Aurkibidea
1. Filosofia: Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz
2. Kultura: Katixa Agirre eta Irantzu Varela
3. Gizarte zientziak: Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea
4. Ikuspegi antiarrazista: Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora
5. Ikuspegi perinatala: Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar
6. Familia aniztasuna: Ianire de la Calva, Borja Muņoz eta Iosune Centeno
7. Legegintza: Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay
Aurkibidea
1. Filosofia: Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz
2. Kultura: Katixa Agirre eta Irantzu Varela
3. Gizarte zientziak: Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea
4. Ikuspegi antiarrazista: Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora
5. Ikuspegi perinatala: Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar
6. Familia aniztasuna: Ianire de la Calva, Borja Muņoz eta Iosune Centeno
7. Legegintza: Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay
4. Ikuspegi antiarrazista
Salbatzaile zuriak, gestante marroiak
Ana Obregonen eta haren alaba-bilobaren zuritasunak kontrastea egiten du haurtxoaz ernaldu zen emakumearen hazpegi afroekin: Floridan bizi den kubatar horrek Lecturas aldizkaria salatu zuen, bere nortasuna jakinarazteagatik. Ana Sandra Lecquio Obregon laborategi batean sortu zen, Alex Lecquio Obregonen semen izoztua eta emaile kaukasiar baten obuluak baliatuta.
Generoa, klasea, arraza. Triada hori beti aipatzen da ugalketa-merkatuekiko kritikoak diren diskurtso feministetan, beste lan intimo batzuekin gertatzen den bezala. Hala ere, arraza-aldagaia gero eta lausoagoa da ordezkapen bidezko ernalketaren argazkian, India edo Thailandia bezalako herrialdeek ugalketa-turismoa geldiarazi duten heinean. Gainera, paradoxa da negozio hori arrazista eta kolonial gisa aurkezten duten feminista zurien ikuspuntua ere aurreiritziz eta estereotipoz blaitua dagoela.
Euskal Herrian alokairuzko sabelen abolizionistak zuriak diren bitartean, arrazakeriaren aurkako mugimenduak eta mugimendu antikolonialak beste erregimen batzuen abolizioa aldarrikatzen dute, hala nola etxeko langile egoiliarren lan erregimena edo espetxeena.
Arrazakeriaren aurkako ikuspegia duten Bizkaiko lau feminista elkarrizketatu ditugu, haurdunaldi subrogatua zein beste familia-ereduak aztertzeko: Mari Mar eta Tamara Claveria Jimenez, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartekoak (Amuge); Norma Vazquez, indarkeria matxistetan espezializatutako mexikar jatorriko psikologoa, eta Cristina Zamora Chuquiguanga, komunikatzailea, teologoa eta ekintzailea, Perutik migratutakoa.
IPAR-HEGO GLOBALA?
Alicia Puleo edo Maria Jose Guerra Palmero bezalako Espainiako Estatuko pentsalari ekofeministen arabera, Ipar globaletik Hego globaleranzko deslokalizazio eta erauzketa modu bat da ordezkapen bidezko haurdunaldi komertziala, megamineria edo agroestraktibismoarekin aldera daitekeena. Ugalketa-merkatu globalek emakume pobreen gorputzak kolonizatzen dituztela diote, herrialde aberatsen onura ekonomikorako. Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak “haurren salmenta” bultzatzen dutela dio Puleok, “haien ustea delako nazio zordunek beren baliabide natural guztiak esportatu behar dituztela: basoak zein gizakiak”.
Carl Oglesby estatubatuar akademiko eta aktibista zuriak sortu zituen “Ipar eta Hego global” kontzeptuak. Izan ere, “Hirugarren mundua” kontzeptua errotu zen Gerra Hotzaren garaian, bloke kapitalista eta komunistekin lerrokatu gabeko herrialdeak izendatzeko, baina laster erdeinuzko konnotazioa hartu zuen. Oglesbyk “global” izenondoarekin iradoki nahi izan zuen Iparraldea eta Hegoaldea ez direla hemisferioek zehaztutako nozio geografikoak, errealitate sozioekonomiko konplexu eta aldakorrak baizik.
Puleoren aburuz, “ez da kasualitatea umetokien merkatu ohiko eta merkeenak Hego globaleko herrialdeak izatea: India, Thailandia, Ukraina, Errusia, Kazakhstan, Georgia, Nepal, Grezia eta Kanputxea”. Deigarria da sailkapen hori: Grezia Hego globala bada, Espainiako Erresuma ere bai? Eta zergatik da Hego globala Errusia, G8ko kide dela eta Ipar Poloarekin muga egiten duela kontuan hartuta? Eta zergatik ateratzen ditu Estatu Batuak ekuaziotik?
“Beti gogaitu nau Hegoaldea komeni zaionaren arabera ulertzen duen jendeak”, erantzun du Norma Vazquezek. Hurrengo paradoxa azpimarratu du: kolonialismoa kritikatzen duten Europako ahots zuri berberek beren mundu-ikuskera inposatzen dute. “Hego Globala deitutakoa ezker kolonialaren asmakuntza da. Mundua gkeek proposatzen dituzten mapak baino konplexuagoa da”. Konplexutasun horren erakusgarri, Kanadan etorkinek bizi dituzten txabolismo-testuinguruak aipatu ditu, baita Mexiko-Guatemala, Costa Rica-Nikaragua edota Argentina-Bolivia artean ematen diren migrazio- eta arrazakeria-dinamikak ere.
Kontinente bakoitzean haurdunaldi subrogatuaren epizentroak zeintzuk diren edo izan diren aztertzen badugu (Ukraina eta Errusia; aebak eta Mexiko; India eta Thailandia; Ghana[2]), ulertuko dugu gakoa ez datzala Ipar/Hego logikan. Oro har, zera dute amankomunean: jendarte oso industrializatuak direla, desberdintasun sozial handiak dituztela eta kapitalismo basatiena bizi dutela. Gobernuek merkatuei mugak jarri dizkietenean, klinikek erregulazio txikiagoko auzo herrialdeetan jarri dituzte egoitzak. Joera hori ematen da beste eremu batzuetan ere, kolonialismo digitalean, esate baterako. El Saltok argitaratu du ChatGPTren sortzaileek kriptomoneta biometrikoaren proiektu bat sortu dutela; txanpon digitalekin ordaintzen diete hatz-markak edo ahotsa uzteko prest dauden pertsonei. Proiektua Indonesian, Kenyan, Sudanen, Ghanan eta Txilen garatzen ari dira, baita Norvegian ere.
“Kapitalismoa esplotazioan oinarritutako pilaketa-mekanismo bat da, mugarik eta etenik gabekoa. Gero eta toki gehiago suntsitzen ditu”, azaldu du Amaia Perez Orozcok (aurreko kapitulurako elkarrizketatu duguna). Horregatik, esplotazio erreproduktiboa ez da nahitaez Hegoalde globala deiturikoan kontzentratzen: “Iparraldeak bere burua irenstera jotzen du, zenbaitek ‘kapitalismo kanibala’ edo ‘kapitalismo suizida’ deitzen diote horri. Gero eta izaki gutxiago daude eraso horretatik libre”.
Anna Maria Morerok bere doktoretza-tesian jaso ditu Indiako ikerlariek egile feminista zuriei egindako kritikak, Hegoaldeko emakumeen gaineko estereotipoak indartzeagatik. Amrita Pandek “posizio moralizatzaile unibertsalistatik haratago joateko eta emakumeek haurdunaldi subrogatu komertzialean duten esperientzien errealitate konplexuei buruzko jakintza garatzeko” deia egin du. Pandek ez du menderatze kapitalista patriarkala makillatzen: bere elkarrizketatu gehienak landa-eremuko emakume pobreak dira, eta erdiek adierazi diote senarrek edo horien senideek bultzatuta jo zutela kliniketara.
Chandra Talpade Mohanty, Jyotsna Agnihotri Gupta edo Sharmila Rudrappak ere gaitzetsi dute Mendebaldeko feministek Indiako gestanteak baliabiderik eta erabakitzeko gaitasunik ez duten biktima gisa aurkeztea. Aldi berean, ikerlariek salatzen dute ugalketaren industriak haurdunen eskubideak eta adostasun informatua urratzen dituela. Aitzitik, Moreroren doktoretza-tesirako elkarrizketatuetako intentziozko guraso baten testigantzak adierazten du Indiara jo zutenengan errotuta dagoela bidezko trukearen narratiba neoliberala:
Pozik daude hori egiteaz, dirua behar dutelako seme-alabei hezkuntza ordaintzeko, edo etxe bat erosteko. Duten arazo bakarra da jendeak zer esango duen. [...] Normalean, nik dakidanez, jendeak kontratuan adostutakoa baino gehiago ematen die. [...] Zure asmoa ez da, noski, karitatearen ahizpa bat izatea. Zu zoazenagatik joan zara hara. Baina zintzoen eta gaiztoen diskurtsoa barregarria iruditzen zait. Pentsa, zuri esaten dizutela ume bat izan eta hamar urteko soldata jasoko duzula. Zer egingo zenuke?
Salbatzaile zuriaren narratibak, emakumeei ez ezik, herrialdeei ere ukatzen die agentzia. Diskurtso abolizionistan ohikoa da emakume indiarren granjak aipatzen jarraitzea, zehaztu gabe urteak direla Indiako Gobernuak (Thailandiak eta Australiak nola) ateak itxi zizkiola turismo erreproduktiboari, biokolonialismoaren adar berri bat dela argudiatuta. Negozioa Nepal, Vietnam edo Kanbodiara mugitu ondoren, bertako gobernuek ere esku hartu dute. Egun, badirudi mugaz gaindiko eskaintzak aktibo jarraitzen duela Laosen... klinika thailandiar eta australiarren eskutik!
2018an, Indiako Gobernuak osasun publikoa indartzeko “munduko planik handiena” iragarri zuen. Izan ere, ordezkapen bidezko ernalketaren industriari mugak jartzeko beste arrazoi bat zen emakume indiar gehienei ukatzen zitzaien arreta medikoa jasotzen zutela atzerriko jendearentzat lan egiten zuten gestanteek. Amatasunarekin lotutako heriotza kopuru aldetik buruan zegoen orduan India, eta 51 mediku baino ez zituen 100.000 pertsonako.
“Estratifikazio erreproduktiboa” kontzeptua azaldu du Sara Lafuente Funesek. Shellee Colen ikerlariak proposatu zuen 80ko hamarkadan, hain zuzen ere Indiatik New Yorkera migratutako emakumeen egoeraz hitz egiteko, beste herrialde batzuetako haurrak zaintzen lan egiten baitzuten, haien seme-alabak etxean utzita. Kontzeptu hori erabili izan da hainbat dinamika izendatzeko: Hegoaldeko emakume arrazializatuengan testatu direnean Iparraldeko emakume zuriek kontsumitzen dituzten antisorgailu hormonalak, adibidez. Morerok doktoretza-tesian nabarmendu duenez, Munduko Osasun Erakundearen arabera, antzutasuna ohikoagoa da herrialde pobretuetan, bereziki afrikarretan, ugalkortasun-tratamenduak oso prekarioak baitira.
Lafuente Funesek turismoarekin lotu du estratifikazio erreproduktiboa, biak industria kaltegarriak direlako, botere-harremanak eta nazioarteko desberdintasunak areagotzen dituztenak, eta espoliazioan oinarritutako “bestearen kontsumoa” sustatzen dutelako. “Eguzkia eta hondartza”ren eskaintzak Espainiako ugalkortasun-industriari mesede egin dion bezala, ez da kasualitatea haurdunaldi subrogatuak helmuga turistikoetan duen presentzia, hala nola Grezian edo (lehenago) Thailandian.
Norabide bikoitzeko mugimendu horietaz gain (Espainiako Estatura datoz atzerritarrak obulu bila, eta atzerrira doaz hemengo herritarrak umetoki bila), Espainiako enpresa transnazionalen jokabide neokolonialak aztertzeko deia egiten du Lafuente Funesek. IVI bezalako ugalkortasun-taldeen hedapena aipatu du, Latinoamerikan filialak irekitzen eta tokiko kliniketan inbertitzen ari baitira.
DEBOZIOZKO AMAK
ETA ATXIKIMENDUZKO HAZKUNTZA
Pentsamolde kolonialaren beste ezaugarri bat da sinestea Mendebaldeko balioak unibertsalak direla (edo izan beharko luketela). Homogeneizazio horren aurrean, interesgarria da ugalketa-merkatu bakoitza loratu den testuinguru kulturalari erreparatzea.
Adibidez, Andrea Montelio Barandicak 2018an Pikara Magazinen argitaratutako erreportaje baten arabera, gestante budistek, arrazoi ekonomikoez gain, izaera espiritualekoak dituzte: hurrengo bizitza hobeagoa izan dadin bermatzea. Izan ere, umeak haztea lotzen da maitasun, jakinduria, errespetu, harrotasun, erruki, ohore eta ontasun baloreekin. Hurrengo testigantza jaso zuen kazetariak:
Nik bi arrazoi ditut surrogate izateko. Lehenengoa, nire familiari diru pixka bat bidaltzea etxea konpon dezaten; bizia eman zidan amari laguntzea. Bigarrena, Budak erakusten digu karma ona ematen duela bizia emateak. Haurrak izan nahi dituen norbaiten umea ernal badezaket, zoriontsu egin dezaket. Tenplura noanean, monjeek esaten didate ideia ona dela.
Israel da haurdunaldi subrogatua lege zehatz baten bidez legeztatu zuen munduko lehen herrialdea, eta Estatuak prozesuaren zati bat finantzatzen duen herrialde bakarra. Hemen ere, arrazoi erlijiosoak daude erdigunean. Elly Teman antropologoak azaldu du jaiotza-politika sionisten parte izan dela neurria, eta gestanteen narratibetan ere oso presente dagoela nazionalismo erlijiosoa. Alabaina, estatu genozida horretan ez da arraza-estratifikazioa ematen, apartheida baizik: intentziozko familiek zein gestanteek juduak izan behar dute.
Norma Vazquezek Mexikon izan zuen ordezkapen bidezko ernalketari buruzko lehen eztabaida feministen berri, 80ko hamarkadan, Estatu Batuen auzoko izateagatik azkar heldu baitzen polemika. Baina gaiarekiko interesa askoz beranduago piztu zitzaion, Bilbon, ugalkortasun-tratamenduetan murgilduta zeuden euskal emakumeak artatzen hasi zenean: “Duela hamar urte, klinikek oraindik ez zuten laguntza psikologikorik eskaintzen. Emakumeak lur jota iristen ziren nire kontsultara, obsesioaren eta hormonen erruz”. Emakume horietariko batzuek ordezkapen bidezko ernalketa aipatu zioten, beren helburua lortzeko azken kartutxo gisa.
Normak oso bestelako gizarte-substratua ikusten du bere jatorrizko herrialdean eta bizilekuan: “Nolabait esateko, hemen haurrak falta dira, eta Mexikon haurtzaroa soberan bezala dago, beti ondo zaindua ez dagoena. Nahi gabeko haurdunaldien tasa ere handiagoa da”. Testuinguru horretan, ohikoagoak dira bai familia aberats heterosexualen adopzio irregularrak, bai gertuko emakume pobretuen artean ematen diren haurren lagapen ez-formalak. Horregatik, psikologoak joera elitistagoa sumatzen du Mexikoko intentziozko familien artean.
Urrun sentitzen du Euskal Herrian topatu duen feminista batzuen diskurtsoa, “oso erraietakoa” dena. Psikologoak bere ohiko baretasunarekin hitz egiten du gai polemiko honi buruz ere: “Amatasuna den errealitate konplexuaren baitako beste praktika bat iruditzen zait”.
Elkarrizketa hau prestatzeko girek (Aukeratutako Erreprodukziorako Informazio Taldearen sigla gaztelaniaz, Mexikokoa) haurdunaldi subrogatuei buruz argitaratutako txostena berrirakurri du (ikus 5. eta 7. kapituluak), eta bere tesiarekin bat egiten du, ez bakarrik Mexikorako, baita Espainiako Estaturako ere: “Ematen jarraituko denez, hobe da arautzea. Ez ditzagun begiak itxi, ez dezagun hitz egin emakume gestanteen izenean. Onar dezagun askotariko errealitateak eman daitezkeela: esplotatutako emakumeak, baina baita ere hautua egin dutenak, izan bizirauteko, edo hobeto bizitzeko”.
Normak zuzentzen duen Sortzen aholkularitza feministak 2019an parte hartu zuen Bilbon egin ziren haurdunaldi subrogatuari buruzko jardunaldi feministen antolakuntzan. Norma bera izan zen eztabaida intrafeministan hizlarietako bat. Haurra besoetan zuen emakume zuri batek mikrofonoa hartu zuen adierazteko besteentzat ernaltzeak disoziazio emozional patologikoa eskatzen duela. Normak erantzun zion arriskutsua iruditzen zaiola diskurtso patologizatzaile hori, eta Europa zurian loratu den atxikimenduzko hazkuntza urrun dagoela munduko emakume gehienen esperientziatik: “Haur gutxi dituen gizarte honetan, desio-objektu bihurtzen da haurra”. El Salvadorren gerraostean bizi zen garaian ezagutu zituen emakumeen esperientziak ditu gogoan: esaterako, gerrillan haurdun geratzea eta umea izatea erabakitzea, jakinda berehala banandu beharko zirela; edota sexu-torturen ondorioz haurdun geratu zen emakume batek kartzelan jaioberriarekin lotura emozionala garatzeko izan zituen zailtasunak.
Banaketa dakarren beste amatasun esperientzia bat aipatu du: gurera datozen emakume etorkinenak, haien umeak urte luzez senideen kargura utzi behar dituztenak. Asaldatu egiten da Normak emakume euskaldunen batek esaten dionean ez litzatekeela horrelako zerbait egiteko kapaz izango.
Luze bilatutako eta programatutako gurasotasun-ereduak ez du zerikusi handirik Ijito Herriaren errealitatearekin. Claveria ahizpek deitoratu dute jendarte payoak ijitoak epaitzea gehienek hazkuntza-proiektuak gaztetan abiatzen dituztelako. Arrazoi kulturalak baino, bi desberdintasun sozioekonomiko aipatu ditu Tamarak: “Egonkortasuna izan arte itxaroten duzue zuek. Bada, egiturazko antigitanismoa dela eta, ijito gehienek ez dute egonkortasunik espero, eta bizitza akademikoa ere mugatuta ikusten dute. Gainera, gure bizi-itxaropena txikiagoa da, eta horrek bizi-zikloei eragiten die”.
Ijito komunitatean harriduraz ikusten da payoak hogeita hamar urte luzerekin hastea seme-alabak izaten: gorputza ez dagoelako hain prestatuta, aitita-amamek ez dutelako hainbeste aukerarik bilobez gozatzeko, eta gerta daitekeelako haur bat baino gehiago izateko denborarik ez izatea. “Ijito Herriaren barruan oso inportantea da ume bakarra ez izatea, asko babesten baikara neba-arreben artean, kontra dugun mundu honetan. Zenbat eta familia handiagoa, hobeto”, azpimarratu du Tamarak.
Ezkongabea eta umerik gabea, bera da ikasketak lehenetsi dituen etxeko bakarra. Halere, positibotzat aurkezten du Ijito Herriak familiari ematen dion balioa, antigitanismo sistemikoaren eta kapitalismoaren aurreko erresistentziatik asko duena.
INTERNA IZATEA BAINO HOBEAGO
Galdera da: Espainiako Estatuan ordainsaridun modalitatea legeztatuko balitz, emakume arrazializatu eta migratuak egongo lirateke agentzien ikusmiran? Ez dugu aurkitu erreferentziatzat balio dezakeen Estatu Batuetako edo Mexikoko daturik. girekoek diote Mexikoko haurdunak askotarikoak direla, baita jatorri sozioekonomiko eta etnikoei dagokienez ere.
Amugen pentsaezina iruditzen zaie gestante erromaniak irudikatzea: izan ere, euskal ijito gehienak ebanjelikoak dira eta bekatutzat dute sabelarekin negozioa egitea. Gainera, ijitoen auto-ordenamendu sistemak (“ijito legea” delakoak) ez du halakorik aurreikusten. Mari Marrek haurdunaren eta umekiaren arteko loturaren argumentua gehitu du (“Zure gorputzeko zelula guztiak jartzen dituzu”) eta intentziozko familiak haurra nola haziko duen ez jakitearen kezka. Prostituzioarekin gertatzen den bezala, uste du soilik baliabide faltak bultzatuta baloratuko lukeela aukera emakume ijito batek. Baina litekeena da etorkizuneko legeriak gutxieneko egonkortasun ekonomikoa eskatzea emakumeei, pobreziak behartuta jardun ez dezaten, hain zuzen ere.
Nolanahi ere, Tamarak gaineratu du antigitanismoa hain dela latza, ezen emakume erromaniak ere merkatu horretatik kanpo egongo liratekeen, gainerako lan-sektoreetan bezala: “Gestante payoak kontratatzeko aukera izanda, inork ez lituzke ijitoak aukeratuko”. Are gehiago, oso errotua dago haurtxoak lapurtzen dituen emakume ijitoaren estereotipoa, hala literatura klasikoan nola hedabideen estaldura garaikideetan; Madeleine McCann neskato ingelesaren desagerpenean ikusi genuen Portugaleko ijito familia bat kriminalizatu zutela froga barik.
Eta emakume migratuak, zer? Obuluen salmentaren kasuan, Julia Bacarditek El precio de ser madre liburuan jasotzen du 2009an Kataluniako emaileen % 40 etorkinak zirela, gehienak zuriak, bezero gehienek obulu kaukasiarrak eskatzen dituztelako. Kazetariak aipatzen du azal argia duten emakume marokoarrak ere bat datozela profil horrekin. Obuluak ateratzera joan zen neska baten testigantza jasotzen du: itxarongelan emakume gehienak ijitoak omen ziren. Prentsan, halaber, irakurri dugu kliniken jomugan daudela Europako ekialdeko emakume migratuak. Pikara Magazinen erreportaje batean agertzen dira plataforma digital bidez (hau da, agentziarik gabe) jarduten duten gestanteak, eta etorkin argentinar batek bere burua iragartzen du ilehoria dela azpimarratuz.
Hegoak eta Sustraiak emakumeen elkarte interkulturalaren sortzailea da Cristina Zamora, eta Aldarteren baitako Betania lgtbi pertsona kristauen kolektiboko kidea. Giro kristau ebanjelikoan hazi zen, baina gaur egun ekumeniko gisa aurkezten du bere burua. Aldarri feminista gisa defendatzen du emakumeek besteentzat ernaltzeko duten askatasuna, ugalketa-eskubideen esparruan. Ez du kontraesanik ikusten kristau fedearen eta ordezkapen bidezko ernalketaren artean, beti ere “etikaz egiten bada, emakumeen eskubideak eta duintasuna errespetatuz eta pobrezia egoerez aprobetxatu barik”. Neskamearen ipuina inspiratu zuen Genesiko pasarte ospetsua baino, Jesukristo bera hartzen du eredutzat: “Jesus dugu ezohiko familia batean jaiotako lehenengo pertsona”.
Normak eta Cristinak, biek migratu zuten beren emazteak euskal herritarrak direlako. Nahiz eta migrazio- eta lan-esperientzia pribilegiatuak dituzten, azal iluna eta gorpuzkera borobila izanda, arrazializazioaren pisua sentitzen dute. Emakume migratuen sareekin ere harreman estua izateagatik, etxeko langileen baldintza gogorrak gertutik ezagutu dituzte.
Euskal Herrira iritsi berritan lanean hasi zen emakume bat aipatu du Cristinak: “Etxe horretan egon zen bederatzi hilabetez egoiliar; hiru egunetan bakarrik utzi zioten irteten”. Beste batek bost urte daramatza paperak egin ezinik: “Soziosanitarioko ikastaro bat egitea falta zaiola esaten diote, baina ezin du egin, ez diotelako uzten etxetik ateratzen. Zergatik ez dugu esklabotza hau salatzen? Oihuka ari dira eta ez ditugu entzuten!”, aldarrikatzen du. Eta erantzuna eman du: euskaldun askok etxeko langileak ere baditugulako gure familietan.
Gauzak horrela, iruditzen zaio Espainian ordaindutako haurdunaldi subrogatua legeztatuko balitz, aukera interesgarria izan litekeela emakume migratu askorentzat: “Aukeratu beharko banu barne-zaintza lanaren, prostituzioaren edo besteentzat ernaltzearen artean, subrogazioa aukeratuko nuke, duda gabe”. Gogoratu du etorkinek ez dutela soilik hemen bizirauteko dirua behar, baizik eta jatorrizko tokiko konpromisoak betetzeko, hala nola, migratzeko hartutako zorra kitatzeko edo familiari diru-bidalketak egiteko. Zentzu horretan, Cristinak azaldu du gestante batek haurdunaldi batengatik kobratzen duenarekin gai dela jatorrizko herrian etxe bat erosteko, eta interna batek, aldiz, ezingo duela horrelako dirurik aurreztu ezta bost urte, atsedenik gabe, garbitzen eta zaintzen igarota ere.
Betaniako kidea Alondegiko Kongresuan entzule gisa parte hartu zuen emakume migratu bakarra izan zen, ziur aski. Mexiko, Ukraina eta Erresuma Batua bezalako testuinguru desberdinetako haurdunak entzun ahal izan zituen: “Aukera bikaina izan da. Egiaztatu nuen esperientzia oso desberdinak daudela (onak zein txarrak) eta emakumeok geure erabakiak hartzen ditugula, Hegoaldekoak zein Iparraldekoak izan”.
Cristina hurbilago sentitzen da emakume haurdun horiengandik agentzia ukatzen duten feministengandik baino: “Iruditzen zait gai honetan ere, beren pentsamendua hobea delako premisapean kolonizatzen gaituztela. Emakumeen defendatzaile gisa aurkezten dira eta ‘nire gorputza, nire erabakia’ aldarrikatzen dute, baina haurdunen izenean hitz egiten dute, ahots propioa dutela onartu beharrean”.
Norma ere kritiko agertu da feminista abolizionistekin, baita horien diskurtsoarekin bat egin duten ezkerreko alderdiekin ere: “Beldurtu egiten dira emakumeen erabakien aurrean. Zurruntasun eta puritanismo judu-kristaua ikusten dut sakonean”.
Hori bai, biei ziztada eragiten die hurrengo irudiak: emakume arrazializatu bat gameto zuriarekin sortutako haurtxoa ernaltzen familia zuri batentzat. Aitzitik, Cristinak buelta eman dio argudioari: “Haurdunaldi subrogatua legeztatu behar da, hain zuzen ere emakume migratuen ugalketa-proiektuetarako ere eskuragarri izan dadin”. Bere aburuz, gaur egun pasaporte europarra duten familia dirudunek soilik bidaiatu dezakete atzerrian jaiotako haurrak hartzeko, baina prozesu horiek osasun publikoko sisteman txertatzeak familia migratu eta arrazializatuei sarbidea bermatuko lieke, intseminaziorekin eta in vitro ernalketekin gertatzen den bezala.
Cristina eta Norma bat datoz erakundeek eta ez enpresa pribatuek kontrolatutako eredu bermatzaile bat irudikatzean, prozesu osoan emakumeen eskubideak errespetatuko dituena. Hainbat gai garrantzitsu aipatu dituzte, hala nola haurdun geratzeko interesa duten emakume migratuei itzulpenak eta interpreteak bermatzea, adostasun informatua eman dezaten, edota erditze osteko zaintzak bermatzea. Inportantea iruditzen zaie erakunde feministek ere prozesuak gainbegiratzea, girek Mexikon egiten duen bezala.
Halaber, sistema publikoa izan arren, haurdunei ordaindu egin beharko litzaiekeela uste dute: “Emakumeentzako konpentsazio bat egon behar du, emakumeak baitira beren gorputza jartzen eta arriskuak beren gain hartzen dituztenak. Ginekologoak eta laborategiko teknikariek ere kobratzen dute!”, dio Cristinak.
Normari kirrinka egiten diote Kanadakoa bezalako eredu altruistek, non haurdunei beharrezko gastuen fakturak baino ez zaizkien ordaintzen: “Berriz ere emakumeak dira munduko altruismoaren zama dutenak, maitasunaren izenean. Emakumeen pobrezia sustatzearen kontra nago”.
ADOPZIOAK DESKOLONIZATZEA
Norma Vazquezi arduragabea iruditzen zaio adopzioa ordezkapen bidezko haurdunaldiaren alternatiba etikotzat aurkeztea. Adopzioen irudi edulkoratu horren aurrean, memoria historikoa egiteko deia egin du, haurtxoen lapurretak gogora ekartzeko: “El Salvadorren gerran desagertutako haurrak saldu zituzten mojek edo armadak. Batzuk nazioarteko adopzioan emanak izan ziren”. Gaineratu duenez, Mexikon oraindik ere adopzio irregularrak ematen dira, emakume indigena pobretuen kalteberatasun-egoeraz baliatuta.
Bestalde, arrazakeriaren aurkako aktibisten salaketarekin bat dator; alegia, Espainiako Estatuan ama bati zaintza kentzeko irizpideek joera arrazistak eta klasistak dituztela. Psikologoak paraleloan lan egin zuen Euskal Herriko emakume zuri batekin eta emakume migratu batekin. Lehenengoa osasun mentalaz oso gaizki zegoen, hogei aldiz baino gehiagotan saiatu zen bere buruaz beste egiten: “Baliabide asko jarri zituzten instituzioek hura artatzeko, eta kontuan hartu zen alabak familia zabala zuela”. Aldiz, pobrezia egoeran bizi zen emakume migratuari alabaren tutoretza kendu zioten bere burua lesionatzeko lehen ahaleginaren ondoren: “Beste pertsona batzuekin partekatzen zuen etxea, baina instituzioen irakurketa izan zen bakarrik zegoela, ez baitzuten zaintza-sare hori aintzat hartu”.
Daniela Ortizek Pikara Magazinen azaldu zuen haurrak babesteko erakundeek darabiltzaten arrisku-faktoreek eragin handiagoa dutela migratutako eta arrazializatutako pertsonengan, hala nola, paperik ez izatea, sexu-langilea izatea edo etxegabetzea sufritu izana. Ortizek gogora ekarri du Jesus Ander, bederatzi urte zituela adingabeentzako zentro batean bere buruaz beste egin zuen haur kolonbiarraren kasua: “Estatuak bere gurasoak deportatu zituen, eta umea gizarte-zerbitzuetara eraman, gurasoen zaintzarik ez zuela argudiatuta!”.
Mariaren istorioa ere kontatu du, uruguaitar jatorriko ama babeslea, gurasoen alienazio sindrome faltsuaren biktima: “Aitari eman zioten kustodia, nahiz eta txosten medikoek erakutsi zuten neskatoak baginako eta uzkiko lesioak zituela”. Hori dela eta, Ortizek adierazi du arazoa ez dela soilik Estatuak kentzen dituen kustodiak, baizik eta babesa ukatzen dietela beste ume askori, hala nola sexu-abusuak salatu dituzten % 70i.
Ortizek beste elementu bat gehitu du: kustodia kentze gehienak aktibatzen direla gizarte-zerbitzuek babesgabetasun-egoeragatik alarma jotzen dutenean: “Horrek esan nahi du Estatua ez dela detektatzen ari klase ertain-altuko adingabeek jasaten dituzten indarkeria fisiko, psikologiko edo sexualeko egoerak, guraso horiek ez dutelako harremanik gizarte-zerbitzuekin”, argudiatu du.
Amugek, Emakunderekin batera, indarkeria matxistei buruzko bi gida argitaratu ditu: bata, emakume ijitoei zuzendutakoa, eta bestea biktimak eta bizirik atera diren emakumeak artatzen dituzten zerbitzuetako profesionalei zuzendutakoa. Bietan aipatzen da emakume erromani gutxik jotzen dutela Gizarte Zerbitzuetara edo Poliziara tratu txarrak salatzera, eta horren arrazoietako bat dela, hain zuzen ere, erakundeek haurrak kenduko dizkieten beldurra.
Horri dagokionez, ijito erakunde feministak honako mezu hauek helarazten ditu: emakume ijitoei, kustodiak soilik kentzen direla haurrenganako babesgabetasuna frogatzen denean; eta profesionalei, biktimei arreta ematean oso garrantzitsua dela prozesuak haurrengan dituen ondorioen berri ematea, baita emakumeak epaituak edo fiskalizatuak sentitzea saihestu behar dutela ere.
Tamara ados dago adingabeekin egindako esku-hartzeetan joera arrazistak daudela salatzen duten emakume migratuen kolektiboekin: “Bi joera ikusten ditugu: gizarte-zerbitzuek ijito familiei arreta okerragoa ematea, eta baita utzikerian erortzea ere”.
Mari Marrek azaldu du emakume ijitoen beldurra jazarpen arrazistak eragindako trauma historikoaren ondorio dela: “Seme-alabak kenduko dizkiguten beldurra gure arbasoek kontatu diguten guztitik dator. Garai desberdinetan, agintariek gure haur txikiak adopzioan eman dituzte eta zaharrenak ostatuetan sartu, gure herriak ondorengorik ez izateko”.
Amugeko kideek kezka agertu dute babes-pisuetan edo harrera-familietan hazten diren haur ijitoen inguruan: “Oso zaila da hazkuntza payo batera egokitzea. Oso gaizki pasatzen dute, eta bi muturren artean mugitzen dira: identitatea galtzea edo estereotipo antigitanoaren okerrena hartzea, haien identitatea indartu nahian”. Horregatik txalotu dute Gizarte Zerbitzuen azken neurria, zeinaren arabera haur bat babesgabe dagoela identifikatzen dutenean, haren familiako batek ardura har dezan saiatzen dira lehenik eta behin.
Ildo beretik, Normak dei egin du familia zurietan hazi diren adopzio transnazionaleko zenbait seme-alabaren zauri emozionalei arreta jartzeko: “Alabak artatu ditut, jendarte arrazista batean hazteak eragin dien ondoezean eta identitate krisian laguntzeko. Adopzio bidezko zenbait ama ere artatu ditut. Gutxi hitz egiten da honetaz”.
Cristina eta bere emaztea seme nerabe bat daukate eta Sehaska lgtbi familien elkarteko kideak dira. Peruko emakumeari sarritan gertatu zaio parkean jendeak pentsatzea bere seme ilehoriaren zaintzailea dela. Lagundutako ugalketa bidezko ama den aldetik, gogorarazi nahi du familia guztiak ez direla gai sentitzen abandonuaren edota babesgabetasunaren motxila dakarren ume bat hazteko.
AUZOKO AMA-AMAMAK
Otxarkoagan ohikoak dira aldi berean ume baten ama eta amama diren emakumeak, baina ez dute zerikusirik Obregonekin. Bilboko auzo honetan dago Amugeren egoitza, eta hor ibili ohi den emakume batek baino gehiagok adoptatu du biloba, iloba, neba-arreba edo lehengusu-lehengusinaren bat. Amugek ijito familiek bizi duten bazterkeria sistemikoa salatzen du, baina era berean balioesten ditu ijito herriak bizirik mantentzen dituen praktika komunitarioak.
Feminismo zuriak oro har amatasuna eta familia nuklearra hartu ditu patriarkatua betikotzeko menderakuntza-tresna gisa. Aitzitik, feminista erromaniek azaltzen dute ijito familia zabalen indarra autobabes-estrategia dela beraientzat. Horregatik, ijito guztien artean erabiltzen dira “osaba-izeba” eta “lehengusu-lehengusina” adeitasun formulak, nahiz eta senide ez izan. “‘Bizitza erdigunean’ zuen leloari ematen diogun esangura da guretzat familia dela lehentasuna, familia oso modu zabalean ulertuta”, azaldu du Tamarak.
Elkarri laguntzeko konpromisoa seme-alabak izateko zailtasunak dituzten senideen aurrean ere ematen da: “Gehiago ahalegintzen gara bakardadea senti ez dezaten. Ohikoa da horiek aukeratzea gure seme-alaben amabitxi eta aitabitxi izan daitezen, hala hazkuntzan gehiago inplikatu daitezen”. Zainketaz gain, umeekin hezkuntza arazoak daudenean ere ohikoa da modu kolektiboan konpontzea: “Esaterako, iloba batekin gatazka bat dagoenean, ahizpa guztien artean hitz egiten dugu. Alderantziz, gure familiako guraso baten heziketa-estiloak kezka pizten badigu, esku hartuko dugu, bereziki amamek, autoritate hori baitute”, azaldu dute claveriatarrek.
Laguntza bidezko ugalketa onartua dago ijito komunitate ebanjelikoan, eta ohikoa da familiak tratamenduak ordaintzen laguntzea. Hori bai, tabu batek inguratzen jarraitzen du gaia, batez ere gizonezkoen antzutasunari dagokionez, ijito ez den gizartean gertatzen den bezala. In vitroek huts egiten dutenean, familia barruko harrera da aukera bakarra. Izan ere, ijito familia gehienek ez dituzte betetzen adopzio-prozesuetan egokitasuna lortzeko baldintza sozioekonomikoak. Amugeko kideek ez dute ezagutzen haurdunaldi subrogatura jo duen pertsona ijitorik: “Bekatutzat dugulako eta ez dugulako ordaindu beharreko dirutza”.
Claveria ahizpek haien inguruko emakume ezkongabeen eta ugalkortasun-arazoak dituzten senar-emazteen bideak errepasatu dituzte: esaterako, ohikoa da pertsona horiek babesgabetasun egoeran dagoen ilobaren baten ardura hartzea. Batzuetan, adopzio horiek erakundeen aurrean formalizatzen dira, baina gehienetan akordio ez-formalak dira: “Instituzioak laxoak dira gurekin egoera horietan. Adibidez, emakume ijito batek eskolan azaltzen badu bere familiako ikasle baten ardura hartu duela, zentroak onartuko du, inolako paperik eskatu gabe”.
Ozeano batek banatzen ditu Otxarkoaga eta Lambayeque, baina oso antzeko bizipena izan du Cristinak bere sorterrian: “Seme-alabak komunitatearenak dira. Emakume batek herrialdetik irten behar badu lanera, gertuko norbaitek adoptatuko ditu umeak berehala. Horregatik, haurrik eduki ezin duenak, neurri batean, gabezia hori beteko du, izaki bati maitasuna emanez. Edonola ere, badaude seme-alaba ‘propioak’ izateko desio handia duten pertsonak ere”, azaldu du perutarrak.
Aldartek abiatutako haurdunaldi subrogatuari buruzko barne-eztabaidan parte hartu zuen Cristinak, baita erakunde horretako kideek Limara egindako bisitan ere. Tokiko feministei galdetu zieten bere posizionamenduaz, eta Cristinak berak adierazitakoaren antzekoa erantzun zuten: Peruko testuinguruan oso naturalizatuta daudela ugalketa-akordioak. “Beti jakin izan da familiaren batek ezin zuela seme-alabarik izan, eta beste emakume batengana jo zuela haurdun gera zedin. Askotan, halako akordioak baliatzen zituzten emakumeek ikasketak edo etxea ordaintzeko. Ez ziren xehetasunak ezagutzen, baina ez zitzaion garrantzirik ematen”, azaldu du. Akordio informal horien ondorioz jaiotako umetxoak disimuluan erregistratzen ziren guraso izan nahi zutenen izenean. Cristinak argitu du gogoan dituen halako istorioen protagonistak ez zirela emakume indigena pobreak, baizik eta hirietako emakume mestizo prekarioak. Bestetik, bere familian bertan eman da haurdunaldi subrogatu altruistaren saiakera bat: ahizpa ezin zen haurdun geratu, eta iloba batek bere burua eskaini zuen debalde ernaltzeko.
Amugek antzeko esperientziak kontatzen dituen arren, batzuek eta besteek ateratzen duten ondorioa kontrakoa da: Cristina ordezkapen bidezko ernalketa legeztatzearen alde dago, bizia emateko aukera zilegia iruditzen zaiolako, baina Tamarak eta Mari Marrek familiartekoen artean bakarrik onartuko lukete, beste gisako bitartekaririk gabe. Edonola ere, azken mezu batekin itxi dute elkarrizketa Otxarkoagako ahizpek: “Payook hobe zenukete gure kultura komunitariotik ikasiko bazenute”.
[2] Ezin izan dut Afrikako testuinguruari buruz nahikoa sakondu liburu honetan. Estatu Batuetan bizitako emakume batek sortu zuen lehenengo agentzia Ghanan 2004an, eta gobernuek ez diote industriari mugarik jarri. Nigerian eta Kenyan ere ematen da praktikan. Modalitate altruista legeztatu da Hegoafrikan, bitartekariek ere ezin dute kobratu eta, hortaz, GKEek jartzen dituzte harremanetan gestanteak eta intentziozko gurasoak.