Araka ditzagun gure bazterrak
Araka ditzagun gure bazterrak
2022, saiakera
168 orrialde
978-84-17051-87-7
editorea: Jule Goikoetxea
Emagin
 
2018, saiakera
Euskal Herriko Bilgune Feminista
 
 

 

4.4.
Euskal Herria
dekolonialitatetik eraiki

 

 

4.4.1.
TEORIA DEKOLONIALAK ITSASARGI

 

      Geure zuritasuna eta geure arrazakeria birpentsatzeko prozesu honetan teoria dekolonialak izan dira geure itsasargi nagusiak. Teoria dekolonialetara eta pentsamendu dekolonialetara hurbildu bagara ere, oraindik epistemologia dekolonialaren itsasoan sakonago igeri egin behar dugu, ekarpen horiek guztiak xeheago ezagutu ahal izateko, eta beste testuinguru batzuetan gorpuzturiko teoria horiek Euskal Herriko testuingurura zer-nola ekar ditzakegun pentsatzeko. Izan ere, zailtasun handiak ditugu teoria dekolonial horiek Euskal Herriko testuinguruan birkokatzeko eta birformulatzeko, are gehiago, teoria horiek praktika feminista eraginkor bihurtzeko Euskal Herrian geure posizio zuritik.

 

 

4.4.2.
MEMORIA HISTORIKOA AUZITAN

 

      Geure posizio zuria auzitan jarri nahi badugu, geure abertzaletasun zuri eta europarra auzitan jarri nahi badugu, ezinbestekoa zaigu geure historia abertzale horren berrirakurketa egitea, izan ere, abertzaletasunaren eta Euskal Herriaren historia-eredu nagusiek modernitatearen ardatzak bere egiten dituzte, eta geure iraganaren irakurketa moderno-koloniala heldu zaigu historia-liburu gehienetan: zer kontatu zaigu modernitatearen sorreraz? Euskal elite ekonomiko eta kulturalak zergatik tematu ziren modernitatearen parametroak bere egiten? Zer funtzio bete zuten historian euskal esploratzaileek eta euskal beltz-tratulariek? Zergatik eraiki dira sorgin ehizaren inguruko mito jakin batzuk? Zer funtzio bete du euskal matriarkatuaren mitoak? Marmar artean jaso ditugun ikuspegi moderno eta kolonial horiek auzitan jarri behar ditugu, bestelako memoria dekolonial bat eraikitzen joateko, geure herriaren biolentzia kolonialak ere ikusgarri egiteko, eta bestelako sinbologiak berreskuratzeko edo eraikitzeko, eta epistemologia dekolonial berriak sortzen joateko, geure herriaren erresistentzia dekolonialak ere ikusgarri egiteko.

 

 

 

4.4.3.
ERREFERENTE FEMINISTAK ANIZTU

 

      Geure praktika feminista zuria auzitan jarri nahi badugu, ezinbestean, geure erreferente feministak aniztu behar ditugu. Azken finean, Mendebaldeko mugimendu feministaren altzoan hazi gara, eta Mendebaldeko feminismo horretan errotu ditugu geure praktikak, geure teoriak, geure erreferenteak. Gehienak ere erreferente zuriak eta mendebaldarrak. Oharkabean ala oharturik, begirada feminista mutilatua, begirada eurozentriko itsutua. Itsumen hori gainditzeko ariketa aktibo etengabea egin behar dugu erreferente feminista ez-mendebaldarrak eta ez-zuriak eraikitzeko, begirada mendebaldar zuriaz beste egiteko. Aldi berean, geure erreferente mendebaldar zurien irakurketa dekolonialak egiteari ekin behar diogu, geure pentsamendu feminista errotu duten hainbat pentsalariren ekarpenak dekolonialitatetik ere berrikusteko.

 

 

4.4.4.
GATAZKA ARMATUAREN
OIHARTZUN FEMINISTAK

 

      Azken hamarkadan errelatoaren batailak alderik alde zeharkatu ditu hedabideetako albisteak eta ekimen politikoak, eta Espainiako instituzioak nahiz Hego Euskal Herriko instituzioak errelato ofizial bat eta bakarra hedatzeko indar bizia egiten ari dira. Testuinguru horretan, Euskal Herriko gatazka armatua hurbiletik ezagutu ez duten herritarrak, gerora Euskal Herriratu direnak, adibidez, bakar-bakarrik errelato ofizial horren bitartez jasotzen ari dira gertaturikoaren berri. Migratzaile askok, esate baterako, errelato ofizialaz besteko ezagutzarik izateko aukera ere ez dute. Gatazka armatuaren bestelako errelato ezkertiar, abertzale eta feminista batzuk helarazteko eta partekatzeko bideak pentsatu beharko genituzke, gatazka armatua bere konplexutasunean ezagutarazi ahal izateko, eta emakume* militante batzuek bizi izan dituzten jazarpen-esperientziak ere partekatzeko.

 

 

4.4.5.
EUSKARA, HARRERA-HIZKUNTZA

 

      Zoritxarrez, euskara ikastea ez da doakoa Euskal Herrian, eta migratzaileak euskalduntzeko sare sendorik ere ez da antolatu, ez instituzioetatik, ez herrigintzatik. Hala izanik, euskara harrera-hizkuntza izatea nahi badugu, hainbat norabidetan egin behar dugu lan. Alde batetik, gobernuei exijitu behar diegu migratzaileak ere euskalduntzeko baliabideak jartzea. Beste alde batetik, euskarazko klase autogestionatuak antola daitezke gune feministetan edo migratzaileen komunitateetan. Azkenik, euskararekiko atxikimendua transmititzeko moduekin asmatu behar dugu; izan ere, migratzaileak euskarara lotuko dira komunitatetik, sentimendutik, bertakoa sentitzetik, nahiz eta hemen jaio ez. Guk geuk mugimendu feministaren aldarrikapen bilakatu nahi genuke euskara ikasteko eskubidea, beste hainbat aldarrikapen sozialekin gertatu den bezala (adibidez, elikadura burujabetzarekin). Bide horiek guztiak eraiki bitartean, mugimendu feministan edota emmko espazioetan euskara komunikazio-tresna izateko bitartekoak eskaintzen jarraitu behar dugu, baita bitarteko horiek hobetzen eta garatzen ere.

 

 

4.4.6.
GORPUTZEN DEKOLONIZAZIOA

 

      Kolonizazio-prozesuek ez dute bakarrik lurraldeen arpilatzeetan edo ustiaketetan eragiten, kolonizazio-prozesuek gorputzetan ere ondorio espezifikoak sortzen dituzte, eta askoz gutxiago aztertu izan ditugu kolonizazio-prozesuek komunitate jakin batzuetako emakumeen* gorputzetan utzitako arrasto diskurtsiboak zein biolentzia sinbolikoak. Adibidez, emakume* beltzen hipersexualizazioa, ezberdinarekiko exotizazioa edo Espainiatik eraikitako emakume* euskaldunaren irudia (mal follada, itsusiak, Nekaneak…). Biolentzia sinboliko horiek eraikitzeko prozedurak eta mekanismoak ez ditugu hain azterturik, are gutxiago biolentzia sinboliko horiek eragin dituzten zaurgarritasun-motak eta azpiratze-motak. Gorputzak kolonizatzeko mekanismo eta estrategia horiek aztertuz, geure gorputz-imajinarioak eta gorputz-pertzepzioak dekolonizatzeko bideak urratu ahal izango ditugu.

 

 

4.4.7.
PERIFERIEN AITORTZA

 

      Euskal Herriko Mugimendu Feminista oso hiritarra da oraindik ere, hiri-kultura batean erroturikoa, hiri-abiadura batera eramana, hiri-ohitura zein hiri-espazioetara egina. Asfaltozentrismoa gailentzen da, eta hortaz, militantzia-eredu horretan, hiri-eredu horretan arrotz sentitzen dira Ipar Euskal Herriko militanteak, Erriberakoak edo landa-eremukoak. Horrenbestez, dinamika feministak birpentsatu behar ditugu hirigunetik kanpoko feministek presentzia handiagoa izan dezaten eta ekarpenak egiteko aukera gehiago izan ditzaten.

      Bestalde, ikuspegi hiritar hori oso lotuta dago ikuspegi moderno-kolonialarekin, ikuspegi horrek hiria baitu gizarte-dinamikaren gune nagusi. Hortaz, edozein begirada dekolonialak ikuspegi hiritarra auzitan jarri behar du, hiri-eredua eta hiri-kultura auzitan jarri behar ditu. Norabide horretan landa-eremutik datozen proposamenak balioesten segi behar dugu, baita horiek ikusgarriago egiten ere. Sarritan ekofeminismoaz edo feminismo komunitarioaz jardutean Abya Yalari begiratzen diogu eta zeharo ahazten dugu Euskal Herrian bertan landa-eremuan halako komunitateak, halako mundu-ikuskerak eta halako ezagutzak jada garatu direla.

 

 

4.4.8.
ZAINTZA-SISTEMA PUBLIKO
KOMUNITARIORANTZ

 

      Neoliberalismoak zaintza-kate globalak sortu eta biziberritu ditu, eta gaur egungo zaintza-sistemak lotura sendoa du migrazio-politikekin. Izan ere, emakume* atzerritarrek hartu dituzte lehen bertako emakume* pobretuek egiten zituzten zaintza-lanak, migratzaile emakume* horiek esku-lan merkea direlako sistema kapitalistaren egituran. Egoera oso zaurgarrian daude langile horiek: deserrian, afektu-sare sendorik gabe eta askotan paperik gabe… Zaurgarritasunak jota, etxeko langileek maiz esklabotza-egoerak bizi dituzte. Kapital-bizitza gatazkaren testuinguru latz horretan etxeko langileen aldarrikapenak lehen lerrora ekarri behar ditugu, eta lan-baldintzak duintzea urgentziazko erronka dugu. Aldi berean, Euskal Herri osorako zaintza sistema publiko komunitarioa definitzen eta egituratzen joan behar dugu, zaintza-sistema errotik aldarazteko.

 

 

4.4.9.
SEGREGAZIORIK GABEKO
HEZKUNTZA-ESPARRUAK

 

      Hezkuntza-esparruko segregazioa eztabaida politikoaren lehen lerroan kokatu da azken urteotan, gero eta nabarmenagoa baita klase-bereizkeria hezkuntza-komunitate batzuetan. Oso kezkagarria da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiri eta herri batzuetan ikastetxe publikoen eta ikastetxe kontzertatuen arteko klase-bereizkeria, batez ere kontuan hartuta ikastetxe publikoek gero eta baliabide gutxiago dituztela, eta ikaslerik zaurgarrienak eskola publikoan pilatu ohi direla (jatorri-, klase-, edota gizarte-premien ikuspegitik). Hala izanik, ikasle zaurgarrienak ere hezkuntza-sisteman are zaurgarriago dira, eta aukera-berdintasuna zein hezkuntza-berdintasuna ez dago bermatzerik. Antzeko egoera dago Nafarroako eremu batzuetako D ereduko ikastetxeekin, halakoetan oso ikasle zaurgarri gutxi joan ohi direlako. Hezkuntza-bazterkeria horiek gainditzeko urratsak egin behar dira, hezkuntza-sistema publikoan ikasleen profilak anizteko, baita hezkuntza-sistema kontzertatuan ikasleen profilak anizteko, ikasle zaurgarrienei baliabide berezituak eskaini ahal izateko, eta ikasle profil guztiei hezkuntza-aukera berak emateko ere.

 

 

4.4.10.
HERRITARTASUN-EREDUA
ETA ESKUBIDE UNIBERTSALAK

 

      Pribilegio zuri eta mendebaldarrek ere herritartasun-eredu bat hedatzen dute, migratzaileak kanpo uzten dituena, besteak beste. Horregatik, bestelako herritartasun-eredu baten alde egin behar dugu, eta eskubide unibertsalen defentsan gogor jardun behar dugu (hezkuntza publiko eta doakoa, osasungintza, etxebizitza eskubidea, hizkuntza, hiritartasuna….), batzuen pribilegio izatetik, guztiontzako eskubide unibertsal izan daitezen, edozein izanik ere pertsonaren egoera administratiboa. Norabide horretan urratsak egiteko, oso garrantzitsua da herri-eraikuntzaz jardutean herritartasun-ereduaren auzia lehen lerrora ekartzea. Azken finean, erabakitzeko eskubideaz hitz egin dugu sarri, baina ahaztu egiten zaigu batzuek ez dutela bozkatzeko eskubiderik ere. Nola definitu eta bermatuko dugu hiritartasuna euskal errepublikan? Zer-nolako herritartasun-eredu eraikiko dugu? Nola, norekin eta norentzat eraikiko dugu burujabetza? Zer puntutaraino daukagu, aldarrikapenak egiteaz harago, intziditzeko gaitasuna? Botere nahikoa daukagu egun, adibidez, Atzerritarren Legea eraldatzeko, edo Atzerritarren Legearen zirrikitu batzuk desobedientziarako erabiltzeko?

 

      Erronka-sokaren lehen korapiloak baino ez dira hauek, ibilian-ibilian birpentsatu beharko ditugunak, geure desplazamendu kolektibo hau zintzoa, eraginkorra eta eraldatzailea izan dadin.