Araka ditzagun gure bazterrak
Araka ditzagun gure bazterrak
2022, saiakera
168 orrialde
978-84-17051-87-7
editorea: Jule Goikoetxea
Emagin
 
2018, saiakera
Euskal Herriko Bilgune Feminista
 
 

 

1.
SARRERA

 

      Hogei urte daramatzagu kasik Euskal Herriko Bilgune Feministako (ehbf)[1] kideok eta Emagin[2] elkarteko kideok herri feminista bat marrazteko hausnarketa, ekimen eta proposamenak garatzen, eta horiek guztiak zuritasunetik garatu ditugu, geure kokaleku zuritik eta mendebaldarretik harilkatu ditugu. Hori da oraindik ere ehbfren eta Emaginen kokaleku nagusia, eta azken aldian botere-posizio hori birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa kolektiboa egiten ari gara. Lisiperen 11. zenbaki honetan gure begirada zabaltzeko aukerak egoki baliatzen saiatu gara, eta bidean topatu ditugun feministen ekarpenei, interpelazioei eta kritikei esker, marraztu nahi dugun herri hori askotariko kolorez eta formez osatzen ahalegintzen ari gara.

      Ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dugu, dena entzuteko eta dena ikasteko daukagula jakitun, arrazakeriak eta kolonialismoak eragindako biolentzia ez baitugu lehen lerrotik pairatu liburu hau idazten dugun kideok, edo, behintzat, biolentzia horren kolpe bortitzenak beste batzuek nola jasotzen dituzten ikusi dugulako. Dekolonialitatearen[3] ibilbide emantzipatzaileari euskal feminista moduan ekarpena egiteko dugun arduratik hitz egiten dugu, bidean egin ditugun bilaketek, izan ditugun bizipenek, interpelazioek, harremanek, jasotako formazioak eta eskarmentuak eskainitako autoritatea geure buruari aitortuz. Eta deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi diguten konpa migratzaile eta arrazializatuak dira gure erreferente nagusiak birkokatze-prozesu honetan. Bihoakie haiei geure aitortza eta eskerrik beroenak.

      Emakume*[4] migratzaile eta arrazializatu[5] asko dira Euskal Herriko Mugimendu Feministaren sareen parte. Horri esker elkarlanean sortu ditugu elkar ezagutzeko eta aitortzeko topalekuak, elkarrengandik ikasteko prozesuak, gure arteko bereizkeriak eta aniztasunak kontzienteki lantzeko metodologiak. Horretaz gain, emakume* migratzaile eta arrazializatu asko espazio propioetan —ez mistoetan— antolatu dira eta ikuspegi zein praktika dekolonialen beharra jarri dute mahai gainean. Emakume* euskaldun zuriak interpelatu gaituzte hainbat gatazkaz ohartarazteko, besteak beste: gure jendartean eta erakundeetan dagoen arrazakeriaz, zuri izateagatik ditugun pribilegioez, eta tutoretzarik gabeko aliantza feministak eraikitzeko premiaz. Inpugnazio dekolonial horrek galdera, marko eta formula berrien bila jarri gaitu, eta horretan ari gara.

      Erantzunak baino, galderaz betetako maleta dakargu. Zein da arrazakeriaren aurkako borrokan egin behar dugun ekarpena, eta zer da emakume* euskaldun zurioi ez dagokiguna? Nolako zubi edo aliantzak eraiki behar ditugu feminismoan emakume* migratzaile eta arrazializatuekin? Nolako agenda? Zeintzuk dira herri ukatu moduan ditugun erronkak? Nolakoa litzateke Euskal Herri dekoloniala? Borroka antiarrazistan eta antiinperialistan, zein da euskal feminismotik jorratzen segi behar dugun bidea? Arrazakeria-egoeren eta deshumanizazio basatiaren aurrean, zein da gure posizio politikoa eta praktika feminista?

 

      2008an Tolosan “Biluztuz jantzi” Euskal Herriko Emakume* Abertzaleon IV. Topaketa Feministak antolatu genituen identitateen eztabaidara salto egiteko. Aurrera begirako ibilbidean mugarri izan ziren. Leiho berria ireki genuen, eta ehbfk gorpuztu duen jarrera bat hortxe hasi zen zizelkatzen: diskurtso zein praktika ezberdinetatik edatearena; subjektu ezberdinak entzuteko, irakurtzeko eta ikasteko gogoa edukitzearena; ezezaguna den horri beldurra kentzen hasteko prest egotearena. Gogoeta hartan lan egiteko estilo berritu bat agertu genuen, irekiera eta prestasuna oinarri izan dituena. Ziur gaude, besteak beste, horrek ekarri gaituela honaino; alegia, mugimendu feministaren barruan eta askotariko eragile sozial eta politikoentzat mintzakide izatera, proposamen politikoak egituratzera eta egokitzera, inguruan dauden beharrak jasota eta irakurketa kritiko bat eginez, lekuz aldatzera, barrutik kanpora eta alderantziz, joan-etorrian. Kolektiboan hausnartzeko eta sortzeko espazioak izan dira ehbfk antolatutako Topaketa Feministak, aukera eman digutenak entzuteko, jasotzeko, itzultzeko eta adierazteko. Ildo berean, horretarako baliatu nahi izan ditugu 2020ko “Araka ditzagun gure bazterrak” Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketak[6] ere, interpelazio dekolonialaren aurrean birkokatzeko, bestetasuna nola eraikitzen dugun argitzeko eta bestela pentsatzeko, lengoaia xehatzeko, gure egiak auzitan jartzeko eta, hala, proposamen gaurkotuak egiteko.

      Begirada dekolonialean arreta jarri nahian gabiltza, eta horretarako azken hamarkadan bizitako esperientzia eta hausnarketa desberdinak ditugu oinarri. ehbfko eta Emagineko kideoi egoera desberdin askotan egin digu klak buruak, bat-batean, ordura arte ikusezina zitzaigun bidegabekeria batez ohartu bagina bezala. Klak kolektiboak izan ditugu, mugarriak izan diren gertaerek eraginda, baita klak pertsonalak ere. Deseroso sentiarazi gaituzte, amorrarazi, azkura eragin digute eta errotuta genituen uste batzuk ere eraitsi dizkigute. Ezinegonak mugituta, gure begiradaren bazterrak eta albo-kalteak erdigunera ekartzeko lanean ari gara. Dekolonialitateaz hitz egitean pertsonak datozkigu burura, momentu batean gure burbuila zuritik atera eta klak eginarazi digutenak; baita Bidasoa aldeko muga ere, esanahi anitz baititu geografia horrek; espetxeak; edo korporazio handien kontrako borrokak... Ikusten ez dugun baina hor sumatzen dugun zerbait da.

      Duela gutxira arte ez dugu dekolonialitateaz hitz egin, baina presentzia handia izan du gurean aliantza berriak sortzeko nahiak, enpatia erradikalaren eta entzuketa aktiboaren beharrak, gure iragana eta genealogiak berreskuratzeko desioak eta, funtsean, gure oinarri ideologikoak birdefinitzeko behar praktikoak; azken aldian, bereziki, nazioari lotutako ardatzean. Izan ere, nazio-borrokaren altzoan hamaika gai jorratu izan ditugu ehbfren azken ia hogei urteotan, esaterako, euskal kultura eta feminismoa, herritartasun-eredua, euskara, emakume* presoen egoera, gatazka politiko armatua, bakegintza, burujabetza eta estatugintza feminista. Halaber, nazioa jatorriarekin eta kulturarekin lotu izan dugu, nazio-zapalkuntzaren esanahia bera zabaltzeko saiakeran. Aspaldidanik sumatzen baikenuen letra larriz idazten den nazio-gatazkan, sarritan, ez ditugula jaso gure herrian dauden bestelako gatazka nazionalak. Burujabetzaren errezetan subjektu eta osagai berriak sartu ditugu (minen osatze kolektiboa, zaintza-lanak edo desira eta autodefentsa, kasu), nazio-askapenerako borrokaren edota nazio-eraikuntzaren markoa irekitzeko ahaleginean; (euskal) herrigintza dibertsifikatzeak bidea emakume* gehiagorentzat irisgarria egingo zuelakoan. Hauxe adierazi genuen 2014ko Emakume* Abertzaleon Topaketa Feministetan, Ondarroan, aurkeztu genuen Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz! ponentzian, trantsizio feminista ezaugarritzean:

 

      Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona orori zuzenduta egon behar du, bakoitzaren berezitasuna oinarri, guztiontzako aukera berdinak eskaintzen dituena. Era berean, gure lurraldean dagoen ondare kultural, linguistiko eta naturala gozatzeko eta mantentzeko dugun arduratik abiatuko da. Nazio gatazkari irtenbide emango dion proposamena izan behar du. Intersekzionalitatetik abiatuta, irekia eta dinamikoa, adostuta eta elkarlanean oinarrituta, erakunde publikoetan zein herritarren autoantolakuntza eragitera bideratuta (ehbf, 2015eko otsaila, Bagoaz Euskal Herriaren Burujabetza Feministarantz! txostena).

 

      Internazionalismoa izan da, herri-zapalkuntzari lotuta, landu dugun lerro garrantzitsuetako bat. Gure herriak bizi duen ukazioa menderakuntza-kate global baten barruan irakurri dugu. Internazionalismoak herrien menderakuntzaren izaera global hori izan du ardatz, eta herrien arteko elkartasuna sustatu du. Eragina izan du emakume* abertzale eta feministongan. Emakume* internazionalista askok beste herrietako borrokak indartu dituzte, bertako emakumeekin* sare feministak josita. Bestela ere, euskal kulturan emakume* sortzaile askok garatu dituzte herri zapalduekiko elkartasun-mezuak. Euskal Herrian ezker abertzaleak sustatu duen izaera antikolonialistarekin bat egin dute mugimendu internazionalistek, “hamaika herri, borroka bakarra” leloak laburbiltzen duenez, okupatutako herriekiko eta herri-erresistentziekiko elkartasuna piztuz. Dudarik gabe, euskal feminismoak mugimendu horietatik edan du eta mugimenduok elikatu ditu.

      Alta, herri-elkartasun horrek gehienetan ez ditu kontuan hartu gure herrian bertan dauden migrazio-egoerak edota biolentzia arrazistak. Egoera deseroso batzuek eraman gaituzte errealitate horien kontzientzia hartzera: etxeko langileen lan-baldintzak eta bizi-baldintzak ezagutu ondoren, emakume* migratzaileekin foroak partekatu ondoren, gure etxera bueltatu, eta jabetu gara emakume* horiexek direla zaintza-lanetan baldintza oso kaskarretan daudenak, geure sare hurbiletan, geure familia-testuinguruetan. Egoera horietan gure baitan gertaturiko haustura txiki-handiak trakzio bilakatu dira antikolonialismotik dekolonialitaterantz mugitzeko. Bide ezezagun hori urratzean, ikusten ez dugun hori begiratzen asmatzeko angeluen eta sakoneraren bila gabiltza.

      Mugarria izan zen 2016an Angela Davisek Euskal Herrira egindako bisita[7]. Harekin solasean hizpide izan genituen zapalkuntzen gurutzaketak, aliantzak, lidergo eta boterea edota espetxea. Baina orduan ez genuen bereziki arrazakerian sakondu, ez eta bertako atzerritartasun-politiketan, eurozentrismoan ere ez, eta ez genituen pribilegio zuriak ere ezbaian jarri. Bada, bost urte hauetan arrazakeriaren aurkako borrokan euskal feminista moduan posizionamendu politikoa sendotzeko urratsak egin ditugu. Ez dira alferrik gertatu 2018 eta 2019ko greba feministetan lortutako askotariko subjektuen arteko hartu-emanak, Mugimendu Antiarrazisten eta Harrera sareen borrokak, Irun eta Hendaia arteko mugan ikusi ditugun muturreko deshumanizazio-egoera lotsagarriak, “Salda badago” Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetako mahai dekoloniala, edo Emakumeen Mundu Martxak (emm)[8] mugaren eta transnazionalen aurka eginiko ekintzak. Horrek guztiak inpaktuak eta zurrunbiloak eragin dizkigu erraietan, eta ezinbestean mugiarazi gaitu.

      Gure feminismoa janzten segitzeko beste biluzte-ariketa bat duzue liburuxka hau. Behintzat azken bost urteetako hausnarketa-prozesu partekatu baten sistematizazioa izan nahi du. Hemen jasotzen dena ehbfk eta Emaginek antolaturiko hamaika eztabaida-guneetan, tailerretan, hitzaldietan, eta barne-gogoetetan sortu da; beraz, askotariko ahotsez eraikitako kontakizun kolektiboa da.

      Dekolonialitatearen eztabaidak nondik nora zeharkatu gaituen azaleratzeko, lau geltoki nagusitan osatu dugu ibilbide hau: lehen geltokian, gure ibilbide kolektibo nahiz pertsonalean bizi izan ditugun egoera zenbaitek eragindako klak horiek (haustura-egoera horiek) bildu ditugu eta arrakala horiek eragindako sentsazioak batu (ikus 2.1. atala); bigarren geltokian, klak horiek eragindako jakin-minetik zein deserosotasunetatik abiatuta, gure jardun feminista janzteko egin ditugun hausnarketak, ekimenak, aliantzak eta esperientziak jaso ditugu (ikus 2.2. atala); hirugarren geltokian, “Araka ditzagun gure bazterrak” Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetako kronika jaso dugu; eta azkenik, laugarren geltokian, aurrera begira jarri gara, etorkizuneko lan-lerroak, asmoak eta praktika eraldatzaileak zirriborratzen hasteko. Diskurtso eta teoria akademikoetatik ere edan dugun arren, esperientzia kolektiboek eta gorpuztuek zeharkaturiko hausnarketa josi dugu liburuxka honetan. Izan ere, ezagutza eraikitzeko praktika kolektiboa izan dugu ardatz, eta askotariko iturrietatik joan gara geure diskurtsoak eta ikuspegiak eraikitzen (eztabaidak, bilerak, ahozko elkarrizketak, berrikuspen teorikoak...).

      Guztientzat askatzailea den feminismoa artikulatzea da gure azken helburua. Feminismoa, gaur egun, masa mugimendu politiko bilakatzearekin batera, emantzipazio kolektiborako tresnak sortzen jarraitu nahi badu, bere teoriak eta praktikak etengabe berrikusi behar ditu. Arrakala handia bizi dugu oraindik teoriaren eta praktikaren artean, baina bidea egiten segitu nahi dugu, geure burbuila zuriak lehertuz eta arnasa euskaraz hartzen jarraituz. Egiturazkoak diren arrazakeriari nahiz herri-zapalkuntzari, elkarrekin aurre egiteko gu komun eta askotarikoa eraikitzea dugu xede. Bidea egiten segitu nahi dugu Euskal Herri feminista eta antiarrazista eraikitzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak prekarizatutako eta zapaldutako gehiengo sozialei ahotsa ematea premiazkoa da; eta mugimendu masiboa eta eraldatzailea izan dadin, erdigunean jarri behar ditu jendartearen bazter zabaletako auziak, gatazkak eta bortxak. Araka ditzagun, araka, gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean.

 

 

[1]  Euskal Herriko Bilgune Feminista 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugaritako emakume* askoren eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa.

[2]  Emagin elkarteak pentsamendu kritiko feminista sustatzen du. Jendarte-eraldaketaren alde lan egiten du, eta horretarako prozedura feministak erabiltzen ditu oinarrizko hiru lan-esparru hauetan: Formakuntza, Ikerketa eta Ekoizpena.

[3]  Deskolonizazioa lurralde batek koloniaren mendekotasun politikotik askatzeko egiten duen prozesua da. Postkolonialitateak, aldiz, kolonialitatearen logikak salatzea du helburu. Kolonialitateak kolonialismoak eraikitako kultur logikei eta epistemologiei egiten die erreferentzia, kolonialismoa eraitsi den lekuetan ere irauten duenak, kolonialismoak erroetaraino sustraituriko mundu-ikuskerak eraiki baititu, eta hain zuzen ere, kolonizazioaren osteko arrasto epistemologiko horiek identifikatzea eta salatzea du helburu postkolonialitateak, betiere modernitatearen auziari lotuta garaturikoak. Dekolonialitatea harantzago doa, eta subjektu eta komunitate kolonizaturikoak askatzeko modernitatearen parametroetatik eta eztabaidetatik askatzea du helburu, bestelako epistemologia alternatibo eta emantzipatzaileak eraikitzeko. Kontzeptu horietan sakontzeko ikus Gomez Velez et al., 2017.

[4]  Emakume kategoria erabiltzen jarraitzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate askotarikoak ere bagaren (bollerak, transak…) eta horiek ere bildu nahian emakume* erabiltzen dugu.

[5]  Bi errealitate hauek batera aipatzen ditugun arren, ez ditugu migratzaile eta arrazializatutako kideak berdindu nahi. Izan ere, badaude arrazializatuak ez diren herritar migratzaileak, zuriak; eta migratzaileak ez diren herritar arrazializatuak, Euskal Herrian jaiotakoak. Batera aipatzen ditugu ulertzen dugulako biak direla kolonialitateak zeharkatutako esperientziak.

[6]  Topaketak 2020ko abenduaren 12an egin ziren, “Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunak” lemapean.

[7]  2016ko otsailean Angela Davis ekintzaile afroamerikarra Euskal Herrira etorri zen, espetxearen auziaz gogoeta egiteko hainbat ekitalditan, eta Free Otegi dinamikarekin bat egiteko. Estibaliz de Miguelek Berrian 2017ko urtarrilaren 24ko iritzi-artikulu batean adierazi bezala, Angela Davisek bisita hartan “Kartzeletako abolizionismoaren eta gizarteko zenbait ardatzekiko (genero, arraza, klase…) loturaren inguruko eztabaida egiteko gonbita zabaldu zigun”. Lehen urratsetan batez ere gonbidapen haren lehen aldarritik egin genuen tira, espetxearen inguruko gogoetetara hurbildu ginen, eta urteek aurrera egin ahala, bigarren aldarritik tiraka ari gara, ardatz horien arteko loturek geure praktikak zeharka ditzaten, geure diskurtsoak zeharka ditzaten.

[8]  Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herriko plataforma feminista bat da. Bertan talde feministek, sindikatuek eta eragile sozialek parte hartzen dute. 2003an eratu zen, mundu mailako lehen Emakumeen Mundu Martxaren ostean. Herriz herri eztabaida prozesu bat abian jarri, eta Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna adostu zen. Geroztik, Euskal Herriko hainbat prozesu feministatan parte hartu du, eztabaidak abian jarri ditu eta ekintza feministak garatu ditu.