Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

37

 

Enekoren aita atxilotu eta deportatu egin zuten. Telebistan eman zuten albistea. Emilioren argazkia atera zen zuri-beltzean.

        Aita zutik zegoen telebistaren aldamenean, eta tarteka madarikazioren bat esaten zuen:

        — Gabatxo putakumeak!

        Cabo Verdera bidaliko zuten Emilio, beste errefuxiatu batzuekin batera, Espainiaren eta Frantziaren eta Cabo Verderen artean hitzartu berri zen akordio («acuerdo trilateral») bati esker. Horixe azaldu zuen telebistako esatariak: «Albiste ezin hobea da borroka antiterroristarentzat», ETAren kontrako Frantziaren konpromisoa agertzen baitzuen.

        Xabik dena jakin nahi zuen. Zergatik atxilotu dute Emilio bezalako gizon jatorra? Zer gertatuko da bere familiarekin? Eta Enekorekin? Zer da deportazioa?

        Autoaren azpian sartu zuen aitak burua, eta zerbaiten bila ibili zen une batez. Gero, eskuarekin hurbiltzeko agindu zien denei eta autoan sartu ziren. Autoaren haize-kontrakoa lausotu egin zen eta aitak garbitu egin nahi izan zuen esku ahurrarekin. Alferrik ari zela konturatu zenean, Gotzoni eskatu zion zapia pasa zezan. Belztutako zapi zaharra hartu zuen Gotzonek, baina aitaren aurpegiaren aurreko zatia besterik ez zuen garbitu. Hatzarekin non gehiago pasatu behar zuen adierazi zion aitak: «Hor, beherago, eskuinera, hor, hor, gorago...».

        Enekoren etxera iritsitakoan, pareko aparkalekuan utzi zuten autoa. Behinola eztanda egindako bonbak utzitako zuloa porlanez beteta bazegoen ere, ondo nabari zen betetzeko erabilitako masaren kolore ezberdina. Surf dendako erakusleihoa ere konponduta zegoen, baina denda itxita (nahi zuenean irekitzen omen zuen Bixentek).

        Enekoren etxean dena zegoen hankaz gora, arropak nonahi, matalazak, maindireak, sukaldeko ontziak. Lurrikara jasandako etxea zirudien. Izaskun ez zegoen. Eneko bai, bere gelan, eta beste zenbait lagun ere bai, Xabik gerora jakingo zuenez Emilioren senideak zirenak. Helduek elkarri diosala egin zioten ahoa estutuz, Poliziak, Emiliorekin batera, hitzak ere eraman izan balizkie bezala.

        Enekoren ondoan eseri zen Xabi, Nagorek lurrean zeuden liburuak jasotzen zituen bitartean.

        — Joan egingo gaituk hemendik —esan zion Enekok—. Aitarekin joango gaituk.

        — Benetan? Eta hik, nahi al duk?

        — Nola ez diat ba aitarekin egon nahiko!

        Isilik geratu ziren lipar batez, eta gero Enekok esan zuen:

        — Ika-mika aritu dituk ama eta aitaren senideak. Amak ez dik joan nahi. Tira, ez dik ni joaterik nahi.

        — Zergatik ez?

        — Ikastolan jarraitu behar omen nikek. Ikastola munduko gauzarik inportanteena balitz bezala —irri txiki bat egin zuen—. Frantsesa zein zaila den jakingo balu!

        Lagunak belarriak gorrituta zeuzkala ikusi zuen Xabik, larritzen zen guztietan bezala. Xabiri mila galdera bururatu zitzaizkion, baina bereziki bat: zer egingo dut nik Eneko gabe? Hori baitzen une hartan bere kezka nagusia. Baina horren ordez, galdetu zuen:

        — Abioiz joango haiz?

        Nola nahi duk, txalupaz?

        — Urrun zagok, ala?

        — 9 mila kilometrora.

        — Nola dakik.

        — Bazekiat.

        — Ezin diat imajinatu zen den abioiz ibiltzea. Mundiala behar dik.

        Gizon batek burua sartu zuen gelan:

        — Hasi al haiz puskak biltzen?

        — Ez.

        — Ba hasi hadi.

        — Oraintxe.

        Lagunaren ohean pixa egin zuen egunaz oroitu da Xabi. Xabi sesele pipi en la cam. Nola gorrotatu zuen egun hartan Eneko. Baina beste oroitzapen argiago bat gordetzen du: Izaskunek hori eta gero prestatu zion kakao esnea. Oso ondo oroitzen da Izaskunen ile luze ederraz. Eta haren txeraz. Eta ez daki zergatik, baina ez du nahi Izaskun handik 9 mila kilometrora joan dadin. Munduan desio duen azkenekoa huraxe da. Baina badaki, halaber, Izaskunek eta Enekok aitari segituko diotela, hura nora haiek hara. Badaki ez dutela inoiz bakarrik utziko, amak eta beraiek aita utzi ez duten bezalaxe.

        — Igual bisitan etorriko haiz inoiz —Enekok pentsamenduak irakurri dizkio.

        — Imajinatzen?

        — Bua!

        — Ez zakiat zenbat balio duen abioiak. Asko balio al du?

        — Pila bat.

        — Handitan orduan. Lanean hasitakoan.

        — Ordurako bueltan egongo gaituk.

        Alde egiteko ordua ailegatzean, aitaren ahotsa entzun zuen, korridoretik zetorrena, bazihoazela esanez. Agurren garaia zen, baina Xabik ez zekien nola egin. Nola esan adio 9 mila kilometrora doan norbaiti?

        Zutitu eta gelatik irten zen. Han zegoela, eskua altxatu eta agur egin zion lagunari. Besterik gabe. Laguna hantxe zegoen, ohean eserita oraindik, atera begira. Eskua altxatu zuen hark ere, eta agur esan gabe astindu zuen eskua airean.

        Alabaina, sototik irten zirenean, Enekoren ahotsa entzun zuen, goitik zetorrela:

        — Ugarte! —oihu egin zuen.

        Eskaileretan behera saltoka zetorren, pausoak entzuten ziren.

        — Tori! —esan zion.

        Aitaren autoaren burdina zati errea zen.