuena, izorratzen zuen kalea egiten zuena, izorratzen zuen egun batzuetarako etorritako behin-behinekoa edo garbitzailea.
«Ez ginen asko. Bulegoan hiru, biltegian zakuak husten eta betetzen eta sailkatzen beste hiru eta kalea egiten bost. Premien arabera, kalea egiten genuenok lagun genezakeen biltegian, biltegikoek kalean zein bulegoan, bulegokoek biltegian. Hamaika ginen. Barrenetxeak fineziaz lantzen zuen gaiztakeria, areago, bazekien gozoa izaten. Are gehiago, pertsona gozoa izaten zekien. Eztiak zituen mintzoa eta manerak oro har.
«Okotza hain irtena izan ez balu aurpegiz edertzat joko genuke. Okotzak desorekatzen zuen beste guztiaren harmonia: nik ezagutzen ez dudan izena izango duen kolore argiko begiena, belarriena, bekokiarena. Gizon lerdena zen, edonola ere.
«Hasiera batean edonori irudituko zaio gizon adeitsua, atsegina. Denborak aurrera egin ahala, antzemango dio bakoitzari bere puntu ahula. Puntu horretan eta bere inguruan sakatuko du. Orduan, une horretan, bere agindu gaizto bat edo iruzkin mingarri bat jasotzen duen horrek pentsatuko du nagusia ez dela beti hain maitagarria. Badakiela putaseme bat izaten, batzuetan. Momentuz hori pentsatuko du: putaseme, batzuetan dela. Azken batean nagusia da. Erasoak ugaritzen diren heinean, Barrenetxearen manerak higuina ematen hasiko zaizkio. Honen guztiaren bilakaerak puntu jakin batera garamatza, alegia, nagusia ez zaiola putaseme bat batzuetan begitanduko, beti baizik. Areago, hasiera batean eztiak iruditu zitzaizkion manerak gero eta itsusiago egingo zaizkio, nazkagarri izatera iritsi arte. Nagusiaren gozotasuna gorrotatzen hasiko da erasoak jasaten dituen menekoa. Gerta daiteke gozotasuna bera gorrotatzera heltzea. Aukera hau saihestea lortu dut, momentuz. Uste dut».
Bere lan-curriculum luzean ezagutu zituen Aretxabaletak gisa hartako nagusiak, ugazabak zein arduradunak. Ez zuen, hala ere, mendekurik hartu. Egin zuen nagusien gehiegikerien aurka, egin zuen borroka sindikala, aitzitik, lerro haiek irakurrita, damu zen Zuazok ez bezala mendeku pertsonalik hartu ez izanaz. Thomsonen lanean zebilela zuzendaritzako kide batzuk bahitzeko puntuan izan ziren, baina, sindikatuak medio, atzera egin zuten azkenean. Zuazorena baino ekintza egokiagoa klase ikuspuntutik, pentsatu zuen. Egin izan balute. Ezin jakin Zuazorena bezalako ekintza pertsonalizatuak eman ziezaiokeen asebetetze mailara iritsiko zen. Ez zen urruti ibiliko.
Irakurketara itzuli zen. Ez erabat. Hurrengo lerroak, zeinetan Barrenetxeak Zuazori eragindako umiliazio zenbait kontatzen diren, azaletik irakurri zituen. Burua nagusi ohiei egingo ziezazkiekeenak urkultzen ibili zitzaion, arreta aurrean zituen lerroetara itzuli zen arte.
«Ez dut uste laidoen zerrendan aurrera egitea beharrezkoa denik aditzera emateko nola joan zen gorpuzten ene baitan Barrenetxearekiko gorrotoa. Ez nintzen bakarra. Aurpegietan nabaritzen nuen hitzetan baino gehiago. Hitzak urri. Ez zen harritzekoa, Hitlerren kartelaren aferaren ostean. Goiz batean aurkitu genuen atean kolaz itsatsita. Führerraren irudi ezagun bat, baina Adolfen aurpegiaren lekuan Barrenetxearena. Jopu maiteok, zuen onerako bada, edozer egiteko prest nago, zeuok akabatzea barne. Hori zen Adolf Barrenetxeak zioena argazki hartan. Inork ez zuen kendu, batek baino gehiagok egingo zukeena lekukorik izan ezean. Ez, halabeharrez, nagusiarekiko sinpatiagatik. Gehienok, ia denok, plazera sentitzen genuen kartela ikustean Barrenetxeak sentituko zuenaz pentsatzean. Denok ginen ondorioen beldur. Batzuengan plazera nagusituko zen, besteengan beldurra. Barrenetxea, egunero legez, azkena iritsi zen bulegora. Aurpegian zintzilik zekarren irribarre toleranteak nabari utzi zuen afixa ikusi berri zuela. Hiruretan gurekin hitz egin nahi zuela iragarri zigun. Goiza batarekin eta bestearekin solasaldi laburrak eginez eman zuen. Gainontzekoengandik urrutien zegoenarengana hurbildu eta zertxobait hitz egiten zuten. Barrenetxea baxu mintzo zen, inguruetan zebiltzanek entzun behar ez zuten zerbaiten gainean bailebilen. Honek solaskidearen moduak ere baldintzatzen zituen, halako moldez non elkarrizketa intimo bat zirudien. Niregana ere inguratu zen. Zer moduz? Ondo. Eta bizkarreko minak? Hainbestean. Zer zen, hernia? Bai, diskoko hernia. Pozten nau zu hemen izateak. Azkeneko esaldia pitin bat ozenago, eskua sorbaldan jarrita, ferekatik zapladatik baino hurbilago zegoen kontaktua.
«Hirurak dira. Langileok oro gaude nagusiaren zain. Isilean. Begiradak, ordea, ozen. Denengan egonezina, larridura. Gehienengan mesfidantza, hainbatetan nagusiarekin izandako banakako elkarrizketen eraginagatik. Hormako erlojuan minutu bat pasatu denean hiruretatik, bere bulegotik irteten da Barrenetxea. Irribarretsu.
«Kartelarena ez da txarto egon. Gure artean adarjotzaile bat izateak mesede egin liezaioke lanari eta zerbitzuari. Nahiko nuke jakin nor izan den bostekoa eta zorionak emateko. Egia esan, ia ziur naiz nor izan den. Dena den, ziur egon bitartean, berandu baino lehen gertatuko dena, zorionak ematen dizkiot. Hitler bat egitea gehiegitxo ere iruditzen zait, baina bulegoburu batek, edozein giza taldeko buru batek, prest egon behar du halako eztenkadak jasotzeko. Nagusia pareka daiteke batekin edo beste batekin, baina ez dira gauza bera Hitler, Olarra edo Thatcher. Edozein modutan, zorionak.
«Biharamun goizean Adolf Barrenetxea Thatcher anderearekin larrutan ageri zen atean itsatsitako afixan. Zorionaaaak, oraingoan ia-ia, zioen, hizkiak urtzen ari direla dirudien letra moldez, Margaretek, partenerrak gerriko-kontsolagailuarekin sartzen zuen bitartean. Zorionak egileari, esan zuen, ez aurretik atzera begiratu gabe, Jose Luisek, kalea egiten zuenetako bat, bulegoan sartu zenean. Bezperan bezala, Barrenetxea azkena izan zen eta, bezperan bezala, kartelaren puxka batzuk zekartzan eskuan, itsatsi zuena ezinezkoa baitzen osorik kentzea. Aurreko egunean bezalatsu ibili zen goizean, honekin eta harekin, urrutiratuenekin, solasaldi laburrak eginez. Aurretik hitzordurik jarri ez zigun arren, hiruretan, bezperan bezalaxe, antzeko manerez, baina beste tenore batean, hitz egin zigun.
«Zorionak berriro gure kartelgileari. Baita ere, bulegora iristean hura zoriondu duenari.
«Engoitik lanera lehenengoa iristen hasi zen. Ez zituen irribarrea eta manera eztiak galdu. Gu izorratzeko jarduna areagotu egin zuen. Nik ezin nuen bere presentzia jasan. Presentzia hori jasanezina egiten hasi zitzaidanean presentzia fisikoa baino ez zen jasanezin egiten zitzaidana, inguruan nuenetan beldurra eta akabatzeko gogoa pizten ziren nire baitan. Berandu baino lehen, presentzia fisikoa ez ezik, existentzia, Barrenetxearen existentzia, hasi zitzaidan pairaezina egiten, planeta berean bizitzea, nolabait esateko. Hori gertatu zen biltegiko apalategi bat hustu eta urrunen zegoen hormaren kontra paratzeko agindu zidanean. Hustea zakuak eta sailkatutako gutunez beteriko zurezko kaxa luze bezain astunak lurrera jaistea zen. Izerditan blai eta gerriko minez nengoen amaitu nuenean. Hauspoa bere onera etorri zain nengoela, Martin iritsi zen kaleko banaketa egitetik. Laguntza eskatu nion unean sartu zen Barrenetxea biltegian. Martin, zatoz nirekin, lantxo bat daukat zuretzat. Honi lagundutakoan egingo dut, erantzun zion lankideak. Ez, zatoz oraintxe, hau moldatuko da-eta apal ziztrin horiekin. Obeditu egin genion. Ziztrina? Putaseme alaena. Burua makurtu berri egiten diren lanak nekezago egiten dira. Pinu zurez egindako apalategitzar hura mugitzen niharduela, dirudienez diskoak indarrez sakatu zion nerbioari. Seko geratu nintzen, ez atzera ez aurrera. Minik handiena gerrian, baina suge bat bezala egiten zuen gorantz garondoraino. Anbulantzian atera ninduten bulegotik.
«Etxean egin behar izan nuen egonaldian, lehenengo bi asteak ia egun osoa etzanda, konturatu nintzen Barrenetxearen presentzia ez ezik, existentzia bera egiten zitzaidala pairaezin. Arazoak konponbide bi zituen: biotatik batek existitzeari uztea. Arrazoiak oro alde batera lerrokatu ziren: nagusia zen sobera zegoena. Ez nintzen berarengana joan eta akabatzeko gauza. Ez gogo faltagatik. Banekien, nahiz eta bat baino gehiago poztu, gizartearen izenean zigorra jasoko nuela estatuaren aldetik. Beste era batera esanda, zigor horretatik libro, nolabaiteko kortso baimena izanez gero, izan nintekeen Barrenetxea garbitzeko gai. Behin baino sarriago, irudimena aske, osatu nuen eszena. Batean eskopeta batekin, beste batean harritzar batekin buruan jota, aiztoz ere bai inoiz. Amesgaiztoetan, ostera, ekintza horren ondorioz gerta zekizkidakeenak gailentzen ziren. Horregatik ziren amesgaizto.
«Ez hiltzetik ezer egin gabe geratzera tarte handia dago. Plazer handiz lagunduko niokeen Barrenetxeari heriorekin bat egin zezan. Ez dut uste, hala ere, Barrenetxea heriotza gogoz zegokeenik eta, hala balitz, ez zidakeen niri deituko laguntza eske. Nik, ordea, parte hartze zuzena izan nahi nuen putaseme haren heriotzan. Ez nuenez horretarako ausardiarik, mina beste nolabait eragitea erabaki nuen, beti ere neure burua arriskuan jarri gabe, tamaina batetik gorako arriskuan bederen. Irudimenak egoera perfektua iradokitzen zidan, zeinean, nire jazarpenaren ondorioz, Barrenetxeak bere buruaz beste egiten zuen trenbidean.
«Ez nekien gauza handirik nagusiaz. Bi alaba zituela, ezkonduta bizi zela, ez, ostera, non bizi zen. Ezta beste ezer ere. Informazioa eskuratu behar nuen haren bizimoduaz, ahal zenik eta gehien, gutxienez alde ilunen bat aurkitu arte. Zelatatu egin beharko nuen. Mozorrotu egin beharko nintzen. Beharbada, pentsatu nuen, honek ez dauka alde ilunik. Horrenbesterainoko kabroia ote? Telefono gidan aurkitu nuen haren bizilekua. Barrenetxea Atxotegi, A., Iturriaga 92. Bulegotik ordu laurden oinez. Eta kabroia egunero joaten zen bere autotzar galantean.
«Behar nituen arropa eta osagarriak eskuratuta, bi pertsonaia osatu nituen mozorrotuta ibiltzeko. Bata, naizena baino zaharragoa, Joanes izenekoa, bestea naizena baino gazteagoa, Jimmy. Biak herrenak».
Zuazok bi pertsonaia horietan antzaldatuta egin omen zituen zelatari lanak irakurtzen hasi orduko, berriro aldendu zitzaion Aretxabaletari arreta aurrean zituen lerroetatik. Eta, irakurtzeari utzi gabe, Previsora Bilbaina aseguru etxeko langile zela izan zuen nagusia zelatatzen irudikatu zuen bere burua. Izan zituen nagusien artean hura baitzen Barrenetxearen antz handiena zuena. Norbaiti molde pertsonalizatuan kitatzekotan zorrak, harixe kitatuko zizkion.
«Ez zen, ordea, aintzakotzat hartzeko ezer gertatu. Ezta ondorengo egunetan ere. Zehaztasun osoz landutako errutina bat egiaztatu zuten zelatariek. Ezer ezkutatzekorik bazeukan, ez Joanesek ez Jimmyk ez zioten antzeman. Larunbatetan egunkaria eta ogia erosi eta paseo bat egiten zuen auzoan, pare bat ordu iraun zezakeena eta, hutsik egin gabe, txakolin bat hartuz amaitzen zuena. Bakarrik. Ez zen inoiz inorekin geratzen hitz egiten. Bakarren bat agurtzen zuen. Ziurrenik ikusiaren ikusiaz hartutako ohituragatik, izan zitekeen arren bere atariko norbait edo alabaren baten ikaskideren gurasoren bat. Arratsaldean emaztearekin eta alabekin irteten zen. Zabalgunera joaten ziren paseoan. Sekula ere ez beste inorekin. Txokolatea txurroekin hartu eta, oinez berriro ere, etxera. Igandeetan, hutsik egin gabe, emaztearen amaren etxera joaten zen laukotea bazkaltzera, Bakixako baserri batera. Paraje horretan ezinezkoa da, gutxieneko diskrezio batez, inor zelatatzea. Hala eta guztiz ere, ez nuen uste merezi zuen ezer aurki nezakeenik baserri haren inguruetan.
«Hogeita bost eguneko jazarpenak horixe eman zuen: orbanik gabeko errutina morbidoa. Egunak neramatzan jazarpena eten behar nuela pentsatzen. Hala ere, hurrengo eguna, hogeita seigarrena, larunbata zenez, laugarren larunbata, bada jarraitzea erabaki nuen. Egun bat gehiago gutxienez. Gero pentsatuko nuen zelatatzea etetea edo moteltzea».