Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Esan dezagun

 

 

— Nondik atera da Roman hori?

      — Antzinatik. Antzinarotik.

      Martzanatik hurbil bizi ziren Odile Mores eta Kattalin. Lagunartea utzi orduko egin zion galdera Kattalinek. Lagun agurtu berriei buruz hitz egiteko unea zen. Hirugarren bati buruz iruzkinak egitea modukorik ez dago norbere berri emateko. Hori dakitenen artean daude bi emakumeak. Baina ez duzu horretaz pentsatzen, jakin arren.

      — Ez neukan bere berririk.

      — Zorionez ez dugu batak bestearen biografia xehetasun guztiekin ezagutzen —argitu nahi izan zion Odile Moresek lehenbizi eta, ez zuenez nahi Kattalin temati jar zedin, jarraitu egin zuen—: Batera hasi genuen karrera. Gero pista galdu nion.

      Gero hori anbiguo samarra iruditu zitzaion Kattalini. Ez zuen, ordea, xehetasunik eskatu. Karrera Sarrikon hasi zuten, Zientzia Ekonomikoak. Odile Moresek urterik galdu gabe amaitu zuen. Roman lehenengo urtetik hasi zen estropezuka, pare bat urte errepikatu zituen, gutxienez. Familia onekoa izaki, hori ez zen eragozpen izan lan munduan beheko mailak zapaldu gabe sartzeko. Odile Moresek ez zuen gogoratzen Sarrikokotik alde egitean zein mailatan zebilen Roman. Ezta ikasketak burutu zituenik ere. Ordurako galdua baitzion arrastoa.

      Lagunak izan zirela esatera zihoan, baina ez zuen egin. Taberna eta giro bertsuetan ibili ohi ziren, elkarrekin ere bai, beste lagun batzuekin beti, sekula ere ez buruz buru. Oheratu zen Odile Moresen adiskideren bat Romanen adiskideren batekin. Eurak ez. Izan zitzaketen antzeko gustuak, gustu batzuk beharbada, gazte sasoian bederen, baina, aldi berean bazen gehiago hurbiltzen uzten ez zien indar bat. Gehiago zeukana munduan egoteko moldetik mundua ikustekotik baino. Esan nahi baita, Odile Moresek bazuela munduan egoteko modu bat, zenbait arlotan estandarretik kanpokoa. Eta, horren kausa edo ondorio den eztabaidan sartu gabe, munduari begiratu egiten ziola, atsegin ez zituen alderdi ugari ikusten zizkiola. Honetan guztian izango zuen zerikusiren bat txikitatik aitarekin izandako harreman gatazkatsuak. Haren aginduetara ez egokitzeak liskar ugari eragin zituen bien artean eta tirabira iraunkor horrek trebakuntza galanta eskaini zion Odile Moresi autoritatearekiko hausnarketa eta estrategiak lantzeko, ez beti zilegiak, ez objektiboak, ez zintzoak. Baina hori beste kontu bat da. Hemen argitu nahi dudana da umetatik izan zituela zailtzera eraman zituen bizipenak. Beste bat aipatzeagatik, beste bat baino ez, hamar urte zituela poliomielitisaren birusak harrapatu zuela gogora daiteke.

      Roman ere munduan zegoen, noski. Ez zen, ordea, ezertan estandarretik kanpo ibiliko. Ertzetan ere ez. Hortaz, ez zion munduari begiratzen. Aurrean zeukana ikustera mugatzen zen. Gehiago begiratu gabe, esaterako lehen planoan dagoenaren atzera begiratu gabe. Bata indar zentrifugoaren eta bestea zentripetoaren eraginpean egotetik sortzen zen aldarapen-indarra zegoen bien artean.

      Urte mordoa igarota, bizitza erdi, indar hori hor zegoela baieztatu zuen Odile Moresek. Poztu egin zen zubian ikusi zuenean, hori horrela da. Harritu ere bai, normala den bezala bizitza erdian ikusi ez duzun lagun batekin topo egiten baduzu. Pena ere nahastuko zen hainbatetan. Ez zen gutxiagorako Romanek Mesedeetako zubian zeukan eite penitenteari erreparatuz gero. Honek guztiak eragin zuen Odile Mores ez jabetzea, hasiera batean, aldarapen-indarraren presentziaz. Hasiera labur batean. Gaztetan bezala, indar hori mugatua zen, nolabait esateko. Alegia, puntu batetik aurrera hurbiltzea eragotziagatik, urruntzeko ahalmena ez zen handiegia, distantzia bat sortzen zuen, zeinean gustura egotea posible zen, laguntzat funtzionatzea ahalbidetzen zuen. Odile Moresek ez zekien Romanek egiten zituen keinu batzuk ote ziren, baziren-eta atzerantz eragiten zioten bat edo bi. Ez zekien erabiltzen zituen hitzen batzuk izan zitezkeen, esaterako gauza bat esango dizut errepikatzea. Larunbat hartan lehenengoz entzun zionean oroitu zuen gaztetan makina bat aldiz entzundako lau hitz haiek sortzen zioten desasosegua. Bistakoa zen bizi osoa zeramala gauza bat esango dizut ezpainetan. Baina hori, berez, ez zen atzera eragiteko arrazoi nahikoa, jende askok baitzeraman esamolderen bat ezpainetan bizitza osoan, berak ere bai agian, nahiz eta une hartan ez zuen halakorik gogoan. Gogora etorri zitzaiona, ordea, unibertsitate garaiko ikaskide bat zen, beti siento decirte que hitz-betegarria zerabilena, hainbesteraino ezen Sientodecirte goitizena jarri baitzioten.

      Ahotsa ere izan zitekeen Romanengandik urruntzen zuena. Grabeegia bere gusturako. Batzuetan falsettoa zirudien. Ez, Kattalinek ez zekien honen guztiaren berri. Hala egokituz gero, beste gairen batek ordezkatzen ez bazuen, kontatuko zion etxera heldutakoan, afaria prestatzen ari zirela agian. Edo afalostean.

      — Zureganako interesa antzeman diot nik —ekin zion Odile Moresek pisuko atea irekitzen zuen bitartean.

      — Bai, konturatu naiz.

      — Zu eta beste guztiok. Beste guztiok diodanean ez naiz Patxiz eta Josebaz soilik ari.

      — Hain zen nabarmena? —galdetu zion Kattalinek oinetakoak eranzten zituen bitartean.

      — Batzuentzat besteentzat baino gehiago ziurrenik. Nik, esate baterako, mostradorean ikusi zaituztet, edariak eskatzera joan zaretenean.

      — Adi egon zara orduan.

      — Ez zegoen adi egon beharrik. Galdera bat egingo dizut —jarraitu zuen Odile Moresek egongelako mahai borobilean afaltzen hasi orduko—. Nik erabiltzen al dut, hitz egiterakoan, hizkuntza-tika edo horrelako zer edo zer, beti errepikatzen dudana?

      — Romanen gauza bat esango dizuten antzera?

      — Bai.

      — Utzidazu pentsatzen...

      Odile Moresek pentsatzen utzi zion, Kattalinek berak hizkuntza-tiken bat ote zuen bilatzeari ekin zion bitartean. Ez zuela erabaki zuen. Romanen inguruan ez zekiela ezer erabaki zuen bezalaxe. Ezezagun batekin egon zirela. Etxetik urrun sekula hitz bat gurutzatu ez duzun batekin topo egitean gerta daitekeen moduan hasi zirela solasean. Gogoratu zuen duela urte batzuk Parisen auzoko batekin egin zutela topo Kattalin eta biek. Goizero gurutzatzen ziren, Odile Mores ataritik kalera irten orduko lanera bidean. Ez zuten elkar agurtzen. Ez zekien ezer batak besteaz, ez behintzat Odile Moresek. Gizonak, gutxienez, Odile Mores zein ataritatik irteten zen bazekien. Parisen hitz egin zuten lehenengoz. Odile Mores eta Kattalin terraza batean zeuden gosaltzen gizona euren aurrean geratu zenean. Itxura batean oso pozik zegoen atzerrian auzokoak aurkitzeaz. Ez hainbeste emakumeak. Gonbidatu zuten zerbait hartzera eta eurekin jesartzera, baina emaztea hotelean zain zeukala esanez desenkusatu zen gizona. Urte mordo baten buruan gaztetako lagun batekin aurkitzea ez zen gauza bera. Hala ere, biak ziren ezezagunak erabat, egunero kalean ikusten zuen gizona eta bizitza erdian ikusi gabeko gaztetako laguna. Ez zekien Romanek zer egiten zuen, non eta norekin bizi zen, norbaitekin bizi bazen, seme-alabarik izan zuen, zer zaletasun zuen, zaletasunik izatekotan, mendia ala hondartza, pisua ala txaleta...

      Esan dezagun, beharbada —Kattalinek pentsatu eta gero.

      Esan dezagun? —galdetu zion Odile Moresek bere galderari erantzuten ari zitzaiola konturatu gabe.

      — Bai, hori da zure hizkuntza-tika.

      Odile Moresek pentsatu zuen esan dezagun hori, bestelako keinu batzuk bezala, atseginak zein gorrotagarriak izan daitezkeela hurbilekoenentzat, areago, atsegin izatetik gorrotagarri izatera igaro daitezkeela oharkabean, sekula ere ez alderantziz. Indiferente ere izan zitekeen. Hau batez ere ez hain hurbilekoentzat. Hurbilekoak lokarri emozionalengatik direnez hurbileko, indiferentzia murriztu egiten baita. Hau guztia pentsatu zuen Odile Moresek tarte labur batean. Ez zuen, baina, ezer esan. Hala ere, hainbeste urtetan bata bestearen ondoan ahoskatutako hitz haiek banandu egin ziren, betiko. Harrezkero ez baitzaizkio behin ere atera. Lasterrera jabetu zen horretaz Kattalin. Romani buruz hitz egin zuten afaria amaitu bitartean. Kattalinen saiakerak gai hartatik aldentzeko sobera neurtuak ziren, sasisaiakerak dei ditzakegu. Izan ere, Odile Moresek Romanekin lotzean agertzen zuen erresuminak plazera ematen zion. Aspaldiko kontua ez izanagatik ere, gero eta sarriagokoa zen batak besteari urratutako zaurietan meheki ozpina isurtzea.

      — Desoreka garrantzitsuren bat du —ekin zion berriro Kattalinek—. Ezin ulertu bestela zubian aurkitu dugunean zuen begirada galdua, antzematen zitzaion desorientazioa. Benetan errukarria.

      — Ezin ulertu nola eraldatu zaion aldartea une batetik bestera. Zerk eragingo ote zion? Ikusiko dugu larunbatean Purgatorioan agertzen den —itxi zuen gaia Odile Moresek.

      — Topaketa horiek antolatzeko bileran? —galdetu zuen, trufa ukitu batekin Kattalinek.

      — Niri bost axola topaketak —zorrotz antzean Odile Moresek—. Patxiren kontuak dira.

      — Patxi antolatzaile peto-petoa da. Antolatzen gozatzen du. Zure hitzak dira. Behin baino gehiagotan entzun dizkizut horrelakoak.

      Garai heroikoetako burkideak zarete, pentsatu zuen Kattalinek. Baina ez zuen halakorik aipatu, azkenengoz egin zuenean Odile Mores pipertu zitzaiolako. Ez zekien garai heroikoak aipatzeagatik edo burkidetzat jo zituelako edo biengatik batera. Ez zekien, Odile Mores haserretu zitzaionean, berehalakoan barkamena eskatu eta giroa baretzen saiatu zelako. Biek hobetsi zutenez bakea, Kattalinek ezin izan zuen jakin burkidetzat jotzeak ez zuela bere laguna mintzen, edonork dakielako irrati libreetan bat egindakoei burkide deitzea gehiegikeria nabarmena dela. Bera, Odile Mores, inongo burkidetzat jotzea bezainbat. Orduko hartan burkide hitzak Kattalinen ahoan izan zezakeen zama sarkastikoa gutxiago gustatu zitzaion. Mingarriena, edonola ere, garai heroikoena zen. Berdin dio zertaz ari zen: Odile Moresen beraren biografiaz zein herriarenaz edo ez dakit zein mugimendurenaz. Horrek egin zion min. Kattalinek horretaz jabetzean, beharbada helburua beteta ikustean, balazta sakatu zuen.

      Roman ekarri bazuen solasera, honi buruz hitz egitea Aretxabaletari buruz baino errazagoa iruditu zitzaiolako izan zen. Libreago zelako, biak zirelako libreago, Romanen gainean hau edo beste esateko. Solaskidea mintzeko arriskurik apenas zegoelako, alegia. Norbait larrutzeko, eta larruketa horretan oharkabean solaskidea larrutzeko arriskua minimoetara jaisteko, larrutzaileek antzeko distantzia izan behar dute larrutuarekiko. Aretxabaleta hurbilagoa zitzaien biei, ezagutza maila ezberdinak izan arren, biek zutelako harremana berarekin, distantzia ezberdinetatik bazen ere. Roman, ordea, ezezagun bat zen. Odile Moresek aspaldi ezagutu zuen ezezagun bat. Bost axola zitzaion ergel hura Kattalini. Hala ere, hasierako aurreikuspenean huts egin zuela ikustearekin batera (ez zela errazagoa Aretxabaletari buruz hitz egitea baino), Odile Mores estu antzean jartzeak bultzatu zuen jarraitzera.

      — Atzera eragiten nauen zerbait dauka —aipatu zuen Kattalinek.

      — Agian emakume bila ekiteko moduarengatik? Emakume eske egite hutsarengatik menturaz?

      — Ez, ez da hori, ez hori bakarrik.

      Odile Moresek bazekien, Romanen gorteiatze moldea gorabehera, Kattalinek, sakonean, gustura hartu zuela gizonaren desio adierazpena, azken batean ez zen zakarra izan bere laburrean. Gogaikarri izateko arriskua izango zuen, baina efimeroa izaki, ez jasangaitza izatekoa. Arrazionalizatzerakoan bai, orduan Kattalinek Romanen gogaikarri izateko arriskua egiaztatutzat eman zezakeen. Baina horretarako arrazoia jarri behar zuen lanean, bestela, estimulu (oraingoan dei diezaiogun horrela Romanen gorteiatze saioari) haren aurrean lehenbiziko erreakzioan, halabeharrez emozionala, ez zuen gogaikarri sentitzen Kattalinek. Bat zetozen emakumeak aurkitu zutenean zeukan itxura penagarritzat jotzerakoan. Egin zituzten hipotesiak desmasiazko abaildura hartaz. Lanik gabe geratu berri ezustean. Emazteak utzi berri du, ezustean. Emazteak amorantearekin harrapatu du, ezustean ziurrenik. Alderantzizkoa ere bazitekeen. Seme-alabaren bat galdu du orain dela gutxi. Lantokian, banketxe bat ausaz, lapurretan harrapatu dute. Ustekabeko gertaera latz bat izan behar zuen, edonola ere. Martzanarako bidea ere aldarte atsekabetuan egin zuen. Bat zetozen horretan ere.

      — Tabernan eserita geundela, mahaiaren inguruan, orduan aldatu zaio begirada. Desorientaziotik normaltasunera igaro da —esan zuen Odile Moresek—. Aurkitu dugunean erakusten zuen nahasmendu itxura eragin zuen gertaera ez bezala, geroko gora etortze hura geure aurrean gertatu da. Horrenbestez aldaketaren jatorria begien aurrean eduki behar izan dugu.

      Zubian bi emakumek eurekin joateko egin zioten gonbita izan zitekeen.

      — Edo aspaldiko laguna aurkitu izana.

      Horrek, aldaketa eragin zuen horrek, beraiek ere tartean harrapa zitzakeenez, zailagoa egiten zuen emakumeak ados jartzea bere bilaketan. Muturra okertuz eta burua ezker-eskuin eraginez eman zuen horretaz zuen iritzia Odile Moresek.

      — Aspaldiko lagunaren lagunak irradiatzen zuen magnetismoak berpiztu duela uste dut nik, ordea.

      Kattalinek ez zuen adostasunik erakutsi, ez muturra okertu ez buruari eragin. Erantzun gisa, lagunak aipatutako hipotesia indargabetzen ari denaren itxurak eginez, beste bat gehitu zuen, arras arrunta:

      — Agian jendearekin egote hutsak ekarri du bere onera, bakardadeak gainditutako une berean ustekabean jendearekin egoteko gauza zela ikusteak.

      — Patxirekin? Josebarekin? Bakardadeak gaindituta?

      Galdera gehiago ere mahairatu zituen Odile Moresek sarkasmotik hurbil zerabilen doinuaz. Onar ezazu zerorrek erreskatatu duzula shock egoera hartatik, nahi gabe beharbada, baina zeuk libratu duzula desorientaziotik eta, onar ezazu bide batez, plazera sentitu duzula bere begirada amultsuak jasotzean, mostradorean hurbildu zaizunean. Ez zion horrelakorik esan Odile Moresek, ez horrela behintzat. Galderak egiten jarraitu zuen, doi-doi ezpainetan ahoskatu gabe eusten zionaren esanahi berbera zuen galdera errenkada.

      — Martzanako txakolinak? Desegokitasunaren gaineko hausnarketa sakonak? Zenbat dira une honetan bakardadeak gaindituta daudenak?

      — Edozein modutan —ekin zion Kattalinek Romanez hitz egiteari amaiera eman nahian— ziur honezkero zubian bezala dagoela berriro.

      — Litekeena da.

      Motzean adierazi zuen Odile Moresek Romanez mintzatzearen amaiera hobesten zuela. Mahaia jasotzen hasi zen. Kattalinek lagundu egin zion mahaikoa ontzi-garbigailuan sartzen, sartu aurretik, Odile Moresek ez bezala, txorrotaren azpian ur-pasada bat eman ondoren. Baziren ohitura batzuk hartu zituenak batak bestearengandik eta besteak batarengandik. Kontu arrunta bikoteetan ez ezik, pisukideen artean ere. Ohea egiteko modua, esate baterako. Edo kafea prestatzekoa. Zazpi urte zeramaten elkarrekin bizitzen. Ohikoa lehenengo bikotea osatu eta gero elkarrekin bizitzen jartzea baldin bada, ezohiko bidea egin zuten emakume hauek. Adiskide gisa hartu zuten pisua alokairuan eta, poliki-poliki, ia oharkabean, osatu zen bikotea.

      — Proposamenen bat eramango al duzu Purgatoriora hurrengo larunbatean? —galdetu zuen Kattalinek, irribarre amultsua eginez.

      — Ari naiz zer eraman pentsatzen, jantzita zer eraman, alegia. Proposamenetan, zureen alde egingo dut, preziosa —txeratsu Odile Mores ere.

      — Ni ohera noa.

      Nahiko lehor ebaki zituen Kattalinek hiru hitzok. Ez zitzaion Odile Moresi entzundakoa gustatu, preziosa hura bereziki, preziosa esateko modu hura. Odile Moresi Kattalinen galdera gustatu ez zitzaion moduan. Eta elkarrizketan atzera eginez gero, ikusiko dugu batarenak ez zituela atseginez entzun besteak, ezta bestearenak batak.