Aurkibidea
1. Filosofia: Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz
2. Kultura: Katixa Agirre eta Irantzu Varela
3. Gizarte zientziak: Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea
4. Ikuspegi antiarrazista: Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora
5. Ikuspegi perinatala: Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar
6. Familia aniztasuna: Ianire de la Calva, Borja Muņoz eta Iosune Centeno
7. Legegintza: Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay
Aurkibidea
1. Filosofia: Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz
2. Kultura: Katixa Agirre eta Irantzu Varela
3. Gizarte zientziak: Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea
4. Ikuspegi antiarrazista: Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora
5. Ikuspegi perinatala: Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar
6. Familia aniztasuna: Ianire de la Calva, Borja Muņoz eta Iosune Centeno
7. Legegintza: Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay
Ohar metodologikoak
Euskal Herriko hemeretzi feministari egindako elkarrizketak dira liburu honen oinarri nagusia. 2023ko ekain eta abendu artean egin ditut, batzuk aurrez aurre eta beste batzuk telefono edo bideo dei bidez.
Bi salbuespen daude datei dagokienez. Lehenik, Itziar Alkorta Idiakezi 2020an egindako elkarrizketa berreskuratu dut, Pikara Magazinen zein Argian argitaratu nuena. Bigarrenik, Borja Muņoz Arrastiari 2022an egin nion elkarrizketa Argia aldizkarirako, gizon ez-heteroen gurasotasun desirei buruzko bere ikerketaren harira; nolanahi den, kasu horretan haurdunaldi subrogatuei buruz sakontzeko bigarren elkarrizketa egin nion libururako.
Pertsonak aukeratu aurretik, gaiari heltzeko esparruak eta ikuspegiak zehaztu ditut: filosofia, kultura, gizarte zientziak, ikuspegi antiarrazista, perinatala, familia aniztasuna eta legegintza. Beste batzuk irudikatu nituen, hala nola ekologismoa eta haurren eskubideak, baina ez dut ezagutzen ikuspegi horretatik gaia landu duen euskal feministarik. Horregatik, ildo horiek zeharka baino ez ditut landu.
Elkarrizketatu gehienak aukeratu ditut haurdunaldi subrogatuari buruzko diskurtso publikoa izateagatik, eta gutxi batzuk amatasunei edo gurasotasunari buruzko diskurtso publikoa izateagatik. Sailkapen eta egituratze prozesu horretan ez naiz saiatu aldeko eta kontrako ahotsak orekatzen, ez liburuan oro har, ezta kapitulu bakoitzean ere. Zenbait kasutan, elkarrizketa egiteko orduan deskubritu dut elkarrizketatuen iritzia. Horregatik, kapitulu batzuetan joera jakin bat gailendu da, eta bestelako iturrietara jo dut diskurtso horien ifrentzua jasotzeko. Esango nuke lagin txiki honek argi uzten duela euskal feministen arteko pluraltasun diskurtsiboa.
Askok galdetu didate ea zergatik ez ditudan errealitate honen protagonistak elkarrizketatu, alegia, gestanteak, familiak edo seme-alabak. Bada, liburuaren helburu zehatza delako euskal feministen arteko diskurtso kolektiboa sortzen laguntzea. Alabaina, feministen diskurtsoak kontrastatzeko jo dut familien eta gestanteen diskurtsoetara. Bibliografiaz gain, esan bezala, Alondegiko Kongresua baliatu dut eta Gure Umeen Ametsak elkarteko bozeramaile batekin ere luze hitz egin dut.
“Euskal” horren harira, liburuaren muga bat onartu nahi dut: tamalez, Euskal Autonomia Erkidegoan zentratzea erabaki dut, haurdunaldi subrogatuaren gaian trebatzen eman ditudan urteotan eremu horretan egin dudalako lan; hori kontrolatzen dut eta oso txikia da Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko egoeraz dudan ezagutza.
Azkenik, hizkerari buruzko hautua azaldu gura dut. Berez, “ordezkapen bidezko ernalketa” iruditzen zait kontzepturik zehatzena; hori da Sara Lafuente Funesek gomendatzen duena, bere ikuspegia erabat kritikoa bada ere. Aitzitik, euskaraz ulerterrazagoa iruditzen zaidan “haurdunaldi subrogatua” erabiliko dut gehienbat. Ez dut “amatasun subrogatua” erabiliko, iruditzen zaidalako gestanteei ama kategoria inposatzea haien autodeterminazioaren kontrakoa dela. “Alokairuzko sabelak” soilik jasoko dut elkarrizketatuek edota bibliografiako egileek erabiltzen dutenean. Bat egiten dut Alkortak eman zidan azalpenarekin:
“Haurdunaldi subrogatua” anglizismo batetik dator, Baby M kasuan jatorria duena: 1986an New Jerseyko mediku bat estatu hartako lege zibilak aurreikusten duen surrogacy deitutako figura batez baliatu zen, emazteak haurrik ekarri ezin zuela eta, bigarren emakume batekin kontratu bat sinatzeko. Inportatutako termino zentzugabea da gure testuinguruan, etimologiaren zein esanahiaren aldetik. Aditzera ematen du ordezkaritza kontratu bat besterik ez dela. Bestetik, “alokairuzko sabelak” ez dut gustuko, ez direlako errespetuzko hitzak horrelako kontratuetan parte hartzen duten emakumeentzat. Beste hitz bat asmatu beharko genuke denon artean!