Aurkibidea
2. NOLA HELDU GARA TOPAKETETARAINO?
2.1. Gure kontraesanez lokaztutako bazterrak
3. EMAKUME* ABERTZALEEN VIII. TOPAKETA FEMINISTAK
3.1. (Mikro)komunitate feministak gorpuztu
3.3. Harreman kolonialak: begirada gaurkotu bat feminismotik
4.1. Ispiluaren aurreko biluzte-ariketak
4.2. Bide-orria eta bide-lagunak
4.3. Agenda antiarrazista partekatu baterantz
4.4. Euskal Herria dekolonialitatetik eraiki
Aurkibidea
2. NOLA HELDU GARA TOPAKETETARAINO?
2.1. Gure kontraesanez lokaztutako bazterrak
3. EMAKUME* ABERTZALEEN VIII. TOPAKETA FEMINISTAK
3.1. (Mikro)komunitate feministak gorpuztu
3.3. Harreman kolonialak: begirada gaurkotu bat feminismotik
4.1. Ispiluaren aurreko biluzte-ariketak
4.2. Bide-orria eta bide-lagunak
4.3. Agenda antiarrazista partekatu baterantz
4.4. Euskal Herria dekolonialitatetik eraiki
3.2.
Euskal Herriko
agenda feminista
antiarrazista baterantz:
burujabetza feminista ipar
Orain arte, mugimendu feministan euskaldun zuriok egiteko ditugun etxerako lanez jardun gara. Ez da aparteko kontua. Izan ere, mugimendu feministan indargunerik egon bada, komunitate-sare-afektibitate sendoak sortzeko gaitasuna izan da, xxi. mendeak ezarritako testuinguru arrakalatuan, subjektibitate propioa eta gua trebeziaz harilkatu dira. Beraz, bide horretan etenik edo zatiketarik ez egotea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Horrekin batera, euskal jendartea eta gobernuak astintzeko mugimendu feministaren agenda zabaltzeko tenorean gaude, azken urteetako indar-metaketari eutsita. Ditugun etsai komunen aurrean puntu askotan egin dezakegu bat, eta elkarrekin jardun nahi dugu: zalantzarik gabe, bat egin dezakegu Espainiako faxismoari aurre egiteko edota Frantziako estatu zentralizatzaile, chauvinista eta xenofoboari aurre egiteko.
3.2.1.
DIAGNOSTIKOA
Feminismoetatik aspaldi diagnostikatu genuen kapitalismo patriarkalaren birfundatze-zikloa, eredu hau sostengaezina zela ohartarazita. Hilabeteek aurrera egin ahala ikusgarriago egin da COVID-19aren krisiak utzitako egoera sozial eta politiko latza: urruntze soziala, zaintza-lanen pribatizazioa, zerbitzu publikoen eta lan-baldintzen degradazioa, telelana eta lanaren intentsifikazioa, beldurraren erabilera, sare komunitarioak ahultzeko neurriak… Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistemaren dimentsio ezberdinetako krisiak: merkatuarekiko dugun menpekotasuna, zerk duen egiturazko lehentasuna, eta, horrez gain, agerian geratu da zelakoa den gure jendarte desorekatua, injustua eta askotariko indarkeriek zeharkatutakoa. Bat-batean agerian geratu dira orain artean ezkutuago zeuden zaintza-lanak bizitzari eusteko funtsezko garrantzia duten lanak direla. Lehertu zaiguna, beraz, zaintza-krisi bat da, eta aurreko krisietan gertatu bezala, emakumeak* gara kolpatuen izan garenak.
Izan ere, bizitza sostengatzeko lan erreproduktibo guztia esparru feminizatuetan egiten da, eta horietan klase-gatazka oldarkorra izaten ari da, bereziki egoera irregularrean dauden emakume* langileen eremuan, zaintza-kate globalaren eraginez. Ordainduak diren zaintza-lanen kasuan, etxeko langileen egoera bereziki kezkagarria da krisialdi honetan, inolako babesik gabe geratu baitira. Emakume* hauek dira, azken urte hauetan, bereziki, zaintza-premien ardura hartu dutenak, etxeetan pertsonen arreta (eta zaintza) premiei erantzunez, behar baino baliabide gutxiago dauzkan sistema publikoaren gabeziak betez. Etxeko langile egoiliar asko kale gorrian daude orain; edota sasikonfinamendu egoera iraunkor batean, etengabeko lanaldiak egitera behartuta, beraien lanpostuan konfinatuta geratu direlako. Modu berean, erresidentzien kasuak lazgarria izaten jarraitzen du, doako zerbitzu publiko eta unibertsala beharko lukeena azpikontratatuta baitago, baldintza prekarioetan eta ezegonkorretan. Hori gutxi balitz, urtetan metatutako pribatizazio eta murrizketek kolapsora eraman dituzte egoitzak, bertako langileak eta erabiltzaileak arriskuan jartzeraino.
Sexuaren araberako lan-banaketa sakontzen ari da. Izan ere, emakumeok* lan-merkatutik ateratzen ari gara. Bereziki kezkatzen gaitu familiarizazio-prozesua areagotzeak. Emakumeak* gara gehiengoa lan-murrizketak eskatzen edota telelana hautatzen, eremu publikotik berriro pribaturanzko norabidean goazela. Zaintza-zama arintzen laguntzen duten zerbitzuak itxi ahala, zama horiek familiako emakumeengana* itzuli dira. Jule Goikoetxeak, Lore Lujanbiok, Zuriñe Rodriguezek eta Estitxu Garaik (2020: 15) xehe-xehe aztertu bezala ezin dugu ulertu emakumeek* lan ordainduan duten kokapena, lan ez-ordainduan duten pisua kontuan hartu gabe. Horregatik, sindemia honi aterabide feminista bat emateko prozesuak dimentsio bikoitzekoa izan behar du: bizitzari eusteko jarduerek desmerkantilizatu behar dute, eta halaber, desfamiliarizazio-prozesua beharrezkoa da.
Langileon eta bereziki emakumeon* esplotazioa larriagotu da, batez ere esentzial izendatutako esparru horietan: gasolina eta elikagaien garestitzea, osasun sistema publikoaren kolapsoa, lan-erregimen berria... Lan-ordu luzeak, baldintza kaskarrak, segurtasun-neurri eskasak eta tentsio psikologiko sostengaezina bizi dituzte osasun-krisiari arreta eskaintzeko lehen lerroan dauden emakume* askok. Zentzu horretan, Euskal Herriko Karta Sozialak[44] egiten dituen hainbat aldarrikapen gure egiten ditugu: zerbitzu publikoak indartzea, lanaldien murrizketak, soldatak hobetzea edota zaintza-lanen erantzukidetasuna, hain zuzen ere. Gobernuek, aldiz, horretarako baliabideak jarri beharrean, enpresen erreskatean, ahtak sortzen duen zulo beltzean edota produkzioa jaitsi ez dadin inbertitzen dute. Gure bizitzak sostengatzea ez da errentagarria kapitalismoarentzat, eta horien gordailu diren Confebask[45], cen[46], Eusko Jaurlaritza edota Nafarroako Gobernuarentzat. Nola uler daiteke bestela Gasteizko eta Nafarroako Legebiltzarretan bizitza erdigunean jartzeko eta zaintza-krisiari aurre egiteko hainbat neurriri uko egin izana? Edota Donostiako Infernu Fabrika desalojatu izana?
Bizitzen degradazioa areagotzen ari da, garai honetan ere, kapitalaren akumulazioak aurrera egin dezan, gorputz zehatz batzuk azpiratzen diren heinean. Marko horretan kokatu behar dugu COVID-19aren aitzakiaz gordinki azaleratutako arrazakeria, prekarietatea, emakumeen* aurkako bereizkeria eta herri burujabetzaren galera. Horren adibide dira, besteak beste, mugen eta kaleen militarizazioa; abusu polizial eta instituzional arrazistak; indarkeria matxistaren gorakada; euskal preso politikoen bakartzea eta bisiten mugak; gure lurraldean erabakiak hartzeko ahalmenik ez izatea edota euskararen atzerakada erakundeetan eta zerbitzu publikoetan. Izan ere, logika neokolonialak zeharkatzen ditu azken bi urteotan hartu diren erabaki politikoak.
Aldi berean, Frantziako eta Espainiako estatuko identitate, lurraldetasun eta egitura-krisiak agerian daude, inoiz baino gehiago. Baliatu dezagun gure alde, trantsitatu ditzagun feminismotik paradigma berrietarantz.
3.2.2.
AINTZAT HARTU BEHARREKO
DIMENTSIOAK
Arestian zirriborratu dugu egoera orokorraren argazkia. Hor kokatuta, agenda feministak hainbat dimentsio hartu behar ditu aintzat:
Identitatea (aitortza). Dominazio ugariko sistemak eragiten dituen kokaleku ezberdinetan gorpuzten ditugun subjektibitateetatik abiatzea: nor izateko aukera edukitzea, errekonozimendua, ordezkaritza, parte hartzea… Bizitza bizigarrien oinarriak ere badirelako. Baina identitateak despolitizatzen dituzten eta testuingurutik isolatzen diren planteamenduetatik aldentzen gara. Identitateez hitz egiteko, horien dimentsio ideologikoaz, sinbolikoaz eta kulturalaz haratago, dimentsio ekonomikoetatik eta politikoetatik begiratu behar diegu. Identitate estrategiko eta aldakorren aldeko hautua egiten dugu, izan ere, identitateak materialak ere badira, eta hortaz, testuingurua ongi zehaztu behar da, ez direlako esentzialak.
Bizi-baldintzak eta oinarrizko beharren aldeko borroka (birbanaketa-berrantolaketa soziala). Lehendik ere krisian zeuden bizitzaren zaintza eta sostengu kolektiborako egitura sozialak. COVID-19aren garaian ere, inbertsioa saihestu da zaintza-zerbitzuetan eta azpiegitura publikoetan. Bestela esanda, alfonbra azpian gorde dituzte bizitzeko beharrizanak, lan merke eta ezegonkorrekin. Nola uler liteke bestela zaharren egoitzetan gertatzen ari dena? Horregatik, urgentziazko egoeren aurrean, erresistentziak eta borroka sozialak piztu behar ditugu, eta nola ez, jada borrokan dauden subjektuekin batera bidea egiten jarraitu. Aldi berean, sistema hau bidegabea eta sostengaezina dela jendarteratuko dugu; erreprodukzio soziala eta bizitza eusteko egitura, baliabideen kontrola, zein ardura kolektiboa premiazkoa direla; baita horren araberako lan, denbora eta ondasunen antolaketa ere.
Aipatutako bi dimentsio hauen arteko tentsioa nabari dugu hainbat momentutan: alde batetik, mugimendu feministako aniztasunean eta botere-harremanetan arreta jartzeko beharra; beste aldetik, intzidentzia politikoari —eta gaurkotasun politikoari— erantzuteko beharra. Bi plano horien arteko orekak eta desorekak kudeatzea egokituko zaigu lidergo konpartituak sortzeko bidean, baina baita gure proiektu politikoan aurrera begirako urratsak egiten jarraitzeko ere.
3.2.3.
AGENDA PARTEKATU BAT
OSATZEKO LAN-LERRO BATZUK
Zaintza-lanak
Esan dugun moduan, ez dira merkantzia bizitzak eusten dituzten jarduerak. Bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte-eredu baterantz urratsak egiteko proposamen politiko kolektiboa behar dugu, heteropatriarkatuaren, pribatizazioaren, kapitalismoaren eta kolonialitatearen arrakaletatik haratago doana. Beharrezkoa da zaintza-lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak sozializazio-prozesuan jartzea. Prozesu hau kokatua izan behar da, Euskal Herriko errealitate eta borroketatik abiatu behar da.
Elkarren babeserako esperientzia komunitario autonomo aberatsak ezagutu ditugu azken hileotan. Neoliberalismoaren arauen aurrean kontrabotere eta konpromiso indarberrituak osatu ditugu eta askotan esparru publikoarekin elkarlanean jardun dira. Hala ere, orokorrean eredu asistentzialista bat jarraitu izan dute. Baina esperientzia hori indarberrituz, komunitate berriak aktibatzeko unea da: gure familien baitan eta hauetatik haratago, gure mugimenduetan, herrietan... Enbataren erdian oinarrizko beharrak kolektiboki asetzeko desafioa dugu ate joka, ez da inor etorriko gu salbatzera. Guztiontzat bizitza bizigarriagoak eraikitzeko eta elkar babesteko alternatiben bidean, belaunaldien arteko esperientziak oso baliagarriak dira.
Norabide berean, azken aldian maiz aldarrikatu dugu feminismotik euskal zaintza sistema publiko komunitarioa. Antolaketa oso bati erantzuten dion proposamena da hau, ongi ezaugarritzeke dagoena, ezagutzen dugun eredua irauli ahalko lukeena. Baina helburu horretara iristeko, nozio ezberdinak behar ditugu, eta urgentziei erantzuteko neurri zehatzak. Horretarako, gainera, instituzioen borondatea beharrezkoa izango da. Zaintza-lanen berrantolaketa baterantz, gure iparra guztiontzako zaintza eskubidea izan behar da. Hori bermatzeko, gizonen eta estatuaren partetik erantzukizun bat hartzea dakar, baita komunitateetatik ere. Halaber, zaintza-zerbitzuen berrantolaketa, dibertsifikazioa eta publifikazioa dakartza.
Bestalde, zaintzaileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da eta hitzarmen kolektiboen defentsaren garrantzia azpimarratu nahi dugu (egoitzetan, etxez etxeko zerbitzuan edo etxeko langileen sektorean). Langileak aitortzea eta horien ordezkaritza berme nagusia da negoziazio-prozesuetan. Ildo berean, erregimen berezia deuseztatzeko eta etxeko langile egoiliarraren figura desagertzeko presioa egitea premiazkoa da.
Euskara erdigunera
Bai mugimendu feminista euskalduntzeko, bai feminismotik jendartearen euskalduntzea bultzatzeko akordio zabala eta indarberritua behar dugu. Saioa Iraolak (2019) dioenez, azken hamarkadetan, mugimendu feministaren praktika euskaldundu da. 80ko eta 90eko hamarkadetan, taldeetan zegoen euskaltzale feministen ahalmenaren araberakoa zen euskararen erabileraren garrantzia; egun, berriz, lortu dugu mugimenduaren borondate izatea, kontzientzia linguistikoa sustatzea. Nolanahi ere, izan badira oraindik ere tentsioak mugimendu feministan euskararen erabilera dela eta. Agurne Gaubeka Erauskinek, Behatokiko kideak, euskararen auziaz honako gogoeta esanguratsu hauek partekatu zituen VIII. Emakume* Abertzaleen Topaketetan:
Zapalkuntza ezberdinen arteko harremanaz ari garenean, ezin genezake bazterrean utzi hizkuntzarena. Izan ere, Euskal Herrian borroka feminista beraren barruan ere ikuspuntu eta talka ezberdinak sortzen dituen gaia da.
Gure herri eta hirietako txoko ezberdinetan euskara hizpide dugun bakoitzean, zenbait diskurtso barneratuak ditugu eta beste zenbaitek zeharka baino ez bada, zapalkuntzen mailakatze bat egitera eramaten gaituzte. Hizkuntzaren aferan, euskal emakumeoi* badagokigu ere autokritika egitea noski, baina oinarri bat argi izanik, euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaigu, euskara ikasi eta erabili ahal izatea pribilegioa eta kapritxoa direla irudikatzeko sistema oso bat diseinatu dute eta noski horrek Espainiako zein Frantziako estatuetako hegemoniei on egiten die.
Migratutako emakumeei* naziotasuna nahi badute frantsesa edo espainiera jakin behar dutela esaten zaie eta hori naturaltasunez hartzen da. Naziotasuna lortzeko adibidez, espainiar askok ez dakizkiten ezaguerak izatea eskatzen zaie eta hizkuntza ere menperatzen dutela erakutsi behar dute. Gainera, migrazio politiketan Espainia edo Frantziak kolonizatuak izan ziren herrialdeetako pertsonak hobesten dituzte, hizkuntza zein izan behar den barneratuago izan dezaten (gaztelania edo frantsesa).
Beraz, migratutako emakumeei* ere euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen zaie, komunitatetik at gera daitezen komeni zaie, batez ere euskara ikasteko traba eta oztopoak handituz. Hainbatetan aipatu izan dugu, denbora eta dirua, emakumeak* prekarietatera kondenatzeko estrategia perfektua eta nola ez, gure prekarietateen eta errekonozitu gabeko lanen egunerokotasuna ere bada hizkuntzarena.
Lehen aipatu dut, autokritika ere egin beharra dugula nola ez, aurrean aipatu dugun errealitate hori irauli beharra dugu, gure ahizpei harrera behar bezala egiteko hizkuntzarekin dituzten ezintasun, oztopo eta sentipenak gure aldarrikapenetan ere txertatu behar ditugu. Migratutakoak ez dira gure hizkuntzaren etorkizuna kolokan jartzen ari direnak, Frantziako zein Espainiako estatuetako sistemak baizik.
Hizkuntza erabat lotua dago jendarteko harremanekin eta sozioekonomiarekin, beraz, feminismotik eraikitako jendarteak hizkuntza-eskubideak ere oinarri izan behar ditu. Hau da, hizkuntza politikak diseinatzen direnean, emakumeon* errealitate eta beharretatik diseinatutakoak izan behar dira, baina bestelako politika edo neurri sozioekonomikoak diseinatzen direnean ere euskaraz bizi ahal izatea txertatu beharra falta izaten da askotan gure aldarrikapenetan.
Euskaldunon pribilegioez hitz egiten diguten honetan…
— Euskal Herrian emakumeok* gehienetan ezin dugu osasun asistentzia euskaraz behar bezala jaso (adibidez, erditzean edo arreta psikologikoa jasotzean horrek duen garrantzia aintzat hartu gabe).
— Emakumeok* ezin dugu euskara ikasi, oraindik euskararen lurraldeetan ez delako erabat doakoa eta ez dugulako denborarik (eremu batzuetan doakotasunari jartzen dizkioten baldintzak emakume* askok ezin dituzte bete).
— Zenbait kasutan emakumeok* ezin ditugu zaintzari lotutako zerbitzuak euskaraz jaso, ez eman, lan horiek prekarietatera kondenatuak nahi dituztelako eta espazio hauetan hizkuntza transmisoreak garenetan, baliabideak falta zaizkigulako.
— Emakumeok* erasoak jasaten ditugunean, horri lotutako zerbitzu publikoetan ez dugu euskara erabiltzeko eskubidea behar bezala bermatua, horrek gure integritatean ere izan dezakeen kaltea kontuan hartzen ez delarik.
Horrela, gure egunerokotasunean bizi kalitatea okertzen diguten adibide zerrenda luzea dugu, pandemia honetan kasuak eta adibideak ugaritu direlarik eta dena, euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzen eta bermatzen ez zaigunaren ondorio. Ekitate neurriak behar ditugu hizkuntzarekiko ere, eta nola ez, euskararen lurralde osoan eta urgentziaz behar ditugu.
Ezin eraso guztiak hona ekarri, baina Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, Tuterako alkateak emakume* guztienganako egin zuen erasoa aipatu nahiko nuke. Nafarroako Gobernuko egun horretako kartelean euskarazko mezua ezabatu zuen (beste hainbat hizkuntza mantenduaz) eta erantzun zuen euskaraz dakienak gaztelaniaz ez badaki arazo bat duela. Beraz, Tuterako alkatea emakumeei* esaten ari zen euskaraz bizitzeko eskubiderik ez dutela, baina, era berean, zeharka, migratutako emakumeei* ere mezu argia helarazten ari zen: euskara ez da zuentzat.
Gogoeta bezala… Tuterako herri mugimenduak erantzun bateratua eman du kasu honetan, baina hizkuntzaren ikuspegitik soilik, Euskal Herriko feminismoak diskurtso propioaz erantzun beharko zuela uste duzue?
Iratxe Retolazak ohartarazi bezala, mugimendu feministan euskaraz aritzeagatik gertaturiko tentsio horiek hobeto ulertzeko eta kokatzeko, testuinguru garaikidea kontuan hartzea komeni da:
xxi. mendean, hizkuntza-zapalkuntzaren eta herri-zapalkuntzaren transmisioan eten bat gertatu da, eta normalkuntzaren lilura bat ere badago eremu batzuetan, hizkuntza-zapalkuntzaren kontzientzia ahuldu da, eta ahultze horrek ere badakar hain beharrezko ez ikustea euskarari heltzea. Feminismoaz besteko mugimendu sozialetan euskararen inguruko auzirik ez da, eta abertzaletasunean, eta alderdi politikoetan ez dago halako tentsiorik. Are gehiago, euskaraz jarduten zuten askok hizkuntza-politika aldatu dute azken hamarkadan: auzoko edo herrietako mugimenduetan, independentismoan...
xxi. mendearen hamarkada honetan, abertzaletasuna hainbat joeratan adarkaturik dago, baina hizkuntzaren auzia ez dago erdigunean mugimendu sendoenetan behintzat, ez arrazaren auzia ere. Euskalgintzaren eremu zenbaitetan ikuspegi abertzalea badago, eta horietan garatzen da egun batez ere hizkuntza-gatazkaren auzia. Independentismoan erabakitzeko eskubidea dago batez ere erdigunean, eta erabakitzeko eskubidearen inguruko mugimenduetan, oker ez banago, ez da migrazioaren edo antiarrazismoaren gaia jorratu. Azken batean, migraturiko pertsona askok ez dute bozkatzeko eskubiderik ere, ez daude ohiko hauteskunde-erroldetan.
Jakina, geure artean euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren ahultze hori gertatu bada, euskaldun komunitatetik kanpo dagoenak ez du zertan tentsioa sentitu, ez du beharrik sentituko ere. Ez du ulertuko zerk eramaten gaituen euskarari lotzera, eustera. Komunikazio-bideak eta zubiak eraiki behar dira.
Esan bezala, mugimendu sozialen artean salbuespena da mugimendu feminista, gehien euskaldundu den mugimendua da. Euskal Herriko Mugimendu Feministan duela gutxira arte (duela hamar urte, esaterako) euskarak ez zuen presentzia handirik, eta orain presentzia baldin badago ere, ez da presentzia nagusia (Emakumeen Etxeetako eta Jabekuntza Eskoletako formazioei erreparatu besterik ez dago, eta abar); eta bestetik, azken hamar urteotan lan handia egin du mugimendu feministak euskalduntzeko bide horretan, eta borondatea erakutsi du urrats batzuk egiteko, zubiak eraikitzeko. Kulturgintzatik edo hedabideetatik egindako ekarpenek ere lagundu dute euskalgintzaren eta mugimendu feministaren arteko zubiak eraikitzen (Klitto aldizkari digitala, Lisipe eta Eskafandra bilduma feministak, bertsolaritzako sare feministak…).
Bide horretan, oso garrantzitsua izan da “Salda Badago” Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetarako eginiko prozesua. Alegia, antolaketan parte hartutako talde feministek, euskara kohesiorako hizkuntza gisa eta gure arteko aniztasuna zaintzeko eginiko akordioa eta ahalegina.
Gure ustez, egiteko falta zaigunaz gain, lorpenetatik ikaspenak ateratzea funtsezkoa da. Emandako salto kualitatibo eta kuantitatiboaren arrazoiak aztertzen hasita, hauek aipatu daitezke, besteak beste: aktibista, idazle, itzultzaile, ikertzaile, kazetari, teknikari euskaltzale eta feministek eginiko indarra. Horrez gain, ehbfren sorrera, gakoa izan dela azpimarratu nahi dugu, pentsamendu feminista euskaraz sortzeko eta mugimendu feministan eginiko sustapen-lanean. Gainera, emmn 2008an ekin genion bidea oso garrantzitsua izan da, aniztasunaren kudeaketa kontziente eta politizatu bat egiteko sortu genuen akordioak esperimentaziorako bidea eskaini baitigu.
Hala, militante feminista askorentzat mugimendu feminista da euren euskalduntze- eta euskaltzaletze-eremu nagusi eta bakarra, horregatik, euskalduntzea ezin dugu mugatu hizkuntzaren kudeaketara, euskara lotu behar dugu borrokarekin, eraldaketarekin, justiziarekin, sormenezko kulturarekin, eta azken batean, Irene Arraratsek dioen moduan, “utopiaren alde egitearekin” (Fernández, 2020).
Beste ikaspen bat izan da euskaraz eta kultur aniztasunean murgiltzeko, joan-etorriko bideak urratu behar ditugula. Batetik, ezinbestekoa dela Euskal Herrian dauden beste hizkuntza eta kulturekiko begirunea izatea (horietako batzuek, gainera, hizkuntza ez hegemonikoak dituzte), aberastasun gisa ulertzea eta etsaitzat ez jotzea. Horregatik, euskara balioetsi, irakatsi eta zabaltzearekin batera, bestea beste sentitu ordez, parte sentiarazteko, gure jarrera arrazistak, klasistak eta aurreiritziak deuseztatzeko apustu kolektibo bat egin behar dugu. Bestetik, euskarara iritsi ez den kideak ulertu behar du, eta gu bidelagun izan gaitezke prozesu horietan, euskara auzi politikoa dela eta mendeetako zapalkuntza jaso duen hizkuntza gutxitu eta zapaldua dela. Horregatik, elkarrekiko begirunea eta enpatia ezinbestekoa izango da elkarbizitza sortzeko ariketa honetan.
Alor komunitarioan gauza asko egin ditzakegu: euskaraz i(ra)kasteko klase autogestionatuak, mintzapraktika feministak, migratzaileen familietako haurrei etxeko lanekin laguntzeko sareak… Dena dela, garrantzitsua da ardurak banatzea. Entzun izan ditugu kritikak mobilizazio feministak oso erdaldunak izan ohi direlako parte hartzaileen aldetik, edo feminismoaren ardura izan beharko lukeela euskararen alfabetatzeak. Baina masa mugimendu batek, jendartearen errealitatea islatzen du, eta jendartea euskalduntzeko ardura ez da soilik mugimendu feministarena. Izatekotan euskaltzale guztiona da, eta bereziki, erakunde publikoek bermatu beharko lukete hori. Beraz, bai udalgintzari, bai autonomia erkidegoetako agintariei exijitzen diegu euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak garatu ditzatela, euskalduntzea ez baita soilik ideologikoa, klase kontua ere bada. Mugimendu feminista jada ari da hori exijitzen, aldarri feminista bilakatu dugu: “Askotariko kolonizazio kultural prozesuen aurrean, Euskara erdigunera! Euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa bilatzen duten politikak bultzatu; doako euskara ikastaroak antolatu hala bertakoentzat nola jatorri atzerritarreko herritarrontzat” (Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Kapitalismo heteropatriarkalari planto. Bizitzak erdigunera. Greba feminista, 2019).
Erakundeek, ordea, hizkuntza-eskubideak bermatu beharrean, euskararen bazterketa eta egiturazko bereizkeria iraunarazten dute, euskal hiztunak bigarren mailako herritar gisara hartuta. Izan ere, nork ardaztu lezake bere bizitza soilik euskaraz? (kontuan hartuta zerbitzu publikoak, enplegua, sozializazioa, komunikabideak, ikasketak, eta abar) 2020ko azaroan bertan eajk, psek eta Vox-ek doako baliabideak jartzearen kontra bozkatu zuten Gasteizko Legebiltzarrean. Gaur-gaurkoz, kasurik onenean, enplegu jakin batzuetan sartzeko eskaintzen dira euskalduntzeko baliabideak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hau da, lan-merkatuaren beharrei lotura eta ez herritartasunerako sarbide eta eskubide moduan. Eta doakotasunaren auzia ez da berria, 1980ko hamarkadatik hizkuntza-politika horri eutsi zaio, Iratxe Retolazak aletu zuen bidetik VIII. Emakume* Abertzaleen Topaketetan:
Hizkuntza-politikei dagokienez, 1980ko hamarkadan abiatzen dira egungo hizkuntza-politikak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (D eredua hezkuntza publikoan, euskara batuaren ezarpena hezkuntzaren bitartez, eitbren sorrera, euskarazko zinemaren aldeko lehen diru-laguntzak…). Urrats ugari egin baziren ere, hizkuntza-politika baztertzaileak jarri ziren abian, gaur egunera arteko eragina izan dutenak: doakotasunik eza, euskalduntzea eta enpleguratzea lotu dituen ikuspegia, hezkuntza-politika sendorik ez, eta abar. Gogoan dut garai hartan neure amak euskara ikasteko gogo bizia zuela, baina etxekoandrea zenez, eta baliabide ekonomikoak sobera ez zituenez, oztopoak baino ez zituen topatzen euskara ikasi ahal izateko, aipaturiko politika horien ondorioz. Hezkuntza arautuari eta enplegu publikoari loturiko hizkuntza-politikak gailendu ziren, eta beste esparru batzuetako euskalduntzea ez zen hainbeste hauspotu, doakotasuna ez sustatzearen ondorioz.
1980ko hamarkadan oraindik ahul ziren horiek 1990eko hamarkadan errotu ziren, eta xxi. mendera hedatu diren hizkuntza-ideologia eta hizkuntza-imajinario batzuk sortu dituzte: euskara pribilegioa dela (ez dagoelako guztien eskura), eta lan publiko batzuetan derrigorrezkoa dela.
Egia da hizkuntza-politika horien ondorioz euskalduntzea ez dagoela guztion eskura, eta gainera, migraturiko pertsonen aukerak izugarri gutxitzen direla (epan euskaraz ikasteko aukerarik ez, eskoletan ez da migraturiko haur zein gazteentzako euskalduntze-plan bereziturik garatu, eta abar). Hori salatu behar dugu, arduradunak izendatzea ere garrantzitsua da. Baina, gezurra da pribilegioa dela: besteak beste, lan publiko askotan meritua da, baina ez derrigorrezkotasun. Botere ekonomiko eta botere politikoetako ordezkarien hizkuntza-praktikei begiratu besterik ez dago pribilegioa ez dela ikusteko, botereak erdalduntzen baitu, eta lan-eremu batzuetan edota botere-eremu batzuetan gora egiteko erdaren aldeko hautua ia ezinbesteko delako.
Jakina denez, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kasuan, euskararekiko diskriminazio-politikak oso gogorrak dira, eta euskararen inposizioaren diskurtsoa desaktibatzea premiazkoa da.
Migrazio-politikak eta mugak
Migrazio-prozesuez hitz egiteko ezinbestez arrazaren araberako gizarteen, lanaren eta ekonomiaren antolakuntzaz hitz egin behar dugu. Izan ere, migrazioak ulertzeko Europak gauzatutako kolonizazio-prozesuen eta beste herrialde batzuetan erroturiko ustiatze-prozesuen eragina aztertu behar da, horrek ekarri baitu, azken finean, Iparralde aberats eta Hegoalde pobretuago bat egotea.
Azken urteotan, zabal hitz egin da errefuxiatuen krisiaz, baina askok ez dakigu Europako herrialde bat ere ez dagoela errefuxiatu gehien hartzen dituen hamar herrialdeen artean. Are gehiago, errefuxiatu gehienek europar herrialdeek eragindako gerretatik ihes egiten dute eta, hori gutxi balitz, europar herrialde horiek armak saltzen dizkiete gatazka horietako eragileei. Euskal kostaldean, adibidez, Santurtziko portutik egunero kargatzen dituzte Ekialde Hurbilera eramaten dituzten armak. Orain dela urte batzuk hau gelditzea lortu bazen ere, orain berriro abiatu dute negozioa.
Migrazio-politikak eredu arrazista eta xenofobo batez arautzen dira, alde batetik, europar lurraldeak “babesteko”, eta bestetik, gorputz ilegalen kontra borrokatzeko. Horrela, mugak militarizatuak daude eta hainbat enpresarentzat muga horien kontrola negozio bilakatzen da: “Europako mugetara iristea heriotzaren aurkako gudu bilakatu da. Arrisku hori hartzen duten pertsonak hil egiten dira ‘Gotorleku Europa’ izenekoaren hesituran, edo erakundeak zein eguneroko bizitza barne hartzen dituen sistema arrazista baten mende erortzen dira” (Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, txostena, 2020).
Nekropolitika ezartzeko, gobernuek migratzaileen estereotipoan eta deshumanizazioan sakondu dute, izan ere, pertsonak ilegal bilakatu ahal izateko beldurra, xenofobia eta bazterkeria beharrezkoa dira. Horren guztiaren aurrean, etengabe salatuko dugu Atzerritarren Lege hiltzailea, baina baita euskal gobernuek duten ardura ere: etxebizitza eskubidea bermatzea, erroldatzeko baliabideak ematea, arma industriak armak kargatzeari uztea eta, nola ez, mugak desmilitarizatzea.
Herritartasun-eredua
Herri moduan dugun autodeterminazio-eskubidea izan da Euskal Herriko borrokak hezurmamitzeko muinetako bat, etengabe urratzen zaigun eskubidea izaki. Baina jakin badakigu, jendarte-eredu honetan herritartasun-eskubideak zeren araberakoak diren, nagusiki, enplegu arautua (emakume* asko esparru produktibotik kanpo gaude gehienetan) eta nazionalitatea (populazio migratzailea kanpo dago gehienetan). Beraz, herritartasuna eta erabakitze-eskubidea problematizatu ditu feminismoak mendeetan zehar (gizonen eskubideetan oinarritu dira eta). Ilegalak diren herritarrak dauden bitartean, aliantza estrategikoa da emakume* eta migratzaileen artekoa, ekonomiaren eremu ez-arautuan, ezkutuan, prekarioan eta herritartasun-eskubideen urraketan topo egiten baitugu.
(In)justizia sistema eta espetxe politikak
Justiziaren subjektuei erreparatuta, jakin badakigu horien definizioan historikoki hainbat bazterturik geratu direla. Feminismotik giza-eskubideen definizioari egindako kritiken abiapuntua Frantziako Iraultzan eta Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpen-ean koka dezakegu. Adierazpen horrek, emakumeak* ez ezik, atzerritar eta desjabetuen subjektuen eskubideen diskriminazioa ere finkatu zuen. Horrek eragina izan du mendebaldeko justizia-sistemaren eraketan eta aplikazioan, non emakumeek*, atzerritarrek, desjabetuek eta beste subjektu batzuek bigarren mailako hiritar bezala tratatuak izaten jarraitzen duten (Justizia Feminista Mintegia, Justizia feminista eztabaidagai, 2019).
Euskal Herrian ongi dakigu euskal disidentzia politikoa kolpatzeko zer-nolako papera jokatu duten epaitegiek eta espetxeak. Espetxe politika salatzeko eta preso politikoen babeserako mugimendu herritar zabala eratu dugu. Gainera, azken urteetan espetxeak emakumeengan* dakarren zigor bikoitza aztergai izan dugu, alegia, zigor morala, bakartzea, sostengu-sare eskasagoa edukitzea, eta abar. Bada, beste elementu bat gehitu beharko genioke esparru honi; izan ere, preso dagoen populazioaren % 30a jatorri atzerritarrekoa da, jendartean, oro har, % 10 ingurukoa denean. Beraz, ikusgarria da kode penalak modu bereziki ankerrean tratatzen dituela herritar migratzaileak.
Bestalde, Atzerritarren Atxikitze Zentroak abusu, biolentzia eta torturen ispilu dira. Inolako bermerik gabeko espetxeak dira. Urtean migratutako 8.000 kide inguru atxilotzen dituzte eta 2019an hauetatik % 60a indarrez aberriratu ziren. Konfinamenduarekin batera zentro hauek hustu ziren, baina betetze bidean jarri dira berriz ere, eta borroka sutsuak gertatzen ari dira barrutik: gose grebak, salaketak, eta abar. Hala ere, espetxe eta atxikitze zentroetako errealitatea guztiz opakoa zaigu, eta jendartean dauden muturreko adierazpen bortitzenak dira. Beraz, euskal agenda feminista antiarrazista bat osatzeko ezinbesteko esparrua da, zigor sistemaren eraldaketa eta justizia feministaren proposamenean sakontzea, dispertsioarekin amaitzeko, baita espetxe forma guztien abolizioa eskatzeko ere.
Lurra eta lurraldearen defentsa
Alde batetik, euskal enpresak eta botere korporatiboak jarri nahi ditugu jopuntuan. Botere korporatibo terminoa erabiltzen dugu multinazionalek (enpresa transnazional ere deitzen zaie) gauzatzen duten boterea izendatzeko. Euskal Herrian botere hori ezin hobeki irudikatzen dituzten bi enpresa daude: bbva eta Iberdrola. Beste herrialdeetako lurrak ustiatzen dituzte eta komunitateak suntsitzen dituzte inpunitate osoz; lider indigenak erailtzen dituzte, bertako ondarearekin negozioa egiteko oztopo izan daitekeen edozein erresistentzia deuseztatzeko. Transnazionalen boterekeria, estatuen eta nazioarteko erakunde ekonomiko eta politikoen babesarekin gauzatzen da (adibidez, Europar Batasuna, Nazio Batuen Erakundea, Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua edo Munduko Merkataritza Antolakundea).
Bestalde, gure territorioan bertan, lurrari lotuago bizi diren komunitateen txikizioa eta lurren arpilatzea gertatzen da. Urteetan baserritarrekiko egon den gutxiespena (analfabetoak zirelako, euskaldunak, baserritarrak...) nabarmendu nahi dugu. Bestalde, landa-eremuan, bertako herritarrak, nekazariak, baserritarrak edota ekoizle txikiak neoliberalismoaren erasoen aurrean lehenengo lerroan daude. Araka ditzagun, bada, gure herrian bertan ditugun baztertutako lurraldeak, josi ditzagun lurraren defentsarako borrokak, aitortu ditzagun hiriguneetatik at dauden borroka feministak:
Landa eremuko emakumeak* historikoki lurra eta hizkuntzaren defentsan bete dugun paperagatik egon gara bereziki sistema heteropatriarkalaren eta kolonialaren jomugan. Euskal Hiritik teorizatzen dugun bitartean, Euskal Herria itotzen ari da. Lurraren eta hizkuntzaren kontrako etengabeko eraso honetan, feminismotik ditugun gabeziak nabarmenak dira. Lurraren eta jatorrizko herrien defentsa bizitza beraren defentsa den arren (Ines Matxiarena et al., 2019).
3.2.4.
BURUJABETZA FEMINISTA IPAR
Bizirauteko urgentzia bihurtu da burujabetza, gure osasun eta gorputzetatik hasita. Praktika politiko integrala garatzeko txikitik handira eta handitik txikira eragin behar da. Euskal Herri feminista behar dugu elkarren zaintzaren politikak kontuan hartuko dituena, eremu komuna eta publikoa erdigunean jarriko dituena, tokiko politikak eta lurraldean sustraitutako ekonomia oinarri izango dituena.
Ramón Grosfoguelek dio xx. mendeko nazio-askapen mugimenduak antikolonialak izan zirela, baina ez dekolonialak, beraz, paradigma eurozentrikoak birproduzitu zituztela, mundu-zibilizazioaren jokoa ezbaian jarri gabe (García Fernández, 2019). Horrenbestez, estatu-nazioa (kultur homogeneizatzailea, monolinguista, burgesa) eta euskal errepublika pentsatzeko modua ere dekolonizatu beharko litzateke, optika antisistemiko batetik, dominazio-sistema anitzei erantzun eta barne kultur aniztasuna aintzat hartuko duena.
Euskal feminismotik burujabetza birpentsatzeko ariketari heldu genion aspaldi: komunitatea, baliabideen kontrola, bizitzaren zaintza, harremanak, gorputzak, osasuna, eta abar, sartu ditugu ekuazioan. Borroka sozialak borroka nazionalekin lotuta daudela, jakin badakigu, baina larriagotu egin den krisialdi honek, bizitza duintzeko borroka sozialen biziberritzea ekarriko du, eta herri-burujabetza horrekin lotzeko argudioak, adibideak eta errelatoak hedatu beharko ditugu. Burujabetza, botere-eskala gerturatzea da, herritarron erabakitzeko gaitasuna handitzea, bigarren mailako herritarren ahalduntzea, gorputzen boteretzetik herriaren gobernantzara salto egitea.
Burujabetza Feministak herritar guztientzako emantzipazio markoa eskaintzea eta zapalduen arteko samurtasuna ahalbidetzea nahi dugu. Norabide horretan urratsak egiteko harreman kolonialen inguruko begirada gaurkotua behar dugu, Euskal Herrian kolonialitatearen inguruan ireki den debateari eta kontraesanei heltzeko.
[44] Euskal Herriko hamarnaka eragile sozial eta sindikalek sustatutako eztabaida prozesuaren ondoren, Eibarren abiatu zena 2013ko maiatzaren 25ean, 2014ko maiatzaren 31n onartu zen Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Orduz geroztik, lanean jarraitzen du plataformak. Informazio gehiago izateko ikus: https://eskubidesozialenkarta.com/
[45] Euskal Enpresarien Konfederazioa euskal enpresaburuen interes orokorrak eta komunak ordezkatzen eta defendatzen dituen erakundea da.
[46] Nafarroako Enpresarien Konfederazioa Nafarroako enpresen solaskide nagusia da erakunde publikoen aurrean.