Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

3

 

Etxaurrean Hôtel Hendayais zioen pinturazko idazkiak, baina barrualdean taberna zegoen, taberna zahar eta arraroa: ezker-eskuin formikazko hiruna mahai lerroan, paretei jarraituz moleskinezko eserleku gorri barrubigunak, mahaien beste aldean zurezko aulkitxoak, eta erdiko pasabidearen amaieran zur eta marmolezko barra altu-altua. Jendetza eta zarata zegoen, musikarik ez.

        — Eser zaitezte hor! —agindu zuen aitak telebistaren azpiko mahai hutsa erakutsiz.

        Gurasoak barrara bildu ziren, bezeroak agurtzera; bizkarrekoak aitarentzat, irribarreak amarentzat, denak ziren lagun.

        — Aitak horrenbeste lagun zeukanik —esan zuen Xabik.

        — Aitak ez al du etxera etorri behar? —galdetu zuen Nagorek.

        — Nik al dakit —marmar egin zuen Gotzonek.

        Xabik soinean zeraman txandal horiari begiratu zion adoretzeko, eta gurasoak bilatu zituen begiekin. Ama aizkolari edo basagizon itxurako bizardun ile gorri batekin ari zen, umeei begira biak. Gizona mahaira gerturatu zitzaien, koadrozko alkandoraren mahukak besoan bilduta, harrizkoak ziruditen eskuetan platertxo bana. Platertxoen edukia eskaini zien, baina han zegoena ezkutatuz, emango dizuet ez dizuet emango, joko dibertigarria hasieran baina gogaikarria ondoren, erraza zelako plateretan jateko goxoak izango zituela asmatzea. Zertara zetorren hainbeste antzerki?

        — Garbantzuak!

        Hantxe zeuden garbantzuz betetako platerak eta umeak haien aurrean, barre edo negar egin ez zekitela, egindako txantxaz harro ageri zen gizon ustez sinpatikoari begira; eta hala geratuko ziren, amorratuta, gizonak patrikatik koloretako goxokiak atera izan ez balitu, haiek marmolez apaindutako formikazko mahaiaren gainean jartzeko.

        — Zer esaten da? —esan zuen aitak, gizonaren ondoan jarrita, baso bat ardo eskuan.

        Basagizonak umeei irribarre egin zien, eta Xabik haren bizar, bekain, betile lastokarak ukitu nahi izan zituen. Eta agian horregatik, bere bizar ugariari begira geratu zitzaiolako eman zuen behar baino denbora gehiago erantzuteko, edo akaso goxokia ahoan zeukalako ordurako, baina gizona joanda gero bakarrik lortu zuen eskerrik asko ahoskatzea.

        Gainera goxokia segituan berriz paperean bildu behar izan zuen, amak granadinaz betetako basoak ekarri zituela ikusirik. Dangada luze batez hustu zituzten basoak bi mutilek, eta gasaren eraginez begiak malkotan zituztela amaitu zuten, ez arrebak bezala, neska zuhurra bera, irribarretsu begira zeukatena, baso betea begien aurrean.

        — Emadan pixka bat —esan zion Gotzonek.

        Ezetz egin zuen Nagorek buruarekin, irribarrea pittin bat areagotuta, eta galderaren esperoan zegoela agerian utzita. Betiko kontua zen: «Gerorako gordetzen jakin behar da», makina bat bider entzuna zeukaten leloa.

        Amari baimena eskatu eta lasterka atera ziren tabernatik, arreba bakarrik utzita, eta taberna parean zegoen Iraola Sports izeneko kirol-dendako erakusleihoari begira jarri ziren, hango manikiak, eskiatzeko mono, kasko, betaurreko eta makilekin apainduak; haien atzean, eskiatzaileen argazkiak, gehienak elurretan behera abiada bizian, alde batera makurtuta, sorbaldarekin lurra ukitzeko zorian, elur-txirbilak airean.

        Zeinen hiri sofistikatua Hendaia.

        — Fis-cher —irakurri zuen Xabik, eta markari buruz zerbait esatera zihoanean, maldan gora zetorren motor batek estali zuen bere ahotsa.

        Velosolex batean zetorren agurea, pedalei eragiten, zira berdezko lan-jantzia soinean. Erakusleiho ondotik pasatzean, haren isla eskiatzaileen irudiekin nahasita ikusi zuen Xabik, eskiatzailea maldan behera, agurea maldan gora, kanabera motorraren atzealdean zekarrela, plastikozko kaxa berdea ondoan, aparejuak hari edonola lotuta, harik eta herriko plazan sartu zen arte, pedalei eragiteari utzita.

        Harrigarria egiten zitzaion Xabiri hango lasaitasun tristea.

        — Non dabil jendea?

        — Gerran hil ziren denak —erantzun zuen Gotzonek.

        — Zein gerratan?

        — Bigarren Mundu Gerran! Nazien kontra galdu zuten. Maitasun kontuetan adituak dira, baina gerra kontuetan ez dakite ezer!

        Mirespenez beteta begiratu zuen Xabik anaia, eta sentimendu hura partekatu nahian eskiatzeko jantziak erakutsi zizkion Nagoreri, aurkikuntza arrebaren aurretik egin izanak ematen zion jakintsu aireaz:

        — Haiek elurretarako betaurrekoak dira, haiek kaskoak...

        — Berdin dik, hik ez duk inoiz ere eskiatuko —eten zuen Gotzonek.

        — Ni rallye gidaria izango nauk —esan zuen Xabik, inoiz ere eskiatu ezin izango zuela konbentzituta.

        — Eska iezaiok autoa aitari, orga harekin karrera asko irabaziko dituk.

        — Irten ziren gurasoak tabernatik eta haien lagun saldoa ere bai; lehenik aita, eskuak patrikan, txistuka, eta geroxeago ama, emakume ile motzeko batekin hizketan. Hogei laguneko kuadrilla izango zen, jendetsuagoa agian. Haien artera sartu zen Xabi, arreta bereganatzeko asmoz. Aitaren eskuari heldu zion. Segituan sumatu zituen besteak galdezka; lehenik gizon handikote bibotedun bat, ea semea ote zen. Baietz aitak.

        — Esaiok hire izena.

        — Xabi naiz.

        — Laster hire aita baino handiagoa izango haiz —gizonak.

        — Ez duk zaila! —zakurra sokaz lotua zeraman beste batek.

        Eta denak hasi ziren barrez, eta Xabik bazekien aita ere barrezka ari zela, bere eskua sentitzen baitzuen gora eta behera, aitak hala egiten baitzuen barre, sorbaldak gora eta behera mugituz.

        Taberna batetik besterako bidea (agerikoa baitzen beste taberna batera zihoazela) gurasoen lagunen lausenguak entzuten jardun zuen Xabik. Eta denak sinetsi zituen gainera. «Mutil azkarra». «Mutil sendoa». Eta, bereziki, «Joxemariren semea»; huraxe zen, dudarik gabe, meritu nagusia, argi geratu zen gizon eta emakume haien begietan. Begion miresmena sentitu zuen Xabik. Pozik zegoen eta ez zuen auzitan jarriko Joxemariren semea izateak handia behar zuela, kasik bedeinkazioa. Sentimenduak inoiz ihes egingo ez zion ziurtasunak zorionez bete zuen mutila.

        Hurrengo tabernan zorteko izan ziren, jolas-makina horietako bat baitzeukaten, txanpon baten truke moto lasterketak irudikatzen zituena. Nahiago zukeen autoak balira, baina tira. Goiza pasatuko zuten behintzat. Gurasoen lagunak kuxkuxeatzera biltzen ziren, eta motoa gobernatzeko haurren trebezia aipatzen zuten, eta txanponak ematen zizkieten.

        Hendaiako egonaldia tabernaz tabernako erromesaldi batera mugatuko zela pentsatzen hasita zegoen Xabi, aitak «hondartzan itzulia ere egingo dugu» esan zuenean. Pozarren jarri zen Xabi, baina berehala kamustu zitzaion poza, aitak «Emilio lagunaren etxean» gaineratu zuenean; makina bat gomuta ibili zuen Xabik hondartzarako bidean, urduri samartua, Emilio horren etxean bazkaldu beharko zutelako. Baina bazekien alferrik zela marmarka hastea, dena erabakita zegoen munduan bizi baitzen. Hondartzaren ikusmirak, zorionez, ondorengo estualdiak ahantzarazi zizkion: inoizko hondartza handi eta bikainena zen hura.

        — Hemen bizi al zara? —miretsita galdetu zion aitari.

        — Hemendik gertu —erantzun zuen aitak, ukondoa leihotik kanpo, autoa uzteko toki baten bila.

        Kasinoaren aurrealdeko auto ilaran sartu zuen azkenean, eta haurrak autotik jaitsi eta hondartza zedarritzen zuen murrutxoan eseri ziren, itsasoari beha.

        — Hangoa Hondarribia da —esan zuen aitak, atzamarraz eskuinaldeko eraikin zatarrak erakutsiz—. Eta hango bi harritzarrak, Tonbak. Ikusten? Frantsesek les deux jumelles esaten diete, eta belarrimotzek las dos gemelas. Ugerrez estalitako dinosauroaren haginak iruditu zitzaizkion Xabiri, distantzia kalkulatzeko ahalegin antzua egiten zuen bitartean.

        Ondoren pasealekuan barrena abiatu ziren bostak, urrats batzuk atzera gurasoak, solas gordean, Gotzon kopetilun larunbat arratseko futbol partida galdu izanagatik, Nagore eta Xabi arroketan jauzika makila bila, itsas bazterrera jaitsi eta ahalik eta urrutien botatzeko, soldadu lerroen gisa lehorrera zetozen olatuei desafio eginez. Pasealekuaren muturrean izozkiak saltzeko etxolatxoa arakatzen ibili ziren ateko zirrikitutik, barneko izozki goxoekin ametsean.

        Bien bitartean gurasoek solasean jardun zuten bazter batean, baina haurrak ez ziren hurbildu, inor ez hurbiltzeko doinuan ari zirelako.