Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

24

 

Paperak egitera joan ziren egunean bertso doinuekin esnatu ziren larunbatero bezala. Xabik begiak zabaldu eta Martinen silueta ikusi zuen sukaldeko atean; haren arnasa sakona entzun zuen, kasik zurrungaren parekoa.

        — Arrainak joan eta gero botako duzue sarea zuek! —esan zuen.

        Amak egongelako pertsianak jasotzean jabetu ziren eguraldiaren ederraz.
        Pardel gisa erabilitako trapu zaharra garbitzera bota zuen Xabik, eta gosaltzera eseri orduko ikusi zuen Martin esnetan atzamarra sartzen, bero ote zegoen frogatzearren.

        — Hi, Martin —bota zion aitak—, ken ezak esku hori lapikotik!

        Kargua hartu izana bakarrik bortitza iruditu zitzaion Xabiri. Martinen keinu harritua, gizon zahar baten herabetasun lotsagarria.

        Gero ezer gertatu izan ez balitz bezala segitu zuten, baina aitari halako imintzioa sumatzen zitzaion, haserrearena ez bazen haserre aurrekoa izan zitekeena, Xabik ongi ezagutzen zuena, eta adierazten zuena ez zela txantxetarako unea. Harrigarria zen aita aldarte horretan ikustea etxekoa ez zen norbaitekin. Aita etxetik kanpo denekin zelako tipo alaia, emana eta maitagarria.

        Eta bat-batean bertsolariaren ahotsa nagusitu zen:

 

                Hiru anaiok gudari giñan, bat hil digu reketiak,

                modu honetan agintzen zuan jaunaren borondatiak...

 

        Ezohikoa zen egun hartan aitak zeukan itxura dotorea eta garbia, ilea moztuta, bizarra egin berria. Hala ikusten zuen bakoitzean, kalera irten eta mundu osoari bere aita erakusteko gogoa pizten zitzaion Xabiri.

        Leiho parean zutik kafea hartzeko ohiturarekin jarraitzen zuen amak. Hura zen beren jatorrizko bizitzatik irauten zuen gauza bakarretakoa. Berria zen ia dena, eta beste guztia deskubritzeko zegoen, baina amak kafea hantxe hartuko zuen inork asma ezin zitzakeen kontuak buruan.

        Aita bueltaka zebilela ikusi zuen Xabik, batetik bestera paperak eta karpetak eramaten. Récépissé zen hitz gakoa. «Iparraldean lasai bizitzeko agiri ditxosozkoa», aitaren esanetan. Loteria baten gisakoa omen zena, Frantziako gobernuak nahi zuenean eta nahi zion hari ematen ziona. Eta nahi zuen baldintzetan, récépissé-ak iraun baitzezakeen astebete edo sei hilabete. Eta sei hilabeteetan bazenekien inork ez zizula ezer esango. Agiririk gabe, aldiz, kanporatzeko arriskua zegoen.

        Xabik ez zekien zein zen paper gutiziazko haren esanahia, baina bazekien haren aldeko borrokak zer nolako buru-hausteak ekartzen zizkien gurasoei, eta gurasoen lagunei, maiz aipatzen zen gaia baitzen. Jabetuta zegoen, paper hari esker etxera nolabaiteko bakea etorriko zela, baina paper haren faltan ekaitza. Aita etxetik atera gabe gera zitekeela bolada batean, lanera joateko aukera gabe, orraztu gabe eta jasanezinezko aldartez. Hortaz, inork récépissé-a nahi bazuen, haiek Gotzon, Nagore eta Xabi ziren.

        Baionako polizia-etxeak ematen zituen bizitzeko baimenok. Huraxe zen eragozpena. «Azeriaz libratzeko azeri-zuloan ezkutatu beharra», esaten zuen aitak. Horregatik, eguzki eder batek argitutako goiz epel eta zoragarria izan arren, bostak isilik eta urduri samar zihoazen Peugeot zaharrean.

        Poliziaren eraikinak ez zeukan harrigarritik ezer. Etxe soil bat aluminiozko ate batekin, bandera frantziarra, han-hemenka auto batzuk aparkaleku handiegi batean. Eskailerak igo ondoren harrera gela bat, eta gizon bat azeri itxurarik batere ez daukana, supituan aulkitik altxatu eta leihatilarantz poliki datorrena, bisitarik espero ez duenaren plantak egiten. Aitak karpeta txikia zabaldu du mostradore gainean, zeregin hartarako lakarregiak diruditen eskuekin, «resepise» hitza ahoskatzen duen bitartean. Poliziak ongi entzun duela segurtatu nahi luke, eta «récépissé» ahoskatu du, zalantzarik izan ez dadin. Baietz aitak, horixe bera. Paperak eskuartean hartu ditu poliziak, baina lehen galdera egiteaz batera ohartu dira elkar ulertzeko izango dituzten zailtasunez. Poliziak ez baitaki gaztelaniaz; edo badaki, eta ez du egin nahi. Ez da parekoa bien egoera. Desenkusaz ari da aita, errudun, eskolan huts egin duen haurra bezala, baina ez polizia, gaztelania ez jakitea bertutea dela adierazteko doinuz ari da-eta. Gotzonek itzultzaile lanak egin beharko ditu. Esaterako, argiaren faktura aski ez dela esango dionean, bankuaren agiria ere behar dela (ez daki zergatik, baina halaxe ohartarazi poliziak). Aitak ezetz erantzun dio, eta eztabaidan hasi dira aita eta semea.

        — Je ne vais pas discuter avec vous, monsieur —ez duela ika-mika asmorik; ados badago ongi, eta bestela adio.

        Aita den harrizko dorre garaiezina ataka horretan ikusirik, umiliatuta sentitu da Xabi. Nahi luke aitak gizona paparretik heldu eta merezi duen gisan astin dezan. Baina badaki ez dela gertatuko. Dagoeneko ulertu du ile zuriko gizon hori ez dela arazoa, egitura handiago baten garroa besterik ez dela, beretzat abstraktua den zerbait ordezkatzen duena, solas hartan mamu baten gisan agertzen dena, aita ñimiño eta polizia erraldoi bilakaturik.

        Azkenean lortu du agiria, bankuaren papera datorren astean ekarriko duela promes egin eta gero. «Esaiozu ekarriko dudala faltarik gabe». Eta purrustaka jaitsi ditu eskailerak. Burutik atera zaizkion hitz zantar guztiak erabili ditu frantsesak zer diren adierazteko.

        Récépissé de demande de séjour, irakurri du Xabik paperean, Republique Français-en azpian. Eta hantxe paperean dago aita bera ere, argazki txiki batean preso. Eta hain zuzen argazkia ikustean jabetu da aita ez dela pieza bakarra, hark ordura arte uste bezala. Zeren eta ordura arte uste baitzuen aita aita zela, eta zen bezala agertzen zela beti, horretarako zilegitasuna eta osotasuna zeuzkalako. Baina orain badaki ez dela egia. Eta izu sentitu da, berak uste izan zuelako pieza bakarrekoa izatea denbora kontua zela. Orain ikasi du, ordea, badagoela bera eta bere aita baino indartsuagoa den zerbait, pieza bakar hori menderatzeko gai dena. Dena dago aitak argazki honetan agertzen duen irri faltsuaren baitan.