Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

28

 

Lo egin ezinik jaiki da aita halako batean. Harrapatu du mutila sofan. Botila erdi hutsik, telefonoa eskuan. Gau honetan Xabi ez da maitale sufrituaren joan-etorriez jabetu, harik eta aita egongelan garrasika entzun duen arte, beranduegi. Apenas bereizten dituen hitzak, baina mutilaren negarra entzuten du, aiene triste horiek, eta aitaren boz sumindua, galdezka.

        «Telefono» hitza ailegatzen da hormaren bestaldetik. Horixe da hitz gakoa. Denek ezagutzen dute, eta Nikok beste guztiek bezalaxe, aitak telefonoari dion beldurra. Egongelatik itzulika ibiliko da aita, mutilaren hizketaldi horiek zein informazio helarazi ote duten asmatu nahian, bere etxean supituan irekitako arrakala handi hartatik zer ikusi edo zer sartuko den jakiteko irrikaz.

        Xabi egongelako ateraino hurbildu da oin puntetan.

        — Zenbatetan esan diat telefonorik ez ukitzeko? Konturatzen al haiz arriskuaz?

        — Ezin nion eutsi.

        — Ez nauk bakarrik bizi. Txikiak ditiat etxean. Ez al haiz konturatzen?

        — Bai.

        — Ba okerrago orduan! Ze ohartzen ez bahaiz ez duk hire errua: tontoa haiz; baina ohartzen bahaiz, orduan ez haiz tontoa, orduan sasikume traidorea haiz!

        Xabik norbait sumatu du korridorean. Ama dator. Bere parera iritsitakoan buruarekin alde egiteko keinua egin dio. Gelara itzuli eta ohean eserita geratu da, atea itxi gabe.

        — Nahikoa da —entzun du amaren ahotsa—. Denak esnatuko dituzue.

        Apur batez solasean jarraitu dute hirurek. Eta ateak entzun dira ondoren. Norbait komunean sartu da. Iturria. Beste ate bat. Aitaren ahotsa.

        Niko sartu da gelan, eta ohean etzan da, eztul eginez. Oheratzean leihoa zabaldu du, beti bezala. Ahotik hartzen du airea, tarteka sudurretik botatzen du, eta gero arnasa hartu gabe geratzen da. Eta mihia kliskatzen du.

        — Zer esan dizu?

        — Ongi portatu haiz, Xabi. Kaka egin diat.

        — Lasai...

        — Bai, baina kaka egin diat.

        Biharamunean beti bezala esnatu dira denak ikastolara joateko. Aitak gau osoa esna pasatu izanaren keinua dauka, begirada nahasia; elastiko batekin eta txandal frakez jantzita, balkoiko leiho parean, gortina baztertuta kanporantz begira.

        Arratsaldean, ikastolatik itzuli direnean, Niko ez dago.

        Ohea eginda aurkitu du Xabik, maindireak aldatuta. Mutila irudikatu du ohea egiten, puskak biltzen, etxeko atetik irteten, beste etxe batera joaten; behinolako agur herabe horiek errepikatu, eta berriz zerotik hasteko.

        Nora joan ote zen?