Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

18

 

— Olagarrotara joango gara, jaiki denok! —haurrak esnatu zituen aitak.

        Iparraldera joan aurretiko ohitura zen arroketara joatekoa. Jaizkibel magalean pasatu izan zituzten egunak, hango itsasotik babestuta zegoen putzu batean igerian ikasten. Ura buruaren gainetik zuela hantxe bainatu zen Xabi lehen aldiz, Jaizkibel mendi magalean, han iratzeak eta itsasoa besterik ikusten ez ziren toki paradisuzkoan. Esperientzia ikaragarria, itoko zela uste zuen. Amak, igerilari bikaina zenak, eskuetatik helduta eraman zuen ura sakon zegoen tokiraino eta hantxe askatu zuen.

        Aitak igeri egiten ote zekien, auskalo. Arroken artean saltoka ibiltzen zen, lanpernak biltzen edo olagarrotan. Igeri egitea bost axola. Aspaldiko kontuak ziren haiek, ordea.

        Etxeko sototik atera orduko hantxe zegoen Emilioren familia eta beste lagun batzuk. Diosalak, herriaren beste puntatik aditzeko modukoak. Autoen inguruan, sagardo botilez betetako kaxak eta hozkailuak. Emiliok eskuan zeukan aluminiozko paperez estalitako plater bati sudurra hurbildu zion aitak eta nabarmen usnatu zuen, denen aurrean haren usain gozoak sortzen zion plazera antzezteko. Buruan eskukada eman zion Emiliok, eta denak trufan hasi ziren.

        — Gose haiz ala?

        Oinak gomazko sandaliekin babestuta eramatea ez zen txorakeria: aitaren atzetik ibil zitekeen arroketan saltoka minik hartu gabe eta irrist egin gabe. Hanka zuri finak zituen aitak, han-hemenka bilo finek estaliak, eta oinetan, berriz, tennis zahar batzuk. Burua sartzen zuen zuloetan, han ezer ote zen ikustearren. Xabik ez zekien zeri so egiten zion, baina aita ez zen gauzak azaltzen ibiltzen zen horietakoa: dena ematen zuen jakintzat, arroketan ibiltzeko nondik norakoak jaiotzetikoak balira bezala. Zuloari erreparatu eta alde egingo zuen, edo barrura sartuko zen urpekaritzako betaurreko zaharrekin, edo urperatu egingo zen beheraino, eta Xabi ikaratuta geratuko zen goian zain, aitaren oinetakoek ur azalean utzitako burbuilei beha. Burua aterako zuen gero, eta buruaz ezetz egingo zuen.

        — Ez al dago ezer? —galdetuko zuen Xabik, baina erantzun gabe jarraituko zuen aitak arroketatik arroketara saltoka, segundo bakarra galdu gabe.

        Besoko kalkamonia kentzen hasia zitzaion Xabiri. Gero eta gehiago zirudien marinel baten tatuaia ihartua.

        — Egin ezak honen kontu —esan zion aitak, sarez egindako zakua emanda, goiz osoan esandako esaldi luzeena.

        Xabik karramarroak biltzeko kuboan sartu zuen zakua, eta zain geratu zen. Tennis zuriak baizik ez ziren ikusten. Zuloak aitaren luzera izango zuen hortxe-hortxe. Segundo batez oinetakoak desagertu eta aitaren burua agertu zen. Besoa gorantz zekarren, eta han korapilatuta ubeldura handi bat zirudien zerbait: olagarroa! Bitxia zen olagarroak aitaren besoari nola eusten zion. Ez ote zuen ihes egin nahi? Ze abere da ehiztariaren besoari lotzen zaiona?

        Harrotasunak hanpatuta zegoen Xabi:

        — Ez zaitu askatu nahi!

        Aita besarkatzeko ahaleginean segitzen zuen olagarroak. Erotutako maitalea.

        — Kaguenlaputa —aita marmarrean.

        Garroak banaka askatu zizkion eta, olinpiadetako pisu jaurtitzaileek bezala, arroken kontra jo zuen piztia. Trapu zahar bustia zirudien. Gero eta indar handiagoarekin jotzen zuen, eta Xabiri zipriztinak ailegatzen zitzaizkion gorputzera. Jo eta jo segitzen zuen aitak. Hain zegoen ernegatuta eta itsututa, olagarroaren burua airetik atera zenean ere kolpeka segitu baitzuen, eman eta eman.

        Derrepente, amildu egin zen. Eta arrokaren gainean eserita, negarrez geratu zen.