Aurkibidea
1. Filosofia: Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz
2. Kultura: Katixa Agirre eta Irantzu Varela
3. Gizarte zientziak: Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea
4. Ikuspegi antiarrazista: Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora
5. Ikuspegi perinatala: Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar
6. Familia aniztasuna: Ianire de la Calva, Borja Muñoz eta Iosune Centeno
7. Legegintza: Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay
Aurkibidea
1. Filosofia: Tere Maldonado eta Josebe Iturrioz
2. Kultura: Katixa Agirre eta Irantzu Varela
3. Gizarte zientziak: Amaia Perez Orozco, Elixabete Imaz eta Jule Goikoetxea
4. Ikuspegi antiarrazista: Marimar eta Tamara Claveria, Norma Vazquez eta Cristina Zamora
5. Ikuspegi perinatala: Ana Mendia eta Estitxu Fernandez Maritxalar
6. Familia aniztasuna: Ianire de la Calva, Borja Muñoz eta Iosune Centeno
7. Legegintza: Itziar Alkorta, Oihana Etxebarrieta eta Miren Ortubay
1. Filosofia
Askatasuna, altruismoa, borondatea,
etika eta beste zenbait korapilo
Etikoki zuzena al da ordezkapen bidezko ernalketa? Etikoki zuzena al da agentzia bati ordaintzea, beste herrialde bateko emakume batek jaioberri bat sor diezadan? Etikoki zuzenagoa al da diru truke barik egiten badut, eta gestantea nire senide edo laguna baldin bada?
Prest egon behar dugu emakumeok ugalketa lana debalde egiteko, beste familia batentzat, altruismoaren izenean? Baina zer da lana eta zer esplotazioa? Eta zer da amatasuna? Zerk bihurtzen gaitu guraso?
Ez da kasualitatea: Filosofian doktoreak dira Espainiako Estatuan alokairuzko sabelen kontra mugitu diren feminista ezagun dezente, Amelia Valcarcel, Alicia Miyares eta Victoria Camps, kasu. Beste ezagutza arloetatik datozenek ere eman diete garrantzi handia praktika/negozio honek dituen inplikazio sinboliko, etiko zein existentzialei.
Nazioarte mailan, finrrage (ingeniaritza erreproduktibo eta genetikoari aurre egiteko nazioarteko sare feminista) fundazioko kideak izan ziren aitzindariak: 1984 urtean jada lotu zituzten laguntza bidezko ugalketa teknikak emakumeon kontrol patriarkalarekin. Orduan adierazi zuten haurdunaldi subrogatua esklabotza dela, emakumeon osasunaren eta duintasunaren aurkakoa, ontzi hutsak bihurtzen gaituen neurrian.
Hala, zalantzan jarri zuten Shulamith Firestone feminista erradikalaren teoria tekno-optimista, alegia, ugalketa artifizialak eta bioteknologiak ahalbidetu zezaketela iraultza bat, sexu diferentziak neutralizatuko lituzkeena eta emakumeak derrigorrezko ugalketa lanen tiraniatik askatuko lituzkeena.
finrrageren argudioei jarraipena eman zieten Espainiako feminista akademiko abolizionistek, 2016. urtean No somos vasijas manifestua plazaratu zutenean. Gurean ere behin eta berriro errepikatu den diskurtsoa zabaldu zuten: alokairuzko sabelen negozioa emakumeen kosifikazioan eta umeen komertzializazioan datza.
Pentsalari ekofeministak nabarmendu dira, halaber, laguntza bidezko ugalketaren industriaren kontra, kapitalismoaren logikan txertatzen duelako bizitzaren sorkuntza bera. Alicia Puleoren esanetan, “alokairuzko sabelak” esapideak kritika egiten dio emakumeen gorputzen merkantilizazioari, pertsonon osotasun psikofisikoarekin apurtzen baita. Maria Miesek azaldu du teknologia hauen erruz gizakien sorkuntza prozesuak (ernalketa, haurdunaldia eta erditzea) ekintza artifizial bihurtu direla; oso medikalizatuak eta osasunerako kaltegarriak. Hala, emakumeon gorputzak inbertsio-espazio berri bat bilakatu dira, teknika hauen funtzio terapeutikoaren koartadaz baliatuz, kapitalismoaren eredu desarrollista biziberritzeko. Bide batez, abeltzaintza industrialean emeek bizi duten ugalketa-esplotazio teknifikatua ere aipatzen dute zenbait ekofeministak.
Bestetik, Luce Irigarayren eta Luisa Muraroren diferentziaren feminismoa berreskuratu dute alokairuzko sabelen abolizionistek: patriarkatua “matrizidio” batean oinarritu zen, hots, amaren hilketa sinbolikoan. Eva Adamen saihetsetik jaio zen; Dioniso Zeusen izterretik, eta Atenea Zeusen burutik. Grezia klasikoko pentsalari askok, Aristotelesek barne, logika androzentriko horri eutsi zioten: semena da bizitza sortzen duen printzipio aktiboa, eta emakumearen gorputza da enbrioia hazi eta egosi egiten duen labea.
Patricia Merino Murga ama feministen mugimenduaren sustatzailearen ustez, errelato honen iturburuan dago patriarkatuaren oinarrizko pultsioa: emakumeon ugalketa-gaitasuna bereganatzeko borondatea. Logika bera antzeman du haurdunaldi subrogatuetan, non gurasotasun aitortza ebazte aldera, botere handiagoa ematen zaion laborategian obulua ernaldu duen espermatozoideari, umea bere gorputzean hazi eta erditu den emakumeari baino: “Ez da kasualitatea alokairuzko sabelen produktu diren haur gehienek soilik aitaren filiazioa izatea munduratzeko unean: aitarengandik jaiotako haurrak dira”.
Horregatik, hain zuzen ere, Ibone Olza psikiatra perinatalak aldarrikatu du erditzeak duen balio existentziala. Parir saiakeran defendatu du emakumeon igarotze-erritu antzestrala dela erditzea, Ama Lurrak eta gure arbasoek gidatuta egiten duguna; amatu egiten gara, umea erditze-kanaletik jaitsi ahala.
Beste muturrean, kuir teorian kokatzen dira haurdunaldi subrogatuen normalizazioaren aldeko diskurtso publikoa duten feministak. Sophie Lewisek Full Surrogacy Now: Feminism against Family saiakeran proposatzen duen utopia teknifikatuak baditu Shulamith Firestoneren utero artifizialen eta Donna Harawayren A Cyborg Manifestoren oihartzunak. Lewisen hitzetan, “premiazkoa da gestante subrogatu komertziala cyborg ugaltzaile gisa berrikustea”.
Ordezkapen bidezko ernalketak dituen potentzialitate politikoak identifikatu zituen Gracia Trujillo soziologo kuirrak Alondegiko Kongresuan:
1. Amatasuna desnaturalizatzea: Erditu zaitezke ama izan gabe, eta ama izan zaitezke erditu gabe. Hortaz, amatasuna ez datza egitate biologiko edo fisikoan, desioan baizik. Orna Donath eta Eleonora Lammen ekarpenetan oinarritu da amatasun sena zalantzan jartzeko; sen hori familia nuklearraren sorkuntza sendotzeko Mendebaldeko asmakeria delakoan.
2. Familiaren desegonkortzea: Trujillok kritikatu du Portugal edo Ukraina bezalako herrialdeetan soilik ezkontide zis-heterosexualek gauzatu ahal dituztela haurdunaldi subrogatu prozesuak. Baina azpimarratu du praktika honek baduela gurasotasun markoak zabaltzeko gaitasuna. Paul B. Preciadok Manifiesto contrasexualen proposatu zituen ugalketa komunitateen alde egin du, lotura biologikoetan baino, kolaboraziozko harremanetan ardaztutakoak.
3. Jarduera feminizatuak kapitalizatzea: soziologoaren ustez, sexu-langileek eta gestanteek badute patriarkatu kapitalistaren menderatze-ardatzak kolokan jartzeko eta iraultzeko gaitasuna, musu-truk egitea agindu dizkiguten lanengatik kobratzen dutelako.
Berriro ere, ez da kasualitatea: No somos vasijas manifestuko sustatzaileak izan dira Trans Legearen kontra matxinatu diren feminista akademikoak. Haien burua feminista erradikaltzat aurkeztu duten militante gazte trans-gorrotatzaileek ere (Euskal Herriko Feminista Erradikalak, kasu) hurrengo pack ideologikoa eratu dute: prostituzioaren, alokairuzko sabelen eta generoaren abolizioa aldarrikatzen dute, fenomeno beraren aldeak direlakoan.
“Contra el borrado de las mujeres” izanik genero autodeterminazioaren aurkako haien leloa, amaren ezabaketa soziala, kulturala eta juridikoa identifikatu dute alokairuzko sabeletan. Horren adierazle iruditzen zaie “ama” ordez genero-markarik gabeko “gestante” hitza erabiltzea.
Hala, Atlánticas aldizkari feminista akademikoak haurdunaldi subrogatuei eskainitako monografikoan Maria Jose Binetti filosofoaren artikulua nabarmentzen du: “Extractivismo reproductivo en tiempos de ideología queer”. Bere esanetan, “patriarkatu kuir neoliberalaren ingeniaritza sinbolikoa” baliatu du sistemak, emakume pobretuen ugalketa-esplotazioa normalizatzeko.
Judith Butlerren genero performatibitatearen teorian ikusi du Binettik haurdunaldi subrogatuen euskarri ideologikoa: egitateak baino (ernaltzea eta erditzea), subjektibitatea da pertsona bat guraso bihurtzen duena. Aipatu du Paul B. Preciadok ere Manifiesto contrasexualen auzitan jarri zuela ugalketa-jarduerek (haurdunaldia bera zein gametoak ematea) filiazioa lotura modu “naturalean” sortzen dutenik. Preciadoren utopian, pertsonek fluido eta zelula erreproduktiboak akordio libre eta adostuen bidez konpartituko lituzkete. Hala, Binettik defendatzen du patriarkatu tradizionalean faloaren autoritarismoak ordenatzen eta arautzen bazuen bizitza, neopatriarkatu garaikidea (eta honen produktu den haurdunaldi subrogatua), aldiz, “fragmentazio soziokonstruktibistan eta diseminazio identitarioan” sostengatzen dela. Dena den, feminista abolizionista honek ez du aipatzen Preciadoren beste aldarri bat, haurdunaldi subrogatuaren defendatzaileen borrokarekin talka egiten duena: gure ugalketa praktiken bidez jaiotako umeen gaineko jabetza eskubide orori uko egitea.
Nolanahi ere, ez gara pack ideologiko zaleak eta, horrexegatik, polarizaziotik ateratzea ahalbidetuko diguten bi filosofia irakasle eta militante feminista gonbidatu ditugu iritzia ematera: Josebe Iturrioz Itu aktibista kuirra (Medeak talde transfeministaren sortzaileetariko bat izandakoa), eta feminismo ilustratua aldarrikatzen duen Tere Maldonado (FeministAlde elkarteko kidea).
SEXU-UGALKETA LANA
KAPITALISMO GARAIKIDEAN
Esan dugu prostituzioaren abolizioaren aldekoak antolatu direla alokairuzko sabelen kontra gurean, argudio komunekin. Lotura hori ez da berria: Andrea Dworkin feminista erradikalak “ugalketa-burdelak” esapidea baliatu zuen 1983an haurdunaldi subrogatuen kontra egiteko. Era berean, Carole Patemanek 1988an argitaratu zuen Kontratu sexuala liburuan ere argudiatu zuen bi negozio horiek “onespenaren patriarkatuan” oinarritzen direla, alegia, subordinazio-harremanak kontratu bidez legitimatzeko estrategia liberalean.
Kontrako muturrean, Gracia Trujillok ere ardaztu du haurdunaldi subrogatuei buruz duen diskurtsoa prostituzioaren inguruko argudioekiko analogian, Lola Roblesekin batera gai honi buruz publikatutako liburuan: “Sexu langileek defendatzen dute ez dutela haien gorputza alokatzen, baizik eta zerbitzuak eskaintzen eta saltzen. Neurri berean, gestanteek haien ugalketa-gaitasuna eskaintzen dute, arrazoi altruistengatik edo ekonomikoengatik”. Hala, ondorioztatu du bi fenomenoen oinarrian dagoela gorputz-autonomiaren defentsa eta sexu-ugalketa lanaren aitortza. Beste ezaugarri erkide bat aipatu du: “Bietan errepikatzen da emakume horien izenean hitz egiteko joera, haien hitza ez entzutea, haiek baino hobeto jakitea zer komeni zaien”.
Alabaina, funtsezko desberdintasun bat nabarmendu du Layla Martinezek haurdunaldi subrogatuei buruzko bere saiakeran: sexu-harremanak ez bezala, ernalketa gorputz barruan ematen dela, etenik gabe: “Ondorioz, geure buruari galdetu beharko genioke zer eskuratzen duen haurdunaldia kontratatzen duen pertsonak: lan-indarra ala gorputz oso bat denbora-tarte batez erabiltzeko eta kontrolatzeko eskubidea”.
Sexu-langileen mugimenduarekin eta genero-autodeterminazioarekin bat egiten du Josebe Iturriozek. Aitzitik, 2017an Euskadi Irratian eta Medeaken blogean argudiatu zuen egokiago iruditzen zaiola haurdunaldi subrogatua organoen salmentarekin alderatzea, bietan gakoa baita “antsia kapitalista” mugatzearen premia. Besteentzat ernaltzeko askatasuna onartu bazuen ere, itaundu zuen zergatik ez den onargarria gure giltzurrunak edo gibela saltzea eta bai ordea umeki bat. Era berean, azpimarratu zuen organo-emaileek azken momentuan damutzeko duten eskubidea ez dela aitortzen gestanteen kasuan.
Pikara Magazinen argitaratutako artikulu baten bidez erantzun zion orduan Tere Maldonadok. Koherentzia diskurtsibo falta leporatu zion, alegia, zergatik iruditzen zaion zilegi sexu-zerbitzuak saltzea eta ez ordea ugalketa-zerbitzuak saltzea. Sei urte geroago, lisiperako elkarrizketan errepikatu ditu Terek argudio haiek.
Joseberen ustez, aldiz, haurdunaldi subrogatuen auzian umea da, eta ez emakumea, gorputz protagonista: “Uterodun pertsonaren gorputza badago jada desjabetua sistema patriarkalean, izan prostituzioaren, familiaren edo haurdunaldi subrogatuaren markoan. Baina, azken honetan, jokoan dagoena da salmentan jartzen direla umeak eta gure espeziearen jarraipena bera”. Interesgarria suertatu zaio, halaber, Sara Lafuente Funes soziologoak etxeko langile-egoiliarrekin alderatzea: “Funtsezkoa iruditzen zait, nazioarteko zaintza- eta ugalketa-kate eta esklabotza-kategoria beldurgarri horiek salatzea”, adierazi du Ituk.
Mintza gaitezen, hortaz, kapitalismoaz. Tereren ustez, ordezkapen bidezko ernalketa ez da berez problematikoa, ez bada kapitalismo bioteknologikoak merkantilizatzen duen heinean: “Kalte nagusia da mugarik ez duen merkatu basatian bizi garela, eta horrek dena usteldu egiten duela. Hala, praktika guztiak ematen dira marko globalizatu honetan, non teknologikoki posible den guztia gauzatuko den”.
Alabaina, Josebek ez du uste haurdunaldi subrogatua (bere gaur egungo molde teknifikatu-globalizatuan) kapitalismoak kutsatutako praktika bat denik, baizik eta kapitalismoaren nukleoan garatu den negozio estrategikoa.
Gogoratu du Eulalia Perez Sendeño filosofoak 80ko hamarkadan ohartarazi zuela ugalketa-teknologia berriak ez zirela batere arrakastatsuak, eta ugalketa-ahalmenaren transferentzian zetzala benetako negozioa. Eta gaineratu: “Zientzia ez da aseptikoa: politikoki esanguratsua da non jartzen duen begirada, zer ikertzen duen eta zer ez, zein ezagutza ildotan inbertitzen duen eta zeinetan ez. Jakintza-sistemak eta, bereziki, ikerketa esperimentalek, errealitatea sortu eta legitimatzen dute. Hori ezin da bereizi sistema kapitalistatik. Trans errealitateari buruz ikertzen ez den bitartean, haurdunaldi subrogatua da hobi epistemologikoko gako bat”. Zergatik? Familia nuklear heteronormatiboa eta kapitalismo patriarkalaren grina eugenesikoa indartzen dituelako, besteak beste.
Gainera, ugalketa-praktika hauek justifikatzeko modua izan da jakintza zientifiko-teknifikatuaren atzean ezkutatzea. Hala, Filosofia irakasle honek argi dauka: “Etikoki ezin da sostengatu sistema kapitalistak umeak eta bizitza bera produzitzea modu fordista batean. Ez da dilema etikoa soilik, gatazka politikoa ere bada, soziala eta epistemologikoa. Auziak badu alde metafisiko bat: determinatzen du zein izango den gure izana; gizakia bera eraldatzen du. Zer gizarte mota sortzen du horrek? Galdetu behar diogu geure buruari zer baldintzatan nahi dugun gure espezieaz erditu”.
BORONDATEA ETA ALTRUISMOA
Haurdunaldi subrogatua legeztatzearen aldekoen argudio nagusia zera da: besteentzat ernaltzea emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubidea da. Are gehiago, “autonomia erreproduktiboan oinarritutako proiektu emantzipatzaile” gisa aurkeztu zuen Yarlenis M. Malfran Humanitateetako doktore kubatar-brasildar feministak Alondegiko Kongresuan. Bere ustez, abolizionistek “izu morala” piztu dute, “haurtxoen salmenta” edo “emakumeen esplotazioa” esapideen bidez.
Ildo beretik, Trujilloren esanetan, emakumeon autonomiaren aldeko aldarri nagusietariko bat da “Nire gorputza nirea da”. Hala, itaundu du nola den posible feminismoak emakumeei agintzea ezin dutela besteentzat ernaldu, eta, egiten badute, beti biktimak izango direla, eta ez burujabe.
Bat dator Tere: “Arlo batean diskurtsiboki defendatzen ditugun printzipioak ezin ditugu ukatu beste arlo batean”. Hala, prostituzioan zein haurdunaldi subrogatuen eztabaidan praktika horien kontrako analisi kritikoa badu ere, bietan ulertzen du emakume pobretuentzat biziraute estrategia izatea. Bestela esanda, “nola esango diogu emakume pobre bati sexu zerbitzuak sal ditzakeela, baina ezin duela bere sabela alokatu?”. Korapiloa askatzeko alternatiba, gai batean zein bestean, izango litzateke gorputza jabetza pribatu gisa ulertzeari uztea, neoliberalismoak egiten duen terminoetan.
Euskal Herriko intentziozko familiek erabiltzen dituzten atzerriko herrialde gehienetan legediak baldintza jakin batzuk ezartzen ditu gestanteen adostasun informatua bermatzeko, hala nola behar ekonomiko larririk ez izatea edota aurretik ernaldu eta erditu izana. Layla Martinezek, kontrara, onespen librearen aldeko argudiatzeari erantzun egiten dio bere liburuan: “Askatasunaren ikuspegi erabat neoliberalean oinarritzen da, honako fikzio honetan errotzen dena: gizartea berdintasunezkoa dela eta botere- eta menderatze-ardatzek ez dutela zeharkatzen”. Bere ustez, gestanteen eta intentziozko gurasoen arteko asimetria bat da lehenengoek haien beharrak asebetetzeko sinatzen dutela kontratua, eta bigarrenek haien desirak gauzatzeko. Kritikatu du, ideologia honen arabera, askatasuna ez dela jada kolektiboan eraikitzen den balore bat, baizik eta “merkatuan jarduteko gaitasun indibiduala”.
Haurdunaldi subrogatua legeztatzearen aldekoek abortatzeko eskubidearekin lotu dute afera, eta “Gu erditzen gara, guk erabakitzen dugu” leloa bereganatu dute. Lola Roblesek argi dauka diferentzia: “Abortatzeko eskubidean, emakumeak bere gorputzari buruz erabakitzen du, bere gorputzaren parte den enbrioi bati buruz. Baina haurdunaldi subrogatuan enbrioi hori ez da zurea, beste pertsona baten edo batzuen jabetza juridikokoa baizik”. Beste argudio bat da kontratuen klausulek gestanteen erabakimena mugatzen dutela.
Emakumeen onespena legitimatzeko estrategia izan da altruismoaren argudioa: alegia, gestanteen motibazio nagusia ez dela ekonomikoa, asebetetze emozional-etiko-espirituala baizik. Zenbait herrialdetan —Espainian obulu-donazioarekin egiten den bezala—, ordaina eskaintzen zaio emakumeari, prozesuan emandako denbora eta eragozpenak eskertzeko. Kasu horietan, prozesua merkatzen eta emakumeak prekarizatzen dituen eufemismoa bilakatzen da altruismoa. Aldiz, erabat altruistak diren ereduetan, aktibismo modukoa izango da gestantearen ekarpena.
No somos vasijas manifestuaren arabera, “eskuzabaltasunaren”, “altruismoaren” eta “onespenaren” erretorika “parapeto argumentatiboa” besterik ez da, uteroen trafikoa eta prezioaren arabera estandarizatutako haurtxoen salerosketa ezkutatzeko. Gainera, erretorika horrek aginte patriarkal erlijioso bat indartzen duela azpimarratzen du testuak: besteak laguntzeari bideratu behar dugula gure existentzia.
Genero diziplinatzea ikusten du Lafuente Funesek altruismoaren estrategian, eta horrek eragiten duen tentsioa adierazi du: alde batetik, emakumeak zaintza jarrera erakutsi behar du (amakorra, nolabait), baina, aldi berean, umearekiko lotura neurtu behar du, erditzeko unean amaituko delako bere rola. Aipatu du “langile-ama” moduan deskribatu zuela Amrita Pande ikerlariak exijentzia hori, non gestanteek haien inplikazio afektiboa indartu edo erreprimitu beharko duten, bezeroen eta industriaren espektatibak betetze aldera.
Terek eta Ituk bat egin dute altruismoari buruzko kritikan. FeministAldeko kidearentzat oso zalantzagarria da praktikaren zilegitasuna doakotasunean oinarritzea: “Zergatik altruista bada bai eta ez bada ez? Zer arazo daukagu diruarekin?”. Medeakeko sortzailearen ustez, “hipokrisia hutsa” izateaz gain, praktika “ekonomikoki irisgarriagoa” bihurtzen du, emakumeen negoziazio gaitasuna murriztuz: “Kapitalismoan sartzen bagara, umeak saldu ahal baditut, utzi niri prezioa jartzen!”.
Luze eztabaidatu zen Alondegiko Kongresuan altruismoaren markoaz. Alde batetik, parte hartzaileek aitortu zuten estrategia horren eraginkortasuna, alegia, Espainiako jendarteak errazago onartuko duela praktika, merkantilizazioaren aldagaia kentzen baldin bada. Alabaina, bidegabetzat jo zuten gestanteak izatea etekin ekonomikorik aterako ez duten agenteak, lan intentsuena eta arriskutsuena egiten dutenak izan arren.
Ariadna Ayala antropologoak Estatu Batuetako gestanteei egindako elkarrizketak komentatu zituen. Azaldu zuen Kalifornia bezalako estatuetan, modalitate komertziala legeztatu den arren, altruismoaren erretorika inposatzen zaiela besteentzat ernaldu nahi duten emakumeei. Alegia, agentziak aukera ukatu egingo dio baldin eta elkarrizketan emakumeak esaten badu bere motibazio nagusia diru-sarrera dela, eta ez familia bati laguntzea.
Aldi berean, azpimarratu zuen elkarrizketatutako gestanteek, xede ekonomiko jakin bat betetzeaz gain (esaterako, umeen unibertsitate gastuetarako aurreztu edo negozio bat martxan jarri), onura emozional eta sozialak ere aldarrikatzen dituztela. Emakumeek adierazi zioten esperientzia pozgarriak izan dituztela, ahaldunduak sentitu direla eta, auto-aitortzaz gain, ingurukoen miresmenaz ere gozatu dutela: “Haien seme-alabek esaten diete: ‘Zoragarria zara, biharko egunean zu bezalakoa izan nahi dut’”.
EPAI MORALAK
Eredu altruistak erantzun eszeptikoak jaso ohi ditu: nor egongo da prest in vitroak, haurdunaldia, erditzea eta puerperioa bizitzeko, zer eta ezezagun batzuei musu-truk laguntzeko? Nor egongo da prest, gainera, bederatzi hilabetez bere sabelean hazi den umea ezezagun batzuei emateko? Bi aukera posible irudikatzen dituzte ahots horiek: koakzioa edo alienazioa.
Elly Teman ikertzaile israeldarrak hamarkadak eman ditu emakume gestanteekin egindako ikerketa psikologikoak aztertzen, haiengan ezaugarri patologikoak topatzera bideratutakoak, ulertu ahal izateko zergatik ez duten ohiko loturarik garatzen umekiekin eta zergatik dauden prest jaioberria beste familia bati emateko. Hipotesi patologizatzaileaz gain, beste ildoa da prestutasun hori azalduko duen “pisu handiko arrazoi bat egotea”, hala nola behar ekonomiko larriak.
Anna Maria Morero Beltranek bere doktoretza-tesian azpimarratu du antzutasunak enpatia handia pizten duen bitartean, susmagarritzat jotzen dituela jendarteak haien ugalketa transferentzia lagatzeko prest dauden emakumeak: “Gestanteek justifikatu behar dute prozesuetan parte hartu nahi izatea”. Orduan, nola eraldatzen da umeak saltzen dituen ama txarraren estigma? Bada, feminitate tradizionalarekin bat egiten duten diskurtsoak eraikiz: besteen ametsak laguntzen betetzeko halako sakrifizioa egiteko prest dauden “aingeruak” dira gestanteak.
“Altruistak dira, narratibak eraikitzen diren esparru moralek inposatu egiten dietelako”, esan zuen Ayalak Alondegiko Kongresuan. Aitzitik, emakume indartsu eta ahaldunduaren narratiba defendatu zuen: “Emakume zoriontsuak dira, apetak dituztenak, indartsu sentitzen direnak. Gaztetan amatu ziren, ez zuten arazorik izan haurdunaldietan, haien bizitza familiarra baloratzen dute eta gustuko dute ernaltzea. Nola deitoratuko dugu haien esperientzia? Nola aurkeztuko ditugu soilik egiturazko zaurgarritasunetik? Nola ez sinetsi esperientzia positiboez ari direnean?”.
Esan dugu gizartea ulerkorragoa dela intentziozko familiekin, hots, gurasotasun desirari ematen zaion indarrak justifikatu egiten duela halako praktiketara jotzea. Feminismo abolizionistak, ordea, intentziozko gurasoenganako gupida gabeko diskurtsoa eraiki du: emakumeak esplotatzen eta umeak erosten dituzten pertsona nartzisistak omen dira. Hala, prostituzioarekiko beste paralelismo bat agertzen da: eskatzailearen kontrako gaitzespen morala.
Itu ez dator bat intentziozko familiak kriminalizatzearekin: “Oso gertu daukagun jendea da, ez duena uste ezer txarra egin duenik. Zientziak eskaini dien aukera baliatu dute, oso prozesu garbia egin dute, jakintzaren erritualizazioan oinarritutakoa, eta gainera familiaz erditzeko helburuarekin”.
Hala, ekintzaile transfeministak uste du guraso jakin horiek interpelatu baino, familiaren instituzio heteropatriarkala jarri behar dela ezbaian: “Preciadok ondo adierazi zuen familia heterosexuala dela, bere horretan, lagundutako ugalketa sistema bat, funtzionatzen ez duena. Jende askok 40 urterekin hasten du prozesua! Aldaketa iraultzaile bat planteatzen ez dugun bitartean, familiek jarraituko dute modu pribatizatu batean konpontzen erro politiko sakona duten arazo sozialak”.
“Eztabaidetan oso ohikoa da bestearen jarrera ezmoraltzat hartzea”, esan du Terek. Balorazio hori sostengatzeko egiten dira karikaturizazio ariketak. “Putero hitza entzutean, burura etortzen zait tipo bat ez dudana batere gustuko, baina sexu-harremanak izateagatik ordaindu duten gizon guztiek ez dute bat egiten irudi horrekin”. Antzekoa gertatu zaio haurdunaldi subrogatuarekin: “Erraza da epaitzea Miguel Bosek egiten duenean, eta egia da dirudunek abiatu dutela praktika. Baina gero ezagutzen duzu tipo jator bat, bere umea ondo zaintzen duena, gestantea ere zaintzen duena, zailtasunak eta kontraesanak onartzen dituena… Bada, oso gizatiarra ikusten duzu. Zer egin behar dute guraso izateko nahia edo borondatea daukaten pertsonek? Auzi moral hau argitu arte itxaron?”.
Hala, ordezkapen bidezko ernalketa prozesuak modu arduratsuan gauzatu dituzten pertsonak ezagututa, argi dauka FeministAldeko kideak eztabaida soziala ez dela moraltasunean ardaztu behar, baizik eta debate politikoan, nahiz eta etikak eta politikak elkarri eragiten dioten.
DESIO INDIBIDUALAK VS
ADOSTASUN SOZIALAK
Abortuaren kontra baldin bazaude, ez abortatu. Eutanasiaren kontra baldin bazaude, ez erabili. Ezkontza homosexualen kontra baldin bazaude, ez zaitez ezkondu zure generoko pertsonekin. Baina ez itzazu urratu nire eskubideak, ez iezadazu inposatu zure marko morala.
Oso ohikoa da argudiaketa hori erabiltzea sektore kontserbadoreei erantzuteko. Baina zer gertatzen da intentziozko familiek haurdunaldi subrogatuekin erabiltzen dutenean? “Ez ezazu besteentzat ernaldu, ez ezazu subrogazio bidez umerik izan. Baina utz itzazue gure familiak bakean”.
Eztabaida morala pizten duten praktiken artean, zeintzuk bermatu eta zeintzuk debekatu behar ditu Estatuak? Tereren ustez, perimetro hori ezartzea da koska: “Nire auzokoak egiten dituen eta inplikazio moralak dituzten gauzen artean, zein kontu dira pribatuak eta zein partekatuak? Zer exijitu ahal diogu elkarri? Onartu behar dugu gustuko ez ditugun praktikekin elkarbizitzea, baina legeak berdina izan behar du guztiontzat. Aintzat hartu behar dugu kapitalismoak eta patriarkatuak emakumeok objektu bihurtu gaituztela historikoki. Baina zoru liberal batean bizi gara Mendebaldean, non teknologikoki posible den oro gauzatuko den, ez bada debekatzen. Badakigu zerbait debekatzeak ez duela hori zertan desagerrarazi. Gutxieneko arrakasta-bermearekin praktika bat debekatzeko, gutxieneko adostasuna egon behar da”.
Hala, ez du abolizionistekin bat egiten esaten dutenean jarduera jakin batzuk (sexuari eta ugalketari lotutakoak, hain zuzen ere) ezin direla lan moduan aitortu, gizakiaren duintasunaren kontrakoak direlako: “Badaude lan asko izugarri nazkagarriak direnak eta jarraitzen dute lan izaten. Lana da itun zaharreko madarikazioa, ‘zure bekokiko izerdiz jango duzu ogia’”.
Ituk aipatu bezala, adostasun horren adierazle da odolaren eta organoen donazioa, eta hori ere ezbaian jarri dute politikari ultraliberalek, hala nola Argentinako Javier Mileik. Bat dator Tere: “Odola merkatutik kanpo utzi behar dugula adostu da, ordaindu ahal dutenentzako ondasuna bihurtuko balitz gizarte desastroso batean biziko ginatekeelako. Baina berdin egin beharko genuke material genetiko ororekin? Eta ernaltzeko ahalmenarekin?”.
Eztabaida latza iruditzen zaio FeministAldeko kideari, are gehiago eraginkortasun politikoaren ikuspegitik. “Praktika baten kontra egoteak ez du derrigor suposatzen debekuan sinestea. Onena izango litzateke haurdunaldi subrogatua desagertzea? Seguruenik bai, baina, desagertu arte, komeni da emakumeen baldintzak hobetzea? Erreforma ala iraultza da auzia, berriro ere. Nik iraultza nahi dut, kapitalismoaren amaiera, baina erreforma ez dut ulertzen aldaketa erradikala ukatzen duen zerbait bezala, baizik eta gaitz txiki bat bezala agian, eta aldaketa erradikal eta iraultzaile hori lortzeko urrats gisa ere bai: ultra-merkantilizazio orokortuarekin eta gorputzenarekin amaitzea”. Uste du erabat kontra edo alde arautzea ez dela irtenbidea gai honetan: “Ikusi beharko dugu zer urrats diren komenigarriak ahalik eta kalte gutxiago sor dadin, kontuan hartuta kapitalismo basatian oso zaila dela debekuak mantentzea; begiratu bestela drogen kasua”.
Sexu langileen esperientzia kontuan hartuta, Ituk ere argi dauka kriminalizazioa ez dela bidea: “Debekuak ez ditu langileen baldintzak hobetzen, eta heteroarauaren biolentziak modu ezkutuagoan ematen dira”.
Kapitalismo basati horren ezaugarri bat da, Moreroren esanetan, merkatua prest dagoela gizakien desio guztiei erantzuteko. Elisabeth Beck-Gernsheim eta Ulrich Beck soziologoen aipua ekarri du bere doktoretza-tesian: “Filosofia unibertsal moduko bat jabetu da pertsonez, eurena egitera bultzatuz. Haien eragina zerua eta lurra mugitzeko gaitasuna bezain urrun doa”. Hala, kapitalismo garaikidearen aroan legitimatu egiten da pertsonek muga sozial, fisiko eta are juridikoak gailentzea, haien ametsak betetze aldera.
Afera da: non dago desioen eta eskubideen arteko muga? Simone Weili irakurritako ideia bat ekarri digu Terek: “Eskubideen hizkuntza gerraren hizkuntza da. Izan ere, mahai gainean jartzen dudanean zer edo zer egiteko eskubidea dudala, herritar moduan exijitzen dut hori betetzeko bermea”. “Eskubide” kontzeptuaren interpretazio hertsia egitearen aldekoa da FeministAldeko kidea. Esaterako, familia bat sortzea bada eskubidea, ez ordea gurasotasun biologikoa gauzatzea. Edozein kasutan, gaineratu du kapitalismoari mugak jartzea izan beharko litzatekeela lehentasuna: “Bitartean, feministok jarraituko dugu debatea moralizatzen, eta gainontzeko emakumeek jarraituko dute nahi dutena edo ahal dutena egiten”.
Ituk posible ikusten du gai honetan feministen arteko adostasunak lortzea, baina faltan sumatzen du gaia serio hartzea eta merezi duen sakontasunarekin aletzea, korapiloak askatzeko. Bide horretan, azpimarratu du eztabaida polarizatuek ez dutela inondik inora laguntzen: “Ez dezagun errepikatu, arren, prostituzioarekin eta trans eskubideekin eman den zarata eta biolentzia maila!”.