Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

47

 

Eredu izandako Bruce Lee, Superman eta Indiana Jones ezagutu zituen tokia zen Oreretako Reyna zinema Xabirentzat, eta hara itzultzeak beti sortzen zion poz handia. Horregatik, Gotzonek hara «terrorezko gaua» ikustera elkarrekin joateko esan zionean, ez zuen birritan pentsatu. Gainera elurra ari zuen, eta horrek are eta zoriontsuago sentiarazten zuen. Plan perfektua zen.

        Baina plana okertzen hasi zen, zinemara iritsi eta sarrera ordaindu egin behar zela jakin zutenean. Ate aurrean jende andana bildu zen, gehienak protestaka, haietako asko «jai popularra» zelakoan, kolektiboren batetik abiatua. Horixe aipatu zion Gotzonek Xabiri, zinemaren atariko oihuen artean: «Ezingo diagu sartu ziur aski». Baina Xabik ez zuen hitz erdirik sinetsi. Ez zuen sinetsi Gotzonek zinemara ordaindu gabe sartuko zirela inoiz uste izan zuenik, ongi baitzekien zinemara sartzeko beti ordaindu izan zutela, asteetan aurreztutakoarekin ikusi zituztelako beren heroien andantzak, bestelako luxuak (litxarreriak bereziki) sakrifikatu ondoren. Zertara zetorren, bada, eskandalu hura guztia? Anaia saltoka eta oihuka ikusten zuen, bere lagun desorraztuekin matxinada antzezten, eta zapuztua sentitu zen.

        Mutil betaurrekodun bat zegoen zinemako atezain, batzuek Jose Luis esaten ziotena, eta Rebor besteek. Ateari nola edo hala eutsiz, kanpoko jendailarekin sesioan zebilen, ezetz, ezinezkoa zela, ordaindu gabe ez zela inor sartuko.

        — Nik zuen kontzertuetan ondo ordaintzen diat ba sarrera —aurpegiratzen zien.

        Eta kanpokoek ezetz, makina bat kontzertu musu-truk ikusia zeukala Luzuriaga fabrikan (Gotzonek behin baino gehiagotan aipatutako tokia zen, kontzertuetarako eta biltzeko erabiltzen zen fabrika abandonatua).

        Itxura txarra zeukan kontuak, eta sekulako hotza zegoen han kanpoan.

        Ateko kristalaren barrualdean jende gazte mordoa ikusten zen zigarroak eskuetan hitz eta pitz, filmak noiz hasiko zain. Tarteka baten bat etortzen zen sarrerarekin eta Jose Luis atezaina apur bat baztertzen zen sar zedin; jendeak atzetik bultza eta buila egiteko baliatzen zuen aukera, baina antiojodunak ez zuen etsitzen, ateari eusten zion eta ezezka segitzen zuen temati.

        — Haurrari ere ez diok utziko, zeken halakoa! —bota zuen batek.

        — Esan dizuet, hau ez da squat bat, zinema baizik.

        Bizkarrean Discharge idatzia zeukan handikote batek bota zion:

        — Ez gaituk hi bezain intelektualak, baina zinema gustatzen zaiguk.

        Eta bibaka hasi ziren gainerako guztiak.

        Arduradunak irriño bat egin zuen, atea itxi zuen, eta kristalaren barrualdetik sorbaldak jaso zituen, eskariari ezin erantzuteak samina sortuko balio bezala.

        Elurra pilatzen ari zen. Eta jendea zinema atarian zain, botilak eskuetan eta saltoka, komedia tankerako protesta antzu hartan. Eta Xabi haien erdian, kristalaren barrualdekoak hautsontzietan zigarroak itzali eta aretoan nola sartzen ziren begira.

        Ezker eskuan botila bat zeukan mutil batek eskuin librearekin kristala kolpatu zuen. Ez zuen edonolako iskanbila ateratzen zarta haiekin. Jose Luis atezaina orduan bere pauso txikiekin gerturatu zen zinemaren hall-a zeharkatuz; kisketa zabaldu eta esan zuen:

        Atea botako duk, etxekalte halakoa!

        Eta denak bibaka eta txaloka hasi ziren berriz.

        Kontua ez baitzen zinemara sartzea, ez bazen mutil ñañar hari adarra jotzea. Ez, seguruen, haren kontra ezer zeukatelako, baizik eta une hartan autoritatea gorpuzten zuelako, sistemaren aldeko jarrera doilor eta barkaezina.

        «Policía Municipal» idatzita zeukan auto bat gerturatu zen, atzealdetik ke hodei bat hedatzen. Zinema parean abiadura moteldu zuenean, txistuka hasi ziren denak.

        — Txakurrak!

        Xenpelar kalea utzi eta Morrongileta kalean galdu zen autoa. Handik gutxira agertu zen toki beretik, goiko sirena urdinaren barruan argi txiki bat ikusten zela, eta berriz moteldu zuen ibilia zinema parera iritsitakoan. Orduan, gazte sudur luze batek elurra bildu zuen zorutik, bola bat egin zuen eta autoari bota zion. Berehala geratu zen autoa. Polizia bat irten zen, baina zangoetako bat auto barruan utzita, besoa autoaren sabaian, gazteari zemaika. Larunbat arratsaldeko western bat zirudien. Poliki hasi zen oinez, eta hatz erakuslea gaztearengana begira jarri zuen, gaztea kikiltzeko moduan. Gaztea, ordea, berriz makurtu zen eta, adore oihuen artean, berriz bildu zuen elur mokor bat. Poliziak pausoa gelditu zuen, belaunak tolestu eta jaurtiketa on baterako prestatzen ari zela zirudien mutilaren parean, ez aurrera ez atzera. Eta eskerrak azken unean burua jiratu zuen, bolak garondoan jo baitzion poliziari, mila txirbiletan eztanda eginez. Kokotetik izotz zatiak astindu eta etsita alde egin zuen autora. Zinemara sartzen utzi izan baliete bezala ospatu zuten gazteek garaipena. Xabik ezin zuen sinetsi, polizia modu horretan ihesean ikustea.

        Halako batean zinemako atezainak burua atera eta hamabi lagunentzako tokia bazela adierazi zuen, ea inork sartu nahi zuen. Baina gazteek saltoka jarraitzen zuten, elkarri botilak pasatzen eta kantuan. Baten batek esan zuen sartuko zela, baina gutxi batzuek baino ez.

        — Hi, Pikotas, sartuko al gaituk? —entzun zuen Xabik bere atzean.

        — Zertara? Barruan ezin da erre!

        Gotzon, tribukoa izan arren, mutil serioa zen, eta Xabiri eskua jarri zion sorbaldan eta aterantz bultza eginez sartu ziren barrura. Zineman eseri zenerako, nekea sentitzen hasia zen Xabi, eta hain zegoen goxo, lo geratu baitzen.

        Esnatu denean, basurde bat ikusi du basamortu batean, odoletan, euliz inguratuta eta, ahalegina egin duen arren, berriz lo geratu da. Berriro piztu eta film zatiak ikusten ditu, ahalik eta gehien irauten du esna, baina oso gutxi izaten da, apenas lauzpabost segundo. Eta noizbait amaitu da basurdearen filma, eta beste baten eszenarekin esnatu da Xabi, agian jendeak bere inguruan barre edo oihu egin duelako. Hantxe dago neska, burdinazko ohean lotuta, larrugorritan, hanka-zabalik. Gorputzetik irtenda baina bizirik dagoen buru bati eusten dio gizon batek. Emakumeari hizketan ari zaio buru hura: maite duela, ezin duela bera gabe bizi, lerdea eta odola darizkiola ahotik. Eta neska izututa, buruari so. Gizonak burua neskaren bularrera eraman du ondoren, eta mingainaz titiak miazkatzen hasi zaio, aurrena bat eta gero bestea. Eta hura gutxi balitz, behera jaisten hasi da burua, neskaren hankartean geratu eta mihia han sartzeko. Irrikak barruan eztanda egingo diola sentitu du Xabik.

        — Hik badakik noiz esnatu behar den —sakatu dio Gotzonek.

        Hura lotsa!

        Goizeko bostak eta erdiak zirela esan zion Gotzonek, amaitzear zegoela filma. Eta hala zen zoritxarrez. Eta amaiera arte beste sexu eszenarik batere ez, gainera. Penaz geratu zen Xabi, pentsatuz filmean halako dozena bat izango zela, berak ikusi gabeak. Re-animator izena zuen filmak, eta hildakoak berpizteko txertoa asmatutako mediku zoroaren istorioa kontatzen zuen. Denak ari ziren kultuzko filma izango zela aipatzen, baita Gotzon ere, zeina oharkabean zinema aditua bilakatuta baitzegoen hango jendearen artean iritziak ematen, goizerako antolakuntzak prestatutako txokolate eltzekadaren aldamenean. Eta Xabik, eltzekada hartatik katilukada txokolate dastatzen zuen bitartean, txerto zoragarri haren ahalmenean pentsatzen ziharduen, txerto harekin Txomin berpiztu ahal izango zuela alegia. Eta istorioaren detaileei buruz hausnarrean ari zela, filmari buruz zihardutenen multzotik aditu zuen:

        — Nik ez nikek nahi inork berpizterik. Despeditu eta gero hasi hadi berriz denei azaltzen munduan geratzekoa haizela.

        Elurra zapalduz joan ziren Xabi eta Gotzon etxera, han bakarrik geratzeko baimenik ez zeukatela jakin arren. Txomin berpizteko ametsaz mintzatu zitzaion Xabi. Gotzonek, ordea, Xabik espero ez zuen moduan erantzun zion:

        — Txomin gabe bizi behar badugu, akordatu hadi behintzat gauza onez bakarrik. Ez ezak bere heriotzan pentsatu.

        — Baina bere heriotzaz akordatzen nauk.

        — Bazakiat. Baina gogora hadi adibidez bere motorrean egindako txangoaz. Eraman ezak hori, eta ez bestea.

        Gotzonek ez zekien, eta agian beste inork ere ez, Xabik gauza onak gordetzeko eta txarrak ahazteko egiten zuen ahalegina norainokoa zen. Eta pentsatu zuen, ahalegin handia bai, baina ez zuela behar bezalako ahalegina egiten asmatzen, beti akordatzen baitzitzaizkion gauza txar guztiak. Eta ez zekien horri izkin nola egiten zitzaion. Horixe zen egia.

        — Nola egiten duk gauza onak pentsatzeko eta ez txarrak?

        — Hori egiteko metodoa asmatzerako, hildakoak berpizteko txertoa asmatuko dik baten batek.

        — Orduan?

        — Saiatu egin behar duk. Horixe duk kontua: saiatzea. Baina mundu puta honetan ez zagok erraza. Ez duk hire errua, Xabi.

        Atzealdeko terrazatik sartu ziren etxera, leihoa pertsianetako batek zeukan zirrikitutik ireki ondoren. Hezetasun eta hauts usaina zerion etxeari. Beren gelan botila hutsak zeuden, hautsontziak, arropak, diskoak... Nabarmena zen Gotzonek ordu asko pasatzen zituela bertan, eta are nabarmenago geratzen zen hori mihise-tapakiak jarrita zeuzkan ohe bakarra harena zela ikusita. Armairu batetik Xabiren oherako arropak atera zituzten eta butanozko berogailua jarri zuten. Zigarroa piztu zuen Gotzonek lotarako. Egunsentiko argia sartzen zen pertsianaren zirrikituetatik.

        — Ederra izan duk gaurkoa, ezta Xabi? Ez al diagu ongi pasatu?

        Gauza handia zen Oreretan egotea. Gauza handiagoa zen etxean lo egitea.