Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

7

 

— Frantziara al zoazte bizitzera?

        — Ez, Iparraldera.

        Erantzuna ikasia zeukaten. Harri eta zur geratzen ziren auzoko belarrimotzak.

        — Baina non dago Iparraldea?

        — Bidasoaren beste aldean.

        — Frantzian beraz.

        — Frantzian ez, Euskadin, en Euskadi Norte.

        Eta horrela beti.

        Arraroa zen ikastolatik heltzean etxean inor ez aurkitzea. Non zeuden mahai gainean tolesteko eta lisatzeko jarritako arropa multzo haiek? Irratiaren murmurio betikoa, amaren errietak.

        Amak ordutegi berria zeukan behintzat, eta afalordurako etxean izaten zen. Sekulako lasaitua izan zen hura. Baina horrek ez zuen arratsaldeetako leihoan zain geratzeko ohitura ezabatu. Egunero-egunero, iluntzen hasi orduko, korapiloa egiten zitzaion sabelean, eta ama ikusteko irrikak leihora bultzatzen zuen.

        Arratsaldeko ordu luzeak arintzearren, Agustin bizilagunaren etxera joaten ziren Xabi eta Nagore, eta zaharraren argazki kutxak arakatzen ibiltzen ziren. Gotzonek, aldiz, futbol entrenamendua izaten zuen ia egunero. Mutil librea zen.

        Derrepente azalduko zen Figaro miauka, isatsa tente eta Agustinek azalpenak emango zizkion begirunez:

        — Argazkiak begiratzen ari gaituk, Figaro.

        Etxea biena baitzen, Agustinena bezala Figarorena. «Geure etxea», zioen beti, «Figaro eta biona».

        — Utzi Figarori bere aulkian jartzen —esango zuen Agustinek, inor sukaldeko leihopeko aulkian esertzen bazen.

        Eta kontuz kasurik egiten ez bazenion.

        Baina gizon alaia eta lasaia zen. Katua zen bere mania bakarra, eta bere besaulkian erdi etzanik irakurtzen zituen liburuak. Oso larria behar zuen gertakariak Agustin haserre ikusteko.

        — Zer moduz aita? —galdetzen zien, gaixo batez galdetzen duenaren doinuan.

        Denek zekiten, irudiz, aitak gaizki egon behar zuela, baina umeek aita ongi ikusten zuten, ikusten zutenean, zientoka lagunen artean pozik.

        Orduak ematen zituzten Agustinekin, hura liburu artean galtzen zen bitartean, betaurrekoak sudur puntan, Figaro altzoan hartuta, umeei asko erreparatu gabe. Halako batean iratzarriko zen, haurren sabel gosetia akorduan, eta esango zuen:

        — Joan zaitezte txorizo pixka bat erostera —eta bere larruzko kartera zaharretik txapon txiki batzuk aterako zituen.

        Eta umeak Morrongileta kaleko Aldira joango ziren, txanpon txiki haiekin txorizoaren ordez eros zitzaketen gauzak gogoan: soldaduak, kromoak, Boomer txikleak, Chimos goxokiak, miniaturazko autoak. Eskerrak Aldin ez zegoen jostailurik, apenas eskolarako gauzak, haiek ere tentagarriak, Milan ezabatzeko goma berri-berriak, luma-zorroak, koloretako plastidecorrak.

        — Eta ama?

        — Gero etorriko da.

        Ama eta gero hitzak kateaturik zeuden biak, betiko lotuak.

        Bainugela noble itxurakoa zeukan Agustinek: bainera handia, letoizko iturri dotoreak, ertzetan apaindutako ispilu bat. Ama berandutuz gero, bertan hartuko zuten bainua, leihoaren hegian zelatan jarriko zen Figaroren begiradapean. Eta uretan beratzen geratuko ziren ura hoztu arte.

        — Baietz minutu bat urpean arnasa hartu gabe!

        Kirol-poltsa urdina sorbaldan, aire nekatuarekin etxeratuko zen Gotzon.

        — Ama? —galdetuko zuen.

        Baina galdetu eta segituan azalduko zen ama, beti afaltzeko orduan. Nekez ezkutatuko zuten haurrek zoriona. Badira disimulatu ezin diren gauzak. Umeak haren inguruan bilduko ziren, eguneko kronika egitearren elkarri zapalduz. Kontatzearen plazeragatik. Eta Agustin bera animatuko zen haurrek ziotena egia osoa zela baieztatzera, hura ere haurren zorion bat-batekoaz kutsaturik.

        — Begira, ama, etxeko lanak egin ditut.

        — Bai, etxeko lanak egin ditu.

        Ama zalantzaren pisutik libratuko zuen zaharrak, menturaz.

        — Ongi portatu zarete?

        — Bai, ongi portatu gara.

        — Ongi portatu dira.

        Oihartzuna balitz bezala.

        Baina halako batean, goiz batez, elurra iritsi zen. Mundua, jolastoki handi eta irristakor bat. Maindire zuri handi bat eguneroko betebeharren estalki perfektu gisa.

        — Elurra! —entzun zuen Xabik, eta une batez hitz txuri hura ametsetan kiribilduta geratu zitzaion.

        Leihoaren hegira igota zegoen Nagore zen oihuka ari zena.

        Egia ote? Begi bat zabaldu zuen, eta ezkurren tamainako pinportak ikusi zituen airean noraezean, eta haiei zerien argi urdin-ubela. Bazkal osteko filmetan baizik ez zuen ikusia elurra ordura arte, urteroko promesa zapuztua zen, negu oro etortzekoa zena baina sekula arribatzen ez zena. Baina hantxe zegoen, bere gelako leihoaren bestaldean. Salto batean joan zen leihoraino. Hotzak aurpegia moztu izan balio bezala, halaxe sentitu zen burua leihotik irten orduko, baina horrek ez zion axola, pozez oihuka hasi baitzen. Ikuskizuna baino harrigarriagoa zen, ordea, isiltasuna. Gelditasun eternalaren doinu diskretua.

        Sukaldean oinutsik korrika sartu zenean ohartu zen, zerikusi gutxi zeukala bere zorionak amaren keinu ilunarekin. «Errepide sarea moztuta», zioen irratiak, eta ondoren: «Azken 50 urteotako elur ekaitzik bortitzena». Gauza onak ziren horiek, ordea: mundua jolastoki handi bat izango zen!

        — Gaur ez da ikastolarik izango —esan zuen amak, kezkati, kafeari trago bat lapurtu aurretik.

        Ohi zuen bezala zegoen, sukaldeko leiho parean zutik, leihoaren beste aldeari begira.

        Non zegoen larritasuna?

        Festa batera joateko prestatzen ariko balira bezala ziharduten haurrek batera eta bestera, gorputza estaltzeko puska egokien bila, nahiz eta hartarako arropa egokirik ez eduki. Jertsearen gainean bestea, eta bestearen gainean hirugarrena, eta horrela amak nahikoa iritzi zion arte. Eskuetan, galtzerdiak.

        — Non daude artilezko txanoak?

        — Zein txano?

        — Putza!

        Amak bazituen bere kezkak, ordea. Umeekin zer egin, esaterako. Eta Agustinen etxera joan zen, telefonoz ahizpari laguntza eskatzearren, hustutako katilua harraskan utzita.

        — Zergatik ez daukagu guk telefonoa, ama?

        Baina ama abiatua zen, eta Xabi haren atzetik.

        Koadrozko txabusina jantzita hartu zituen Agustinek, hura ere mila jantzirekin estalitako panpina irudi. Musuzapia eskuetan, ez zirudien ospakizun askorako.

        — Gaur jai! —azaldu zion Xabik zaharrari, begiekin Figaro bilatu bitartean—. Seguruen izebaren etxera joan beharko dugu.

        — Pozik jarriko da —esan zuen Agustinek sukaldetik, elurraz ari zen irratiaren murmurioaren gainetik ahotsa igota, zartaginetik xigortutako ogi xerrak atera baino lehen.

        Bazekien Xabik hala izango zela, seko pozten zen izeba haurrak ikustean, ez baitzuten sarritan bisitatzen, haurrek nahi izaten ez zutelako; Bidebieta auzoa itsusia iruditzen zitzaien, behin ikusi eta betiko ahazteko modukoa. «Dozenaka ume eskolarik gabe geratuko da gaur», asmatu zuen esatariak etxe guztietako zurrumurrua.

        — Gera daitezela nirekin —esan zion Agustinek amari—, niretzat ez da enbarazu.

        Baina ama ez zen fio, haurrek menpean erraz hartzen zutelako. Ikastola ondorengo tartean geratzeko bale, baina egun osorako ezta pentsatu ere.

        Figaro agertu zen egongelan, eta aulki gainera jauzi egin zuen bisitariei erreparatu gabe. Eskua buruan jarri zion zaharrak, sukarra hartzen bezala, eta katuak urrumaka eskertu zuen.

        — Edozer, Miru, fideo zopa, tortilla...—, ari zen ama.

        Zergatik fideo zopa? Ez al zen nahikoa gaua izebaren etxean pasatu beharra, gainera fideo zopa janarazteko? Ba al zekien amak izebak zopari arrautza egosia botatzen ziola bere gorringo lehor eta guzti?

        Joan aurretik, txokolatea eskaini zion Agustinek mutilari, eta honek pozik gordeko zuen Mayo txokolate zatia patrikan, hark bizpahiru egun iraungo ziola jakitun. Arrautzaren zaporea kentzeko erabiliko zuen.

        Metro erdira ere ez zen ikusten kanpoan. Xabik maluta guztiak hartu nahiko zituzkeen eskuekin, pena ez zela bazter guztietara heltzeko gai. Oinak elurretan galtzen zitzaizkiola sentitu zuen, eta horrek bere plazera areagotu zuen, lehen elurtea izan arren bai baitzekien pozaren iraupenak elur kopuruarekin zerikusi zuzena zeukala. Behera begiratu zuen: belaunetaraino heltzen zitzaion elurra! Eta oraindik botatzen ari zuen! Etxetik atera eta berehala hasi zen gerra. Zaila zen eskuen artean erretzen zuen elur hura estutzea, behar bezain gogor uztea. Baina egoki estutzen ez bazenuen airean lehertzen zen.

        Pioren harategitik igarotzean, han ikusi zuten harakina, pala batez denda inguruko elurra kentzen, kendutakoa izkina batean pilatzen, ahotik lurruna zeriola. Beraundik behera zetorren maldan lerekin ari ziren haurrak, batzuk behera ziztuan eta beste batzuk gora, lera sokatik helduta. Baina haur gehienak zabor poltsen gainean ari ziren, edo irristatzeko balio zezakeen edozeren gainean; eta, hain zuzen, mutil irudimentsu haietako bati erreparatu zion Xabik, burua izterren artean sartu eta erretilu batean ziztuan zetorrena, hain azkar ze maldaren magalean zegoen sakanean hegan atera baitzen, alde batera haurra eta irristailua beste aldera itzulika, hura Xabiren oinetaraino ailegatu zen arte; «Real Sociedad, Campeones 1981-82», irakurri zuen Xabik erretiluan, batzuk zutik eta besteak makurtuta ageri ziren Realeko jokalarien gainean idatzirik.

        — Egunon, Pio! —deiadar egin zion amak, eta umeek eskuarekin agurtu zuten.

        Zumardian hartu behar zuten Donostiarako autobusa, Hendaiatik Madrilera zihoan N1 errepide nazionalean. Amak ez zuen bere poza ezkutatu hara ailegatu eta errepidean autoak hara eta hona zebiltzala egiaztatu zuenean, nahiz eta oraindik elurra ari zuen eta ez zekiten autobusak ibiliko ote ziren. Hotzagatik minbera zituen eskuetatik galtzerdiak kendu zituen Xabik eta patrikan sartu zituen. Paisaia elurtuaren erdian inoiz baino ugerrago zegoen Oiartzun ibaira begira geratu zen. Putzaren kiratsa zerion, beti bezala, baina ur azalaren gainetik oina agertzen zuen burdinazko hesiaren gainean elurra pilatzen ari zen, eta beste grazia bat zeukan ibaiak. Elurraren miraria zen, dena edertzen baitzuen, salbu eta paper fabrikak isurtzen zuen kiratsa. Hark ez zeukan erremediorik.